(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

38/2018 FORU DEKRETUA, MAIATZAREN 23KOA, NAFARROAKO URREZKO DOMINA EMATEA ARAUTZEN DUENA Nota de Vigencia

BON N.º 142 - 24/07/2018



  ERANSKINA. NAFARROAKO URREZKO DOMINAREN DESKRIBAPEN FISIKOA


Atariko

Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeak, 7.16 artikuluan, ezartzen du Nafarroako Gobernuaren eskudantzien artean dagoela ohore eta goresmen sariak ematea, berariazko araudiari jarraikiz.

Nafarroako Urrezko Domina, Nafarroako Foru Komunitateko saririk gorena, duela hamarkada batzuk sortu zen, eta, geroztik, legezko araudi bat baino gehiago izan ditu. Azkeneko araudia 1998koa da. Ordutik igarotako denbora ikusirik, beharrezkoa da araudia Nafarroako gizartearen ezaugarri berrietara egokitzea eta domina emateko prozedura aldatzea, herritarren parte-hartzea kontuan hartua izan dadin, eta aintzat har daitezen, bereziki, balio demokratikoak, baita guztien ongia sustatu eta bultzatzeko egindako lana ere, betiere kontuan hartuz genero-berdintasunari lotutako irizpideak eta nabarmenduz gaur egun herritar guztientzat eredugarriak diren jokabideak.

Horrenbestez, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2018ko maiatzaren 23an egindako bilkuran harturiko Erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua . Xedea.

Foru dekretu honen xedea da Nafarroako Urrezko Domina emateko arauak ezartzea, Nafarroako Gobernuak ematen duen ohorezko sari gorena den aldetik, gizartea hobetzen, balio demokratikoak sendotzen eta Nafarroa kanpoan proiektatzen nabarmendu diren pertsona, erakunde, entitate eta kolektiboen lana aitortzeko helburua duena.

2. artikulua . Saria ematea.

1. Nafarroako Urrezko Domina foru dekretu bidez emanen da, foru dekretu honen hurrengo artikuluetan ezarritakoari jarraikiz prestatuko den administrazio espedientea ikusirik, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

2. Nafarroako Urrezko Domina ohorezko sari bat da; beraz, ez dakar inolako eskubide ekonomikorik.

3. Oro har, urtero domina bat emanen da.

4. Salbuespen kasuetan, saritua hil ondoren ematen ahalko da domina.

3. artikulua . Emateko ekitaldia.

Nafarroako Urrezko Domina ohorezko ekitaldi batean emanen da abenduaren 3an, Nafarroaren Egunean, salbu eta, ohiz kanpoko arrazoiengatik, beste modu batean ematea erabakitzen bada.

4. artikulua . Baliogabetzea.

1. Egiaztatzen bada domina emateko oinarri izan diren arrazoi eta merezimenduak arbuiatzen direla, goresmen sari hau baliogabetzen ahalko da, eta, beraz, pertsona, erakunde, entitate edo kolektibo saridunek domina itzuli beharko dute.

2. Baliogabetze hori foru dekretu bidez eginen da, ukitutako pertsona, erakunde, entitate edo kolektiboari entzunaldia eman ondoren.

5. artikulua . Deialdia eta hautagaitzak Nota de Vigencia.

1. Oro har, erakundeekiko harremanen arloan eskumena duen departamentuko titularrak deialdi publiko bat onetsiko du urtero, urriaren 1a baino lehen, Nafarroako Urrezko Domina emateko proposamenak aurkez daitezen.

2. Erakundeek, entitateek, elkarteek eta edozein pertsona fisikok edo juridikok aurkezten ahalko dituzte hautagaitzak. Hautagaitzarekin batera, memoria bat aurkeztu beharko da, non hautagaiaren merezimenduak alegatuko diren.

6. artikulua . Epaimahaia Nota de Vigencia.

Hautagaitzak baloratzeko epaimahai bat eratuko da. Epaimahaiburua erakundeekiko harremanen arloan eskumena duen departamentuko titularra izanen da, eta, harekin batera, Foru Komunitateko Administrazioko zenbait departamentutako ordezkariak arituko dira, deialdian zehaztuko direna.

7. artikulua . Hautatzeko irizpideak.

1. Epaimahaiak aurkezten diren hautagaitzetatik hiru aukeratuko ditu, honako irizpide hauek kontuan hartuz, lehentasunez:

-Pertsonaren edo kolektiboaren jarduketa eredugarria, herritarrek, oro har, halakotzat hartua gaur egun.

-Gizartearen balio demokratikoei egindako ekarpena.

-Herritarren alde egindako lana eta elkartasunean oinarritutako ekintzen sustapena.

-Gizarte zuzenagoa eta solidarioagoa lortzeko egindako ibilbidea jarduera-esparru desberdinetan: kultura, enpresa mundua, gizarte arloa,...

-Genero-berdintasuna, emakumeek gizarteari egindako ekarpena aintzat hartzen duena.

-Hezkuntza, osasuna, ingurumena eta aurrerapen soziala sustatzea.

-Nafarroaren irudia kanpoan sustatzea.

2. Epaimahaiak aukeratzen dituen hiru hautagaitzetatik, Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariak edo Gobernuko edozein kidek eskaturik, bat bakarra aukeratuko du, eta saria hari ematea onetsiko du, dominaren hartzaileak aurretik onartuta betiere.

8. artikulua . Nafarroako Urrezko Domina.

Nafarroako Urrezko Dominak, erdian, esmalte gorriko hondo zirkular baten gainean, Nafarroako errege armatu baten figura erakusten du, zaldi gainean, Nafarroako Errege Artxibategi Nagusian gordetzen diren argizarizko zenbait zigilutan agertzen den gisa berean. Inguruan, esmalte zuriko orla zirkular bat dauka, goiburu hau duena urrezko letra larrietan: “Zerbitzua, Zintzotasuna, Leialtasuna”. Nukleo hori kutsu barrokoa duen lauki dekoratu baten barruan kokatzen da, kartelak eta kiribildurak dituena, urrez trokelatua, goialdean errege koroa duela. Atzeko aldean, hondo leun batean, Nafarroako armarria ageri da, esmalte gorriko hondoa duela.

Foru dekretu honen eranskinean, sariaren diseinua ageri da.

9. artikulua . Babesneurriak.

Debekatuta dago Nafarroako Urrezko Domina erreproduzitzea aurretik Nafarroako Gobernuaren baimenik izan gabe.

Debekatuta dago, orobat, ematen zaion forma edo izenagatik, foru dekretu honetan arautzen den Nafarroako Urrezko Dominarekin nahas litekeen beste goresmen sariren bat ezartzea.

Xedapen Ingargabetzailea

Indarrik gabe uzten da irailaren 28ko 290/1998 Foru Dekretua, Nafarroako Urrezko Dominaren kontzesioa arautzen duena, eta foru dekretu honetan xedatutakoari aurka egiten dioten maila bereko edo beheragoko xedapen guztiak.

Azken xedapenetako lehena . Arau bidezko garapena Nota de Vigencia.

Erakundeekiko harremanen arloan eskumena duen departamentuaren titularrari ahalmena ematen zaio foru dekretu honetan xedatutakoa garatzeko eta aplikatzeko.

Azken Xedapenetako Bigarrena .Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2018ko maiatzaren 23an.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Uxue Barkos Berruezo.-Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilaria, Ana Ollo Hualde.

ERANSKINA. NAFARROAKO URREZKO DOMINAREN DESKRIBAPEN FISIKOA

ERANSKINA

Iragarkiaren kodea: F1806844

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web