(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

1/2018 FORU DEKRETUA, URTARRILAREN 10EKOA, EMAKUMEEN ETA GIZONEN ARTEKO BERDINTASUNAREN ARLOKO BERDINNA SARIA SORTZEN DUENA.

BON N.º 9 - 12/01/2018



Atariko

Emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna lortzea eta egungo gizartean emakumeak ahalduntzea funtsezkoak dira gizarte egonkorragoak eta bidezkoagoak eratzeko, nazioartean adostutako garapen, iraunkortasun eta giza eskubideen helburuak lortzeko eta emakumeen, gizonen eta komunitateen bizi-kalitatea hobetzeko.

Nafarroako Gobernuaren lehentasunezko helburuen artean, honako hauek daude: emakumeen eta gizonen arteko benetako berdintasun eraginkorra lortzea eragozten duten oztopoak desagerraraztea, arlo horretako aurrerapenak bultzatu eta sustatzea, eta gizarte bidezko, plural, moderno eta barneratzaileagoa lortzen laguntzen dutenak aintzatestea.

Horretarako, beharrezkoa da Nafarroako Foru Komunitateko legerian berdintasunerako aintzatespen bat sortu eta mantentzea, berdintasun hori aintzatetsi eta sustatzeko. Horrela, edozein sektoretan emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna bideratu, sustatu eta babesten duten ekintzak, ibilbideak edo pertsonak aintzatetsi nahi dira.

Irailaren 30eko 240/2015 Foru Dekretuak, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Departamentuari atxikitako Nafarroako Berdintasunerako Institutua erakunde autonomoaren estatutuak onesten dituenak, emakumeen eta gizonen arteko berdintasun politikak koordinatzeko eta kudeatzeko eskumenak esleitzen dizkio erakunde autonomo horri Nafarroako Foru Komunitatearen eremuan.

Institutuaren helburuak hauexek dira: emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna errazten duten baldintzak sustatzea, izatezko eta eskubidezko berdintasun osoa galarazten duten oztopoak kentzea, eta generoan oinarritutako bazterkeria eta desberdintasun guztiak desagerrarazten laguntzea (batez ere emakumeen aurkako indarkeria), horretarako programa eta baliabideak eta horiek garatzen laguntzen duten arau guztiak bultzatuz, kudeatuz eta finkatuz.

Horrenbestez, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilariak proposaturik, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearekin bat eta Nafarroako Gobernuak 2018ko urtarrilaren hamarrean egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua. Xedea eta ezaugarriak.

1. Foru dekretu honen xedea emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloko Berdinna Saria sortzea da, eta horren helburua, berriz, hauxe: Nafarroako Foru Komunitatean emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloan egindako lanagatik nabarmendu direnen jokaera azpimarratu eta publikoki aintzatestea.

2. Saria jasoko dute emakumeen eta gizonen arteko benetako berdintasuna bideratu, sustatu eta babesten duten ekintzak, lanak edo proiektuak egin dituzten pertsona fisikoek edo juridikoek edo, eremu horretan duten bizi edo lan ibilbidea ikusita, saria merezi dutenek.

3. Honako hauek osatzen dute saria: ohorezko bereizgarria, hiru mila euroko zuzkidura ekonomikoa eta Nafarroako Gobernuaren aintzatespen publikoa.

4. Saria urtero deituko da emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloan eskumenak dituen departamentuko titularraren foru agindu baten bidez. Foru agindu horretan, honako datu hauek jasoko dira: deialdiaren xedea, adjudikazio-irizpideak, hautagai-zerrendak aurkezteko tokia eta epea, eta sariaren adjudikazioa proposatuko duen epaimahaia (kideak).

2. artikulua. Hautagaien aurkezpena.

1. Pertsona fisikoek zein juridikoek proposatzen ahalko dituzte hautagaiak, betiere horrekin batera proposatutako pertsonaren merezimenduen berri emanez.

2. Hautagaia lan edo proiektu bat bada, lan edo proiektu horrek deialdiaren aurreko azken bi urteetan egina izan behar du.

3. artikulua. Epaimahaiaren osaera eta eginkizunak.

1. Berdinna Sariaren adjudikazioa proposatzeko, epaimahai bat eratuko da, epaimahaiburuak, epaimahaiburuordeak, epaimahaikideek eta idazkariak osatutakoa.

2. Epaimahaiburua emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloan eskumenak dituen Nafarroako Gobernuko departamentuko titularra izanen da.

3. Halaber, epaimahaiburuordea Nafarroako Berdintasunerako Institutuko Kudeaketa Zuzendaritzako titularra izanen da, eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloan eskumenak dituen departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiak hautatzen duena arituko da idazkari.

4. Epaimahaikideak honako hauek izanen dira:

a) Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren ordezkari bat.

b) Nafarroako Berdintasunerako Kontseiluaren bi ordezkari, kontseiluak bere kideen artean hautatuak. Horietako bat, gutxienez, Nafarroako Foru Komunitateko emakumeen elkarteen izenean hautatuko da.

c) Epaimahaikide bat, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak hautatua.

d) Aurreko deialdian saria irabazi zuen pertsona fisikoa edo juridikoa.

5. Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloan eskumenak dituen departamentuko titularraren foru agindu baten bidez ezarriko da epaimahaiaren osaera, eta Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren webgunean argitaratuko da saria eman baino lehen.

6. Epaimahaiari dagokio aurkeztutako hautagaiak baloratzea eta epaia proposatzea; epai hori Nafarroako Gobernuari igorriko zaio, saria nori eman erabaki dezan.

7. Epaimahaiak gehiengo soilaz hartuko ditu erabakiak, eta bakarrik hartuko dira kontuan bileretara doazen epaimahaikideek ematen dituzten botoak. Berdinketarik gertatuz gero, epaimahaiburuak ebatziko du kalitateko bere botoaren bidez. Idazkariak adosten diren jarduketa eta erabaki guztiei buruzko akta eginen du, eta deialdi honetako adjudikazio-irizpideei jarraikiz hartutako erabakia justifikatzen duten arrazoiak agertu beharko dira horietan.

4. artikulua. Saria ematea.

1. Nafarroako Gobernuak emanen du saria, epaimahaiak egindako proposamena ikusita.

2. Behin betiko adjudikatu baino lehen, epaimahaiak hautagai finalisten aurretiko hautaketa egiten ahalko du. Nafarroako Berdintasunerako Institutuak finalistak diren hautagaiei horren berri emanen die banan-banan, eta, finalisten zerrendaren berri ematen ahalko da. Dena dela, finalistek horri berariaz uko egiten ahalko diote, jakinarazpena egiten denetik bost eguneko epean, eta, hala denean, atzeratu eginen dira bai azken epaia bai emateko proposamena, aintzatespen publikorako ekitaldia egin arte.

3. Honako hauek izanen dira adjudikazio-irizpideak, saria deitzeko foru aginduan ezartzen diren berariazko irizpideez gain:

a) Proposatutako pertsona fisiko edo juridikoak emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloaren barnean jarduera garatu duen eremuan izandako ibilbidea.

b) Emakumeen lana edo horien ahalduntzea aintzatesteko edo emakumeen eta gizonen arteko eskubide eta aukera berdintasuna sustatzeko diren jarduketa, ekintza, lan edo proiektuen berezko garrantzia.

c) Jarduketa, ekintza, lan edo proiektuek edo proposatutako pertsonaren ibilbideak gizartean dituzten oihartzuna eta eragina.

4. Horretarako zehazten den egunean eginen da aintzatespen publikoa, Nafarroako Gobernuko Lehendakaritzak deitutako “Berdinna” saria emateko antolatzen den ekitaldi publikoan, eta, bertan ohorezko bereizgarria emanen da.

5. Berdinna Sariaren zenbatekoa ordainketa bakarrean emanen da, saria eman ondoren.

6. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak Berdinna Sariaren eta hura emateko prozesuaren berri emanen du bai Nafarroako Gobernuaren komunikazio bide ofizialetan bai hedabideetan.

Azken xedapenetako lehena. Garatzeko eta betearazteko gaikuntza.

Ahalmena ematen zaio Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Departamentuko titularrari foru dekretu hau garatzeko eta betearazteko behar diren xedapenak eman ditzan.

Azken xedapenetako bigarrena. Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2018ko urtarrilaren 10ean.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Uxue Barkos Berruezo.-Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilaria, Ana Ollo Hualde.

Iragarkiaren kodea: F1800529

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web