86/2018 FORU AGINDUA, IRAILAREN 14KOA, HEZKUNTZAKO KONTSEILARIAK EMANA. HONEN BIDEZ, “NAFARROAKO IRAKASKUNTZA PUBLIKOAREN KALITATEA HOBETZEKO ITUNA” IZENEKO DOKUMENTUA NAFARROAKO ALDIZKARI OFIZIALEAN ARGITARATZEA AGINTZEN DA
BON N.º 186 - 25/09/2018
NAFARROAKO IRAKASKUNTZA PUBLIKOAREN KALITATEA HOBETZEKO ITUNA
ERANSKINA. NAFARROAKO IRAKASKUNTZA PUBLIKOAREN KALITATEA HOBETZEKO ITUNAREN 2. ATALAREN, JARRAIPEN BATZORDEA, IDAZKETA ALDATZEKO AKORDIO
“Nafarroako Irakaskuntza Publikoaren Kalitatea Hobetzeko Ituna” izeneko dokumentuak honako hau ezartzen du I.3 atalean: “Itun hau behar den foru aginduaren bidez argitaratuko da Nafarroako Aldizkari Ofizialean”.
Dokumentuaren atal horretan xedatutakoarekin bat, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,
AGINDU DUT:
1. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea “Nafarroako Irakaskuntza Publikoaren Kalitatea Hobetzeko Ituna” izeneko dokumentua, Hezkuntzako kontseilariak eta LAB, STEE-EILAS, AFAPNA, ANPE, FE-CCOO eta UGT sindikatuek 2018ko abuztuaren 24an dokumentua sinatuz formalizatu zena eta foru agindu honen eranskinean jasotzen dena.
2. Foru agindu hau jakinaraztea “Nafarroako Irakaskuntza Publikoaren Kalitatea Hobetzeko Ituna” izeneko dokumentua prestatzen parte hartu zuten sindikatuei, eta Hezkuntza Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiari eta Hezkuntza Departamentuko Kontseilariaren Kabineteari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2018ko irailaren 14an.-Hezkuntzako kontseilaria, María Solana Arana.
NAFARROAKO IRAKASKUNTZA PUBLIKOAREN KALITATEA HOBETZEKO ITUNA
NAFARROAKO IRAKASKUNTZA PUBLIKOAREN KALITATEA HOBETZEKO ITUNA
I.-Gai orokorrak
1. Aplikazio esparrua.
-Langileen esparrua:
Honako itun hau aplikatzekoa zaie Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren zerbitzura diharduten unibertsitateaz kanpoko irakasleei.
-Iraunaldia:
Itunaren indarraldia sinatzen denean hasiko da, eta 2022ko abuztuaren 31ra arte iraunen du. Edukia modu automatikoan luzatuko da harik eta beste akordio berri bat sinatzen den arte.
Itun honetan bilduriko neurriak kasuan kasuko atalak edo puntuak adierazten duen datan beteko dira, edo, bestela, itunak indarra duen epearen barnean.
Itun honetan proposaturiko neurri guztiak indarreko legeriari lotuta daude, bai estatuko araudiari, bai foru araudiari. Estatuko araudian itun honen edukiari dagozkion hobekuntzak eginez gero, zer ondorio ekar dezaketen aztertuko dute Jarraipen Batzordeak eta Mahai Sektorialak, honako itun hau hobekuntza horiei egokitzearren.
Sindikatuek (edo haiek izendaturiko ordezkariek) aukera izanen dute, hala nahi izanez gero, Hezkuntza Departamentuak eratu dituen eta itun honen ondotik eratuko dituen mahai teknikoetan parte hartzeko, planak diseinatu edo gai zehatzak lantzeko baliatuko direnak, hala nola: Aniztasunari Erantzuteko Plana, Lanbide Heziketako Plan Estrategikoa, Berrikuntza Metodologiko/didaktikorako Plana, Baterako Hezkuntzarako Plana, Programa Eleaniztunak, Ebaluazioa, etab.
2. Jarraipen Batzordea.
a) Ituna sinatzen duten sindikatuek osatuko dute itunaren Jarraipen Batzordea, honela osatu ere:
-Batzordeko burua.
-Batzordeko buruordea.
-Idazkaria.
-Batzordekideak (kide bat, ituna sinatzen denean hura sinatzen duen mahai sektorialeko sindikatu bakoitzeko).
Batzordeak bilera arrunta eginen du ikasturteko hiruhileko bakoitzeko, eta aparteko bilerak ere egin ahalko ditu, batzordeko buruak edo batzordekideen laurdenak idatziz eskatuz gero.
Eginkizunak:
-Jarraitzea itunaren edukiak nola garatzen diren.
-Ikuskatzea aurrekontudun atal onetsi guztiak betetzen diren, eta epe eta irizpideak negoziatzea.
-Erabakitzea itunaren ondorioz Jarraipen Batzordeari dagozkion alderdi edo gaietarik zein jorratu eta negoziatu behar diren mahai sektorialean.
-Itunaren garapenari buruzko urteko oroitidazkia prestatzea.
-Mahai sektorialak itunaren garapenari buruz agintzen edo bere esku uzten dion beste zeinahi eginkizun.
-Hezkuntzak hiru hiletik behin itunaren garapenari buruzko informazioa emanen dio Jarraipen Batzordeari: sorturiko ordu-poltsak, baimenak eskatu dituzten langileen kopurua, zenbat baimen ukatu diren eta zergatik, ordezkapenen epeak, zenbat kontratu dauden udan luzatzeko modukoak...
Mahai teknikoak osatuko dira egoki juzgatzen diren gaiak sakonago aztertzeko, hala nola murrizketen atzerakadak irakasleen eskola-ordutegian izan duen eragina edo irakasleen ordezkapenen kudeaketa.
Itun honen Jarraipen Batzordea biltzeko deia egiten den aldiro itunean zehazturiko neurrien jarraipenaz, interpretazioaz, garapenaz eta aplikazioaz arduratzeko izanen da. Jarraipen Batzordeak ezin izanen du inolaz ere aldatu edo ezabatu hemen ezarritako neurririk, ezta neurri berririk erantsi ere.
3. Argitaratzea
Itun hau behar den foru aginduaren bidez argitaratuko da Nafarroako Aldizkari Ofizialean.
II.-Irakasleak
1. Irakasleen aitortza publikoa, babesa eta haien osasunaren sustapena.
a) Hezkuntza Departamentuak, mahai sektorialeko sindikatuekin elkarlanean, eskola publikoa, lan-osasuna eta irakaslanaren aitortza sustatzeko kanpainak abiaraziko ditu urtero, 2018-19 ikasturtetik aitzina.
Hezkuntza Departamentuak hezkuntzako eta irakaskuntzako jardunbide egokiak jendaurrean aitortzeko sariak antolatuko ditu urtero ikastetxeetarako eta/edo irakasleendako, merezimendu-deialdietan ondorioak izanen dituztenak (lekualdatze lehiaketetan, etab.).
b) Jardun profesionalaren ondorioz datozen liskarretan irakasleak babesteko neurriak. Ikastetxeko langile guztien babes juridikoa bermatuko da norberaren jardun profesionalaren esparruan.
Era berean, bai ikasturte hasierako jarraibideetan, bai zuzendaritza-taldeen bitartez klaustroan, informazio idatzia emanen da irakasleei egiten zaizkien erasoen gainean dagoen protokoloari buruz.
Hezkuntza Departamentuak konpromisoa hartzen du lantaldean kanpoko erasoei buruz erdietsi diren ondorio guztiak gauzatzeko, baita Laneko Segurtasun eta Osasun Batzordean erabakitzen direnak ere, irakasleak babestu eta defendatzeko, lan esparruan haien osasunaz arduratuz uneoro. Nolanahi ere, aipaturiko lantaldearen ondorioen araberako neurriak zehaztu bitartean, Hezkuntza Departamentuak irakasleei babes eta laguntza juridiko eraginkorra bermatuko die beren lan jardunean liskarrak sortzen direnean.
c) Laneko osasunaren sustapena: Departamentuak irakasleei aldian aldiko osasun azterketa berariazkoak egiten segitzeko konpromisoa hartzen du, hala eskatzen duten irakasleei azterketa eginen zaiela bermatuz eta arrisku handiagoa duten ikastetxeak bereziki zainduz, eta, era berean, irakasleak laneko arriskuen prebentzioan trebatzeko prestakuntza sustatzeko konpromisoa ere hartzen du. Prozesu hori urteko plangintzaren bidez gauzatuko da, Laneko Segurtasun eta Osasun Batzordearen bitartez.
Departamentuak irakasleen gaixotasun profesionalen eta urtaroei loturiko gaixotasunen katalogo bat eginen du Nafarroarako. Era berean, arrisku psikosoziala izan dezaketen lanpostuen azterketa, balorazioa eta katalogazioa ere eginen ditu, baita prebentzio datuen jarraipena eta azterketa estatistikoa ere.
2. Irakasleen prestakuntza.
a) Etengabeko prestakuntza eta berrikuntzarako prestakuntza.
Hezkuntza Departamentuak Prestakuntzarako Kontseilua biltzeko deia eginen du berriz, 2018-19 ikasturtean lanean has dadin berriro, dagozkion eginkizunak birfinkatuko ditu eta zenbait ahalmen esleituko dio (prestakuntza programa egin, onetsi eta ebaluatzea departamentuko ordezkariekin batera).
Hezkuntza Departamentuak, Prestakuntzarako Kontseiluarekin elkarlanean, prestakuntza programa bat eginen du honako bi helburu nagusi hauek erdiesteko:
-Hezkuntza Departamentuak berak hezkuntza sistema hobetzeko proposatzen dituen proiektu estrategikoen, planen eta lehentasunezko ildoen ondoriozko beharrei erantzutea.
-Ikastetxeetako klaustroen eta irakasle taldeen lanak eskatzen dituen prestakuntza beharrei erantzutea.
-Departamentuaren ildo pedagogiko estrategikoak ezartzea.
Prestakuntza planak arlo hauetako prestakuntza aukerak eskainiko ditu: bizikidetza, baterako hezkuntza, aniztasunari erantzutea, berrikuntza pedagogikoa, hizkuntzen tratamendu integratua, laneko arriskuen prebentzioa, teknologia berriak, hizkuntza prestakuntza euskaraz eta atzerriko hizkuntzetan. Orobat, Lanbide Heziketako irakasleendako prestakuntza ere eskainiko du heziketa ziklo berriak ezartzeari begira, kontuan hartuz euskarazko zikloen garapena eta irakaskuntza horietan ezaupideak behar bezala eguneratu beharra dagoela.
Irakasleen etengabeko prestakuntzarako programak indartu beharrez, Hezkuntza Departamentuak konpromisoa hartzen du xede hori duen aurrekontuko partida %40 handitzeko 2018-2021eko epealdi guztian. Igoerarik handiena 2018an etorriko da eta irakasle, zuzendaritza-talde, hezkuntzarako aholkulari, orientatzaile eta ikuskatzaileen prestakuntzari heltzeko erabiliko da 2017 eta 2018an departamenturako eginiko plan estrategikoen eta lehentasunezko ildoen adierazleen arabera.
Era berean, irakasleen prestakuntzan jardunen duten aholkularien kopurua ere handituko da. 2018an, Irakasleentzako Laguntza Zentrorako erabiltzen diren guneak handituko dira oraingo egoitzan bertan, eta aztertuko da zentro horietarako baizik erabiltzen ez diren egoitzak sortzerik badagoen.
2019tik aitzina lerro berariazko bat sortuko da irakasleen prestakuntzarako banakako laguntzetarako eta lerroaren urteroko hasierako zuzkidura 20.000 eurokoa izanen da. Laguntza horiek honako hauetarako erabiliko dira lehentasunez: berrikuntza pedagogikoko proiektuen gaineko prestakuntzarako ikastetxeetan, eta ikastetxeen arteko trukea sustatzeko hezkuntza berrikuntzako proiektuen garapena ezagutzeko.
Prestakuntza instituzionaleko araudia berrikusiko da ikasturte berean ikastetxe batean baino gehiagotan kontratu ezberdinak dituzten bitarteko langileen egoeretara egokitzeko.
2018-19 ikasturtetik aitzina, ikastetxeen arteko trukeak sustatuko dira, izan estatuko ikastetxeak izan nazioartekoak. Aholkularien eta irakasleen esperientziak trukatzeko baliatuko dira, hizkuntzen, hobekuntza metodologikoen eta bestelakoen arloetan, berrikuntzako proiektuen gaineko prestakuntza sustatze aldera.
b) Ikasketak egiteko lizentziak:
b.1) Ordainduak: Hezkuntza Departamentuak lizentzia ordainduen eskaintza finkatuko du.
Lizentzia ordainduen urteko eskaintza 2019/2020 ikasturtean abiatuko da eta hezkuntza etapen arabera banatuko da Jarraipen Batzordearen barnean (Haur H./Lehen H.-DBH eta Batxilergoa-LH-Hizkuntzak eta Arte Ikasketak).
b.2) Ordaindu gabeak: Hezkuntza Departamentuak konpromisoa hartzen du mahai sektorialeko sindikatuekin batera formula berriak aztertzeko, ikasketetarako lizentzia ordaindu gabeak ezar daitezen 2018-2019 ikasturtean zehar, eta Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiari helarazteko azterketa horren ondoriozko proposamenak, halakorik balego.
c) Urte sabatikoa edo neurri batean ordaindutako baimena:
Ikasturte bat zerbitzurik eman gabe egoteko eta neurri batean ordainduta izateko eskubidea ezarri da Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren mendeko unibertsitatez kanpoko irakasle funtzionarioendako:
-Neurriak bost ikasturte jarraitu hartuko ditu eta lehendabiziko lauetan lanaldi osoko zerbitzua eginen da, eta ordainsarien %84 jasoko; bosgarren ikasturtean, aldiz, ez da zerbitzurik emanen eta portzentaje bereko ordainsari partziala jasoko da.
-Baimen horiek eskatu nahi dituztenen betebeharrak lehen deialdian finkatuko dira eta 2018-2019rako deialdi hori, ohiz kanpoko eran, Jarraipen Batzordean eta mahai sektorialean zehaztuko da.
d) Enplegua banatzeko baimena:
Soldatarik gabeko 6 hilabeteko baimena (abuztutik urtarrilera arte edo otsailetik uztailera arte). Urte baterako eskatzen da, soldataren %50 kobratzen da urte osoan eta kotizazioak %100ekoak dira; beraz, ez da ezer galtzen erretiroari begira. Bi baimen bata bestearen ondotik uztartzeko aukera izanen da eta, horrenbestez, ikasturte osorako baimena eskuratzen ahalko da eta %50 kobratuko da 2 urtez. Eskatzaileak hala adierazi beharko du bere eskabidean (39/2014 Foru Dekretua, maiatzaren 14koa, Nafarroako Administrazio Publikoetan enplegua banatzeko neurriak ezartzen dituena).
3. Irakasle taldeen egonkortasuna eta irakasleen mugikortasuna.
Hezkuntza Departamentuak, irakasleen egonkortasuna indartzeko xedez eta erakunde sindikalei galdetu ondotik, prozedura objektiboak eta irizpide adostuak erabiliko ditu ikastetxeetako plantilla organikoa zehaztu eta benetako plantillara hurbilarazteko, eta, horretarako, lanpostuak betetzeko behar diren deialdiak eta lan publikoaren behar diren eskaintzak eginen ditu.
Era berean, Hezkuntza Departamentuak plantilla organikoko lanpostu huts bilakaraziko ditu elkarren segidako hiru ikasturtetan funtzionatu duten lanpostuak. Azterketa hori sindikatuekin negoziatuko da, eta kontuan hartuko ditu plantillen beharrak Europako azken epaien arabera.
Hezkuntza Departamentuak ez du nahitaez kenduko irakasleen kidegoko karrerako funtzionarioek behin betikoz beteriko inongo lanposturik, interesdunak berak hala eskatzen duenean izan ezik, eta zehazten den prozedurarekin bat eginik.
Hezkuntza Departamentuak konpromisoa hartzen du Haur eta Lehen Hezkuntzan, Bigarren Hezkuntzan eta Araubide bereziko irakaskuntzetan ateratzen diren lanpostu hutsak eskaintzeko esparru autonomikoko lehen lekualdatze lehiaketan. Aldez aurretik, irakaspostuen katalogazioa eginen da mahai sektorialean, eta profil bereziko postu guztiak ere bilduko dira bertara.
Mahai Sektorialaren barnean eta 18-19 ikasturtea amaitu aurretik, desplazamendu-egoerak aztertuko dira, baita, lanpostu hutsak bete, erreserbatu eta kentzeko prozedurak ere, eta orobat zehaztuko dira zailtasun bereziko lanpostuak edo betetzen zailak direnak katalogatzeko irizpide objektiboak, baita haiek betetzeko, haietan jardutea aintzatesteko eta lekualdatze lehiaketetan sartzeko baldintza berariazkoak ere. Alde horretatik, ikastetxe batzuetan sortuko diren behar berriek ekarritako lanpostu mota egonkor berri batzuk sartuko dira, hala nola hezkuntza berrikuntzako proiektuak garatzen dituzten ikastetxeetan, hizkuntza-ereduen eskaintza berriak dituztenetan, gizarte-egoera ahuleko gutxiengoen maila jakin batzuk dituztenetan eta zailtasun bereziko LHko ziklo berriak eskaintzen dituztenetan, euskarazkoak, besteak beste.
Horren osagarri, eta irakasleak errazago mugi daitezen lanleku berrietara, akordio honek indarra duen bitartean, irakasleei espezialitate berriak eskuratzea erraztuko zaie, bai maisu-maistren kidegokoei bai bigarren hezkuntzako kidegoetakoei, haietan sartzeko, igotzeko eta espezialitate berriak eskuratzeko arauetan ezartzen diren prozedura eta neurrien bitartez.
Lanpostuak betetzeko deialdiak lan publikoaren eskaintza egokien ondotik etorriko dira, halako moldez non akordioaren iraunaldia bukatzearekin batera nabarmen murriztuko baita plantilletan aldi baterako dauden langileen portzentajea harik eta %8koa izan arte, hori baita xedea. Lan publikoaren eskaintzaren egutegia finkatuko da eta, ahal den neurrian, lan publikoaren eskaintzaren prozesua gainerako Autonomia Erkidegoekin koordinatuko da, Hezkuntza Ministerioak eginiko egonkortze-proposamenaren arabera, nahiz eta ezinbestekoa izan zenbait doikuntza egitea prozesu horren lehen urteetan.
Era berean, Hezkuntza Departamentuak konpromisoa hartzen du:
-Goi Mailako Kontserbatorioko plantilla egonkortzeko eta funtzio publikoari proposamena helarazteko bateragarri izan dadin langile horiek beste administrazio publikoekin ere lan egitea, betiere lanaldiaren %100 gainditzen ez badute; eta orobat kontserbatorioetarako araudi berekia prestatzeko.
-Funtzionamenduko plantillak plantilla organikoetara gehiago hurbilarazteko neurrien ezarpena aztertzeko, irakasleek behin betiko lanlekua izan dezaten kidegoan sartu eta urte gutxira.
-Ikastetxeen jarduera garatzeko behar diren lanpostuak egonkortzeko neurriak aztertzeko 2018-2019 ikasturtean, harik eta lanpostu horiek lan publikoaren eskaintza batean ateratzeko modukoak izan arte.
-Lanbidean gora egiteko moduak aztertzeko, prestakuntzarako zerbitzu bereziak ordeztearren, baita prestakuntzarako zerbitzu eginkizunen deialdiak berreskuratzeko ere, Mahai Sektorialaren barnean gaia berrikusi ondoren.
4. Irakasleen eskola-ordutegia.
Departamentuak irakasleen eskola-ordutegiari dagozkion baldintzak berreskuratzeko prozesuari ekinen dio. Estatu osoan nahitaez bete beharreko goragoko araudian hobekuntzak etorriz gero, Nafarroako araudira ekarriko dira berehala.
Konpromisoa hartzen du, halaber, irakasleen lanaldia eta ordutegia arautzen duen foru dekretu berria negoziatzeko sindikatuekin, oraingoa eguneratu eta itun honetako neurriak sartzeko testuan, beharrezkotzat jotzen diren gainerakoekin batera.
-2018-19 ikasturtetik aitzina, lanaldi osoa duten Haur eta Lehen Hezkuntzako irakasleak eta parekatuak astean gehienez ere 19,5 orduz arituko dira zuzeneko irakaslanean ikasleekin. Irakastordutzat jotako gainerako orduak honelakoetarako baliatuko dira: tutoreen arteko koordinaziorako Haur eta Lehen Hezkuntzan, koordinazioak egiteko, bizikidetzarako, liburutegirako, teknologia berrietarako eta beste eginkizun, plan eta proiektu batzuetarako, izan Hezkuntza Departamentuak proposaturikoak izan ikastetxearenak berarenak.
-2019-20 ikasturtetik aitzina, lanaldi osoa duten Bigarren Hezkuntzako irakasleak, Araubide Bereziko Irakaskuntzetakoak eta Lanbide Heziketakoak astean gehienez ere 18 irakastorduz arituko dira zuzeneko irakaslanean. Zuzeneko irakaslaneko ordutzat hartuko dira orain arte irakastordutzat jotako horiek. Irakastordutzat jotako gainerako orduak honelakoetarako baliatuko dira: bizikidetzarako, liburutegirako, IKTetarako eta beste eginkizun, plan eta proiektuetarako, izan Hezkuntza Departamentuak proposaturikoak izan ikastetxearenak berarenak.
Itunak indarra duen bitartean eta abiaburutzat harturik aurreko paragrafoan ageri den ordu-murrizketa hori, irakastorduak areago murrizteko aukera aztertuko da, irakaskuntzaren kalitate-parametroei erantzute aldera.
Itun honek dirauen bitartean, honako neurri hauek hartuko dira pixkanaka:
Irakasleen eskola-ordutegiaren murrizketak:
Itunaren indarraldian zehar, irakasle-lanaldiaren murrizketa ezarriko da pixkanaka-pixkanaka 55 urtetik gorako irakasleendako, eta zuzeneko irakaslanaren ordez lan pertsonalean jardunen dute, ordainsarietan murrizketarik izan gabe. Irakasleak ordutegi osoan egonen dira ikastetxean baina murrizturiko denbora lan pertsonalerako erabiliko dute. Murrizketak ezartzeko epe horretan, oraingo murrizketak indarrean egonen dira hurrengo proposamenek indarra hartu arte.
-Murrizketa adinaren arabera: (zuzeneko irakaslanari dagozkio beti):
55 urte - saio bat (2 saio Haur Hezkuntzan). 21-22 ikasturtea.
56 urte - 2 saio (3 saio Haur Hezkuntzan). 21-22 ikasturtea.
57 urte - 3 saio (4 saio Haur Hezkuntzan). 20-21 ikasturtea.
58 urtetik goiti - 6 saio (Bigarren Hezkuntzan eta Haur eta Lehen Hezkuntzan) 19-20 ikasturtea.
Ordu horiek ikastetxeari esleituriko orduekin berdinduko dira.
Murrizketa hori orientatzaileei ere aplikatuko zaie.
Langile horiek ez dute jolasaldietan zaintza-lanetan aritu beharko.
Murrizketak ikasturtearen hasieratik ezarriko zaizkie urteak abenduaren 31 baino lehen betetzen dituztenei.
Egungo planak eta programak koordinatzeko murrizketak mantenduko dira eta irakastorduetako beste murrizketa batzuk ezarriko dira pixkanaka itunak iraun bitartean ikastetxeak beren plan, ezaugarri eta premien arabera ezartzen joaten diren eginkizun zehatzak eta zehaztuak egiteko. Aipatu eginkizunen artean, programa eta proiektuen koordinazio-lanak zuzeneko irakaslaneko ordutegikotzat joko dira planak edo proiektuak ezartzen diren aldietan. Ondoko murrizketetarako erabiltzen diren datu orokorrak Jarraipen Batzordean emanen dira ikasturte bakoitzaren plantillen osaera amaitutakoan, hurrengo ikasturteari begira ebaluatu daitezen.
-Murriztapenak:
Bizikidetzako arduradunarendako.
Prebentzioko arduradunarendako (ikastetxe txikietan eskualdekoa izan liteke).
Baterako hezkuntzako arduradunarendako (ikastetxe txikietan eskualdekoa izan liteke).
Teknologia berrien eta komunikazioko arduradunarendako.
Liburutegiko arduradunarendako (dinamizazioko proiektu berariazkoetarako).
Berrikuntza proiektuak ezartzeko arduradunarendako.
Kalitatearen arduradunarendako.
Ziklo edo multzoen koordinazio-lanak: saio bat; eta beste saio bat koordinazioaz arduratzen denarendako.
Eskualdeetako koordinazio-lana.
2 ordu sareen arduradunendako (elkartasun sareak, jasangarriak, osasungarriak...).
2 ordu talde berariazkoen arduradunendako (antzerkia, musika, arteak...).
5. Plantillak berritzea.
Hezkuntza Departamentuak konpromisoa hartzen du klase pasiboen araubidea duten irakasleen erretiro aurreratuaren baldintzak babesteko eta Gobernuaren aurrean ekimenak bultzatzeko erretirorako baldintza horiek Gizarte Segurantzako araubide orokorrean dauden irakasleei ere zabaltzearren edo, bestela, behar diren kudeaketak egiteko irakasleei aplikatu ahal izateko errelebo-kontratuari buruzko araudia. Aipatu irakasleei eskola-ordutegia murrizten hasiko zaie pixkanaka, adinaren arabera. 2019-20 ikasturtean lanaldiaren 1/3koa izanen da, bai zuzeneko irakaslaneko ordutegiarena, bai irakastorduena (eta ez dute tarte horretan ikastetxean egon beharko). Murrizketa pixkanaka-pixkanaka areagotuko da hurrengo ikasturteetan.
Estatuko araudiak aldatuko balira eta klase pasiboen araubidea duten irakasleen erretiro baldintzak zabalduko balitzaizkie Gizarte Segurantzako araubide orokorrean dauden irakasleei ere, aldaketa horietara egokituko lirateke hemen aipatu baldintzak.
6. Irakasle ibiltariak.
Hezkuntza Departamentuak ibiltaritzarik gabeko ikastetxeetan emanen die lanlekua haurdun diren irakasle ibiltariei haurdunaldiak iraun bitartean, haiek hala eskatuz gero eta Laneko Arriskuen Prebentziorako Atalak txosten bidez ziurtatuz gero ama izanen den irakaslearendako edo jaiotzekoa den umearendako arriskutsua izan litekeen egoeraren bat dagoela.
Lanlekua ikastetxe bati atxikitako lanpostu ibiltarian duten irakasleei, edo eraikinak herri batean baino gehiagotan dituen ikastetxe bati atxikitako lanpostu arrunt batean daudenei, zuzeneko irakaslan zuzenekotzat hartuko zaie herriz herri mugitzeko emaniko denbora joan-etorri horiek egiten dituztenean ikasleei arreta zuzena emateko eta beren ordutegi pertsonalean eta/edo ikastetxeko urteko programazio orokorrean ageri diren bilera huts egin ezinetara agertzeko, eta taula hau erabiliko da horretarako.
-Astean 30 km-raino: zuzeneko irakaslanerako ordu bat eta 2 ordu osagarri.
-Astean 60 km-raino: zuzeneko irakaslanerako 2 ordu eta ordu osagarri bat.
-Astean 90 km-raino: zuzeneko irakaslanerako 3 ordu.
-Astean 120 km-raino: zuzeneko irakaslanerako 4 ordu.
-Astean 150 km-raino: zuzeneko irakaslanerako 5 ordu.
-Astean 180 km-raino: zuzeneko irakaslanerako 6 ordu.
Ondoko egoerak salbuespenez baino ez dira kontuan hartuko:
-Astean 210 km-raino: zuzeneko irakaslanerako 7 ordu.
-Astean 240 km-raino: zuzeneko irakaslanerako 8 ordu.
-240 kilometrotik gora: zuzeneko irakaslanerako 10 ordu.
Hezkuntza Departamentuak, plantillak osatzerakoan, irakasle ibiltarien joan-etorriak ahalik eta gehien txikiagotzeko moduan antolatuko ditu ordutegiak, kendutako orduak multzokatzen saiatuz.
Herri berean bi ikastetxe edo gehiagotan dabilen irakasleari, edo elkarren urruti dauden eraikinetan lanean ibili behar duenari, eskola-ordu bat kenduko zaio. Lanean ari den ikastetxeetako ordutegien premiak direla-eta, ezinezkoa bada eskola-ordu hori kentzea, 2 ordu osagarri gehiago kenduko zaizkio.
7. Irakasle kontratudunak.
Itunak iraun bitartean ezarri beharreko neurriak:
Hezkuntza Departamentuak konpromisoa hartzen du ondorio guztietarako lanaldi osotzat hartzeko ikastetxeetako plantillak prestatzean sortzen diren beharrak, gutxienez ere 15 eskola-ordu emanik Bigarren Hezkuntzako irakasleei, araubide bereziko irakaskuntzakoei eta DBHko maisu-maistrei, eta gutxienez ere 18 eskola-ordu maisu-maistren kidegoko lanaldietarako.
Lanpostuak betetzeko zailtasunak dituzten ikastetxeetan zerbitzu egiteko kontrataturiko irakasleak lanpostuan hiru ikasturtez segitzeko aukera izanen du lanpostua funtzionarioren batek hartu ezean. Hori dela-eta, merezimenduen ondorioetarako, irakasleei aintzat hartuko zaie betetzen zailak edo jardun zailekoak diren lanpostuak bete izana. Betetzen zailak eta jardun zailekoak diren lanpostuak aztertuko dira, eta “betetzen zaila” kontzeptua berrikusi, eta lanpostu horiek zehazteko irizpideak adostuko dira mahai sektorialean.
2018-19 ikasturtetik aitzina, hura barne, udako hilabeteetara zabalduko zaie kontratua modu automatikoan ikasturtean zehar gutxienez ere bost hilabete eta erdi lan egin duten bitarteko langileei.
Hezkuntza Departamentuak irakasleen kontratuak egiteko modua aldatzeko aukera egon dadin eskatuko dio Funtzio Publikoari, kontratu bakarra ezartzeko eta ikasturtean zehar premia bera betetzen duen irakasleak kontratua berritu behar ez izateko pertsona ordeztuak bere lan-egoera aldatzen duen aldiro 2018-2019 ikasturtea amaitu aurretik.
Era berean, Hezkuntza Departamentuak Administrazio Publikoaren Mahai Orokorrari proposamen bat helaraziko dio irakasle kontratudunen lan-baldintzak hobetzeko, batez ere gradua kobratzeari, azken kitatzeari eta antzinatasunari begira, eta kontuan hartuz, antzinatasunari dagokionez, Langile Publikoen Oinarrizko Estatutuan eta Europako azken epaietan ezarritakoa.
Osasun arazoak dituzten langileak babesteko asmoz, bitarteko langileen diziplina- eta zehapen-prozedura berrikusiko da.
8. Irakasleen ordezkapenak.
Aurreko itunean irakasleen ordezkapenetarako aurreikusitakoaz gain (dokumentu honen aurreko itunaz ari gara, 2007ko ekainaren 18an sinatu zen hartaz) Hezkuntza Departamentuak, 2018-19 ikasturtetik aitzina, irizpide berriak erabiliko ditu albait arinen egiteko kidego guztietako irakasleen eta irakasle ez diren laguntzako langileen ordezkapenak eta baita aldez aurretik programaturiko baja guztiak ere.
Era berean, eta mahai sektorialeko sindikatuekin adosturik, aldi baterako lanpostuak ordeztu eta betetzeko prozedurak arintzeko modua aztertuko da, administrazioan lanpostuak esleitzeko erabiltzen den sistema telematikoa baliatuz horretarako.
Hezkuntza Departamentuak eta sindikatuek ordezkapenetarako irizpideak berrikusiko dituzte 2018-19 ikasturtean zehar eta hobekuntzetarako egutegi bat ezarriko dute, azken helburutzat harturik, beranduenez itunaren iraunaldia amaitzean lortu beharrekoa, berehala ordeztu daitezen irakasleen ordu guzti-guztiak.
9. Beste talde batzuk:
Jarraipen Batzordean eta Mahai Sektorialean beste talde batzuen lan-baldintzak berrikusiko dira (DBHn lanaldi partziala duten maisu-maistrenak, lanbide hastapeneko programetako maisu-maistrenak, kontserbatorioetako eta oro har arte irakaskuntzetako irakasleenak, baita helduen hezkuntzako, hezkuntza bereziko, konpentsazio hezkuntzako eta hizkuntzen irakasleenak eta orientatzaileenak ere), baldintzak homologatu eta hobetzeko neurriak ezarri eta sustatzeko xedez.
Departamentuak konpromisoa hartzen du Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetan Ekonomia eta Informatika Departamentu Didaktikoak sortzeko itun honek indarra duen epearen barnean.
Aniztasunari Erantzuteko Nafarroako Plan Estrategikoarekin bat, ikastetxeetatik koordinatuko da Oinarrizko Gizarte Zerbitzuetako hezitzaileen laguntza, lantalde bateratuen bitartez.
Azterlan bat bat burutuko da aztertzeko ea aukerarik baden 0-3 zikloa Hezkuntza Departamentuaren kudeaketaren barnean sartzeko, ukituriko gainerako administrazioekin lan koordinatua eginez.
III. Ikastetxeak
1. Ikastetxeen autonomia, hezkuntza kalitatea eta berrikuntza.
Hezkuntza Departamentuak bere egiten du ikastetxeek beren antolamendurako eta funtzionamendurako duten autonomia sendotzeko konpromisoa.
2018-19 ikasturtean zehar, Ikastetxeen Erregelamendu Organiko berria negoziatuko da, 2019-2020 ikasturtearen hasieran indarra har dezan, eta 2019-20 ikasturtean, berriz, Musika Kontserbatorio Profesional eta Goi Mailakorako berariazko erregelamendu berri bat aztertu, proposatu eta negoziatuko da.
a) Kalitate programen garapena:
Hezkuntza Departamentuak ikastetxeetan kalitatea kudeatzeko sistema berariazko bat ezartzea bultzatuko du eta horretarako dauden giza baliabide eta baliabide materialak handituko ditu. Hartara, itunaren indarraldiaren amaierara arte bere horretan utziko dira Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetan horretarako dauden orduak eta hala eskatzen duten ikastetxe guztietara zabalduko dira pixkanaka, Jarraipen Batzordean erabakitzen den egutegiaren arabera.
b) Hezkuntza berrikuntza errazteko eta hezkuntza eskaintza publikoa hobetzeko neurriak:
Honako esparru hauetako berrikuntza proiektuak garatzen errazteko neurriak bultzatuko dira Departamentuak behar diren deialdietan ezarriko dituen modalitateen bidez: curriculum-programa berariazkoak, ikastetxeen kudeaketa eta antolaketa, teknologia berrietako proiektu esperimentalak, Lanbide Heziketako proiektuak, hizkuntzen ikaskuntzako eta tratamendu integratuko programak, etab.
Hezkuntza Departamentuak konpromisoa hartzen du 2018-2019 ikasturtean zehar azterlan bat egiteko ikastetxe bakoitzak alor hauetan dituen premiak ikusteko: zaintzako ordutegia, zerbitzuen mantentze-lanak (webgunea, bloga, hezkuntza-softwarea, etab.), eraikinen eta txanden antolaketa, hezkuntza instalazioen mantentze-lanak (ikasgela, laborategi, lantegi eta abarren antolaketa eta prestalanak). Azterketak helburu izanen du gabeziak hauteman eta konpontzea eta hezkuntza kalitatean eraginen duten hobekuntzak proposatzea.
2. Irakasleen lanaldia, egutegia eta ordutegia.
-Egutegia: indarreko legediak funtzionarioendako oro har ezartzen duen horixe.
-Lanaldia: indarreko legediak funtzionarioendako oro har ezarritakoa eta Departamenduak irakasle funtzionarioendako ezartzen duen garapenak dioen horixe.
-Ordutegia: bereizi egin ahalko dira Haur eta Lehen Hezkuntzako irakasleen ordutegia eta ikasleek ikastetxean egon beharreko ordutegia.
Hezkuntza Departamentuak eta sindikatuek 2018-2019 ikasturtean zehar negoziatuko dute nola berrikusi eta eguneratu Irakasleen lanaldi eta ordutegiari buruzko 255/1998 Foru Dekretua, oinarri harturik irakasleek betetzen dituzten eginkizun guztien eta eginkizunotan eman beharreko orduen azterketa.
2018. urtean zehar, sindikatuekin bat eginez eta 2017-18 ikasturtean ezarritako eskolaldiei buruzko ebaluazioak aintzat harturik, araudi bat prestatuko da Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeei aukera emateko, zeinek bere autonomia pedagogikoa eta antolamenduzkoa baliatuz, eskolaldi etengabea eta/edo eskolaldi malgua ezar dezaten, ikasleei goizez eta arratsaldez arreta emateko proiektu baten arabera (zerbitzu osagarriak eta eskolaz kanpoko jarduerak eskainiz). Ikastetxean matrikulaturiko ikasleen gurasoen gehiengo kualifikatuak onetsi beharko du proiektu hori, berariazko bozketa batean onetsi ere, eta ikastetxeko eskola kontseiluaren adostasuna ere beharko da.
Unibertsitateaz kanpoko ikastetxeek, beren autonomia baliatuz, malgutasun bera izan ahalko dute beren koordinazio-saioak eta berezko dituzten beste lan batzuk antolatzeko, ikastetxearen antolamendurako egokienak diren orduak erabiliz horretarako, betiere ikasleei eta haien familiei zor zaien hezkuntza-arretaren kaltetan ez bada.
3. Eskola bizikidetza eta Baterako Hezkuntza.
Departamentuak hiru aholkulari lanpostuz hornituko du Bizikidetza Aholkularitza. Aholkulariok LGTBen Legearen ezarpenak ekarri dituen premiez ere arduratuko dira, eta horretarako behar bezalako prestakuntza izanen dute.
Departamentuak eskola jazarpenari aurre hartzeko eta haren aurka borrokatzeko programak sustatuko ditu ikastetxeetan, baita baterako hezkuntzako ikaskuntza-ibilbide bat garatzeko plan estrategikoa ere, helburu eta jarraibide zehatzak bilduko dituena ikasgeletan zuzenean aplikatzeko hezkuntza etapa guztietan. Era berean, haiek ezartzeko prestakuntza eskainiko du.
Departamentuak, itun honetako sindikatuekin batera, gatazka-egoeretarako jarduketa eta bitartekaritza protokoloak berrikusiko ditu 2018-2019 ikasturtean zehar.
Departamentuak, Ikuskapen Zerbitzuaren barnean, bizikidetzako ikuskatzaile-koordinatzailearen lana sustatuko du eta orobat sustatuko du bizikidetzako aholkularitzarekin eta Departamentuan bertan arloarekin zerikusia duten gainerako atalekin egin beharko duen koordinazio-lana.
Hezkuntza Departamentuak sentsibilizazio-kanpainak eginen ditu urtero bizikidetza hobetzeko eta eskola jazarpena prebenitzeko ikastetxeetan, orain arte asmo berberaz eginiko kanpainen antzeko ezaugarriak izanen dituztenak.
Jarraipen Batzordeak eginen du neurri horien guztien jarraipena.
4. Aniztasunari erantzutea:
a) Gehieneko ratioak hezkuntza-etapa ezberdinetan:
Itun honetan jasotzen diren ratioak itunaren indarraldian zehar berrikusiko dira, pixkanaka-pixkanaka murrizteko harik eta hezkuntzaren kalitate-estandarretara iritsi arte.
-Haur eta Lehen Hezkuntza: 25 ikasle.
-Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza: 30 ikasle.
-Batxilergoa: 33 ikasle.
-Lanbide Heziketako prestakuntza zikloak: 20 ikasle.
-OLH: 14 ikasle.
-Aniztasuna /Ikaskuntza eta errendimendua hobetzeko programa: 12 ikasle (10 ordu Aplikatuetako DBHko 4.ean). Ratio horiek malgutasunez aplikatuko dira, ikasle-kopurua edo ikastetxe-mota dela-eta, ezartzen zailago diren ikastetxeetan.
-LHko Goi Mailara sartzeko ikastaroa: 30
-Gaztelanian murgiltzeko programa: 10 ikasle (bi besterik ez dago) (horretarako orduak ikastetxeetan gelditu ziren).
-LH Berezia: 10 ikasle (8, maila anitzekoa bada).
-Curriculum Egokituko Programak: 10 ikasle.
-Erdibideko Unitateak (UTE): 5 ikasle.
-Curriculum Bereziko Unitateak: 7 (9raino igo daiteke).
Ikasleak zenbatzerakoan Hezkuntza Premia Bereziak dituzten ikasleek bikoitza balioko dute beti baldin eta bi urteko curriculum-egokitzapen esanguratsua badute, aurreko akordioan zeuden baldintza beretan.
Matrikula arrunt eta berezirako ohiko prozeduran, talde-banaketak modu automatikoan eginen dira. Ondotik, ratioak gainditzen badira, hezkuntza-proposamena helaraziko zaio ikastetxeari. Ikastetxearekin akordiorik egon ezean, Jarraipen Batzordeak taldea modu automatikoan banatzeko aukera aztertuko du.
b) Hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleak.
Hezkuntza Departamentuak inklusioa lantzen segitzeko konpromisoa hartzen du, Plan Estrategikoan finkaturiko helburuei jarraikiz.
Jarraipen Batzordearen barnean aztertuko da zer neurri hartu behar diren giza baliabideen kopuru eta horniduretan, hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleen hezkuntza-arreta bermatzeko. Hori dela-eta, Hezkuntza Departamentuak konpromisoa hartzen du hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleei dagokien arreta berariazkoa emateko ikasmaila guztietan.
c) Aniztasunari erantzutea Haur Hezkuntzan.
Haur Hezkuntzako Bigarren Zikloko ikasleak dituzten ikastetxeetan, Haur Hezkuntzako espezialista diren laguntzako irakasle hauek izanen dituzte:
-Haur Hezkuntzako 3 edo 4 unitate daudenean: Irakasle ½, ratioa 18tik 22ra bitartekoa bada; irakasle bat, ratioa 22tik goitikoa bada.
-Haur Hezkuntzako 5 edo 6 unitate daudenean: Irakasle bat, ratioa 18tik 22ra bitartekoa bada; 1,5 irakasle, ratioa 22tik goitikoa bada.
-Haur Hezkuntzako 7 unitatetik 11ra bitarte: 1,5 irakasle, ratioa 18tik 20ra bitartekoa bada; 2 irakasle, ratioa 20tik goitikoa bada.
-12 unitate baino gehiago daudenean: 2,5 irakasle, ratioa 18tik goitikoa bada eta 3 irakasle, ratioa 22tik goitikoa bada.
d) Aniztasunari erantzutea Haur eta Lehen Hezkuntzan.
Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeek, lerro bat edo gehiago badute eta 18ko ratioa edo handiagoa, laguntzako irakasle bat izanen dute ikasleen % 10-20k hezkuntza laguntzako berariazko premiak baditu (etorkinak, egoera soziokultural ahulean dauden gutxiengoak, etab.); laguntzako irakasle bat eta erdi, ikasleen % 20-30ek hezkuntza laguntzako berariazko premiak baditu, eta laguntzako 2 irakasle, berriz, ikasleen %30 baino gehiagok baldin baditu hezkuntza laguntzako berariazko premiak (ikus Aniztasunari Erantzuteko Plan Estrategikoa eta ikastetxeei igorritako irizpideak).
Laguntza ordu horiek hezkuntza laguntzako irakasleek beteko dituzte eta/edo ikastetxeak bere autonomia pedagogikoa eta antolamenduzkoa baliatuz erabakitzen duen espezialitateko irakasleek, behin betiko lanlekua ikastetxean duten Gutxiengo Kulturaletako irakasleei kalterik eragin gabe.
Haur eta Lehen Hezkuntzan sorturiko laguntza horiek beti egonen dira haietarako eginen den plan berariazko baten mende. Plan hori aniztasunari erantzuteko planarekin eta ikastetxeko ikasle etorkinei eta minorietakoei harrera egiteko planarekin uztartuko da eta urteko programazio orokorrera bilduko da, Hezkuntza Ikuskapenak onetsi eta ebaluatu dezan.
D eta A eta/edo G ereduak dituzten ikastetxeetan, D eta A eta/edo G ereduak zein bere kasa aztertuz aplikatuko dira c) eta d) epigrafeetan ezarritako neurriak.
Foru araudi egokiaren bidez lehentasunezkoak edo jardun zailekoak diren ikastetxeak zehaztuko dira eta berezitzat hartuko dira laguntza, ratio eta baliabideak banatzerakoan, esku-hartze sozialetarako baliabideak barne, desberdintasunak konpentsatzeko berariazko planen arabera. Plan horiei jarraipena eginen zaie batzorde parekidean.
e) Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan.
16 eta 20 ikasle bitarteko ratioak dituzten DBHko 1., 2. eta 3. mailetako talde guztiei 4 ordu emanen zaizkie aniztasunari erantzuteko.
Era berean, 20 ikasletik goitiko ratioak dituzten DBHko 1., 2. eta 3. mailetako talde guztiei 6 ordu emanen zaizkie aniztasunari erantzuteko.
Azkenik, 20 ikasletik goitiko ratioak dituzten DBHko 1., 2. eta 3. mailetako talde guztiei beste 2 ordu emanen zaizkie aniztasunari erantzuteko baldin eta hezkuntza laguntzako berariazko premia duten ikasleen portzentajea %20-30ekoa bada (etorkinak, egoera soziokultural ahulean dauden gutxiengoak, etab.). Hezkuntza laguntzako berariazko premia duten ikasleen portzentajea %30etik goitikoa bada, 3 ordu esleituko dira talde bakoitzeko.
f) Hizkuntzan murgiltzeko programa ikasle atzerritarrentzat.
2018-2019 ikasturtea amaitu aurretik, ikasle atzerritarrak hizkuntzan murgiltzeko gaur egungo programak ebaluatuko dira eta, hala behar balitz, ikasle horiek haietan sartu eta ateratzeko bideak arautuko dira eta kasuan kasuko ikastetxeko ikasleen integrazioa errazteko neurriak hartuko dira.
g) Ospitaleetan eta etxean berean arreta emateko programak.
Ituna sinatzen denez geroztik, ospitaleratze egoeran dauden ikasleak laguntzeko programa indartuko da eta aztertuko da ea bideragarri ote den etxez etxeko laguntzan diharduten irakasleak Hezkuntza Departamentuko irakasleak izan daitezkeen. Programaren garapenerako behar diren baliabideak jarriko dira, hala behar balitz.
Osasun Departamentuak, Hezkuntza Departamentuarekin batera, eskualdeko eskola erizaina ezartzen segituko du pixkanaka.
h) Esku-hartze soziala Bigarren Hezkuntzan.
Hezkuntza Departamentuak, Eskubide Sozialetako Departamentuak eta Osasun Departamentuak hezkuntza alorrean sarean lan egiteko estrategia garatzen segituko dute, gisa horretan erantzun ahal izateko ikastetxeetan esku-hartze sozialari loturik dauden premiei, eta orobat indartuko dira Komunitatearentzako Zerbitzuak espezialitateko Lanbide Heziketako irakasle teknikarien eginkizunak eta eskumenak.
i) Landa eremuetako eskoletarako eta/edo maila anitzeko ikasgeletarako laguntza.
Eskualde hauek ezarri dira landa-eskoletarako:
-1. eskualdea:
Almandoz.
Amaiur.
Arizkun.
Arraioz.
Azpilkueta.
Erratzu.
Gartzain.
Irurita.
Oronoz.
Lekaroz.
Urdazubi/Zugarramurdi.
Ziga.
-2. eskualdea:
Beintza-Labaien.
Ituren.
Legasa.
Narbarte.
Sunbilla.
Saldias.
-3. eskualdea:
Areso.
Betelu.
Goizueta.
Jauntsarats.
Leitza.
-4. eskualdea:
Arantza.
Bera.
Etxalar.
Igantzi.
Lesaka.
-5. eskualdea:
Erronkari.
-6. eskualdea:
Otsagabia.
-7. eskualdea:
Auritz.
Aurizberri.
Erro.
Garralda.
Luzaide.
Urrotz.
Zubiri.
-8. eskualdea:
Altsasu.
Arbizu.
Etxarri Aranatz.
Irurtzun.
Iturmendi.
Lakuntza.
Olazti.
Uharte Arakil.
Urdiain.
-9. eskualdea:
Oibar.
Kaseda.
Irunberri.
Elo.
Zare.
-10. eskualdea:
Añorbe.
Barasoain.
Beire.
Berbintzana.
Mendigorria.
Miranda Arga.
Obanos.
Pitillas.
Uxue.
-11. eskualdea:
Figarol.
Mélida.
Murillo el Fruto.
Arrada.
Santakara.
-12. eskualdea:
Abartzuza.
Allo.
Antzin.
Arroitz.
Carcar.
Deikaztelu.
Lezaun.
Sartaguda.
Sesma.
Oteitza.
Villatuerta.
Zudairi.
j) 2019-20tik aitzina, honelakoak izanen dira landa eskoletako eskolatze ratioak.
Haur Hezkuntza:
-3 mailak bateratuak dituzten unitateak: 14 ikasle gehienez.
-2 maila bateratuak dituzten unitateak (3 eta 4 urtekoak edo 4 eta 5 urtekoak): 16 ikasle.
Lehen Hezkuntza:
-Lehen Hezkuntzako bi mailatako ikasleak dituzten unitateak: 16 ikasle.
-Lehen Hezkuntzako hiru mailatako ikasleak dituzten unitateak: 14 ikasle.
-Lehen Hezkuntzako 4 edo 5 mailatako ikasleak dituzten unitateak: 12 ikasle gehienez.
-Lehen Hezkuntzako 6 mailetako ikasleak dituzten taldekatzeak: 10 ikasle gehienez.
Etapen arteko ikasgela mistoetarako:
-Bi etapa ezberdinetako 2 mailatako ikasleak dituzten unitateak: 14 ikasle gehienez.
-Bi etapa ezberdinetako 3 mailatako ikasleak dituzten unitateak: 12 ikasle gehienez.
-Bi etapa ezberdinetako 4 mailatako ikasleak dituzten unitateak: 10 ikasle gehienez.
-Bi etapa ezberdinetako 5 mailatako ikasleak dituzten unitateak: 10 ikasle gehienez eta laguntzako irakasle bat lanaldi erdian.
Ikasleak zenbatzerakoan Hezkuntza Premia Bereziak dituzten ikasleek bikoitza balioko dute beti baldin eta bi urteko curriculum-egokitzapen esanguratsua badute, aurreko akordioan zeuden baldintza beretan.
5. Koordinazio horizontala eta bertikala.
a) Zuzendaritzako eginkizuna.
2020-21 ikasturtetik aitzina, daudenak baino ordu gehiago esleituko dira ikastetxeetako zuzendaritzako eginkizunerako, I. Eranskinaren arabera.
Neurri hau pixkanaka-pixkanaka ezarriko da itunaren indarraldian zehar, Jarraipen Batzordeak zehaztuko duen egutegiaren arabera.
b) Tutoreen eginkizuna.
Haur eta Lehen Hezkuntzan irakasle tutoreek irakastorduetatik 2 ordu emanen dituzte astean tutoretza lanetan.
DBHko tutoreen eginkizunerako, berriz, oraingo ordu kopurua bere horretan utziko du Hezkuntza Departamentuak. Zuzeneko irakaslaneko ordutzat hartuko dira orain arte irakastordutzat jotako horiek.
Batxilergoan, goi mailako heziketa zikloetan eta goi mailako zikloetara sartzeko ikasmailan, irakasleek ordu osagarrietako hiru emanen dituzte astean tutoretza lanetarako.
Batxilergoko, goi mailako heziketa zikloetako eta goi mailako zikloetara sartzeko ikasmailetako taldeetan 25 ikasletik goiti egonez gero, tutoretza partekatuko ereduak ezartzen ahalko dira eta, ikastetxeek aurkezturiko proiektuen arabera, ordu gehiago esleitzen ahalko zaizkio.
c) Administrariak.
Itunak indarra duen artean, Hezkuntza Departamentuak administrari bat jarriko du, lanaldi erdian, 200 ikasletik goitiko Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe guztietan. 200 ikasletik beheitikoetan, berriz, administrazio lanetan laguntzeko 10 ordu izanen dira astean.
Halaber, landa eskoletarako edo osatugabeko eskoletarako administrari bat izanen da eskualdean aritzeko lanaldi erdian.
6. Hezkuntza eskaintza publikoa zabaltzea.
a) Atzerriko hizkuntzak.
Atzerriko hizkuntzak ikasteko eskaintza hobetzearren, Departamentuak azterlan bat eginen du frantsesa ikasteko eskaerari buruz hizkuntza hori ezartzeko. Azterlan horren emaitza Jarraipen Batzordeari eta mahai sektorialari helaraziko zaie.
Departamentuak Foru Komunitatearen berezko programa eta hizkuntza-ereduetan hobekuntza metodologikoak egiten segituko du.
Irakasleei programa berriak ezartzeko behar besteko baliabideak emanen zaizkie eta programen ezarpena behar bezain garaiz aurreikusteko ahaleginak eginen dira, haiek emanen dituzten langile kualifikatuak eduki ahal izateko.
Departamentuak hizkuntzen tratamendu integraturako programa bat osatuko du, eta bertako eta atzerriko hizkuntzen ikasketa- eta jabetze-prozesuetarako hobekuntza metodologikoak eta kudeaketakoak eskainiko ditu, prozesu horiek aberastearren departamendu bakoitzaren ikuspegi metodologien ekarpenak baliatuz eta arreta berezia jarriz hizkuntzen arteko transferentziaren kontzeptuan.
b) Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiak (IKT):
Hezkuntza Departamentuak uste du etengabe berritu behar direla Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologien bultzadari loturiko baliabideak, software librearen erabilera lehenetsi behar dela eta curriculumari txerta dakion bultzatu behar dela. Horrenbestez, honako ekintza hauek egiteko konpromisoa hartzen du itunaren iraunaldian (hasteko eta bat, 2018rako aurrekontuko kopurua handituko duelarik), halako moldez non arlo horretarako partidak gutxienez ere %60 handitu baitira, atal hauen arabera:
-Ekipamendua berritzea:
Ikastetxe publikoetako irakaskuntza gune amankomunek, informatika-gelek eta departamentu didaktikoek ekipamendu eguneratua edukiko dute eta haiek eguneratzeko plan bat ere egonen da.
Ikastetxeak ikasgelako ekipamendu informatikoz hornituko dira IKTak egunerokoan txertatzeko alor orokorretan (ez IKTei buruzko alor berariazkoetan). Plan berariazkoak egonen dira bai ekipamenduak hobetzeko, bai irakasleak prestatzeko IKTak txerta daitezen Departamentuaren lehentasunezko ildo metodologikoetan.
-Mantentze-lan teknikoak:
Itunaren indarraldian zehar behar diren baldintzak paratuko dira ikastetxeek informatikako mantentze-lanetarako zerbitzu teknikoa izan dezaten pixkanaka-pixkanaka. Hezkuntza Departamentuaren mendekoa izanen da eta ikastetxeka edo eskualdeka eginen die zerbitzu ikastetxeei.
7. Lanbide Heziketaren garapena.
Departamentuak Lanbide Heziketako ikastetxe bateratuak sustatu eta indartzeko konpromisoa hartzen du.
Era berean, Jarraipen Batzordeak Lanbide Heziketan egun dagoen eskaintzaren mapa aztertzeari ekinen dio eta aztertuko du zein neurri behar diren prestakuntza-eskaintza hori zabaltzeko hala espezialitate jakin batzuetan, nola euskaraz.
Ziklo berriak ezartze aldera, irakasleei materialak prestatu edo itzultzeko orduak eta baliabideak emanen zaizkie, eta zikloen ezarpenak behar bezain garaiz aurreikusteko ahaleginak eginen dira, haiek emanen dituzten langile kualifikatuak eduki ahal izateko.
Bestetik, hezkuntza-etapa horretako kalitatea hobetzearren, Lanbide Heziketako ikastetxeen funtzionamenduaren zenbait alderdi berrikusiko da 2018-2019 ikasturtea amaitu aitzin, esate baterako, zein diren taldeak banatzeko orduetarako baldintzak ziklo ezberdinetan, eta ikastetxeen autonomia sustatuko da hainbat alderditan, hala nola zeinek bere kudeaketarako eta departamentuak antolatu eta hornitzeko, etapa bakoitzerako hezkuntza-eskaintza berariazkoa egiteko edo Lanbide Heziketako ikastetxe bateratu berrien baldintza bereziak ezartzeko.
Hezkuntza Departamentuak arreta berezia jarriko du Hasierako Lanbide Heziketako unitateetan eta behar diren baliabidez hornituko ditu beren eginkizuna egoki bete dezaten, honako hauek aintzat hartuz: irakasleen ordutegia berrikustea, bajak berehala betetzea, taldeak zehaztea, etab.
Itunaren indarraldian zehar, Hezkuntza Departamentuak LHko ikastetxeen makineria berrituko du, hornidurak aztertuko ditu eta eguneratu gabeak ordeztuko ditu.
Genero ikuspegia daukan orientazioa sustatuko da, zikloak aukeratzean dauden genero-joerak saihesteko.
LHko ikastetxeak gehiago erabiliko dira langileen eta langabeen bizi arteko prestakuntzarako.
8. Arte Irakaskuntzak, Hizkuntzen Irakaskuntzak, Kirol Irakaskuntzak eta Helduen Irakaskuntzak.
Hezkuntza Departamentuak irakaskuntza horien garapena sustatzeko konpromisoa hartzen du, baita plantillak egonkortzeko ere, Lege organikoaren araudi berriarekin bat. Horretarako, plan berariazko bat eginen da, irakaskuntza horien gaurko egoeraren azterketatik abiatuko dena itunaren indarraldian zehar lortu beharreko helburuak ezartzeko. Plan hori itunaren Jarraipen Batzordean aurkeztuko da lehenik, haren berri emateko.
Irakaskuntza guztietan euskarazko irakaskuntza eskaintzen joanen da pixkanaka-pixkanaka eta eskaintza hori 2019-20 ikasturtean hasiko da hartan aritzeko gaitasuna duten langileekin.
Lan publikoaren eskaintzan atera ezin diren lanpostuak egonkortzeko plan bat eginen da eta araudi bereki bat ere garatuko da, kontserbatorioen premia berariazkoei egokitutakoa.
9. Ikastetxeen sare publikoaren modernizazioa eta horniduren eta baliabideen hobekuntza.
9.1. Eskola-eraikinetarako plan zuzentzailea eta hornidurak hobetzeko plana:
Itunaren indarraldiak iraun bitartean, Hezkuntza Departamentuak konpromisoa hartzen du behar diren eskola-instalazioak eraiki, handitu eta birmoldatzeko helburu hauek lortze aldera: eskolatze premia berriez arduratzea eta hirigintza-berrantolamendu berriaren ondoriozko eskolatzeei erantzutea. Eskola-eraikinetarako plan zuzentzailearen babesean ziurtatuko dira eskola-azpiegituren hobekuntzari buruzko helburu horiek.
Itun honen Jarraipen Batzordeak ikastetxeetako egungo premiak aztertuko ditu, baita ikastetxe publikoen eskola-hornidurak hobetzeko plan baten helburuak eta epeak ezarriko ere.
Horrez gain, eraikuntza berriak jasangarriak izan daitezen begiratuko da, eta material toxikorik erabil ez daitezen. Era berean, espazioak genero ikuspegitik aztertuko dira, baita inklusioaren ikuspegitik ere, behar bereziak dituzten pertsona guztiek erabiltzen ahalko dituztela bermatzeko.
Zonakatzeak berrikusiko dira, ikasleak hurbil eskola daitezen sustatzeko, joan-etorrietarako behar den denbora eta gas kaltegarrien isuriak saihesteko, eta oinez edo bizikletaz egiteko eskola-ibilbideak sustatuko dira.
Bestetik, Hezkuntza Departamentuak azterlan bat eginen du eskola-sukaldeen kudeaketari buruz eta hezkuntza-eskaintzaren barnean txerta dadin sustatuko du, aukera paregabea delako bai pedagogikoki, bai osasunaren sustapenerako.
9.2. Ikastetxeen mantentze-lanak, ekipamenduak eta funtzionamendu-gastuak.
a) Ikastetxeen sare publikoaren modernizazioa eta horniduren eta baliabideen hobekuntza.
Hezkuntza Departamentuak konpromisoa hartzen du urte anitzeko plan bat prestatzeko, urteko gutxieneko hornidura bat ezarriko duena, ikastetxeetan eraikuntza, hobekuntza eta mantentze-lanetan dauden beharrak asetzeko.
Hezkuntza Departamentuak, irakasleekin eta zuzendaritza-taldeekin batera, azterlan bat eginen du kalitatezko eskola-instalazioak lortzeko gutxieneko parametroak zehazteko (metro kopurua ikasleko, ikasgelako, patioa, gune estaliak, berariazko ikasgelen kopurua ikastetxeko, kirol instalazioak, familiei harrera egiteko guneak, erizaintza, departamentuetarako guneak, bilera-gelak...).
Era berean, ingurua zaintzeko programa berariazkoak ezarriko dira ikasleendako eta erantzukizun ezberdinak modu bateratuan banatuko dira ikastetxearen curriculum-proiektuan etapa guztietarako.
b) Ikastetxeen ekipamendua:
Hezkuntza Departamentuak, 2018-2019 ikasturtea bukatu aitzin, ikastetxeak aztertuko ditu bermatzeko bat datozela eskola instalazioetako segurtasunari eta laneko arriskuen prebentziori buruzko egungo araudiarekin.
Hezkuntza Departamentuak egoki funtzionatzeko behar duten ekipamenduaz hornituko ditu ikastetxe publikoak eta hezkuntza maila ezberdinetako eskola-ekipamenduak eguneratu eta egoera onean mantenduko ditu behar den inbertsioa eginez horretarako.
c) Funtzionamendu gastuak:
Hezkuntza Departamentuak, itun honen indarraldian zehar, ikastetxeen funtzionamendurako erabilitako kopuruak handituko ditu; 2018ko hasierako igoera %13koa izanen da eta %20ra arte handituko da itunaren indarraldia amaitzean. Departamentuak behar besteko kopurua esleituko du gastu osagarrien dietak ordaintzeko eta modu berariazkoan asetzeko baliabide ekonomiko askirik ez daukan ikasle-mota dutelako behar bereziak dituzten ikastetxeen eskaerak.
Orobat, LHko ikastetxeetako makineria eta ekipamenduaren homologazioa eta aldian behingo azterketa bermatzeko eta legez eskaturiko prebentzio-baldintzetara egokitu daitezen, aurrekontu lerro berariazko bat ezarriko da. Batzordea arduratuko da lerro horren zenbatekoaren eta exekuzio epeen segimenduaz. Bestalde, azterlan berariazko bat eginen da prestakuntza-ziklo ezberdinen funtzionamendu-gastuen hornidurari buruz.
d) Eskola liburutegiak:
Kultura Departamentuarekin batera, liburu elektronikoen funts publiko amankomunen erabilera sustatuko da ikastetxe guztietarako, baita ikastetxeetako sarean eta IKTko ekipamendu-horniduretan egin beharreko hobekuntzak ere.
Era berean, 200.000 euro baliatuko dira, guztira, honela banaturik:
-Lehen Hezkuntza:
2019: 50.000 euro.
2020: 50.000 euro.
-Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza:
2019: 50.000 euro.
2020: 50.000 euro.
10. DBHIak BHI bilakatzea.
2018-2019 ikasturtean, itunaren Jarraipen Batzordeak azterlan eta proposamen bat prestatuko du gaurko DBHIak BHI bilakatzeko pixkanaka-pixkanaka ikasle kopuru handienak dituzten ikastetxeetan, aldaketa hori Ikastetxeen Erregelamendu Berria prestatzearekin batera gauzatu dadin.
11. Eskubide sindikalak.
Eskubide sindikalei bere horretan eusten zaie indarrean dagoen legeriarekin bat eta orain arteko itun sindikalak errespetatzen dira.
Hezkuntza Departamentuak ordu-kreditu bidez zeregin sindikaletan diharduten irakasleen lanbide eta lan eskubide guztiak eta merezimendu guztien balorazio egiazkoa babestuko direla bermatuko du, irakasleok zeregin sindikal horietan aritu ezean beteko luketen lanpostuari dagozkion baldintza beretan.
Hezkuntza Departamentuak konpromisoa hartzen du kreditu sindikala erabiltzeko irizpideak sindikatuekin negoziatzeko 2018-19 ikasturteko lehen hiruhilekoa bukatu baino lehen eta orobat urtero aztertzeko, baita gutxieneko zerbitzuak antolatzeko irizpideak berrikusteko ere.
Enplegua banatzeko baimenak edo hein batean ordaindutako lizentziak hartzeko eskubidea izanen da.
Sindikatuen ordezkaritza lanetan ari direnendako identifikazio-txartela prestatuko da eta ikastetxeetan sartu ahalko direla bermatuko zaie, dela materiala uztera dela irakasleekin biltzera. Bestetik, ikasturte hasierako jarraibideetan oroitaraziko da zuzendaritza-taldeek ikastetxeetara eta irakasleen geletara sartzen utzi behar dietela sindikatuei, langileei informazioa helarazteko.
Gutxieneko zerbitzuak antolatzeko egungo irizpideak berrikusiko dira, hala grebetarako, nola iragarritako batzarretara joan ahal izateko.
ERANSKINA. NAFARROAKO IRAKASKUNTZA PUBLIKOAREN KALITATEA HOBETZEKO ITUNAREN 2. ATALAREN, JARRAIPEN BATZORDEA, IDAZKETA ALDATZEKO AKORDIO
Sinatzaileen adostasunez, Nafarroako Irakaskuntza Publikoaren Kalitatea Hobetzeko Itunaren 2. Atala, Jarraipen Batzordea, modu honetara idatzita geratzen da:
2. Jarraipen Batzordea:
Jarraipen Batzordea ituna sinatu duten erakunde sindikalek eta Hezkuntza departamentuko ordezkariek osatuko dute ondoko era honetara:
-Lehendakaria.
-Lehendakariordea.
-Idazkaria.
-Kideak (ituna sinatu den uneko Mahai Sektorialeko sindikatu sinatzaile bakoitzeko kide bana).
Batzordeak bilera arrunta eginen du ikasturteko hiruhileko bakoitzeko, eta aparteko bilerak ere egin ahalko ditu, batzordeko buruak edo batzordekideen laurdenak idatziz eskatuz gero.
Batzordea ezin izanen da elkartu kideen gehiengorik gabe, eta beti Lehendakaria eta Idazkaria egon beharko dira.
Batzordeak erabakiak bertaratutako kide guztien adostasunez hartuko ditu.
Eginkizunak:
-Jarraitzea itunaren edukiak nola garatzen diren.
-Ikuskatzea aurrekontudun atal onetsi guztiak betetzen diren, eta epe eta irizpideak negoziatzea.
-Erabakitzea itunaren ondorioz Jarraipen Batzordeari dagozkion alderdi edo gaietarik zein jorratu eta negoziatu behar diren mahai sektorialean.
-Itunaren garapenari buruzko urteko oroitidazkia prestatzea.
-Mahai sektorialak itunaren garapenari buruz agintzen edo bere esku uzten dion beste zeinahi eginkizun.
-Hezkuntzak hiru hiletik behin itunaren garapenari buruzko informazioa emanen dio Jarraipen Batzordeari: sorturiko ordu-poltsak, baimenak eskatu dituzten langileen kopurua, zenbat baimen ukatu diren eta zergatik, ordezkapenen epeak, zenbat kontratu dauden udan luzatzeko modukoak...
Mahai teknikoak osatuko dira egoki juzgatzen diren gaiak sakonago aztertzeko, hala nola murrizketen atzerakadak irakasleen eskola-ordutegian izan duen eragina edo irakasleen ordezkapenen kudeaketa.
Itun honen Jarraipen Batzordea biltzeko deia egiten den aldiro itunean zehazturiko neurrien jarraipenaz, interpretazioaz, garapenaz eta aplikazioaz arduratzeko izanen da. Jarraipen Batzordeak ezin izanen du inolaz ere aldatu edo ezabatu hemen ezarritako neurririk, ezta neurri berririk erantsi ere.
Iragarkiaren kodea: F1811517