(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

3/2019 FORU DEKRETUA, URTARRILAREN 16KOA. FORU DEKRETU HONEN BIDEZ EZARTZEN DIRA NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO HAUR ESKOLETAN ETA UNIBERTSITATEZ KANPOKO IKASTETXEETAN ELIKADURAKO ETA ARIKETA FISIKOKO OHITURA OSASUNGARRIAK SUSTATZEKO NEURRIAK

BON N.º 21 - 31/01/2019



  I. KAPITULUA. XEDAPEN OROKORRAK


  II. KAPITULUA. HAUR ESKOLETAN ETA UNIBERTSITATEZ KANPOKO IKASTETXEETAN SALTZEN DIREN ETA IKASTETXEETAKO JANTOKIETAKO MENUETAN EMATEN DIREN ELIKAGAIEN NUTRIZIO EZAUGARRIAK


  III. KAPITULUA. HAURREN ETA GAZTEEN NUTRIZIOOSASUNA SUSTATZEKO ETA OBESITATEA PREBENITZEKO NEURRIAK


  IV. KAPITULUA. ZAINTZA, KONTROLA ETA ZEHAPEN ARAUBIDEA


  ERANSKINA. ELIKAGAIETAN KOIPEEN, AZUKREEN ETA GATZAREN ENERGIAEDUKIA MUGATZEAREN HELBURUAK, BEHARKIZUNAK ETA IRIZPIDEAK


Zioen azalpena

Biztanleen artean elikadura-desorekek, obesitatea barne dela, eta ohitura sedentarioek duten prebalentzia gero eta kezkagarriagoa da, osasun arazoa den aldetik. Horregatik, oso garrantzitsua da sustatzea elikadura osasungarria eta orekatua, ohiko ariketa fisikoarekin batera, bizitzaren hasierako aldietatik hasita. Bizitzako aldi horietan bizi ohitura osasungarriak garatzen badira, errazagoa izanen da gero ere halakoei eustea, eta etorkizunean zenbait gaixotasun garatzeko arriskua murriztea, batez ere gaixotasun kronikoak, esaterako kardiobaskularrak, endokrinoak, minbizia eta beste.

Faktore askok eragiten dute elikadura ereduetan eta, beraz, bizi ohituretan. Osasun erakunde nazionalen eta nazioartekoen planei eta aldarrikapenei jarraikiz, beharrezkoa da Nafarroan elikadura eredua hobetzea, frutaren eta barazkien kontsumoa handituz, kaloria-ekarpena murriztuz eta, bereziki, kaloria-eduki handiko elikagaien kontsumoa txikituz, eduki hori elikadura balio txikiko azukre edo koipeetatik heldu denean. Orobat, beharrezkoa da ariketa fisiko egokia sustatzea.

Bereziki, kontuan hartzekoa da eskolako otorduak berebiziko ekarpena direla guztirako energian eta hartutako elikaduran, eskolarako adinean daudenen artean. Elikadurarekin lotutako jokabideak berebizikoak dira garapenean, eta funtsezko alderdia, eskolan egiten den osasunerako hezkuntzan. Adinean oso goiz hartutako ohiturak funtsezkoak dira bizimodu osasuntsua izateko, baita garapen egokia eta eskola-errendimendu ona ere. Elikaduraren arloko hezkuntzaren erantzukizuna lehenik familiari dagokio; hark behar den informazioa jaso behar du ikasleek hezkuntza esparruan duten elikadurari buruz. Bigarrenik, eskolarena da erantzukizuna, baita ikasle bakoitza garatzen den ingurune sozialarena ere.

Dieta osasungarri baten eta jarduera fisikoaren bidez asko txikitzen da eritasun kronikoak eta gaixotasun ez kutsagarriak izateko arriskua, eta horiei esker bultzatzen dira hazkunde osasungarria, bizi osasungarria izateko itxaropena eta haur, nerabe eta helduen bizi-kalitate ona.

Hezkuntzaren Kalitatea Hobetzeko 2013ko abenduaren 9ko 8/2013 Lege Organikoak, ariketa fisikoa eta dieta orekatua sustatzeari buruzko laugarren xedapen gehigarrian, ezartzen du hezkuntza-administrazioek neurriak hartuko dituztela ariketa fisikoa eta dieta orekatua haurren eta gazteen jokabidearen parte izan daitezen, eta administrazioek, horretarako, sustatuko dutela ikasleek eskolako ordutegian egunero kirola eta ariketa fisikoa egitea, bizitza aktiboa, osasungarria eta autonomoa bultzatzeko garapen egokia bermatze aldera, eskumena duten erakundeen gomendioei jarraituz. Orobat, uztailaren 16ko 60/2014 Foru Dekretuak eta apirilaren 22ko 24/2015 Foru Dekretuek, hurrenez hurren, ezarri zituzten Nafarroako Foru Komunitateko Lehen Hezkuntzako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako irakaskuntzen curriculumak, eta xedatu zuten Hezkuntza Departamentuaren betebeharra dela neurriak hartzea haur eta gazteen jokabidearen zati izan daitezen ariketa fisikoa eta dieta orekatua.

Bere aldetik, osasun publikoko araudiak jarduketa irizpide horiek administrazio publikoen betebehar direla dio, eta eskola-adinekoentzako nutrizio eta elikadura zerbitzuetarako oinarrizko baldintzak ezartzen ditu.

Hala, Osasunari buruzko apirilaren 25eko 14/1986 Lege Orokorrak, 6. artikuluan, xedatzen du Osasun arloko Administrazio Publikoek helburu izanen dutela osasuna sustatzea eta norbanakoek, familiak eta gizarteak osasunarekiko interesa izatea, herritarrei osasun arloko hezkuntza egokia ematearen bidez. Orobat, lege horren 18. artikuluak ezartzen du ezen Administrazio Publikoek, osasun zerbitzuen eta kasuan kasuko erakunde eskudunen bidez, sistematikoki hartuko dituztela osasun hezkuntzaren aldeko neurriak, funtsezko elementua baita norberaren eta komunitatearen osasuna hobetzeko

Ildo beretik, Osasun Publikoari buruzko urriaren 4ko 33/2011 Lege Orokorraren 16. artikuluaren 2. apartatuak ezartzen du osasuna sustatzeko jarduketek arreta berezia emanen diotela hezkuntza arloari.

Azkenik, Elikagaien Segurtasunari eta Nutrizioari buruzko uztailaren 5eko 17/2011 Legeak oinarrizko lege esparru amankomuna ezartzen du, nutrizioan eta bizitzan ohitura osasungarriak lortzearen arloan aplikatzekoa, eta neurri bereziak zehazten ditu eskolaren esparruari zuzenduak.

Nafarroan, Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legearen 12. artikuluak ezartzen du Nafarroako osasun sistema publikoa bideratuko dela osasunaren babeserako eskubidea betetzera, honako hauek sustatzearen bitartez: osasuna, gaixotasunen prebentzioa eta osasun arreta.

Bere aldetik, Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoak berdintasuna printzipioa osasun-politikan sartzea arautzen du, eta bere 27.3.a) artikuluan ezartzen du administrazio publikoek, aukeren berdintasun-printzipioarekin bat eginik, sistematikoki garatuko dituztela emakumeen osasuna espezifikoki sustatzeko ekimenak, osasun-heziketaren ekintzen barruan, baita beren aurkako bazterkeriari aurre egiteko neurriak ere. Lege horrek baditu bere baitan, halaber, kirolean ere berdintasuna sustatzeko ekintza administratiboak, eta bere 29.2 artikuluan xedatzen du Gobernuak emakumezkoen kirola bultzatuko duela, eta adin tarte guztietan programa espezifikoak ireki behar direla kirol-diziplinak emakumeei irekitzeko, maila guztietan, alegia, erantzukizunaren eta erabakimenaren mailan ere bai.

Arau honen helburua da bultzada ematea Nafarroako eskoletako ikasleak hobeki elika daitezen, dieta arloko jokabideak hobetu ditzaten eta eta ariketa fisikoa egiteko ohitura izan dezaten. Horretarako, funtsezkoa da ikastetxea osasunaren aldeko ingurunea izatea, non erraztuko baita ikastetxean sustatzen diren jarrerekin koherenteak diren mezuak ematea hezkuntza komunitateak; sustatuko baitira elikadura osasungarria eta ariketa fisikoa egitea; zainduko baita ikastetxeetan zerbitzatzen den edo eskura daitekeen janariak beteko dituela nutrizio orekaren irizpideak; eta eskolako elikadura inguru hurbilenari lotuta egotea. Gainera, arauak nahi du ikastetxeak eta haur eskolak publizitatetik babestutako eremuak aitortzea.

Aurreko helburuen ildotik, arau honek nutrizio irizpideak ezartzen ditu ikastetxeetan eskainitako elikagai eta edarietarako. Hain zuzen ere, irizpide horiek jaso ziren Espainiako Osasun Sistemako Lurralde arteko Kontseiluak ikastetxeetako elikadurari buruz 2010eko uztailaren 21ean onetsitako adostasuneko agirian, NAOS estrategiaren barnean (Nutrizioaren, Ariketa Fisikoaren eta Obesitatearen Prebentzioaren aldeko Estrategia)

Hori horrela, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilariak proposatuta, Nafarroako Kontseiluarekin bat eta Nafarroako Gobernuak 2019ko urtarrilaren 16an egindako bileran hartutako erabakiarekin bat etorriz,

DEKRETATU DUT:

I. KAPITULUA. XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua . Xedea.

1. Xedapen honen xedea da ikastetxeetan neurriak ezartzea ikasleen artean susta dadin elikadurako ohitura osasungarriak, eta, hala, laguntzea foru dekretu honen aplikazio eremuko ikastetxeetan haurren eta gazteen obesitatearen kontra egiten.

2. Halaber, jarduera fisikoa ere bultzatu nahi du, bizitza aktiboa sustatzen duten ohitura osasungarriak sortzeko, ikastetxeko ikasleen artean egoneko bizitza galaraziz.

3. Orobat, bermatu nahi du ikastetxeak gune babestuak izan daitezela elikagaien publizitatearen eta kaloria-eduki handiko elikagaien salmentaren aurrean, eta ikastetxeetan saldutako eta ikastetxeetako jantokietako menuetako elikagaien nutrizio ezaugarriak zehaztu, eta, hala, eskaini nahi du teknikoki gainbegiratutako janari prestatuen zerbitzua, dieta osasungarri baten araberako ezaugarriak izanen dituen janariena.

2. artikulua . Aplikazioeremua.

Honako hauetan aplikatuko da foru dekretu hau: titulartasun publikoko eta pribatuko haur eskolak eta ikastetxeak, edo pribatu itunduak, non ematen diren Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako, Batxilergoko eta Lanbide Heziketako irakaskuntzak, baita hizkuntzen irakaskuntzak eta arte edo kirol ikasketak ematen dituzten ikastetxeak ere, hezkuntza arloko araudian zehaztuak, 18 urtetik beherako ikasleak hartzen dituztenak.

3. artikulua . Definizioak.

Foru dekretu honetan xedatutakoaren ondorioetarako, honako definizio hauek aplikatuko dira:

1. Saltzeko makina: automatikoki saltzeko makina, giza esku-hartzerik behar ez duena aritzeko, non aldian-aldian emandako produktua berritzen den, eguneko 24 orduetan erabilgarri dagoena.

2. Elikagai hiperkalorikoak: kaloria-eduki handiko elikagaiak, elikagai solidoetan gutxienez 200 kilokaloria 50 gramoko zatiko, eta edarietan 200 mililitroko, foru dekretu honen I. eranskineko taulako salbuespenak aplikatuta. Elikagai hauen artean daude, duten garrantzi bereziarengatik:

a) Litxarreriak: azukre kontzentrazioekin edo nahasketekin lortutako oreak, kontzentrazio edo nahasketa horiek bukaerako produktuaren %10etik %80ra bitarte izanik, aukerakoa izanik beste osagai eta/edo gehigarri baimendu batzuk eranstea, esaterako karameluak, txikleak, konfiteak, gel gozoak, erregalizak, merengeak, fondantak eta izozteko gozoki likidoak.

b) Opil industrialak: karbohidrato asko dituzten elikagaiak (%49tik %62ra bitarte), koipe eduki handikoak (%16tik %30era), baina proteina gutxikoak (%4tik %8ra bitarte), nabarmena izanik horien kaloria-ekarpena (400 kaloriatik 500era bitarte 100 gramoko).

c) Aperitiboak, snackak eta antzekoak: hainbat formatako elikagaiak, dentsitate txiki samarrekoak eta pisu txikikoak ale bakoitzeko, batez ere almidoiz egindakoak, hain zuzen ere patata, arto, arroz, gari eta beste barazki batzuetatik eratorritako almidoiz, gehi beste elikagai-osagai batzuk, olio edo koipe jangarriz frijituta, lehortuta edo labean erreta. Halaber, barnean daude txerri-azalak eta pipita gaziak.

d) Edari hiperkalorikoak: azukre bakunen eduki handia duten edariak, kaloria balio handia ekartzen dutenak, eta nutrizio balio txikia, esaterako edari freskagarri azukredun eta aromatizatuak, azukrea gehitutako zukuak edo gehitutako azukre eduki handia duten irabiatuak.

II. KAPITULUA. HAUR ESKOLETAN ETA UNIBERTSITATEZ KANPOKO IKASTETXEETAN SALTZEN DIREN ETA IKASTETXEETAKO JANTOKIETAKO MENUETAN EMATEN DIREN ELIKAGAIEN NUTRIZIO EZAUGARRIAK

4. artikulua . Menuak eta dieta osasungarri eta orekatua.

1. Nutrizioan eta dietetikan prestakuntza nahikoa eta frogatua daukaten profesionalek (gutxienez ere dietetikako eta nutrizioko goi mailako prestakuntza teknikoa edo baliokidea) gainbegiratuko dituzte foru dekretu honen aplikazio eremuko ikastetxeetako menuak eta dietak, halako moduz non eguerdiko otorduko menuak ahalbidetuko baitu dieta osasungarria, askotarikoa eta orekatua izatea, ikasleen adinaren arabera.

2. Menuak programatzeko, irizpide hauek hartuko dira kontuan:

a) Ikasleen nutrizio beharrak, adinaren arabera.

b) Makromantenugaien kaloria-ekarpeneko oreka, betiere karbohidratoak nagusi izanik, halako moduz non menua ez den hiperproteikoa ez hiperkalorikoa.

c) Orekatuki erabiltzea prestaketa prozedura askotarikoak, produktuen nutrizio balioak gordeko dituztenak.

d) Menuetan sasoiko produktuen erabilera lehenestea.

3. Janaria kasuan kasuko tenperatura egokian zerbitzatuko da, abenduaren 29ko 3484/2000, Errege Dekretuan ezarritakoaren arabera (haren bidez ezartzen dira jaki prestatuak egiteko, banatzeko eta salerosteko higiene arauak), betiere kontsumoa errazteko moduko erritmoan.

4. Antolaketa eta instalazio baldintzen hori ahalezko egiten duten kasuetan, haur eskolek eta ikastetxeek menu bereziak prestatuko dituzte alergiak, elikadura-intolerantziak edo bestelako gaixotasunak dauzkaten ikasleentzat (espezialistek diagnostikatu beharko dute ikasleek ezin dutela jan zenbait elikagai beren osasuna kaltetzen dutelako, eta dagokion medikuntza-ziurtagiria aurkeztu beharko dute). Menuok alergia edo intolerantzia horiek saihestuko dituzte. Aukerako menuak egongo direla bermatuko da, glutenarekiko intolerantzia kasuetarako.

Aurreko paragrafoak salbuespen hau izango du: sukaldearen antolaketak, instalazioek edo lokalek menu bereziak egiteko behar diren bermeak betetzen ez badituzte, edo menu berezi horiek egitearen kostua ezin eramateko modukoa denean, ikasleei emango zaizkie menu bereziak egiteko elikagaiak hozteko edo berotzeko bitartekoak, familiek ematen dizkieten menu bereziak kontserbatu eta berotu ahal izateko.

5. Seme-alaben elikadura familiek osa dezaten, elikadura osasungarri eta orekatuaren irizpideekin osatu ere, ikastetxeak, eta, behar denean, menuak prestatzeko eta zerbitzatzeko ardura duen enpresak, menuen programazioa erakusgai jarriko du iragarki oholetan, eta ahalik eta argien eta zehatzen emanen die horren berri jantokietako ardura dutenei, baita ikastetxeko jantokiko ikasleen gurasoei eta/edo tutoreei ere. Orobat, menuak prestatzeko erabilitako produktuen informazioa eskuragarri izanen dute, elikadura produktuen etiketen arauek hala exijitzen duten kasuetan.

Programazioari buruzko informazioan jasoko dira behar bereziak dituzten bazkaltiarrei dagozkien menuei buruzko informazioak (intolerantziak, elikadurako alergiak edo hala eskatzen duten beste gaixotasun batzuk).

Aurretik aipatutako informazioa eskuragarria izanen da edonolako desgaitasuna dutenentzat, hala behar denean.

Orobat, eta asteko dieta orekatua errazteko, ikasleen familiei orientazioa emanen zaie dietaren osagarri diren menuei buruz, bai eguneko gainerako otorduetarako, bai astebururako.

5. artikulua . Ikastetxeetan produktuak saltzea.

Debeku da foru dekretu honen aplikazio eremuaren barneko ikastetxeetan elikagai hiperkalorikoak saltzea, bai saltzeko makinen bidez bai ikastetxe barneko kantinetan, tabernetan edo antzeko lokaletan.

Ikastetxeetan salgai dauden elikagaiek bete beharko dituzte foru dekretu honen eranskinean zehaztutako irizpideak eta beharkizunak.

III. KAPITULUA. HAURREN ETA GAZTEEN NUTRIZIO-OSASUNA SUSTATZEKO ETA OBESITATEA PREBENITZEKO NEURRIAK

6. artikulua . Elikaduraren eta ariketa fisikoen arloko ohiturak sustatzea.

1. Osasun, hezkuntza eta kirol arloetako eskumenak dituzten departamentuek sustatuko dituzte, beren planen baitan, ikasleek elikaduraren eta ariketa fisikoen arloko ohitura osasungarriak izatea.

2. Osasun eta kirol arloetako eskumenak dituzten departamentuek, beren jarduketa eremuen barnean, laguntza emanen diote Hezkuntza Departamentuari irakasleei prestakuntza emateko, materialak sortzeko eta kirol ariketa bultzatzeko, eta sostengua emanen dute ikastetxeetan kirol jarduketak eta programak abiarazteko.

3. Jarduketa planek kontuan hartuko dituzte mutilen eta nesken artean dauden desberdintasunak elikadurari eta ariketa fisikoari dagokienez, eta sustatuko dituzte berdintasunik handiena lortzera berariaz bideratutako jarduketak, bizi ohitura osasungarriak garatzeari dagokionez.

7. artikulua . Elikagai osasungarriak sustatzea.

Foru dekretu honen aplikazio eremu honen baitako ikastetxeen barneko saltzeko makinek, kantinek, tabernek edo antzeko lokalek beren elikagaien eskaintzan izanen dituzte dieta mediterraneoko elikagaiak, esaterako azukre gehiturik gabeko zukuak, jogurtak, frutak, ogitartekoak eta beste produktu osasungarri batzuk.

Halaber, ez dira erabiliko 3. artikuluko 2. apartatuan azaldutako elikagaiak urtebetetzeetan eta halakoetan edo ikastetxean irakastorduetan egiten diren ospakizunetan

8. artikulua . Publizitatetik babestea.

1. Haur eskolak eta ikastetxeak publizitatetik babestutako guneak izango dira.

2. Hezkuntzako agintaritza eskudunak baimendu beharko ditu, aldez aurretik, elikagaiak, nutrizio-heziketa, kirola edo jarduera fisikoa eremu akademikoan sustatzeko ikastetxeetako kanpainak, osasun-agintariek nutrizio-ohitura eta kirol-ohitura osasungarriak sustatzeko eta obesitateari aurre hartzeko helburuarekin ezartzen dituzten irizpideekin bat etorriz.

3. Baimen hori lortzeko, kanpaina sustatzen duen pertsonak edo entitateak baimen eskaera aurkeztuko dio Hezkuntza Zuzendaritza Nagusiari, gutxienez ere gauzatu baino hilabete lehenago, eta nahikoa den dokumentazioa erantsiko du, kanpainaren izaera eta jarduketak ebaluatzeko moduan.

Baimenari buruzko ebazpena emateko, Hezkuntza Zuzendaritza Nagusiak Hezkuntza Departamentuko Osasunerako Batzorde Teknikoaren laguntza izanen du. Hark aginduzko txostena emanen du planteatutako kanpainaren egokitasunari buruz.

Kanpaina sustatzen duen pertsonak edo entitateak aurkeztutako dokumentazioa eskura izanen du Batzorde Teknikoak, eta informazio gehigarria ere eska dezake, ebaluatzeko beharrezkoa bada.

IV. KAPITULUA. ZAINTZA, KONTROLA ETA ZEHAPEN ARAUBIDEA

9. artikulua . Ikastetxeetako jantokien ebaluazioa eta jarraipena.

1. Galarazi gabe Hezkuntza Departamentuak edo beste administrazio publiko batzuk egin dezaketen gainbegiratzea, Osasun Departamentuak, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren bidez, egiazta dezake nutrizio-gomendioak nola kontrolatu diren eta zer jarraipen egin zaien ikastetxeetako jantoki baimenduetan.

2. Foru dekretu honetan araututako saltzeko makinei dagozkien nutrizioko alderdiei eta elikagai eskaintzari dagokionez, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuari dagokio ikuskapen eta kontrol programak garatzea.

10. artikulua . Arauhausteak.

Galarazi gabe izan daitezkeen bestelako ardurak, dekretu honen 4. artikuluan -3. apartatuan esaten dena alde batera utzita-, 5., 6., 7., 8. eta 9. artikuluan eta eranskinean ezartzen diren osasun-betebeharrak ez betetzea arau-hauste sanitarioa izango da, Elikagaien Segurtasunari eta Nutrizioari buruzko uztailaren 5eko 17/2011 Legeak ezartzen duenarekin bat etorriz, eta 4.3 artikuluan ezarritakoa ez betetzea arau-hauste sanitarioa izango da Osasunari buruzko apirilaren 25eko 14/1986 Lege Orokorraren I. tituluaren VI. kapituluan ezarritakoaren arabera.

Lehen Xedapen Gehigarria .Higieneari buruzko eta kontsumitzaileari elikagaiez ematen zaion informazioari buruzko arauak.

Foru dekretu honetan xedatutakoa aplikatzekoa izanen da galarazi gabe Europako Parlamentuaren eta Kontseilu Europarraren 2004ko apirilaren 29ko 852/2004 (EEE) Erregelamenduan ezarritakoa (elikagaien higieneari buruzkoa), abenduaren 29ko 3484/2000, Errege Dekretuan ezarritakoa (haren bidez ezartzen dira jaki prestatuak egiteko, banatzeko eta salerosteko higiene arauak) eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren urriaren 25eko 1169/2011 (EB) Erregelamendua (elikagaien gainean kontsumitzaileei ematen zaien informazioari buruzkoa).

Bigarren Xedapen Gehigarria .Ikastetxeetako elikadurari buruzko gidak.

Foru dekretu honek indarra hartu eta sei hilabeteko epean, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak ikastetxeen esku jarriko ditu elikadurari buruzko gidak, menuen plangintza errazteko, kontuan hartuz, besteak beste, hurbiltasun, jasangarritasun eta ekitate irizpideak.

Hirugarren Xedapen Gehigarria .Ebaluazioa eta jarraipena.

Osasun, hezkuntza eta kirol arloetako eskumenak dituzten departamentuek aldian-aldian ebaluatuko dituzte ariketa fisikoa eta elikadura osasungarria sustatzeko jarduketak, foru dekretu honen aplikazioak ekarriak. Foru dekretuak indarra hartu eta hurrengo bi urteetan, ebaluazioa urterokoa izanen da.

Ondorio hauetarako, ebaluazio hau hezkuntzan, osasunean eta kirolean eskumena duten departamentuen arteko koordinazio-egituren (edo sortzen diren egitura berrien) funtzioetako bat izango da.

Xedapen Indargabetzaile Bakarra .Arauak indargabetzea.

Indargabetu egiten dira foru dekretu honetan xedatutakoaren kontrakoak diren maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak.

Azken Xedapenetan Lehena.- Erregelamenduzko garapena egiteko gaikuntza.

Ahalmena ematen zaie osasun, hezkuntza eta kirol arloetako departamentuko titularrei, beren eremuaren barnean eman ditzaten foru dekretu hau garatu eta betearazteko behar diren xedapenak.

Ahalmena ematen zaio osasun arloko departamentuko titularrari foru dekretu honen eranskina foru aginduaren bidez aldatzeko, nutrizio-joerei buruzko ezagutzak eta nutrizioari buruzko ebidentzia zientifiko berriek beharrekoa egiten dutenean.

Azken Xedapenetako Bigarrena .Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik bi hilabetera hartuko du indarra.

Iruñean, 2019ko urtarrilaren 16an.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Uxue Barkos Berruezo.-Osasuneko kontseilaria, Fernando Domínguez Cunchillos.

ERANSKINA. ELIKAGAIETAN KOIPEEN, AZUKREEN ETA GATZAREN ENERGIA-EDUKIA MUGATZEAREN HELBURUAK, BEHARKIZUNAK ETA IRIZPIDEAK

ERANSKINA

Hurrengo irizpideak eta helburuak, gainbegiratu baitituzte nutrizioari, elikadurari eta dietetikari buruzko Espainiako sozietateek, oinarritzen dira nazioarteko osasun erakundeek ezarritakoetan, eta aplikatzen ahal dira bakar-bakarrik haur eskoletako eta unibertsitatez kanpoko ikastetxeen salmenta puntuetan banatutako elikadura produktu ontziratuetan, izan banaka nahiz kutxetan.

Ez dira aplikatuko ontziratu gabe zerbitzatutako elikagaietan, esaterako ogitartekoetan.

Ikastetxeetan banatutako elikagai eta edari ontziratuek honako nutrizio-irizpideak bete beharko dituzte, ikastetxearen ingurunean ontziratutako edo saldutako elikagai zatiko:

-Gehieneko balio kalorikoa: 200 kilokaloria.

-Kilokalorien %35, gehienez, koipetik etorriko da. 200 kilokaloria baino gutxiagoko zati baten kasuan, horrek esan nahi du gehienez ere 7,8 gramo* koipe izanen dela.

-Kilokalorien %10, gehienez, gantz aseetatik etorriko da. 200 kilokaloriako zati baten kasuan, horrek esan nahi du gehienez ere 2,2 gramo* gantz ase izanen dela.

-Ez da izanen trans gantz-azidorik, salbu esnekietan eta haragikietan berez daudenak.

-Kilokalorien %30, gehienez, guztirako azukreetatik etorriko da. 200 kilokaloriako zati baten kasuan, horrek esan nahi du gehienez ere 15 gramo** azukre izanen dela.

-Gehienez ere 0,5 gramo gatz, hots, 0,2 gramo sodio.

-Ez dute edulkoratzaile artifizialik izanen.

-Ez dute izanen ez kafeinarik ez bestelako substantzia estimulatzailerik, salbu kakaoan berez daudenak.

Unibertsitatez kanpoko hezkuntzaren arloan, saltzeko makinen, elikadura establezimenduen eta kioskoen horniduraren eta zerbitzuaren ardura duten elikadura enpresek egiaztatu beharko dute horietan dauden produktuek irizpide eta helburu hauek betetzen dituztela, eta, horretarako, ontziratutako elikadura produktuen nutrizio etiketak berrikusiko dituzte, edo, behar denean, harik eta ontzietako etiketetan elikadura informazioa emateko betebeharra indarrean izan arte, informazio hori eskatuko diete enpresa ekoizleei edo banatzaileei.

Egiaztapena errazteko, honako taula hau aplikatuko da, non aurretik aipatutako balioak, ontziko edo kontsumo zatiko, izanen baitira 100 gramoko edo 100 mililitroko kopuru hauek.

(*) Muga horiek ez zaizkie aplikatuko esne osoari, jogurtei eta gehitutako koiperik gabeko fruitu lehorrei, izan ere koipe hori berez dute, eta nutrizioaren aldetik interes handiko elikagaiak dira, ikasleek baliatu beharrekoak. Fruitu lehorren kasuan, salbuespen honek ez du esan nahi ez dituztenik bete behar gehieneko balio kalorikoari buruzko irizpideak (errazioaren tamainaren araberakoa) eta gatz eta azukre edukiari buruzkoak.

(**) Muga hori ez zaie aplikatuko frutei eta barazkiei, osoei nahiz apur bat prozesatuei, fruta zukuei eta kontzentratutik eratorritako azukre gehiturik gabeko zukuei, zeren elikagai horietan berez dauden azukreak dira. Esnean eta esnekietan ez da zenbatuko, muga hori ezartzeko, esnean berez dagoen azukrea (laktosa), gutxi gorabehera 4,8 g/100 ml izaten dena.

TAULA

Nutrizio irizpideak, ikastetxeetan eskainitako elikagai eta edarietarako

ENERGIA EDO MANTENUGAIA

EDUKIA ZATIKO

EDUKIA 100 gramoko*

EDUKIA 100 mililitroko*

Energia

≤200 kilokaloria

≤400 kilokaloria

≤100 kilokaloria

Koipea guztira

≤ 7,8 g

“ 15,6 g

≤ 3,9 g

Gantz aseak

≤ 2,2 g

“ 4,4 g

“ 1,1 g

Trans gantz-azidoak

≤ 0,5 g

≤ 1 g

≤ 0,25 g

Azukreak

≤ 15 g

≤ 30 g

≤ 7,5 g

Gatza edo sodioan baliokide dena

≤ 0,5 gramo gatz, hau da, 200 mg sodio

≤ 1 gramo gatz, hau da, 400 mg sodio

≤ 0,25 gramo gatz, hau da, 100 mg sodio

Elikagai solidoetarako 50 gramoko ontzi edo zatiak hartuko dira erreferentziatzat, eta 200 mililitrokoak, merkatuan ohikoenak diren edarien formatuetarako

 

 

 

Iragarkiaren kodea: F1900729

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web