(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

21/2018 FORU LEGEA, urriaren 30ekoa, Taxiari buruzko uztailaren 6ko 9/2005 Foru Legea aldatzen duena.

BON N.º 216 - 08/11/2018



HITZAURREA

Baterako Zerbitzurako Lurralde Eremua sortu ondoren taxi zerbitzua dela-eta Iruñerrian eginiko antolaketak eta kudeaketak zerbitzu horren hobekuntza ekarri du, eta horren ondorioz, Iruñerriko Mankomunitatean beste zerbitzu batzuetarako sartuta zeuden udal batzuek eskatu dute aipatu eremuan sartzea. Alabaina, hori ezinezkoa izan da egungo araudiarekin.

Gaur egun Iruñerriko Mankomunitatean sartuta egonik eremu horri atxikitzea eskatzen duten beste udal batzuei horretarako modua ematearren, foru lege honen bidez kendu egiten da Baterako Zerbitzurako Lurralde Eremu bat zedarritzeko baldintza gisa ezarrita zegoen lurralde-koherentziaren betekizuna, eta xedapen iragankorrean prozedura eta baldintzak ezartzen dira udal horiek Iruñerriko Baterako Taxi Zerbitzurako Lurralde Eremuan sartzeko.

Beharrezkotzat jotzen da testuan esanbidez debekatzea publizitate sexista edo bestelako publizitate oro, pertsonaren duintasunari eraso egiten diona edo Konstituzioan aitorturiko balio nahiz eskubideak urratzen dituena, bai eta prostituzioarekin zerikusia duena ere. Halaber debekatzen da osasun fisiko nahiz mentalerako kaltegarriak diren produktu edo zerbitzuen publizitatea.

2030erako Nafarroako Energia Planaren eta Klima-aldaketaren Ibilbide-orriaren jarduketa esparruan, beharrezko gertatzen da taxi zerbitzuko ibilgailu-flotaren efizientzia energetikoa hobetzeko neurri batzuk ezartzea, halatan berritu dadin egungo ibilgailu-flota gradualki, toki entitateekin koordinaturik eta sektorearen beharrizanen arabera, nagusiki “zero igorpen” etiketa duten ibilgailuek osaturiko flota batek ordezturik.

Azkenik, erraztu egiten dira prozedurak, taxi-zerbitzu hobea eta eraginkorragoa ematera bideraturiko administrazioarteko lankidetzarako hitzarmenak sinatzekoak.

Artikulu bakarra.–Taxiari buruzko uztailaren 6ko 9/2005 Foru Legea aldatzea.

Taxiari buruzko uztailaren 6ko 9/2005 Foru Legearen agindu hauek aldatzen dira:

Bat.–9. artikuluaren 2. apartatua aldatzen da, eta testu hau izanen du:

“2. Azterketa hori egindakoan, udalak edo Baterako Zerbitzurako Lurralde Eremuan eskumena duen toki entitateak txostena eskatuko dio Nafarroako Taxien Kontseiluari, lizentzien indize orokorra aldatzeko proposamenari buruzkoa. Txosten hori espedienteari erantsiko zaio.

Txosten horren ondorioetarako, erreferentziazko eremu geografikoa izanen da lurralde antolamenduko tresnetan zehaztutako zonifikazioan ezartzen dena; bai eta, kasua bada, Nafarroako Toki Administrazioaren gaineko araudian zehazten den zonifikazioan ezarritakoa ere”.

Bi.–12. artikuluaren 1., 2., 4. eta 8. apartatuak aldatzen dira, eta testu hau izanen dute:

“1. Taxi lizentziak eskualdatu ahalko dira baldin eta udalak edo Baterako Zerbitzurako Lurralde Eremu batean eskumena duen toki entitateak horretarako baimen aurretiazkoa eman badu, salbu eta Iruñerriko Baterako Taxi Zerbitzurako Lurralde Eremuan sartzen diren udalerrietako lizentziak; hots, foru lege honen xedapen gehigarri bakarraren 1. apartatuan jadanik adierazitakoez gainerakoetakoak”.

“2. Ez da taxi lizentzia bat eskualdatzeko baimenik eman ahal izanen baldin eta eskualdatzailea lizentziaren titular egin zenetik bi urte baino gehiago iragan ez badira”.

“4. Taxi lizentzien eskualdaketa baimentzeko, beharrezkoa izanen da lizentzia-eskuratzaileak bete ditzan foru lege honen 6. artikuluan lizentziaren ematerako eskatzen diren baldintzak. Beharrezkoa izanen da, halaber, eskualdatzailea egunean egotea toki entitateak eskatu ahal dituen eta taxi-zerbitzuari dagokion jarduerarekin loturik dauden tributuen ordainketan, bai eta, kasua bada, foru lege honetan adierazitako diru-zehapenak ordainduak izatea ere, administrazio bidea amaitzen duen ebazpen baten bidez ezarri zaizkionak”.

“8. Taxi lizentzia bat eskualdatzen duen pertsona ezin izanen da beste lizentzia baten titular izan kasuko ordenantzetan zehaztuko den epea iragan arte. Epe hori ezin izanen da bost urte baino gutxiagokoa izan”.

Hiru.–14. artikuluko 1. apartatuari e) apartatua gehitzen zaio, testu hau duena:

“e) Foru lege honen xedapen gehigarri bakarraren 6. apartatuan ezarritako kasuetan”.

Lau.–20. artikuluko 3. apartatua aldatzen da, eta testu hau izanen du:

“3. Titularraren baliaezintasuna, lanerako ezintasun iragankorra, zerbitzu-ematearen eten behar bezala baimendua, heriotza, erretiroa eta zerbitzu-emate pertsonala ezindu egiten duten gainerako egoera supitu behar bezala frogatuetan, zilegi izanen da langileak kontratatuz lizentzia aldi baterako ustiatzea, 2. apartatuan ezarritako mugapena izan gabe. Nolanahi ere, egoera horren gehieneko iraupena ez da bi urte baino gehiagokoa izanen”.

Bost.–22. artikuluko 3. apartatua aldatzen da, eta testu hau izanen du:

“3. Oro har, gehienez zazpi eserleku dituzten ibilgailuetarako emanen dira lizentziak eta baimenak (gidariaren eserlekua barne dela). Hala ere, gehienez bederatzi eserleku (gidariarena barne) dituzten ibilgailuetarako baimenak eman ahal izanen dira, zenbait inguruabar kontuan izanik, hala nola mugikortasun urriko pertsonentzako irisgarritasuna edo zerbitzua eman behar den tokiaren ezaugarriak, batez ere geografiaren edo biztanleriaren aldetik ezaugarri bereziak dituenean edo trafiko gutxiko tokia denean”.

Sei.–24. artikuluko 3. apartatua aldatzen da, eta testu hau izanen du:

“3. Gainera, ibilgailuaren barrualdean ikusgai egonen da atxikita dagoen lizentziaren zenbakia”.

Zazpi.–25. artikuluari 4. apartatua gehitzen zaio, testu hau duena:

“4. Esanbidez debekatzen da ibilgailuan publizitate sexista edo bestelako oro paratzea, pertsonaren duintasunari eraso egiten diona edo Konstituzioan aitorturiko balio nahiz eskubideak urratzen dituena, bai eta prostituzioarekin zerikusia duena ere. Halaber debekatzen da osasun fisiko edo mentalerako kaltegarriak diren produktu edo zerbitzuen publizitatea, hala nola tabakoarena, alkoholarena, estupefazienteena edo jokoarena”.

Zortzi.–28. artikuluaren 2. eta 3. apartatuak aldatzen dira, eta 4. apartatua gehitzen zaio. Honela geldituko dira apartatu horiek:

“2. Taxi lizentziei eta baimenei atxikitako ibilgailuak berritu egin beharko dira lehenengo matrikulaziotik hasi eta hamar urteko antzinatasunera iritsi baino lehen, baina beste bi urtez ere luzatu ahalko da epe hori, udaleko edo Baterako Zerbitzurako Lurralde Eremuko toki entitate eskuduneko ordenantzetan ezarritakoaren arabera. Ibilgailuak betiere bete beharko ditu garraio publikoko ibilgailu baterako beharrezkoak diren osasungarritasun- eta segurtasun-baldintzak.

3. “Eco-taxi” eta “eurotaxi” adierazgarria duten ibilgailuen kasuan, ibilgailuak ordeztu beharko dira haien lehenengo matrikulazioaren datatik hamabi urte igaro direnean beranduenik ere. Epe hori gehienez ere beste bi urtez luzatu ahalko da, udaleko edo Baterako Zerbitzurako Lurralde Eremuko toki entitate eskuduneko ordenantzetan ezarritakoaren arabera. Ibilgailuak betiere bete beharko ditu garraio publikoko ibilgailu baterako beharrezkoak diren osasungarritasun- eta segurtasun-baldintzak.

4. Lizentziei eta baimenei atxikitako ibilgailuak beste ibilgailu batzuekin ordeztu ahal izanen dira, udalak edo Baterako Zerbitzurako Lurralde Eremuan eskudun den toki entitateak aurretiazko baimena emanez gero, baldin eta ordezko ibilgailua bestea baino berriagoa bada, “zero igorpen” edo “Eco” ingurumen-adierazgarriarekin sailkatuta badago Trafikoko Zuzendaritza Nagusiaren Ibilgailu Erregistroaren sailkapenaren arabera, edo, gutxienez, honako kategoria hauetako bat (edo baliokide bat) badu: A, B edo C kategoria, Energia Dibertsifikatu eta Aurrezteko Institutuaren sailkapenaren arabera; eta, gainera, zerbitzu-ematerako eskatzen diren baldintza eta ezaugarri guztiak betetzen baditu”.

Bederatzi.–31. artikulua aldatzen da, eta testu hau izanen du:

“1. 20.000 biztanle baino gehiagoko Baterako Zerbitzurako Lurralde Eremu batean, udalak edo toki entitate eskudunak behar diren xedapenak jaso beharko ditu bere ordenantzetan, bermatzeko ezen 2022ko urtarrilaren 1etik aurrera taxi-lizentziei atxikitzen zaizkien ibilgailuek “zero igorpen” edo “Eco” ingurumen-adierazgarria dutela, Trafikoko Zuzendaritza Nagusiaren Ibilgailu Erregistroaren sailkapenaren arabera, salbu eta eurotaxi ibilgailuen kasuan.

2. Administrazio eskudunek, taxiaren sektorearen ordezkaritasuna duten elkarteekin eta lizentzia eta baimenen titularrekin batera, sustatuko dute lehen adierazitakoaren araberako “Eco taxi” ibilgailuak atxikitzea, sustapenerako eta laguntzetarako xedapenak eta programak ezarriz”.

Hamar.–Bigarren paragrafo bat gehitzen zaio 34. artikuluaren 1. apartatuari. Hona testua:

“Halaber baimenduko da zerbitzuak web edo mugikorretarako aplikazio homologatu bidez kobratzea, aplikazioaren bitartezko aurretiazko kobrantza barne”.

Hamaika.–39. artikuluaren 1. apartatua aldatzen da, eta testu hau izanen du:

“1. Udalek edo Baterako Zerbitzurako Lurralde Eremu bakoitzean eskumena duen toki entitateak zilegi izanen dute zerbitzua antolatu eta koordinatzeko arauak ezartzea, zeinetan gutxienez ere jasoko baitira zerbitzu-ituntzerako sistemak, ordutegiak, egutegiak, atsedenaldiak eta oporrak, betiere bilaturik taxi zerbitzua behar bezalako jarraitutasunez ematea. Toki entitateak informazio hori ahalik eta gehien hedatzen saiatuko dira. Horretarako, eskura dituzten baliabideak erabiliko dituzte, eta, batez ere, baliabide digitalak.

Halaber ezarri ahal izanen dute zona, geltoki, egun edo ordu jakinetan zerbitzua nahitaez eman beharra. Hori egiten badute, taxi lizentzien titularren koordinaziorako behar diren arauak onetsiko dituzte, zerbitzu horiek ekitate-irizpideen arabera emanen direla ziurtatzeko”.

Hamabi.–48. artikulua aldatzen da, eta testu hau izanen du:

“1. Udalek, Baterako Zerbitzurako Lurralde Eremu batean eskumena duten toki entitateek eta garraioen arloan eskumena duen departamentuak administrazioarteko koordinaziorako formulak ezarri ahalko dituzte taxi zerbitzua emate aldera, betiere formula horiek haien eskumen esparrua gainditzen ez badute.

Zerbitzua antolatu eta kudeatzeko koordinazioaren norainokoa izanen da formalizatzen diren lankidetza-hitzarmenetan edo indarreko araudian aurreikusitako beste tresna batzuetan zehazten dena, baldin eta horiek foru lege honetan xedatutakoarekin bat etortzen badira.

2. Lurralde jarraitu bat osatzen duten zenbait udalerritako taxi zerbitzuek elkarren eragina edo interakzioa halako moduan dutenean non udalerri bakoitzaren interesa gainditu behar baita zerbitzu horiek egoki antolatzeari begira, eta, orobat, eskariaren ezaugarriek zerbitzuaren udalez gaindiko planeamendua egitera behartzen duten tokietan, zilegi izanen da Baterako Zerbitzurako Lurralde Eremuak ezartzea. Kasu horietan, ezarritako Baterako Zerbitzurako Lurralde Eremuko toki entitate eskudunak emandako lizentzia duten ibilgailuek ahalmena izanen dute osoki eremu horren barruan egiten diren zerbitzuak emateko.

Baterako Zerbitzurako Lurralde Eremu bat ezarriz gero, osoki eremu horren barruan egiten diren taxi zerbitzuak hiriko taxi zerbitzutzat joko dira.

Baterako Zerbitzurako Lurralde Eremu bat zedarritu ahal izateko, baldintza hauek bete behar dira: hura osatuko duten udalerriek jarraitutasun geografikoa izatea eta kudeatzeko bideragarritasun ekonomikoa egotea. Horrez gainera, kontuan hartuko da udalerri eskatzaileak udalez gaindiko entitate bateko partaide izatea, bere gain hartuko dituena foru lege honen 50. artikuluan adierazitako eskumena eta araubide ekonomikoa.

3. Baterako Zerbitzurako Eremuen kasuan, haien esparru geografikoa kasu eta une bakoitzean egokituko zaio Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen araubidean zehazten den zonifikazioari”.

Hamahiru.–50. artikuluari apartatu berri bat gehitzen zaio, testu honekin:

“7. Udalerri bat Baterako Zerbitzurako Lurralde Eremu batean sartzen denetik hamabi hilabete igaro direnean, Baterako Zerbitzurako Lurralde Eremu horretan eskudun den toki entitateak azterlan bat egin beharko du, 9. artikuluko 1. epigrafeko a), b) eta c) letretan zehazturiko irizpide berei jarraikiz.

Betiere, azterlan horrek Nafarroako Taxien Kontseiluak eginiko nahitaezko txostena izanen du”.

Hamalau.–60. artikuluari o) letra gehitzen zaio, testu hau duena:

“o) 25.4 artikuluan ezarritako debekua urratzea”.

Hamabost.–63. artikuluari 6. apartatua gehitzen zaio, testu hau duena:

“6. Zehapen ahalmena erabiltzea deusetan galarazi gabe, udalek edo Baterako Zerbitzurako Lurralde Eremu batean eskumena duen toki entitateak agindu ahalko dute ibilgailuetatik ken dadila foru lege honen 25.4 artikuluan ezarritako debekua urratzen duen edozein publizitate-iragarki. Errekerimendua urratu egiten bada, eguneko 60 euroko hertsapen-isuna jarri ahalko da. Hertsapen-isunak independenteak izanen dira, eta egindako arau-haustearen ondorioz bidezko diren izaera horretako zehapenekin bateragarriak”.

Hamasei.–Xedapen gehigarri bakarraren 6. apartatua aldatzen da, eta testu hau izanen du:

“6. Nafarroako Gobernuak, garraioen arloko eskumena duen departamentuak proposaturik, 1. apartatuan aipatutakoez beste udalerri batzuk sartu ahal izanen ditu Iruñerriko Mankomunitatean, taxi zerbitzuaren ondorioetarako, udal interesdunak hala eskatu eta gero. Horretarako, Iruñerriko Mankomunitatearen adostasuna eta Nafarroako Taxien Kontseiluak eginiko txostena beharko dira.

Apartatu honetan xedatutakoari jarraikiz taxi zerbitzuaren ondorioetarako Iruñerriko Mankomunitatean sartzen diren udalerrietako lizentziak eskualdaezinak izanen dira. Lizentzia horiek berez iraungiko dira titularraren uko egite, erretiro edo heriotza kasuetan, bai eta taxi lanetan aritzeko ezintasun iraunkorreko deklarazioa egiten den kasuetan ere”.

Xedapen gehigarri bakarra.–Berrikuntza teknologikoak.

1. Arloan eskudun diren administrazioek, sektorearen ordezkaritasuna duten elkarteen partaidetzarekin, aginduzkoa dute sustatzea taxi zerbitzuari progresiboki atxiki dakizkion gutxiago kutsatzen duten erregaiarekin funtzionatzeko egokituta dauden edo elektrikoak diren motorrekin dabiltzan ibilgailuak, atmosferarako gas-igorpenak eta bestelako kutsadurak nabarmen murrizte aldera.

2. Administrazio horiek orobat sustatuko dute birkarga azkarreko puntu, zerbitzugune eta erabilera publiko edo pribatuko garaje aski instalatzea bide publikoetan, halako moduz non mugikortasun elektrikoaren garapena uztarturik egonen baita beharrezkoak dituen hornibideenarekin.

Xedapen iragankor bakarra.–Iruñerriko Mankomunitatean dauden udalak eskualde horretako Baterako Zerbitzurako Eremuan sartzea.

1. Iruñerriko Mankomunitatearen barruan egonik uztailaren 6ko 9/2005 Foru Legearen xedapen gehigarri bakarraren 1. apartatuan sartu ez ziren udalek hiru hilabeteko epean eskatu ahalko dute, foru lege honek indarra hartzen duen egunetik kontatzen hasita, eskualde horretako Baterako Zerbitzurako Eremuan sartzea. Horretarako, nahikoa izanen da interesa duen udalaren osoko bilkuraren erabakia, zeina, 48. artikuluan ezarritako baldintzak betez gero, Mankomunitateak berretsi eta Nafarroako Gobernuari igorriko baitio, udal hori baterako eremuan sartzea onets dezan. Kasu horretan, ez da beharrezkoa izanen Nafarroako Taxi Kontseiluaren txostena, xedapen gehigarri bakarraren 6. apartatuan aipatuta dagoena. Epe hori agortzen bada eremuan sartzeko eskaerarik egin gabe, hortik aurrerako eskaerei dagokienez helduko zaio xedapen gehigarri bakar haren 6. apartatuan ezarritako prozedurari.

Xedapen gehigarri bakar horren 6. apartatuan xedatutakoari jarraikiz, taxi zerbitzuaren ondorioetarako eta xedapen iragankor hau aplikatuz Iruñerriko Mankomunitatean sartzen diren udalerrietako lizentziak eskualdaezinak izanen dira, eta berez iraungiko dira titularraren uko egite, erretiro edo heriotza kasuetan, bai eta taxi lanetan aritzeko ezintasun iraunkorreko deklarazioa egiten den kasuetan ere.

2. Foru lege honen 50. artikuluan adierazitako eskumenak Iruñerriko Mankomunitatea ez den beste udalez gaindiko entitate batek edo batzuek berenganatzen badituzte, Baterako Zerbitzurako Lurralde Eremuak entitate horien lurralde esparruetara egokitu beharko dira.

3. Xedapen iragankor honetan ezarritakoari jarraikiz eremuan sartzen den udalerri bateko taxi lizentzia baten titular diren pertsona fisikoek ofizioz lortuko dute taxi-gidari profesionalaren baimena, baldin eta Baterako Zerbitzurako Lurralde Eremu bakoitzean eskumena duen toki entitateak baimen hori eskatzen badu, dagokion udalerria eremu horretan sartuz gero.

Azken xedapen bakarra .–Indarra hartzea.

Foru lege honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman eta biharamunean hartuko du indarra.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako Aldizkari Ofizialean berehala argitara eta “Estatuko Aldizkari Ofizialera” igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezatela manatzen diet.

Iruñean, 2018ko urriaren hogeita hamarrean.–Nafarroako Foru Komunitateko lehendakaria, Uxue Barkos Berruezo.

Iragarkiaren kodea: F1813239

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web