(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

14/2018 FORU LEGEA, ekainaren 18koa, Hondakinei eta haien Fiskalitateari buruzkoa Nota de Vigencia

BON N.º 120 - 22/06/2018



  I. TITULUA. Xedapen orokorrak


  II. TITULUA. Hondakinen arloko eskumenak eta plangintza


  I. KAPITULUA. Hondakinen arloko eskumenak eta administrazioen arteko lankidetza eta koordinazioa


  II. KAPITULUA. Hondakinen arloko plangintza


  III. TITULUA. Nafarroako Hondakinen Erakunde Publikoa


  IV. TITULUA. Hondakinen prebentziorako eta haiek kudeatzeko neurriak


  V. TITULUA. Hondakinen araubide ekonomikoa Nafarroan


  I. KAPITULUA. Hondakinak erraustearen eta hondakindegietan ezabatzearen gaineko zerga


  II. KAPITULUA. Instalazioen eta jardueren finantzabermeak


  III. KAPITULUA. Hondakinen Funtsa


  VI. TITULUA. Nafarroako hondakinen ekoizpenaren eta kudeaketaren erregistroa


  VII. TITULUA. Hondakinen garraioa


  VIII. TITULUA. Lurzoru kutsatuak eta hondatuak


  IX. TITULUA. Ingurumen legezkotasuna lehengoratzea


  X. TITULUA. Zehapen araubidea


  I. KAPITULUA. Subjektu erantzuleak


  II. KAPITULUA. Arauhausteak eta zehapenak


  III. KAPITULUA. Zehapen prozedura


  I. ERANSKINA. Nafarroako hondakinen planaren aurkibidea


  II. ERANSKINA. Nafarroako hondakinen ekoizpenaren eta kudeaketaren erregistroan inskribatzeko eta idazpenak egiteko modua


  III. ERANSKINA. Metal astunetarako eta giza osasunarentzako beste aztarnaelementu batzuetarako erreferentziazko maila generikoak Nafarroako Foru Komunitateko lurzoruetarako


ATARIKOA

I

Ingurumen arloko Ekintza Komunitarioaren Seigarren Programak hondakinen arloan dauden arauak berrikusteko gomendioa egiten du, ongi bereizteko zer den hondakina eta zer ez, eta hondakinen sorrerari aurrea hartzeko eta hondakinak egoki kudeatzeko neurriak har daitezela sustatzeko.

Ildo horretan onetsi zen Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2008ko azaroaren 19ko 2008/98/EE Zuzentaraua, Hondakinei buruzko Esparru-zuzentaraua deiturikoa, prebentziorako eta birziklapenerako politikak jasotzeaz gainera hondakinen arloan hierarkia berri bat ezartzen duena.

Uztailaren 28ko 22/2011 Legeak, hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzkoak, Espainiako antolamendu juridikora ekarri du Hondakinei buruzko Esparru-zuzentarau hori. Lege horretan, hondakinen arloko politikarako zenbait tresna ezarri dira, konparazio batera, hondakinen prebentzio programak eta kudeaketa planak, zeinak administrazio publikoek prestatuko baitituzte, nork bere eskumen esparruaren barruan.

Nafarroako Gobernuak, 2016ko abenduaren 14an hartutako Erabakiaren bidez, Nafarroako Hondakinen 2017-2027 Plana onetsi zuen, 2016ko abenduaren 23ko 246. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zena.

Nafarroako Hondakinen 2017-2027 Plana da hurrengo urteetan hondakinen prebentzioaren eta kudeaketaren arloan Nafarroako Foru Komunitatean jorratuko den politikaren oinarrizko tresna. Gainera, Nafarroako Foru Komunitatean 2017-2027 aldian sortu eta kudeatuko diren hondakinentzako Kudeaketa Plana eta Prebentzio Programa jasotzen ditu, eta bat egiten du gobernamendua eta ekonomia zirkularra kontzeptuekin.

Nafarroako Hondakinen 2017-2027 Planaren arabera, nafar biztanleria erreferentziazko gizartea da baliabideen erabilerari eta hondakinen minimizazioari dagokienez, eta kontzeptu horiek funtsezkoak dira ekonomia zirkularreranzko trantsizio prozesuan.

Nafarroako Hondakinen 2017-2027 Planaren helburuak lortzeko jasotzen diren neurri eta ekintzen artean, hondakinei buruzko foru lege baten proiektua prestatzea dago. Foru lege horretan, kudeaketarako antolaketa-neurriak eta baliabide ekonomikoak aurreikusi beharko dira ekonomia zirkularra eta aldaketa klimatikoaren kontrako borroka sustatzeko.

Horiek horrela, honatx zer dioen Batzordeak Europako Parlamentuari, Kontseiluari, Europako Batzorde Ekonomiko eta Sozialari eta Herrialdeen Batzordeari 2017ko urtarrilaren 26an igorritako txostenak (ekonomia zirkularrerako ekintza planaren aplikazioari buruzkoa da txosten hori): “hurrengo urteetan, ekonomia zirkularra europar biztanle guztien onerako gauzatuko bada, funtsezkoa da ekonomia zirkularrari buruzko neurri multzoak eragindako abiada hori eta maila guztietako ekintzak mantentzea. Ekintza plana koherentziaz aplikatzea eta hondakinei eta ongarriei buruzko legegintzako proposamenak azkar onestea lagungarria izanen da inbertsiogileei orientabide argiak emateko eta trantsizio prozesua sostengatzeko”.

Nafarroako Hondakinei buruzko 2017-2027 Planean behin baino gehiagotan aipatzen da hondakinei buruzko foru lege bat onetsi beharra dagoela helburu hauekin: pizgarriak edo penalizazioak ezartzea gaika biltzen den materia organikoaren kalitatearen eta kantitatearen arabera; biohondakinen gaikako bilketaren unibertsalizazioa sustatzea, kalitatezko gaikako bilketa faboratuz eta isurketak baztertuz, eta, horren ondorioz, hobariak edo penalizazioak ezartzeko, hondakin desegokiak nolakoak diren; ingurumen arloko fiskalitatean aurrera egitea, lehenbizi eta behin, hondakinen isurketa, eta gero, hondakinen errausketa sustatu gabe utziz; eta tratamendu-zentroetan lortzen diren materialen adjudikazioak sustatzea (kontratu publikoak).

Gainera, Nafarroako Hondakinei buruzko 2017-2027 Planak etxeko hondakinak eta merkataritzakoak kudeatzeko gobernamendu bakarraren alde egiten du, eta, horretarako, planean parte hartzeko prozesuan berretsi egin da hondakinei buruzko foru lege bat prestatu beharra:

–Foru lege bat, etxeko hondakinen eta merkataritzako hondakinen kudeaketa egokia bermatuko duena Nafarroako Foru Komunitatearen lurralde eremuan, Nafarroako Gobernua eta toki entitateak koordinaturik, hala garraioari, tratamenduari eta ezabaketari dagokienez, nola materialak berreskuratzeari begira.

–Eskumenak eta erantzukizunak ezartzen dituen foru lege bat, behar diren baliabide ekonomikoak eta balizko egoerak bermatzen dituena.

Nafarroako Hondakinei buruzko 2017-2027 Planean ezartzen da ezen gobernamenduaren nondik norakoak hondakinei buruzko foru legea prestatzeko prozesua bitartean finkatuko direla, koordinazio egokia lortzearren eta aplikatu beharreko fiskalitatea zuzena izan dadin. Planean ezarritakoaren arabera, gobernamendu eta fiskalitate berria arautuko duten printzipioak honako hauek dira:

–Etxeko eta merkataritzako hondakinak eredu publiko koordinatu baten arabera kudeatzea.

–Hondakinak kudeatzeko erakunde publiko bat sortzea, Nafarroako Gobernuaren eta toki entitate eskudunen ordezkariek osatua. Ordezkari horiek ahalmena izanen dute, nahi izanez gero, egoki iruditzen zaizkien zerbitzuen prestazioa esleitzeko erakundeari. Hartara, beharren araberako zerbitzu-zorro bat izanen du Nafarroako Hondakinen Erakunde Publikoak.

–Bultzada bat ematea Nafarroako Foru Komunitateko herritarrek kalitatezko zerbitzua izan dezaten, lurralde mailako oreka lortzearren, hurbiltasunaren eta autosufizientziaren printzipioak aplikatuz.

–Hondakinei buruzko foru lege bat prestatzea, besteak beste, fiskalitateari buruzko neurriak hartuko dituena kontrolaren, ebaluazioaren eta kudeaketaren jasangarritasuna bermatzeko eta diruzko penalizazioak jartzeko, sortzen diren hondakinen arabera, “kutsatzen duenak ordaintzen du” printzipioa aplikatuz.

Nafarroako Hondakinei buruzko 2017-2027 Planak ezarritako premisak abiapuntu harturik, 2017ko otsailean Nafarroako Gobernuaren Gobernu Irekiaren Atarian kontsulta publikorako prozesu bat argitaratu zen, hondakinei buruzko foru lege beharrak uki litzakeen pertsona, entitate eta erakunde garrantzitsuenen iritzia biltzeko, hori guztia Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 133. artikuluan ezarritakoarekin bat.

Aurretiko kontsulta prozesuaz gainera, parte hartzeko prozesu bat ere egin da zenbait mailatan: lehenbizi, Nafarroako Hondakinei buruzko 2017-2027 Planaren lantaldean eta parte hartzeko interesa erakutsi duten pertsona guztiekin; eta, bigarrenik, hondakinen arloan eskumena duten toki entitate guztiekin. Ukitutako sektoreekin bilera indibidualak ere egin dira.

Hondakinei eta haien Fiskalitateari buruzko Foru Legea prestatu da Nafarroako Hondakinei buruzko 2017-2027 Planean ezarritako premisetatik abiatuta, eta parte hartzeko eta jendaurrean egoteko faseetan jasotako iradokizun eta ekarpenak aintzat hartuz, hori guztia hondakinen sorrera prebenitzeko eta haien kudeaketa hobetzeko, hondakinen hierarkia betetzeko eta ekonomia zirkularraren eta aldaketa klimatikoaren helburuak lortzeko asmoz, ingurumenaren babesa kudeatzearen arloan eta babeserako arau gehigarriak ezartzeko Nafarroako Foru Komunitateak dauzkan eskumenez baliatuta.

II

Foru legeak honako egitura du: hamar titulu, zortzi xedapen gehigarri, bi xedapen iragankor, xedapen indargabetzaile bat, bi azken xedapen eta hiru eranskin.

I. tituluan, foru legearen xedea, aplikazio eremua eta hondakinen kudeaketaren eta haien gaineko politikaren printzipioak jasotzen dira, alegia: gizakien osasuna eta ingurumena babestea; prebentzioa; kutsatzen duenak ordaintzen du; hurbiltasuna eta autosufizientzia; informazioa eta parte-hartze publikoa; hori guztia hondakinak kudeatzeko hierarkiarekin bat eta gobernamenduaren eta ekonomia zirkularraren printzipioei jarraikiz.

III

II. tituluan, hondakinen arloko eskumenak eta planifikazioa jorratzen dira, eta bi kapitulutan banatua dago.

Lehenengo kapitulua administrazio publikoek hondakinen kudeaketaren arloan dituzten eskumenei buruzkoa da, eta administrazioen arteko lankidetzari eta koordinazioari buruzkoa. Kapitulu horretan ezartzen da eskumen horiek Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean ezarritakoak izanen direla, eta beste bi eskumen esleitzen zaizkio Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari:

a) Hondakinak erraustearen eta hondakindegietan ezabatzearen gaineko zerga kobratzea eta kudeatzea.

b) Nafarroako Hondakinen Funtsa kudeatzea.

Aipatzekoak dira, orobat, administrazioen arteko lankidetza eta kooperazioa, arau honetan ezarritako helburuak lortzeko orduan koherentzia eta eraginkortasuna bermatzearren.

Bigarren kapitulua hondakinen plangintzaz arduratzen da. Kapitulu horretan, Nafarroako Hondakinen Planaren printzipioak, edukia eta hura prestatu eta onesteko prozedura finkatzen dira, baita planaren indarraldia eta berrikusi, kontrolatu eta jarraipena egiteko prozedura ere.

Kapitulu hori Nafarroako Hondakinei buruzko 2017-2027 Planaren edukitik eta parte-hartze prozesutik abiatuta prestatu da, prozesu horrek izan duen emaitza ona ikusita.

Berariazko artikulu bat sartu da toki entitateen hondakinen prebentzio eta kudeaketa programei buruz, zeinak Esparru Plan Nazionalarekin eta Nafarroako Hondakinen Planarekin bat etorriz eta haiekin koordinatuta prestatu behar baitira. Ezartzen da, orobat, Nafarroako Hondakinen Erakunde Publikoak ahalmena izanen duela toki entitateei aholkuak emateko beren eskumeneko hondakinen prebentzio eta kudeaketa programak landu eta onesteko orduan eta arlo hori koordinatzeko.

IV

III. tituluak, oso-osorik, Nafarroako Hondakinen Erakunde Publikoaren araubideaz dihardu.

Goian adierazi bezala, Nafarroako Hondakinei buruzko 2017-2027 Planak gobernamendu bakarraren alde egiten du, etxeko hondakinen eta merkataritzako hondakinen kudeaketa egokia bermatzearren Nafarroako Foru Komunitatearen lurralde eremuan, Nafarroako Gobernua eta toki entitateak koordinaturik, bai garraioari dagokionez, bai tratamenduari dagokionez.

Izan ere, hala Nafarroako Hondakinen 2017-2027 Planaren parte-hartze prozesuan nola foru lege honen parte-hartze prozesuan, argi eta garbi gelditu da Nafarroako Hondakinen Erakunde Publikoan Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta toki entitateen ordezkariak izan behar direla. Horretarako, aurreikusi da erakunde horrek bere eginkizunak betetzeko egokien den izaera juridikoa hartuko duela, antolamendu juridikoan dauden izaeretako bat hautatuz.

Nafarroako Hondakinen Erakunde Publikoaren eginkizunak ere jaso dira, eta zehazten da bere izaeraren eta beharren araberako zerbitzu-zorro bat izanen duela. Bestalde, bereizten ditu, batetik, erakundea osatzen duten administrazio publiko guztientzat eginen dituen aholkularitza eta koordinazio eginkizunak, eta, bestetik, administrazio publiko horiek erakundeari borondatez esleitzen ahal dizkioten eginkizunak.

Nafarroako Hondakinen Erakunde Publikoaren xedea da toki entitateen eskumenekoak diren hondakinen arloko zerbitzuen kudeaketa eta prestazioa koordinatzea.

Hasieratik esan den bezala, toki entitateek hondakinen arloan daukaten eskumena errespetatuta, erakundeak beteko duen koordinazio-eginkizuna ezin izanen da borondatezkoa izan.

Hori dela eta, aholkularitza- eta koordinazio-eginkizunak erakundeak beteko ditu, bere zerbitzuen zorroaren bitartez (foru legearen 16.1 artikuluak ezartzen duen bezala).

Eta, bestetik, borondatezkotasunari eusten zaio, toki erakunde eskudunen eta erakundearen artean beste zerbitzu osagarri batzuk emateko ezar daitezkeen hitzarmenen bitartez, 16.2 artikuluan ezarritakoaren ildotik.

Ezartzen da, orobat, Nafarroako Hondakinen Erakunde Publikoaren ardura izanen dela hondakinak hondakindegietan ezabatzearen gaineko zergaren autolikidazioa eta diru-sarrera egitea, toki entitateei dagokienean, baita horren zenbatekoa toki entitateen artean banatzea ere, bakoitzak entregatutako hondakinen kalitatearen eta kantitatearen arabera. Parke naturaletako hondakinei loturiko zerbitzuak ere kudeatuko ditu, eta kontsulta egin beharko zaio, nahitaez, Hondakinen Funtsa urtero banatzeko irizpideak ezartzeko orduan. Azkenik, aurreikusten da Nafarroako Hondakinen Erakunde Publikoa osatzen duten toki entitateek lehentasuna izatea, kasua bada, Nafarroako Foru Komunitatearen planetan, diru-laguntzetan, hitzarmenetan edo bestelako tresnetan.

V

IV. tituluan hondakinen sorreraren prebentzioari eta haien kudeaketari buruzko neurriak jasotzen dira, hondakinen hierarkiako goreneko mailak sustatu eta bultzatzearren.

Lehenbizi, Hondakinen Prebentziorako Bulegoa sortzen da, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren menpe. Haren helburua da Nafarroako Hondakinen Plan indardunean prebentzioaren arloan eta ekonomia zirkularra sustatzeko ezarritako helburuak betetzea.

Erosketa publiko berdeari buruzko neurriak ezartzen dira, hala nola Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak kontratazio publiko berdearen eta berrikuntzaren plan bat onestea; etxeko eta merkataritzako hondakinen materia organikoa gaika biltzeko helburuak jasotzen dira, bereziki materia organikoa gaika bildu beharra 2022ko urtarrilaren 1etik aurrera; berrerabilpenerako eta birziklapenerako prestatzeko neurriak, eta hondakinak hondakindegietan ezabatzearen helburuak.

Horretaz gain, mugak ezartzen dira plastikozko poltsen erabilerari dagokionez, horretan bat etorriz Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2015eko apirilaren 29ko 2015/720 Zuzentarauarekin (EB), zeinak 94/62/EE Zuzentaraua aldatzen baitu plastikozko poltsa arinen kontsumoa gutxitzeari dagokionez, bai eta Plastikozko poltsen kontsumoa murrizteari eta Ekoizleen Erregistroa sortzeari buruzko maiatzaren 18ko 293/2018 Errege Dekretuarekin (122. Estatuko Aldizkari Ofiziala, 2018ko maiatzaren 19koa) ere. Plastikozko poltsak emateko debekuak poltsa guztiei eragiten die, 50 mikratik gorakoak barne; horrekin prebentzio-ondorio orokor bat lortu nahi da, bai eta saihestea poltsa arinen debekuak 50 mikratik gorako poltsen kontsumoaren hazkundea eragitea ere. Azkenik, 2020ko urtarrilaren 1a ezarri da poltsen debekurako (konpostagarriak izan ezik), Nafarroako Hondakinei buruzko 2017-2027 Planean gai organikoaren gaikako bilketa derrigorrezkoa egiteko ezarritako kronogramarekin bat etortzeko.

Mugak ezarri dira, halaber, erabilera bakarreko baxeraren eta dosi bakarretan edo erabilera bakarreko kapsuletan ontziratutako produktuen salmentari dagokienez; izan ere, merkatuan zabaldu egin da dosi bakarretan edo erabilera bakarreko kapsuletan ontziratutako produktu jakin batzuen kontsumoa, eta, ondorioz, hondakin horien bolumen esanguratsua sortzen da. Gaur egun, hondakin horiek tratatzeko zailak dira; horrenbestez, beharrezkoa da horien birziklatzea ahalbidetuko duen konponbide bat bilatzea. Hori dela eta, bi urteko epean birziklagarriak ez diren ontzien salmenta debekatzen da, fabrikatzaileek egokitzeko epea izan dezaten eta hondakin horiei tratamendu egokia emateko.

Administrazio publikoek arreta berezia jarri beharko lukete hondakinak gutxitzeko helburuak betetzeko eta beren instalazioetan sortzen diren hondakinen gaikako bilketa egiteko, baita hondakin horiei erabilera egokia emateari dagokionez ere. Horrenbestez, ontzien sorrera prebenitzeko eta eraikin publikoetan eta ekitaldi publikoetan hondakinak kudeatzeko neurriak ezartzen dira, eta, horretarako, beharrezkoa izanen da sortzen diren hondakinen kudeaketa planak prestatzea eta ikuskizun publikoei eta hondakinei buruzko erregelamendu bat onestea aurreikusten da. Horrela Nafarroako Hondakinen Planaren neurriak ikusten dira, zeinak hondakinen sorreraren prebentzioari buruzkoak baitira, eta indartzen da administrazioak beraiek eredugarriak izan daitezela onetsitako planen aplikazioan.

Ingurumena hobetzeko, gordailu, itzulketa eta itzulera sistema osagarri berria ezartzea sustatzen da, foru lege honetan ezarritako kasuetan eta teknikoki eta ingurumenaren aldetik justifikaturik dagoenean, bai eta horiek ezartzeko beharrezkoak diren azterlanak eta demostrazio-esperientziak egitea ere.

Informazio, laguntza eta sentsibilizazio kanpainak egitea aurreikusten da, herritarrei berrerabiltzearen onurak eta produktuen balio-bizitza luzatzearen onurak zabaltzeko eta kontsumo arduratsua sustatzeko.

VI

V. tituluak hondakinek Nafarroan duten araubide ekonomikoaz dihardu, eta hiru kapitulutan dago banatua. Lehenengo kapitulua hondakinak hondakindegian ezabatzearen eta erraustearen gaineko zergari buruzkoa da. Bigarrena hondakinei loturiko jarduera eta instalazioen finantza-bermeei buruzkoa da; eta hirugarrenak Nafarroako Hondakinen Funtsa du hizpide.

Nafarroako Hondakinen 2017-2027 Planean aipamen asko daude ingurumen arloko fiskalitatean aurrera egin beharraz. Horretarako, foru lege bat aldarrikatu beharko litzateke, isurketak egiteko pizgarriak kentzeko, lehenbizi, eta erraustekoak, gero.

Foru Komunitateak zerga hori sortzeko duen eskumena Estatuarekiko Hitzarmen Ekonomikoaren 2.2 artikuluan jasota dago: “Nafarroako Foru Komunitateak hitzarmen honetan aipatutakoez beste tributu batzuk ezarri eta arautzen ahal ditu, betiere 1. apartatuan jasotako printzipioak eta hitzarmen honen 7. artikuluan aurreikusitako harmonizazio irizpideak errespetatuta”.

Hitzarmen Ekonomikoaren araberakoa izateaz gainera, hondakinak ezabatzearen gaineko zergak arau hauek ere ditu oinarri:

a) Hondakinei buruzko Esparru-zuzentarauak eta Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legeak aurreikusten dute, alde batetik, baliabide ekonomikoak ezartzea hondakinen hierarkia hobeki betetze aldera, eta, bestetik, hondakin jakin batzuk isuri eta errausteagatik kanon batzuk finkatzea ere.

b) Nafarroako Hondakinen Planak proposatzen du, alde batetik, mantentzea toki entitateek, etxeko eta merkataritzako hondakinak direla-eta, beren eskumeneko zerbitzuak emateagatik ezarrita dituzten tasak, eta bestetik, hondakinak hondakindegian ezabatzeari eta errausteari loturiko zerga bat sortzearen alde egiten du, horren bidez Hondakinen Planean berean jasotzen diren zenbait neurri finantzatu ahal izateko. Planean argi gelditzen da tributu berri horrek ez dituela ordeztuko toki entitateek dituzten tasak, haiekiko elementu paralelo bat izanen baita.

Zeharkako zerga bat izanen da, erreala eta estrafiskala; Nafarroako Gobernuaren ingurumen arloko politika eta hondakinak kudeatzeko politika betearazteko baliabide bat izan nahi du, hondakinen hierarkiaren printzipioari jarraikiz, Nafarroako Hondakinen Planean jasotakoarekin bat.

Esparru horretan, zerga berri honetatik biltzen den diruak hondakinen hierarkia indartzeko balioko du, eta, oro har, ingurumen emaitzarik onena sustatzeko neurriak hartzeko: prebentzioa, berrerabilpenerako prestakuntza eta hondakinen birziklapena.

Zerga finalista bat da, hau da, helburu bati lotua: Nafarroako Hondakinen Funtsa finantzatzen laguntzea. Gauzak horrela, zergaren bidez aurrekontu-urte bakoitzean lortzen diren diru-sarrerak hurrengo urteko Nafarroako Aurrekontu Orokorretako gastu partida berariazko batzuetara joanen dira, “Hondakinen Funtsa” izenekoetara, hain zuzen.

Lehenengo kapitulu honetan, zergaren zerga-egitatea finkatzen da: hondakinak hondakindegian ezabatzea eta hondakinak erraustea. Zerga-egitatea bat dator hondakinen hierarkiarekin eta kutsatzen duenak ordaintzen du delako printzipioarekin, izan ere, hondakinen kudeaketaren beheko mailetan dauden aukerak penalizatzen ditu; eta bat dator, orobat, Hondakinak hondakindegietan utziz ezabatzea arautzen duen abenduaren 27ko 1481/2001 Errege Dekretuaren 6.1 artikuluan ezarritakoarekin, non ezartzen baita aurretik nolabaiteko tratamendua izan duten hondakinak baizik ezin direla utzi hondakindegietan. Nafarroako Hondakinen 2017-2027 Planarekin ere bat dator, plan horretan argi adierazten baitzaizkie eragile ekonomikoei Nafarroan hondakinak kudeatzeko dauden lehentasunak; eta horien artean ez da errausketa ageri. Horregatik, zerga honen bidez errausketa kargatzeak Nafarroako Hondakinen 2017-2027 Planean aurreikusitako helburuak sendotzen ditu.

Halaber, zergapekoak ez diren eta salbuetsita dauden egoerak arautzen dira, eta finkatzen da nor diren subjektu pasiboak, zergadunak eta ordezkoak, eta zein den zerga-oinarria, karga-tasa eta zerga-kuota. Karga-tasak ezartzeko orduan, kontuan hartu dira proportzionaltasunari eta mailaketari loturiko irizpideak eta mugakide diren autonomia erkidegoetan aplikatzen diren tasak.

Bigarren kapituluan, hondakinen kudeatzaileek, ekoizleek edo edukitzaileek finantza-bermeen itzulketa osoa edo partziala eskatu ahal izateko prozedura ezartzen da, beren jardueran aritzeko horrelako bermeak aurkeztu behar izan dituzten kasuetan; baita itzultzeko edo lehengoratzeko prozedura ere, hondakinak ekoitzi eta kudeatzeko jardueren baimen eta komunikazioetako baldintzak betetzen ez direla hautematen den kasuetarako.

Titulu honen azken kapitulua Nafarroako Hondakinen Funtsari buruzkoa da. Hondakinek gizakiaren osasunean eta ingurumenean duten eragin kaltegarria arintzeko asmoz sortzen da Hondakinen Funtsa. Foru legeak ezartzen du Hondakinen Funtsa ingurumen arloan eskumena duen departamentuaren aurrekontuan txertatuko dela atal bereizi batean. Funtsa osatzen duten baliabideak ere finkatzen ditu, eta urtean nola banatuko diren, Nafarroako Hondakinen Erakunde Publikoari kontsulta egin ondoren betiere.

VII

VI. titulua Nafarroako hondakinen ekoizpenaren eta kudeaketaren erregistroa sortzeari buruzkoa da, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 39. artikuluan ezarritakoari jarraikiz. Inskribatu beharreko egoerak, idazpen motak eta inskripzioaren ondorioak ere biltzen dira bertan.

Aipatu beharra dago erregistro horretan sartuko direla foru lege honek indarra hartu arte erregistratutako instalazio edo jarduerak, horrela erregistro bakarra izanen baita Nafarroako hondakinen ekoizpenarekin eta kudeaketarekin zerikusia duten instalazio eta jarduera guztietarako, ekoizlearen erantzukizun zabalduaren sistemak barne.

VIII

VII. tituluan Nafarroako lurralde eremutik atera gabe egiten den hondakinen garraioari aplikatu beharreko araubidea arautzen da, martxoaren 13ko 180/2015 Errege Dekretuarekin bat, horren bidez arautu baitzen hondakinen garraioa Espainiako lurralde eremuaren barrenean, eta administrazio tramiteak egoki sinplifikatzea bermatzen da, modu estandarizatu batean.

Gainera, trazabilitate eta estandarizazio betebehar orokor batzuk ezartzen dira erregistroan inskribaturik dauden hondakinak ekoitzi eta kudeatzeko instalazioentzat, baita hondakinak isuri eta errausten dituzten instalazioentzako kontrol neurriak ere, trazabilitate eta kontrol arloko betebeharrak egoki bete ahal izateko; izan ere, horiek dira foru lege honen bidez ezartzen den zerga berriak ukituko dituenak.

IX

VIII. titulua lurzoru kutsatuei buruzkoa da, eta arlo horren gainean dagoen oinarrizko araudia osatzera dator. Hori helburu, honako hauek biltzen dira titulu horretan: lurzoru hondatuaren definizioa, lurzoruaren kalitatearen deklarazioa egiteko prozedura, kutsatzaileak izan daitezkeen jardueren inbentarioa, lurzoru hondatuen eta lurzoru kutsatuen inbentarioa, eta garai bateko hondakindegiei aplikatu beharreko araubidea.

X

IX. tituluan ingurumen arloko legezkotasun egoera lehengoratzeko araubidea ezartzen da, eta legeztatu daitezkeen jarduerak eta legeztatu ezin direnak bereizten ditu. Baimenik ez duten jarduerak legeztatzeko bidea arautzen da, eta legeztatze hori bermatzeko kautela- eta ixte-neurriak ere bai. Horrez gainera, zuzenketa-neurriak nahitaez betearazteko aukera ezartzen da, eta aldatutako egoera lehengora itzuli beharra, baita lehengoratu eta kalte-ordaina ordaindu beharra zehazteko prozedura ere, hori guztia deusetan galarazi gabe ezar litezkeen erantzukizun penal edo administratiboak.

XI

X. titulua zehapen-araubideari buruzkoa da. Titulu honek hiru kapitulu ditu.

Lehenengo kapituluan arau-hausteen subjektu erantzuleak ezartzen dira, eta haien erantzukizuna finkatzen da.

Bigarren kapituluan Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta hura garatzeko araudian bildutako arau-hauste eta zehapenen aipamena egiten da, eta foru lege honetan xedatutakoaren aurkakoak diren egintzak eta ez-egiteak azaltzen dira. Ezartzen da, orobat, arau-haustetzat hartuko dela mendekotasun- edo lotura-harremanen bat dutenek ez betetzea hondakinen arloko arau-hausteei aurrea hartzeko duten betebeharra. Zehapenen konkurrentzia kasuak finkatzen dira, eta, horrekin batera, zehapenak mailakatzeko irizpideak, eta arau-hausteak eta zehapenak preskribatzeko epeak. Adierazten da arau-hauste larriak eta oso larriak egiteagatik ezartzen diren zehapen irmoak bidezko diren baliabide ofizialen bidez emanen direla jakitera, eta ebazpen irmo baten bidez Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak zehatutako pertsona fisiko edo juridikoak Nafarroako Foru Komunitateko ingurumen arloko arauen hausleen Erregistroan inskribatuko direla.

Azkenik, zehapenei dagokienez, ebazpena eman aurretik borondatez ordaintzeko aukera aurreikusten da, proposatutako zehapenaren %50eko deskontuarekin. Horrek prozedura bukatzea ekarriko du, betiere zehapenaren aurka inolako ekintza edo errekurtso administratibo aurkezteari uko egiten bazaio edo halakoetan atzera egiten bada. Zehapenaren ordez ingurumen arloko ordezko prestazio bat ezartzeko aukera ere aurreikusten da; eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak hondakinen arloan jartzen dituen zehapenen lotura, “Hondakinen Funtsa” izeneko aurrekontu-partida berariazkoan sartuko baitira.

Hirugarren kapituluan, zehapen-prozedura arautzen da, administrazio-prozedura erkidera joaz, nahiz eta urtebeteko epea finkatzen den ebatzi eta jakinarazteko. Zehapenak ezartzeko eskumenen araubidea ere finkatzen da.

XII

Azken zatian, xedapen gehigarriak, xedapen iragankorrak, xedapen indargabetzaileak eta azken xedapenak datoz, baita eranskinak ere.

Lehenengo xedapen gehigarrian aditzera ematen da Nafarroako Hondakinen 2017-2027 Plana berrikusiko dela foru legean aurreikusten denari jarraikiz. Bigarren xedapen gehigarrian Nafarroako Hondakinen Planaren aurkibide-eredua jasotzen da. Hirugarren xedapen gehigarrian foru lege honen helburuak betetzeko behar diren baliabideen zuzkidurari buruzkoa da. Laugarren xedapen gehigarriak aurreikusten du azterlan teknikoak, demostrazio-esperientziak eta GIIS (gordailu, itzulketa eta itzulera sistema) proiektu pilotuak egitea, Nafarroako Ingurumen Kontseiluaren eta zuzenean nahiz zeharka ukitutako alde guztien parte-hartze aktiboarekin.

Bosgarren xedapen gehigarrian zehazten da hondakinen kudeaketarako azpiegitura edo instalazioak dituzten udalerriek kalte-ordainak jasoko dituztela. Hori dela eta, aurreikusten da erregelamendu-garapenaren bitartez kalte-ordain horiek ezarri ahal izatea lehendik dauden instalazioengatik edo hondakinen tratamendurako aurreikusten diren azpiegitura berriengatik, udalerriei zama gehigarri horiengatik konpentsazioa emateko. Hondakinen tratamendurako azpiegiturak ezartzearen ondorioz, halakoak dauzkaten udalerriek beste udalerri batzuek baino ingurumen-zama (ingurumen-zerbitzua ematea) eta zama sozial (interes orokorrerako ekarpena) handiagoa dituzte. Halakoak ez dira beti estalita egoten une bakoitzean eskuragarri dauden teknika onenekin, ez eta ingurumen-baimenekin beraiekin ere.

Seigarren xedapen gehigarria lehengoratze operazioetarako hondakin mineralak, granularrak eta monolitikoak erabiltzeari buruzkoa da, eta APM/1007/2017 Aginduan ezarritakoarekin jarraitu nahi du, aztertze aldera ea jatorri industriala duten eta funtsean matrize mineralekoak diren beste material mota batzuek ere aipatu aginduan aipatutako baldintzak bete ditzaketen eta lehengoratze operazioetan erabil daitezkeen ingurumenari eta pertsonei arrisku gehigarririk sortu gabe, bestela posible izanen ez litzatekeen haien balorizazio materiala bideratuz eta haiek hondakindegietan deusezta daitezen saihestuz.

Zazpigarren xedapen gehigarriak erreferentzia egiten dio etxeko hondakinen kudeaketan ezinbestez bete beharreko autosufizientziaren eta hurbiltasunaren printzipioak aplikatzeari. Hondakinen Planaren ezarpenak azpimarra berezia jartzen du autosufizientziaren eta hurbiltasunaren printzipioetan. Hori dela eta, azpiegitura berrien antolamendurako eta ezarpenerako tarte bat emanda, Nafarroako Foru Komunitateko lurraldean barnako nahiz lurralde horretatik kanpoko nahi gabeko joan-etorriak saihesteko tresna bat aurreikus daiteke.

Eta, azkenik, zortzigarren xedapen gehigarrian aurreikusten da hondakinak hondakindegian ezabatzearen eta erraustearen gaineko zerga aplikatzea foru lege honetako etxeko hondakinen eta hondakin industrialen fluxurako. Hondakinen Planaren ezartzeko, beharrezkoa da bai toki entitate eskudunek bai enpresek ahalegin handia egitea hondakinen alorrean. Hondakinak kudeatzeko sistemen egokitzapenak eta balorizaziorako azpiegiturak hobetzeko eta gaikako sistemak ezartzeko hartutako konpromisoek eskatzen dute beharrezkoa den harmonizazioa egitea, ahalik eta hobekien aplikatze aldera. Hala, progresibotasunak bidea ematen du tarifa konpromisoetara hobeto egokitzea. Horregatik mailaz mailako ezarpena egitea proposatzen da, eta 2020ra arteko aldi iragankor bat aurreikusten da.

Lehen xedapen iragankorrean aurreikusten dira Nafarroako Hondakinen Erakunde Publikoa sortzea eta Nafarroako Hondakin Solidoen Tratamendurako Partzuergoa desegitea. Azken xedapenetan bigarrenean ezarritakoari jarraikiz, hondakinak hondakindegian ezabatzearen eta erraustearen gaineko zerga 2018ko uztailaren 1ean sartuko da indarrean; hau da, Nafarroako Hondakinen Erakunde Publikoa eratu aurretik. Hori dela eta, Nafarroako Hondakin Solidoen Tratamendurako Partzuergoa eta Iruñerriko Mankomunitatea gaitu dira beren gain har ditzaten foru legeak aipatu erakunde publikoari esleitzen dizkion eginkizunak hura sortu arte, eta eraginkortasunez bete ditzan foru legeak alor horretan esleitzen dizkion eginkizun garrantzitsu eta erabakigarriak.

Bigarren xedapen iragankorra da toki ordenantzak foru lege honetan xedatutakora egokitzeari buruzkoa.

Foru Legeak xedapen indargabetzaile bat eta bi azken xedapen ditu; horietan Gobernuari baimena ematen zaio behar adina xedapen eman ditzan foru legean ezarritakoa erregelamenduz garatzeko eta arau honen indarra hartzea ezartzen da.

Azkenik, legeak hiru eranskin ditu. Eranskinetatik lehena Hondakinen Planerako aurkibide-eredu bat da; bigarrena Nafarroako hondakinen ekoizpenaren eta kudeaketaren erregistroko idazpenei buruzkoa da; eta hirugarrena metal astunetarako eta giza osasunarentzako beste aztarna-elementu batzuetarako erreferentziazko maila generikoei buruzkoa da, Nafarroako Foru Komunitateko lurzoruetarako betiere.

I. TITULUA. Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea.

1. Foru lege honen xedea da hondakinen sorrerari aurrea hartzea eta haien kudeaketa hobetzea, hondakinen hierarkia betetzeko asmoz eta ekonomia zirkularraren eta aldaketa klimatikoaren helburuak lortzeko asmoz Nafarroako Foru Komunitateak dituen eskumenen esparruan, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean ezarritakoarekin bat.

2. Zehazki, hauek dira foru lege honen helburuak:

a) Bermatzea hondakinak kudeatzen direla ingurumena eta giza osasuna arriskutan jarri gabe, Nafarroako Foru Komunitateko biztanleen bizi-kalitatea hobetzearren.

b) Pizgarriak ematea hondakinen sorrera murrizteko eta hondakinak berrerabilpenaren eta birziklapenaren bidez aprobetxatzeko.

c) Hondakinak hondakindegietan ezabatzea eta erraustea sustatzeari uztea.

d) Hondakinak hondakindegietan ezabatzearen eta erraustearen gaineko zergaren araubide juridikoa ezartzea.

e) Degradaturik gelditu diren espazioak berpiztea eta lurzoruak deskontaminatzea.

f) Nafarroako Foru Komunitatean, hondakinen arloa gobernatzeko eredu egoki bat ezartzea.

g) Etxeko hondakinen eta merkataritzako hondakinen kudeaketa egokia bermatzea Nafarroako Foru Komunitatearen lurralde eremuan, Nafarroako Gobernua eta toki entitateak koordinaturik, hala garraioari, eta tratamenduari dagokienez, nola materialak berreskuratzeari begira.

2. artikulua. Aplikazio eremua.

Foru lege honen aplikazio eremuaren barruan Nafarroako Foru Komunitateko lurraldean sortzen edo kudeatzen diren hondakinak sartzen dira, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 2. artikuluan ezarritako salbuespenekin.

3. artikulua. Hondakinen politikaren printzipioak.

Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean jasotako printzipioek gobernatuko dute foru lege hau, baita hondakinen arloko politika eta kudeaketa ere.

I. KAPITULUA. Hondakinen arloko eskumenak eta administrazioen arteko lankidetza eta koordinazioa

4. artikulua. Hondakinen arloko eskumenak eta administrazio arteko lankidetza eta koordinazioa.

Hondakinen arloko eskumenak Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean ezarritakoak izanen dira. Gainera, honako hauek dagozkio Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari:

a) Hondakinak erraustearen eta hondakindegietan ezabatzearen gaineko zerga kobratzea eta kudeatzea.

b) Hondakinen Funtsa kudeatzea.

5. artikulua. Administrazioen arteko lankidetza eta koordinazioa.

1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa eta toki entitateak lankidetzan arituko dira foru lege honetan ezarritako helburuak lortzeko behar diren ekintzak gauzatzeko orduan.

2. Ekintza horien koherentzia eta eraginkortasuna bermatzearren, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 58. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, ahalmena ematen zaio Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari toki entitateen jarduketak koordinatzeko, betiere jarduketa horiek toki interesetatik haratagoak badira eta foru lege honen helburuen esparruaren barrenean badaude.

II. KAPITULUA. Hondakinen arloko plangintza

6. artikulua. Hondakinen arloko plangintzaren printzipioak.

1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eta toki entitateek hondakinen arloko plangintza eginen dute Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean ezarritako printzipioei jarraikiz, eta, horrez gainera, honako hauei ere jarraikiz:

a) Ekoizlearen erantzukizun zabalduaren printzipioa eta eragile guztien erantzukidetasunaren printzipioa.

b) Baliabideen bizitza-zikloa eta ekonomia zirkularra aintzat hartzearen printzipioa.

c) Jasangarritasunaren, merkatu berdearen sustapenaren eta enplegua sortzearen printzipioak.

d) Gardentasun printzipioa eta eragile guztien parte-hartzearen printzipioa.

e) Kudeaketa eraginkorraren printzipioa.

f) Hondakinen kudeaketaren kostu ekonomikoak eta ingurumen arlokoak.

g) Aukera berdintasuna eta bereizkeriarik eza.

2. Erabakiak hartzeko orduan, irizpide hauek egoki eta behar beste hartuko dira aintzat:

a) Parte-hartzea.

b) Legezkotasuna.

c) Gardentasuna.

d) Erantzukizuna.

e) Erantzukizun soziala.

f) Kontsentsua.

g) Eraginkortasuna eta efizientzia.

h) Ekitatea.

i) Sentsibilitatea.

3. Planak eta programak prestatu eta onesteko orduan, administrazio publikoek kontuan hartu beharko dute ingurumen arloaren zeharkakotasuna, eta, hala, erabakiak hartzeko orduan, aurreko puntuetan adierazitako printzipioak aintzat hartu beharko dituzte.

7. artikulua. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren plangintza.

1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari dagokio Nafarroako Hondakinen Plana prestatu eta onestea.

2. Nafarroako Hondakinen Planaren barruan, Hondakinen Prebentzio Programa eta Hondakinak Kudeatzeko Plana jasoko dira, biak ala biak Nafarroako lurralde eremurako.

8. artikulua. Nafarroako Hondakinen Plana.

1. Ingurumenaren arloan eskumena duen departamentuak prestatuko du Nafarroako Hondakinen Plana, foru lege honetan ezarritakoarekin bat.

2. Nafarroako Hondakinen Planak Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean ezarritako edukia izanen du.

3. Nafarroako Hondakinen Planak, gainera, elementu hauek jasoko ditu gutxienez:

a) Hondakinen gaur egungo egoeraren analisia: ahuleziak, indarrak, mehatxuak eta aukerak aztertuta.

b) Hondakinak bildu eta tratatzeko dauden sistema eta instalazioak, bai eta erabilitako olioetarako, hondakin arriskutsuetarako edo berariazko lege baten pean dauden hondakinen fluxuetarako neurri berezi guztiak ere.

c) Behar den informazioa hondakinak ezabatzeko eta balorizatzeko etorkizuneko instalazioen kokagunea identifikatzeko kokapen-irizpideei buruz eta haien ahalmenari buruz.

d) Hondakinen kudeaketaren arloko jarduketen karbono-aztarnaren analisia.

e) Hondakinen arloan, berdintasunari eta enpleguari loturiko alderdien egoera, gaur egunekoa eta etorkizunekoa.

f) Hondakinen kudeaketari lotutako antolaketa-alderdiak, horren barne delarik erantzukizunak nola banatuko diren hondakinen kudeaketaz arduratzen diren eragile publiko eta pribatuen artean, eta abian jartzeko beharrezkoa den gobernamendua.

g) Nafarroako Hondakinen Planaren aurrekontua.

h) Nafarroako Hondakinen Planaren kontrola eta jarraipena.

i) Herritarrek parte hartzeko prozesua.

9. artikulua. Nafarroako Hondakinen Plana onesteko prozedura.

1. Nafarroako Hondakinen Plana onesteko, tramite hauek bete behar dira:

a) Hasiera ematea, ingurumen arloan eskumenak dituen departamentuko titularraren foru aginduaren bidez.

b) Toki entitateei, Hondakinen Erakunde Publikoari eta interesa duten eragileei aurretiko kontsultak egitea.

c) Hondakinen Plana prestatzea.

d) Informazio publikoa eta kontsulta egitea ukituriko administrazio publikoei eta interesa duten pertsonei.

e) Plana onestea, Nafarroako Gobernuaren erabaki baten bidez, ingurumen adierazpen estrategikoarekin batera.

f) Nafarroako Parlamentuari eta Ministerio eskudunari igortzea, jakinaren gainean egon daitezen.

2. Hondakinen Planaren prozedura eta onespena Ingurumen ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean ezarritakoari jarraikiz tramitatuko dira.

10. artikulua. Nafarroako Hondakinen Plana prestatzeko prozeduran parte hartzea.

1. Nafarroako Hondakinen Planaren prestaketan parte-hartzea benetakoa eta eraginkorra izanen dela bermatzeko, parte-hartze talde bat eratu, eta parte-hartze plan bat prestatuko da.

2. Parte-hartze taldea prozeduraren hasieratik beretik eratuko da, eta honako hauen ordezkariek osatuko dute: toki entitateak, hondakinen kudeaketan inplikaturiko eragileak eta, besteak beste, ingurumena babesteko helburua duten beste entitate, elkarte eta erakunde batzuk, eta, orobat, prozesuan parte hartzeko interesa erakutsi dutenak, konparazio batera, kontsumitzaileen elkarteak, sindikatuak eta elkarteak.

3. Parte-hartze planak hasierako faseetako parte-hartzea sustatu eta garatuko du, baita onesten den Hondakinen Planari jarraipena egitea ere.

11. artikulua. Nafarroako Hondakinen Planaren berrikuspena.

Nafarroako Hondakinen Plana gutxienez 6 urtetik behin berrikusiko da, hartutako neurrien eraginkortasuna eta lortutako emaitzak aztertzeko. Plan osoa berrikusiko da, eta agerian uzten ahalko da helburu berriak finkatu beharra, onetsitako planean agertzen direnak baino ausartagoak.

12. artikulua. Nafarroako Hondakinen Planaren indarraldia.

1. Nafarroako Hondakinen Planak hamar urteko indarraldia izanen du gutxienez.

2. Aurreikusitako urtera iritsita, Nafarroako Hondakinen beste plan bat onesten ez bada, plana automatikoki luzatuko da, urte batez gehienez.

13. artikulua. Nafarroako Hondakinen Planaren kontrola eta jarraipena.

1. Nafarroako Hondakinen Plana onesten denetik 6 hilabeteko epean jarraipen batzorde bat osatuko da, plana ebaluatzeko eta, haren garapena, ezarpen maila eta onesten diren arau berriak ikusita, eguneratzeak proposatzeko. Batzorde horri hondakinen kudeaketak Nafarroan duen egoerari buruzko informazioa emanen zaio, eta Nafarroako Hondakinen Planaren ondorioz hartzen diren neurri garrantzitsu guztietan hartuko du parte.

2. Jarraipen batzordeari sostengu emateko, koordinazio eta jarraipen talde bat eta foru lege honen 10. artikuluan aurreikusitako parte-hartze taldea eratuko dira, baita fluxu jakin batzuen jarraipen zehatza egiteko behar diren lan mahaiak ere.

3. Koordinazio eta jarraipen taldeak Nafarroako Hondakinen Planaren helburu eta neurrien gainean lan eginen du, eta Nafarroako Hondakinen Planaren funtzionamenduari buruz Batzordeari bidali beharreko dokumentazioa prestatzea baimenduko du.

4. Jarraipen batzordeko kideak eta haren funtzionamendua erregelamendu bidez ezarriko dira.

14. artikulua. Hondakinen plan lokalak.

1. Toki entitateek, nork bere eskumenen esparruan, hondakinen sorreraren prebentziorako eta haien kudeaketarako programak prestatzen ahalko dituzte, Esparru-Plan Nazionalarekin eta Nafarroako Hondakinen Planarekin koordinaturik eta horietan ezarritakoarekin bat.

2. Programa horiek banaka edo taldeka lantzen ahalko dituzte toki entitateek. Nafarroako Hondakinen Erakunde Publikoak, bere baitan hartzen dituen toki entitateak koordinatzeaz gain, aholku emanen die hondakinen sorreraren prebentziorako eta haien kudeaketarako programak prestatu eta onesteko prozesuetan.

III. TITULUA. Nafarroako Hondakinen Erakunde Publikoa

15. artikulua. Izaera eta osaera.

1. Hondakinen arloko zerbitzuen kudeaketaren koordinazioa, indarreko araudian ezarritakoari jarraituz, izaera publikoko entitate baten bidez gauzatuko da, zeinak Nafarroako Hondakinen Erakunde Publikoa izena hartuko baita, eta erakunde horrek aukera emanen die arlo horretan inplikaturiko toki entitate guztiei kudeaketa koordinatuagoa, efizienteagoa eta kohesionatuagoa egiteko.

Erakundeak zerbitzu osagarriak emanen ditu, kasua bada, borondatezko izaeraz eta ezar daitezkeen kasuan kasuko itunen bitartez, foru lege honen 16.2 artikuluan ezarritakoari jarraituz.

2. Nafarroako Hondakinen Erakunde Publikoa Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko ordezkariek eta toki entitateetako ordezkariek osatuko dute, eta, jarduteko, indarreko araudian ezarritako formetatik edozein aukeratzen ahalko dute. Bermatu egin beharko da Nafarroako Hondakinen Erakunde Publikoaren barruan erabakiak hartzen dituen organoan eskumeneko toki entitateek dutela gehiengoa.

3. Nafarroako Hondakinen Erakunde Publikoaren estatutuetan honako hauek jasoko dira: xedea, eginkizunak, osatzen duten administrazio publikoak, gobernu eta administrazio-organoak, kideak eta funtzionamendu araubidea.

16. artikulua. Eginkizunak.

1. Nafarroako Hondakinen Erakunde Publikoak bere beharren eta izaeraren araberako zerbitzu zorro bat izanen du. Zehazki, partaide dituen administrazio publikoak koordinatuko ditu, eta gai hauen gainean aholku emanen die:

a) Prebentzio, sentsibilizazio, komunikazio eta prestakuntza programak.

b) Enplegu berdearekin, ekonomia zirkularrarekin eta aldaketa klimatikoarekin zerikusia duten datuen bilketa eta hondakinen adierazleen jarraipena.

c) Hondakinen garraioa eta tratamendua Nafarroako Foru Komunitatearen lurraldean, egun dauden zentro eta azpiegituren arteko lankidetzarako hitzarmen eta akordioen bitartez, Nafarroako Hondakinen Planaren printzipioak aplikatuz.

d) Lor daitezkeen diru-laguntzak eta finantzaketa-iturriak.

e) Karakterizazioak eta barne-auditoriak.

f) Txosten tekniko lotesleak egitea azpiegiturak Hondakinen Planaren printzipioaren araberakoak eta egokiak diren jakiteko.

g) Erosketarako zentrala.

h) Ordenantzen, kontratazio-orrien eta antzekoen idazketa.

i) Hondakinen arloan, lagun egiteko edo aholku eta laguntza tekniko zein juridikoa emateko beste edozein eginkizun.

2. Bere estatutuetan ezarritakoaren arabera, Nafarroako Hondakinen Erakunde Publikoak honako zerbitzu hauek ematen ahalko dizkie halakoak borondatez eskatzen dituzten administrazio publikoei, betiere aintzat harturik hondakinen kudeaketa pribaturako ereduak:

a) Hondakinen garraioa bilketa-tokietatik tratamendu-guneetaraino edo transferentzia-guneetaraino, eta, hala badagokio, transferentzia-guneetatik tratamendu-guneetaraino.

b) Hondakinak biltzeko ereduak ezartzea.

c) Garbiguneak ezartzea edo kudeatzea.

d) Etxeko hondakinen tratamendua.

e) Hondakinen tipologia edo jatorria dela kausa, kudeatzeko oso zailak diren hondakinen bilketa eta kudeaketa, konparazio batera: nekazaritzako eta abeltzaintzako hondakin batzuk, artilea eta sokak, besteak beste.

f) Estatutuetan aurreikusten diren beste zerbitzu batzuk.

3. Nafarroako Hondakinen Erakunde Publikoaren ardurapean egonen da hondakinak hondakindegietan ezabatzearen gaineko zergaren autolikidazioa eta diru-sarrera egitea, toki entitateei dagokienean, eta hortik ateratzen den zenbatekoa toki entitateen artean banatzea bakoitzak entregatutako hondakinen kalitatearen eta kantitatearen arabera.

4. Parke naturaletako hondakinei loturiko zerbitzuak ere Nafarroako Hondakinen Erakunde Publikoak kudeatuko ditu.

5. Hondakinen Funtsa urtero banatzeko oinarrizko irizpideak ezarri behar direnean, Nafarroako Hondakinen Erakunde Publikoari kontsulta egin beharko zaio nahitaez.

6. Erakunde Publikoaren balorazioak lehentasuna izanen du, kasua bada, Foru Komunitatearen planetan sartzeko udalez gaindiko interesa duten obra eta zerbitzuak, eskuordetzan emanak, oro har ezarritako baremoei jarraikiz. Halaber, lehentasuna izanen du lehian oinarrituriko diru-laguntzak, hitzarmenak edo bestelako tresnak ematerakoan.

17. artikulua. Baliabideak eta ondasunak.

1. Honako hauek dira Nafarroako Hondakinen Erakunde Publikoaren diru-sarrerak:

a) Tasa edo prezio publikoetatik datozenak.

b) Kontribuzio bereziak.

c) Behar diren deialdietatik jasotzen dituen diru-laguntza eta transferentzia publikoak.

d) Zuzenbide pribatuko diru-sarrerak.

2. Nafarroako Hondakinen Erakunde Publikoak begiratuko du tratamendu eta garraiorako oinarrizko kostu bat aplikatzen dela Nafarroa osoan, lurralde mailako orekaren eta kohesio sozialaren printzipioak aplikatuz. Oinarrizko kostu horrek garraioaren eta tratamenduaren kostu errealak hartuko ditu kontuan, eta hondakinak sortzeagatiko ordainketa-sistemen bidez osatuko da.

3. Nafarroako Hondakinen Erakunde Publikoak bere zerbitzuak emateko behar dituen higiezinak eta instalazioak eskuratzen ahalko ditu, behar diren konpentsazioen bitartez, hala jabetzapean, nola haiek erabiltzeko lagapenen bidez.

IV. TITULUA. Hondakinen prebentziorako eta haiek kudeatzeko neurriak

18. artikulua. Hondakinen Prebentziorako eta Ekonomia Zirkularra Sustatzeko Bulegoa.

1. Hondakinen Prebentziorako eta Ekonomia Zirkularra Sustatzeko Bulegoa sortzen da, sarean izaera birtuala izanen duena. Nafarroako Hondakinen Planean aurreikusitako ekintzen dinamizatzaile, aholkulari eta kudeatzaile gisa arituko da, hondakinen prebentzioa eta ekonomia zirkularra sustatzeko.

2. Nafarroako Hondakinen Plan indardunean prebentziorako ezarrita dauden helburuak betetzea da Bulegoaren helburua.

3. Hondakinen arloko eskumenak dituen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren organoaren menpe egonen da. Bulegoaren jarduerak Nafarroako Gobernuaren webgunean agertuko dira, orok ikus ditzan.

4. Honako hauek dira Bulegoaren eginkizunak:

a) Prebentzioa sustatzea, Hondakinen Plan indardunean ezarritako helburuak bete daitezen.

b) Hondakinak berrerabili eta birziklatzeko prestakuntza eta balorizazio materialerako beste bide batzuetarako prestakuntza sustatzea, Hondakinen Plan indardunaren arabera.

c) Hondakinen eta ekonomia zirkularraren gaineko datuen behatokia.

d) Aliantzak bilatzea hondakinen kudeaketan inplikaturiko eragileekin eta lankidetzan aritzea Nafarroako Hondakinen Erakunde Publikoarekin.

e) Hondakinei buruzko lan mahaiak sortzea eta dinamizatzea.

f) Hondakinen Plan indardunari egindako jarraipenaren zabalkundea eta komunikazioa.

g) Hondakinei eta ekonomia zirkularrari buruzko kontsulta orokorrak bideratzea.

5. Bulegoaren jardueretan, Nafarroako Gobernuaz gainera, bulegoaren koordinatzailea eta arduraduna izanen baita, Nafarroako Hondakinen Erakunde Publikoak, toki entitateek eta hondakinen kudeatzaileek hartuko dute parte.

19. artikulua. Erosketa publiko berdea.

1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak plan bat onetsiko du kontratazio publiko berdea, berrikuntza eta ekonomia zirkularra sustatzeko.

2. Administrazio Publikoek egiten dituzten erosketetan, material berrerabilgarriak eta produktu birziklagarriak sustatu eta lehenetsiko dituzte.

3. Administrazio Publikoek bermatuko dute obra publikoen kontratuak gauzatzean material birziklatuak erabiltzen direla, konparazio batera, agregakin birziklatua. Obra-kontratuak gauzatzeko orri orokor eta partikularretan, kasuan-kasuan erabili beharreko material birziklatuen ehunekoak adieraziko dira, egin beharreko obra motaren arabera. Aurkezten diren proiektuekin batera, erabili behar diren material birziklatuen gaineko egiaztagiriak atxiki beharko dira.

20. artikulua. Etxeko eta merkataritzako materia organikoaren gaikako bilketa.

1. 2022ko urtarrilaren 1etik aurrera, nahitaezkoa izanen da Nafarroako herritar guztientzat etxeko eta merkataritzako hondakinen materia organikoa gaika biltzea.

2. Etxeko eta merkataritzako hondakinen materia organikoaren gaikako bilketan helburu hauek ezarri dira konposta egiteko, bereziki, edo, hala badagokio, biometanizaziorako erabiltzeko:

a) 2020rako, guztizko pisuaren %50.

b) 2027rako, guztizko pisuaren %70.

3. Etxeko eta merkataritzako hondakinen gaikako bilketaren ondoriozko frakzio organikoan, hondakin desegokiak honenbestekoak izanen dira gehienez:

a) 2020rako, guztizko pisuaren %20.

b) 2022rako, guztizko pisuaren %15.

c) 2027rako, guztizko pisuaren %10.

21. artikulua. Gaikako bilketa eta berrerabilpenerako eta birziklapenerako prestaketa.

2027ko abenduaren 31rako, berrerabilpenerako eta birziklapenerako prestatzeko erabiliko diren etxeko eta merkataritzako hondakinen kopurua, oro har, guztizko pisuaren %75 izanen da gutxienez, frakzio hauetan: papera, metalak, beira, plastikoa, biohondakinak eta beste frakzio birziklagarriak.

22. artikulua. Etxeko eta merkataritzako hondakinen isurketa.

2027ko urtarrilaren primerako, isurtzen diren etxeko eta merkataritzako hondakinak, gehienez, %25 izanen dira.

23. artikulua. Plastikozko poltsak, erabilera bakarreko plastikozko produktuak eta dosi bakarretan edo erabilera bakarreko kapsuletan ontziratutako produktuak erabiltzea Nota de Vigencia.

1. 2018ko uztailaren 1etik aurrera:

a) Ondasunak edo produktuak saltzen diren tokietan, debekatuta egonen da kontsumitzaileei plastikozko poltsak doan ematea, eta berdin gertatuko da etxez etxeko salmentaren edo on line salmentaren kasuan, plastikozko poltsa oso arinen kasuan izan ezik.

b) Merkatariek kopuru bat kobratuko dute kontsumitzaileari ematen dioten eta konposta egiteko modukoa ez den plastikoz egindako poltsa bakoitzeko. Plastikozko poltsen prezioa zehazteko, merkatariek erreferentzia gisa hartu ahalko dituzte indarrean dagoen araudian ezarritako gutxi gorabeherako prezioak.

c) Halaber, merkatariek kontsumitzaileei informatuko diete ezarritako prezioei buruz; prezio horiek toki ikusgarrian jarriko dituzte, eta urtero informatuko diote ingurumenaren arloko departamentu eskudunari konposta egiteko modukoa ez den plastikoz egindako poltsengatik kobratutako zenbatekoei eman dieten ingurumen-erabilerari buruz (gizarte-erantzukizun korporatiboa).

2. 2020ko urtarrilaren 1etik aurrera:

Ondasunak edo produktuak saltzen diren tokietan, debekatuta egonen da kontsumitzaileei plastikozko poltsak ematea, eta berdin gertatuko da etxez etxeko salmentaren edo on line salmentaren kasuan, salbu eta konposta egiteko moduko plastikoarekin eginak badira eta UNE-EN 13432:2000 arauan edo antzeko batean ezarritako betebeharrak betetzen badituzte. Poltsa horiek ezin izanen dira doan eman edo banatu.

3. Ondorio horietarako, Plastikozko poltsen kontsumoa murrizteari eta Ekoizleen Erregistroa sortzeari buruzko maiatzaren 18ko 293/2018 Errege Dekretuan edo haren ordezko araudian ezarritako definizioak aplikatuko dira.

4. Erabilera bakarreko plastikozko produktuak erabiltzearen gaineko neurriak, produktu horiei aplikatzekoa bazaie Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2019ko ekainaren 5eko 2019/904/EB Zuzentaraua, plastikozko produktu jakin batzuen ingurumen-inpaktua gutxitzeari buruzkoa, aipatu araudiak eraenduko ditu, edo araudi horren garapen edo transposizioaren ondoriozkoa denak Nota de Vigencia.

5. 2021eko uztailaren 3tik aurrera debekatuta gelditzen da dosi bakarretan edo erabilera bakarreko kapsulatan ontziratutako produktuen salmenta, aplikatzekoak ez bazaizkie 94/62/EK Zuzentaraua, ontziei eta ontzi-hondakinei buruzkoa, ez Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2019ko ekainaren 5eko 2019/904/EB Zuzentaraua, plastikozko produktu jakin batzuen ingurumen-inpaktua gutxitzeari buruzkoa, organikoki edo mekanikoki birziklatu ezin diren materialekin fabrikatuta daudenean Nota de Vigencia.

24. artikulua. Ontzien prebentziorako eta hondakinak kudeatzeko neurriak eraikin publikoetan.

1. Administrazio Publikoek, nork bere eskumenen esparruan, ontzien sorreraren prebentzioa eta ontzi berrerabilgarrien erabilera sustatu eta faboratuko dute. Horretarako, edateko ura duten iturriak eremu publikoetan instalatzea sustatuko dute, edo urarentzako ontzi berrerabilgarrien erabilera.

2. Oro har, administrazio publikoen eraikin eta instalazioetan, ezin izanen da ura saldu erabilera bakarreko botiletan; salbuespena osasun zentroak eta ospitale-zentroak izanen dira.

3. Eraikin publikoetan ur edangarriko iturriak instalatu eta mantenduko dira, eta doakoak izanen dira. Alternatiba gisa, ura botila berrerabilgarrietan saltzen ahalko dute.

4. Ostalaritzako establezimenduetan eta jatetxeetan bezeroei eskainiko zaie beti iturriko ura duen ontzi bat eta behar diren edalontziak dohainik eskatzeko aukera, establezimenduaren beraren eskaintzaren osagarri.

25. artikulua. Eraikinetan hondakinak kudeatzeko planak.

Nafarroako Gobernuak xedatu eta aplikatuko du administrazio publikoen egoitza diren eraikinetan eta edozein kontzepturengatik funts publikoak jasotzen dituzten titularren eraikinetan idatzi, onetsi eta aplika daitezela sortzen diren hondakinen kudeaketarako planak, hondakinen sorrerari aurrea hartuz, eta, gainera, hondakinen gaikako bilketarako guneak ezar daitezela, eraikin horien erabiltzaileentzat.

26. artikulua. Beste kudeaketa sistema batzuk.

1. Hondakinen kudeaketan hierarkia aplikatzen dela bermatzeko asmoz, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearekin eta ontziei buruzko oinarrizko araudiarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak berrerabilpena, kalitate handiko birziklapena eta ontzien materialen balorizazioa sustatuko ditu, eta horretarako:

a) Ontzi berrerabilgarrien erabilera sustatzeko laguntza ekonomikoak eta/edo zerga-pizgarriak ezarriko ditu.

b) HORECA sektorean (hotelak, jatetxeak eta catering enpresak) erabilitako ontzi jakin batzuk berrerabiltzeari eta edari batzuei buruzko gutxieneko helburuak finkatuko ditu 2028rako, kudeaketaren hierarkiaren lehenengo maila betetzeko, hots, ontzien sorreraren prebentzioa:

–Ur ontziratuak: ontzien %40 berrerabiltzea.

–Garagardoa: ontzien %80 berrerabiltzea.

–Freskagarriak: ontzien %70 berrerabiltzea.

c) HORECA sektoreaz bestelako kontsumo-bideetan erabilitako ontziak berrerabiltzeko helburuak finkatzen dira 2028. urterako: ontzien % 15 berrerabiltzea.

2. Nafarroako Gobernuak, ukitutako alde guztiekin bidezkoa den parte-hartze prozesua egin ondoren, ingurumena eta kudeaketa hobetzeko, gordailu, itzulketa eta itzulera sistema osagarri berria ezartzea erabakitzen ahalko du. Horretarako baimena duen kudeatzaile batek emanen du zerbitzu hori, eta kudeaketa zuzenekoa edo zeharkakoa izan daiteke.

3. Aurreko apartatuan aipatutako gordailu, itzulketa eta itzulera sistema osagarri gisa ezartzen da honako kasu hauetako batean edo batzuetan:

a) Balorizazio edo deuseztapen zaileko hondakinen kasuan.

b) Daukaten arriskugarritasuna dela eta, kudeaketa zuzena bermatzeko sistema hori ezartzea eskatzen denean.

c) Araudi indardunean finkatutako kudeaketa-helburuak betetzen ez direnean.

d) Ingurumenaren babesaren arrazoiengatik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 57.c) artikuluak Nafarroako Foru Komunitateari esleitzen dizkion eskumenen indarrez.

4. Halako sistemak ezartzea justifikatu beharko da daukaten bideragarritasun tekniko eta ekonomikoarekin, eta ingurumenean eta giza osasunean dagoen inpaktu-multzoari begiratuta, eta merkatuaren funtzionamendu zuzena bermatu beharko da.

5. Nafarroako Gobernuak azterlan teknikoak eginen ditu eta parte hartuko du gordailurako, itzulketarako eta itzulerarako sistemetatik edozeinen demostrazio-esperientzietan eta proiektu pilotuetan, beharrezkotzat jotzen baditu.

27. artikulua. Ikuskizun publikoak.

1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak ikuskizun publikoei eta hondakinei buruzko erregelamendu bat onetsiko du, eta, gainera, hondakinen kudeaketa plan bat eta geroko garbiketarako bermeak edo fidantzak eskatuko ditu.

2. Administrazio publikoek sustatutako, antolatutako edo diruz lagundutako ikuskizun publikoetan, ontziratutako edarien salmentari eta banaketari alternatibak jarri beharko zaizkie, eta, betiere, bermatu beharko da iturriko ura edateko aukera dagoela edalontzi berrerabilgarrien bidez edo ur botila berrerabilgarriak jarriz. Gainera, gordailu sistema bat ezartzen ahalko da, ontziak edonon botata geldi ez daitezen edo desegoki kudea ez daitezen.

28. artikulua. Sentsibilizazio, laguntza eta informazio kanpainak.

Agintari eskudunek eta inplikaturik dauden gainerako eragileek, behar den laguntza teknikoa izanik, informazio, laguntza eta sentsibilizazio kanpainak antolatuko dituzte herritarrei aditzera emateko nolako onurak dituen produktuak berrerabiltzeak eta haien balio-bizitza luzatzeak.

Hori guztia indarra duen Nafarroako Hondakinen Planarekin bat, eta genero bakoitzari esleitu ohi zaizkion rolak betikotzen dituzten estereotipoen erabilera saihestuz.

I. KAPITULUA. Hondakinak erraustearen eta hondakindegietan ezabatzearen gaineko zerga

29. artikulua. Zergaren ezarpena.

Nafarroako Foru Komunitateak Hitzarmen Ekonomikoaren 2.2 artikuluan xedatutakoaren indarrez dituen eskumenak erabiliz, hondakinak erraustearen eta hondakindegietan ezabatzearen gaineko zerga bat ezartzen da.

30. artikulua. Izaera, helburua eta definizioak.

1. Hondakinak erraustearen eta hondakindegietan ezabatzearen gaineko zerga zeharkako tributu bat da, erreala eta estrafiskala, karga bat ezartzen diona hondakinak hondakindegietan ezabatzeari eta Nafarroako Foru Komunitatearen lurralde eremuan kokatutako instalazioetan errausteari.

2. Zerga hau bateragarria da zergapeko eragiketei aplikatzen ahal zaien beste edozein tributurekin eta, partikularki, toki entitateek tasak kobratzearekin.

3. Zergaren helburua hondakinen prebentzioa, berrerabilerarako prestakuntza eta birziklapena sustatzea da, eta, orobat, hondakindegietako ezabaketak eta errausketak egiteko pizgarriak kentzea.

4. Zerga honen ondorioetarako, hondakin kontzeptua (mota guztietan), isurketa, ezabaketa, errausketa eta ingurumen arloari dagozkion gainerako terminoak zer diren jakiteko, aplikagarri diren Nafarroako, estatuko eta Europar Batasuneko arauetako definizio eta erabileretara joko da.

31. artikulua. Dirusarreren lotura.

Zergaren ondoriozko diru-sarrerek lotura berariazkoa duen aurrekontu-partida bat osatuko dute hurrengo urteko Nafarroako Aurrekontu Orokorretan, “Hondakinen Funtsa” izenekoa.

Zergaren ondorioz biltzen den dirua foru lege honetan aurreikusitako helburuetarako baizik ez da erabiliko.

32. artikulua. Zergaegitatea.

1. Honako hauek dira zergaren zerga-egitateak:

a) Hondakinak ezabatzea Nafarroako Foru Komunitatearen lurralde-eremuan kokatutako hondakindegi publiko edo pribatuetan modu kontrolatuan utziz.

b) Hondakinak erraustea Nafarroako Foru Komunitatearen lurralde-eremuan kokatutako instalazioetan.

2. Zergaren menpe ez dauden egoerak:

a) Foru lege honen 2. artikuluan ezarritakoaren ondorioz beronen aplikazio esparrutik kanpora gelditzen diren hondakinak erraustea eta horrelakoak hondakindegietan ezabatzea.

b) Hondakindegien ustiapenaren esparruan hondakin geldoak erabiltzea, konparazio batera hondeaketa-lurrak, instalazioaren edo jardueraren proiektuan ezarritakoarekin bat.

33. artikulua. Salbuespenak.

Honakoak daude zerga honetatik salbuetsiak:

a) Hondakinen ezabaketa eta errausketa agintari publikoen aginduz egiten denean, ezinbesteko kasuetan edo premia larriko egoeretan, edo ingurumen arloko legezkotasuna berrezartzeko.

b) Hondakinak hondakindegietan utziz ezabatzeko eragiketak, baldin eta hondakin horiek, bere aldetik, zerga hau benetan ordaindu duten zergapeko beste eragiketa batzuetatik sortu badira.

34. artikulua. Subjektu pasiboa: zergadunak eta ordezkoak.

1. Honako hauek dira subjektu pasiboak, zergadun gisa:

a) Toki entitateak: hondakinak entregatzen dituztenean hondakindegi batean ezabatuak izan daitezen, dela zuzenean, dela beren sozietate publikoen bidez, dela Nafarroako Hondakinen Erakunde Publikoaren bidez. Dena dela, Nafarroako Hondakinen Erakunde Publikoak, entitateen beraien ordezkari gisa, haiek autolikidazioari eta diru-sarrerari buruz dituzten zerga betebeharrak bete beharko ditu.

b) Pertsona fisikoak eta beste pertsona juridiko batzuk: hondakinak entregatzen dituztenean errausteko edo hondakindegi batean ezabatzeko.

2. Aurreko apartatuko b) letran jasotako kasuetan, hondakinak errausten diren instalazioen edo hondakindegien titular diren pertsona fisiko edo juridikoak izanen dira zergadunen ordezkoak.

3. Zergaduna eta ordezkoa pertsona fisiko bera edo entitate bera ez badira, ordezkoek zergadunei jasanaraziko diete zergaren zenbateko oso-osoa, eta, halakoetan, zergadunek jasan beharra izanen dute, betiere jasanarazpena foru lege honetan eta garapenerako araudian xedatutakoaren araberakoa baldin bada.

Ordezkoak zerbitzuaren prestazioa dela-eta zergadunari luzatzen dion fakturan eginen da zergaren jasanarazpena, ogasun arloan eskumena duen departamentuko titularrak foru agindu bidez ezartzen dituen baldintzetan eta epeetan.

4. Zerga honen ondorioetarako, Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Legearen 25. artikuluan aipatzen diren nortasun juridikorik gabeko entitateak subjektu pasibotzat hartuko dira zergapeko eragiketak egiten dituztenean.

35. artikulua. Sortzapena.

Zerga hau hondakinak hondakindegian modu kontrolatuan uzten diren unean edo errausteko instalazioan sartzen diren unean sortuko da.

36. artikulua. Zergaoinarria.

1. Zerga-oinarria hondakindegian modu kontrolatuan uzten diren edo errausketa-instalazioetan sartzen diren hondakin tonen kopurua izanen da.

2. Zerga-oinarria, orokorrean, zuzeneko zenbatespenaren bidez finkatuko da, zehazki, Nafarroako Hondakinen Erakunde Publikoak eta hondakindegietako eta errausketa-instalazioetako titularrek pisatzeko aplikatzen dituzten sistemen bitartez.

3. Zerga-oinarria zuzeneko zenbatespenaren bidez zehazterik ez badago, zeharkako zenbatespena erabiliko da, Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 43. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Zehazki, zerga-oinarria zeharkako zenbatespenaren bidez zehazteko, hondakinen pisua kalkulatzeko erabil daitekeen edozein datu, inguruabar edo aurrekari erabiltzen ahalko da, konparazio batera, bolumena, dentsitatea edo konposizioa, eta, bereziki, ordezkoaren aurreko edo ondorengo ekitaldietako datu ekonomikoak eta produkzio-prozesuko datuak.

37. artikulua. Kargatasa eta zergakuota.

1. Zerga-oinarriari karga-tasa hauek aplikatuz kalkulatuko da zerga-kuota:

a) 20 euro toki entitateek hondakindegietan ezabatzeko, zuzenean edo beren sozietate publikoen bidez edo Nafarroako Hondakinen Erakunde Publikoaren bidez, entregatzen duten etxeko edo merkataritzako hondakin tona bakoitzeko.

b) 20 euro hondakindegietan ezabatzeko entregatzen den industriako edo merkataritzako hondakin ez arriskutsuen tona bakoitzeko (artikulu honen a) apartatuan sartutakoak ez bezalakoak direnean).

c) 3 euro hondakindegietan ezabatzeko entregatzen den eraikuntzako eta eraispenetako hondakin ez arriskutsuen tona bakoitzeko.

d) 1 euro hondakindegietan ezabatzeko entregatzen den hondeaketetako material naturalen (lurra eta harriak) eta industriako hondakin geldoen tona bakoitzeko.

Abenduaren 27ko 1481/2001 Errege Dekretuaren II. eranskineko 2.1 apartatuan ezarritako irizpideak betetzen dituzten hondakin ez arriskutsuak dira hondakin geldoak, errege dekretu horren bidez arautu baitzen hondakinak hondakindegietan utziz ezabatzea.

e) 20 euro errausketa-instalazioetan entregatzen den hondakin tona bakoitzeko.

f) 5 euro arriskutsuak ez diren eta lixibatze eskasa duten hondakin industrial mineralen tona bakoitzeko, baldin eta entregatzen badira hondakin ez-arriskutsuen hondakindegietan, deusezta ditzaten. Arriskutsuak ez diren eta lixibatze eskasa duten hondakin industrialtzat jotzen dira matrize nagusiki ez-organikoa izan eta ondoren aipatzen diren mugako balioak betetzen dituztenak, abenduaren 27ko 1481/2001 Errege Dekretuaren II. eranskinean ezarritakoaren arabera zehazturik, errege dekretu horren bidez arautu baitzen hondakinak hondakindegietan utziz ezabatzea.

Hondakinek honako mugako balio hauek bete beharko dituzte:

PARAMETROA

MUGAKO BALIOA
(mg/kg materia lehor)

COT (karbono organikoa, guztira)

30000

BTEX (bentzenoa, toluenoa, etilbentzenoa eta xilenoak)

6

PCB (poliklorobifeniloak, 7 kongenere)

1

Olio minerala (C10 eta C40 bitarte)

500

HPA (hidrokarburo polizikliko aromatikoak, 16 kongenere)

55

Hondakinen lixibatzeak honako mugako balio hauek bete beharko ditu:

OSAGAIAK

L/S = 10 l/kg

(mg/kg materia lehor)

As

1.   25

Ba

60

Cd

0.   52

Cr, guztira

5.   25

Cu

26

Hg

0.   105

Mo

5.   25

Ni

5.   2

Pb

5.   25

Sb

0.   38

La

0.   3

Zn

27

Kloruroa

7900

Fluoruroa

80

Sulfatoa

10500

COD

650

STD

32000

Fenola

1

2. Tona zatiki bakoitzari dagokion proportzioan hainbanatuko da zerga-kuota.

38. artikulua. Zergaren kudeaketa.

1. Nafarroako Hondakinen Erakunde Publikoak eta zergadunaren ordezkoek zergaren autolikidazioa aurkeztu beharko dute, zerga kuota kalkulatu, eta dagokion diru-sarrera egin, betiere ogasun arloko gaietan eskumena duen departamentuko titularrak foru agindu baten bidez ezarritako moduan, tokian eta epeetan.

2. Autolikidazioaren aldian zerga-egitaterik bat ere gertatu ez arren, berdin-berdin aurkeztu beharko da autolikidazioa.

3. Nafarroako Hondakinen Erakunde Publikoa, hondakindegien titularrak eta errausketa-instalazioen titularrak behartuta daude instalazio publiko edo pribatuetan errausteko edo bertan isurtzeko entregatzen diren hondakinen pisaketa-datuak aitortu eta frogatzera.

Horren ondorioetarako, hondakindegietako, tratamendu-instalazioetako eta errausketa-instalazioetako sarreran behar diren pisaketa sistemak instalatuko dira, foru lege honen 51. artikuluan ezarritakoarekin bat. Hori guztia Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak egiaztatu ahal izan dezan sistema horiek funtzionamendu egoera onean daudela, baita hondakinen datuen igorpena eta trazabilitatea ere.

4. Nafarroako Hondakinen Erakunde Publikoak ordaindutako zerga modu proportzionalean banatuko da toki entitateen artean, kontuan harturik bakoitzak tratamendurako edo isurketarako instalazioetan entregatutako hondakinen kantitatea eta kalitatea, eta entitate horiek beharturik daude dagokien zatia ordaintzera Nafarroako Hondakinen Erakunde Publikoari.

5. Aurreko apartatuan xedatutakoaren ondorioetarako, ingurumenaren arloan eskumena duen departamentuko titularrak, foru agindu baten bidez, zergaren zenbatekoa banatzeko irizpide tekniko batzuk ezarriko ditu, foru aginduan berean ezarriko den denbora-tartean aplikatuko direnak.

6. Zergaren jasanarazpenaren jatorriari eta zenbatekoari buruz sortzen diren desadostasunek tributu izaera izanen dute, eta tributu arloko jarduketei buruzko inpugnazioetarako ezarritakoari jarraikiz bideratuko dira.

7. Zerga Administrazioak zerga betebeharra osatzen duten egitateak, egintzak, elementuak, jarduerak, ustiapenak eta inguruabar erabakigarriak egiaztatzen eta ikertzen ahalko ditu, eta, horretarako, subjektu pasiboaren kontabilitatea, liburuak, dokumentazioa eta frogagiriak aztertzen ahalko ditu, kontabilitate-programak eta artxibo eta euskarri elektronikoak barne.

8. Egiaztapen eta ikerketa lanen ondorioz, Zerga Administrazioak zenbatekoak erregularizatzen ahalko ditu, bidezko diren behin-behineko edo behin betiko likidazioen bitartez.

39. artikulua. Arauhausteak eta zehapenak.

Zerga honi dagozkion arau-hausteak Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorrean xedatutakoaren arabera kalifikatu eta zehatuko dira.

II. KAPITULUA. Instalazioen eta jardueren finantza-bermeak

40. artikulua. Finantzabermeak itzultzea jarduera uzten denean.

1. Hondakinen kudeatzaileek, ekoizleek edo edukitzaileek, baldin eta kudeatutako edo ekoitzitako hondakinei loturiko jardueran aritzeko fidantza bat edo finantza-berme bat jarri behar izan baldin badute, zilegi izanen dute finantza-berme horien itzulketa osoa edo partziala eskatzea jarduera uzten dutenean.

2. Finantza-bermea Nafarroako Gobernuaren barruan hondakinen arloko eskumena duen organoak bidezkoa dela erabaki ondoren itzuliko da, behin egiaztatu delarik jarduera utzi ondoren ezarritako betebehar eta baldintza guztiak bete direla.

3. Organo eskudunak antzematen badu fidantza edo finantza-bermea itzuli ezina dakarren ez-betetzeren bat gertatu dela, hurrengo artikuluan ezarritako prozedurari jarraikiko zaio.

41. artikulua. Egoera lehengoratzeko edo berriz ezartzeko prozedura.

1. Hondakinak ekoizteko eta kudeatzeko jardueren baimen eta komunikazioetan ezarritako baldintzak ez direla bete atzematen denean, prozedura bat hasiko da, ofizioz edo baimena eman zuen organoak edo aurretiazko komunikazioa aurkeztu zeneko organoak eskatuta, non baimenaren edo komunikazioaren titularrari eskatuko baitzaio atzemandako akatsak konpon ditzala eta, bidezkoa denean, hondakinak behar bezala kudea ditzala eta eraldatutako egoera lehengora ekar dezala.

2. Jakinarazpen hori baimenaren edo komunikazioaren titularrari jakinaraziko zaio, eta epe bat emanen zaio (hamar egunetik gorakoa baina hamabost egunetik beherakoa) alegazioak eta egoki iruditzen zaizkion agiri eta justifikazioak aurkezteko.

3. Prozeduraren instrukzioa bukaturik, ebazpen proposamena eginen da, interesdun guztiei jakinaraziko zaiena. Ebazpen proposamenean, prozeduraren berri emanen da, eta alegazioak egiteko eta bidezko agiri eta argibideak aurkezteko epea ezarriko da.

4. Prozedurari bukaera emateko ebazpena sei hilabeteko epean eman eta jakinarazi beharko da, prozedura hasteko erabakiaren egunetik hasita.

5. Baimenaren edo komunikazioaren titularrak atzemandako akatsak konpontzen dituenean eta, hala badagokio, hondakinak zuzen kudeatzen dituenean, prozedura bukatutzat eman, eta jarduketak artxibatuko dira.

6. Prozeduraren instrukzioan ondorioztatzen bada bidezkoa dela arduradunak akatsak konpontzea, kalte-ordainak ordaintzea edo betearazpenen bat egin behar dela haren bizkar, ebazpen egintza bat emanen da, ordaindu behar duen kopurua zehaztuko duena, eta hilabeteko epea emanen zaio borondatezko epean ordain dezan.

7. Zehapen-prozedura bat ebaztearen ondorioz subjektu arau-hausleei ezartzen zaizkien zehapenak eta hertsapen-isunak borondatezko aldian ordaintzeko epea ere horixe izanen da.

8. Aurreko paragrafoetan finkatutako kopuruak epe horretan ordaintzen ez badira, zorra Nafarroako Zerga Ogasunaren Derrigorrezko Diru-bilketara pasako da, premiamendu bidean kobra dezan finantza-bermeen exekuzioaren bidez, hala badagokio, eta itzuli ez diren kopuruak Hondakinen Funtsean sartuko dira.

III. KAPITULUA. Hondakinen Funtsa

42. artikulua. Hondakinen Funtsa.

1. Honen bidez Hondakinen Funtsa eratzen da, hondakinak sortzeak eta kudeatzeak giza osasunari eta ingurumenari eragiten dizkien eragin kaltegarriak arintzeko neurriak finantzatzeko.

2. Hondakinen Funtsa ingurumen arloan eskumena duen departamentuaren aurrekontuan txertatzen da, atal bereizi batean.

3. Hondakinen Funtsa baliabide hauez hornituko da:

a) Hondakinak erraustearen eta hondakindegietan ezabatzearen gaineko zerga biltzearen ondoriozko zenbatekoak.

b) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak hondakinen arloko araudia hausteagatik ezarritako zehapenetan bildutako zenbatekoak.

c) Nafarroako Ogasunean hondakinak kudeatzeko eratutako finantza-bermeen zenbatekoa, behin foru lege honen 41. artikuluan ezarritako prozedura tramitatu ondoren.

d) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren aurrekontuan aurreikusten diren ekarpenak.

e) Beste erakunde batzuek emandako diru-laguntza eta laguntzak.

f) Partikularrek, enpresek edo erakundeek Funtsari berariaz egiten dizkioten dohaintzak, jaraunspenak, ekarpenak eta laguntzak.

g) Ontzien hondakinak kudeatzeko (edo, ekoizlearen erantzukizun zabalduaren esparruan, hondakinak kudeatzeko garatzen diren beste sistema batzuetarako) ezartzen diren sistemekin sinatzen diren hitzarmenen ondorioz Nafarroako Gobernuari sustapen eta komunikazio ekintzetarako zuzenean egindako ekarpenak, eta, bidezkoa denean, toki entitateek helburu horietarako erabiltzen ez dituztenak.

h) Hondakinak kudeatzeko lanak finantzatzeko beste edozein ekarpen.

4. Hondakinen Funtsa kudeatzeko, antolatzeko eta banatzeko irizpideak Nafarroako Gobernuak ezarriko ditu erregelamendu bidez.

43. artikulua. Hondakinen Funtsaren xedea.

“Hondakinen Funtsa” izeneko aurrekontu-partida banatzeko modua ingurumenaren arloko eskumenak dituen departamentuak erabakiko du urtero, Nafarroako Hondakinen Erakunde Publikoari kontsulta egin ondoren, hondakinen hierarkiako goiko mailadiak lehenetsiz eta helburuak betetzea eta ingurumen premiak kontuan hartuta, hondakinen fluxu bakoitzak hartarako egiten duen ekarpen ekonomikoaren proportzioan eta honako arlo hauen arabera:

a) Hondakinen sorrera prebenitzeko ekintzak sustatzea.

b) Hondakinen kudeaketaren arloko ikerketa eta garapena, ekodiseinua barne.

c) Sentsibilizazioa, komunikazioa, lagun egitea, heziketa eta prestakuntza.

d) Berrerabilerarako prestatzeko jarduketak.

e) Ekonomia zirkularra sustatzeko eta aldaketa klimatikoaren aurka borrokatzeko jarduketak, hondakinei dagokienez.

f) Gaikako bilketa sistemak hobetzea.

g) Birziklatzeko eta balorizazio materialerako sistemak optimizatzea edo hobetzea.

h) Hondakinen arloko boluntario lanak.

i) Hondakinen ondorioz andeatutako eremuak berreskuratzea.

j) Hondakinak kudeatzeko instalazioen trazabilitate, kontrol eta estandarizazio sistemak hobetzea.

k) Sorreragatiko ordainketa ezartzea.

VI. TITULUA. Nafarroako hondakinen ekoizpenaren eta kudeaketaren erregistroa

44. artikulua. Sorrera.

Honen bidez Nafarroako hondakinen ekoizpenaren eta kudeaketaren erregistroa sortzen da, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 39. artikuluan ezarritakoarekin bat.

45. artikulua. Inskribatu beharra.

1. Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen eta hura garatzeko araudiaren ondoriozko komunikazio eta baimenak Nafarroako hondakinen ekoizpenaren eta kudeaketaren erregistroan inskribatuko dira eskuduna Nafarroako Foru Komunitatean ingurumen arloan eskumena duen organoa denean.

2. Honako hauek ere inskribatu beharko dira:

a) Eraikuntzako eta eraispeneko hondakinen edukitzaileak (edukitzailea-eraikitzailea), Nafarroako Foru Komunitateko lurraldean eraikuntzako eta eraispenetako hondakinen sorrera eta kudeaketa arautzen dituen martxoaren 28ko 23/2011 Foru Dekretuarekin edo horren ordez emandako arauekin bat.

b) Lege honek indarra hartzen duen egunerako, hondakinen ekoizle edo kudeatzaile gisa erregistraturik dauden instalazioak eta jarduerak, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen zortzigarren xedapen iragankorrarekin bat. Inskripzio hori ofizioz eginen du Nafarroako hondakinen ekoizpenaren eta kudeaketaren erregistroa kudeatzeaz arduratzen den administrazio-organoak.

46. artikulua. Idazpen motak.

Nafarroako hondakinen ekoizpenaren eta kudeaketaren erregistroan agertuko diren idazpenak II. eranskinean azaltzen dira, baita erregistro horretan inskribatzeko modua ere. Eranskin hori behar den foru aginduaren bidez eguneratuko da.

47. artikulua. Ondorioak.

1. Aurretiazko komunikazioa behar duten entitate eta enpresen kasuan, Nafarroako hondakinen ekoizpenaren eta kudeaketaren erregistroan egindako inskripzioak indarra izanen du eskatzen den dokumentazioa behar bezala aurkeztutakoan, deusetan galarazi gabe instalazioak edo jarduerak aritzeko behar dituen gainerako baimenak edo betebeharrak.

2. Hondakinen kudeatzaile-baimena behar duten entitate edo enpresen kasuan (tratamenduaren kudeatzaileak edo ustiatzaileak), Nafarroako hondakinen ekoizpenaren eta kudeaketaren erregistroan egindako inskripzioak indarra izanen du baimena eman dela jakinarazi ondoren, deusetan galarazi gabe instalazioak edo jarduerak aritzeko behar dituen gainerako baimenak edo betebeharrak.

3. Hondakinen kudeatzaile-baimena behar duten instalazioen kasuan, Nafarroako hondakinen ekoizpenaren eta kudeaketaren erregistroan egindako inskripzioak indarra izanen du behar bezala aurkezten denean instalazioa edo jarduera abian jartzearen gaineko erantzukizunpeko adierazpena edo balio bereko agiria.

4. Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 39. artikuluan ezarritakoarekin bat, Nafarroako hondakinen ekoizpenaren eta kudeaketaren erregistroan inskribatzen diren guztiak horretarako sortutako erregistro estatalean sartuko dira.

48. artikulua. Publizitatea.

Nafarroako hondakinen ekoizpenaren eta kudeaketaren erregistroa Nafarroako Gobernuaren web-orrian egonen da ikusgai, kontsulta publikoak egiteko.

VII. TITULUA. Hondakinen garraioa

49. artikulua. Nafarroaren barruan garraioak egiteko araubidea.

Estatuaren barruan hondakinak garraiatzeko arauak ematen dituen martxoaren 13ko 180/2015 Errege Dekretuaren bigarren xedapen gehigarrian ezarritakoarekin bat, eta ingurumen arloan eta administrazio-prozeduraren arloan dauden arauekiko koherentzia, homogeneotasuna eta trazabilitatea bermatzeko asmoz, Nafarroako Foru Komunitatean, orokorrean, arau hori aplikatuko da Nafarroako lurraldean soilik gabe egiten diren garraioetarako. Horrelakoetan, honako betebehar hauek bete beharko dira, baita araudia garatzeko emanen den foru aginduan ezartzen direnak ere.

50. artikulua. Trazabilitatearen gaineko betebehar orokorrak.

Nafarroako Gobernuaren web-orrian aplikazio bat jarriko da hondakinen ekoizpenaren eta kudeaketaren artxibo kronologikoa kontsultatu ahal izateko. Artxibo hori Nafarroako hondakinen ekoizpenaren eta kudeaketaren erregistroan inskribatutako instalazio guztiek erabiltzen ahalko dute. Artxibo horren alternatiba gisa, ekoizpenerako eta kudeaketarako instalazioek nork bere artxibo fisikoa edo telematikoa eduki dezakete. Artxibo kronologikoetan, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 40. artikuluan ezarritako gutxieneko edukia jaso beharko da.

51. artikulua. Hondakinen isurketarako eta errausketarako instalazioen kontrola.

1. Hondakinen trazabilitate eta kontrol egokia bermatzeko, hondakindegiek eta errausketa-instalazioek betebehar hauek izanen dituzte:

a) Artxibo kronologikoaren kopia bat igortzea hiru hilean behin, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 40. artikuluan ezarritako gutxieneko edukia izanen duena. Orobat, jasotako/tratatutako hondakin kopurua adierazi beharko da, tonatan emana. Hori guztia ingurumen arloko organoari igorri beharko zaio aurreko hiruhileko naturala bukatu eta 30 egun naturaleko epearen barruan, harik eta Nafarroako Gobernuaren web atariaren barrenean artxibo kronologiko telematikoa ezarri arte. Hiru hilean behingo kopia horri instalazioetan jasotako hondakinen kopurua egiaztatzeko beste agiri batzuk erantsiko zaizkio, bidezkoa denean (mapa topografikoak, bolumenak, etab.).

b) Instalazioen sarreran baskula bat edukitzea, tratamenduaren prozesuetako sarrera-irteerak kontrolatu ahal izateko. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak sarbide telematikoa izanen du baskula horietara. Aurretiko tratamendu-eragiketaren bat egiten duten isurketa-instalazioetan nahitaezkoa izanen da hondakinak pisatzea aurretratamendu horren aurretik eta ondotik.

2. Zilegi izanen da artikulu hau garatzea ingurumenaren arloko eskumena duen departamentuko titularraren foru agindu baten bidez, instalazioen kontrol egokia bermatu ahal izateko.

3. Hondakinak ezabatzeko instalazio bakoitzaren ingurumen baimenean, instalazioaren funtzionamendua ezarriko da trazabilitate eta kontrol egokia bermatzeko.

52. artikulua. Tramitazio estandarizatua.

Titulu honetan araututako tramiteak Nafarroako Foru Komunitate osorako agiri estandarizatuen bidez eginen dira. Agiri horien formatua autonomia erkidegoekin eta ministerio eskudunarekin adostutako ereduaren araberakoa izanen da.

VIII. TITULUA. Lurzoru kutsatuak eta hondatuak

53. artikulua. Lurzoru kutsatuak eta lurzoru hondatuak.

1. Lurzoru kutsatuen kontzeptuari, subjektu erantzuleei, lurzoru kutsatuaren deklarazioari eta horren ondorioei dagokienez, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean ezarritakoari jarraituko zaio.

2. Titulu honen ondorioetarako, hauxe izanen da lurzoru hondatua: ezarritako edo kalkulatutako erreferentziazko maila generikoak gainditu arren, arrisku onargarria duena harentzat aurreikusitako erabilerarako.

54. artikulua. Lurzoruaren kalitateari buruzko deklarazioa egiteko prozedurak.

Ingurumenaren arloan eskumena duen departamentuko titularraren foru aginduaren bidez, honako hauek ezarriko dira:

a) Lurzoruaren kalitateari buruzko deklarazioa egiteko prozedurak. Haren bidez, lurzoruak kutsatuak, hondatuak, ez kutsatuak edo ez hondatuak deklara daitezke.

b) Lurzoruen edukitzaile edo jabe diren pertsona fisiko edo juridikoen betebeharrak.

c) Lurzoruaren kalitatea berreskuratzeko neurrien nondik norakoak eta neurriak betearazteko arduradunak.

d) Lurzoruak bere onera ekarri direla egiaztatzeko prozedura.

55. artikulua. Lurzoruaren kutsadurari lotutako zerrendak eta inbentarioak, jendeak kontsultatu ahal izateko.

Nafarroako Gobernuaren web-orrian honako zerrenda eta inbentario hauek jarriko dira jendeak kontsultatu ahal izateko:

a) Kutsagarriak izan daitezkeen jardueren zerrenda.

b) Kutsagarria izan daitekeen jardueraren bat duten edo izan duten lurzoruen inbentarioa.

c) Lurzoru hondatuen inbentarioa.

d) Lurzoru kutsatuen inbentarioa.

56. artikulua. Hondakindegi izandako lurrak.

1. Hondakinak hondakindegietan utziz ezabatzea arautzen duen abenduaren 27ko 1481/2001 Errege Dekretuak indarra hartu zuenerako jarduera bukatua zuten hondakindegiak, ingurumen baimenik ez bazuten, foru lege honen ondorioetarako, lurzorua kutsatzen ahal duten jarduerak dituzten edo izan dituzten lurzoruei aplikatu beharreko araubide orokorraren menpe geldituko dira, lurzoru horien ingurumen egoeratik sortutako ondorioak barne.

2. Foru lege honen ondorioetarako, ezin da inola ere lurzoru bat etxebizitza gisa erabili ahal izateko gai deklaratu, edo hiri-erabilerarekin parekatu daitekeen beste erabilera batzuetarako gai, baldin eta lur horietan kontrolik gabeko hondakin biltegi bat egon bada, edo hondakin arriskutsuak izan dituen hondakindegi bat, edo gasak sortu edo arazo geoteknikoak eragin ditzaketen hondakinak dituena (etxeko hondakinen hondakindegiak, adibidez).

57. artikulua. Erreferentziazko maila generikoak.

Foru lege honen III. eranskinean jaso dira Nafarroako Foru Komunitateko lurraldeko lurzoruetako erreferentziazko maila generikoak metal astunetarako eta, orobat, arriskuen balorazioa behar duten lurzoruak zehazteko oinarrizko parametro gisa erabiltzen diren beste aztarna-elementu batzuetarako, maila horien arabera, behar izanez gero, lurzoru kutsatuaren deklarazioa egin ahal izateko.

III. Eranskinean jasotakoari aurrerantzean egiten zaizkion eguneratzeak ingurumenaren arloan eskumena duen departamentuko titularraren foru agindu bidez onetsiko dira.

IX. TITULUA. Ingurumen legezkotasuna lehengoratzea

58. artikulua. Jarduerak legeztatzea.

1. Ingurumenaren arloko eskumenak dituen departamentuak jakiten badu hondakinak tratatzeko eragiketak egiten dituen instalazioren bat jardunean ari dela hondakinen kudeatzaileen nahitaezko baimena izan gabe edo hondakinak tratatzeko eragiketak egiten ari direla hondakinen kudeatzaileen baimena izan gabe, jarduera hori eteteko agindua eman dezake, eta, horrekin batera, honako jarduketa hauetako bat eginen du:

a) Instalazioa legeztatzerik badago, jardueraren titularrari bere egoera erregulariza dezala eskatuko dio, behar den baimena lortuz edo aurretiazko komunikazioa aurkeztuz, eta epe bat emanen dio prozedura horri ekiteko. Epe hori ez da hiru hilabetetik gorakoa izanen, behar bezala justifikatutako kasu berezietan izan ezik. Hondakinak tratatzeko jarduerak baimenik gabe egiten dituzten pertsona fisiko edo juridikoekin berdin jokatuko da.

b) Instalazioa baimentzerik ez badago, aplikatzekoa zaion indarreko araudia urratzen duelako, behin betiko itxiko da, aurretiaz interesdunari entzunda.

59. artikulua. Kautela eta eteteneurriak.

1. Ingurumen arloko legezko egoera bere onera itzuliko dela lortzeko, administrazio publiko eskudunak beharrezkoak diren kautela-neurriak hartzen ahalko ditu.

2. Arrazoi hauetakoren bat gertatzen denean, ingurumen arloko eskumenak dituen departamentuak ahalmena izanen du, prebentzio neurri gisa, hondakinen kudeatzaileen baimena eduki beharra edo aurretiazko komunikazioa aurkeztu beharra duen edozein instalazio edo jarduera geldiarazteko, interesdunari entzunaldia eman ondoren:

a) Hondakinen kudeatzaile lanetan hastea behar den baimena izan gabe edo aurretiazko komunikazioa aurkeztu gabe.

b) Datuak ezkutatzea, faltsutzea edo maltzurki manipulatzea baimena emateko prozeduran edo komunikazioari erantsitako dokumentazioaren aurkezpenean.

c) Hondakinen kudeatzaile gisa aritzeko ezarritako ingurumen arloko baldintzak ez betetzea edo urratzea.

d) Ingurumenari kalte larri edo konponezinak eragin dakizkiokeela edo pertsonentzako zein ondasunetarako berehalako arriskua dagoela uste izateko pisuzko arrazoiak daudenean, harik eta hori uste izateko zirkunstantziak desagertu arte; neurriak hartu ahalko dira arriskuak egiaztatu edo murrizteko.

60. artikulua. Neurri zuzentzaileak nahitaez betearaztea.

Hondakinak tratatzeko eragiketak hondakinen kudeatzaileen baimena izan gabe egiten dituen instalazio baten titularra den pertsona fisiko edo juridikoak uko egiten badio neurri zuzentzaileren bat ezartzeari, ingurumen arloko eskumenak dituen administrazioak ahalmena izanen du, aurretiaz ohartarazpena eginda, neurri zuzentzaile horiek subsidiarioki betearazteko, erantzulearen kargura, instalazioa jardunean egon, edo aldi baterako etena, edo behin betiko itxita; gainera, egintza subsidiario horren ondoriozko gastuak premiamendu-bidetik eskatzen ahalko ditu.

61. artikulua. Egoera hondatua lehengoratu beharra.

1. Hondakinen kudeaketari lotutako jarduera baten funtzionamenduaren ondorioz baimenduta ez dagoen aldaketaren bat eragiten bada, pertsona fisiko edo juridiko erantzuleak hondatutako egoera lehengoratu edo berrezarri beharko du, aldaketaren aurretik zegoen bezala utzita, eta, hala badagokio, eragindako kalte eta galerengatik dagokion ordaina ordaindu, deusetan galarazi gabe bidezko diren zehapen penal edo administratiboak.

2. Ingurumenaren arloko eskumenak dituen departamentuak hondatutako egoera lehengoratzeko edo balio bereko ingurumen ondorioak dituzten konpentsazio neurriak aplikatzeko modua eta beharrezko jarduketak zehaztuko ditu, lan horiek hasi eta bukatzeko epeak finkatuta eta, behar izanez gero, dagokion kalte-ordaina ordaintzeko epea zehaztuta.

3. Artikulu honetan aipatutako lehengoratu beharra eta kalte-ordaina ordaindu beharra honako hauetan ezartzen ahalko dira:

a) Jarduerak legeztatzeko prozedurari bukaera ematen dion ebazpenean.

b) Zehapen prozedurari bukaera ematen dion ebazpenean.

c) Egoera lehengoratu eta kalte-ordaina ordaindu beharra ezartzen duen prozedura berariazkoari bukaera ematen dion ebazpenean.

62. artikulua. Egoera lehengoratu eta kalteordaina ordaindu beharra ezartzeko prozedura.

1. Baimenduta ez dagoen aldaketaren bat eragin dela frogatuz gero edo horren zantzurik hautemanez gero, ingurumenaren arloko eskumenak dituen departamentuak berariazko prozedura bat irekitzen ahalko du kalterik ba ote dagoen eta zenbaterainokoak diren egiaztatzeko eta hondatutako egoera lehengoratu beharra eta, hala badagokio, eragindako kalte eta galerengatik ordaina ordaindu beharra ezartzeko.

2. Prozedura hori ezin izanen da hasi baldin eta gertakari eta subjektu berberak ikertzeko beste zehapen-prozedura bat irekita badago.

3. Egoera lehengoratu eta kalte-ordaina ordaindu beharraren erabakia kalteak eragiten direnetik hamabost urteko epean egiten ahalko da, kalteek jabari publikoko ondasunak edo babes bereziko eremuak ukitzen dituztenean izan ezik, halakoetan akzioa preskribaezina izanen baita.

4. Egoera lehengoratu eta kalte-ordaina ordaindu beharra ezartzeko prozedura ofizioz hasiko du ingurumen arloko eskumenak dituen departamentuak, eta administrazio-prozedura erkideari buruzko legedian ezarritakoari jarraikiz gauzatuko da; prozeduraren edozein unetan foru lege honetan aurreikusitako behin-behineko eta kautelazko neurriak hartzen ahalko dira, betiere erantzuleei entzunaldia emanda.

5. Zigor arloko ebazpen irmoen bidez eta administrazio-bidea amaitzen duten zehapen-prozeduren ebazpenen bidez frogatutzat hartzen diren egitateak lotesleak izanen dira egoera lehengoratu eta, hala badagokio, kalte-ordaina ordaindu beharra ezartzeko berariazko prozeduran hartzen diren ebazpenetarako.

6. Egoera lehengoratzeari buruzko determinazioetan ukitutako ingurunea jatorrizko egoerara ekartzeko behar diren elementuak zehaztuko dira, baita lehengoratzeko modua eta metodoak eta neurri horiek gauzatzeko epea ere, eta, orobat, ohartaraziko da ezen, erabakia bete ezean, nahitaez betearaziko dela, aurretik ohartarazita.

7. Bidezko diren kalte-ordainak finkatzen dituen ebazpenean, behartua dagoen pertsonak borondatez ordaintzeko epea ezarriko da; epe hori bukatuta, nahitaez betearazten ahalko da, premiamendu-prozedura administratiboari jarraikiz.

63. artikulua. Ingurumenkalteak.

Ingurumen-kalterik eragiten bada, Ingurumen arloko Erantzukizunari buruzko urriaren 23ko 26/2007 Legean ezarritakoari jarraikiz jokatuko da, edo horretarako ematen den araudiari jarraikiz.

64. artikulua. Hertsapenisunak eta betearazpen subsidiarioa.

1. Egoera lehengoratu edo berrezarri beharra edo ingurumen-kalteak eragiteagatik dagokion kalte-ordaina ordaindu beharra betetzeko ezarritako epeak bukaturik, ingurumen arloko eskumenak dituen departamentuak hertsapen-isunak ezartzea erabakitzen ahalko du, edo lanak subsidiarioki betearaztea erantzulearen kontura.

2. Eragindako kalte eta galeren ordaina, baita betearazpen subsidiarioaren gastuak ere, premiamendu-bidetik eskatzen ahalko dira.

I. KAPITULUA. Subjektu erantzuleak

65. artikulua. Arauhausteen subjektu erantzuleak.

1. Titulu honetan araututako arau-hauste administratiboen oinarri diren egintzengatiko zehapena jasotzen ahal dute, doloa edo errua dela eta, haien erantzule diren pertsona fisiko edo juridikoek, foru lege honetan eta bere garapenerako arauetan ezarritakoarekin bat, deusetan galarazi gabe erantzukizun zibilak eta zigor eta ingurumen arloetakoak, bidezkoak direnean.

2. Legezko betebehar bat betetzea pertsona bati baino gehiagori badagokio, solidarioki erantzun beharko dute egiten dituzten arau-hausteengatik eta ezartzen zaizkien zehapenengatik. Dena dela, zehapena diruzkoa bada, ebazpenean, ahal izanez gero, banakatu eginen da, erantzule bakoitzak izan duen parte-hartze mailaren arabera.

3. Honako kasu hauetan, nolanahi ere, erantzukizuna solidarioa izanen da:

a) Hondakinen ekoizleak, hasierako edukitzaileak edo kudeatzaileak foru lege honetan aipatutakoez beste pertsona fisiko edo juridiko bati entregatzen dizkionean.

b) Erantzule bat baino gehiago direnean, eta ezinezkoa bada zehaztea bakoitzak zenbateraino parte hartu duen arau-haustean.

II. KAPITULUA. Arau-hausteak eta zehapenak

66. artikulua. Hondakinen arloko arauhausteak.

1. Hondakinen arloko arau-hauste dira Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean halakotzat hartzen direnak, baita foru lege honetan xedatutakoari aurka egiten dioten egintzak eta ez-egiteak ere. Arau-haustea da, orobat, mendekotasun- edo lotura-harreman bat duten subjektuek ez betetzea hondakinen arloko arau-hausteei aurrea hartzeko betebeharra.

2. Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean adierazitako baimena ingurumen baimen integratu batean edo beste ingurumen baimen baten barruan sartuta badago, azken baimen horri aplikatu beharreko ingurumen arloko legedian ezarritako zehapen-araubidea erabiliko da.

67. artikulua. Hondakinen arloko zehapenak.

Hondakinen arloko arau-hausteengatik jartzen ahal diren zehapenak Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean ezarritakoak dira.

68. artikulua. Arauhausteen eta zehapenen preskripzioa.

1. Arau-hauste oso larriek bost urteren buruan preskribatuko dute, larriek hiru urteren buruan, eta arinek urtebeteren buruan.

2. Arau-haustea egiten den egunetik beretik hasiko da kontatzen arau-hausteen preskripzio epea; arau-hauste etengabe edo iraunkorren kasuan, jarrera arau-hauslea bukatzen denean hasiko da kontaketa.

3. Interesduna jakitun delarik zehapen-prozedura administratibo bat hasten bada, preskripzio epea eten eginen da, baina zehapen-espedientea hilabetetik gora geldirik egoten bada ustezko arau-hausleari ezin egotzi zaion arrazoiren bategatik, preskripzio epeak aurrera jarraituko du.

4. Arau-hauste oso larriengatik ezarritako zehapenek bost urteren buruan preskribatuko dute, arau-hauste larriengatik ezarritakoek hiru urteren buruan, eta arau-hauste arinengatik ezarritakoek urtebeteren buruan.

5. Zehapena ezartzen duen ebazpena irmo bihurtu eta biharamunetik hasiko da kontatzen zehapenen preskripzio epea.

6. Preskripzioa eten eginen da baldin eta, interesduna jakinaren gainean egonda, exekuzio-prozedura hasten bada, baina arau-hausleari egotz ezin dakizkiokeen arrazoiengatik exekuzio-prozedura hilabetetik gora geldirik badago, preskripzio-epea martxan jarriko da berriz.

7. Zehapena jartzen duen ebazpenaren aurka gora jotzeko errekurtsoa jarri, eta presuntziozko ezespena gertatzen denean, errekurtsoa ebazteko legez ezarritako epea bukatu eta biharamunetik hasiko da kontatzen isunaren preskripzio epea.

69. artikulua. Zehapenak pilatzea.

1. Egitateak eta oinarri juridikoak berberak izanik, pertsona fisiko edo juridiko arau-hauslea zehatzen ahal baldin bada foru lege honetan xedatutakoaren arabera edo aplikatzekoa den beste lege batean edo gehiagotan xedatutakoaren arabera, litezkeen zehapenen artean larriena ezarriko zaio.

2. Zigor edo administrazio arloko zehapena jaso duten egitateak ezin izanen dira berriz zehatu, baldin eta berberak baldin badira subjektuak, egitateak eta oinarriak.

3. Ustezko arau-haustea delitu edo falta izan badaiteke, zehapen-prozedura administratiboa hasi, eta Fiskaltzari igorriko zaio, eta une horretantxe eten eginen da zehapen-prozeduraren tramitazioa, harik eta agintari judizialek prozedura amaitzen duen ebazpen irmoa eman arte, edo jarduketak artxibatu edo largetsi arte, edo Fiskaltzak espedientea itzuli arte. Delitu edo faltarik ez dagoela iritziz gero, administrazio-organo eskudunak zehapen-espedientearekin aurrera segituko du. Epaileen ebazpen irmoan egiazkotzat hartzen diren egitateak lotesleak izanen dira administrazio-organoarentzat epaileen erabakiaren ondotik segitzen den prozeduraren tramitazioan.

70. artikulua. Zehapenen mailaketa.

1. Zehapenak jartzeko orduan, begiratuko da jartzen den zehapena egokia eta beharrezkoa dela eta arau-haustetzat hartzen den egitatearen larritasunaren araberakoa dela. Hala, zehapena mailakatzeko, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legean ezarritako irizpideak erabiliko dira. Gainera, irizpide hauek hartuko dira kontuan:

a) Ingurumenari zein pertsonen osasunari eragindako kalteak, edo haien segurtasunerako sortutako arriskua.

b) Arau-haustea eginez lortutako onura.

c) Arau-hauslearen ahalmen ekonomikoa.

d) Aringarri modura hartuko da espedientea hasi baino lehen neurri zuzentzaileak hartu izana arau-haustetzat jotako jarduera jakin baten ondorioz ingurumenari eragindako ondorio kaltegarriak gutxitzeko edo konpontzeko asmoz.

2. Arau-hausle bakar batek arau-hauste bat baino gehiago egin izana ondorioztatzeko moduko egintza bat baino gehiago egin baditu, zenbat arau-hauste egin dituen, horrenbeste zehapen ezarriko zaizkio.

3. Organo eskudunak zehapenik baxuena ezar dezake, baldin eta behar bezala justifikatuta badago kontuan harturik aplikatu beharreko isunaren larritasuna, arau-haustetzat hartutako egitatea eta inguruabarrak.

4. Baldin eta egitate batzuk arau-haustetzat hartzen badira arau-haustetzat hartzen diren beste batzuk egiteko tresna edo baliabide izan direlako, eta, horrenbestez, batzuk bestearen ezinbesteko ondorio direnean, egindako arau-hauste larrienari dagokion zehapena baizik ez da jarriko.

5. Aurretik prestatutako plan bati segituz edo aukera bera aprobetxatuz, egintza edo ez-egite asko egin izana, zehapenen ondorioetarako, etengabeko arau-haustetzat hartuko da, betiere administrazio-agindu bera edo antzekoak urratzen badira.

71. artikulua. Zehapenaren murrizketa.

1. Behin zehapen-prozedura hasita, ustez erantzulea den pertsonak isuna borondatez ordaintzen badu ebazpena eman aurretik, %50 murriztuko da proposatutako isunaren zenbatekoa.

2. Isuna borondatez ordaintzeak berekin ekarriko du prozedura bukatzea, eta hori eraginkorra izanen da baldin eta uko egiten bazaio administrazio-bidean edozein ekintza edo errekurtso jartzeari zehapenaren aurka.

72. artikulua. Ordezko ingurumenprestazioa.

1. Behin zehapen-prozedura hasita, ustezko erantzulea den pertsonak aukera izanen du, isun gisako zehapenaren ordez, ingurumenari on eginen dion ingurumen arloko lehengoratze, kontserbazio edo hobekuntza prestazio bat eskatzeko, isuna jartzeko eskumena duen organo eskudunak ezartzen dituen baldintzak eta moduak betez. Zehapenaren ebazpena jakinarazi ondoren ere, bidezko izanen da isun gisako zehapenaren ordez ingurumen-prestazio bat eskatzea hilabeteko epean.

2. Isun gisako zehapenaren ordez ordezko ingurumen-prestazio bat eskatzeko prozedura ingurumenean eragina duten jarduerak arautzen dituen araudian ezarritakoa izanen da.

73. artikulua. Hondakinen arloko zehapenen lotura.

Tramitatzen den zehapen-prozedura zein den ere, hondakinen arloko arau-hausteengatik Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak ezartzen dituen isun gisako zehapenak Nafarroako Aurrekontu Orokorren “Hondakinen Funtsa” izeneko partidan sartuko dira. Horren ondorioetarako, hor konputatuko dira hala ingurumen arloan eskumena duten organoek borondatezko aldian biltzen dituzten kopuruak, nola ezarritako isunen ondorioz diru-bilketa organoek epe exekutiboan sartzen dituztenak.

74. artikulua. Zehapenen publizitatea eta Arauhausleen Erregistroa.

1. Arau-hauste oso larriak egiteagatik ezartzen diren zehapen irmoak bidezko diren bide ofizialen bidez emanen dira argitara.

2. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak ebazpen irmo bidez zehatzen dituen pertsona fisiko eta juridikoak Nafarroako Foru Komunitateko ingurumen arloko araudiaren hausleen Erregistroan inskribatuko dira.

III. KAPITULUA. Zehapen prozedura

75. artikulua. Prozedura.

Hondakinen arloko arau-hausteak egiteagatik bidezko diren zehapenak jarri aurretik, behar den prozedura tramitatuko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legean xedatutakoarekin bat.

76. artikulua. Prozedura iraungitzea.

1. Zehapen-prozeduran ebazpena emateko eta jakinarazteko epea urtebetekoa izanen da, espedientea hasteko administrazio-ebazpena ematen den egunetik hasita.

2. Ebazteko eskumena duen organoak, bidezko arrazoiren bat baldin badago, aplikatu beharreko gehieneko epea luzatzen ahalko du administrazio-ebazpen arrazoitu baten bitartez. Luzapena, gehienez, hasieran ezarritako epearen erdia izanen da.

77. artikulua. Zehatzeko ahalmena.

1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak izanen du zehatzeko ahalmena noiz eta arau-hausteak berari esleitutako eskumenen esparrukoak diren, eta, betiere, etxeko hondakinen kudeaketaren gaineko arau-hausteak ez badira.

2. Arau-hausteak etxeko hondakinen kudeaketaren gainekoak direnean, toki entitateek izanen dute zehatzeko ahalmena, nork bere eskumenen arabera.

78. artikulua. Organo eskudunak.

1. Foru lege honetan araututako arau-hausteengatik zehatzeko ahalmena Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eskumena denean, honako hauei egokituko zaie zehapen-prozedurak ebaztea:

a) Arau-hausteak arinak edo larriak badira, ingurumen arloko eskumenak dituen zuzendaritza nagusiaren ardura duen pertsonari.

b) Arau-hauste oso larriak badira, ingurumen arloko eskumenak dituen departamentuko titularrari. Dena dela, 600.000 eurotik gorako isuna dakarten arau-hauste oso larriak direnean, eskumena Nafarroako Gobernuarena izanen da.

2. Zehatzeko ahalmena toki entitateen eskumenekoa bada, tokiko araudian ezartzen den organo eskudunak izanen du zehatzeko eskumena.

Lehen xedapen gehigarria .–Nafarroako Hondakinen 20172027 Plana.

Nafarroako Hondakinen 2017-2027 Plana foru lege honen II. tituluko bigarren kapituluan ezarritakoari jarraikiz berrikusiko da.

Bigarren xedapen gehigarria .–Nafarroako Hondakin Planaren edukia.

I. eranskinean, Nafarroako Hondakinen Plana prestatzeko eredu bat ageri da, aurkibide gisa, deusetan galarazi gabe foru lege honetan agertzen ez diren beste elementu batzuk sartzeko aukera.

Hirugarren xedapen gehigarria .–Foru lege honen helburuak betetzeko behar diren baliabideen zuzkidura.

Nafarroako Gobernuak ingurumen arloko departamentu eskudunari behar diren giza baliabideak eta baliabide materialak emanen dizkio foru lege honen helburuak betetzeko.

Laugarren xedapen gehigarria .–Azterlan teknikoak, demostrazioesperientziak eta GIIS (gordailu, itzulketa eta itzulera sistema) proiektu pilotuak egitea, Nafarroako Ingurumen Kontseiluaren eta zuzenean nahiz zeharka ukitutako alde guztien partehartze aktiboarekin.

Nafarroako Gobernuak, 2 urteko epean, foru lege honen 26. artikuluaren 5. apartatuan aipatutako azterlan teknikoak eta gordailu, itzulketa eta itzulera sistemaren demostrazio-esperientziak eginez lortutako emaitzak eta ondorioen txostenak aurkeztuko ditu. Horien prestaketan ukitutako alde guztiek parte hartuko dute (udalak, mankomunitateak, enpresak, fabrikatzaileak, kontsumitzaileak, sindikatuak, banaketa-kateak, saltoki txikiak, ostalariak eta ontzien hondakinen egungo kudeatzaileak).

Bosgarren xedapen gehigarria .–Hondakinen kudeaketarako azpiegitura edo instalazioak dituzten udalerriei eman beharreko kalteordaina.

Hondakinen kudeaketarako instalazioak edo azpiegiturak dituzten edo instalazio edo azpiegitura berriak sortzen dituzten udalerriei kalte-ordainak emanen zaizkie interes orokorrari egiten dioten ekarpenaren eta emandako ingurumen-zerbitzuaren ordainketaren kontzeptuan. Halakoak erregelamenduz zehaztuko dira, aipatutako instalazioen dimentsioen arabera eta entitate horiek hondakinen kudeaketa zuzenerako ekarpena dela-eta hartzen duten zama sozial eta ingurumen-zama gehigarria dela-eta egiten den balorazioaren arabera.

Seigarren xedapen gehigarria .–Hondakin mineralak, granularrak eta monolitikoak erabiltzea lehengoratze operazioetarako.

Foru lege honek indarra hartu eta urtebeteko epean, azterlan bat eginen da beren ezaugarri fisikoengatik eta lixibatze-ezaugarriengatik erauzte-jarduerek andeatutako espazioak lehengoratzeko —ingurumenari eta pertsonei hondeatutako lurren eta harrien erabileraz beste arrisku gehigarririk eragin gabe— erabil daitezkeen hondakin mineralen erabileraren bideragarritasun teknikoari eta ingurumen-bideragarritasunari buruz.

Zazpigarren xedapen gehigarria .–Etxeko hondakinen kudeaketan ezinbestez bete beharreko autosufizientziaren eta hurbiltasunaren printzipioak aplikatzea.

2023ko urtarrilaren 1etik aurrera, tresna fiskal berriak gaituko dira, deuseztatzeko edo errausteko azpiegituretara bideratutako etxeko hondakinen garraioa proportzionaltasunez zergapetze aldera.

Zortzigarren xedapen gehigarria .–Hondakinak hondakindegian ezabatzearen eta erraustearen gaineko zerga aplikatzea foru lege honetako etxeko hondakinen eta hondakin industrialen fluxurako.

Foru lege honen V. tituluko lehen kapituluan arauturiko hondakinak hondakindegian ezabatzearen eta erraustearen gaineko zerga mailaz maila ezarriko da. Horrekin lotuta, 37.1. artikuluko a) eta b) apartatuetan aurreikusitako karga-tasa tonako 5 eurokoa izanen da 2018ko ekitaldian eta tonako 10 eurokoa 2019ko ekitaldian. Berriz, 2020ko urtarrilaren 1ean tonako 20 eurokoa izanen da.

Lehenengo xedapen iragankorra .–Nafarroako Hondakinen Erakunde Publikoa sortzea eta Nafarroako Hondakin Solidoen Tratamendurako Partzuergoa desegitea.

1. Nafarroako Gobernuak, foru lege honek indarra hartzen duenetik sei hilabeteko epean, Nafarroako Hondakinen Erakunde Publiko bat sortzea sustatuko du, foru lege honen 15. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

Nafarroako Hondakinen Erakunde Publikoa sortzeak berekin ekarriko du Nafarroako Hiri Hondakinen Tratamendurako Partzuergoa desegitea, aplikatu beharreko araudian ezarritakoarekin bat.

2. Nafarroako Hondakinen Erakunde Publikoa sortu bitartean, Nafarroako Hiri Hondakinen Tratamendurako Partzuergoak bere gain hartuko ditu foru lege honek aipatu erakundeari esleitzen dizkion eginkizunak hondakinak hondakindegian ezabatzearen eta erraustearen gaineko zergaren kudeaketari, Hondakinen Funtsa urtero banatzeko nahitaezko kontsultari eta gainerako lankidetza- eta aholku-eginkizunei dagokienez.

Zehazki, hori gertatzen den bitartean, Partzuergoak bere gain hartuko ditu aldi baterako Erakunde Publikoari esleitutako zenbait eginkizun, hala nola zerga-oinarria zehaztea eta hondakinen pisaketa-datuak aitortu eta frogatzea, zeinak 36.2. eta 38.3. artikuluetan aipatzen baitira, hurrenez hurren.

Bestalde, eta epemuga berberarekin, Erakunde Publikoari esleitutako eginkizuna, zergaren autolikidazioa, diru-sarrera eta banaketa egitekoa (34.1.a), 38.1. eta 38.4. artikuluetan jasotzen da), Partzuergoak beteko du haren kide diren entitateen ordezkari gisa. Denbora-tarte berean, Iruñerriko Mankomunitateak bere izenean eginen ditu berak hondakindegietan deuseztatzeko ematen dituen hondakinengatik dagozkion zergaren autolikidazioa eta diru-sarrera egiteko eginkizunak.

Bigarren xedapen iragankorra .–Toki entitateetako ordenantzak.

Foru lege honek indarra hartzen duenetik urtebeteko epean, toki entitateek beren ordenantzak aldatu beharko dituzte, 20., 24. eta 27. artikuluetan hondakinen prebentzioari eta kudeaketari buruz ezarritakoari egokitzeko. Ordenantzarik izan ezean, foru lege honetan eta berau garatzeko arauetan ezarritakoa aplikatuko da.

Xedapen indargabetzaile bakarra.–Arauak indargabetzea.

Indarrik gabe uzten dira foru lege honetan ezarritakoaren kontrakoak diren xedapen guztiak, eta, berariaz, honako hauek:

1. 312/1993 Foru Dekretua, urriaren 13koa, Hondakin Toxikoen eta Arriskutsuen Ekoizle Txikien Erregistroa arautzen duena.

2. 295/1996 Foru Dekretua, uztailaren 29koa, hondakin berezien kopuru txikien bilketa kontrolatzeko araubide erraztua ezartzen duena.

3. Martxoaren 28ko 23/2011 Foru Dekretuaren 11. artikulua. Foru dekretu horren bidez Nafarroako Foru Komunitateko lurraldean eraikuntzako eta eraispenetako hondakinen sorrera eta kudeaketa arautu ziren.

Azken xedapenetan lehenengoa .–Araugintzagarapena.

Nafarroako Gobernuari ahalmena ematen zaio foru lege hau garatzeko behar diren xedapenak eman ditzan, bai, orobat, foru lege hau benetan betetzen dela eta aurreikuspenak benetan ezartzen direla bermatzeko behar diren neurriak har ditzan.

Azken xedapenetan bigarrena .–Indarra hartzea.

Foru lege honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Dena dela, hondakinak hondakindegian ezabatzearen eta erraustearen gaineko zergari buruzko aurreikuspenek 2018ko uztailaren 1ean hartuko dute indarra.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako Aldizkari Ofizialean berehala argitara eta “Estatuko Aldizkari Ofizialera” igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezatela manatzen diet.

Iruñean, 2018ko ekainaren 18an.–Nafarroako Foru Komunitateko lehendakaria, Uxue Barkos Berruezo.

I. ERANSKINA. Nafarroako hondakinen planaren aurkibidea

I. ERANSKINA

1. Justifikazioa eta aplikazio esparrua.

1. 1. Justifikazioa.

1. 2. Aurrekariak.

1. 3. Prebentzio Programaren eta Kudeaketa Planaren edukia.

1. 4. Aplikazio eremua.

2. Erreferentziako esparrua eta plangintzarako printzipioak.

2. 1. Europako araudia.

2. 2. Estatuko araudia.

2. 3. Foru araudia.

2. 4. Beste plan eta programa batzuekiko lotura.

2. 5. Korrespondentziak.

2. 6. Europar Batasunak hondakinen arloko politikarako emandako gomendioak: Ekonomia zirkularra eta aldaketa klimatikoa.

2. 7. Enplegua.

2. 8. Hondakinen aprobetxamendu energetikoa.

2. 9. Kutsatzaile organiko iraunkorren ezabaketa.

2. 10. Landa garapena. Nekazaritzako eta abeltzaintzako hondakinak.

2. 11. Erosketa eta kontratazio publiko berdea eta berrikuntzakoa.

2. 12. Fluxuen eta joeren bilakaera etorkizunean.

2. 13. Hondakinei buruzko legegintza-proposamen berrikusiak.

2. 14. Plangintzarako printzipio orokorrak.

2. 15. Gobernamendu ona.

3. Tramitazioa eta parte-hartzea.

3. 1. Tramitazio administratiboa.

3. 2. Herritarren parte-hartze prozesua.

3. 3. Jendaurrean jartzea. Alegazioak Planari.

4. Egungo egoera.

4. 1. Sarrera.

4. 2. Fluxuak

4. 3. Jarraipena eta kontrola.

4. 4. Komunikazioa.

4. 5. Berdintasuna.

4. 6. Enplegua.

4. 7. AMIA analisia.

5. Helburu estrategikoak.

5. 1. Sarrera.

5. 2. Helburu estrategikoak.

6. Prebentzio Programa eta Kudeaketa Plana.

6. 1. Sarrera.

6. 2. Prebentzio Programa.

6. 3. Hondakinen Kudeaketa Plana.

6. 4. Komunikazioa.

6. 5. Hondakinen jarraipena eta kontrola.

6. 6. Aukera-berdintasuna.

6. 7. Enplegua.

6. 8. Planaren helburuen, neurrien eta ekintzen laburpena.

6. 9. Hondakinen sorrerari eta kudeaketari dagokienez aurreikusten den egoera.

6. 10. Azpiegiturei dagokienez aurreikusten den egoera.

6. 11. Azpiegiturak kokatzeko irizpideak.

6. 12. Karbono-aztarna.

7. Gobernamendua eta Planaren jarraipena.

7. 1. Udalen eskumeneko hondakinen gobernamendua.

7. 2. Planaren jarraipena eta berrikuspena.

8. Aurrekontua.

8. 1. Sarrera.

8. 2. Diru-sarrerak eta gastuak.

ERANSKINAK

1. eranskina.–Helburuen, neurrien eta ekintzen taula.

2. eranskina.–Akronimoen zerrenda eta bibliografia.

3. eranskina.–Herritarren parte-hartze prozesuaren gaineko txostena.

4. eranskina.–Jasotako alegazioak eta egindako zuzenketak.

II. ERANSKINA. Nafarroako hondakinen ekoizpenaren eta kudeaketaren erregistroan inskribatzeko eta idazpenak egiteko modua

II. ERANSKINA

A) Idazpenak.

MOTA

KODEA

Urtean 10 tonatik gora hondakin arriskutsu ekoizten dituzten instalazioak

P01

Urtean 10 tona hondakin arriskutsu edo gutxiago ekoizten dituzten instalazioak

P02

Urtean 1.000 tonatik gora hondakin ez arriskutsu ekoizten dituzten instalazioak

P03

Eraikuntzako eta eraispeneko hondakinen edukitzaile-eraikitzailea

P05

Hondakin arriskutsuak tratatzeko instalazioa (R1-R12, R14/D1-D14)

G01

Hondakin arriskutsuak biltzeko instalazioa (R13/D15)

G02

Hondakin ez arriskutsuak tratatzeko instalazioa (R1-R12, R14/D1-D14)

G04

Hondakin ez arriskutsuak biltzeko instalazioa (R13/D15)

G05

Aparatu elektriko eta elektronikoen hondakinen plataforma logistikoak

G06

Hondakin arriskutsuak/ez arriskutsuak kudeatzeko lanak egiten dituzten pertsona fisiko edo juridikoak (tratamenduko kudeatzailea edo ustiatzailea)

E01/E02

Hondakin arriskutsuen/ez arriskutsuen kudeatzaileak

A01/A02

Hondakin arriskutsuen/ez arriskutsuen tratulariak

N01/N02

Hondakin arriskutsuen/ez arriskutsuen garraiolariak

T01/T02

Ekoizlearen erantzukizun zabalduaren sistema indibidualak

SIR

Ekoizlearen erantzukizun zabalduaren sistema kolektiboak

SCR

Borondatezkoak diren motak

Urtean 1.000 tonatik behera hondakin ez arriskutsu ekoizten dituzten instalazioak

P04

Hondakinen edukitzailea, oro har

P05

B) Inskribatzeko modua:

Inskripzioak honela eginen dira:

a) Instalazio bat hondakinen kudeatzaile gisa inskribatua baldin badago G0X moten barnean, ez da beharrezkoa izanen hondakinen ekoizle gisa erregistratzea (P0X), Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 29.4 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

b) Instalazio bat erregistroan inskribatua baldin badago P01 edo P02 motako hondakin arriskutsuen ekoizle gisa, urtean 1.000 tonatik gora hondakin ez arriskutsuen ekoizle gisa ere inskribatu beharko da (P03), bidezkoa bada, eta alderantziz.

c) Urtean 1.000 tonatik behera hondakin ez arriskutsu baizik sortzen ez duten instalazioek eta hondakinen edukitzaileek, erregistratuak egon beharrik ez badute baina hondakinak garraiatzeko dokumentazio elektroniko eta estandarizatua tramitatu behar badute, zilegi dute borondatez eskatzea Nafarroako hondakinen ekoizpenaren eta kudeaketaren erregistroan inskribatzea, P04 eta P05 motetan, hurrenez hurren.

III. ERANSKINA. Metal astunetarako eta giza osasunarentzako beste aztarna-elementu batzuetarako erreferentziazko maila generikoak Nafarroako Foru Komunitateko lurzoruetarako

III. ERANSKINA

ELEMENTUA

INDUSTRIA LUR-ZORUA
(mg/kg)

HIRI LURZORUA
(mg/kg)

LURZORUAREN BESTE ERABILERA BATZUK
(mg/kg)

VR 90
(mg/kg)

Antimonioa

310b

31

4a

4

Artsenikoa

32a

32a

32a

32

Barioa

10000c

6200b

620a

620

Berilioa

1110b

111

18

3

Kadmioa

90b

9b

0,9a

0.   9

Kobaltoa

230b

23

21a

21

Kobrea

4500b

450b

45a

45

Kromoa

2100b

210

144a

144

Eztainua

10000c

10000c

2088

9

Manganesoa

10000c

10000c

1336a

1336

Merkurioa

10b

1b

0.   1

0,1

Molibdenoa

100b

10b

1

2

Nikela

5900b

590b

59a

59

Zilarra

60b

6b

0.   6

0,2

Beruna

2730b

273

70a

70

Selenioa

200b

20b

2a

2

Talioa*

1

Banadioa

3560b

356

163a

163

Zinka

10000c

2600b

271

132

a Elementuaren VR90-a; b Albokotasunaren irizpidea aplikatuz; c Murrizketenaren irizpidea aplikatuz.

(*) Ez da erreferentziako mailarik kalkulatu, elementu honetarako balio toxikologikoak eztabaidagarriak direlako 2009ko irailetik aurrera. Dena dela, VR90 delakoa erabil daiteke kokagune bat hondatu ote den ondorioztatzeko.

Iragarkiaren kodea: F1808004

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web