102/2018 FORU AGINDUA, UZTAILAREN 31KOA, LEHENDAKARITZAKO, FUNTZIO PUBLIKOKO, BARNEKO ETA JUSTIZIAKO KONTSEILARIAK EMANA. HONEN BIDEZ, URETAKO ERRESKATE TALDEA NAFARROAKO SUHILTZAILEEN ZERBITZUAREN EGITURAN TXERTATZEN DA EGINKIZUNEI DAGOKIENEZ, ETA ERRESKATE TEKNIKORAKO TALDEA SORTZEN
BON N.º 193 - 04/10/2018
Ekainaren 19ko 38/2006 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Larrialdietako Agentzia (NLA) izeneko erakunde autonomoa sortu zen, eta Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuko Barne Zuzendaritza Nagusiko Su-itzaltze eta Salbamendu Zerbitzuko baliabideak bertan txertatu ziren, baita, 2006ko irailaren 1etik aurrerako ondorioekin, Nafarroako Su-itzaltze eta Salbamendu Zerbitzurako Partzuergoari atxikiriko baliabideak ere.
Otsailaren 16ko 12/2009 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Nafarroako Larrialdietako Agentziaren Estatutuen 31. artikuluaren 2 apartatuak ezartzen du arlo funtzionalek eduki ditzaketela ezartzen diren ekintza taldeak, baita erreskate taldeak eta talde bereziak ere. Talde hauek Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilariaren foru aginduaren bidez sortuko dira, eta foru aginduak ezarriko ditu taldearen tamainari eta berezitasunei buruzko irizpideak, taldeburua nor izango den ere aipatuz.
Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuaren oinarrizko egitura ezartzen duen abuztuaren 12ko 54/2015 Foru Dekretuaren artikulu bakarrak ezartzen du ezen “Nafarroako Larrialdietako Agentzia (NLA) Barne Zuzendaritza Nagusiaren egituran sartuko dela, eta Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilariari aginduko zaiola behar dena egin dezan erakunde autonomo hori desagerrarazi eta likidatzeko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 107. artikuluan xedatuaren arabera.”
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 107 artikuluak ezartzen du Nafarroako Gobernuaren foru dekretu bidez iraungiko direla organismo publikoak, zer departamenturi atxikirik egon eta haren titularra den kontseilariak proposaturik, aurretik funtzio publikoaren, antolaketa administratiboaren eta ekonomiaren arloetan eskumena duten departamentuek txostena emanda.
Irailaren 9ko 197/2015 Foru Dekretuaren bidez Nafarroako Larrialdietako Agentzia (NLA) erakundea iraungi zen.
Irailaren 9ko 198/2015 Foru Dekretuaren bidez, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuaren egitura organikoa ezarri zen, eta departamentuaren egituran txertatu ziren iraungitako Nafarroako Larrialdietako Agentziatik zetozen unitateak.
Aipatu irailaren 9ko 198/2015 Foru Dekretuaren 61. artikuluak ezartzen du ezen “Atalek ekintza taldeak izaten ahalko dituztela, bai eta erreskate taldeak eta talde bereziak ere, guztiak bulego mailakoak, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Justiziako eta Barneko kontseilariaren foru agindu baten bidez sortuko direnak. Agindu horretan taldeen tamainari eta berezitasunei buruzko irizpideak agertuko dira.
Talde bakoitzaren buruan Nafarroako Suhiltzaileen sarjentu edo kabo bat izango da, taldearen ezaugarrien arabera, eta horixe aipatu foru aginduan jasoko da.”
Hau honela, gaur egungo antolamendu eta funtzio esparrua ikusirik, beharrezkoa da iraungitako Nafarroako Larrialdietako Agentziaren antolamendu esparruan sortu ziren talde operatiboak eginkizunei dagokienez txertatzea erabat.
Horretarako, aipatu beharrekoa da Lehendakaritzako, Barneko eta Justiziako kontseilariaren irailaren 21eko 338/2006 Foru Aginduaren bidez, Uretako Erreskate Taldea (UET) sortu zela, Nafarroako Larrialdietako Agentziako Prebentzio, Su-itzaltze eta Salbamendu Zerbitzuen Zuzendaritzako Kanpainen, Erreskate Taldeen eta Talde Berezien Arloari atxikia.
Uretako Erreskate Taldearen jatorria Nafarroako Su-itzaltze eta Salbamendu Zerbitzurako Partzuergoa da, eta bere funtzioak orain iraungi den Nafarroako Larrialdietako Agentziara pasatu ziren. Foru agindu honen xedea haren atxikipen funtzional zuzena eguneratzea da.
Beste alde batetik, Erreskate Teknikorako Taldea (ETT) sortzea proposatzen da, kontuan harturik Nafarroaren erliebe menditsuak eta natura-ingurunean egiten diren aisialdiko jardueren kopuruak pertsonentzako arriskua sortzen dutela, desnibel handiekin loturiko jarduerek, altueran edo sakoneran egindakoek, sortzen duten bezala, bai naturan, baita hirian ere.
Jarduera mota hauek eta haiei datxezkien arriskuek eskatzen dute zerbitzu publikoak prest egotea erreskate eta salbamendu beharrei aurre egiteko, erantzun azkar, seguru eta jasangarri baten bidez.
Nafarroako Babes Zibilari eta Larrialdien Kudeaketari buruzko uztailaren 1eko 8/2005 Foru Legearen 45. artikuluan ezartzen da, bigarren apartatuan, prebentzio, su-itzaltze eta salbamendu zerbitzu publikoei dagokiela, bakoitzaren eskumen eremuaren barruan, mendiko erreskatean eta salbamenduan esku hartzeko funtzioa, besteak beste.
Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuko langileen profil erabilera anitzekoak, sartzeko jasotzen duten prestakuntzak eta naturarekin daukaten loturak, bai pertsona guztiek, baita, parkeen sareari esker, zerbitzuak berak ere, errazago egiten dute Erreskate Teknikorako Talde bat sortzea, erreskatean eta salbamenduan espezialista diren suhiltzaileek osatua.
Horrenbestez, ikusirik Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiaren txostena, eta Barneko zuzendari nagusiaren proposamena, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeak eta Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 9ko 198/2015 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,
AGINDU DUT:
1. Uretako Erreskate Taldea (UET) Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuko Esku-hartze Operatiboaren, Parkeen, Kanpainen eta Taldeen Atalari atxikitzea eginkizunei dagokienez, tamaina eta espezializazio irizpide hauekin:
a) Kideen kopurua: 14, gutxienez.
b) Espezializazioa:
- Pertsonak, animaliak eta ondasunak uretako edo ur azpiko istripuetan erreskatatzea eta salbatzea.
- Ingurumena babesteko esku-hartzeak barne-urei dagozkien gaietan.
- Esku-hartze operatiboak uraldi eta uholdeetan.
- Laguntza teknikoa eta aholkularitza erakunde eta elkarteei ingurune urtarrekin zerikusirik duten gaietan (barne-urak).
- Lankidetza eta laguntza teknikoa beste zerbitzu batzuei, bere jarduerarekin lotutako gaietan.
- Bere jarduerarekin lotutako prestakuntza-jardueretan, barrukoetan eta kanpokoetan, parte hartzea.
- Jarduera prebentiboak egitea (simulakroak, babes-jarduerak bizitza arriskuan jartzen den egoeretan, azpiegitura publikoen azterketa, eta abar).
- Bere jarduera aurrera eramateko beharrezkoak diren materialak eta ekipoak erabiltzea eta haien mantentze-lanak egitea.
- Ezarriko den praktika eta maniobren programa espezifikoa betetzea.
- Gizartearen bilakaerarengatik, gorabehera bereziengatik edo taldearen beraren garapenarengatik ematen ahal zaizkien beste eginkizun batzuk.
c) Eginkizunei dagokienez Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuko Esku-hartze Operatiboaren, Parkeen, Kanpainen eta Taldeen Atalari atxikitako suhiltzaileen sarjentu bat izango da Uretako Erreskate Taldeko (UET) burua, eginkizun hauekin.
- UETko kide guztien jarduketak gainbegiratzea eta koordinatzea, taldearen esku-hartze guztien arduradun zuzena izango baita.
- UETren jarduera eta esku-hartze guztiak planifikatu, antolatu eta tutoretzapean hartzea, eta buruzagiak informatuta edukitzea.
- UETko kideak mobilizatzea egokia iruditzen zaionean, ezarritako protokoloen arabera, eta kasu bakoitzean zer prozedura operatibo erabili behar den zehaztea. UETren jarduerak Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuko gainerako unitate operatiboen funtzionamenduari eragiten dion guztian, taldeburua koordinatuta arituko da, zerbitzuaren erantzun operatiboaren gaitasuna ez murrizteko.
- UETek egiten dituen maniobra guztiak antolatzea, planifikatzea eta jarraipena egitea, bere kideak ahalik eta eraginkorren direla bermatzeko.
- UETek egiten dituen zerbitzu eta praktika guztiei dagozkien esku-hartze parteak behar bezala prestatzen eta jakinarazten direla ziurtatzea, datuak ongi hartu direla eta parteak osorik bete direla bermatuz, baita dokumentua Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuko Zuzendaritzara berehala bidali dela ere, ezartzen den moduan.
- Esku-hartzeak eta egin diren gainerako jarduerak biltzen dituen urteko memoria bat prestatzea.
- UETri atxikitako materialaren eta ekipoaren kontrola eramatea eta inbentarioa gaurkotua izatea, materialaren aldetik dauden beharrak proposatuz.
- Bere gaineko agintariei UETren funtzionamenduari eragiten dioten gorabehera guztien berri ematea.
- UETren funtzionamendu onerako egokiak diren agindu guztiak transmititzea eta ematea.
- Oro har, bere espezialitatekoak diren eta eskatzen ahal zaizkien gainerako eginkizun guztiak.
2. Erreskate Teknikorako Taldea (ETT) sortzea, eginkizunei dagokienez Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuko Esku-hartze Operatiboaren, Parkeen, Kanpainen eta Taldeen Atalari atxikia, tamaina eta espezializazio irizpide hauekin:
a) Kideen kopurua: 20, gutxienez.
b) Espezializazioa:
- Pertsonak bilatzea natura-ingurunean.
- Erreskateak egitea mendi-ingurunean, sarbide zaileko natura-ingurunean eta egitura artifizial konplexuetan.
- Altuerarekin loturiko esku-hartzeak, mendiko erreskatean, haitzuloetako sorospenean eta lan bertikaletan erabiltzen diren teknika eta material espezifikoak erabiliz, erreskaterako helikopteroa beharrezkoa denean ere barne.
- Laguntza teknikoa eta aholkularitza erakunde eta elkarteei erreskate teknikoarekin zerikusirik duten gaietan (mendia eta natura).
- Lankidetza eta laguntza teknikoa beste zerbitzu batzuei, bere jarduerarekin lotutako gaietan.
- Bere jarduerarekin lotutako prestakuntza-jardueretan, barrukoetan eta kanpokoetan, parte hartzea.
- Jarduera prebentiboak egitea (simulakroak, babesa-jarduerak bizitza arriskuan jartzen den egoeretan, azpiegitura publikoen azterketa, eta abar).
- Bere jarduera aurrera eramateko beharrezkoak diren materialak eta ekipoak erabiltzea eta haien mantentze-lanak egitea.
- Ezarriko den praktika eta maniobren programa espezifikoa betetzea.
- Gizartearen bilakaerarengatik, gorabehera bereziengatik edo taldearen beraren garapenarengatik ematen ahal zaizkien beste eginkizun batzuk.
c) Eginkizunei dagokienez Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuko Esku-hartze Operatiboaren, Parkeen, Kanpainen eta Taldeen Atalari atxikitako suhiltzaileen sarjentu bat izango da Erreskate Teknikorako Taldeko (ETT) burua, eginkizun hauekin:
- ETTko kide guztien jarduketak gainbegiratzea eta koordinatzea, taldearen esku-hartze guztien arduradun zuzena izango baita.
- ETTren jarduera eta esku-hartze guztiak planifikatu, antolatu eta tutoretzapean hartzea, eta buruzagiak informatuta edukitzea.
- ETTko kideak mobilizatzea egokia iruditzen zaionean, ezarritako protokoloen arabera, eta kasu bakoitzean zer prozedura operatibo erabili behar den zehaztea. ETTren jarduerak Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuko gainerako unitate operatiboen funtzionamenduari eragiten dion guztian, taldeburua koordinatuta arituko da, Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuaren erantzun operatiboaren gaitasuna ez murrizteko.
- ETTk egiten dituen maniobra guztiak antolatzea, planifikatzea eta jarraipena egitea, bere kideak ahalik eta eraginkorren direla bermatzeko.
- ETTk egiten dituen zerbitzu eta praktika guztiei dagozkien esku-hartzeko parteak behar bezala prestatzen eta jakinarazten direla ziurtatzea, datuak ongi hartu direla eta parteak osorik bete direla bermatuz, baita dokumentua berehala Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuko Zuzendaritzara bidali dela ere, ezartzen den moduan.
- Esku-hartzeak eta egin diren gainerako jarduerak biltzen dituen urteko memoria bat prestatzea.
- ETTri atxikitako materialaren eta ekipoaren kontrola eramatea eta inbentarioa gaurkotua izatea, horri buruzko beharrak proposatuz.
- ETTren funtzionamenduari eragiten dioten gorabehera guztien berri ematea bere gaineko agintariei.
- ETTren funtzionamendu onerako egokiak diren agindu guztiak transmititzea eta ematea.
- Oro har, bere espezialitatekoak diren eta eskatzen ahal zaizkien gainerako eginkizun guztiak.
3. Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariaren irailaren 21eko 338/2006 Foru Agindua indarrik gabe uztea. Foru agindu hori Nafarroako Larrialdietako Agentziaren barruan Uretako Erreskate Taldea (UET) sortzen duena da, Nafarroako Larrialdietako Agentziako Prebentzio, Su-itzaltze eta Salbamendu Zerbitzuen Zuzendaritzako Kanpainen, Erreskate Taldeen eta Talde Berezien Arloari atxikia.
4. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.
Iruñean, 2018ko uztailaren 31n.-Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilaria, María José Beaumont Aristu.
Iragarkiaren kodea: F1809727