(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

38/2018 FORU AGINDUA, MARTXOAREN 13KOA, OGASUNEKO ETA FINANTZA POLITIKAKO KONTSEILARIAK EMANA, ZEINAREN BIDEZ ONESTEN BAITA SOZIETATEEN GAINEKO ZERGAREN ETA ESTABLEZIMENDU IRAUNKORREI DAGOKIEN EZ-EGOILIARREN ERRENTAREN GAINEKO ZERGAREN AUTOLIKIDAZIORAKO S-90 EREDUA, 2017KO URTARRILAREN 1ETIK ABENDUAREN 31RA BITARTEAN HASITAKO ZERGALDIETARAKO, ETA AITORPENAK AURKEZTEKO ARAUAK EMATEN BAITITU

BON N.º 58 - 22/03/2018



Atariko

Sozietateen gaineko zergaren subjektu pasiboak, zerga hori arautzen duen abenduaren 28ko 26/2016 Foru Legearen 75. eta 76. artikuluetan ezarritakoarekin bat, beharturik daude zergaren aitorpena aurkeztera, haren diru-sarrera zehaztu eta egitera eta behar diren dokumentu eta frogagiriak aurkeztera, Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilariak ezarritako tokian eta moduan.

Nafarroako Zerga Ogasunaren esparruan baliabide elektroniko, informatiko eta telematikoen (EIT) erabilera arautzen duen uztailaren 17ko 50/2006 Foru Dekretuak Nafarroako Zerga Ogasunaren esparruan tributuen aplikaziorako teknika elektroniko, informatiko eta telematikoen ugaritzeari eta hobetzeari heltzen die, alde batetik zergapekoek errazago bete ahal izateko zerga-betebeharrak (bai materialak bai formalak), eta bestetik, errespetatzeko haien eskubideak eta bermeak, eta, azkenik, tributuen aplikazioan Administrazioaren eraginkortasuna areagotzeko.

Beraz, Nafarroako Zerga Ogasunak aitorpenen aurkezpen telematikoaren arloan duen esperientziaren arabera, eta kontuan izanik zergapekoek gero eta gehiago eskatzen dutela teknologia berriak erabili ahal izateko aukera Zerga Administrazioarekin dituzten harremanetan, xedatzen da, aurreko ekitaldietan bezala, bide telematikoa izan dadila sistema bakarra S-90 eredua aurkezteko, foru agindu honen bidez onesten den eredua, hain zuzen ere.

Foru agindu honetan Interneten bidezko aurkezpen telematikoa egiteko baldintza orokorrak eta prozedura finkatzen dira. Gainera, Nafarroako Zerga Ogasunak prestatu duen laguntza programa erabiltzen ez duten zergapekoek bidali beharreko aitorpen-likidazioen fitxategiek eduki beharreko erregistroen diseinuak zehazten dira. Aipatutako erregistroen diseinuak Nafarroako Zerga Ogasunaren web orrialdean zehazten dira, Interneteko helbide honetan: http://www.hacienda.navarra.es.

Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Hitzarmen Ekonomikoan xedatutakoaren arabera bi administrazioei ordaintzen dieten eta Nafarroakoaz besteko araudia aplikatzen duten sozietateen gaineko zergaren eta ez-egoiliarren errentaren gaineko zergaren (establezimendu iraunkorra) subjektu pasiboei dagokienez, fitxategi bat bide telematikoak erabiliz beharko ahalko dituzte aitorpenak. Fitxategi hori araudia aplikatzen duen administrazioak eredu bakoitzarentzat zehazten dituen erregistro diseinuetara egokituko zaie.

S-90 eredua egokitu egin behar da, alde batetik, Sozietateen Gaineko Zergari buruzko abenduaren 28ko 26/2016 Foru Legeak ekartzen dituen aldaketetara.

Hartan, 24/1996 Foru Legean araututako neurri fiskal pizgarri nagusiak mantendu dira, eta pizgarri berriak gehitu dira, hots, kengarri batzuetarako aplikazio muga kentzea eta ekintzailetza babesteko neurriak hobetzea. Gainera, iruzur-jarduerei bukaera emateko, iruzur fiskalaren kontrako zenbait xedapen sartzen dira, bai barne eremurako bai nazioarteko eremurako. Barne eremuan iruzur fiskalaren kontra borrokatzeko ezarri diren neurrien artean, nabarmentzekoa da honako gastu hauen kengarritasuna mugatu egiten dela: bezeroekiko edo hornitzaileekiko harreman publikoen ondoriozkoak, ohiturak direla-eta enpresako langileekin egiten direnak, eta ondasun-salmenta edo zerbitzu-ematea zuzenean edo zeharka sustatze aldera egindakoak. Orobat, mugak jartzen dira garraio elementuen erabilerak ekarritako gastuak gastu fiskaltzat hartzeari dagokionez.

26/2016 Foru Legeak ekarritako berritasunen artean, honako hauek dira nabarmentzekoak: ondare entitate kontzeptua gehitzen da, berekin baitakar entitateak ez duela jarduera ekonomikorik egiten, eta, orobat, berekin baitakar, besteak beste, enpresa txiki edo mikroenpresa jo ezin izatea, eta, horretaz gain, zergapetze bikoitzagatiko salbuespena aplikatzean murriztapenak izanen dira, baita likidazio-oinarri negatiboak konpentsatzeko mugak ere; orobat, sozietateen gaineko zergan sartzen dira merkataritza xedea duten sozietate zibilak eta eraldaketako nekazaritza sozietateak, zeinek utziko baitiote errentak pertsona fisikoen errentaren gaineko zergan tributatzeari; zerga-oinarrien eremuan, ezartzen da aktiboen balio-galtzearen ondoriozko galerak ezin direla kenkari izan (salbuespenekin), eta, orobat, ez direla kengarriak izanen entitateen kapitaleko edo funts berekietako partaidetzaren balio adierazgarrien eta zorren balio adierazgarrien balio-galerak; tributu zorraren eremuan, zehazki kenkarien atalean, kenkari berri bat gehitu da, bai sozietateen gaineko zergaren zergadunentzat bai ez-egoiliarren errentaren gaineko zergaren zergadunentzat, baldin establezimendu iraunkor baten bidez operatzen badute eta beste zergadun batzuek egindako ikerketa, garapen edo berrikuntza teknologikoko proiektuen finantzaketan parte hartzen badute. Horrez gain, kenkari berri bat ezartzen da, pizgarriak eman nahirik ibilgailu elektrikoak eros daitezen eta, haien erabilerarako nahitaezko elementu diren aldetik, haientzako karga-sareak instala daitezen.

Eragiketa lotuen eremuan ere berritasunak sartzen dira, entitate ukituek prestatu beharreko berariazko dokumentazioari dagokionez; eduki sinplifikatua izanen du negozio zifraren zenbateko garbia 45 milioi eurotik behera duten entitateentzat edo entitate taldeentzat, eta ez da beharrezkoa izanen zenbait eragiketari dagokienez. Horrekin loturik, adierazi behar da S-90 eredutik kendu egin dela eragiketa lotuetarako atala, izan ere informazio hori dagokion aitorpen informatiboan jasoko da.

Azkenik, foru lege honek proposatzen dituen alderdi berritzaileenetako bat da zergapetze bikoitzaren tratamendua. Dibidenduen tratamendu fiskalari buruzko Europako Batzordeak 2010/4111 irizpen arrazoitua eman ondoren, beharrezkoa da zergapetze bikoitza eliminatzeko mekanismoa berrikustea. Salbuespen orokorreko araubide bat ezartzen da partaidetza adierazgarrietarako, aplikatzekoa dena bai hemen bertan bai nazioartean, eta bigarren arlo horretan eliminatzen da jarduera ekonomikoan aritzeari buruzko beharkizuna, nahiz eta gutxieneko tributazioari dagokion beharkizun bat gehitzen den; hain zuzen ere, ehuneko 10eko tasa nominala. Nazioarteko zergapetze bikoitza saihesteko hitzarmen bat zein herrialderekin sinatu den, herrialde horiekin betekizun hori beterik dagoela ulertzen da.

Bestalde, Zenbait zerga aldatu eta beste tributu-neurri batzuk hartzeko abenduaren 27ko 16/2017 Foru Legeak sartutako aldaketetara egokitu behar da eredua.

Aldaketa horien artean honako hauek dira nabarmentzekoak: tributu-zorra zehazteko esparruan, irabazi asmorik gabeko mikroenpresentzako karga-tasa murriztuko da; 100eko 19 tributatuko dute. Hala, horien arteko bazterkeria desagertuko da, izan ere 100eko 23 tributatzen zuten, eta irabazi asmorik gabeko mikroenpresek 100eko 19. Kenkarien eremuan, kenkaria handitzen da kirol jarduera edo lehiaketetako babes-kontratuetatik heldutako publizitate-gastuetarako, baldin jarduera horietan emakumeek soilik parte hartzen badute edo lehiatzen badira, eta, orobat, energia berriztagarriak erabiltzen dituzten instalazioetako inbertsioetarako kenkaria ere handitzen da.

Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren zazpigarren xedapen gehigarrian baimena ematen zaio Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilariari foru agindu bidez arautu dezan zergadunek eta entitateek zein kasu eta baldintzatan aurkezten ahal dituzten baliabide elektroniko, informatiko eta telematikoen bitartez aitorpenak, jakinarazpenak, aitorpen-likidazioak, autolikidazioak edo tributuen arloko araudiak eskatutako beste agiri guztiak.

Horrenbestez,

AGINDU DUT:

1. artikulua . Establezimendu iraunkorrei dagokien ezegoiliarren errentaren gaineko zergaren eta sozietateen gaineko zergaren autolikidazioaren eredua (S90) onestea.

1. Sozietateen gaineko zergaren eta establezimendu iraunkorrei dagokien ez-egoiliarren errentaren gaineko zergaren autolikidaziorako S-90 eredua onesten da, 2017ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean hasitako zergaldietarako.

Eredu horren argibide osagarrien zatiak estatistiketarako bakarrik balioko du.

2. Subjektu pasibo guztiek baliabide telematikoak erabiliz aurkeztu behar dute S-90 eredua, zeinahi delarik eragiketen bolumena, 4. artikuluan ezarritako baldintza orokorrei eta 5. artikuluan ezarritako prozedurari jarraikiz.

2. artikulua . Aitorpena egiteko betebeharra.

Honako hauek daude behartuak aitorpena S-90 ereduari jarraituz egitera: sozietateen gaineko zergaren subjektu pasiboak, zerga hori arautzen duen 26/2016 Foru Legearen 10. artikuluan aipatzen direnak, baldin Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Hitzarmen Ekonomikoaren 18. artikuluan xedatutakoaren arabera Nafarroako foru araudia aplikatzen badute, bai eta establezimendu iraunkorrei dagokien ez-egoiliarren errentaren gaineko zergaren zergadunak ere, baldin aipatu Hitzarmen Ekonomikoaren 28. artikuluan xedatutakoaren arabera Nafarroako foru araudia aplikatzen badute.

Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Hitzarmenaren 18. artikuluan ezarritakoaren arabera bi administrazioei ordaintzen dieten eta Nafarroakoaz besteko araudia aplikatzen duten subjektu pasiboek dagozkien autolikidazioak aurkeztu beharko dituzte 4.3 artikuluan xedatuari jarraikiz.

3. artikulua . Aurkezteko epea, eta ordaindu edo itzultzeko modua.

1. Subjektu pasiboek zergaldia bukatu eta hurrengo bosgarren hilabeteko lehenengo egunetik zazpigarren hilabeteko hogeita bosgarren egunera arte doan epearen barnean aurkeztu beharko dute aitorpena, hala Nafarroako foru araudia, nola Nafarroakoaz besteko araudia aplikatu behar denean.

Aurreko paragrafoan aipatzen denaren arabera, subjektu pasiboek, haien aitortzeko epea foru agindu honek indarra hartu eta hurrengo hogeita bosgarren egun naturala baino lehen amaitu bada, foru aginduak indarra hartu eta hurrengo hogeita bost egun naturalen barrenean aurkeztu beharko dute aitorpena.

2. Subjektu pasiboak, aitorpena aurkezten dutenean, behartuta egonen dira autolikidaziotik ateratako tributu-zorra Nafarroako Zerga Ogasunaren laguntzaile den edozein finantza entitatetan sartzera. Diru-sarrera egiteko “712 ordainketa-gutuna” eredua erabiliko da. Gainera, Nafarroako Zerga Ogasunak ordaintzeko onartzen duen beste edozein bide erabiliz egin dezakete diru-sarrera.

Egindako autolikidaziotik dirua itzultzeko ateratzen bada, adierazi beharko da zein entitate eta kontutan ordaindu behar den, aitorpenak horretarako duen atalean.

4. artikulua . Autolikidazioen aurkezpen telematikorako baldintza orokorrak.

1. S-90 ereduaren aurkezpen telematikoa egiteko, baldintza hauek bete beharko dira:

a) Aitortzaileak identifikazio fiskaleko zenbakia eduki beharko du (IFZ).

b) Aitortzaileak ziurtagiri elektronikoa eduki beharko du, Nafarroako Zerga Ogasunak onartua, Nafarroako Zerga Ogasunaren esparruan baliabide elektroniko, informatiko eta telematikoen (EIT) erabilera arautzen duen uztailaren 17ko 50/2006 Foru Dekretuan ezarrita dagoenari jarraikiz.

Ziurtapen zerbitzuen emaileak eta baimenduta dauden ziurtagiri elektronikoak dagokien atalean aipatzen dira; Interneteko http://www.hacienda.navarra.es helbidetik abiatuta iristen ahal da atal horretara.

c) Aitorpenak, komunikazioak eta zerga arloko beste agiri batzuk hirugarren pertsonen izenean telematika bidez aurkezteko eta tributu zorren ordainketa telematika bidez tramitatzeko kanpo-lankidetzarako akordioa onesten duen ekainaren 29ko 130/2009 Foru Aginduan xedatutakoarekin bat, aitorpenak hirugarrenen izenean egiteko baimenduta dagoen pertsona edo entitate bat baldin bada aurkezlea, Nafarroako Zerga Ogasunak aurreko b) letran adierazitakoaren arabera onartutako ziurtagiri elektronikoa eduki beharko du.

d) Aitortzaileak edo, bidezkoa bada, aurkezle baimendunak, igorri beharreko aitorpena jasotzen duen fitxategia lortzeko laguntza-programa bat erabili beharko du aurretik. Laguntza-programa hori Nafarroako Zerga Ogasunak S-90 ereduko aitorpenetarako prestatu duena edo formatu bereko fitxategi bat sortzen duen beste bat izan daiteke.

Fitxategi horien edukia Nafarroako Zerga Ogasunaren web orrialdean ezarritako erregistro diseinuetara egokituko da (http://www.hacienda.navarra.es).

e) Aitortzaileek aurkezpen telematiko hori egiteko eskatzen diren arau teknikoak bete beharko dituzte. Arau horiek Nafarroako Zerga Ogasunaren web orrialdean daude ikusgai, Interneteko http://www.hacienda.navarra.es helbidean.

2. Telematika bidez igortzen diren aitorpenetan akats formalen bat atzematen denean, sistemak berak emanen dio horren berri aitortzaileari errore-mezuen bitartez, behar diren zuzenketak egin ditzan.

3. Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Hitzarmen Ekonomikoan xedatutakoaren arabera bi administrazioei ordaintzen dieten eta Nafarroakoaz besteko araubidea aplikatzen duten subjektu pasiboei dagozkien autolikidazioak honela aurkeztuko dira:

a) Nafarroako Foru Komunitatean aurkeztu behar diren aitorpenak lortzeko, subjektu pasiboek Zerga Administrazioko Estatu Agentzian edo Euskal Autonomia Erkidegoko foru ogasunetan aurkeztutako aitorpenaren kopia bat gordeko dute, administrazio horiek eredu bakoitzarentzat zehazten dituzten erregistro diseinuetara egokitutako fitxategi informatikoan.

b) Aipatu fitxategi informatikoa telematika bidez igorriko da, Nafarroako Foru Komunitatean aurkezteko, eta dagokion diru-sarrera eginen da, edo itzulketa eskatuko, 3.2 artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

5. artikulua . S90 ereduari dagozkion aitorpenak eta beste administrazio batzuetan aurkeztutako aitorpenen kopiak Interneten bidezko baliabide telematikoekin aurkezteko prozedura.

a) S-90 ereduari dagozkion aitorpenak Interneten bidezko baliabide telematikoekin aurkezteko Nafarroako Zerga Ogasunak garatutako laguntza-programa erabiliz, honako urrats hauek egin beharko dira:

1. Aitorpena laguntza programa erabiliz bete.

2. Aitorpena bete ondoren, balidatu egin behar da aurkeztu aurretik.

3. Aitorpena balidatu ondoren, Interneten bidez igortzen ahalko da. Igorpen berean aitorpen bat baino gehiago sar daiteke, betiere eredu eta urte berekoak baldin badira.

4. Aitorpena igorri ondoren, sistemak erantzun eginen du ordainagiri-zenbakia eta aurkezpenaren eguna eta ordua emateko. Gero, igorpena balidatu eta prozesatu ondoren, haren emaitza egiaztatzen ahalko da, aitorpenak kontsultatzeko aplikazioari esker, Interneteko helbide honetan: http://www.hacienda.navarra.es.

b) Beste administrazio batzuetan aurkeztutako aitorpenen kopiak Interneten bidezko baliabide telematikoekin aurkezteko, prozesu honi jarraitu behar zaio:

1. Nafarroako Ataritik, Ogasunarekiko izapideen atalean sartu.

2. Egin beharreko aitorpenaren araudia eta eredua aukeratu, eta fitxategia inportatu.

3. Inportazioa egin ondoren, igortzeko aukera erabili. Aitorpena zuzen egina bada, sistemak balidatuko du. Akatsik atzemanez gero, datu-orriaren bidez emanen da horren berri, eta haiek zuzendu arte ezin izanen da aitorpena aurkeztu.

4. Lotea igorri ondoren, sistemak erantzunen du, hartu-zenbakia eta aurkezpenaren eguna eta ordua emanda. Gero, igorpena balidatu eta prozesatu ondoren, haren emaitza egiaztatzen ahalko da, aitorpenak kontsultatzeko aplikazioari esker, Interneteko helbide honetan: http://www.hacienda.navarra.es.

6. artikulua . S90 ereduari dagozkion aitorpenekin batera aurkeztu beharreko dokumentu eta egiaztagiriak.

S-90 ereduari dagokion aitorpenarekin batera agiriak aurkeztu behar dituzten subjektu pasiboek, aitorpena egiteko epearen barnean beteko dute agiriak eransteko betebehar hori, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako bideetako edozein erabiliz.

Subjektu pasiboek dokumentazio horren urtea eta erregistro zenbakia jarriko dituzte zergaren aitorpenean, horretarako prestatuta dauden laukitxoetan. Era berean, laukitxo horiek erabiltzen ahalko dituzte bertan adierazteko aitorpenerako dokumentazio osagarria beren kabuz aurkezten dutela.

Azken Xedapen Bakarra

Foru agindu honek 2018ko maiatzaren 1ean hartuko du indarra.

Iruñean, 2018ko martxoaren 13an.-Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilaria, Mikel Aranburu Urtasun.

Iragarkiaren kodea: F1803657

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web