(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

3/2019 FORU LEGEA, urtarrilaren 24koa, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea aldatzen duena.

BON N.º 25 - 06/02/2019



HITZAURREA

Foru lege honek sei aldaketa sartzen ditu Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean.

Artikulu bakarra, xedapen gehigarri bakarra eta bi azken xedapen dauzka.

Lehenengo apartatuak gaikuntza ematen die udalei ezkontza zibilak egiteagatik tasa bat ezar dezaten.

Bigarren apartatuak tributu kategoria berri bat sartzen du Nafarroako Toki Ogasunen esparruan: zergaz kanpoko ondare-prestazio publikoak.

Tributuei buruzko Foru Lege Orokorraren hogeita hamargarren xedapen gehigarrian ezartzen denez, ondare-prestazio publikoak bi motatakoak izan daitezke: zerga arlokoak eta zergaz kanpokoak. Zerga arlokoak zergak, tasak eta kontribuzio bereziak dira. Zerga arloko ondare-prestazio publikoekin batera, zergaz kanpoko ondare prestazio publikoak egonen dira aurrerantzean, zuzenean pertsonifikazio pribatuz edo zeharkako kudeaketa bidez emandako derrigortzezko zerbitzu publikoen kasuetarako.

Tributuei buruzko Foru Lege Orokorrak egin bezala eta horrekin bat etorririk, eta Estatuak egin duen bezala, foru legeak xedatzen du ezen tributu kategoria berri hori (zergaz kanpoko ondare-prestazio publikoak) Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legean ere ezarri behar dela. Zehazki, halakotzat joko diren prestazioak dira derrigortzezkoak izan eta obrak ustiatzeagatik edo zerbitzuak emateagatik eskatzen direnak, emakida-araubidekoak, ekonomia mistoko sozietateen bitartezkoak, enpresa-entitate publikoen bitartezkoak, kapital osoki publikoko sozietateen bitartezkoak eta zuzenbide pribatuko gainerako formulen bitartezkoak.

Halaber, zehazten da kontraprestazio ekonomiko horiek ordenantza bidez arautuko direla toki eremuan. Ordenantza hori onesteko prozeduran zehar, toki entitateek nahitaezko txostena eskatuko diete administrazio publikoei, antolamendu juridikoaren arabera toki entitate horien gaineko esku-hartze ahalmenen bat dutenei.

Horrela, asmoa da argitzea zein den tarifen izaera juridikoa, derrigortzez horiek ordaintzen direnean obrak erabiltzeagatik edo zerbitzuak jasotzeagatik, bai pertsonifikazio pribatu bidezko zuzeneko kudeaketaren kasuetan, Administrazioaren beraren bidez, bai zeharkako kudeaketaren kasuetan, emakida-hartzaileen bidez. Aurrekoaren arabera, derrigortzezko prestazio horiek zergaz kanpoko ondare-prestazio publikoak izanen dira.

Foru legeak 156.2 artikuluan ere aldaketa bat sartzen du zerga-egoitzari buruzko publizitatea kentze aldera Jarduera Ekonomikoen Erregistroaz ematen den informaziotik.

Gogorarazi behar da ezen, artikulu horren 1. apartatuak ezarritakoaren arabera, Erregistroa zentsuz osatuta egonen dela, “non jasoko baitira jarduera ekonomikoak egiten dituzten subjektu pasibo guztien identifikazio-datuak eta zerga-egoitza, jardueraren helbidea eta epigrafea edo azpiepigrafea, eta ordaintzen duten zergaren kuota (nazionala, lurraldekoa edo udaleko gutxienekoa)”. Apartatu hori ez da aldatzen.

Horrez gain, Erregistro horren publizitateari dagokionez, 176. artikuluaren 2. apartatuak xedatzen du Erregistroa jendearen eskura izanen dela urte natural osoan zehar, Nafarroako Zerga Ogasunaren web-orrian. Horren arabera, web horretan informazio ugariren berri ematen da, besteak beste jarduera ekonomikoaren helbidea eta subjektu pasiboaren zerga-egoitza. Bi helbide horiek berdinak izan daitezke edo ez, zergapetutako jarduera ekonomikoa non egiten den. Pertsona fisiko baldin badira eta aipatu diren helbideak ez badira bat etortzen (hau da, ohiko etxebizitzaz bestelako lokal batean egiten da jarduera), badirudi zerga-egoitza argitaratzea gehiegizko esku-sartzetzat jo daitekeela, kontraesanean egon baitaiteke datu-babesaren funtsezko printzipio batzuekin.

Hori oinarri hartuta, foru legeak Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legearen 156.2 artikulua aldatzen du, ez dadin argitara eman subjektu pasiboaren zerga-egoitzari buruzko informazioa. Bestalde, informazio horri ez zaio beharrezko irizten Jarduera Ekonomikoen Erregistroko datuak argitaratzearen helburua betetzeko.

Laugarren apartatuak udalak gaitzen ditu “zero igorpen” ibilgailuetarako eta ECO ibilgailuetarako hobari fiskalak ezarri ahal izateko.

Artikulu bakarraren bosgarren apartatuak aldaketa garrantzitsu bat sartzen du 175.2 artikuluan; bosgarren eta seigarren paragrafoetan, hain zuzen.

Konstituzio Auzitegiaren 72/2017 Epaia betetzeko, 19/2017 Foru Legeak behar ziren aldaketak egin zituen Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean, hiri-lurren balio-gehikuntzaren gaineko zergari dagozkionak, hiri-lurren balio-gehikuntzarik ez dagoen kasuetan zergapetzerik ez egiteko; betiere, baina, Konstituzio Auzitegiaren printzipioa errespetatuz, zeinaren arabera legegintza-politikako aukera guztiz onargarria baita gaitasun ekonomiko potentzialen zenbatespen objektiboko sistema batean oinarrituriko balio-gehikuntzak zergapetzearen alde eginikoa, egiazko gaitasun ekonomikoari erreparatu beharrean. Horretan oinarrituta, foru legeak metodo objektibo bat ezarri zuen plusbalioen kalkulurako, denboran alda daitezkeen eta higiezinen merkatuko prezioen bilakaera aintzat hartzen duten koefizienteen arabera betiere.

Sortzapenaren unean lurrak duen balioari aplikatu beharreko koefizientea udalak onetsitakoetatik suertatzen dena izanen da, balio-gehikuntzaren gertatze-aldiaren arabera; baina foru legean ezarritako mugak gainditu gabe betiere (hau da, udalak txikiagoak ezartzen ahalko ditu, eta, hala egin ezean, foru legekoak aplikatuko dira). Gehieneko koefiziente horiek urtero eguneratuko dira. Arau-aldaketak zeregin horri heltzen dio.

Koefiziente horiek zehazteko, urte bakoitzeko batez besteko balioak hartu dira oinarritzat, Nafarroan dauden higiezinenak (pisuak); horiei kendu zaie katastroko baloraziorako onetsitako eraikuntza kostuaren modulua. Horrela lortzen da lurzoruaren batez besteko balioa urte bakoitzeko.

Amaitzeko, foru legeak hamaikagarren bis xedapen gehigarri bat gehitzen du, urtarrilaren 15eko 1/2014 Foru Legean egindako akats bat zuzentze aldera. Foru lege horren bidez testu berria eman zitzaion Nafarroako Toki Ogasunei buruzko 2/1995 Foru Legearen hamabigarren xedapen gehigarri gaur egun indardunari, zeinak arautzen baitu ADIF enpresa-entitate publikoak edozein zerga ordaintzetik daukan salbuespena, zergaren ordainarazpena Nafarroako toki entitateei dagokienean eta ADIF enpresa-entitate publikoari egindako trenbide-azpiegituren eta geltokien eskualdaketengatik denean, uztailaren 26ko 11/2013 Legearen 34. artikuluan ezarritakoaren ondorioz (Ekintzaileei laguntzeko eta hazkundea eta enplegu-sorkuntza bizkortzeko neurriei buruzko legea).

Akatsa egon da, hamabigarren xedapen gehigarri horrek Nafarroako Toki Ogasunei buruzko 2/1995 Foru Legean une horretan zegoen hamabigarren xedapen gehigarria indargabetu zuelako.

Hamaikagarren bis xedapen gehigarri berriaren bidez, akats hori zuzendu, eta indarra hartu du berriz hamabigarren xedapen gehigarri “zahar”aren edukiak, hasierako testuarekin; hau da, xedatzen duena ezen Iruñeko Udalaren araubidea (aurrekontuena, ekonomiko-finantzarioa, kontabilitatearena, kontu-hartzailetzarena, finantza kontrolarena eta eraginkortasun kontrolarena) izanen dela Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen X. tituluan aurreikusitakoa, foru lege honetako berezitasunekin.

Xedapen gehigarri bakarrak gogorarazten du foru lege hau gehiengo osoz onetsi behar dela, aintzat harturik Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 20.2 artikulua eta Nafarroako Parlamentuko Erregelamenduaren testu bateginaren 152. eta 153. artikuluak.

Azken xedapenetako lehenak ahalmena ematen dio Nafarroako Gobernuari foru lege hau garatu eta betetzeko behar diren xedapen guztiak emateko .

Amaitzeko, azken xedapenetako bigarrenak legearen indar-hartzea finkatzen du.

Artikulu bakarra.–Foru lege honek indarra hartzen duenetik aurrerako ondorioekin, jarraian ematen diren Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen manu hauek testu hau izanen dute:

Bat. 100. artikuluari 6. idatz-zatia gehitzea.

“6. Udalek tasa bat ezartzen ahalko dute ezkontza zibilak egiteagatik”.

Bi. 100. artikuluari 7. apartatua gehitzea.

“7. Derrigortzez ezartzen diren kontraprestazio ekonomikoek, artikulu honen 5. apartatuan aipatzen diren zerbitzu publikoak emateagatik jasotzen direnek, dela zuzenean pertsonifikazio pribatu bidez, dela zeharkako kudeaketa bidez, zergaz kanpoko ondare-prestazio publikoen izaera izanen dute, Konstituzioaren 31.3 artikuluan aurreikusitakoarekin bat.

Zehazki, halako izaera izanen dute obrak ustiatu edo zerbitzuak emateagatik exigitzen direnek, emakida araubidean, ekonomia mistoko sozietate bidez, enpresa-entitate publikoen bidez, osotara kapital publikokoak diren sozietateen bidez eta zuzenbide pribatuko gainerako formulak erabiliz.

Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legearen 109. artikuluan ezarritakoa ukatu gabe, apartatu honetan aipatzen diren kontraprestazio ekonomikoak ordenantza bidez arautuko dira. Ordenantza hori onesteko prozeduran zehar, toki entitateek nahitaezko txostena eskatuko diete administrazio publikoei, ordenamendu juridikoaren arabera horietan esku hartzeko ahalmenen bat dutenei.

Toki entitateetako diru-bilketa organoek premiamendu prozeduraren bidez exigitzen ahalko dituzte zergaz kanpoko ondare-prestazio publikoen ondoriozko zorrak”.

Hiru. 156.2 artikulua.

“2. Urteko Erregistro hori jendearen eskura egonen da urte natural osoan Nafarroako Zerga Ogasunaren web-orrian, zerga-egoitzari buruzko datuak izan ezik.

Aurreko paragrafoan ezarritakoa galarazi gabe, zilegi izanen da bide beretik eskuratzea hurrengo datuak ere, kontsulta egiteko unean Jarduera Ekonomikoen Erregistroan jasota daudenak: jarduera ekonomikoak egiten dituzten subjektu pasiboak identifikatzekoak, eta jardueraren helbidea eta epigrafe edo azpiepigrafea”.

Lau. 162. artikuluari 4. apartatua gehitzea.

“4. Zerga-ordenantzek zerga-kuotaren gaineko honako hobari hauek arautzen ahalko dituzte:

a) 100eko 50erainoko hobaria ECO ibilgailuetarako.

b) 100eko 100erainoko hobaria ‘0 igorpen' ibilgailuetarako.

Aurreko paragrafoek aipatzen dituzten hobarien gainerako alderdi substantiboak eta formalak zerga-ordenantzan arautuko dira”.

Bost. 175.2 artikulua, bosgarren eta seigarren paragrafoak.

“Sortzapenaren unean lurrak duen balioaren gainean aplikatu beharreko koefizientea, artikulu honetan xedatutakoari jarraikiz kalkulatua, udalak onetsitakoetatik suertatzen dena izanen da, balio-gehikuntzaren gertatze-aldiaren arabera, baina muga hauek gainditu gabe betiere:

Gertatze-aldia:

0,63

20 urtekoa edo hortik gorakoa

0,56

19 urte

0,43

18 urte

0,29

17 urte

0,16

16 urte

0,06

15 urte

0,06

14 urte

0,06

13 urte

0,06

12 urte

0,06

11 urte

0,06

10 urte

0,06

9 urte

0,06

8 urte

0,06

7 urte

0,06

6 urte

0,06

5 urte

0,20

4 urte

0,28

3 urte

0,18

2 urte

0,09

Urtebete

0,09

Urtebete baino gutxiago

Gehieneko koefiziente horiek urtero eguneratuko dira, 58.2 artikuluan ezarritakoari jarraikiz”.

Sei. Hamaikagarren bis xedapen gehigarria gehitzea.

“Hamaikagarren bis xedapen gehigarria. Iruñeko Udalaren araubidea (aurrekontuena, ekonomiko-finantzarioa, kontabilitatearena, kontu-hartzailetzarena, finantza kontrolarena eta eraginkortasun kontrolarena).

Iruñeko Udalaren araubidea (aurrekontuena, ekonomiko-finantzarioa, kontabilitatearena, kontu-hartzailetzarena, finantza kontrolarena eta eraginkortasun kontrolarena) Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen X. tituluan aurreikusitakoa izanen da, foru lege honetako berezitasunekin”.

Xedapen gehigarri bakarra.–Gehiengo osoko foru legea.

Foru lege hau gehiengo osokoa da, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 20.2 artikuluan eta Nafarroako Parlamentuko Erregelamenduaren testu bateginaren 152. eta 153. artikuluetan ezarritakoarekin bat.

Azken xedapenetako lehenbizikoa .–Arauak emateko ahalmena.

Baimena ematen zaio Nafarroako Gobernuari foru lege hau garatu eta egikaritzeko behar diren xedapen guztiak emateko.

Azken xedapenetako bigarrena .–Indarra hartzea.

Foru lege honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra, ezartzen dituen efektuekin.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako Aldizkari Ofizialean berehala argitara eta “Estatuko Aldizkari Ofizialera” igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezatela manatzen diet.

Iruñean, 2019ko urtarrilaren 24an.–Nafarroako Foru Komunitateko lehendakaria, Uxue Barkos Berruezo.

Iragarkiaren kodea: F1901135

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web