(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

72/2018 FORU DEKRETUA, IRAILAREN 5EKOA, IKUS-ENTZUNEZKO GRAFIKAREN ARLOKO ARTE PLASTIKOETAKO ETA DISEINUKO GOI MAILAKO TEKNIKARI TITULUAREN EGITURA ETA CURRICULUMA EZARTZEN DITUENA NAFARROAKO FORU KOMUNITATEAN

BON N.º 200 - 16/10/2018



  ERANSKINA. DESKARGATU CURRICULUM HONEN DOKUMENTU OSOA PDFN:


Zioen azalpena

1

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren VI. kapituluan jaso dira arte plastikoetako eta diseinuko lanbide ikasketak, eta ezartzen da ikasketa horiek, lanbide heziketakoen antzera, erdi eta goi 2mailako zikloetan antolatuko direla, modulutan egituratuta. Era berean, adierazten du ikasketa horien xede nagusia dela ikasleei kalitateko prestakuntza artistikoa ematea, arte plastikoen eta diseinuaren arloko etorkizuneko profesionalen kualifikazioa bermatuko duena.

Foru dekretu honen bitartez, Ikus-entzunezko Grafikaren arloko Arte Plastikoetako eta Diseinuko goi mailako teknikari titulua eskuratzea ahalbidetzen duen goi mailako heziketa zikloaren egitura eta curriculuma ezartzen dira. Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 47. artikuluan Nafarroako Foru Komunitateari arlo honetan ematen zaizkion eskumenak erabiliz, honako curriculum honek urriaren 11ko 1430/2012 Errege Dekretua garatzen du, hain zuzen ere Ikus-entzunezko Grafikaren arloko Arte Plastikoetako eta Diseinuko goi mailako teknikari titulua ezarri eta haren gutxieneko ikasketak onetsi zituen dekretua, arte plastikoen eta diseinuaren arloko lanbide ikasketen antolamendu orokorra ezartzen duen maiatzaren 4ko 596/2007 Errege Dekretuaren 13. artikulua aplikatuz onetsi ere.

Bestalde, Nafarroako Foru Komunitatean arte plastikoen eta diseinuaren arloko lanbide ikasketen antolamendua eta garapena arautzen dituen abuztuaren 9ko 44/2010 Foru Dekretuak arte plastikoetako eta diseinuko lanbide tituluetako curriculuma garatzeko eredu bat definitu du, estrategia eta arau berriak ekarri dituena enpresara hobeki egokitzeko, ikasketen antolaketa malgutzeko, ikastetxeen curriculum-autonomia areagotzeko eta ikasleei prestakuntza zabalagoa emateko.

Horregatik, Ikus-entzunezko Grafikaren arloko Arte Plastikoetako eta Diseinuko goi mailako teknikari tituluaren curriculuma Nafarroako Foru Komunitaterako egokitu eta garatzean, kontuan hartu dira abuztuaren 9ko 44/2010 Foru Dekretu horretan onetsi diren diseinurako jarraibideak.

2

Erregulazio honetan honako elementu hauek jorratzen dira, titulu honen curriculuma osatzen baitute: lanbide erreferentea, curriculuma, ikasketen antolaketa eta sekuentziazioa, sarbideak eta ikasketak ezartzeko baldintzak.

Titulu honen lanbide erreferenteak, arau honen 3. artikuluan aurkeztu eta 1. eranskinean garatzen denak, oinarrizko bi alderdi ditu: tituludunaren lanbide profila eta haren lan jarduerari lotutako produkzio sistemaren ingurunea. Lanbide profilaren barnean, gaitasun orokorra zein den definitzen da eta hura zehazten duten gaitasun profesionalak zein diren.

Produkzio-sistemari dagokionez, zenbait ohar ezartzen dira tituludun hauek beren lanean eta lanbidean izanen duten inguruneari buruz. Ingurune hori hauek osatzen dute: goi mailako teknikariak zein lanbide esparrutan beteko duen bere lana, zein produkzio sektoretan arituko den eta zein diren bete ditzakeen zeregin eta lanpostu nagusiak.

3

4. artikulua, hari lotua dagoen 2. eranskinarekin batera, Nafarroan arautzen den tituluaren curriculumari buruzkoa da, eta bi zatitan dago banatua. Alde batetik, titulu honen helburuak daude eta, bestetik, lanbidearen ikaskuntzaren muina osatzen duten lanbide moduluen garapena eta iraupena. Iraupenaren definizioari dagokionez, bi irizpide erabiltzen dira: orduen kopurua eta Europako kredituen kopurua (ECTS). Lehenbizikoa interesgarria da prestakuntza jarduera antolatzeko, eta bigarrena irizpide estrategikoa da, Europako goi mailako hezkuntzaren esparruaren barneko mugikortasunarekin zerikusia duena. Lanbide modulu guztien curriculumak badu orientabide didaktikoen atal bat. Orientabide horiek moduluen ikuspuntuari, koordinazioari eta sekuentziazioari eta irakatsi eta ikasteko jarduerei dagozkie.

4

Arau honen eremuan, moduluen erreferentziako sekuentziazioa arautzen da zikloaren bi ikasmailetan, eta lanbide modulu bakoitza prestakuntza unitatetan banatzen da. Banaketa horri esker, langileak trebatzeko prestakuntza profesionaleko beste eskaintza batzuk egin daitezke. Elementu hori 5. artikuluan eta 3. eranskinean garatzen da.

5

Sarbideei, baliozkotzeei eta salbuesteei dagokienez, 6. artikuluak heziketa ziklo honetara sartzeko bideak arautzen ditu, 7. artikuluak zehazten du nola pasa daitekeen beste ikasketa batzuetara Ikus-entzunezko Grafikaren arloko Arte Plastikoetako eta Diseinuko goi mailako teknikari tituluko heziketa zikloa amaitu eta gero, eta 8. artikuluak baliozkotzeak eta salbuespenak arautzeko esparrua definitzen du (4. eta 5. eranskinetan garatua).

6

Azkenik, foru dekretu honek arautzen duen azken elementua 10. eta 11. artikuluetan eta haiei dagozkien 6. eranskinean deskribatzen da, heziketa ziklo hau ezartzeko baldintzez ari baitira horiek guztiak. Baldintza horiek irakasleen profilari eta behar diren esparru eta ekipamenduen ezaugarriei buruzkoak dira.

Horrenbestez, Hezkuntzako kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2018ko irailaren 5ean egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua . Xedea.

Foru dekretu honen xedea da Ikus-entzunezko Grafikaren arloko Arte Plastikoetako eta Diseinuko goi mailako teknikari tituluaren egitura eta curriculum ofiziala ezartzea Nafarroako Foru Komunitatean. Titulu hori komunikazio grafikoaren eta ikus-entzunezkoaren arteetako lanbide-arlokoa da.

2. artikulua . Identifikazioa.

Ikus-entzunezko Grafikaren arloko Arte Plastikoetako eta Diseinuko goi mailako teknikari titulua elementu hauek identifikatzen dute:

a) Izena: Ikus-entzunezko Grafikaren arloko Arte Plastikoetako eta Diseinuko goi mailako teknikaria.

b) Maila: Arte Plastikoetako eta Diseinuko lanbide ikasketen goi mailako gradua.

c) Iraupena: 2.000 ordu.

d) Arteen lanbide arloa: komunikazio grafikoa eta ikus-entzunezkoen bidezkoa.

e) Europako erreferentea: HNSN - 5b (Hezkuntzaren Nazioarteko Sailkapen Normalizatua).

3. artikulua . Lanbide erreferentea eta lanbide jarduera.

Foru dekretu honen 1. eranskinean zehazten dira tituluaren lanbide profila, gaitasun orokorra, lanbide gaitasunak eta produkzio sistemaren erreferentzia, abuztuaren 9ko 44/2010 Foru Dekretuaren 17. artikuluan ezarritakoari jarraituz. Dekretu horren bidez, Nafarroako Foru Komunitatean arte plastikoetako eta diseinuko lanbide ikasketen antolamendua eta garapena arautzen dira.

4. artikulua . Curriculuma.

1. Ikus-entzunezko Grafikako heziketa zikloaren helburu orokorrak eta hura osatzen duten lanbide moduluak foru dekretu honen 2. eranskinean ageri dira.

2. Heziketa ziklo hau ematen duten Lanbide Heziketako ikastetxeek programazio didaktiko bat prestatuko dute haren ikasketak osatzen dituzten lanbide moduluetarako. Programazioaren zehaztapena, hura garatzen duten lan unitateen bitartez eginen da.

5. artikulua . Lanbide moduluak eta prestakuntza unitateak.

1. Heziketa ziklo hau osatzen duten lanbide moduluak foru dekretu honen 2.B) eranskinean garatzen dira, Ikus-entzunezko Grafikaren arloko Arte Plastikoetako eta Diseinuko goi mailako teknikari titulua ezarri eta haren gutxieneko ikasketak onetsi zituen urriaren 11ko 1430/2012 Errege Dekretuaren I. eranskineko 4. atalean ezarritakoarekin bat etorriz.

2. Lanbide modulu horiek bi ikasmailetan antolatuko dira, foru dekretu honen 2.B) eranskinean ezarritako denbora banaketaren arabera. Abuztuaren 9ko 44/2010 Foru Dekretuaren 14. artikuluan adierazitako arauekin bat, denbora banaketa horrek erreferentziazko balioa izanen du heziketa ziklo hau ematen duten ikastetxe guztientzat, eta Hezkuntza Departamentuaren baimena beharko da edozein aldaketa egiteko.

3. Lanbide moduluak foru dekretu honen 3. eranskinean ezarritako prestakuntza unitateetan antolaturik ematen ahalko dira, bizitzan zeharreko prestakuntza sustatze aldera. Lanbide modulu bakoitza osatzen duten prestakuntza unitateen edukietan modulu horretako eduki guztiak bildu behar dira.

4. Prestakuntza unitate bakoitzaren ziurtapenak Nafarroako Foru Komunitatean soilik izanen du balioa. Modulu bereko prestakuntza unitate guztiak gaindituz gero, ikasleak lanbide moduluaren ziurtapenerako eskubidea izanen du. Ziurtapenak Estatu osoan izanen du balioa, heziketa zikloan sartzeko baldintza akademikoak betetzen badira.

6. artikulua . Heziketa zikloan sartzeko bideak.

Foru dekretu honetan arautzen den heziketa zikloan sartzeko, Arte Plastikoen eta Diseinuaren arloko lanbide ikasketen antolamendu orokorra ezartzen duen maiatzaren 4ko 596/2007 Errege Dekretuaren 14. artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko dira.

7. artikulua . Ziklotik beste ikasketa batzuetara pasatzea.

1. Ikus-entzunezko Grafikaren arloko Arte Plastikoetako eta Diseinuko goi mailako teknikari tituluak bide ematen du erdi edo goi mailako beste edozein heziketa ziklotan zuzenean sartzeko, ezartzen diren onarpen baldintzak betez gero, eta maiatzaren 4ko 596/2007 Errege Dekretuaren 15. artikuluan aurreikusitako kasuetan berariazko probaz salbuetsirik.

2. Ikus-entzunezko Grafikaren arloko Arte Plastikoetako eta Diseinuko goi mailako teknikari tituluak bide ematen du zuzenean sartzeko Diseinuko, Arte Plastikoetako eta Kultur Ondasunen Kontserbazio eta Zaharberritzeko goi mailako arte ikasketetan.

3. Ikus-entzunezko Grafikaren arloko Arte Plastikoetako eta Diseinuko goi mailako teknikari tituluak bide emanen du unibertsitateko ikasketetan sartzeko, unibertsitateko graduko ikasketa ofizialetan sartzeko baldintzak eta Espainiako unibertsitate publikoetako onarpen prozedurak arautzen dituen azaroaren 14ko 1892/2008 Errege Dekretuan ezarritakoarekin bat.

4. Goi mailako hezkuntzako irakaskuntzetako tituluen eta Ikus-entzunezko Grafikaren arloko Arte Plastikoetako eta Diseinuko goi mailako teknikari tituluaren arteko kreditu-onarpena Goi mailako hezkuntzaren esparruan ikasketak onartzeari buruzko azaroaren 14ko 1618/2011 Errege Dekretuarekin bat eginen da, salbu eta irakaskuntza berberetako ikasketen edo irakaskuntza desberdinetako goi mailako teknikarien ikasketen arteko baliozkotzea edo onarpena egiteko, kasu horiek beren araudi berariazkoari lotuko baitzaizkio.

5. Urriaren 11ko 1432/2012 Errege Dekretuaren 6.5 artikuluarekin bat, baliozkotzeen araubidea errazteko asmoz, 120 ECTS kreditu esleitu zaizkie foru dekretu honetan ezarritako ikasketei, heziketa ziklo honetako lanbide moduluen artean banaturik.

8. artikulua . Baliozkotzeak eta salbuespenak.

1. Foru dekretu honetan arautzen den Ikus-entzunezko Grafikako heziketa zikloko moduluak baliozkotu ahalko dira komunikazio grafikoaren eta ikus-entzunezko komunikazioaren lanbide arloko heziketa zikloetako moduluekin, 4.a) eranskinean xedatutakoarekin bat.

2. Foru dekretu honetan arautzen den Ikus-entzunezko Grafikako heziketa zikloko moduluak baliozkotu ahalko dira diseinu grafikoaren lanbide arloko heziketa zikloetako moduluekin, irailaren 1eko 1456/1995 Errege Dekretuan araututakoekin, 4.b) eranskinean xedatutakoarekin bat.

3. Lanerako Prestakuntza eta Orientabideetako lanbide modulua baliozkotuko da baldin eta arte plastikoetako eta diseinuko heziketa ziklo bat gainditu bada.

4. Maiatzaren 4ko 596/2007 Errege Dekretuaren 24. artikuluan ezarritakoarekin bat, lan jardunarekin bat etortzeagatik salbuets daitezkeen Ikus-entzunezko Grafikaren arloko Arte Plastikoetako eta Diseinuko heziketa zikloaren heziketa moduluak 5. eranskinean daude zehaztuta.

5. Enpresa, estudio edo lantegietan bete beharreko prestakuntzaldi praktikoaz osorik edo zati batean salbuetsi ahal izanen da ikaslea, baldin eta frogatzen badu urtebeteko lan esperientzia duela, gutxienez, foru dekretu honetan araututako heziketa zikloarekin zerikusi zuzena duen lanbide eremu batean. Horretarako, dokumentazio hau ekarri beharko dute, gutxienez: laneko esperientzia zer enpresa edo erakundetan eskuratu duen, haren ziurtagiria, datu hauek berariaz adierazita: kontratuaren iraupena, egindako jarduera eta zenbat denbora egin duen lan horretan. Beren gain ari diren langileen kasuan, tributudunen zentsuan altan egotearen ziurtagiria.

6. Proiektu bateratuko modulua ez da baliozkotuko ez eta salbuespenaren xede izanen ere, haren helburua izaki espezialitatearen ezagutza, trebetasun eta gaitasun berariazkoak bateratzea kasuan kasuko ikasketa mailarako egokia den proiektu bat gauzatuz.

9. artikulua . Irakasleak.

Heziketa ziklo honetako ikaskuntzak osatzen dituzten lanbide moduluetan irakaslanean aritzea Arte Plastikoetako eta Diseinuko irakasleen eta Tailerreko maisu-maistren kidegoko irakasleei dagokie. Foru dekretu honen 6. eranskinean ezarritako espezialitateetakoak izan behar dute.

10. artikulua . Irakaslekuak eta ekipamenduak.

1. Irakaslekuek azalera nahikoa izanen dute haietako bakoitzean ematen diren lanbide moduluetako ikaskuntza emaitzei dagozkien irakaskuntza jarduerak garatu ahal izateko. Gainera, baldintza hauek beteko dituzte:

a) Irakaslekuaren azalera zehazteko, zenbat lagunentzat den hartuko da kontuan. Azalera nahikoa izanen da irakaskuntza-ikaskuntza jarduerak behar adinako ergonomia eta mugikortasunarekin egin ahal izateko.

b) Altzarietarako, ekipamenduetarako eta laneko instrumentu lagungarrietarako nahikoa leku izanen da.

c) Martxan dauden makinek eta ekipoek behar dituzten segurtasun tarte edo eremuak errespetatu beharko dira.

d) Laneko arriskuen prebentzioari buruzko arauak, lanpostuko segurtasunari eta osasunari buruzkoak eta gainerako arau aplikagarriak beteko dira.

2. Ikasle talde batek baino gehiagok erabiltzen ahalko dituzte irakaslekuak, heziketa ziklo edo hezkuntza etapa berekoak izan edo ez.

3. Irakaslekuek ez dute nahitaez itxituren bidez bereizirik egon behar.

4. Irakasleku bakoitzean behar adina ekipamendu jarri behar da, ikasleei ikaskuntzaren emaitzak lortzea eta irakaskuntzaren kalitatea bermatzeko. Gainera, baldintza hauek beteko dituzte:

a) Ekipamenduak (ekipoak, makinak eta abar) ongi funtzionatzeko behar duen instalazioa edukiko du, eta segurtasunari eta arriskuen prebentzioari buruzko arauak eta aplikatu behar diren gainerakoak beteko ditu.

b) Ekipamenduaren kopurua eta ezaugarriak ikasle kopuruaren araberakoak izanen dira, eta ikaskuntzaren emaitzak lortzea ahalbidetuko dute, aipatu irakaslekuetan ematen diren lanbide moduluetako ebaluazio irizpideak eta edukiak kontuan izanik.

5. Hezkuntza Departamentua arduratuko da irakasleku eta ekipamenduen kopurua eta ezaugarriak egokiak izan daitezen, modulu bakoitzeko ikaskuntzaren emaitzen araberako irakaskuntza eta ikaskuntza prozesuak garatzeko, eta ikasketen eboluzioak sortzen dituen eskarietara egokitu daitezen, horrela ikasketen kalitatea bermatuko baita.

Xedapen Gehigarriak Lehena .Tituluaren erreferentzia Europako esparruan.

Kualifikazioen Espainiako esparrua Europako gomendioei jarraikiz eratu ondoren, titulazio hauei Espainiako esparruan dagokien maila finkatuko da, baita Europako esparruan dagokien baliokidea ere.

Xedapen Gehigarriak Bigarrena .Lanbidean jardutea.

I. eranskinean jasorik dauden lanbide profilen deskribapenek ez dute arautzen ezein lanbide titulaturen jardunik, eta, edonola ere, dekretu honen testuinguruan ulertuko dira, indarrean dagoen legeriak titulatutako lanbideei loturiko lanbide-jardunaren esparrua betez.

Xedapen Gehigarriak Hirugarrena .Irisgarritasun unibertsala Ikusentzunezko Grafikaren arloko Arte Plastikoetako eta Diseinuko heziketa zikloko irakaskuntzetan.

1. Hezkuntza administrazioek, beren eskumenen esparruan, behar diren elementuak sartuko dituzte Ikus-entzunezko Grafikaren arloko Arte Plastikoetako eta Diseinuko heziketa zikloaren curriculumean, bermatzeko ikasleek curriculumeko gaitasunak “ororentzako diseinua”-rekin bat garatzen dituztela.

2. Orobat, administrazio horiek beharrezkotzat jotzen dituzten neurriak hartuko dituzte arte ikasketa profesional hauetan sartu eta haiek ikasteko baldintzak Desgaitasuna duten pertsonen aukera-berdintasuna, diskriminazio eza eta irisgarritasun unibertsala lortzeko abenduaren 2ko 51/2003 Legearen azken xedapenetako hamargarrenean ezarritakoak izan daitezen.

Xedapen Indargabetzaile Bakarra .Arauak indargabetzea.

Indarrik gabe utzi dira foru dekretu honetan xedatutakoari aurka egiten dioten maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak.

Azken Xedapenetan Lehena .Ezarpena.

Nafarroako Foru Komunitateko Hezkuntza Departamentuak 2018-2019 ikasturtetik aurrera ezartzen ahalko du foru dekretu honetan arautzen den curriculuma.

Azken Xedapenetan Bigarrena .Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

ERANSKINA. DESKARGATU CURRICULUM HONEN DOKUMENTU OSOA PDFN:

ERANSKINA

Ikus-entzunezko Grafikaren arloko Arte Plastikoetako eta Diseinuko goi mailako teknikaria (PDF).

Iragarkiaren kodea: F1811110

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web