(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

2/2019 FORU LEGE DEKRETUA, maiatzaren 15ekoa, zeinaren bidez onesten baitira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileen arloko neurri batzuk.

BON N.º 95 - 17/05/2019



ZIOEN AZALPENA

2018ko martxoaren 26ko Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen Funtzio Publikorako Estatu Idazkaritzaren 2018ko martxoaren 22ko Ebazpena, zeinaren bidez argitaratzen baita Gobernuaren eta sindikatuen arteko enplegu publikoa eta lan baldintzak hobetzeko II. akordioa, 2018ko martxoaren 9koa. Akordio horretan, lehenbiziko atalean, ezarri zen soldata igoera finko baterako urte anitzeko esparru bat sektore publikoaren zerbitzuan ari diren langileentzat, baita ekonomiaren hazkundeari lotutako igoera-ehuneko aldakor bat ere, kalkulatuko zena 2018-2020 aldiko Barne Produktu Gordin errealaren igoeraren arabera.

Aipatu akordioaren lehenbiziko atalak aurreikusten zuen funts gehigarri batzuk izanen zirela aipatutako aldiko ekitaldi bakoitzerako (2018ko, 2019ko eta 2020ko ekitaldiak), deskribatzen ziren baldintzetan, eta funts horiek, negoziazio kolektiboaren ondoren, bideratzen ahal zirela, besteak beste, produktibitatea edo efizientzia hobetzeko planak edo proiektuak ezartzera, pareko eginkizunak dituzten lanpostuen arteko osagarri espezifikoak berraztertzera, destinoko osagarriak homologatzera edo pentsio planei ekarpenak egitera. Gainera, 2021ean igoera gehigarri bat egiteko aukera erantsi zuen, ezartzen zituen baldintzetan.

Aurrekoa oinarri harturik, 2018ko urriaren 4an akordio bat sinatu zen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen eta LAB, CCOO eta UGT sindikatuen artean, zeinak jorratzen baitu nola aplikatu Enplegu publikoa eta lan baldintzak hobetzeko Gobernuaren eta sindikatuen 2018ko martxoaren 9ko II. akordioaren lehen atalak ezartzen duena. Akordio horrek, urte anitzerako izenpetu baitzen, neurri batzuk aurreikusten ditu langileen arlorako, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen esparrurako, 2018-2021 aldirako. Nolanahi ere, neurri horien gauzatzea bat etorriko da une bakoitzean indarrean diren legeekin.

2018ko aurrekontu ekitaldiari dagokionez, Estatuko 2018rako Aurrekontu Orokorrei buruzko uztailaren 3ko 6/2018 Legearen 18.Bi artikuluak xedatzen zituen, besteak beste, behar diren gaikuntzak posible izan zedin gauzatzea Nafarroako Foru Komunitatearen eta haren erakunde autonomoen esparruan 2018rako sinatutako urte anitzeko akordioko neurriak; hortaz, neurri horiei arau maila eman zitzaien urriaren 24ko 1/2018 Foru Lege Dekretuaren bidez, zeinaren bidez onesten baitira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileen arloko neurri batzuk.

2019ko aurrekontu ekitaldiari dagokionez, Sektore publikoaren esparruko ordainsarien arloan premiazko neurriak onesten dituen abenduaren 21eko 24/2018 Errege Lege Dekretuak antolamendu juridikoan txertatu zuen aukera 2019rako ere Nafarroako Foru Komunitatearen eta haren erakunde autonomoen esparruan 2018ko urriaren 4an sinatutako urte anitzeko akordioko neurriak gauzatzeko; hortaz, bidezkoa da neurri horiei arau maila ematea foru lege dekretu honen bidez.

Izan ere, 24/2018 Errege Lege Dekretuaren 3.Bi artikuluak ezartzen du 2019an soldata-masa beste %0,25 igotzea baimendu daitekeela, produktibitatea edo efizientzia hobetzea helburu duten planak edo proiektuak ezartzeko, pareko eginkizunak dituzten lanpostuen arteko osagarri espezifikoak berrikusteko, destinoko osagarriak homologatzeko edota pentsio planei ekarpenak egiteko, besteak beste; halaber ezartzen du 2018ko ekitaldian aurrekontu superabita daukaten administrazio publikoetan, igoera osagarri hori ehuneko 0,30era irits daitekeela.

Horri dagokionez, Ogasuneko Ministerioak 2019ko maiatzaren 10ean egindako aurrekontu egonkortasunaren, zor publikoaren eta 2018ko ekitaldiko gastu arauaren betetzeari buruzko txostenak baieztatu du Nafarroako Foru Komunitateak bete duela bere aurrekontu egonkortasunaren helburua aipatu ekitaldian, eta aurrekontu superabita izan duela 2018ko ekitaldiaren amaieran.

Horregatik guztiagatik, abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 21 bis artikuluan jasotako baimena erabiliz, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Justiziako eta Barneko kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2019ko maiatzaren 15ean egindako bilkuran hartutako Erabakiarekin bat etorriz,

DEKRETATZEN DUT:

1. artikulua. Administrari laguntzaileak. C mailan/taldean integratzeko osagarri iragankorra handitzea.

Administrari laguntzaileen lanpostua edo izendapena duten langileak C mailako/taldeko administrari lanpostuan integratzeko osagarri iragankorra handitzen da, D mailako/taldeko hasierako soldataren %14,95era iritsi arte.

2. artikulua. Haurhezitzaileak. Lanpostuko osagarria handitzea.

Haur-hezitzaileen lanpostuko osagarria %10 handitzen da, C mailako/taldeko hasierako soldataren %18,52ra iritsi arte.

3. artikulua. Zerbitzu orokorretako langileak, suhiltzailepeoi laguntzaileak eta zeladoreak. Lanpostuko osagarria edo berariazko osagarria handitzea.

1. Zerbitzu orokorretako langileen eta suhiltzaile-peoi laguntzaileen lanpostuko osagarria D mailako/taldeko hasierako soldataren %2 handitzen da.

Urriaren 20ko 11/1992 Foru Legearen aplikazio eremuan sartzen diren zerbitzu orokorretako lanpostuen kasuan, %2ko igoera hori berariazko osagarriari aplikatuko zaio.

2. Zeladoreen berariazko osagarria D mailako/taldeko hasierako soldataren %1,73 handitzen da.

4. artikulua. Zerbitzu orokorretako arduradunak. Lanpostuko osagarria handitzea.

Zerbitzu orokorretako arduradunen lanpostuko osagarria D mailako/taldeko hasierako soldataren %5 handitzen da.

5. artikulua. Gidari lanpostua, 6169 zenbakia duena. C maila/taldean sartzea.

Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Laguntza eta Kudeaketa Administratiboaren Zerbitzuari atxikitako gidari lanpostua, 6169 zenbakia duena, C maila/taldean sartzen da, eta ordainsari osagarri hauek izanen ditu, C mailako/taldeko hasierako soldataren gainean kalkulatuak: %4,52ko lanpostuko osagarria, eta %8ko arrisku bereziko osagarria.

6. artikulua. Jaiegunetan lan egitearen konpentsazio ekonomikoa handitzea C eta D mailetan.

Jaiegunetan lan egitearen konpentsazio ekonomikoa handitzen da, honela: 0,16 euro orduan C mailan/taldean, eta 0,33 euro orduan D mailan/taldean.

7. artikulua. Gauaz lan egitearen konpentsazio ekonomikoa handitzea C eta D mailetan.

Gauaz lan egitearen konpentsazio ekonomikoa handitzen da, honela: 0,16 euro orduan C mailan/taldean, eta 0,25 euro orduan D mailan/taldean.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Xedapen gehigarri bakarra.–Foru lege dekretu hau aplikatzeak dakartzan ondorioen data.

Foru lege dekretu honetan jasotako neurriek atzeraeragina izanen dute, 2019ko urtarrilaren 1etik.

AZKEN XEDAPENAK

Azken xedapenetako lehena .–Ordainsari osagarriak aldatzeko gaikuntza.

Nafarroako Gobernua gaitzen da plantilla organikoko lanpostuen ordainsari osagarriak aldatzeko, indarreko araudiarekin bat.

Azken xedapenetako bigarrena .–Nafarroako Parlamentura igortzea.

Foru lege dekretu hau Nafarroako Parlamentura igorriko da baliozkotu dezan, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 21 bis artikuluaren 2. apartatuan ezarritakoaren arabera.

Azken xedapenetan hirugarrena .–Indarra hartzea.

Foru lege dekretu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, eta argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2019ko maiatzaren 15ean.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Uxue Barkos Berruezo.–Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilaria, María José Beaumont Aristu.

Iragarkiaren kodea: F1906629

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web