(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

55/2019 FORU DEKRETUA, APIRILAREN 30EKOA, ARANGURENGO OSASUN ESKUALDE OINARRIZKOAREN OINARRIZKO OSASUN LAGUNTZAREN EGITURA EZARTZEN DUENA.

BON N.º 96 - 20/05/2019



Zioen azalpena

Nafarroako Osasun Zonifikazioari buruzko azaroaren 13ko 22/1985 Foru Legea betearazi eta garatzeko maiatzaren 30ean emandako 148/1986 Foru Dekretuak Nafarroako oinarrizko osasun laguntzaren egiturak arautu zituen, oro har, gero Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legearen bidez behin betiko sendotu zirenak. Foru lege horrek, oinarrizko osasun laguntzako eta laguntza espezializatuko zerbitzuen antolamendua modu orokorrean ezartzeaz gainera, berariaz definitzen du, 56. artikuluan, oinarrizko osasun laguntzako egituren izaera funtzionala.

Aipatu artikuluak, orobat, osasun arloko langileen eta oinarrizko osasun laguntzako egituren arteko lotura xedatzen du; izan ere, osasun eskualde oinarrizkoetan, oinarrizko laguntza mailan, hari lotuta edo atxikita aritzen diren profesionalak oinarrizko osasun laguntzako egiturari atxikitzen zaizkio, zein araubide ekonomiko-administratibotatik datozen, hura errespetatuta.

2016ko Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko urtarrilaren 29ko 1/2016 Foru Legeak, hamabosgarren xedapen gehigarrian, Nafarroako Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legea aldatu zuen, 38. artikuluari 4. apartatu bat erantsiz, non esaten baitzen Nafarroako Gobernuaren erabakiz sortuko eta aldatuko direla osasun eskualde oinarrizkoak, osasunaren arloan eskuduna den departamentuak proposatuta, aldez aurretik entzunaldia emanez toki entitate ukituei eta oinarrizko osasun eskualdeetako parte-hartze eta ordezkatze organoei.

Nafarroako Gobernuak 2018ko otsailaren 14an hartutako Erabakiaren bidez, Arangurengo Osasun Eskualde Oinarrizkoa sortu zen, barruan Arangurengo udalerria hartzen duena; gainera, Mendillorriko Osasun Eskualde Oinarrizkoa aldatu zen, haren barruan Iruñeko udalerriaren 8. barrutia baino ez gelditzeko. Erabaki horretan ezarrita dago aldaketak ondorioak izanen dituela Arangurengo Osasun Eskualde Oinarrizkoan osasun etxe bat martxan jartzen denean.

Mutiloako kontsultategia handitu eta zaharberritzeko obrak bukaturik, bidezkoa da Arangurengo Osasun Eskualde Oinarrizkoari dagokion oinarrizko osasun laguntzaren egitura organikoa, funtzionala eta dotazionala ezartzea, eta, horrekin batera, finkatzea hasierako plantilla organikoa, sortu berri den osasun eskualde oinarrizkoaren zuzendaritza egituraren zuzkidura eta, orobat, zuzendaritzako postuen sailkapen taldea.

Horrenbestez, Osasuneko kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2019ko apirilaren 30ean egindako bilkuran harturiko erabakiarekin bat,

DEKRETATZEN DUT:

1. artikulua . Xedea.

Foru dekretu honen xedea da Arangurengo Osasun Eskualde Oinarrizkoaren Oinarrizko Osasun Laguntzaren egitura organikoa, funtzionala eta dotazionala ezartzea, Nafarroako Gobernuak 2018ko otsailaren 14an hartutako Erabakiaren bidez ezarritako lurralde-mugaketarekin bat. Izan ere, erabaki horren bidez, Arangurengo Osasun Eskualde Oinarrizkoa sortu zen, eta Mendillorriko Eskualde Oinarrizkoa aldatu.

2. artikulua . Antolaketaren eta funtzionamenduaren araubidea.

Arangurengo Osasun Eskualde Oinarrizkoaren oinarrizko osasun laguntzaren egituraren antolaketarako eta funtzionamendurako araubideak honako hauetan ezarritakoari jarraikiko dio: maiatzaren 30eko 148/1986 Foru Dekretua, Nafarroako oinarrizko osasun laguntzaren egiturak arautu zituena oro har; azaroaren 2ko 351/1992 Foru Dekretua, oinarrizko osasun laguntzako langileen ordutegia ezarri eta haien arreta etengabea arautzen duena; eta aplikatu beharreko araudi indarduna.

3. artikulua . Oinarrizko Osasun Laguntzako Taldea.

1. Arangurengo Osasun Eskualde Oinarrizkoan lanean hasiko den oinarrizko osasun laguntzako taldean profesional hauek arituko dira:

a) Oinarrizko osasun laguntzako taldeko medikuak: 5.

b) Oinarrizko osasun laguntzako taldeko pediatrak: 2.

c) Erizaintzako langileak: 7.

d) Gizarte laneko langileak: 1.

e) Administrariak: 4.

2. Osasun Eskualde Oinarrizkoan dagoen biztanle kopuruak gora edo behera eginez gero eta laguntza eredu berriak ezarriz gero, plantilla hori aldatzen ahalko da, betiere aurrekontu-baliabideen barruan.

4. artikulua . Lurraldea.

Arangurengo Osasun Eskualde Oinarrizkoaren lurraldeak Arangurengo udal-mugartea hartzen du bere baitan.

5. artikulua . Osasun etxea.

Arangurengo Osasun Eskualde Oinarrizkoak osasun etxe bat izanen du, Mutiloan.

6. artikulua . Eskualdeari dagokion Sexu eta Ugalketaosasunaren Arretarako Zentroa.

Arangurengo Osasun Eskualde Oinarrizkoa Sarrigurengo Sexu- eta Ugalketa-osasunaren Arretarako Zentroari atxikita dago.

7. artikulua . Eskualdeari dagokion Osasun Mentaleko Zentroa.

Arangurengo Osasun Eskualde Oinarrizkoa, osasun mentala antolatzeko ondorioetarako, IIC sektoreari atxikita dago, hots, Donibaneko Osasun Mentaleko Zentroari.

8. artikulua . Zuzendaritzen eta burutzen sailkapena.

Osasun eskualde oinarrizkoetako eta osasun mentalaren sektoreetako zuzendaritzak eta erizaintza unitateetako burutzak eta horien eginkizunak eta eskudantziak ezartzen dituen ekainaren 15eko 225/1992 Foru Dekretuan ezarritakoaren arabera, Arangurengo Osasun Eskualde Oinarrizkoaren zuzendaritza, Erizaintza Unitatearen burutza eta Administrazio Unitatearen burutza II. taldean sailkatzen dira.

9. artikulua . Medikua eta espezialista hautatzea.

Arangurengo Osasun Eskualde Oinarrizkoan bizi diren herritarrei ekainaren 10eko 122/2002 Foru Dekretuan xedatutakoa aplikatuko zaie. Foru dekretu horretan, zenbait osasun eskualde oinarrizkotako oinarrizko osasun laguntzako mediku orokorra eta pediatra libreki hautatzeko eskubidea zabaltzen da eta emakumeari laguntzeko zentroetan Obstetriziako eta Ginekologiako espezialista libreki hautatzeko eskubidea garatzen da.

Xedapen Gehigarri Bakarra. Osasun arloko udal zerbitzuekiko lankidetza.

Oinarrizko osasun laguntzako taldea osasun arloko udal zerbitzuekin koordinatuko da, eta haiekin batera lan eginen du higiene eta osasungarritasun publikoari buruzko eginbeharrak betetzearren. Udalek eta taldeko zuzendariek erabakiko dute nolakoa izanen den koordinazio hori.

Lehen Xedapen Iragankorra. Osasun Kontseilua eta Aholku Batzordea.

Foru dekretu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunetik hasi eta hiru hilabeteko epean, Osasun Kontseilua eta Aholku Batzordea eratuko dira, maiatzaren 30eko 148/1986 Foru Dekretuan ezarritakoari jarraituz.

Xedapen Indargabetzaile Bakarra. Indargabetzeak.

Indarrik gabe uzten dira foru dekretu honetan xedatutakoari aurka egiten dioten maila bereko edo txikiagoko xedapen guztiak.

Azken Xedapenetako Lehena. Gaikuntza ematea Arangurengo osasun eskualde oinarrizkoan oinarrizko osasun laguntzaren egiturak ezartzeko.

Ahalmena ematen zaio Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileari behar diren ebazpenak eman ditzan foru dekretu honetan ezarritako oinarrizko osasun laguntzaren egitura abian jartzeko, baita ukituak izan daitezkeen osasun eskualde mugakideetan osasun estaldura bermatzeko ere.

Azken Xedapenetako Bigarrena. Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2019ko apirilaren 30ean.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Uxue Barkos Berruezo.-Osasuneko kontseilaria, Fernando Domínguez Cunchillos.

Iragarkiaren kodea: F1906070

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web