(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

1/2019 LEGEGINTZAKO FORU DEKRETUA, urtarrilaren 30ekoa, Tributu Harmonizazioari buruzkoa, Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 19/1992 Foru Legea aldatzen duena.

BON N.º 31 - 14/02/2019



ZIOEN AZALPENA

Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Hitzarmen Ekonomikoaren I. tituluan, Nafarroako tributu-araubidea Estatuko tributu araubide orokorrarekin harmonizatzeko irizpideak arautzen dira.

Esparru horretan, lege testu horren 32. artikuluak xedatzen duenez, Nafarroak, balio erantsiaren gaineko zergaren esparruan bere tributu-ahalmena erabiliz, Estatuan unean-unean indarra duten oinarrizko printzipio, funtsezko arau eta arau formal berak aplikatu behar ditu; hala ere, aitorpena eta diru-sarrerak egiteko bere ereduak onesten ahalko ditu.

Bestetik, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeak, 54.1 artikuluan, Nafarroako Gobernuaren araugintzarako ahalmena erregulatzean ezartzen duenez, baldin tributu-araubide erkideko aldaketa batek behartzen badu Estatuan indarra duten arau substantibo eta formal berberak Foru Komunitatean aplikatzera Hitzarmen Ekonomikoan ezarritakoarekin bat, Nafarroako Gobernuak eman ditzake tributu arloko foru legeak aldatzeko behar diren foru lege mailako arauak, Nafarroako Parlamentuak eskuordeturik. Aipatu 14/2004 Foru Legearen 54.2 artikuluan xedatutakoari jarraikiz, Nafarroako Gobernuaren xedapen horiei, aipatu legegintzarako eskuordetzearen ondorio direnean, “tributu harmonizaziorako legegintzako foru dekretu” izena emanen zaie.

Arte sorkuntzari eta zinematografiari buruzko presako neurriak onesten dituen abenduaren 28ko 26/2018 Errege Lege Dekretuak Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 28ko 37/1992 Legea aldatzen du, arte sorkuntzaren lan-baldintzak hobetzeko asmoz, halako moduan non bermatuko baitute ukitutako kolektiboek (aktoreak, idazleak, zinemagileak, konpositoreak, dantzariak eta abar) beren jarduera modu egokian gauzatzen dutela, zerga horren arloan berariazko tratamendua izatea jasotzen duen ikuspegi batetik.

Horrenbestez, Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 28ko 37/1992 Lege hori aldatzen da, pertsona fisikoak diren antzezle, artista, zuzendari eta teknikariek ematen dituzten zerbitzuei aplikatu beharreko Balio Erantsiaren gaineko Zergaren zerga-tasari dagokionez, pertsona fisikoek antzezle, artista, zuzendari eta teknikari gisa ikuskizun aretoetan erakuts daitezkeen zinema filmen produkzio-etxeei eta kultur lan eta ikuskizunen (antzezlanak eta musikalak) antolatzaileei ematen dizkieten zerbitzuei tasa murriztua aplikatzeko.

Horrela, kultur industriaren funtsezko zerbitzu horiei zergaren tasa murriztua aplikatuko zaie berriro ere; izan ere, 2012. urtetik %21eko zerga-tasa orokorrean ordaintzen zituzten zergak.

Horrenbestez, Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 28ko 37/1992 Legea aldatu denez, beharrezkoa da Tributu Harmonizazioari buruzko Legegintzako Foru Dekretu hau ematea Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 19/1992 Foru Legea aldatzeko, zerga horri dagokionez, Foru Komunitatean aplika daitezen Estatuan indarra duten arau substantibo eta formal berberak.

Horiek horrela, Nafarroako Gobernuak, Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilariak proposatuta, eta Nafarroako Gobernuak 2019ko urtarrilaren 30ean egindako bilkuran hartutako Erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

Artikulu bakarra. Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko Foru Legea aldatzea.

2019ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin, Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 19/1992 Foru Legearen 37.Bat.2 artikuluan 13. atal berria gehitzen da, eta honela idatzita agertuko da:

“13. Pertsona fisikoak diren antzezle, artista, zuzendari eta teknikariek ikuskizun aretoetan erakuts daitezkeen zinema filmen produkzio-etxeei eta antzezlanak eta musikalak antolatzen dituztenei ematen dizkietenak”.

Azken xedapen bakarra .–Indarra hartzea.

Tributu Harmonizazioari buruzko Legegintzako Foru Dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra, ezartzen dituen ondorioekin.

Iruñean, 2019ko urtarrilaren 30ean.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Uxue Barkos Berruezo.–Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilaria, Mikel Aranburu Urtasun.

Iragarkiaren kodea: F1901343

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web