197/2018 FORU AGINDUA, EKAINAREN 15EKOA, ESKUBIDE SOZIALETAKO KONTSEILARIAK EMANA. HONEN BIDEZ ARAUTZEN DA ZER PROZEDURA ETA FAMILIAKO EGOERA BALORATZEKO ZER BAREMO APLIKATUKO DIREN ADINEKO PERTSONAK, DESGAITASUN BAT DUTENAK, GAIXOTASUN MENTAL BAT DUTENAK EDO GIZARTEAN BAZTERTURIK EDO HORRELA GERTATZEKO ARRISKUAN DAUDENAK ARTATZEKO EGOITZA PLAZETARA SARTZEKO
BON N.º 145 - 27/07/2018
I. ERANSKINA. BALORAZIO SOZIALAREN ESKALA
II. ERANSKINA. ZARIT ESKALA
Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legeak, gizarte zerbitzuen sistema publikoa arautzen duenak, aitortzen du herritarrek badutela zerbitzu eta prestazio batzuk jasotzeko eskubide subjektiboa. Ezarri du, era berean, politika publikoen funtsezko helburu direla, besteak beste, pertsonen eta taldeen baztertze egoerak prebenitzea eta horiei erantzutea, eta mendekotasun egoeran dauden eta oinarrizko baliabiderik ez duten pertsonen beharrei erantzutea.
Ekainaren 17ko 69/2008 Foru Dekretuak, gizarte zerbitzu orokorren zorroa onetsi zuenak, zehaztu zuen gizarte zerbitzuen sistema publikoko prestazioetatik zein aplikatuko diren Nafarroako Foru Komunitateko lurralde osoan.
Gizarte zerbitzu orokorren zorroari buruzko foru dekretu horrek ezartzen du honako pertsona hauek badutela, prestazio bermatu gisa, egoitzako arreta izateko eskubidea, aldi baterakoa zein epe luzerakoa: adineko pertsonek, desgaitasuna dutenek, gaixotasun mental bat dutenek eta gizartean bazterturik edo horrela gertatzeko arriskuan daudenek, baldin eta ez badute aurrerantzean bizilekuan egoterik, dela mendekotasun egoeran daudelako, familiako gatazka larria dutelako edota familiako laguntza egokirik ez dutelako. Ezarriko da zer baremo bete beharko den aipatu baldintza hori betetzen dela jotzeko.
Egoera hori baremo baten arabera baloratu ahal izateko, urtarrilaren 14ko 3/2010 Foru Agindua eman zen argitara, arautu zuena zer prozedura eta zer baremo aplikatuko diren familiako gatazka larria edo familiako laguntzarik ez dagoen egoera baloratzeko, egoera horrek bide ematen baitu egoitzako arreta zerbitzuak epe luzez edo aldi baterako erabiltzeko. Foru agindu horretan baldintza hauek ezarri dira: eskaera egin aurreko bi urteetan Nafarroan egiazki eta jarraian bizi izana frogatzea, eta bizilekuan ezin egon ahal izatea, dela familiako gatazka larria dagoelako edo familiak ez diolako behar bezalako laguntzarik ematen eskatzaileari. Familiako gatazka larriaren egoera frogatutzat jotzeko, interesdunak 65 puntu edo gehiago lortu behar ditu balorazio sozialaren eskalan (foru agindu horren I. eranskinean dago eskala hori), eta haren gaitasun ekonomikoak ez du IPREMa gainditu behar; 3,5 aldiz, mendekotasuna dutenen kasuan, eta 2,3 aldiz, mendekotasunik ez dutenen kasuan.
Ezartzen du, era berean, eskatzailearen gaitasun ekonomikoa kalkulatzeko aplikatuko dela unean-unean erabiltzaileek zerbitzuen finantziazioan duten parte-hartzea oro har arautzen duen araudia.
Gaur egun, eta hainbat urtez aplikatu ondoren, zenbait aldaketa egin behar dira 6.2 artikuluko bigarren paragrafoan, ohiko etxebizitza alde batera uzteko gaitasun ekonomikoa kalkulatzeko unean, erantzun ahal izateko orain arte etxebizitzaren balioa zenbatu izanagatik kanpoan geratu diren kalteberatasun handiko zenbait egoerari. Aldaketa hori egin behar denez, eta hizpide dugun prozedura honetan sortu den analisia kontuan izanik, egokitzat jo da prestazio hau osotara arautzea. Horiek horrela, aldaketa formalak eta arau teknikaren arlokoak eginen dira, gai materialen edo funtsezkoen gain eraginik izanen ez dutenak; salbu eta prozedura honen sorburu den artikuluaren aldaketa, aipatu artikuluaren funtsa aldatuko baita.
Horregatik guztiagatik, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1 g) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,
AGINDU DUT:
Foru Agindu honek xede du aurrerantzean bizilekuan ezin egon daitezkeen pertsonak, dela mendekotasun egoeran daudelako, haien familian gatazka larria dagoelako edo behar bezalako familia laguntzarik ez dutelako, egoitzako plaza bat lortzeko bidea arautzea, berdin egonaldia epe luzerakoa edo aldi baterakoa izan.
2. artikulua . Onuradunak.
Egoitza plaza batean sartzeko, onuradunek baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Eskaera egin aurreko bi urteetan Nafarroan egiazki eta jarraian bizi izana frogatzea.
b) Eskatzailea kalteberatasun eta ahultasun egoeran egotea, bere familian gatazka larria dagoelako edo eskatzaileak behar bezalako familia laguntzarik ez duelako eta, horren ondorioz, ezin delako bizilekuan egon, oinarrizko beharrak ez estaltzeko arrisku handia duelako. Egoera horretan daudela joko da balorazio sozialaren eskalan 65 puntu baino gehiago lortzen dituzten pertsonak (foru agindu honen I. eranskinean eman dira eskala horren zehaztasunak).
c) Onuradunek baldintza hauetako bat bete behar dute:
c.1) 65 urte baino gehiago izatea.
c.2) Desgaitasun bat egiaztatua izatea eta 65 urte baino gutxiago izatea.
c.3) 18 eta 65 urte bitarte eta gaixotasun mental bat izatea.
c.4) Gizarteak baztertua edo baztertzeko arriskuan egotea, muturreko premia eta gizarte babesgabetasun egoeran izatea, oinarrizko beharrak ez estaltzeko arrisku handia izatearen ondorioz kalteberatasun eta ahultasun egoeran egotea, eta 18 eta 65 urte bitarte izatea.
d) Eskatzailearen gaitasun ekonomikoa ez izatea IPREMa baino 3,5 aldiz handiagoa, mendekotasuna duten pertsonen kasuan, eta ez izatea IPREMa baino 2,3 aldiz handiagoa mendekotasunik ez duten pertsonen kasuan.
1. Prestazioa jasotzeko eskaera egin beharko du interesdunak. Horretarako, mendekotasun egoera eta Autonomiarako eta Mendekotasunaren Arretarako Sistemako prestazioak jasotzeko eskubidea aitortzeko eskabide orokorraren eredua bete beharko du, unean-unean erabilgarri dagoena.
2. Eskatzailea zer udalerritan bizi, halako oinarrizko gizarte zerbitzuaren bitartez izapidetuko da eskabidea, edo, hala baldin badagokio, osasun zentro publikoetako gizarte lanaren arloko langileen bitartez, azken horiek bete baititzakete foru agindu honetan aipatu zerbitzuei egotzitako eginkizunak.
3. Eskaerarekin batera honako agiri hauek aurkeztuko dira:
a) Eskaera egin aurreko bi urteetan Nafarroan egiazki eta jarraian bizi izanaren frogagiria.
b) Adinaren frogagiria.
c) Desgaitasun bat edo gaixotasun mental bat izatearen frogagiria.
d) Txosten soziala, dagokion oinarrizko gizarte zerbitzuak emana, 2. c) 4. artikuluan ezarritako baldintza betetzen dela egiaztatzen duena.
e) Mendekotasunaren balorazio sozialaren eskala, aipatu oinarrizko gizarte zerbitzu horretako gizarte langileak betea, foru agindu honen I. eranskinarekin bat etorriz.
f) Eskala horretan 45 puntutik gora atera dutenek Zarit eskala ere aurkeztu beharko dute. Eskala hori foru agindu honen II. eranskinean dago.
g) Eskatzailearen gaitasun ekonomikoaren frogagiria, eskaera aurkezten den egunekoa.
4. Eskaerak foru agindu honetan ezarritako baldintzak betetzen ez baditu, eskatzaileari errekerimendua eginen zaio, 10 eguneko epean akatsa zuzen dezan edo behar diren agiriak ekar ditzan. Halaber, ohartaraziko zaio ezen, horrela egin ezik, eskaera bertan behera utzi duela ondorioztatuko dela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluan ezarritakoari jarraikiz emanen den ebazpenaren bidez.
5. Aurrekoa gorabehera, interesdunak ez dira behartuta egonen beste administrazio publiko batzuek prestatutako agiriak aurkeztera, baldin eta horiek kontsultatzeko edo jasotzeko baimena ematen badute, ezta dagoeneko Administrazioaren esku dauden agiriak aurkeztera ere; azken kasu horretan, zein unetan eta zein administrazio organoren aurrean aurkeztu ziren adierazi beharko dute.
6. Eskaera egitean, eskatzaileak baimena ematen dio Administrazioari egoki irizten dizkion egiaztatze jarduerak egiteko, interesdunek emandako informazioa egiazkoa dela eta eskatutako baldintzak betetzen direla egiaztatze aldera.
4. artikulua . Instrukzioa.
1. Eskaera Nafarroako Gobernuko edozein erregistrotan sartu ondoren, hura izapidetu eta ebazteko eskumena duen administrazio organoak egiaztatuko du eskatzaileak bete egiten dituela 2. artikuluan ezarritako baldintzak.
2. Eskatzailearen gaitasun ekonomikoa baloratzeko aplikatuko da unean-unean erabiltzaileek zerbitzuen finantziazioan duten parte-hartzea oro har arautzen duen araudia.
3. Eskatzaile batek egoitza plaza bat lortzea duen edo ez erabakitzeko, ez da ohiko etxebizitza zenbatuko eskatzailearen gaitasun ekonomikoa neurtzean.
4. Erabiltzaileak egoitza plazaren finantzaziora zer ekarpen egin behar duen zehazteko orduan, erabiltzaileek zerbitzuen finantziazioan duten parte-hartzea oro har arautzen duen unean uneko araudia aplikatuko da.
5. Gehienez ere hiru hilabeteko epean emanen da egoitza plazan sartzeko bide ematen duena eta onuradunaren ekarpena zein izanen den zehaztuko duen ebazpena. Epe hori zenbatzen hasiko da eskaera sartu denetik edo, hala baldin badagokio, akatsak zuzendu direnetik edo akatsak zuzentzeko eman den epea bukatzen denetik aurrera.
Xedapen Iragankor Bakarra. Izapidetzen ari diren eskaerak.
Foru dekretu honek indarra hartzen duenean izapidetzen ari diren eskaerak bertan xedatutakoaren arabera ebatziko dira.
Xedapen Indargabetzaile Bakarra
Indarrik gabe uzten dira foru dekretu honetan xedatutakoari aurka egiten dioten maila bereko edo apalagoko arau guztiak. Espresuki indargabetzen da 3/2010 Foru Agindua, urtarrilaren 14koa, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariak emana, familia egoera baloratzeko prozedura eta baremoa arautzen dituena, adinekoak, ezgaitasuna duten pertsonak, adimen-eritasuna dutenak eta gizartean bazterturik edo horrela gertatzeko arriskuan dauden pertsonak artatzera zuzendutako egoitzetako plazak lortze aldera.
Azken Xedapenetako Lehena. Indarra hartzea.
Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.
Iruñean, 2018ko ekainaren 15ean.-Eskubide Sozialetako kontseilaria, Miguel Laparra Navarro.
I. ERANSKINA. BALORAZIO SOZIALAREN ESKALA
1. Egoera soziofamiliarra.
1.1. Bizikidetza. Pertsona bizi da (bat hautatu):
Familia zuzenarekin, modu egonkorrean | 5 |
Egoitzan, modu egonkorrean | 5 |
Bakarrik, baina arduratzen diren ahaideak baditu | 8 |
Barneko etxe langilearekin, eta jasotzen duen arreta gainbegiratzen duten ahaideak baditu | 8 |
Bakarrik, baina arduratzen diren ahaideak baditu | 12 |
Bigaren edo hirugarren graduko ahaideekin eta/edo ahaideak ez direnekin, edo legezko harreran | 12 |
Familiarekin, txandaka | 12 |
ahaide adinduekin | 12 |
Barneko etxe langilearekin, eta jasotzen duen arreta gainbegiratzeko seniderik gabe | 15 |
Bakarrik, eta ez dauka bere arretaz arduratzen den ahaide zuzenik edo bestelako pertsonarik, ezta zaintzailerik ere | 15 |
Mendekotasuna edo muga funtzionala edo soziala duten ahaideekin | 15 |
Bakarrik, familia zuzenik ez dauka edo gainbegiralerik ez du onartzen | 15 |
1.2. Harremanak eta dinamika (bat hautatu):
Bizikidetzako unitatean integratzea/onartzea | 5 |
Bizilekua txandakatzen du, onartzen dute eta zainketak zuzen banatzen dira | 8 |
Harremanak ditu noiz edo noiz | 8 |
Familiako bizitza neurri batean baldintzatzen duen harremana | 8 |
Bizikidetza arazoak noiz edo noiz | 8 |
Bizilekua txandakatzen du, baina ez dute onartzen edo zainketak ez dira zuzen banatzen | 12 |
Bizikidetzan adostasun falta eragiten duten arrisku faktoreak daude | 12 |
Familiako bizitza modu moderatuan baldintzatzen duen harremana | 12 |
Harreman gatazkatsua gainerako bizikideekin | 12 |
Arreta zaintzaile nagusi bakar batek ematen du | 12 |
Babesgabetasun presuntzioa | 15 |
Portaera aldaketa arriskutsuak eta/edo familia gune batean bizitzea ezinezkoa egiten dutenak | 15 |
Desegituraketa larria familia gunean, zeinak arretari eragiten dion | 15 |
Harremanik ez dauka, ezta sare informalik ere | 15 |
1.3. Zaintzailearekin (zaintzailearen ezaugarriak, atal bakoitzean bat hautatu):
Bizikidetza: | |
Ez da mendekotasuna duen pertsonarekin bizi | 0 |
Mendekotasuna duen pertsonarekin bizi da | 5 |
Lan egoera: | |
Beste batzuk | 1 |
Etxetik kanpo lan egiten du | 2 |
Etxeko lanak egiten ditu, ikasleak edo erretirodunak | 3 |
Eszedentzia | 4 |
Lana utzi du | 4 |
Zainketen iraupena: | |
Sei hilabete baino gutxiago | 0 |
6 hilabetetik 2 urtera bitartekoa | 1 |
2 urtetik 5era bitarte | 2 |
6 urtetik gora | 5 |
Osasun arazoak: | |
Osasun arazorik ez du | 0 |
Zainketarako ezgaitzen duten edo zainketarekin larriagotzen diren osasun arazoak | 3 |
Ospitaleratzea | 3 |
Ezarritako tratamendu psikiatrikoa | 3 |
Zarit eskala (II. eranskina aplikatuz lortutako puntuazioaren arabera): | |
0tik 45 puntura | 0 |
46tik 54 puntura | 2 |
55 puntu baino gehiago | 3 |
Adina: | |
22 eta 59 urte bitarte | 1 |
21 urtetik beherakoa | 2 |
60 eta 70 urte bitarte | 2 |
71 eta 84 urte bitarte | 3 |
85 urte baino gehiago | 5 |
1.4. Zaintzailerik gabe, zainketak gainbegiratu gabe edo ustez tratu txarrak jasotzen:
Zaintzailerik ez du, ez du zainketak gainbegiratzea onartzen, ez dira zainketak gainbegiratzen edo tratu txarren presuntzioa dago | 25 |
2. Etxebizitza.
2.1. Etxebizitzarekin. Ohiko etxebizitzaren edukitza erregimena (bat hautatu):
Eskatzailearen jabetzakoa | 0 |
Familia unitateko kide baten jabetzakoa | 1 |
Beste ahaide batzuekin partekatutako jabetza (ezkontidea barne) | 1 |
Etxebizitzaren erabilera eta gozamena | 1 |
Tutoretzapeko etxebizitza edo egoitza | 2 |
Alokairua | 2 |
Pentsioa | 3 |
Ostalaria | 3 |
Azpierrenta | 3 |
Bizigarritasun baldintzak, hornikuntza eta oztopo arkitektonikoak (bat hautatu): | |
Oinarrizko hornikuntza eta ekipamendua dauzka, gutxieneko bizigarritasun baldintzak betetzen ditu eta ez dauka oztopo arkitektonikorik | 0 |
Bizigarritasun baldintzak betetzen ditu, baina oztopo arkitektonikoak daude eta/edo hornikuntza falta da | 3 |
Gabezia larriak daude bizigarritasun baldintzei, oinarrizko hornikuntzari eta/edo oztopo arkitektonikoei dagokienez, eta gaindiezinak dira | 5 |
Osasuna arriskuan jar dezaketen baldintzak daude, bizigarritasunaren, hornikuntzaren edo oztopoen arloan | 8 |
Irisgarritasuna (bat hautatu): | |
Etxebizitza toki onean dago, garraiobide eta zerbitzuetara ongi iristeko moduan | 0 |
Etxebizitza hirigunean dago (hiria/herria), baina mugak daude komunitatearen zerbitzuetara iristeko | 4 |
Etxebizitza toki isolatuan dago, garraiobiderik ez dago eta komunitatearen zerbitzuetara iristeko zailtasun handiak daude | 8 |
2.2. Etxebizitzarik gabe.
Etxebizitzarik ez dauka, ezta hori ordaintzeko baliabiderik ere | 19 |
3. Egoera ekonomikoa.
Unitate ekonomikoa. Per capita errenta (bat hautatu):
Diru sarrerak IPREMaren %130 baino handiagoak | 0 |
Diru sarrerak IPREMaren %101etik %130era bitartekoak | 2 |
Diru sarrerak IPREMaren %71tik %100era bitartekoak | 5 |
Diru sarrerak IPREMaren %41etik %70era bitartekoak | 10 |
Diru sarrerak IPREMaren %40 baino txikiagoak | 15 |
Baliabide ekonomikorik ez dauka | 18 |
4. Arreta soziosanitarioa.
4.1. Jasotako zainketa formalen balorazioa (bat hautatu):
Bere beharretara egokitutako laguntza formal nahikoa jasotzen du | 0 |
Baliabideen beharra hauteman da eta horiek lortzeko aukera dago | 5 |
Zainketen beharrek zaildu egiten dute laguntza formala bizilekuan ematea | 7 |
Egoera iraunezina bere ohiko ingurunean | 10 |
4.2. Jasotako zainketa informalen balorazioa (bat hautatu):
Ez dago inolako zailtasunik arretarako. Jasotzen duen arreta egokia eta nahikoa da | 0 |
Zainketarako beharrak | 5 |
Laguntza mugatuak | 7 |
Aldian aldiko arreta egokia jasotzen du, baina ez da nahikoa | 7 |
Aldian aldiko arreta egokia jasotzen du, baina ez da nahikoa | 10 |
Familiak amore eman du | 10 |
PUNTUAZIOA GUZTIRA
II. ERANSKINA. ZARIT ESKALA
Zarit eskala, zaintzailearen gainkargari buruzkoa (Caregiver Burden Interview).
ITEMA | EGIN BEHARREKO GALDERA | PUNTUAZIOA |
1 | Zure ustez, zure ahaideak benetan behar duena baino laguntza gehiago eskatzen du? | |
2 | Zure ustez, zure ahaideari eskainitako denboraren ondorioz ez duzu zuretzako denbora nahikorik? | |
3 | Urduri jartzen zara ahaidea zaintzeaz gain beste ardura batzuk dituzunean? | |
4 | Zure ahaidearen jokaerak lotsatzen zaitu? | |
5 | Haserretzen zara ahaidearengandik gertu zaudenean? | |
6 | Zure ustez, egungo egoera kaltegarria da lagunekin eta familiako beste kide batzuekin duzun harremanerako? | |
7 | Zure ahaidearen etorkizunak beldurtzen zaitu? | |
8 | Zure ustez, ahaidea zure mende dago? | |
9 | ahaidearekin egon behar duzunean larritzen zara? | |
10 | Zure ustez, zure osasuna ahuldu da ahaidea zaintzearen ondorioz? | |
11 | Zure ustez, nahiko zenukeen bizitza pribaturik ez duzu ahaidea zaintzea dela-eta? | |
12 | Zure ustez, zure ahaidea zaindu behar izateak zure bizitza sozialari eragin dio? | |
13 | ahaidea dela-eta, deseroso sentitzen zara lagunak etxera gonbidatzeko? | |
14 | Zure ustez, zure ahaideak zu nahi zaitu hura zaintzeko, zu ez beste inor ez baitu aintzakotzat hartzen? | |
15 | Zure ustez, ez duzu behar adina diru gainerako gastuak ordaintzeaz gain ahaidea ere zaintzeko? | |
16 | Zure ustez, ezin izanen duzu ahaidea denbora luzeagoz zaindu? | |
17 | Zure ustez, zure bizitzaren kontrola galdu duzu ahaidea gaixotu zenetik? | |
18 | Nahiko zenuke beste pertsona batzuk arduratzea zure ahaidea zaintzeaz? | |
19 | Zure ahaidearekin egin beharrekoari buruz zalantzak dituzu? | |
20 | Zure ustez, gehiago egin beharko zenuke zure ahaideagatik? | |
21 | Zure ustez, ahaidea zaintzen duzuna baino hobeto zain zenezake? | |
22 | Orokorrean, karga handiegia da zuretzat ahaidea zaindu behar izatea? |
Item bakoitzaren puntuazioa (denak batu emaitza lortzeko).
MAIZTASUNA | PUNTUAZIOA |
Inoiz ere ez | 0 |
Ia inoiz ez | 1 |
Batzuetan | 2 |
Maiz | 3 |
Ia gehienetan | 4 |
Iragarkiaren kodea: F1808629