(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

16/2017 FORU LEGEA, abenduaren 27koa, zenbait zerga aldatu eta beste tributu-neurri batzuk hartzeari buruzkoa Nota de Vigencia.

BON N.º 249 - 30/12/2017



ZIOEN AZALPENA

Azken bi urteotan Foru Komunitateko tributuen diru-bilketa handitzen hasi da; hazkunde moderatua baina iraunkorra da, eta bi faktore nagusiri zor zaie. Batetik, Nafarroako Parlamentuak eta Nafarroako Gobernuak tributu arloan egindako arau aldaketak daude, munta handikoak. Bestetik, jarduera ekonomikoak izan duen hazkunde sendo eta nabarmena dago.

Tributuen diru-bilketaren hobekuntzari esker, zerbitzu publikoak indartu dira eta babes sozialaren, hezkuntzaren eta osasunaren gaietako politiken norabidea aldatu da, Nafarroako gizarteko sektore ahul eta zaurgarrietan zigorra eragin zuten murrizketa handiei buelta emateko.

Zerga-kontsolidazioari eta diru-bilketaren hobekuntzari eusteko eta horiek bizkortzeko, ezinbestekoa da tributu arloko neurriak hartzen jarraitzea, lagungarriak izan daitezen, beste elementu batzuekin batera, aurrekontuetako diru erabilgarria gehitzen, zerbitzu publikoak ere etengabe sustatu ahal izateko.

Alde horretatik, foru lege proiektu honek foru instituzioen aurrekontu politika sostengatzen dituzten tributu neurriak jasotzen ditu; politika horren zutabeak dira zerga-kontsolidazioa, diru-sarreren bolumenaren hobekuntza iraunkorra eta hartutako helburuak eta konpromisoak betetzea.

Foru lege proiektu honek zenbait arau aldatzen ditu: Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen Testu Bategina, ekainaren 2ko 4/2008 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsi zena; Ondarearen gaineko Zergari buruzko azaroaren 19ko 13/1992 Foru Legea; Sozietateen gaineko Zergari buruzko abenduaren 28ko 26/2016 Foru Legea; Oinordetza eta Dohaintzen gaineko Zergaren Testu Bategina, abenduaren 16ko 250/2002 Legegintzako Foru Dekretuak onetsia; Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorra; Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren Erakunde Autonomoen Tasa eta Prezio Publikoei buruzko martxoaren 27ko 7/2001 Foru Legea; Nafarroako Foru Komunitatean kultur mezenasgoa eta haren zerga-pizgarriak arautzen dituen maiatzaren 16ko 8/2014 Foru Legea; eta Ondare Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergaren Xedapenen Testu Bategina, apirilaren 26ko 129/1999 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsi zena.

Foru legearen egitura hauxe da: zortzi artikulu, xedapen gehigarri bat, bi xedapen iragankor eta bi azken xedapen.

Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko zergaren esparruan aldaketa ugari egiten dira. Hasteko, pertsonei eginiko kalteen ondoriozko erantzukizun zibilaren kalte-ordainak salbuetsirik egonen dira, bitartekaritzaren bidez adostutako zenbatekoan, Gai Zibil eta Merkataritzakoetako Bitartekaritzari buruzko uztailaren 6ko 5/2012 Legean ezarritakoaren arabera. Horren helburua da bitartekaritzaren institutua bultzatzea, ikusirik soluzio praktiko eta efektiboak ematen dituela aldeen arteko gatazka mota batzuetan, eta prozesu judizialaren alternatiba eraginkorra dela.

Desgaitasuna duten pertsonen hobekuntzari dagokionez, ezartzen da lan etekinetan ez direla gauzazko ordainsaritzat hartuko enpresak aseguru entitateei ordaindutako primak edo kuotak, langilearen, bere ezkontidearen edo bikote egonkorraren eta bere ondorengoen eritasunaren estaldurarako direnak, betiere desgaitasuna duten pertsonak badira eta ordaindutako prima edo kuota horiek, urtean, 1.500 eurotik beherakoak badira pertsona horietako bakoitzeko. Aldaketaren xedea da urteko muga 500 eurotik 1.500 eurora igotzea desgaitasuna duten pertsonen kasuan. Betebehar eta muga horiekin berekin, enpresen edo profesionalen jardueren etekinen eremuan, eritasunaren estaldurarako aseguru primengatik kengarria den gastua handitzen da, desgaitasuna duten pertsonen kasuan.

Pentsio planen esparruan, berriz, neurri garrantzitsua gehitzen da, 100eko 40ko murriztapena kentzen delako prestazioak kapital gisa jasotzen direnerako, betiere lehen ekarpenetik bi urte baino gehiago igaro badira. Komeni da gogoratzea neurri hau duela hamar urte ezarri zela estatuan.

Arau xedapen horrek ez du atzeraeraginik izanen, bi oinarri hauek dituen araubide iragankor bat ezartzen baita:

1. 2018ko urtarrilaren 1a baino lehenago gertatutako kontingentzietatik datozen pentsio planen prestazioek 2017ko abenduaren 31n indarra duen testuaren araberako 100eko 40ko murriztapena aplikatzen ahalko dute, baldin eta ezarritako baldintzak betetzen badituzte.

2. 2018ko urtarrilaren 1etik aurrera gertatzen diren kontingentzietatik datozen pentsio planen prestazioek, 2017ko abenduaren 31 arte egindako ekarpen eta kontribuzioei dagokien zatian, 2017ko abenduaren 31n indarra duen testuaren araberako 100eko 40ko murriztapena aplikatzen ahalko dute, baldin eta ezarritako baldintzak betetzen badituzte.

Horrez gain, kapital gisa jasotako prestazioetan lan etekina zehazteko murriztapenei dagokienez, ezartzen da 100eko 50eko egungo murriztapena mendekotasuneko aseguruen prestazioen ondoriozko etekinei ere aplikatuko zaiela. Horrela, mendekotasun aseguruen egoera baliaezintasun prestazioekin parekatzen da, mendekotasun kontingentziek eta baliaezintasunekoek antzeko ondorioak baitituzte eremu pertsonalean eta ekonomikoan.

Kapital higiezinaren etekinen tributazioan ere aldaketak daude, izaera orokorrarekin kentzen delako kapital higiezinaren etekin garbi positiboen 100eko 40ko murriztapena etxebizitzarako erabiltzen diren higiezinen errentamenduen kasuan. Dena den, mantendu egiten da 100eko 40ko murriztapena, etekinaren jatorria denean sozietate publiko instrumentalaren bitartekotza bidezko etxebizitza-alokairua, Nafarroan Etxebizitza izateko Eskubideari buruzko maiatzaren 10eko 10/2010 Foru Legeko 13. artikuluan arautua, eta pareko baldintzetan eginiko beste alokairu batzuk; betiere, etxebizitzaren titularrek Foru Ogasunaren aurrean konpromisoa hartzen badute bitartekotza-programari beren etxebizitza atxikitzeko, indarreko kontratua amaitzen denean.

Arau aldaketaren arrazoiak bi dira, funtsean:

Lehena.–Etxebizitza hutsak errentan emateko bitartekaritzarako programa publikoa sustatzen da tributuen eremutik, bai eta NASUVINSA sozietate publikoak kudeatutako “alokairu poltsa” deitutakoa ere. Errentamenduaren sistema hautatu dutenei etxebizitza duina eskuratzen laguntzea da helburua.

Bigarrena.–Zentzuzkoa da amaitutzat ematea etxebizitzatarako erabiltzen diren higiezinen errentamendutik etorritako etekinak aitortzera bultzatzeko egokitzat jo zen epeari; epe hori iruzurraren kontrako borrokaren esparruan ezarri zen, ezkutuko ekonomian sartuta zeuden etekinak azaleratzeko. Higiezinen merkatuari buruzko informazioa gaur egun nola erabili eta probesten den ikusita, erabaki hori har daitekeela irizten zaio, eta horrela errenta horien 100eko 40aren gaineko zergarik ez ordaintzeak dakarren diskriminazioa desagerraraziko da.

“Alokairu poltsa” delakoari bultzada ematearen helburu berarekin, NASUVINSA sozietate publikoa ez da beharturik egonen atxikipenik egitera, ez Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren kontura ez eta Sozietateen gaineko Zergaren kontura ere, aipaturiko errentamenduengatik ordainduriko etekinen gainean.

Era berean, aurrezkiaren likidazio oinarri bereziaren gaineko karga-tasen eskalako tarte bakoitza ehuneko 1 gehitzen da. Neurri horren bidez beste urrats bat egiten da zergapetzea parekatzeko aurrezkiaren errentetan eta likidazio oinarri orokorraren osagaietan.

Kuotaren kenkariei dagokienez, beste neurri adierazgarri bat hartzen da; alegia, ohiko etxebizitzan egindako inbertsioagatiko kenkaria desagertuko da, 2018ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin. Ohartarazi behar da, halere, gaur egungo araubide iragankorrak mantendu egiten direla.

Horrela, hamabosgarren xedapen iragankorrak indarra izanen du aurrerantzean ere; xedapen horrek ohiko etxebizitzarako inbertsioaren ondoriozko kenkariari aplikatu beharreko araubide iragankorra arautzen du, 2013ko urtarrilaren 1a baino lehen erosi edo birgaitutako etxebizitzetarako, bai eta data horren aurretik hasitako obra eta ordaindutako kopuruetarako ere.

Hamazazpigarren xedapen iragankorrak ere ez du indarra galduko; xedapen horrek ohiko etxebizitzako inbertsioagatiko kenkariari aplikatu beharreko araubide iragankorra arautzen du, 2013ko urtarrilaren 1etik 2015eko abenduaren 31 bitarte erositako etxebizitzen kasuan.

Aurreko horren ildotik, araubide iragankor berri bat ezartzen da, halatan 62.1 artikuluaren 2017ko abenduaren 31ko testu indardunak jasotako inbertsioetakoren bat 2016an edo 2017an egin duten subjektu pasiboek modua izan dezaten ohiko etxebizitzan eginiko inbertsioagatiko kenkaria aplikatzeko, 62.1 artikulu horri jarraikiz, 2018ko urtarrilaren 1etik aurrera kontzeptu horiexengatik ordainduriko kopuruengatik.

Bestalde, etxebizitza-arloan politika koherente bati eustearren, hau da, departamentuek eginiko politiken eta pizgarri fiskalen jardun koordinatua mantentzearren, egokitzat jotzen da Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergan salbuespen bat deklaratzea jabekide-erkidegoek zaharberritze babestuko obrak egite aldera jasotako diru-laguntza publikoentzat, baldin eta, betiere, diru-laguntza horiek egozten bazaizkie zergaldian 30.000 euro baino gehiagoko errentarik (salbuetsiak alde batera utzirik) ez duten subjektu pasiboei.

Etxebizitzaren arloko politiken esparruan adostasuna dago, halaber, lehentasunezkoa dela gazteei eta familia gurasobakarrei mesede egitea, harik eta errentamendurako etxebizitza babestuen parke publiko kopurutsu bat, moduzko errentak dituena, lortu arte.

Horregatik, igo egiten dira 30 urte baino adin baxuagokoek eta familia gurasobakarrek etxebizitza-alokairuagatiko kenkari kontzeptuan aplika ditzaketen zenbatekoak.

Kenkari pertsonal eta familiakoen esparruan, ehun euro handitzen da hiru urtetik beherako ondorengo bakoitzagatik aplikatzen ahal den kenkaria, adoptatuak barne. Igoera hori subjektu pasiboak zergaldian dituen errentak 30.000 eurotik beherakoak direnean egiten ahalko da soilik, salbuetsiak kontuan hartu gabe. Baterako tributazioan, errentek 60.000 eurotik beherakoak izan beharko dute.

Energia berriztagarrietako instalazioetan pizgarri gehiago emateko eta ibilgailu elektrikoetan oraindik ere inbertsio gehiago egiteko xedez, dauden kenkariak handitzen dira, eta berria den besteren bat gehitzen da, nola baita ibilgailu hibrido entxufagarrietako kenkaria.

Azkenik, zenbait hobekuntza tekniko egiten dira zergaren testuan, barne koherentzia areagotzeko, sozietateen gaineko zergaren igortze-oharrak eta aipamenak gaurkotzeko, berriki aldatu baita, eta zergaren kudeaketan atzemandako arazo batzuei konponbidea emateko.

Ondarearen gaineko zergan, aldaketa garrantzitsuena 33. artikuluan jasotako kenkariari dagokio, hau da, jarduera enpresarial edo profesional bat garatzeko beharrezkoak diren ondasun eta eskubideetan aplikatzen denari, subjektu pasiboak modu ohikoan, pertsonalean eta zuzenean betetzen duenean jarduera hori. Kenkari horretaz baliatuz, gaur egun zergaren kuotari ondasun, eskubideen eta entitateetako partaidetzen balioari zergaren kuotan dagokion zati proportzionalaren ehuneko 100 kenduko zaio, 1.000.000 euro bitarteko baliorako gehienez ere. 1.000.000 euroko balio horren gainekoari kuotan dagokion zati proportzionalaren kasuan, ehuneko 80ko kenkaria aplikatuko da.

Hau da aldaketa: 1.000.000 euroko balio horren gainekoari kuotan dagokion zati proportzionalaren kasuan aplikatuko den kenkaria ehuneko 80koa izatetik ehuneko 95ekoa izatera pasatzen dela. Horrela, aipatutako ondasun eta eskubideen tributazioa arinagoa izanen da.

Eta bestetik, ondarearen gaineko zergaren ezkutu fiskala deitutakoa murrizten da. Ezkutu fiskal horrek bi alderdi ditu. Bata, ondarearen gaineko zergaren kuotarako muga bat da. Muga horren arabera, zerga horren kuota osoa, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren kuota osoarekin batera, ez da izanen bigarren zergaren zerga-oinarriaren baturaren 100eko 65etik gorakoa.

Bi kuoten baturak 100eko 65eko muga gainditzen baldin badu, ondarearen gaineko zergaren kuota murriztuko da muga horretara iritsi arte; murriztapen hori ez da ehuneko 65etik gorakoa izanen. Aldaketaren ondorioz, murriztapen hori ez da 100eko 55etik gorakoa izanen. Azken batean, ondarearen gaineko zergaren ezkutu fiskalaren ahalmena apaltzen da.

Sozietateen gaineko zergaren kasuan, berritasun nabari batzuk dakartza proiektuak. Lehenengo eta behin, ez dira kengarriak izanen entitateetako partaidetzen eskualdaketan izandako galerak, baldin eta partaidetza horien eskualdaketan sortutako dibidendu eta gainbalioetatik etorritako errenta positiboen gaineko salbuespenerako eskubidea duten partaidetzak badira. Ez dira inola ere zerga-oinarrian sartuko paradisu fiskaletan edo tributazio apaleko lurraldeetan dauden entitateetako partaidetzatik etorritako galerak.

Aldaketaren xedea tratamendu simetrikoa ezartzea da, salbuespenerako eskubidea duten partaidetzen eskualdaketan lortutako errenta positiboen eta eskualdaketa horietan gerta daitezkeen errenta negatiboen artean. Horrela, errenta positiboak ez direnez integratzen zergapetze bikoitza kentzeko salbuespenaz baliatuz, salbuespena izan dezaketen partaidetzen eskualdaketetan gertatzen diren galerak ere ez dira kengarriak izanen (hori da berritasuna).

Arlo honetan hartzen diren neurriak Europar Batasunaren gomendioak dira, eta gure inguruko beste zerga administrazio batzuek ezarritakoen antzekoak, bereziki araubide erkideko lurraldean. Beste herrialde batzuetan ere, hala nola, Holandan, Belgikan, Alemanian eta Erresuma Batuan, helburu bera duten neurriak dituzte, alegia, zergapetze bikoitzagatiko salbuespena izan lezaketen partaidetza adierazgarrien eskualdaketetan gertatzen diren galerengatiko kenkaria mugatzea.

Aurreko neurriarekin lotuta, entitateetako partaidetzek izandako narriaduragatiko galeren tratamendu fiskala aldatzen da. Oro har ez dago aldaketarik: ibilgetu materialaren, ukiezinaren eta higiezinetako inbertsioen narriaduren kasuan bezala, kapitaleko edo funts berekietako partaidetza guztien narriadurak ez dira kengarriak izanen aurrerantzean ere, baina partaidetzen kasuan salbuespen bat egonen da hemendik aurrera.

Partaidetzetako narriadura bi motakoa izan daiteke. Batetik, partaidetza ez adierazgarriek, hau da, zergapetze bikoitzagatiko salbuespenaz baliatu ezin daitezkeenek izan dezaketen narriadura. Bestetik, partaidetza adierazgarriek, hau da, zergapetze bikoitzagatiko salbuespenaz balia daitezkeenek, izan dezaketen narriadura. Partaidetza ez adierazgarriak eskualdatzean, narriaduragatiko galerak 26. artikuluan adierazitako moduan izanen dira kengarriak, hau da, diferentzia aldi batekoa izanen litzateke, eta partaidetzen kontabilitate-balioa, sortzen dena, eta balio fiskala desberdinak direnean, diferentzia partaidetzen eskualdaketaren unean itzuliko da, kontrako zeinuarekin. Partaidetza adierazgarriak eskualdatzen direnean, ordea, narriaduragatiko galerak ez dira kengarriak izanen, diferentzia iraunkorra izanen delako eta ez delako inoiz itzuliko.

Bigarrenik, aldaketak egiten dira berrinbertsioagatiko salbuespenaren onura fiskalean. Aldaketaren xedea da onura fiskal horretan erabateko salbuespena desagertzea, eta eskualdaketan lortutako errenten 100eko 50era mugatzea. Hau da, zenbait baldintza betez gero, salbuespenak baloreetan egindako berrinbertsioaren egungo kasuan bezala jardunen du. Beraz, ibilgetu materialaren ondare elementuak -entitatearen ustiatze ekonomikoari atxikiak- kostu bidez eskualdatzean lortutako errenten 100eko 50 ez da zerga-oinarrian sartuko, betiere eskualdaketa horien zenbatekoa berrinbertitzen bada ibilgetuaren edozein ondare elementutan, ustiatzeari atxikitakotan.

Hirugarrenik, 2018an eta 2019an hasten diren zergaldietan jaitsi egiten da, zenbait zergadunentzat, aurreko urteetako likidazio-oinarri negatiboen konpentsaziorako muga. Horrela, 100eko 70eko mugaren ordez muga hauek aplikatuko dira, aldi baterako:

a) Ehuneko 50, zergaldia hasi aurreko 12 hilabeteetan izandako negozio zifraren zenbateko garbia hogei milioi eurokoa edo hortik gorakoa eta hirurogei milioi eurotik beherakoa denean.

b) Ehuneko 25, zergaldia hasi aurreko 12 hilabeteetan izandako negozio zifraren zenbateko garbia hirurogei milioi eurokoa edo hortik gorakoa denean.

Laugarrenik, gutxieneko tributazioaren kontzeptua aldatzen da. Aldaketaren bidez, egungo gutxieneko portzentaia, 100eko 13koa, oro har subjektu pasibo guztiei aplikatu beharrekoa, mikroenpresei baizik ez zaie aplikatuko aurrerantzean; enpresa txikiei 100eko 16koa; eta gainerako zergadunei 100eko 18koa.

Bosgarrenik, ibilgetu materialeko elementu berrietan eginiko inbertsioengatiko eta higiezinetan eginiko inbertsioengatiko kenkaria aldatzen da, higiezinetan eginiko inbertsioak ibilgetuaren elementu berrietan egindako inbertsioengatiko kenkariaren esparrutik kentzeko. Beraz, kenkarirako eskubidea emanen dute soilik ibilgetu materialeko elementu berrietan egindako inbertsioek, baldin eta elementu horiek entitatearen jarduera ekonomikoari atxikirik badaude (lurrak halakotzat hartu gabe), eta higiezinetan egindako inbertsioak alde batera utzita.

Seigarrenik, eta Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren kasuko xede berarekin, areagotu egiten dira energia berriztagarriak darabiltzaten instalazioetan eta ibilgailu elektrikoetan eginiko inbertsioengatiko kenkariak, eta berria den besteren bat ezartzen da, hala nola ibilgailu hibrido entxufagarrietan eginiko inbertsioagatiko kenkaria.

Zazpigarrenik, aldaketa garrantzitsuak egiten dira enplegua sortzeagatiko kenkarian. Zehazki, kenkarirako eskubidea emateko, plantillaren batezbestekoak izandako gehikuntzak baldintza hauek bete beharko ditu: lan-kontratu mugagabedunak izan, lanbide arteko gutxieneko soldata halako 2,5 baino altuagoa den soldatarekin (gaur egun, lanbide arteko gutxieneko soldata gehi ehuneko 70 baino altuagoa). Bestalde, kenkaria 5.000 eurokoa izanen da plantillaren batezbestekoak izandako gehikuntza horretan dauden emakume eta urte bakoitzeko, eta gizonezkoen kasuan, berriz, kenkaria 2.500 eurokoa izanen da.

Azkenik, sozietateen gaineko zergaren barruan, munta txikiagoko neurrien artean hauek aipa daitezke: batetik, “herrialdez herrialde” biltzen den informazioaren arauetan egiten diren aldaketak, Estatuko arauetara egokitzeko, eta bestetik, salbuespen partziala duten entitateei, hau da, irabazi-asmorik gabeko entitateei, aukera ematea mikroenpresen tasaren arabera tributatzeko, mikroenpresaren izaera badute, hau da, 100eko 19an, eta ez 100eko 23an. Horrela, irabazi-asmorik gabeko entitate txikiek (mikroenpresa izaera dutenak) jasaten duten diskriminazioa desagertzen da, horiek 100eko 23an tributatzen baitute, baina irabazi-asmoa duten mikroenpresek, berriz, 100eko 19an tributatzen dute.

Oinordetzen eta dohaintzen gaineko zergaren kasuan, tributazioaren igoera moderatua egiten da odol bidezko aurreko edo ondorengo zuzenen kasuan, adoptatzaileak edo adoptatuak izan. Zergadun horiek, beti tributatu beharrean 100eko 0,8ko tasa bakarraren arabera, tarifa progresibo baten arabera eginen dute, hau da, tarifa horretako karga-tasa bakoitza adierazten diren likidazio oinarriaren tarteetako bakoitzean aplikatuko da.

Zehazki, “mortis causa” eskuratzeen kasuan, lehenbiziko 250.000 euroak zerga ordaintzetik salbuetsirik egonen dira; 250.000tik 500.000 eurora bitarte, zerga-tasa 100eko 2koa izanen da; 500.000tik 1.000.000 eurora bitarte, 100eko 4koa; 1.000.000etik 1.800.000 eurora bitarte, 100eko 8koa; 1.800.000tik 3.000.000 eurora bitarte, 100eko 12koa; eta 3.000.000 eurotik aurrera, 100eko 16koa.

“Inter vivos” eskuratzeen kasuan, lehenbiziko 250.000 euroen zerga tasa orain artekoa izanen da, 100eko 0,8koa alegia; 250.000tik 500.000 eurora bitarte, zerga-tasa 100eko 2koa izanen da; 500.000tik 1.000.000 eurora bitarte, 100eko 3koa; 1.000.000etik 1.800.000 eurora bitarte, 100eko 4koa; 1.800.000tik 3.000.000 eurora bitarte, 100eko 6koa; eta 3.000.000 eurotik aurrera, 100eko 8koa.

Ezkontide edo bikote egonkor bateko kide direnek 100eko 0,8an tributatzen segituko dute, lehen 250.000 euroengatik izan ezik, zeinak tributaziotik salbuetsirik egonen baitira.

Tributuei buruzko Foru Lege Orokorrari dagokionez, neurri garantzitsuak hartzen dira, lau ataletan banatu daitezkeenak.

Lehenbiziko atalak lotura zuzena du iruzur fiskalaren kontrako borrokarekin. Atal horretan nabarmentzekoak dira arau-hauste soiletan eta astunetan egiten diren aldaketak, eta berritasun garrantzitsu bat: zehapenak murrizten dira berehala ordaintzeagatik. Arau-hauste soiletan berritasun ugari sartzen dira, baina aipatzekoak dira bi arau-hauste berri, zein bere zehapenarekin: hiru hilabeteko epea iragatea helbide fiskala edo helbidearen aldaketa jakinarazteko betebeharra bete gabe, batetik, eta bestetik, atzerapena gertatzea Erregistroko Liburuak Nafarroako Zerga Ogasunaren zerbitzu telematikoen bidez eramateko betebeharrean, fakturazio erregistroak modu elektronikoan emanez, erregelamenduz ezarritako moduan. Azken hori arau-hauste eta zehapen berria da, Informazioa Berehala Emateko Sistemaren (IBE) betebeharrak betetzean atzeratzeari dagokiona, balio erantsiaren gaineko zergaren eremuan.

Oinarrian edo kuotan konpentsatu edo kendu beharreko partida positibo edo negatiboak edo tributu kredituak ezarri edo bidegabeki frogatzean datzan arau-hauste astunari eta haren zehapenei dagokienez, diruzko isuna 100eko 10etik 15era gehituko da zerga-oinarrian konpentsatu edo kendu beharreko partidak badira, eta 100eko 15etik 40ra, kuotan kendu beharreko partidak direnean.

Beste arau-hauste astun batzuei dagokienez, alegia, jasanarazitako tributuen sarrera ez egitea, gauzazko ordainsariei edo atxikitako nahiz atxiki beharko ziren zenbatekoei dagozkien konturako sarrerak ez egiteagatik, bai eta datu faltsuekin edo faltsutuak dituzten fakturak emateagatik eginiko arau-hauste astunen kasuan, gutxieneko zehapena 100eko 75etik 90era gehitzen da, eta gehienekoa 100eko 150etik 200era. Agerikoa denez, arau-hauste horiek bereziki astunak dira, eta gainerako arau-hauste astunekin alderatuta, zehapena ez zetorren bat tributu arloko urratzearen garrantziarekin.

Arestian aipatu denez, arau-hauste soil eta astunei ezarritako zehapenak murriztu egiten dira berehala ordaintzeagatik. Berehala ordaintzeagatiko murriztapena egiteko arrazoia eta oinarria da adostasuna eta berehalako ordainketa sustatzea, bai eta kudeaketa eta diru-bilketa errazagoak izatea ere, eta, horrekin batera, geroratzeko eskaerak gutxiago izan daitezen bultzatzea. Arau-hauste astunengatik ezartzen diren zehapenetan beste 100eko 20 murriztapen osagarria egiteko aukera eskaintzen da, egungo 100eko 40koari gehituta. Murriztapen gehigarria egiteko baldintza da onartutako erregularizazio eta zehapen proposamen guztiei dagokien tributu zorra dirutan ordaintzea osorik, diru-bilketaren gaineko araudian borondatezko ordainketarako ezarritako epean. Beraz, erregularizazio eta zehapen proposamenak onartzeaz gain, horiei dagokien tributu zorra dirutan osorik ordaintzea ere eskatzen da.

Arau-hauste soilengatik ezarritako zehapenetan, 100eko 30eko murriztapen berria bi inguruabar hauek gertatzen direnean eginen da: egindako zehapen proposamena onartzea, eta proposatutako zehapenaren zenbatekoa ordainketaren sarrera borondatezko epean egitea dirutan eta osorik. Ordainketa osorik egiten ez bada, zehapen espedienteak dakarren zorraren zenbatekoa eskatuko da, 100eko 30eko murriztapenik egin gabe, diru-bilketaren gaineko araudian borondatezko ordainketarako ezarritako epea mugaeguneratzen denetik aurrera.

Iruzur fiskalaren kontrako borrokari dagokion ataletik atera gabe, 105.bis artikuluari dagozkion aldaketak nabarmendu beharra daude. Artikulu hori tributu betebeharren ez-betetze nabarmenak argitaratzeari buruzkoa da, hau da, Zerga Administrazioak Nafarroako Ogasun Publikoaren zordunen zerrendak aldian-aldian argitaratzeari buruzkoa, tributu arloko zorrak dituztenenak, inguruabar batzuk tartean direlarik. Ordaintzeko dauden zorren zenbatekoa, osotara, 250.000 eurotik 120.000 eurora jaisten da. Horrez gain, zehaztapen bat egiten da, zordunen zerrendan zordun nagusiak eta erantzuleak bereizteko, alegia, nagusiki zergapekoak direnak batetik, eta tributu erantzuleen izaera duten zergapekoak bestetik. Azkenik, 5. apartatua aldatzen da, zordunen zerrendan sartzeko proposamena zordunari jakinaraztea preskripzioa eteteko arrazoia izan dadin.

Iruzur fiskalaren kontrako borrokarekin lotutako azken neurri aipagarria Tributuen Kontrolerako Planari eman beharreko publizitatea da, borroka horri buruzko oinarrizko agiria den aldetik. 137. artikuluaren eduki berriak hau ezartzen du: <<Tributu Administrazioak Tributuen Kontrolerako Plan bat prestatuko du urtero, Ikuskapen Planaren izaera sekretua ukatu gabe.>> Arau aldaketaren xedea da agindua egokitzea tributuen kontrolaren eta iruzur fiskalaren kontrako borrokaren joera eta funtzionaltasun berriei. Tributuen Kontrolerako Plana urteroko agiri bat da. Bertan, Iruzurraren kontrako Borrokarako Planaren zehaztapena izateko asmoz, Nafarroako Zerga Ogasunak tributuen kontrolerako lanak planifikatzen ditu eta urte bakoitzeko lehentasunezko jardun-ildoak zehazten ditu; horrela, tributuen kudeaketa fasean, egiaztatzekoan, ikerketakoan eta, azkenik, diru-bilketaren fasean bete behar dituen jarduketak jasotzen eta koordinatzen ditu.

Tributuen Foru Lege Orokorrean egindako aldaketen bigarren atala ebazteko epeen erregulazio berriari eta tributu prozeduretan berariazko ebazpenik ez izateak dakartzan ondorioei buruzkoa da. Oro har esan daiteke tributu arauaren edukia Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen aginduetara egokitu nahi dela.

Horrela, ebazpena eta jakinarazpena egiteko gehieneko epea prozeduraren gaineko araudian ezarritakoa izanen da, sei hilabetekoa gehienez ere, non ez duen lege mailako arau batek epe luzeagoa ezartzen.

Bestetik, interesdunak eskatuta hasitako prozeduretan, epea berariazko ebazpenik jakinarazi gabe mugaeguneratzeak baiezko isiltasunaren ondorioa izanen du, lege batean kontrakoa ezarri ezean. Beraz, interesdunak eskatuta hasitako prozeduretan ezezko isiltasuna legez ezarri beharko da. Ofizioz hasitako prozeduretan, ordea, iraungitzea gertatuko da ezarritako gehieneko epea berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi gabe mugaeguneratzen bada. Nolanahi ere, iraungitzeak ez du berez ekarriko zerga administrazioaren eskubideak preskribatzea, baina iraungitako prozeduretan egindako jarduketek ez dute etenik ekarriko preskripzio epean eta ez dira administrazio errekerimendutzat hartuko. Zehazten da, halaber, iraungitako prozedura batean egindako jarduketek, bai eta prozedura horretan lortutako agiriek eta frogabideek ere frogabiderako balioa eta eraginkortasuna gordeko dituztela hasita dauden edo geroago has daitezkeen beste prozedura batzuetan, zergapeko berari edo beste bati dagokionez.

Tributuen Foru Lege Orokorrean egindako aldaketen hirugarren atalean IV. tituluko VII. kapituluaren erreforma sakona jasotzen da. Kapitulu hori bide administratiboan egintzen berrikuspena egiteari buruzkoa da.

Erreformaren oinarrizko zutabeak hauek dira:

1. Berrikusteko prozedura bereziek (erabat deusezak diren egintzak, egintza deuseztagarrien kaltegarritasuna deklaratzea, errebokatzea eta akats materialak zuzentzea), eta berrikuspen-errekurtso berezia modu autonomoan erregulatzea zergen arloko foru zuzenbidean, ukatu gabe foru erregulazio horrek oinarria izatea administrazio zuzenbide erkidearen legeetan eta haren alderdi funtsezkoenak jasotzea, gure inguruko zerga administrazioek egiten duten bezala. Gogoratu behar da gaur egun Tributuei buruzko Foru Lege Orokorrak ezartzen duela araubide juridikoari eta administrazio prozedura erkideari buruzko legerian xedatutakoaren arabera gauzatuko direla berrikusteko prozedura berezi horiek eta berrikuspen-errekurtso berezia. Araubide juridikoari eta administrazio prozedura erkideari buruzko legeriara osorik eta modu indiskriminatuan igortzeak disfuntzioak eta arazoak eragiten ditu, ez dituelako errespetatzen zerga arloan dauden berezitasun garrantzitsuetako batzuk.

2. Berraztertzeko errekurtsoaren eta erreklamazio ekonomiko-administratiboen erregulazioaren modernizazioa, bereziki Nafarroako Foru Auzitegi Ekonomiko Administratiboa gaurkotzea eta sustatzea. Testuinguru horretan, auzitegi horren ebazpen proposamenak Nafarroako Gobernuak berretsi beharra desagertzen da. Berrespen hori kentzeak, maiz hizpide izan denak, auzitegi horren autonomia areagotzea ekarriko du, bai eta erreklamazioak ebazteko epeak laburtzea ere.

3. Berrikuspen-errekurtso bereziaren gaineko erregulazio zehatzagoa ezartzea, 39/2015 Legean eta gure inguruko zerga administrazioetan xedatutakoarekin bat. Berrikuspen-errekurtso berezia egintza administratiboak aurkaratzeko salbuespeneko bitarteko bat da, horiek legezkotasunera biltzeko, eman dituen organoaren borondatea eratzean akats larriak atzematen direnean.

Tributu zorra geroratzeko edo zatikatzeko 2018an aurkezten diren eskaerei aplikatu beharreko berariazko neurriek osatzen dute Tributuei buruzko Foru Lege Orokorrari dagozkion arau aldaketen laugarren atala. Zehazki, ikusirik 2017rako hartutako neurriek emaitza ona izan dutela, Diru-bilketa Zerbitzuak proposatuta, 2018ra luzatu dira aurreko urtean ezarritako neurriak, tributu zorra geroratzeko edo zatikatzeko aurkezten diren eskaerei dagokienez, baldin eta horien diru-bilketa kudeatzea Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuak bere gain badu.

Seigarren artikuluak aldaketak egiten ditu Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen tasa eta prezio publikoei buruzko martxoaren 27ko 7/2001 Foru Legean, eta bi xede hauek dituzte: tasa mota guztiak modernizatu eta errealitatera egokitzea, eta tarifak eta karga-tasak gaurkotzea, bat etor daitezen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko departamentuek eta haren erakunde autonomoek ematen dituzten zerbitzuen kostu berriekin.

Zazpigarren artikuluak aldatu egiten du Nafarroako Foru Komunitatean kultur mezenasgoa eta haren zerga-pizgarriak arautzen dituen maiatzaren 16ko 8/2014 Foru Legea, kultur mezenasgoaren onuradun gisa har daitezkeen pertsona fisikoen multzoa handitzeko, idazle direnak sartuz.

Azkenik, zortzigarren artikuluak aldatu egiten du Ondare eskualdaketen eta egintza juridiko dokumentatuen gaineko zergari buruzko testu bategineko 35.1.B) artikuluaren 3. apartatua, halatan espresuki barne hartzearren jabetzaren edo ondasun-gozamenerako eskubidearen esleipenetarako edo eskualdaketetarako salbuespenak, Genero Indarkeriaren aurkako Babes Osoko Neurriei buruzko abenduaren 28ko 1/2004 Lege Organikotik eratorritako epaien betearazpenaren ondorioz eginikoak.

Xedapen gehigarriak produktibitate-osagarri bat ezartzen du Diru-bilketako Zerbitzuko funtzionarioentzat, baldin eta haiek enbargo-jarduketa presentzialak egiazki egiten badituzte, horretarako erabilirik tributu-ikuskaritzari aitortzen zaizkion ahalmenak. Neurri hori 2016-2019 epean Iruzur fiskalaren aurka borrokatzeko Plan indardunaren helburuen ildo beretik doa.

Xedapen iragankorren xedeak dira, berriz, batetik ezartzea erreklamazio ekonomiko-administratiboak eta berrikuspen-errekurtso berezia (hau da, Nafarroako Gobernuak Nafarroako Foru Auzitegi Ekonomiko Administratiboaren ebazpenak berretsi beharra kentzeari dagokiona) ebazteko eskumenaren arloko xedapenak foru lege honek indarra hartzen duen egunetik aurrera aplikatuko direla. Horrenbestez, auzitegi horretan foru lege honek indarra hartzen duenean ebatzi zain dauden erreklamazio ekonomiko-administratiboak ez ditu berretsi beharko Nafarroako Gobernuak. Eta bestetik, bigarren xedapen iragankorrak berariaz arautzen du subjektu arau-hauslearentzat onena den zehapen arauak atzeraeragina izanen duela. Finean, arau orokorraren salbuespena da, izan ere, Tributuei buruzko Foru Lege Orokorrean jasotako zehapen araudi berriak foru lege honek indarra hartzen duenetik aurrera izanen ditu ondorioak, baina xedapen iragankor horretan xedatzen da foru lege honetan ezarritakoak indarra hartu aurretik egindako arau-hausteei aplikatuko zaiela, baldin eta aplikazioa hobea bada subjektu arau-hauslearentzat eta ezarritako zehapena irmoa ez bada.

Azken xedapenak erregelamenduzko gaikuntzari eta foru legeak indarra hartzeari buruzkoak dira.

Lehenengo artikulua. Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen Testu Bategina.

Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen Testu Bateginaren manu hauek (Testu Bategina ekainaren 2ko 4/2008 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsi zen), honela idatzita geldituko dira:

Bat.–7.e) artikulua, lehen paragrafoa. 2018ko urtarrilaren 1etik aurrera izanen ditu ondorioak.

“e) Pertsonei eginiko kalteen ondoriozko erantzukizun zibilaren kalte-ordainak, legalki edo juridikoki onesten den zenbatekoan, bai eta bitartekaritzaren bidez adostutako zenbatekoan, Gai Zibil eta Merkataritzakoetako Bitartekaritzari buruzko uztailaren 6ko 5/2012 Legean ezarritakoaren arabera”.

Bi.–7.n) Bigarrena artikulua. 2017ko urtarrilaren 1etik aurrera izanen ditu ondorioak.

“Bigarrena. Lan horiek Espainiako egoiliarra ez den enpresa edo entitate batentzat edo atzerrian finkatutako establezimendu iraunkor batentzat egitea, erregelamendu bidez ezartzen diren baldintzetan. Bereziki, lan horiek hartuko dituen entitatea langilea enplegatu duen entitatearekin edo langileak bere zerbitzuak ematen ditueneko enpresarekin lotua badago, Sozietateen gaineko Zergari buruzko abenduaren 28ko 26/2016 Foru Legearen 33. artikuluan aurreikusitako baldintzak bete beharko dira”.

Hiru.–9. artikulua. 2017ko urtarrilaren 1etik aurrera izanen ditu ondorioak.

“9. artikulua. Eragiketa lotetsiak.

Eragiketa lotetsiak Sozietateen gaineko zergari buruzko abenduaren 30eko 24/1996 Foru Legearen 28. artikuluan definitzen dira, eta haien balorazioa aipatutako artikuluaren arabera egingo da”.

Lau.–10.2.a) artikulua, azken paragrafoa. 2017ko urtarrilaren 1etik aurrera izanen ditu ondorioak.

“Artikulu honen ondorioetarako, ikerkuntza eta garapenerako jarduerak dira Sozietateen gaineko Zergari buruzko abenduaren 28ko 26/2016 Foru Legearen 61. artikuluan halakotzat jotzen direnak”.

Bost.–14.2.a). Lehena, azken paragrafoa. 2018ko urtarrilaren 1etik aurrera izanen ditu ondorioak.

“Aurreko paragrafoan xedatutakoa gorabehera, lanbide edo enpresa jardueretan aritzen direnek aldi baterako ezgaitasunagatik jasotzen dituzten prestazioak jarduera haietako etekin gisa konputatuko dira”.

Sei.–15.1.e).b') artikulua. 2018ko urtarrilaren 1etik aurrera izanen ditu ondorioak.

“b') Aurreko a') letran aipatutako pertsona bakoitzeko urtean ordaindutako prima edo kuoten kopurua 500 eurotik gorakoa ez izatea, edo 1.500 eurotik gorakoa desgaitasuna duen pertsona horietako bakoitzeko. Soberakina gauzazko ordainsaritzat hartuko da”.

Zazpi.–17.2.a) artikulua, lehenbiziko lerrokada. 2018ko urtarrilaren 1etik aurrera izanen ditu ondorioak.

“a) Ehuneko 30, 14.2.a) artikuluan aurreikusitakoz beste batzuk diren eta bi urte baino gehiagoko sortze aldia duten etekinetarako (aldian-aldian edo behin eta berriz jasotzen direnak ez badira), eta erregelamendu bidez denboran modu irregular nabarmenean jasotakotzat jotzen direnetarako. Sortze-aldia bi urte baino luzeagoa duten etekinak modu zatikatuan jasotzen badira, murriztapena aplikatuko da, bakar-bakarrik, sortze-aldiko urte kopurua, datatik datara zenbatuta, zati modu zatikatuan jasotzeko zergaldien kopurua egitetik ateratzen den zatidura bi baino gehiago bada”.

Zortzi.–17.2. artikulua, b) eta c) letrak. 2018ko urtarrilaren 1etik aurrera izanen ditu ondorioak.

“b) 100eko 40, foru lege honen 14.2.a) artikuluan, lehen eta bigarren puntuetan jasotako prestazioen kasuan, betiere bi urte iragan badira lehen ekarpenetik.

c) 100eko 50, mendekotasun aseguruengatiko eta baliaezintasunarengatiko prestazioetatik datozen etekinetarako, erregelamenduz ezarritako modu eta graduetan, 14.2.a) artikuluak aipatzen dituen kasuetan”.

Bederatzi.–25.2. artikulua, lehen paragrafoa. 2018ko urtarrilaren 1etik aurrera izanen ditu ondorioak.

“2. Aurreko apartatuan xedatutakoaren arabera kalkulatutako etekin garbi positiboa 100eko 40 murriztuko da, etxebizitzatarako erabiltzen diren etxebizitzen errentamendutik ateratzen denean, errentamendu hori arau hauetan jasotako sozietate publiko instrumentalaren bitartez egina bada: Nafarroan Etxebizitza izateko Eskubideari buruzko maiatzaren 10eko 10/2010 Foru Legearen 13. artikulua, eta Etxebizitzaren arloko jarduketa babesgarriak arautzen dituen irailaren 18ko 61/2013 Foru Dekretuaren 77. artikulua.

Halaber, murriztapen hori bera izanen du etxebizitza baten jabeek lorturiko etekinak, baldin eta etxebizitza hori aipatu araudian ezarritakoen baliokide diren baldintzetan errentan emana badute eta Foru Ogasunaren aurrean konpromisoa hartzen badute kasuko errentamendua amaitu ondoren beren etxebizitza bitartekaritzarako programari atxikitzeko”.

Hamar.–32.1.a) artikulua, bigarren paragrafoa. 2017ko urtarrilaren 1etik aurrera izanen ditu ondorioak.

“Horretarako, administrazio eta gordailu gastutzat hartuko dira inbertsio-zerbitzuetako enpresek, kreditu-entitateek edo bestelako finantza-entitateek jasanarazten dituzten diru-zenbatekoak, urriaren 23ko 4/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsitako Baloreen Merkatuari buruzko Legearen arabera, titularren izenean titulu bidez adierazitako baloreen gordailu zerbitzua emateagatik edo kontuko idazpenen bidez adierazitako baloreak administratzeagatik ordaintzeko xede dutenak”.

Hamaika.–35. artikulua. Bosgarrena. 2018ko urtarrilaren 1etik aurrera izanen ditu ondorioak.

“5. Subjektu pasiboak berarentzat, ezkontidearentzat eta gutxiengo familiarra dela-eta kenkarirako eskubidea ematen dioten ondorengoentzat egin duen gaixotasun-aseguruaren primak gastu kengarritzat joko dira etekin garbia zuzeneko zenbatespenaren araubidearen arabera zehazterakoan. Aipatutako pertsona horietako bakoitzeko gehieneko gastu kengarria 500 eurokoa izanen da; edo 1.500 eurokoa, desgaitasuna duen pertsona horietako bakoitzeko”.

Hamabi.–36.1.Hirugarrena artikulua, bigarren paragrafoa. 2017ko urtarrilaren 1etik aurrera izanen ditu ondorioak.

“Diru-sarreren bolumena konputatzeko, subjektu pasiboak eginiko enpresa jarduerei dagozkien eragiketak ez ezik, kontuan hartuko dira, halaber, ezkontideak, ondorengo ahaideek eta aurreko ahaideek egindakoei dagozkienak, aurreko horietako edozein pertsona partaide duten errenta-egozpenaren araubideko entitateek egindakoei dagozkienak, eta Sozietateen gaineko Zergari buruzko abenduaren 28ko 26/2016 Foru Legearen 28. artikuluan adierazita bezala subjektu pasiboarekin lotutako entitateek egindakoei dagozkienak, inguruabar hauek batera gertatzen badira:”

Hamahiru.–39.5.b) artikulua, amaieran paragrafo bat gehitzea: 2017ko urtarrilaren 1etik aurrera izanen du eragina.

“Letra honetan araututako salbuespena artikulu honetan araututakoarekin bat aurreko zergaldietan aplikatu duten subjektu pasiboek ezin izanen dute berriz aplikatu”.

Hamalau.–43.1.n) artikulua. 2017ko urtarrilaren 1etik aurrera izanen du eragina.

“n) Urriaren 15eko 1282/2010 Errege Dekretuan araututako gerokoen eta aukeren merkatuetan eta beste finantza tresna batzuetan egindako eragiketei dagokienez, lortutako zenbatekoa ondare gehikuntza edo jaitsieratzat hartuko da, baldin eta eragiketak subjektu pasiboak egindako enpresa jarduerak garatzeko itundu den beste eragiketa nagusi bat estaltzea ez badakar; izan ere, kasu horretan, kapitulu honen 3. atalean ezarritakoaren arabera ordainduko dituzte zergak”.

Hamabost.–43.3. artikulua. 2017ko urtarrilaren 1etik aurrera izanen ditu ondorioak.

“3. Ulertzen da artikulu honen 1. apartatuaren d) eta e) letretan xedatutakoak ez duela ukatzen Sozietateen gaineko zergari buruzko abenduaren 28ko 26/2016 Foru Legearen VIII. tituluaren VIII. kapituluan araututakoa, bat-egiteak, zatiketak, aktiboen ekarpenak eta baloreen trukaketak eta sozietate europar batek edo sozietate europar kooperatibo batek helbide soziala Europar Batasuneko kide den estatu batetik beste batera aldatzea araubide berezian ezarritakoa, hain zuzen ere”.

Hamasei.–45.1 artikuluko azken paragrafoa kentzea. 2018ko urtarrilaren 1etik aurrera izanen ditu ondorioak.

Hamazazpi.–51.2. artikulua, lehen paragrafoa.

“2. Espainiako lurraldeko egoiliarra ez den entitateak lortutako errenta positibo osoa egotziko dute subjektu pasiboek, baldin eta entitateak horretarako behar den baliabide materialen eta giza baliabideen antolaketa ez badu, eragiketak errepikatzen badira ere. Haatik, dibidenduak, mozkinetako partaidetzak edo partaidetzak eskualdatzearen ondoriozko errentak badira, 4.a) idatz-zatian xedatutakoari jarraituko zaio edozein kasutan”.

Hemezortzi.–52.bis.1.c) artikulua. 2017ko urtarrilaren 1etik aurrera izanen du eragina.

“c) Subjektu pasiboarekin lan harremana duen pertsonak edo entitateak, edo Sozietateen gaineko Zergari buruzko abenduaren 28ko 26/2016 Foru Legearen 28. artikuluan adierazitako moduan haiekin lotutako beste edozein pertsonak edo entitatek, pertsona fisikoaren irudia ustiatzeko eskubidearen lagapena edo irudia erabiltzeko adostasuna edo baimena lortu izana pertsona edo entitate egoiliar edo ez-egoiliarrekin hitzartutako egintzen bitartez”.

Hemeretzi.–53.a) artikulua. 2017ko urtarrilaren 1etik aurrera izanen du eragina.

“a) Foru lege honetako 51., 52.4 eta 52. bis artikuluetan eta Sozietateen gaineko Zergari buruzko abenduaren 28ko 26/2016 Foru Legeko VIII. tituluko III. kapituluan aipatzen diren errenta egozpenak eta etekinak zergaldi bakoitzean inolako mugarik gabe batzetik ateratzen den saldoa”.

Hogei.–54.1.a) artikulua, azken paragrafoa. 2017ko urtarrilaren 1etik aurrera izanen du eragina.

“Lotura ez bada bazkideen edo partaideen eta entitatearen arteko harremanean oinarritzen, kontuan hartu beharreko partaidetza-portzentajea 100eko 25ekoa izanen da”.

Hogeita bat.–60. artikulua. 2018ko urtarrilaren 1etik aurrera izanen ditu ondorioak.

“60. artikulua. Aurrezkiaren likidazio oinarri bereziaren gaineko karga.

Aurrezkiaren likidazio-oinarri bereziari honako eskala honetan adierazten diren karga-tasak aplikatuko zaizkio:

LIKIDAZIO-OINARRIA, ZENBATERAINO (eurotan)

KUOTA OSOA (eurotan)

OINARRIAREN
SOBERAKINA,
ZENBATERAINO
(eurotan)

APLIKATZEKOA
DEN TASA (ehunekoa)

6.000

20

6.000

1.200

4.000

22

10.000

2.080

5.000

24

15.000

3.280

Gainerakoa

26”

Hogeita bi.–62.1. artikulua, indargabetzea. 2018ko urtarrilaren 1etik aurrera izanen ditu ondorioak.

Hogeita hiru.–62.2. artikulua aldatzea. 2018ko urtarrilaren 1etik aurrera izanen ditu ondorioak.

“2. Etxebizitzaren alokairuagatiko kenkaria.

Ehuneko 15, gehienez ere 1.200 euro urteko, subjektu pasiboak zergaldian bere ohiko helbidea den etxebizitzaren alokairuagatik ordaindu dituen diru kopuruena, betiere ondoko baldintzak tarteko baldin badira:

–Subjektu pasiboaren errentak, salbuetsiak kenduta, ez izatea zergaldian 30.000 eurotik gorakoak.

–Zergaldian alokairu kontzeptuan ordaindutako diru-kopuruak, salbuetsiak kenduta, subjektu pasiboaren errenten 100eko 10 gainditzea.

Kenkari hori 100eko 20koa izanen da, gehienekoa urteko 1.500 eurokoa izanik, zergaldian zehar subjektu pasiboaren ohiko bizileku den etxebizitzaren alokairuagatik ordaindutako kopuruen gain, baldin eta subjektu pasibo horrek, aurreko baldintzak beterik, 30 urte baino gutxiagoko adina badauka edo 71.1.c) artikuluak aipaturiko familia-unitate bateko kide bada, salbu eta, azken kasu horretan, aita eta ama elkarbizitzan badaude edo seme-alaba amankomunen gaineko zaintza partekatua badute”.

Hogeita lau.–62.7. artikulua, lehen paragrafoa. 2017ko urtarrilaren 1etik aurrera izanen du eragina.

“Arrisku-kapitaleko entitateen kapitalari edo funts berekiei egindako diru ekarpenek kuota osoan kenkari bat izateko eskubidea emanen dute, zeina gauzatuko baita Sozietateen gaineko Zergari buruzko abenduaren 28ko 26/2016 Foru Legeko 94.7. artikuluan ezarritako moduan eta baldintzetan”.

Hogeita bost.–62.9.b).b') artikulua, amaieran paragrafo bat gehitzea. 2018ko urtarrilaren 1etik aurrera izanen ditu ondorioak.

“Subjektu pasiboak zergaldian dituen errentak 30.000 eurotik beherakoak direnean, salbuetsiak kenduta, aurreko paragrafoan aipatzen diren zenbatekoak 678 euro eta 1.150 euro izanen dira, hurrenez hurren”.

Hogeita sei.–62.10.b) artikulua, bigarrena. 2017ko urtarrilaren 1etik aurrera izanen ditu ondorioak.

“Bigarrena. Bere ondasun edo prestazioen entrega guztiak pertsona fisiko edo juridiko bakar bati egin beharko zaizkio, Sozietateen gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 26/2016 Foru Legearen 28. artikuluan ezarritako moduan lotuta ez dagoenari, edo bestela, zergaduna ekonomikoki menpekoa den langile autonomoa izatea Lan Autonomoaren Estatutuari buruzko uztailaren 11ko 20/2007 Legearen II. tituluaren III. kapituluan xedatutakoari jarraikiz, eta ekonomikoki hura menpean duen bezeroa ez izatea entitate lotu bat 26/2016 Foru Legearen 28. artikuluaren arabera”.

Hogeita zazpi.–62.12. artikulua. 2018ko urtarrilaren 1etik aurrera izanen ditu ondorioak.

“12. Energia berriztagarrien instalazioetan eginiko inbertsioengatiko kenkariak.

a) Berokuntzarako eta elektrizitatea sortze aldera Iturri berriztagarrietatik datorren energia erabiltzen duten instalazioetan egindako inbertsioek eskubidea emanen dute inbertsio horien zenbatekoen 100eko 15eko kenkaria egiteko, honako muga hauekin:

1. a) Energia elektrikoa sortzeko instalazioetako inbertsioak kengarri izanen dira baldin eta araudi indardunaren arabera autokontsumora bideratzen badira, eta metaketarako sistemak eduki ahalko dituzte, bai eta saretik isolatutako autokontsumo-instalazioak ere.

Instalazioek ez dute kenkaria izateko eskubiderik emanen, baldin eta Eraikuntzaren Kode Teknikoaren arabera derrigorrezko izaera badute, salbu eta instalazioen potentzia nominala handiagoa bada eskatzen den gutxienekoa baino. Halakoetan, kenkaria aplikatu ahalko zaio instalazioaren kostuaren parte bati; hots, eskatzen den gutxieneko horretatik gora instalatutako potentziari dagokion proportzioan”.

2. a) Eraikingintzaren Kode Teknikoari jarraikiz proiektu batean aginduzkoa bada energia berriztagarrien instalazio bat egitea etxeko ur beroa sortzeko, kengarri izanen da berokuntzaren eta/edo hoztearen lagungarri gisa ere diseinatutako instalazioetan egindako inbertsioa bakarrik. Kasu honetan instalazioaren kostuaren ehuneko 70eko kenkaria baino ez da aplikatuko, ulertzen baita gainerako ehuneko 30a dela aipatu araua betetzeko behar den inbertsioa.

3. a) Bero-ponpak erabiltzen dituzten instalazioei dagokienez, inbertsio kengarritzat joko da emandako energia berriztagarriaren eta ponpak emandako energia termiko erabilgarriaren arteko erlazioari dagokion inbertsio-ehunekoa bakarrik, Europako Batzordeak 2013ko martxoaren 1ean emandako Erabakiari jarraituz, zeinak gidalerroak ezartzen baititu Estatu kideek hainbat teknologiatako bero ponpetatik datorren energia berriztagarria kalkulatzeko. Baldin eta ponpari eragiteko lehen mailako energia iturri berriztagarrietatik badator osorik, kengarritzat joko da inbertsioaren zenbateko osoa.

b) Iturri berriztagarrietako energiatzat joko da iturri ez-fosiletatik datorren energia; hau da, haize energia, eguzki energia, aerotermikoa, geotermikoa, hidrotermikoa, ozeanikoa, hidraulikoa, biomasa, zabortegi-gasak, araztegi-gasak eta biogasa, Europako Parlamentuaren eta Kontseilu Europarraren 2009ko apirilaren 23ko 2009/28/EB Zuzentarauak definitzen dituen moduan.

c) Halaber, kengarri izanen dira mikrosareetan egindako inbertsioak. Mikrosaretzat jotzen da halako multzo bat, kargak, generazio banatuko elementuak, biltegiratze elementuak eta kontrol- eta kudeaketa-elementu eta -sistemak dituena, sare elektrikoarekin konektatuta daudenak konexio puntu baten beraren bidez, eta energia kudeatzeko estrategia bati loturik daudenak. Mikrosare horiek elikatuko dira, funtsean, sorkuntza berriztagarriko iturrien bidez, baina energia fosilen erabilera baztertu gabe; euskarri gisa, egoera jakin batzuetan, edo errentagarritasun ekonomikoko arrazoi betiere justifikatuengatik. Sorkuntza ez-berriztagarriko elementuei ez zaie kenkaririk aplikatuko.

d) Goiko a) letran ezarritako kenkari-portzentajea honako kasu hauetan handitu ahalko da, baina inolaz ere ez 100eko 30etik gora:

Lehenengoa) Energia elektrikoa sortzeko instalazioetako inbertsioak:

a') Baldin eta energia elektrikoaren ekoizpenak ez badu negutegi efektuko gas-emisiorik sortzen (energia fotovoltaikoko, eolikoko edo hidraulikoko instalazioak edo bestelakoak), kenkariaren portzentajea 10 puntu handituko da.

b') Baldin eta energia elektrikoa iturri berriztagarrien bidez sortzeko instalazioak energia-metaketako sistema bat badauka, litio Ioiaren teknologian edo antzeko edo gehiagoko energia-dentsitateko teknologia batean oinarritua, 2 kWh baino gehiagoko ahalmenarekin, kenkariaren portzentajea 10 puntu handituko da.

c') Baldin eta mikrosare batean egindako inbertsio bat bada, bi energia-iturri berriztagarri desberdinekin, kenkariaren portzentajea 5 puntu handituko da.

d') Baldin eta autokontsumo partekatuko proiektu batean egindako inbertsio bat bada, kenkariaren portzentajea 5 puntu handituko da.

Bigarrena) Energia berriztagarrien instalazioetako inbertsioa bizilagunen erkidego batek egiten duenean, kenkariaren portzentajea 5 puntu handituko da.

Hirugarrena) Energia berriztagarrien iturriak erabiltzen dituzten erabilera termikoetarako instalazioetan egindako inbertsioen kasuan, inbertsioaren xede den instalazioa berokuntzako/etxeko ur beroko sistema hidraulikoari konektatuta badago, kenkariaren portzentajea 5 puntu handituko da.

e) Energiaren arloko organo eskudunak egiaztapen-txosten bat prestatuko du, egin diren inbertsioen zenbatekoari buruzkoa, zeinak ez baititu jasoko energia-produkzioko helburuak betetzeko beharrezkoak ez diren elementuetan eginiko inbertsioak, bai eta funtzionamenduan hasteko datari buruzkoa, instalazioak erregela tekniko aplikagarrien arabera zerbitzuan jarri izanari buruzkoa, eta a) eta d) letretan ezarritakoari jarraituz aplikatzekoak diren kenkari-portzentajeei buruzkoa ere.

Kenkariaren oinarria txosten horretan frogatutako inbertsioen zenbatekoak determinatuko du.

f) Baldin eta aipatutako instalazioak enpresa- edo lanbide-jarduerei atxikita badaude, kenkaria aplikatuko da sozietateen gaineko zergari buruzko araudian ezarritakoari jarraituz eta artikulu honetako 3. apartatuan ezarritakoarekin bat”.

Hogeita zortzi.–“62.13 eta 14 artikulua. 2018ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin.

“13. Ibilgailu elektrikoetan edo hibrido entxufagarrietan eginiko inbertsioagatiko kenkaria.

Ibilgailu berrietan egindako inbertsioek eskubidea emanen dute 100eko 30eko kenkaria egiteko, baldin eta ibilgailu elektrikoak badira, eta 100eko 5eko kenkaria, ibilgailu hibrido entxufagarriak badira, baldin eta Europako Parlamentuaren eta Kontseilu Europarraren 2007ko apirilaren 5eko 2007/46/EE Zuzentarauan eta Europako Parlamentuaren eta Kontseilu Europarraren 2013ko urtarrilaren 15eko 168/2013 Erregelamenduan (EB) zehaztutako kategoria hauetako baten batekoak badira:

Lehenengoa) M1 turismoak: Gehienbat pertsonak eta haien ekipajea garraiatzeko asmatu eta fabrikatutako ibilgailu motordunak, gidariaren eserlekuaz gain zortzi eserleku dituztenak, gehienez.

Bigarrena) N1 furgonetak edo kamioi arinak: Gehieneko masa 3,5 tona baino gehiagokoa ez duten salgaiak garraiatzeko xede nagusiarekin asmatu eta fabrikatutako ibilgailu motordunak.

Hirugarrena) L1e ziklomotorrak: Bi gurpileko ibilgailuak, fabrikazioz orduko 45 kilometroko gehieneko abiadura hartzen dutenak eta 4 kW baino gehiagokoa ez den potentzia jarraitu nominala dutenak.

Laugarrena) L2e trizikloak: Hiru gurpileko ibilgailuak, fabrikazioz orduko 45 kilometroko gehieneko abiadura hartzen dutenak eta 4 kW baino gehiagokoa ez den potentzia jarraitu nominala dutenak.

Bosgarrena) L6e kuadriziklo arinak: Kuadriziklo arinak, hutsean 350 kilogramoko edo hortik beherako masa dutenak (baterien masa kontuan hartu gabe), fabrikazioz orduko 45 kilometroko edo hortik beherako abiadura hartzen dutenak eta 4 kW-ko edo hortik beherako gehieneko potentzia dutenak.

Seigarrena) L7e kuadriziklo astunak: Kuadrizikloak, hutsean 400 kilogramoko edo hortik beherako masa dutenak (550 kg-koa, salgai-garraiorako diren ibilgailuen kasuan), baterien masa kontuan hartu gabe, eta 15 kW-koa edo hortik beherakoa den gehieneko potentzia dutenak.

Zazpigarrena) L3e, L4e eta L5e kategoriak: Bi gurpileko ibilgailuak, edo ibilgailuaren luzetarako erdiko ardatzarekiko simetrikoak edo asimetrikoak diren hiru gurpilekoak, diseinuko abiadura 45 km/h baino gehiagokoa dutenak.

Zortzigarrena) Motor elektrikodun bizikletak.

b) Kenkariaren oinarriak ezin izanen ditu gainditu honako muga hauek:

Lehena) M1 eta N1 kategorietako ibilgailuei dagokienez: 32.000 euro.

Bigarrena) L1e eta L2e kategorietako ibilgailuei dagokienez: 5.000 euro.

Hirugarrena) L3e, L4e eta L5e kategorietako ibilgailuei dagokienez: 10.000 euro.

Laugarrena) L6e eta L7e kategorietako ibilgailuei dagokienez: 15.000 euro.

Bosgarrena) Motor elektrikodun bizikletei dagokienez: 1.500 euro.

c) Baldin eta aipatutako inbertsioak enpresa- edo lanbide-jarduerei atxikita badaude, sozietateen gaineko zergari buruzko araudian ezarritakoari jarraituz aplikatuko da kenkaria, artikulu honetako 3. apartatuan ezarritakoarekin bat.

14. Errekarga-sistemetan egindako inbertsioagatiko kenkaria.

a) Kengarri izanen da potentzia arrunteko edo handiko errekarga sistema bat abiarazteko behar diren obra zibilean, instalazioetan, kableetan eta lotura puntuetan egindako inbertsioaren zenbatekoaren 100eko 15, Europako Parlamentuaren eta Kontseilu Europarraren 2014ko urriaren 22ko 2014/94/EB Zuzentarauan ezarritako definizioari jarraikiz.

Instalazioek ITC BT-52 Jarraibide Tekniko Osagarria onesten duen abenduaren 12ko 1053/2014 Errege Dekretuan xedatutakoa bete beharko dute.

b) Goiko a) letran ezarritako kenkari-portzentajea honako kasu hauetan handitu ahalko da:

Lehenengoa) Errekarga-gunearen potentzia 7,4 kW-koa edo handiagoa bada eta 22 kW-koa edo txikiagoa bada, kenkariaren portzentajea 2 puntu handituko da.

Bigarrena) Errekarga-gunearen potentzia 22 kW baino handiagoa eta 50 kW baino txikiagoa bada, kenkariaren portzentajea 5 puntu handituko da.

c) Kenkariaren oinarriak ezin izanen ditu gainditu honako muga hauek:

Lehenengoa) Potentzia arrunteko errekarga puntuetarako: 5.000.euro.

Bigarrena) Potentzia handiko errekarga puntuetarako: 25.000 euro.

d) Energiaren arloko organo eskudunak egiaztapen-txosten bat emanen du, egin diren inbertsioen zenbatekoari buruzkoa eta a) eta b) letretan ezarritakoari jarraituz aplikatzekoak diren kenkari-portzentajeei buruzkoa.

Kenkariaren oinarria txosten horretan frogatutako inbertsioen zenbatekoak determinatuko du.

e) Baldin eta aipatutako inbertsioak enpresa- edo lanbide-jarduerei atxikita badaude, kenkaria aplikatuko da sozietateen gaineko zergari buruzko araudian ezarritakoari jarraituz eta artikulu honetako 3. apartatuan ezarritakoarekin bat”.

Hogeita bederatzi.–67.3. artikulua. 2017ko urtarrilaren 1etik aurrera izanen ditu ondorioak.

“3. Atzerrian establezimendu iraunkor baten bidez errentak eskuratzen diren kasuetan, artikulu honetan ezarritako nazioarteko zergapetze bikoitzarengatiko kenkaria aplikatuko da, eta ez da inola ere aplikatuko zergapetze bikoitza baztertzeko prozedura, Sozietateen gaineko Zergari buruzko abenduaren 28ko 26/2016 Foru Legearen 36. artikuluan ezarritakoa, alegia”.

Hogeita hamar.–68.B) artikulua, hirugarren puntua gehitzea 1. apartatuan; 3. Hirugarrena apartatuan lehen paragrafoa eta 4.Laugarrena.b) aldatzea. 2017ko urtarrilaren 1etik aurrera izanen ditu ondorioak.

“Hirugarrena. Subjektu pasiboa familia unitate bateko kide denean, kenkaria egiteko beharrezkoa izanen da unitateko kide bat ere beharturik ez egotea ondarearen gaineko zergaren aitorpena aurkeztera, eta, horrekin batera, zergaldian, guztira, erretiro-pentsioa eta dagokion kenkaria gehituta eta salbuetsiak barne, familia unitateak 19.812,80 euro baino gehiagoko errentarik jaso ez izana.

Aipatutako errentak muga hortik gorakoak izanez gero, soberakinak kenkariaren zenbatekoa gutxituko du behar den kopuruan, baita deuseztu ere, kasua bada.

Aurreko paragrafoan ezarritako errenten muga zehazteko, ez dira kontuan hartuko pobrezia energetikoa edo etxebizitzaren galera ekiditeko laguntza publikoak, ahulezia ekonomiko berezia edo gizarte bazterketaren arriskua duten etxeetan jasotzen direnak”.

“Hirugarrena. Kenkari hori egiteko, beharrezkoa izanen da subjektu pasiboa beharturik ez egotea ondarearen gaineko zergaren aitorpena aurkeztera, eta, horrekin batera, zergaldian, guztira, erretiro-pentsioa eta dagokion kenkaria gehituta eta salbuetsiak barne, 17.022,60 euro baino gehiagoko zenbatekoa egiten duen beste errentarik jaso ez izana”.

“b) Errenta muga kalkulatzeko kontuan hartu beharreko zenbatekoak:

B) letra honetan aipatzen diren zenbatekoak, 17.022,60 eurokoa eta 19.812,80 eurokoa, 2017an aplikatuko dira. Hurrengo urteetan, Nafarroako KPIaren igoeraren eta Nafarroako batez besteko soldaten artean balio handienaren arabera gaurkotuko dira, erregelamenduz ezartzen den moduan”.

Hogeita hamaika.–74.1. artikulua. 2017ko urtarrilaren 1etik aurrera izanen ditu ondorioak.

“1. Aurreko artikuluan ezarritako arauen arabera, baterako aitorpenetan konpentsagarriak izanen dira likidazio oinarri negatiboak, 53. artikuluko b) letratik sor litekeen saldo negatiboa eta 54.2. artikuluko a) eta b) letretako saldo negatiboak, familia-unitatea osatzen duten subjektu pasiboek zergak banaka ordaindutako aurreko zergaldietan konpentsatu ez dituztenak”.

Hogeita hamabi.–75. artikulua. Hirugarrena. 2018ko urtarrilaren 1etik aurrera izanen ditu ondorioak.

“Hirugarrena. 62.2. artikuluan eta 62.9.b).b') artikuluko azken paragrafoan aipatzen den errenten gehieneko zenbatekoa 60.000 eurokoa izanen da familia unitate osoarentzat”.

Hogeita hamahiru.–80.2 artikulua, bigarren paragrafoa. 2017ko urtarrilaren 1etik aurrera izanen du eragina.

“Sozietateen gaineko Zergari buruzko abenduaren 28ko 26/2016 Foru Legearen 28. artikuluan ezarritako moduan, egoiliarra den zein ez den entitate batek berari lotutako entitate egoiliar baterako edo Espainiako lurraldean dagoen establezimendu iraunkor baterako lan egiten duten subjektu pasiboei laneko errentak ordaindu edo abonatzen dizkienean, atxikipena edo konturako sarrera subjektu pasiboak lan egiten duen entitateak edo establezimendu iraunkorrak egin beharko du”.

Hogeita hamalau.–80.10. artikulua. Indargabetzea, 2018ko urtarrilaren 1etik aurrera izanen ditu ondorioak.

Hogeita hamabost.–Laugarren xedapen gehigarria, e) letra gehitzea hirugarren apartatuan. 2017ko urtarrilaren 1etik aurrera izanen ditu ondorioak.

“e) Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko azaroaren 28ko 35/2006 Legearen hogeita seigarren xedapen gehigarrian araututako epe luzeko aurrezki planak merkaturatzen dituzten entitateak”.

Hogeita hamasei.–Hamalaugarren xedapen gehigarria, 3. apartatuko c) letra kentzea eta 4. apartatua gehitzea, 3. apartatuko azken bi paragrafoetako edukia jasotzen duena. 2017ko urtarrilaren 1etik aurrera izanen ditu ondorioak.

“4. 3. apartatuan aurreikusitako ondorioetarako, ondasun edo eskubideetan homogeneotasuna gertatzen bada, lehenbizi eman zirenak erabili direla ulertuko da.

Ondare babestuaren titularra edo ondasun-ekarlea hiltzen bada ez da apartatu honetan ezarritakoa aplikatuko”.

Hogeita hamazazpi.–Hogeita hemeretzigarren xedapen gehigarria, izenpea. 2017ko urtarrilaren 1etik aurrera izanen ditu ondorioak.

“Hogeita hemeretzigarren xedapen gehigarria.–Bazkideei edo lotutako pertsonatzat hartzen direnei, Sozietateen gaineko Zergari buruzko abenduaren 28ko 26/2016 Foru Legearen 28. artikuluan ezarritako moduan, ordaindutako etekinen gaineko atxikipenak”.

Hogeita hemezortzi.–Berrogeita zazpigarren xedapen gehigarria, azkenaurreko paragrafoa. 2017ko urtarrilaren 1etik aurrera izanen ditu ondorioak.

“b) letra honetan aipatzen diren jardueretarako ezarritako muga hori ezertan ukatu gabe, zenbatespen objektiboaren metodoa ez da aplikatuko urte batean, baldin eta aurre-aurreko urtean subjektu pasiboaren etekin osoen 100eko 75 baino gehiagoren hartzaile badira ezkontidea, ondorengo eta aurreko ahaideak, aurreko horietako edozeinek parte hartzen dueneko errenta-egozpenaren araubideko entitateak, edo Sozietateen gaineko Zergari buruzko 26/2016 Foru Legearen 28. artikuluan adierazitako moduan subjektu pasiboarekiko entitate lotuak direnak, betiere baldin eta etekin horiek faktura emateko betebeharra dakarten eragiketei badagozkie, apirilaren 10eko 23/2013 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Fakturazioaren arloko betebeharrak arautzen dituen Erregelamenduaren 2.2.a) artikuluaren arabera”.

Hogeita hemeretzi.–Berrogeita hamalaugarren xedapen gehigarria gehitzea. 2017ko urtarrilaren 1etik aurrera izanen ditu ondorioak.

“Berrogeita hamalaugarren xedapen gehigarria.–Finantza-errentamenduko kontratuen bidez egindako inbertsioak.

62. artikuluko 12., 13. eta 14. apartatuetan araututako kenkariak aplikatzearen ondorioetarako, finantza-errentamenduko kontratuak baliatuz egindako inbertsioak onartuko dira, betiere subjektu pasiboak erosteko aukera erabiltzeko konpromisoa hartzen badu.

Erosteko aukera erabiltzen ez bada, ez da beteko kenkari hauek aplikatzeko betebeharra, eta, horren ondorioz, subjektu pasiboak zergaren kuota likidoari, ez betetzea gertatzen den ekitaldian sortutakoari, bidegabe kendutako zenbatekoak gehitu beharko dizkio, gehi kasuan kasuko berandutze-interesak”.

Berrogei.–Berrogeita hamabosgarren xedapen gehigarria gehitzea. 2018ko urtarrilaren 1etik aurrera izanen ditu ondorioak.

“Berrogeita hamabosgarren xedapen gehigarria.–Bizilagun-erkidegoek eginiko zaharberritze babestuko obrak.

Salbuetsirik egonen dira bizilagun-erkidegoei zaharberritze babestuko obrengatik emaniko diru-laguntza publikoak, Etxebizitzaren arloko jarduketa babesgarriak arautzen dituen irailaren 18ko 61/2013 Foru Dekretuko 55.2, 85.2 eta 85.3 artikuluetan xedatuaren indarrez, baldin eta diru-laguntza horiek egozten bazaizkie zergaldian 30.000 euro baino gehiagoko errentarik (salbuetsiak kontuan hartu gabe) ez duten subjektu pasiboei”.

Berrogeita bat.–Berrogeita hamaseigarren xedapen gehigarria gehitzea. 2018ko urtarrilaren 1etik aurrera izanen ditu ondorioak.

“Berrogeita hamaseigarren xedapen gehigarria.–Atxikipen-betebeharraren salbuespenak, hiri-higiezinen errentamenduetatik heldutako etekinen zenbait kasutan.

Ez zaie atxikipenik eginen ondasun higiezinen errentamenduetatik heldutako etekinei, baldin eta etekin horiek ordaindu bazaizkie sozietate publiko instrumental bidezko bitartekotzaz eginiko errentamendura bildutako etxebizitzen titularrei, zeina arauturik baitago Nafarroan Etxebizitza izateko Eskubideari buruzko maiatzaren 10eko 10/2010 Foru Legeko 13. artikuluan eta Etxebizitzaren arloko jarduketa babesgarriak arautzen dituen irailaren 18ko 61/2013 Foru Dekretuko 77. artikuluan”.

Berrogeita bi.–Hamaikagarren xedapen iragankorra, b) eta c) letrak. 2017ko urtarrilaren 1etik aurrera izanen ditu ondorioak.

“b) Sozietateen gaineko Zergari buruzko abenduaren 28ko 26/2016 Foru Legearen hamabosgarren xedapen iragankorra, Sozietateen gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 24/1996 Foru Legean ezarritako ondare sozietateen araubide iragankorra aplikatu duten entitateetako partaidetzen araubide iragankorrari buruzkoa.

c) Sozietateen gaineko Zergari buruzko abenduaren 28ko 26/2016 Foru Legearen hamaseigarren xedapen iragankorra, ondare sozietateen eta sozietate gardenen desegitea dela-eta bazkideei adjudikatutako ondare elementuen balio fiskalari buruzkoa”.

Berrogeita hiru.–Hamabigarren xedapen iragankorra. 2017ko urtarrilaren 1etik aurrera izanen ditu ondorioak.

“Hamabigarren xedapen iragankorra.–Zenbait finantza eragiketaren mozkinen araubide iragankorra.

Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren subjektu pasiboei dagokienez, aplikatzekoa izanen da, indarra duen bitartean, Sozietateen gaineko Zergari buruzko abenduaren 28ko 26/2016 Foru Legearen hogeita laugarren xedapen iragankorrean ezarritakoa, ordainpeko autobideen sozietate adjudikazio-hartzaileek mozkinak gordetzeari dagokiona, zerga horretan mozkin aitortuak izan bazituzten 1979ko urtarrilaren 1ean, finantzatzeko eta birfinantzatzeko eragiketetarako, bere berariazko legeriaren arabera eta Foru Diputazioaren 1978ko abenduaren 28ko Erabakiaren hirugarren xedapen iragankorreko 2. apartatuan eta hura garatzeko arauetan ezarritakoaren arabera”.

Berrogeita lau.–Hamahirugarren xedapen iragankorra, amaieran paragrafo bat gehitzea. 2017ko urtarrilaren 1etik aurrera izanen ditu ondorioak.

“Subjektu pasiboa abenduaren 31 ez den egun batean hiltzen bada, kenkaria 77.6 artikuluan ezarritakoaren arabera minoratuko da”.

Berrogeita bost.–Hogeita laugarren xedapen iragankorra gehitzea. 2018ko urtarrilaren 1etik aurrera izanen ditu ondorioak.

“Hogeita laugarren xedapen iragankorra.–2016an eta 2017an ohiko etxebizitzan egindako inbertsioetarako araubide iragankorra.

2017ko abenduaren 31n indarra duen 62.1 artikuluaren testuan jasotako inbertsioetakoren bat 2016an edo 2017an egin duten subjektu pasiboek zilegi izanen dute ohiko etxebizitzan egindako inbertsioagatiko kenkaria aplikatzea, 62.1 artikulu horri jarraituz, kontzeptu horiengatik ordaindu gabe zeuden baina 2018ko urtarrilaren 1etik aurrera ordaintzen dituzten zenbatekoengatik.

Xedapen honetan ezarritakoa aplikatuko zaie hamabosgarren eta hamazazpigarren xedapen iragankorretan jasotako araubide iragankorrak aplikatzeko eskubiderik ez duten subjektu pasiboei”.

Berrogeita sei.–Hogeita bosgarren xedapen iragankorra gehitzea. 2018ko urtarrilaren 1etik aurrera izanen ditu ondorioak.

“Hogeita bosgarren xedapen iragankorra.–Honakoetatik datozen prestazioei aplikatu beharreko araubide iragankorra: pentsio planak, gizarte aurreikuspeneko mutualitateak, aurreikuspen plan aseguratuak, pentsioen arloko konpromisoak gauzatzen dituzten aseguru kolektiboen kontratuak eta enpresen gizarte aurreikuspeneko planak.

1. 2018ko urtarrilaren 1a baino lehen gertatutako kontingentzietatik datozen prestazioen kasuan, onuradunek 17.2.b artikuluan, 2017ko abenduaren 31n indarra zuen testuan, aurreikusitako murriztapena aplikatzen ahalko dute.

2. 2018ko urtarrilaren 1a baino lehen gertatutako kontingentzietatik datozen prestazioen kasuan, 2017ko abenduaren 31 arte egindako ekarpenengatik, onuradunek 17.2.b artikuluan, 2017ko abenduaren 31n indarra duen testuan, aurreikusitako murriztapena aplikatzen ahalko dute.

3. 55.1.Zazpigarrena.a).a') artikuluan aurreikusitako muga ez da aplikatuko 2018ko urtarrilaren 1a baino lehen gizarte aurreikuspeneko sistemetara egindako ekarpenetan, data horretan zerga-oinarrian murriztu gabe baldin badaude, zerga-oinarri hori aski ez delako.

4. Xedapen honetan aurreikusitako araubide iragankorra aplikatzekoa izanen zaie, soilik, kasuko kontingentzia gertatzen den ekitaldian edo hurrengo bietan jasotako prestazioei.

Halere, 2018ko urtarrilaren 1a baino lehen gertatutako kontingentzien kasuan, araubide iragankorra aplikatzen ahalko zaie soilik 2020ko abenduaren 31 arte jasotako prestazioei”.

Bigarren artikulua. Ondarearen gaineko Zergari buruzko Foru Legea.

2018ko urtarrilaren 1etik aurrerako zergaldietan ondorioak izateko, Ondarearen gaineko Zergari buruzko azaroaren 19ko 13/1992 Foru Legearen artikulu hauek honako testu hau izanen dute:

Bat.–17.1 artikulua, paragrafo bat gehitzea amaieran.

“Edonola ere, beste pertsona bat izendatu bada bizitza-aseguruaren onuradun errebokaezin, Aseguru Kontratuari buruzko urriaren 8ko 50/1980 Legearen 87. artikuluan ezarritakoa aplikatuz, asegurua konputatuko da hartzailearen zerga-oinarrian, onuradunari zergaren sortzapenaren unean lortzea legokiokeen kapitalaren balioarekin”.

Bi.–31.1. eta 2. artikulua.

“1. Zerga honen kuota osoa -hala badagokio minoratua 33. artikuluak aipatzen dituen kenkarien zenbatekoarekin-, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren kuota osoarekin batera, ez da azken horren zerga-oinarriko baturaren % 65etik goitikoa izaten ahal, eta, ondorio hauetarako, ez da kontuan hartuko izaeragatik edo xedeagatik Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren kargapean dauden etekinak sortzeko ahalmenik ez duten ondare elementuei dagokien kuotaren zatia.

Aurrezkiari dagokion zerga-oinarriko zati berezia, ondare gehikuntza eta murrizketen ondoriozkoa, eskualdatze egunaren aurretik gutxienez ere urtebete lehenago eskuratutako ondare elementuen eskualdaketaren edo horietan egindako hobekuntzen saldo positiboari dagokiona ere ez da kontuan hartuko, ez eta Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren kuota osoan aurrezkiaren zerga-oinarriko zati bereziari dagokion zatia ere.

Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergako zerga-oinarrian aurrezkiari dagokion zati bereziari gehituko zaio Sozietateen gaineko Zergari buruzko abenduaren 28ko 26/2016 Foru Legearen hamabosgarren xedapen iragankorreko 1. apartatuko a) letrak aipatzen duen mozkinetako partaidetzen eta dibidenduen zenbatekoa.

2. Baldin eta 1. apartatuan aipatutako muga gainditzen bada, zerga honen kuota osoa, 33. artikuluak aipatzen dituen kenkarien zenbatekoa minoratuta, hala badagokio, eta Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren kuota osoa batu ondoren, murriztuko da zerga honen kuota osoa, 33. artikuluak aipatzen dituen kenkarien zenbatekoa minoratuta, hala badagokio, muga hori erdietsi arte; murriztapen hori, baina, ez da ehuneko 55etik gorakoa izanen”.

Hiru.–33.1. artikulua, lehen paragrafoa.

“1. Zergaren kuotari ondoko letretan jasotzen diren ondasun eta eskubideen balioari kuotan dagokion zati proportzionalaren ehuneko 100 kenduko zaio, ondasun eta eskubide horien gehieneko balioa 1.000.000 euro bitartekoa denean, eta balio horren gainekoari dagokion zati proportzionalaren ehuneko 95”.

Hirugarren artikulua. Sozietateen gaineko Zergari buruzko Foru Legea Nota de Vigencia.

Sozietateen gaineko Zergari buruzko abenduaren 28ko 26/2016 Foru Legearen agindu hauek aldatu dira, eta ondoren azaldu bezala gelditu:

Bat.–15. artikulua. 10. apartatuaren aldaketa eta 11. apartatuaren indargabetzea. 12. apartatua dena 11. apartatua izanen da aurrerantzean. 2018ko urtarrilaren 1etik aurrera hasten diren zergaldietan izanen ditu ondorioak.

“10. Entitateen kapitalean edo funts berekietan izaten den partaidetzaren balore adierazgarriak eskualdatzean sortutako errenta negatiboak, baldin eta eskuratzailea sozietate talde bereko entitate bat bada Merkataritza Kodearen 42. artikuluko irizpideen arabera, alde batera utzita egoitza non den eta urteko kontu kontsolidatuak aurkeztu beharra, zergaldi honetan egotziko dira: ondare elementu horiek sozietateen taldetik kanpoko hirugarrenei eskualdatzen zaizkien zergaldian, edo entitate eskualdatzaileak edo eskuratzaileak taldeko kide izateari uzten dion zergaldian, hirugarrenei egindako eskualdaketan lortu diren errenta positiboen zenbatekoa minoratuta, betiere inguruabar hauek gertatzen badira eskualdatutako baloreei dagokienez:

a) eskualdatzea gauzatzen den egunaren aurreko urtean 35.1.a) artikuluan ezarritako baldintza inoiz ez betetzea, eta

b) Espainiako lurraldeko egoiliarrak ez diren entitateen kapitaleko edo funts berekietako partaidetzen kasuan, eskualdatzea gertatzen den zergaldian 35.1.b) artikuluan ezarritako baldintza betetzea.

Aurreko apartatuan xedatutakoa aplikatzekoa izanen da, halaber, aldi baterako enpresa-elkarte baten partaidetzak edo atzerrian dauden antzeko lankidetza moduetako batenak eskualdatzen direnean.

Apartatu honetan xedatutakoa ez da aplikatuko partaidetzako entitatearen iraungitzearen kasuan, salbu eta berregituraketa-eragiketa baten ondorioa bada edo beste edozein forma juridikoren babesean jarduerarekin jarraitzen bada”.

Bi.–20.2. artikulua. 2018ko urtarrilaren 1etik aurrera hasitako zergaldietan izanen ditu ondorioak.

“2. Ez dira kengarriak izanen:

a) Ibilgetu materialaren, ondasun higiezinetako inbertsioen eta ibilgetu ukiezinekoen narriaduragatiko galerak, merkataritza-funtsa barne.

b) Entitateen kapitaleko edo funts berekietako partaidetzaren balore adierazgarrien narriaduragatiko galerak, partaidetza horretan inguruabar hauek betetzen badira:

Lehena. Narriadura erregistratzen den zergaldian ez betetzea 35.1.a) artikuluan ezarritako baldintza, eta

Bigarrena. Espainiako lurraldeko egoiliarrak ez diren entitateen kapitaleko edo funts berekietako partaidetza kasuan, zergaldi horretan 35.1.b) artikulua betetzea.

c) Zorraren balore adierazgarrien narriaduragatiko galerak.

Apartatu honetan adierazitako narriaduragatiko galerak kengarriak izanen dira 26. artikuluan ezarritako moduan. Aurreko b) letran ezarritako kasuan, kengarriak izanen dira baldin eta inguruabar horiek gertatzen badira eskualdaketa gertatu edo partaidetzan baja eman den egunaren aurreko urtean”.

Hiru.–23.1 artikulua. f) letrari azken paragrafo bat gehitzea, k) eta l) letrak gehitzea eta azken paragrafoa kentzea. 2018ko urtarrilaren 1etik aurrera hasten diren zergaldietan izanen ditu ondorioak.

“Nazioarteko gardentasun fiskalari dagozkion xedapenak ez dira aplikatuko zergaren aldetik kengarriak ez diren gastuen errentei dagokienez”.

“k) Entitateen kapitaleko edo funts berekietako partaidetzaren balore adierazgarrien narriaduragatiko galerak, partaidetza horretan inguruabar hauek gertatzen badira:

Lehena. Narriadura erregistratzen den zergaldian, 35. artikuluan ezarritako baldintzak betetzea, edo

Bigarrena. Espainiako lurraldeko egoiliarrak ez diren entitateen kapitaleko edo funts berekietako partaidetzaren kasuan, zergaldi horretan 35.1.b) artikuluan ezarritako baldintza ez betetzea.

l) Arrazoizko balioaren irizpidea aplikatuta eragindako balio jaitsierak, aurreko letran aipatutako entitateen kapitaleko edo funts berekietako partaidetzen balore adierazgarriei dagozkienak, galera eta irabazien kontuan egozten direnak, salbu eta, aldez aurretik, zerga-oinarrian sartu bada zenbateko bereko balore homogeneoen balio igoera bat”.

Lau.–25.1. artikuluko azken paragrafoa. 2018ko urtarrilaren 1etik aurrera hasitako zergaldietan izanen ditu ondorioak.

“Dena dela, arrazoizko balioaren irizpidea aplikatuta sortzen diren balio aldaketek ez dute ondorio fiskalik izanen, galera eta irabazien kontuan egotzi behar ez diren bitartean, ezertan ukatu gabe 23.1.l) artikuluan ezarritakoa”.

Bost.–30.4. artikulua. 2017ko urtarrilaren 1etik aurrera hasitako zergaldietan izanen ditu ondorioak.

“4. Espainiako lurraldeko egoiliarrak diren entitateek, talde bateko nagusiak badira (28.1 artikuluan ezarritako moduan zehaztuta) eta ez badira beste entitate baten menpekoak, egoiliarra izan edo ez izan, 5. apartatuko informazioa aurkeztu behar dute, herrialdez herrialde.

Halaber, informazio hori aurkeztu beharra izanen dute Espainiako lurraldeko egoiliarrak diren entitateek, Espainiako lurraldeko egoiliarra ez den entitate baten menpekoak badira, zuzenean zein zeharka, eta hura ez bada, aldi berean, beste baten menpekoa, eta baita ere egoiliarrak ez diren taldeko entitateen establezimendu iraunkorrek, betiere ondoko inguruabarretako bat gertatzen bada:

a) Informazioa herrialdez herrialde emateko betebeharrik ez egotea, apartatu honetan aurreikusitako moduan egoitza fiskaleko herrialdeko edo lurraldeko egoiliarra ez den entitate horri dagokionez.

b) Ez egotea informazioa automatikoki trukatzeko akordiorik, informazio horri dagokionez, egoiliarra ez den entitateak zer herrialde edo lurraldetan duen egoitza fiskala, horrexekin.

c) Informazioa automatikoki trukatzeko akordioa badago, informazio horri dagokionez, egoiliarra ez den entitateak zer herrialde edo lurraldetan duen egoitza fiskala, horrexekin, hura sistematikoki bete ez bada eta Espainiako zerga administrazioak horren berri eman badie Espainiako lurraldeko egoiliarrak diren establezimendu iraunkorrei edo menpeko entitateei, apartatu honetan aurreikusitako epean.

Aurrekoa gorabehera, ez dute informazioa emateko betebeharrik izanen Espainiako lurraldean kokatutako establezimendu iraunkor edo menpeko entitate horiek, talde multinazionalak informazio hori aurkezteko menpeko entitate bat izendatu badu, taldekoa eta Europar Batasuneko estatukide bateko egoiliarra dena, edo informazio hori jadanik aurkeztua badu bere egoitza fiskala duen lurraldean, taldeak izendatutako entitate ez-egoiliar batek, hain zuzen ere zeregin horretarako entitate nagusiaren entitate subrogatu gisa izendatua. Entitate subrogatuak bere egoitza fiskala Europar Batasunetik kanpoko lurralderen batean badu, bete beharko ditu Kontseiluaren 2011ko otsailaren 15eko 2011/16/UE Zuzentarauko baldintzak (III. eranskineko II. ataleko 2. apartatua). Zuzentarau hori fiskalitatearen esparruko lankidetza administratiboari buruzkoa da eta 77/799/CEE Zuzentaraua indargabetu zuen.

Espainiako lurraldeko egoiliarra den menpeko entitate bat baino gehiago badago eta talde multinazionalak horietako bat izendatu badu informazioa aurkezteko, bera bakarrik egonen da behartua aurkezpen hori egitera.

Apartatu honetan xedatutako ondorioetarako, Espainiako lurraldeko egoiliarra den edozein entitatek, hemen ezarritako informazioa aurkeztu beharra duen talde baten parte bada, zerga administrazioari jakinarazi behar dio informazio hori eman beharra duen entitatearen identifikazioa eta zer herrialdetan edo lurraldetan daukan egoitza. Informazioa zer zergaldiren gainekoa den, hura bukatu baino lehenago egin beharko da jakinarazpena.

Zerga arloan eskuduna den departamentuaren titularrak ezarriko du, foru agindu baten bidez, zer epetan eta zer modutan aurkeztu beharko den apartatu honetan aurreikusten den informazioa”.

Sei.–30.5. artikulua, lehen paragrafoa. 2017ko urtarrilaren 1etik aurrera hasitako zergaldietan izanen ditu ondorioak.

“5. Entitateek herrialdez herrialdeko informazioa aurkeztu beharko dute, baldin eta taldeko pertsona edo entitate multzoaren negozio zifraren zenbateko garbia, zergaldia hasi aurreko 12 hilabetean, 750 milioi eurokoa bada, gutxienez”.

Zazpi.–IV. tituluko VII. kapituluaren izena. 2018ko urtarrilaren 1etik aurrera hasten diren zergaldietan izanen ditu ondorioak.

“VII. KAPITULUA

Salbuespena, establezimendu iraunkorren eta entitateen funts berekien balore adierazgarrietan”

Zortzi.–35. artikulua, errubrika. 2018ko urtarrilaren 1etik aurrera hasten diren zergaldietan izanen ditu ondorioak.

“35. artikulua. Espainiako lurraldeko entitate egoiliarren nahiz ez-egoiliarren funts berekien balore adierazgarriak eskualdatzetik datozen dibidendu eta errenten gaineko salbuespenak”.

Bederatzi.–35.1 artikuluan a) letraren hirugarren paragrafoa kentzea eta b) letrari azken-aurreko paragrafo bat gehitzea. 2018ko urtarrilaren 1etik aurrera hasitako zergaldietan izanen ditu ondorioak.

“Ez da inola ere ulertuko baldintza hori bete denik, baldin eta partaidetzako entitatea paradisu fiskaltzat kalifikatutako herrialde edo lurralde bateko egoiliarra bada, salbu eta egoitza Europar Batasuneko estatu kide batean izan, eta zergadunak frogatzen badu entitatearen eratzeak eta jardunak zio ekonomiko baliodunei erantzuten dietela eta jarduera ekonomikoak egiten dituela”.

Hamar.–35. artikulua, 5., 6., 7. eta 8. apartatuak aldatzen dira. 7. eta 8. apartatuetako egungo edukiak 9. eta 10. apartatuetakoak izanen dira, hurrenez hurren. 2018ko urtarrilaren 1etik aurrera hasitako zergaldietan izanen ditu ondorioak.

“5. Ondoko kasuetan, 4. apartatuan aurreikusitako salbuespenaren aplikazioak ondoren adierazten diren berezitasunak izanen ditu:

a) Entitateko partaidetza VIII. tituluko VIII. kapituluko araubide bereziko arauen arabera baloratu denean, baldin eta arau horiek aplikatzeak ekarri badu errentak ez sartzea zerga honen zerga-oinarrian edo ez-egoiliarren errentaren gaineko zergaren zerga-oinarrian, betiere honako hauen ondoriozkoak izanik:

1. a) Apartatuko baldintza betetzen ez duen, edo, erabat edo partzialki zergaldi batean, behintzat, 1.b) apartatuko baldintza betetzen ez duen entitate bateko partaidetzaren ekarpena.

2. a) Beste ondare-elementu batzuen ekarpena, ez-diruzkoa, elementu horiek entitateen kapitaleko edo funts berekietako partaidetzak ez badira.

Kasu horretan, salbuespena ez zaio aplikatuko ekarpen eragiketaren ondorioz entitate eskualdatzailean geroratutako errentari, salbu eta egiaztatzen bada entitate eskuratzaileak errenta hori bere zerga-oinarrian sartu duela.

b) Entitateko partaidetza VIII. tituluko VIII. kapituluko araubide bereziko arauen arabera baloratu denean, baldin eta arau horiek aplikatzeak ekarri badu entitateetako partaidetzen ekarpenen ondoriozko errentak ez sartzea pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren zerga-oinarrian.

Kasu horretan, partaidetza horiek eskualdatzen badira ekarpenaren eragiketa egin ondoko bi urteetan, salbuespena ez da aplikatuko entitate eskuratzaileak jasotako partaidetzen balio fiskalaren eta eskuratu zuen uneko merkatuko balioaren arteko diferentzia positiboaren gainean, salbu eta egiaztatzen bada pertsona fisikoek entitatean duten partaidetza eskualdatu dutela aipatutako epe horretan.

6. Entitateetako partaidetza eskualdatzetik datozen errenta negatiboak ez dira zerga-oinarrian sartuko, haietan inguruabar hauetakoren bat gertatzen bada:

a) 4. apartatuan ezarritako baldintzak betetzea. Dena den, partaidetza-ehunekoari edo eskurapen-balioari buruzko baldintza, dagokionaren arabera, bete dela ulertuko da eskualdaketa egunaren aurreko urtean zehar uneren batean erdietsi baldin bada.

b) Espainiako lurraldeko egoiliarrak ez diren entitateen kapitaleko edo funts berekietako partaidetzaren kasuan, ez betetzea 1.b) apartatuan ezarritako baldintza.

Aipatutako baldintzak hein batean betetzen badira, 4. apartatuan ezarri bezala, partzialki aplikatuko da apartatu honetan ezarritakoa.

7. Entitateetako partaidetza eskualdatzetik datozen errenta negatiboek, aurreko apartatuan ezarritako inguruabarrik gertatzen ez delako zerga-oinarrian sartu behar ez direnek, ondoko berezitasunak izanen dituzte:

a) Partaidetza aldez aurretik beste entitate batek eskualdatu badu (betiere entitate horrek betetzen baditu zergadunarekin sozietate talde bereko kide izateari buruz Merkataritza Kodearen 42. artikuluak aipatzen dituen inguruabarrak), kontuan hartu gabe egoitza non duen eta urteko kontu kontsolidatuak aurkeztu behar dituen, aipatu errenta negatiboak minoratuko dira, aurreko eskualdaketan, zergapetze bikoitza ezabatzeko kenkarien edo salbuespenen araubidea aplikatu zitzaion hartan, sortutako errenta positiboaren zenbatekoan.

b) Errenta negatiboen zenbatekoa minoratuko da partaidetzako entitatetik jasotako dibidenduen edo mozkinetako partaidetzen zenbatekoan, baldin eta dibidendu edo mozkinetako partaidetza horiek ez badute minoratu haren eskurapen-balioa, eta artikulu honen 1. apartatuan ezarritako salbuespena aplikatzeko eskubidea izan badute.

8. Partaidetzako entitatea iraungita sortzen diren errenta negatiboak zerga arloan kengarriak izanen dira, salbu eta berregituratze eragiketa baten ondorioz iraungi bada.

Kasu horretan, errenta negatiboen zenbatekoa minoratuko da partaidetzako entitatetik iraungitze dataren aurreko hamar urteetan jasotako dibidenduen edo mozkinetako partaidetzen zenbatekoan, baldin eta dibidendu edo mozkinetako partaidetza horiek ez badute minoratu eskurapen-balioa, eta zergapetze bikoitza ezabatzeko kenkarien edo salbuespenen araubidea aplikatzeko eskubidea izan badute, haren zenbateko berekoa”.

Hamaika.–36. artikulua, 1., 2., eta 6. apartatuak aldatzen dira eta 7. apartatua indargabetzen. 2018ko urtarrilaren 1etik aurrera hasten diren zergaldietan izanen ditu ondorioak.

“1. Espainiako lurraldetik kanpo kokatuta dagoen establezimendu iraunkor baten bitartez lortutako errenta positiboak salbuetsirik egonen dira establezimendu hori zerga honen baliokidea edo antzekoa den beste zerga bati lotuta eta salbuetsi gabe egon bada, gutxienez, % 10eko interes-tasa nominalarekin, 35.1.b) artikuluko terminoetan.

Orobat, salbuetsita egonen dira establezimendu iraunkor bat eskualdatzetik edo haren jarduera etetetik lortutako errenta positiboak, aipatutako tributazio baldintza betetzen bada.

2. Ez dira zerga-oinarrian sartuko establezimendu iraunkor baten bidez atzerrian lortutako errenta negatiboak.

Ez dira zerga-oinarrian sartuko, halaber, establezimendu iraunkor baten eskualdatzetik lortutako errenta negatiboak.

Aitzitik, zerga arloan kengarriak izanen dira establezimendu iraunkorra uztetik lortutako errenta negatiboak. Kasu horretan, errenta negatiboen zenbatekoa minoratuko da aurretik lortutako errenta positibo garbien zenbatekoan, baldin eta zergapetze bikoitza ezabatzeko kenkarien edo salbuespenen araubidea aplikatzeko eskubidea izan badute, haren zenbateko berekoa”.

“6. Artikulu honetan aurreikusitako araubidea ez da aplikatuko, atzerrian lortutako errentei dagokienez, 35.10 artikuluan aurreikusitako inguruabarrak gertatzen direnean. 35.10.c) artikuluan aipatzen den aukera Espainiako lurraldetik kanpo dagoen establezimendu iraunkor bakoitzeko gauzatuko da, baita herrialde bakar batean bat baino gehiago daudenean ere”.

Hamabi.–37.1. artikulua, lehen paragrafoa. 2018ko urtarrilaren 1etik aurrera hasten diren zergaldietan izanen ditu ondorioak.

“1. Ez da zerga-oinarrian sartuko ibilgetu materialaren eta ukiezinaren ondare elementuen eta ondasun higiezinetan egindako inbertsioen kostu bidezko eskualdatzean lortzen diren errenten ehuneko 50 edo elementu horien eskualdatzetik lortutako errentena, baldin eta eskualdatu aurretik, saltzeko mantendutako aktibo ez korrontetzat sailkatu badira, entitatearen ustiatze ekonomikoari atxikiak badaude eta, gutxienez ere, urtebetez funtzionamenduan egon badira eskualdatu aurreko hiru urteetan, betiere aipatu eskualdatzeen zenbatekoa berinbertitzen bada lehen aipatu diren ondare elementuetan, atxikitakoetan, edozeinetan, ondare elementua eman edo eskura jarri baino urtebete lehenagotik ondoko hiru urte arteko epean”.

Hamahiru.–37.5.a) artikulua, lehenbiziko lerroaldea. 2017ko urtarrilaren 1etik aurrera hasitako zergaldietan izanen ditu ondorioak.

“a) Berrinbertsioaren xedeko ondare elementuak gutxienez bost urtez martxan egotea zergadunaren instalazioetan, salbu eta justifikatutako galera bat gertatzen bada edo elementu horien bizitza baliagarria laburragoa bada, eskualdatu edo laga gabe, 9.1 artikuluaren azken paragrafoan xedatutakoa izan ezik”.

Hamalau.–41. artikuluari 5. idatz-zatia gehitzea. 2017ko urtarrilaren 1etik aurrera hasitako zergaldietan izanen ditu ondorioak.

“5. Artikulu honetan ezarritakoa ez zaie aplikatuko Fundazioen eta Babes Jardueren Tributu Araubidea erregulatzen duen uztailaren 2ko 10/1996 Foru Legean aurreikusitako zerga araubideari atxikitako banku fundazioei”.

Hamabost.–44.1. artikuluko azken paragrafoa. 2017ko urtarrilaren 1etik aurrera hasten diren zergaldietarako ondorioekin.

“Portzentaje hori ehuneko 60koa izanen da mikroenpresa izaera duten zergadunen kasuan”.

Hamasei.–46.3. artikulua, lehen paragrafoa. 2017ko urtarrilaren 1etik aurrera hasitako zergaldietan izanen ditu ondorioak.

“3. Elementuak gutxienez bost urtez egon beharko dira martxan zergadunaren instalazioetan, salbu eta justifikatutako galera bat gertatzen bada edo elementu horien bizitza baliagarria laburragoa bada, eskualdatu edo laga gabe, 9.1 artikuluaren azken paragrafoan xedatutakoa izan ezik”.

Hamazazpi.–51.2.a) artikulua. 2017ko urtarrilaren 1etik aurrera hasitako zergaldietan izanen ditu ondorioak.

“a) Partez salbuetsiak dauden entitateak, 130. artikuluan aipatuak.

Dena dela, mikroenpresa izaera badute, 1.b) apartatuan horietarako ezarritako tasaren arabera ordainduko dute”.

Hemezortzi.–53.2.bigarren artikulua. 2018ko urtarrilaren 1etik aurrera hasitako zergaldietan izanen ditu ondorioak.

“Bigarrena. Lortutako zenbatekoari ehuneko 18 aplikatuko zaio. Portzentaje hori ehuneko 16koa izanen da enpresa txikia bada eta ehuneko 13koa, berriz, mikroenpresa izaera badute”.

Hemeretzi.–56. artikulua, 1. apartatuko lehenengo paragrafoa aldatzea; 4. apartatuko azken bi paragrafoak kentzea, eta 5. apartatua indargabetzea eta 6. apartatuko egungo edukia 5. apartatura pasatzea. 2018ko urtarrilaren 1etik aurrera hasitako zergaldietan izanen ditu ondorioak.

“1. Zergadunaren zerga-oinarrian atzerrian lortu eta kargatutako errenta positiboak sartzen direnean, kuota osotik honako bi kopuru hauetako txikiena kenduko da:”

Hogei.–57. artikulua, 6. eta 7. apartatuak indargabetzea. 2018ko urtarrilaren 1etik aurrera hasitako zergaldietan izanen ditu ondorioak.

Hogeita bat.–VI. tituluko IV. kapituluko 1. atala, errubrika. 2018ko urtarrilaren 1etik aurrera hasitako zergaldietan izanen ditu ondorioak.

“1. ATALA

Ibilgetu materialetako inbertsioak sustatzeko kenkariak”

Hogeita bi.–“58. artikulua, errubrika. 2018ko urtarrilaren 1etik aurrera hasitako zergaldietan izanen ditu ondorioak.

“58. artikulua. Kenkariak ibilgetu materialeko elementu berrietan egindako inbertsioengatik”.

Hogeita hiru.–58.1. artikulua. 2018ko urtarrilaren 1etik aurrera hasitako zergaldietan izanen ditu ondorioak.

“1. Ibilgetu materialeko elementu berrietan inbertsioak eginez gero, baldin eta elementu horiek (lurrak bazter utzita) entitatearen jarduera ekonomikoari atxikiak badaude, kuota likidoari inbertsio horien zenbatekoaren 100eko 10 kentzen ahalko zaio.

Inbertsioaren xede turismo-automobilak eta horien atoiak, ziklomotorrak, motozikletak edo 23.4 artikuluan aipaturiko ibilgailuak izanez gero, 23.3.e) artikuluak aipatzen dituenak bakarrik onartuko dira.

Finantza-errentamenduko kontratuen bidez egindako inbertsioak onartuko dira, nahiz eta, kontabilitate arauak aplikatzeagatik, inbertsio horiek ez kontatu ibilgetu gisa.

Azpiegitura publikoen enpresa kontzesio-hartzaileek kenkari hori aplikatzen ahalko dute inbertsioak egiteagatik ibilgetu materialeko elementu berrietan (lurrak bazter utzita), salbu EHA/3362/2010 Aginduan ezarritakoaren arabera, ibilgetu ukiezin edo finantza-aktibo gisa birsailkatu edo sailkatu beharrekoak badira”.

Hogeita lau.–59.b) artikulua. 2018ko urtarrilaren 1etik aurrera hasitako zergaldietan izanen ditu ondorioak.

“b) Ibilgetu materialaren aldez aurreko kontabilitate-balioen baturaren ehuneko 10etik gorakoa izatea ekitaldi bakoitzean, amortizazioak kenduta. Ekitaldian egindako inbertsioen zenbatekoa 300.000 eurotik gorakoa bada, aurreko ehunekoa 5era murriztuko da.

58. 2 artikuluaren 2. paragrafoan aurreikusitako kasuan, ordainketak egin diren zergaldietan ez bada bete b) letra honetako beharkizuna, kenkaria izateko eskubidea sortuko da ondasuna funtzionamenduan hasten den zergaldian, betebeharrak betetzen badira, betiere. Zergaldi horretan zenbatuko dira kenkaria izateko eskubidea eman ez duten ordainketa guztiak.

Azpiegitura publikoen enpresa kontzesio-hartzaileen kasuan, b) letrako magnitudeen zenbaketan sartuko da ibilgetu materialeko elementuek, hain zuzen ere EHA/3362/2010 Agindua aplikatuta ibilgetu ukiezin edo finantza-aktibo gisa birsailkatu edo sailkatu direnek, lehenago zuten kontabilitate-balioa ere.

Kontabilitate-balioa zehazteko, inbertsioa egiten den ekitaldiaren aurreko zergaldiaren azkenengo egunari dagokion balantzeari begiratuko zaio, egun horretan jardunean dagoen inbertsiopeko elementuari dagokiona zenbatu gabe”.

Hogeita bost.–61. artikulua. 7. apartatua aldatzea; 9. apartatuaren egungo edukia 8. apartatukoa izanen da aurrerantzean. 2017ko urtarrilaren 1etik aurrera hasitako zergaldietan izanen ditu ondorioak.

“7. Erregelamendu bidez zehaztu daiteke egitezko zer kasutan aplikatuko diren artikulu honetan aurreikusten diren kenkariak eta arau hau aplikatzeko behar diren arauak ere bai”.

Hogeita sei.–62.1 artikulua, paragrafo bat gehitzea amaieran. 2018ko urtarrilaren 1etik aurrera hasitako zergaldietan izanen ditu ondorioak.

“Ezin izanen da kenkari hori aplikatu proiektuaren finantzaketan parte hartzen duen zergaduna lotuta badago, 28.1. artikuluak ezarritako zentzuan, proiektua egiten duen zergadunarekin”.

Hogeita zazpi. 63. artikuluari 3. apartatua gehitzea. 2018ko urtarrilaren 1etik aurrera hasten diren zergaldietan izanen du eragina Nota de Vigencia

“3. 1. apartatuan xedatutakoa gorabehera, aplikatu beharreko portzentajea 100eko 40koa izanen da gizarte interesekotzat deklaratutako kirol jarduera edo lehiaketetako babes-kontratuetatik heldutako publizitate-gastuen kasuan, jarduera horietan emakumeek soilik parte hartzen badute edo lehiatzen badira; hori guztia, alde batera utzita kenkariaren oinarriaren zenbatekoa zein den.

Portzentaje hori aplikatzeari dagokionez, baldin eta babes-kontratuak aldi berean halako kirol jarduerak edo lehiaketak hartzen baditu bere barnean, zeinetan soilik emakumeek parte hartzen duten edo lehiatzen diren, eta beste batzuk gizonezkoentzat direnak edo mistoak direnak, gizarte interesaren deklarazioak zehaztu eginen du, eskatzaileak aurrez egiaztagiria aurkeztuta, kirol jarduera edo lehiaketa horren babesaren publizitate-gastuen zein zati dagokien emakumeek soilik parte hartzen duten edo lehiatzen diren kirol jarduera edo lehiaketa horiei”.

Hogeita zortzi. 64.A) artikulua, 1.a) eta 4. apartatuak aldatzea eta 5. apartatua gehitzea. 2018ko urtarrilaren 1etik aurrera hasten diren zergaldietan izanen du eragina Nota de Vigencia.

“a) Kengarri izanen dira energia elektrikoa sortzeko instalazioetako inbertsioak soilik, baldin eta araudi indardunaren arabera autokontsumora bideratzen badira, eta metaketarako sistemak eduki ahalko dituzte; halaber, saretik isolatutako autokontsumoko instalazioak.

Instalazioek ez dute kenkaria izateko eskubiderik emanen, baldin eta Eraikuntzaren Kode Teknikoaren arabera derrigorrezko izaera badute, salbu eta instalazioen potentzia nominala handiagoa bada eskatzen den gutxienekoa baino. Halakoetan, kenkaria aplikatu ahalko zaio instalazioaren kostuaren parte bati; hots, eskatzen den gutxieneko horretatik gora instalatutako potentziari dagokion proportzioan”.

“4. 1. apartatuan ezarritako kenkari-portzentajea honako kasu hauetan handitu ahalko da, baina inolaz ere ez 100eko 30etik gora:

a) Energia elektrikoa sortzeko instalazioetako inbertsioak:

Lehenengoa) Baldin eta energia elektrikoaren ekoizpenak ez badu negutegi efektuko gas-emisiorik sortzen (energia fotovoltaikoko, eolikoko edo hidraulikoko instalazioak edo bestelakoak), kenkariaren portzentajea 10 puntu handituko da.

Bigarrena) Baldin eta energia elektrikoa iturri berriztagarrien bidez sortzeko instalazioak energia-metaketako sistema bat badauka, Litio Ioiaren teknologian edo antzeko edo gehiagoko energia-dentsitateko teknologia batean oinarritua, 2kWh baino gehiagoko ahalmenarekin, kenkariaren portzentajea 10 puntu handituko da.

Hirugarrena) Baldin eta mikrosare batean egindako inbertsio bat bada, bi energia-iturri berriztagarri desberdinekin, kenkariaren portzentajea 5 puntu handituko da.

Laugarrena) Baldin eta autokontsumo partekatuko proiektu batean egindako inbertsio bat bada, kenkariaren portzentajea 5 puntu handituko da.

b) Energia berriztagarrien iturriak erabiltzen dituzten erabilera termikoetarako instalazioetan egindako inbertsioen kasuan, baldin eta inbertsioaren xede den instalazioa berokuntzako/etxeko ur beroko sistema hidraulikoari konektatuta badago, kenkariaren portzentajea 5 puntu handituko da.

5. Energiaren arloko organo eskudunak egiaztapen-txosten bat prestatuko du, egin diren inbertsioei buruzkoa -ez ditu jasoko energia-produkzioko helburuak betetzeko beharrezkoak ez diren elementuetan eginiko inbertsioak-, funtzionamenduan hasteko datari buruzkoa eta, halaber, egiaztatzekoa instalazioak zerbitzuan jarri direla aplikatzekoak diren erregela teknikoei men eginez eta 1. eta 4. apartatuetan ezarritakoaren ondorioz aplikatzekoak diren kenkari-portzentajeen arabera.

Kenkariaren oinarria, bai eta kenkaria egiteko eskubidea sortzen den unea ere, zehaztuko dira txosten horretan frogaturiko inbertsio-zenbatekoaren eta funtzionamenduan hasteko dataren arabera”.

Hogeita bederatzi. 64.B).1 eta 2 artikulua. 2018ko urtarrilaren 1etik aurrera hasten diren zergaldietan izanen du eragina Nota de Vigencia.

“1. Ibilgailu elektrikoetan edo hibrido entxufagarrietan eginiko inbertsioagatiko kenkaria.

a) Entitatearen jarduera ekonomikoari atxikitako ibilgailu berrietan egindako inbertsioek eskubidea emanen dute 100eko 30eko kenkaria egiteko, baldin eta ibilgailu elektrikoak badira, eta 100eko 5eko kenkaria, berriz, ibilgailu hibrido entxufagarriak badira, baldin eta Europako Parlamentuaren eta Kontseilu Europarraren 2007ko apirilaren 5eko 2007/46/EE Zuzentarauan eta Europako Parlamentuaren eta Kontseilu Europarraren 2013ko urtarrilaren 15eko 168/2013 Erregelamenduan (EB) zehaztutako kategoria hauetakoren batekoak badira:

Lehenengoa) M1 turismoak: Gehienbat pertsonak eta haien ekipajea garraiatzeko asmatu eta fabrikatutako ibilgailu motordunak, gidariaren eserlekuaz gain zortzi eserleku dituztenak, gehienez.

Bigarrena) N1 furgonetak edo kamioi arinak: Gehieneko masa 3,5 tona baino gehiagokoa ez duten salgaiak garraiatzeko xede nagusiarekin asmatu eta fabrikatutako ibilgailu motordunak.

Hirugarrena) L1e ziklomotorrak: Bi gurpileko ibilgailuak, fabrikazioz orduko 45 kilometroko gehieneko abiadura hartzen dutenak eta 4 kW baino gehiagokoa ez den potentzia jarraitu nominala dutenak.

Laugarrena) L2e trizikloak: Hiru gurpileko ibilgailuak, fabrikazioz orduko 45 kilometroko gehieneko abiadura hartzen dutenak eta 4 kW baino gehiagokoa ez den potentzia jarraitu nominala dutenak.

Bosgarrena) L6e kuadriziklo arinak: Kuadriziklo arinak, hutsean 350 kilogramoko edo hortik beherako masa dutenak (baterien masa kontuan hartu gabe), fabrikazioz orduko 45 kilometroko edo hortik beherako abiadura hartzen dutenak eta 4 kW-ko edo hortik beherako gehieneko potentzia dutenak.

Seigarrena) 7e kuadriziklo astunak: Kuadrizikloak, hutsean 400 kilogramoko edo hortik beherako masa dutenak (550 kg-koa, salgai-garraiorako diren ibilgailuen kasuan), baterien masa kontuan hartu gabe, eta 15 kW-koa edo hortik beherakoa den gehieneko potentzia dutenak.

Zazpigarrena) L3e, L4e eta L5e kategoriak: Bi gurpileko ibilgailuak, edo ibilgailuaren luzetarako erdiko ardatzarekiko simetrikoak edo asimetrikoak diren hiru gurpilekoak, diseinuko abiadura 45 km/h baino gehiagokoa dutenak.

Zortzigarrena) Motor elektrikodun bizikletak.

b) Kenkariaren oinarriak ezin izanen ditu gainditu honako muga hauek:

Lehena) M1 eta N1 kategorietako ibilgailuei dagokienez: 32.000 euro.

Bigarrena) L1e eta L2e kategorietako ibilgailuei dagokienez: 5.000 euro.

Hirugarrena) L3e, L4e eta L5e kategorietako ibilgailuei dagokienez: 10.000 euro.

Laugarrena) L6e eta L7e kategorietako ibilgailuei dagokienez: 15.000 euro.

Bosgarrena) Motor elektrikodun bizikletei dagokienez: 1.500 euro.

2. Errekarga-sistemetan egindako inbertsioagatiko kenkaria.

a) Kengarri izanen da potentzia arrunteko edo handiko errekarga sistema bat abiarazteko behar diren obra zibilean, instalazioetan, kableetan eta lotura puntuetan egindako inbertsioaren zenbatekoaren 100eko 15, Europako Parlamentuaren eta Kontseilu Europarraren 2014ko urriaren 22ko 2014/94/EB Zuzentarauan ezarritako definizioari jarraikiz.

Instalazioek ITC BT-52 Jarraibide Tekniko Osagarria onesten duen abenduaren 12ko 1053/2014 Errege Dekretuan ezarritakoa bete beharko dute.

b) Apartatu honen a) letran ezarritako kenkariaren portzentajea honako kasu hauetan handitu ahalko da:

Lehenengoa) Baldin eta errekarga-gunea sarbide publikoa duen toki batean kokatuta badago, kenkariaren portzentajea 5 puntu handituko da.

Bigarrena) Errekarga-gunearen potentzia 7,4 kW-koa edo handiagoa bada eta 22 kW-koa edo txikiagoa bada, kenkariaren portzentajea 2 puntu handituko da.

Hirugarrena) Errekarga-gunearen potentzia 22 kW baino handiagoa eta 50 kW baino txikiagoa bada, kenkariaren portzentajea 5 puntu handituko da.

c) Kenkariaren oinarriak ezin izanen ditu gainditu honako muga hauek:

Lehenengoa) Potentzia arrunteko errekarga puntuetarako: 5.000 euro.

Bigarrena) Potentzia handiko errekarga puntuetarako: 25.000 euro.

d) Energiaren arloko organo eskudunak egiaztapen-txosten bat emanen du, egin diren inbertsioen zenbatekoari buruzkoa eta a) eta b) letretan ezarritakoari jarraituz aplikatzekoak diren kenkari-portzentajeei buruzkoa.

Kenkariaren oinarria txosten horretan frogatutako inbertsioen zenbatekoak determinatuko du.

Hogeita hamar.–64.C)1. artikulua, lehen paragrafoa. 2017ko urtarrilaren 1etik aurrera hasitako zergaldietan izanen ditu ondorioak.

“1. Artikulu honetan aurreikusitako kenkariez baliatzeko, ibilgetuaren barnean kontabilizatu beharko dira egindako inbertsioak, gainerako ondare elementuetatik bereizita eta haien identifikaziorako bidea emanen duen epigrafe batean sartuta. Halaber, inbertsio hauek zergadunaren ondarean egon beharko dute gutxienez bost urteko epean edo bizitza baliagarri osoan, hori laburragoa bada, eskualdatu edo laga gabe, 9.1 artikuluaren azken paragrafoan xedatutakoa izan ezik”.

Hogeita hamaika.–66. artikulua, 1., 2., 3. eta 6. apartatuak. 2018ko urtarrilaren 1etik aurrera hasitako zergaldietan izanen ditu ondorioak.

“1. Zergaldian zehar plantillaren batezbestekoak izandako gehikuntzagatik 2.500 euroko kenkaria aplikatuko da kuota likidoan, pertsona/urte bakoitzeko, lan-kontratu mugagabeduna bada, eta lanbide arteko gutxieneko soldata halako 2,5 baino handiagoa den soldata badu. Plantilla-gehikuntza hori neurtuko da zergaldia hasi aurre-aurreko hamabi hilabeteetan kontratu mota hori zeukan plantillaren batezbestekoarekin alderatuta. Ondorio horietarako, entitate sortu berrien kasuan zero pertsona kontatuko dute sortu aurreko denborari dagokionez.

Plantillan izan den batezbestekoaren gehikuntza kalkulatzeko, bakar-bakarrik zenbatuko da zenbat pertsona/urte dauden lan-kontratu mugagabearekin eta lanbide arteko gutxieneko soldata halako 2,5 baino handiagoa den soldatarekin. Lanaldi partzialeko kontratua duten langileen kasuan, benetan lan egindako orduen araberako proportzioan kontatuko dira.

Kenkariak, guztira, ez du gaindituko zergaldi horretan entitatearen plantilla osoaren batezbestekoan urtean gehitutako pertsona kopuruari legokiokeena, edozein izanik kontratazio modua.

2. Aurreko zergaldiko plantilla osoaren batezbestekoa mantenduz, plantillan lan-kontratu mugagabea eta lanbide arteko gutxieneko soldata halako 2,5 baino handiagoa den soldata dutenen batezbestekoa handitzen bada, eta gehikuntza hori entitatearen plantilla osoaren batezbestekoaren gehikuntza baino handiagoa bada, pertsona eta urte bakoitzeko 1.000 euroko kenkaria aplikatuko da bi gehikuntza horien arteko diferentziagatik.

Aurreko zergaldiko plantilla osoaren batezbestekoa murriztuz, plantillan lan-kontratu mugagabea dutenen batezbestekoa handitzen bada, betiere lanbide arteko gutxieneko soldata halako 2,5 baino handiagoa den soldatarekin, aurreko paragrafoan aipatu kenkaria eginen da aipatu den gehikuntzaren eta plantilla osoaren batezbestekoaren murrizketaren arteko diferentzia positiboaren gainean.

3. 1. eta 2. apartatuetan aurreikusitako kenkariak honako hauek izanen dira:

a) 5.000 eta 2.000 eurokoak izanen dira, hurrenez hurren, emakume langileen plantillako batezbestekoa handitzen duen pertsona eta urte bakoitzeko.

b) 6.800 eta 3.200 eurokoak, hurrenez hurren, desgaitasuna duten langileen plantillako batezbestekoa handitzen duen pertsona eta urte bakoitzeko, Ezgaitasuna duten pertsonen eskubideei eta haien gizarteratzeari buruzko Lege Orokorraren Testu Bateginean xedatutakoarekin bat; testu hori azaroaren 29ko 1/2013 Errege Dekretu Legegilearen bidez onetsi zen”.

“6. Aurreko apartatuetako kenkariak bateraezinak dira elkarren artean.

1. 2. eta 3. apartatuetan ezarritakoarekin bat egoki diren kenkariak izateko, beharrezkoa izanen da kenkaria sortzen duen zergaldiko plantillaren batezbestekoa, lan-kontratu mugagabea eta lanbide arteko gutxieneko soldata halako 2,5 baino handiagoa dutenena, berdina izatea kenkaria sortu zuen zergaldia bukatu eta hogeita lau hilabetean. Baldintza hori bete den zehazteko, hogeita lau hilabete horietako plantilla horien batezbestekoaren kalkulua hamabi hilabeteko ondoz ondoko bi alditan eginen da.

Aurreko paragrafoan aipatutako kenkaria sortu duen zergaldiko edozein plantillaren batezbestekoa handiagoa baldin bada lehenengo hamabi hilabetealdiko plantillaren batez bestekoa baino, zergadunak dagokion kenkaria galduko du, hau da, konparaturik batetik sortu duen kenkaria eta bestetik lehenengo hamabi hilabetealdi horretan txikiagotutako plantillen batez bestekoen arabera aterako litzatekeen kenkaria, diferentzia horri dagokion zenbatekoa galduko du.

Bigarren paragrafoan aipatutako kenkaria sortu duen zergaldiko plantillaren batez besteko osoa handiagoa baldin bada bigarren hamabi hilabetealdiko plantillaren batezbestekoa baino, zergadunak dagokion kenkaria galduko du, hau da, konparaturik batetik sortu duen kenkaria eta bestetik bigarren hamabi hilabetealdi horretan txikiagotutako plantillen batezbestekoaren arabera aterako litzatekeen kenkaria, diferentzia horri dagokion zenbatekoa galduko du. Aplikatu behar den erregularizazioa aurreko paragrafoan ezarritakoa aplikatzeak erregularizatzen duen zenbatekoan minoratuko da, hala denean.

Aurreko paragrafoetan xedatutakoaren ondorioetarako, kenkaria aplikatu baldin bada lan-kontratu mugagabea eta lanbide arteko gutxieneko soldata baino halako 2,5etik gorako soldata dutenen plantilla, bai eta ere lan-kontratu mugagabea eta lanbide arteko gutxieneko soldata baino halako 2,5etik gorako soldata duten emakumezkoen plantilla eta desgaitasuna duten langileen plantilla mantendu beharreko hamabi hilabeteko bi aldietako edozein bukatu baino lehen, hamabi hilabeteko aldi horiek bukatzen diren ekitaldiei dagozkien aitorpenetan ordaindu behar da desegoki aplikatutako zenbatekoa, dagozkion berandutze-interesekin batera.

Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuko titularrak erregularizazio hori zehazteko modua ezartzen ahalko du”.

Hogeita hamabi.–128. artikulua. 2018ko urtarrilaren 1etik aurrera hasitako zergaldietan izanen ditu ondorioak.

“128. artikulua. Zergapetze bikoitza saihesteko arauak.

1. 117., 121. eta 124.2 artikuluetan aurreikusitako balorazio arauak aplikatuz sor litekeen zergapetze bikoitza saihesteko, ekarritako ondasunei egotz dakizkiekeen errenten kargura banatutako mozkinek 35. artikuluak aipatzen duen dibidenduen gaineko salbuespenerako eskubidea emanen dute, bazkidearen partaidetzaren portzentajea eta antzinatasuna edozein direlarik ere.

Irizpide bera aplikatuko da partaidetzaren eskualdaketan edo sozietatearen edozein ekarpenen bidez sortutako errentei dagokienez, baldin eta aldez aurretik entitate eskuratzailearen zerga-oinarrian sartu badira ekarritako ondasunei egoztekoak zaizkien errentak.

2. Posible izan ez denean zergapetze bikoitza saihestea, entitate eskuratzaileak zer doikuntza egin duen, horren kontrakoa eginen du iraungitzeko unean, 117. 121. eta 124.2 artikuluetan ezarritako balorazio arauak aplikatuz.

Entitate eskuratzaileak iraungitzeko unea baino lehen egin ditzake kontrako doikuntza horiek, betiere frogatzen badu bazkideek partaidetza eskualdatu dutela, eta muga izanik eskualdatzea dela-eta horien zerga-oinarrian sartu den zenbatekoa”.

Hogeita hamahiru.–“Seigarren xedapen gehigarria. 2018ko urtarrilaren 1etik aurrera hasitako zergaldietan izanen ditu ondorioak.

“Seigarren xedapen gehigarria.–Ondare entitatearen kontzeptua, 2017ko urtarrilaren 1a baino lehenago hasitako zergaldietan.

35. 9 artikuluko azken aurreko paragrafoan xedatutakoaren ondorioetarako, ulertuko da, ez bada kontrakoa frogatzen, entitate bat ondare entitate dela 2017aren aurreko zergaldietan, baldin eta 2011ko urtarrilaren 1etik aurrera partaidetza eduki den zergaldietako urteko balantzeen batura agregatuak jasotzen badu bere aktiboaren erdia baino gehiago jarduera ekonomiko bati atxiki gabeko baloreek edo elementuek osatu dutela, 8.2 artikuluan ezarritako moduan”.

Hogeita hamalau.–Hamazazpigarren xedapen gehigarria gehitzea. 2018. eta 2019. urteetan hasten diren zergaldietarako.

“Hamazazpigarren xedapen gehigarria.–2018. eta 2019. urteetan hasten diren zergaldietan likidazio oinarri negatiboak murrizteko mugak.

Zergaldia hasi aurreko 12 hilabeteetan negozio zifraren zenbateko garbia hogei milioi eurokoa edo handiagoa izan duten zergadunek, 43.1 artikuluko lehen paragrafoan eta 107.1 artikuluko bigarren paragrafoan ezarritako ehuneko 70eko muga aplikatu beharrean, honako muga hauek aplikatuko dituzte:

a) ehuneko 50, negozio zifraren zenbateko garbia hogei milioi eurokoa edo handiagoa eta hirurogei milioi eurotik beherakoa denean.

b) ehuneko 25, negozio zifraren zenbateko garbia hirurogei milioi eurokoa edo handiagoa denean”.

Hogeita hamabost.–Hemezortzigarren xedapen gehigarria eranstea. 2018ko urtarrilaren 1etik aurrera izanen ditu ondorioak.

“Hemezortzigarren xedapen gehigarria.–Atxikipen-betebeharraren salbuespena, hiri-higiezinen errentamendutik heldutako etekinen zenbait kasutan.

Ez zaie atxikipenik eginen ondasun higiezinen errentamenduetatik heldutako etekinei, baldin eta etekin horiek ordaindu bazaizkie sozietate publiko instrumental bidezko bitartekotzaz eginiko errentamendura bildutako etxebizitzen titularrei, zeina arauturik baitago Nafarroan Etxebizitza izateko Eskubideari buruzko maiatzaren 10eko 10/2010 Foru Legeko 13. artikuluan eta Etxebizitzaren arloko jarduketa babesgarriak arautzen dituen irailaren 18ko 61/2013 Foru Dekretuko 77. artikuluan”.

Hogeita hamasei.–Bosgarren xedapen iragankorra, 2. apartatua gehitzea, eta xedapen iragankorraren egungo edukia 1. apartatuarena izanen da aurrerantzean. 2017ko urtarrilaren 1etik aurrera hasitako zergaldietan izanen ditu ondorioak.

“2. Berrinbertsio kasu batzuetan etekin bereziak zerga-oinarrian ez sartzeko, edo aktibo ukiezin batzuk eskualdatzetik datozen errenten murriztapena aplikatzeko, 37.1 eta 39. artikuluetan aipatzen diren errentetan ez da sartuko ondare elementuen balioaren narriaduragatiko galeren zenbatekoa, errenten zuzkidurek zerga kenkariak izan badituzte”.

Hogeita hamazazpi.–Zazpigarren xedapen iragankorra, 4. apartatua. 2018ko urtarrilaren 1etik aurrera hasitako zergaldietan izanen ditu ondorioak.

“4. Establezimendu iraunkor bat eskualdatzen denean, Espainiako lurraldeko egoiliarra den entitate eskualdatzailearen zerga-oinarria handituko da, establezimendu iraunkorrak 2017ko urtarrilaren 1a baino lehenago hasitako zergaldietan sortutako errenta negatibo garbiek establezimendu iraunkorrak data horretatik aurrera hasitako zergaldietan sortutako errenta positibo garbien gainetik dute soberakinaren zenbatekoa adina, gehienez ere establezimenduaren eskualdatzetik eratorritako errenta positiboa adina”.

Hogeita hemezortzi.–Hogeita seigarren xedapen iragankorra gehitzea. 2017ko urtarrilaren 1etik aurrera hasitako zergaldietan izanen ditu ondorioak.

“Hogeita seigarren xedapen iragankorra.–Kuota likidoa eta ordaindu beharreko gutxieneko zerga zein diren ezartzea barneko zergapetze bikoitzagatiko kenkariak aplikatu gabe daudenean.

Barneko zergapetze bikoitza saihesteko kenkariak, Sozietateen gaineko Zergari buruzko 24/1996 Foru Legearen 59. artikuluan araututakoak eta 2017ko urtarrilaren 1ean hasitako zergaldietan aplikatu beharrekoak, honela minoratuko dira:

a) kuota osoa, foru lege honen 52.2 artikuluan araututako kuota likidoa ezartzearen ondorioetarako,

b) likidazio oinarria, 2016ko abenduaren 31n indarra duen araudian ezarritako moduan, foru lege honen 53. artikuluan araututako gutxieneko tributazioa zehaztearen ondorioetarako”.

Laugarren artikulua. Oinordetzen eta dohaintzen gaineko zergaren xedapenak biltzen dituen Testu Bategina.

2018ko urtarrilaren 1etik aurrera gertatzen diren zerga-egitateetan izanen ditu ondorioak.

Bat.–34.1 artikulua. Lehen paragrafoa eta a) letra.

“1. Zergaren kuota zein den zehazteko, aurreko kapituluan xedatutakoaren arabera kalkulatutako likidazio oinarriari ondotik adierazten diren karga-tasetatik dagozkionak aplikatuko zaizkio, ahaidetasun maila eta eskurapenaren titulu juridikoa kontuan hartuta, aurreko artikuluan xedatutakoarekin bat zehaztuta.

a) Lehena) Ezkontideak edo bikote egonkor bateko kideak, haien berariazko legediari jarraituz, “mortis causa” eskurapenak direnean, jaraunspen, legatu edo beste edozein oinordetza-titulu bat tarteko; halaber, biziaren gaineko aseguru-kontratuen onuradunek kopuruak jasotzen dituztenean, 8.c) artikuluan jasotzen den aseguratuaren heriotza gertatzearen kasuan.

Karga-tasa:

–250.000 eurorainoko likidazio-oinarria: 100eko 0.

–Gainerako oinarria 100eko 0,80.

Bigarrena) Ezkontideak edo bikote egonkor bateko kideak, haien berariazko legediari jarraituz, dohaintza bitartezko eskurapenak direnean edo beste edozein “inter vivos” dohainikako negozio juridiko denean, bai eta 8. artikuluko d) eta e) letretan aipatzen diren biziaren gaineko aseguru-kontratuen onuradunek kopuruak jasotzen dituztenean.

Karga-tasa: 100eko 0,8.

Hirugarrena) Aurreko edo ondorengo zuzenak, odol bidezkoak, adoptatzaileak edo adoptatuak, herentzia, legatu edo beste edozein oinordetza-tituluren bidezko “mortis causa” eskuraketak direnean, bai eta biziaren gaineko aseguru kontratuen onuradunek jasotako zenbatekoak direnean, aseguratuaren heriotza kasuan, 8.c) artikuluan aipatzen diren moduan.

Ondoko tarifa honetan aipatzen diren karga-tasak:

LIKIDAZIO-OINARRIA, ZENBATERAINO

(euroak)

KUOTA OSOA
(euroak)

OINARRIAREN
SOBERAKINA

GEHIENEZ
(eurotan)

KARGA-TASA

250.000

o

250.000

% 2

500.000

5.   000

500.000

% 4

1.   000.000

25.  000

800.000

% 8

1.   800.000

89.  000

1.   200.000

% 12

3.   000.000

233.000

Oinarriaren soberakina

% 16

Laugarrena) Aurreko edo ondorengo zuzenak, odol bidezkoak, adoptatzaileak edo adoptatuak, dohaintza bidezko edo doako eta beste edozein negozio juridikoaren bidezko “inter vivos” eskurapenak direnean, bai eta biziaren gaineko aseguru kontratuen onuradunek jasotako zenbatekoak direnean, 8. artikuluko d) eta e) letretan aipatzen direnak.

Ondoko tarifa honetan aipatzen diren karga-tasak:

LIKIDAZIO-OINARRIA, ZENBATERAINO

(euroak)

KUOTA OSOA
(euroak)

OINARRIAREN
SOBERAKINA
GEHIENEZ
(eurotan)

KARGA-TASA

250.000

%0,80

250.000

2.   000

250.000

%2

500.000

7.   000

500.000

%3

1.   000.000

22.  000

800.000

%4

1.   800.000

54.  000

1.   200.000

%6

3.   000.000

126.000

Oinarriaren soberakina

%8”

Bi.–34.2. artikulua.

“2. 1.a) apartatuko lehen, hirugarren eta laugarren puntuetan jasotako tarifak progresiboak dira, eta karga-tasa bakoitza aipatzen diren likidazio oinarriaren tarteetako bakoitzean aplikatuko da.

Aitzitik, 1. apartatuko b) letratik g) letrara bitartekoetan jasotako tarifak ez dira progresiboak eta likidazio oinarriaren zenbateko osoaren gainean aplikatuko dira”.

Bosgarren artikulua. Tributuei buruzko Foru Lege Orokorra.

Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren agindu hauek honako testu hau izanen dute:

Bat.–5. artikulua. Foru lege honek indarra hartzen duenetik aurrera izanen ditu ondorioak.

“5. artikulua. Zuzenbide publikoko entitateak.

Udalek, legeek ezarritako mugen barruan, tributuak ezarri eta eskatzen ahalko dituzte eta haien kudeaketa hitzartu Nafarroako Foru Ogasunarekin. Hitzarmen horiek garatzeko, betiere haien oinarrian dagoen interes publiko komuna kontuan hartuta, Foru Ogasunak aukera izanen du eskura dituen baliabide berekiak toki entitateei emateko.

Zuzenbide publikoko gainerako entitateek ez dute zilegi izanen tributuak ezartzea, baina bai eskatzea, legeak hala agintzen duenean”.

Bi.–30. artikulua. 7. apartatua gehitzea. Foru lege honek indarra hartzen duenetik aurrera, bermea eratzeko konpromisoa betetzen ez den kasuetan izanen ditu ondorioak.

“7. Ondoren aipatzen diren pertsona edo entitate hauek ere izanen dira zerga zorraren eta, bidezkoa bada, zerga zehapenen erantzule subsidiarioak, eta epe exekutiboko errekargua eta berandutze-interesak ere ordaindu beharko dituzte, zerga administrazioari eskainitako ondasunen edo eskubideen balioa berdindu arte: beren jabetzako ondasunen gaineko bermea eratzea eskaini ondoren, hirugarren baten zorrengatik aurkaratutako egintzaren betearazpena eten dadin edo geroratu dadin edo zatikatu dadin eskatzeko eskaini ere, gerora bermea eratzeko konpromisoa betetzen ez dutenak.

Ulertuko da konpromisoa ez dela bete baldin eta bermea ez bada eratu aurkaratutako egintza ez exekutatzeko edo ordainketa zatikatzeko edo geroratzeko ebazpenean adierazitako epearen barnean, edo, bermea Foru Komunitateko Diruzaintzan gordailatu bai, baina ikusten bada ondasunek badituztela eskaintza egin zen unean ez zituzten kargak”.

Hiru.–33.1. artikulua. Foru lege honek indarra hartzen duenetik aurrera, bideratzeko erabakia jakinarazten den kasuetan izanen ditu ondorioak.

“1. Mortis causa oinordekoak kausatzailearen tokian subrogatuko dira, eta betekizun dauden zerga betebeharren erantzule izanen dira, herentzia eskuratzeko legedia zibilak xedatzen duenaren ondoriozko mugekin. Zehapenik ez da inoiz eskualdatzen ahalko. Erantzulearen betebeharra ere ez da eskualdatuko, non eta ez den hil aurretik jakinarazi erantzukizuna bideratzeko erabakia”.

Lau.–52.2. artikulua. Foru lege honek indarra hartzen duenetik aurrera, zehapenen kontrako errekurtso eta erreklamazioetan egintzaren betearazpena eteten den kasuetan izanen ditu ondorioak.

“2. Ordainketarako jarritako epea mugaeguneratuta, hura egin ez bada, berandutze-interesak sortzen hasiko dira.

Halaber, berandutze-interesa eskatuko da egintzaren betearazpena eteten den kasuetan eta edonolako gerorapen, zatikatze edo luzapenetan. Ez da berandutze-interesik eskatuko, zehapenen kontrako errekurtso eta erreklamazioetan egintzaren betearazpena eteten denean, ordainketa epea amaitu bitarte igarotako denborarengatik, administrazio bidea amaitzen duen ebazpena jakinarazi eta hasten den borondatezko aldian.

Baina zor osoa bermatzen bada, dela kreditu-entitate baten bidez dela elkar bermatzeko sozietate baten abal solidarioaren bidez edo kauzio-aseguruaren ziurtagiri baten bidez, eskatuko den berandutze-interesa izanen da sarrera egin arte diruak izandako legezko interesa”.

Bost.–67.1.f) artikulua. Foru lege honek indarra hartzen duenetik aurrera egiten diren arau-hausteetan izanen ditu ondorioak.

“f) Zerga administrazioaren jarduketei gogor edo uko egitea nahiz aitzakiak bilatzea, kudeaketa, ikuskapen edo bilketa faseetan”.

Sei.–70.4 artikulua. Foru lege honek indarra hartzen duenetik aurrera abiarazten diren zehapen prozeduretan izanen ditu ondorioak.

“4. Zehapen espedientea ebazteko gehieneko epea sei hilabetekoa izanen da.

Zehapen prozedura hasita dagoela, haren jatorrian dagoen ikuskapen prozeduran gertatzen bada 139. artikuluaren 4. eta 5. apartatuetan aurreikusitako inguruabarretako bat, zehapen prozedura amaitzeko epea luzatu eginen da, apartatu horietan xedatutakoarekin bat bidezkoa den denboraz”.

Zazpi.–70.6. artikulua. Foru lege honek indarra hartzen duenetik aurrera, arau-hausteen kontra aurkezten diren errekurtsoetan eta erreklamazioetan izanen ditu ondorioak.

“6. Zerga zehapenen betearazpena besterik gabe etenda geldituko da, bermea aurkeztu beharrik izan gabe, zehapenen aurka bidezkoa den errekurtsoa edo administrazio erreklamazioa garaiz eta behar bezala aurkezten bada, eta ez dira exekutatuko administrazio bidean irmo bihurtu arte.

Ez da berandutze-interesik eskatuko administrazio bidea amaitzen duen ebazpena jakinarazi eta hasten den borondatezko aldian ordainketa epea amaitu bitarte igarotako denborarengatik; aitzitik, epe hori amaitu eta biharamunetik aurrera eskatuko dira berandutze-interesak.

Apartatu honetan xedatutakoa erantzukizun bideratua duten zerga zehapenak eteteko aplikatuko da, bai zehapena subjektu arau-hausleak errekurritzen duenean, bai, 29.4 artikuluan xedatutakoa erabilita, erantzuleak errekurritzen duenean. Agindu hau dela-eta, ez da inoiz automatikoki etenda geldituko bideratutako zerga zorra.

30. 4 artikuluan aurreikusitako zorrak ordaintzeko erantzukizunak ere ez dira etenen agindu honen arabera”.

Zortzi.–71.1.b) artikulua. Foru lege honek indarra hartzen duenetik aurrera egiten diren arau-hausteetan izanen ditu ondorioak.

“b) Zerga administrazioaren jarduketei gogor edo uko egitea nahiz aitzakiak bilatzea, edo haren ikerlanari oztopoak jartzea kudeaketa, ikuskapen edo bilketa faseetan.

Inguruabar hori gertatzen bada arau-hauste astun bat egin denean, zehapenaren portzentajea ehuneko 20tik ehuneko 60ra bitarte gehituko da.

Inguruabar hori gertatzen bada arau-hauste soil bat egin denean, zehapenaren zenbatekoa handituko da gehieneko zenbatekoaren ehuneko 20tik ehuneko 40ra bitartean. Horrez gain, zergapekoak ez badie, behar bezala jakinarazi eta ohartarazi eta gero, administrazio horren errekerimenduei erantzun, zenbateko hauek gehituko dira:

a) 300 euro, bigarren aldia bada errekerimendu bat betetzen ez dela.

b) 600 euro, hirugarren aldia edo hurrengoa bada errekerimendu bat betetzen ez dela”.

Bederatzi.–71.3 artikulua. Foru lege honek indarra hartzen duenetik aurrera egiten diren arau-hausteetan izanen ditu ondorioak, ukatu gabe aurretiaz egindako arau-hausteetan ere ondorioak izateko aukera, betiere jarritako zehapena irmoa ez bada.

“3. Zerga arloko arau-hauste astunengatiko zehapenen zenbatekoa 100eko 40 gutxituko da subjektu arau-hausleak edo, kasua bada, erantzuleak, aditzera ematen badu ados dagoela egin zaion erregularizazio eta zehapen proposamenekin.

Zerga arloko arau-hauste astunengatiko zehapenen zenbatekoa beste 100eko 20 gutxituko da baldin eta, aurreko paragrafoan xedatutakoa betetzeaz gain, onartutako erregularizazio eta zehapen proposamen guztiei dagokien zerga zorra dirutan ordaintzen bada, osorik, diru-bilketari buruzko araudian borondatezko ordainketarako ezarritako epean. Ondorio horietarako, eskatzen bada erregularizazio eta zehapen proposamenei dagokien zerga zorraren ordainketa geroratzea edo zatikatzea, ez da aplikatuko paragrafo honetan araututako murriztapen gehigarria.

Egindako erregularizazioaren edo zehaztutako zehapenaren aurka errekurtsoa edo erreklamazioa jartzen bada, ez dira aplikatuko apartatu honetan adierazitako murrizketak, eta zilegi izanen da erregularizazio proposamenak dakarren zorra eskatzea borondatezko ordainketa aldia amaitzen denetik aurrera.

Lehendabiziko paragrafoan ezarritako 100eko 40ko murriztapena aplikagarri izanik, ordainketa osorik egiten ez bada bigarren paragrafoan ezarritakoarekin bat, zehapen espedienteak dakarren zorraren zenbatekoa eskatuko da, behin 100eko 40ko aipatu murriztapena eginda eta 100eko 20ko murriztapena egin gabe, diru-bilketari buruzko araudian borondatezko ordainketarako ezarritako epea amaitzen den egunetik aurrera”.

Hamar.–71. artikulua. 4. apartatua gehitzea. Foru lege honek indarra hartzen duenetik aurrera egiten diren arau-hausteetan izanen ditu ondorioak, ukatu gabe aurretiaz egindako arau-hausteetan ere ondorioak izateko aukera, betiere jarritako zehapena irmoa ez bada.

“4. Zerga arloko arau-hauste soilengatiko zehapenen zenbatekoa 100eko 30 gutxituko da subjektu arau-hausleak edo, kasua bada, erantzuleak, aditzera ematen badu ados dagoela egin zaizkion zehapen proposamenekin eta proposatutako zehapen guztien zenbatekoa osorik eta esku-dirutan ordaintzen badu diru-bilketari buruzko araudiak borondatezko ordainketarako ezarritako epearen barnean. Ondorio horietarako, eskatzen bada zehapen proposamenei dagokien zerga zorraren ordainketa geroratzea edo zatikatzea, ez da aplikatuko paragrafo honetan ezarritako murriztapena.

Ordainketa osorik egiten ez bada aurreko paragrafoan ezarritakoarekin bat, zehapen espedienteak dakarren zorraren zenbatekoa eskatuko da, 100eko 30eko murriztapenik egin gabe, diru-bilketari buruzko araudian borondatezko ordainketarako ezarritako epea amaitzen den egunetik aurrera.

Zehapenaren aurka errekurtsoa edo erreklamazioa jartzen bada, ez da aplikatuko, orobat, apartatu honetan araututako murriztapena”.

Hamaika.–72.2 artikulua, bigarren paragrafoa. Foru lege honek indarra hartzen duenetik aurrera egiten diren arau-hausteetan izanen ditu ondorioak.

“Baldin eta, subjektu arau-hauslearen erresistentziaren edo hark bere kontabilitate-betebeharrak eta betebehar formalak urratzearen ondorioz tributu-administrazioak ez balu modurik izanen eskaturiko informazioa ezagutzeko, ez eta horrek bildu beharko lituzkeen datuen kopurua ezagutzeko ere, hasiera batean eginiko arau-hauste soila isun bidez zehatuko da, zeinak ezin gaindituko baitu subjektu arau-hausleak urraketa egin zuen unearen aurreko urtebete naturalean eginiko operazioen bolumenaren 100eko 5; nolanahi ere, arau orokor gisa, isuna ez da ezein kasutan 901,52 euro baino gutxiagokoa izanen, edo 3.000 euro baino gutxiagokoa, foru lege honetako 103 eta 104. artikuluek aipatzen dituzten errekerimendu indibidualizatuetatik eratorritako urraketen kasuan. Gehieneko muga 48.080 eurokoa izanen da aurreko urte naturaletan operaziorik izan ez bada edo aurreko urte naturala jardueraren hasierakoa bada edo produkzio zikloa nabarmen irregularra bada. Datuak ez badira subjektu arau-hauslearen jarduera enpresarial edo profesional bati buruzkoak, gehieneko muga hori 3.005 eurokoa izanen da”.

Hamabi.–72. artikulua. 3. apartatuari h) letra gehitzea. Foru lege honek indarra hartzen duenetik aurrera egiten diren arau-hausteetan izanen ditu ondorioak.

“h) hiru hilabeteko epea igarotzea helbide fiskala edo helbidearen aldaketa jakinarazteko betebeharra bete gabe”.

Hamahiru.–72.8 artikulua. Foru lege honek indarra hartzen duenetik aurrera egiten diren arau-hausteetan izanen ditu ondorioak.

“8. Baldin eta atzerapena gertatzen bada Erregistroko Liburuak Nafarroako Zerga Ogasunaren zerbitzu telematikoen bidez eramateko betebeharrean, fakturazio erregistroak modu elektronikoan emanez, erregelamenduz ezarritako moduan, 150 eurotik 6.000 eurora arteko isuna jarriko da hiruhileko natural bakoitzean.

Hiruhilekoko gutxienekoa eta gehienekoa aplikatzeko, hiruhileko natural bakoitzean egindako arau-hauste guztiak hartuko dira kontuan.

200 euroko diruzko isun finkoa jarriko da inbertsio ondasunen eta Europar Batasunaren barneko zenbait eragiketaren Erregistroko Liburuei dagozkien atzerapenetarako”.

Hamalau.–72.9 artikulua. Foru lege honek indarra hartzen duenetik aurrera egiten diren arau-hausteetan izanen ditu ondorioak.

“9. Artikulu honetan aurreikusitako zehapen bakoitzaren zenbatekoa, behin irizpide graduatzaileak, hala behar baldin bada, aplikatuta, ez da inoiz 300 euro baino gutxiagokoa izanen, ezertan ukatu gabe gutxieneko zenbateko handiagoak ezartzeko aukera. Gero, 71.4 artikuluan zehaztutako murriztapena aplikatuko da, hala badagokio”.

Hamabost.–77.1. artikulua. Foru lege honek indarra hartzen duenetik aurrera egiten diren arau-hausteetan izanen ditu ondorioak.

“1. 68.d) artikuluaren lehenengo paragrafoan aurreikusitako arau-haustea eginez gero, zehapenaren oinarria bidegabeki zehaztutako edo frogatutako diru-kopuruen zenbatekoa izanen da. 68.d) artikuluaren bigarren paragrafoan aurreikusitako kasuan, bidegabeki zehaztu edo frogatutako kopurua izanen da errenta garbiaren edo jasanarazitako kuoten gehitzea, edo kendu beharreko kopuruen edo kuoten gutxitzea edo zerga pizgarrien gutxitzea, kasuan kasuko zergaldiari dagozkionak.

Zehapena 100eko 15eko diruzko isun proportzionala izanen da, zerga-oinarrian konpentsatu edo kendu beharreko partidak badira, edo 100eko 40koa, kuotan edo ageriko zerga kredituetan kendu beharreko partidak baldin badira, ezertan ukatu gabe 71. artikuluko 3. apartatuan finkatutako murriztapena egitea.

Apartatu honetan ezarritakoaren arabera jartzen diren zehapenak kengarriak izanen dira subjektu pasibo arau-hausle berak, aipatutako kontzeptuen konpentsazioaren edo kenkariaren ondorioz, geroago egiten dituen arau-hausteengatik jartzen zaizkion zehapenen zati proportzionalean, baina kenkari gisa sartu beharreko zenbatekoa ezin da izan arau-hauste horiei dagokien isuna baino handiagoa”.

Hamasei.–77.3. artikulua. Foru lege honek indarra hartzen duenetik aurrera egiten diren arau-hausteetan izanen ditu ondorioak.

“3. Jasanarazitako tributuen, gauzaz egindako ordainketei dagozkien konturako sarreren, edo edozein zergaren kontura atxikitako nahiz atxiki beharreko zenbatekoen sarrera ez ordaintzeagatik eginiko arau-hauste astunak 100eko 90etik 200era bitarteko diruzko isun proportzionalarekin zehatuko dira, 71. artikuluko 3. apartatuan ezarritako murriztapena galarazi gabe”.

Hamazazpi.–77.4. artikulua. Foru lege honek indarra hartzen duenetik aurrera egiten diren arau-hausteetan izanen ditu ondorioak.

“4. Fakturak datu faltsuekin edo faltsutuekin emateagatik eginiko arau-hauste astunak arau-haustea eragin duten eragiketa guztien zenbatekoaren 100eko 90etik 200era arteko diruzko isun proportzionalarekin zehatuko dira, 71. artikuluko 3. apartatuan ezarritako murriztapena ukatu gabe”.

Hemezortzi.–87 artikulua. Foru lege honek indarra hartzen duenetik aurrera hasten diren prozeduretan izanen ditu ondorioak.

“87. artikulua. Ebazteko epeak eta berariazko ebazpenik ez izatearen ondorioak.

1. Horrela, zergak kudeatzeko prozeduretan berariazko ebazpena eta jakinarazpena egiteko gehieneko epea prozedurari buruzko araudian ezarritakoa izanen da, sei hilabetekoa gehienez, non eta ez duen lege mailako arau batek epe luzeago bat ezartzen.

Prozedurari buruzko arauek ez badute gehieneko eperik ezartzen, epea sei hilabetekoa izanen da.

2. Prozeduran izaten diren atzerapenak, zerga administrazioa bera errudun ez denean, eta gertatzen diren etenaldiak ez dira sartuko ebazpena emateko epearen kontaketan.

Horrenbestez, ebazpena emateko eta jakinarazteko gehieneko epearen kontaketa etenda geldituko da inguruabar hauetakoren bat gertatzen denean:

a) Edozein interesduni eskatzen zaionean akatsak zuzentzeko eta beharrezkoak diren agiriak edo juzgatzeko beste elementu batzuk aurkezteko, errekerimendua jakinarazten denetik errekerimenduaren hartzaileak egiazki zuzendu edo aurkezten dituen arte, edo, horrelakorik ezean, ematen den epea bukatu arte.

b) Ebazpenaren edukian ezinbestekoak diren txosten eta datuak eskatzen zaizkienean Foru Komunitateko Administrazioko edo beste administrazio publiko batzuetako beste organo batzuei, eskaera egin eta horiek jaso arte igarotako denboran.

Interesdunari jakinaraziko zaio datu edo txosten horiek eskatu direla nahiz jaso direla.

Epearen kontaketa arrazoi honengatik eteten bada, datu eta txosten eskaera guztietarako, etenaldia ez da izanen hiru edo sei hilabete baino luzeagoa, kontuan hartuta zer administraziori egin zaion, Foru Komunitateko Administrazioari edo beste bati.

3. Interesdunak eskatuta hasitako prozeduretan, epea amaitu eta berariazko ebazpenik jakinarazi ez bada, isiltasun administratiboz baietsi dela ulertzen ahalko dute interesdunek, non eta ez duen lege mailako arau batek aurkakorik ezartzen.

4. Isiltasunak ezespena ekarriko du administrazio bideko berrikuspen prozeduretan, foru lege honen IV. tituluaren VII. artikuluan araututakoetan.

5. Ofizioz abiarazitako prozeduretan, ezarritako gehieneko epea igarota, berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi ez bada, prozedura iraungi eginen da.

Behin prozedura iraungitakoan, ofizioz deklaratuko da iraungitzea, edo interesdunak eskatuta, eta jarduketak artxibatzeko aginduko da.

Prozedura iraungitzeak ez du berez ekarriko zerga administrazioaren eskubideak preskribatzea, baina iraungitako prozeduretan egindako jarduketek ez dute etenik ekarriko preskripzio epean eta ez dira administrazio errekerimendutzat hartuko.

Iraungitako prozedura batean egindako jarduketek, bai eta prozedura horretan lortutako agiriek eta frogabideek ere, frogabiderako balioa eta eraginkortasuna gordeko dituzte hasitako edo geroago has daitezkeen beste prozedura batzuetan, zergapeko berari edo beste bati dagokionez.

6. Ondorio horietarako, zerga kudeaketako prozedura orok berariaz arautua izan behar du administrazio isiltasunari buruzko araubidea.

7. Foru lege honen IV. tituluaren V. kapituluan araututako premiamendu prozeduraren baitan, zilegi izanen da prozeduran egindako jarduketak luzatzea kobrantzaren preskribatze epea amaitu bitarte.

8. Honela kontatuko dira epeak:

a) Ofizioz hasitako prozeduretan, prozedura hasteko erabakia hartzen den egunetik aurrera.

b) Interesdunak eskatuta hasitako prozeduretan, eskaera tramitatzeko eskumena duen organoaren erregistroan sartzen denetik hasita.

9. Zerga kudeaketari buruzko araudian, tramite bakoitza egiteko dauden epeak zehaztuko dira”.

Hemeretzi.–99.5 artikulua, bigarren paragrafoa. Foru lege honek indarra hartzen duenetik aurrera izanen ditu ondorioak.

“Arestian aipatutakoa deusetan ukatu gabe, erregelamendu bidez finkatzen ahalko da nahitaezkoa dela jakinarazpen elektronikoa egitea pertsona juridikoei eta entitateei, bai eta, gaitasun ekonomiko edo teknikoagatik, dedikazio profesionalagatik edo egiaztatutako beste arrazoiren batengatik, behar diren bitarteko teknologikoez baliatzeko aukera duten pertsona fisikoen zenbait kolektibori ere”.

Hogei.–103.3 artikulua, bigarren paragrafoa. Foru lege honek indarra hartzen duenetik aurrera egiten diren errekerimenduetan izanen ditu ondorioak.

“Ikuskapen edo diru-bilketa eginkizunen barnean, honako eragiketa hauek banakako errekerimenduak jaso ditzakete, Nafarroako Zerga Ogasuneko kudeaketa-zuzendaritzako titularrak aldez aurretik baimendurik: kontu korronte, aurrezki gordailu eta eperako gordailuetako mugimenduek, mailegu eta kreditu kontuetako mugimenduek eta bestelako eragiketa aktibo eta pasiboek, bai eta aldi baterako kontuetan agertzen diren eragiketek edo txekeak luzatzean gauzatzen direnek edo bankuen, aurrezki kutxen, kreditu kooperatiben eta kreditu trafikoan aritzen diren entitateek bestelako ordainketa aginduetan gauzatzen direnek ere. Banakako errekerimenduetan, zehaztu beharko dira dagokion txekearen edo ordainketa aginduaren identifikazio datuak, edo ikerketaren xede den eragiketarenak, ukitutako zergapekoak, titularrak edo baimenduak eta dagokion denbora epea”.

Hogeita bat.–105. bis 1.a) artikulua. Foru lege honek indarra hartzen duenetik aurrera izanen ditu ondorioak.

“a) Ordaintzeko dauden zerga zorren zenbatekoa, osotara, 120.000 eurotik gorakoa izatea”.

Hogeita bi.–105. bis. 2 artikulua. Foru lege honek indarra hartzen duenetik aurrera izanen ditu ondorioak.

“2. Zerrenda horietan informazio hau sartuko da:

a) Zordunen identifikazioa, xehetasun hauekin:

–Pertsona fisikoak: izena, deiturak eta IFZ.

–25. artikuluko pertsona juridikoak eta entitateak: sozietatearen izena, osorik, eta IFZ.

b) Argitaratzearen ondorioetarako kontuan hartzen diren ordaindu gabeko zorren zenbateko osoa.

c) Zordun nagusiak edo erantzuleak diren”.

Hogeita hiru.–105. bis. 5 artikulua, azken paragrafoa. Foru lege honek indarra hartzen duenetik aurrera izanen ditu ondorioak.

“3. apartatuan aipatzen den zerrendan sartzeko proposamena zordunari jakinarazteak berekin ekarriko du preskripzioa etetea 57. artikuluan ezarritako ondorioetarako”.

Hogeita lau.–131.4. artikulua. Azken paragrafoa kentzea. Foru lege honek indarra hartzen duenetik aurrera hartzen diren kautela-neurrietan izanen ditu ondorioak.

Hogeita bost.–137. artikulua. Foru lege honek indarra hartzen duenetik aurrera izanen ditu ondorioak.

“137. artikulua. Tributuen Kontrolerako Plana.

Zerga administrazioak Tributuen Kontrolerako Plana prestatuko du urtero, Ikuskapen Planaren izaera sekretua ukatu gabe”.

Hogeita sei.–139.2. artikulua, azken lerroaldea. Foru lege honek indarra hartzen duenetik aurrera hasten diren prozeduretan izanen ditu ondorioak.

“Ikuskapen prozeduraren epearen kontaketaren ondorioetarako, ez da aplikatzekoa izanen 87.2 artikuluan xedatutakoa, prozeduran izaten diren atzerapenei dagokienez, administrazioa bera errudun ez denean”.

Hogeita zazpi.–IV. tituluaren VII. kapitulua. Foru lege honek indarra hartzen duenetik aurrera abiarazten diren prozeduretan eta aurkezten diren errekurtso eta erreklamazioetan izanen ditu ondorioak.

“VII. KAPITULUA

Berrikuspena administrazio bidean

1. ATALA

Arau amankomunak

140. artikulua. Berrikuspenerako bitartekoak.

1. Kapitulu honetan ezarritakoari jarraikiz berrikusten ahalko dira, beheko bitartekoren bat baliatuz, zergak eta ordainarazpen parafiskalak kudeatu eta ikuskatzeko egintzak, zuzenbide publikoko sarreren diru-bilketarako kudeaketa egintzak, tributu zehapenak ezartzeko egintzak eta 155.3 artikuluan aipatutako administrazio egintzak, Nafarroako Zerga Ogasunak emandakoak:

a) Berrikuspen prozedura bereziak.

b) Berraztertzeko errekurtsoa.

c) Erreklamazio ekonomiko-administratiboak.

d) Berrikuspeneko errekurtso berezia.

2. Ezin izanen dira administrazio bidean berrikusi Nafarroako Foru Auzitegi Ekonomiko-administratiboak emandako ebazpen irmoak, ez eta zergak kudeatzeko eta ikuskatzeko egintzak, zehapenak jartzeko egintzak eta zuzenbide publikoko sarreren diru-bilketarako kudeaketa egintzak ere, Nafarroako Zerga Ogasunak emandakoak, baldin eta haien gainean ebazpen ekonomiko-administratiboa eman bada, edozein dela ere alegatutako kausa, salbu eta 146. artikuluan aurreikusitakoari jarraikiz erabat deusezak diren egintzen kasuan, 149. artikuluko akats zuzenketen kasuan eta 159. artikuluan araututako berrikuspeneko errekurtso berezien kasuan.

Nafarroako Foru Auzitegi Ekonomiko-administratiboaren ebazpenak kaltegarritzat deklaratzen ahal dira 147. artikuluan xedatutakoarekin bat.

3. Epai judizial irmo batek berresten dituenean, ezin izanen dira inolaz ere berrikusi zergak kudeatzeko eta ikuskatzeko egintzak, zehazpenak ezartzeko egintzak eta zuzenbide publikoko sarreren diru-bilketarako kudeaketa egintzak, Nafarroako Zerga Ogasunarenak, ez eta erreklamazio ekonomiko-administratiboen gaineko ebazpenak ere.

141. artikulua. Ahalmena, ordezkapena, proba eta jakinarazpenak.

1. Prozedura bakoitzari aplikatzekoak zaizkion berezitasunak ezertan galarazi gabe, ahalmenari, ordezkapenari eta probari buruz foru lege honetan oro har ezarritako arauak aplikatuko zaizkie berrikuspen prozedura bereziei, berraztertzeko errekurtsoei, erreklamazio ekonomiko-administratiboei eta berrikuspeneko errekurtso bereziei.

2. Jakinarazpenen araubidea foru lege honetan oro har ezarritako hura izanen da, hurrengo paragrafoan ezarritakoa ukatu gabe.

Jakinarazteko betebeharra prozeduren gehieneko iraupen aldian bete dela ulertzeko, aski izanen da frogatzea egintzaren edo ebazpenaren testu osoa jakinarazteko saiakera bat egin dela.

142. artikulua. Ebazpenak arrazoitzea.

Kapitulu honetan araututako berrikuspen prozeduretan, ebazpenak arrazoitu beharko dira, eta egitateen eta zuzenbideko oinarrien aipamen laburra eginen da.

Aipatu prozeduretan izan litezkeen egintza hauek ere arrazoitu beharko dira:

a) Interesdunek aurkeztutako idazkiak ez onartzea.

b) Aurkaratutako egintzen betearazpena eteteko eskaerak ez onartzea edo ezestea.

c) Interesdunek gaiaren ardura hartzeko aurkeztutako errekusazioa zergatik den bidezkoa edo zergatik ez den bidezkoa.

d) Probak egiteko eskaerak ezestea.

e) Prozeduran interesdunaren eskubide subjektiboak mugatzen dituztenak.

f) Administrazio bidean dauden prozedurak etetea edo prozedurak jarraitzea eragozten duten kausak.

143. artikulua. Aurkaratutako egintzen betearazpena etetea.

1. Ezertan ukatu gabe hurrengo apartatuetan xedatutakoa, berraztertzeko errekurtsoa edo erreklamazio ekonomiko-administratiboa aurkezteak ez du ekarriko aurkaratutako egintzaren betearazpena etetea, legezko ondorio guztiekin, kuota edo eskubide likidatuen, interesen eta errekarguen bilketa barne.

2. Halere, aurkaratutako egintzaren betearazpena automatikoki etenda geldituko da interesdunak hala eskatuta, honakoak bermatzen badira, erregelamenduz ezartzen den moduan: egintza horren ondoriozko zenbatekoa, etendurak sortutako berandutze-interesak eta, bermea exekutatuz gero, bidezkoak liratekeen errekarguak eta gainerako gastuak.

Aurkaratzeak zerga zehapen bati eraginez gero, betearazpena besterik gabe etenda geldituko da bermerik aurkeztu beharrik izan gabe, foru lege honetan xedatutakoarekin bat.

Ebazpena edo erreklamazioa ebazteko eskumena duen organoak aldatzen ahalko du etendurari buruzko ebazpena artikulu honen 6. apartatuan aurreikusten diren kasuetan.

3. Aurkaratutako egintzaren betearazpena besterik gabe eteteko, berme hauetakoren bat aurkeztu behar da ezinbestean:

a) Diruzko edo balore publikoen gordailua Nafarroako Foru Komunitateko Diruzaintzan.

b) Fidantza edo abal solidarioa, kreditu-entitate batek edo elkar bermatzeko sozietate batek emana, edo kauzio-aseguruaren ziurtagiria.

c) Fidantza edo abal solidarioa, kaudimen frogatua duten beste pertsona fisiko edo juridiko batek emana, zerga araudian berariaz ezarritako kasuetan soilik.

4. Subsidiarioki, interesdunak ezin badu aurkeztu aurreko apartatuko letretan jasotako bermerik, betearazpena etetea adostu daiteke beste berme batzuk emanda, baldin eta nahikoak direla iritziz gero, betiere bilketa organoek aurretik aldeko txostena emanda.

5. Errekurtsoa edo erreklamazioa ebazteko eskumena duen organoak egintzaren betearazpena eten dezake, bermerik gabe (guztiak edo batzuk kenduta), betearazpenak kalte konponezinak edo konpontzen zailak eragin ditzakeenean.

6. Etendurari buruzko ebazpena aldatzen ahalko du, hura eragin zuten baldintzak desagertu direla iritziz gero, aurkeztutako bermeek balioa edo eraginkortasuna galdu dutenean, edo beste ondasun edo eskubide batzuk badirela jakitean, berme gisa eman daitezkeenak eta etendurari buruzko ebazpena eman zenean ezagutzen ez zirenak.

7. Errekurtsoa jaso duen egintzaren betearazpena eteten ahalko da, bermerik gabe, nabari baldin bada hura ematean akats material, aritmetiko edo egitezko bat egin dela.

8. Erreklamazioak ez badio eragiten zerga zor osoari, etendurak erreklamatutako zatiari eraginen dio, eta erreklamazio egileak gainerako zenbatekoa ordaindu beharko du.

9. Berraztertzeko errekurtsoa jartzeagatik dekretatzen den etendurak erreklamazio ekonomiko-administratiboaren bidean segitzen ahalko du, erregelamenduz ezarritako baldintzetan.

10. Indarreko etendurak bide ekonomiko-administratiboan segituko du, interesdunak jakinarazten eta frogatzen badu zerga administrazioaren bilketa organoen aurrean eta administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkezteko epean, errekurtso hori aurkeztu duela eta etendura eskatu duela. Etendurak aurrera segituko du, baldin eta administrazio bidean aurkeztu den bermeak indarra eta eraginkortasuna izaten segitzen badu, harik eta organo judizialak eskatutako etendurari buruz dagokion erabakia hartu arte.

Zehapenei dagokienez, etendurak erabaki judiziala hartu arte segituko du, aurreko paragrafoan aurreikusitako baldintzetan eta bermerik eman gabe.

11. Erreklamazioaren ebazpenaren ondorioz, aurkaratutako egintzak dakarren zenbatekoa osorik edo zati batean ordaindu behar denean, etenduraren aldi osoan sortutako berandutze-interesak likidatuko dira.

12. Xedetzat zerga zor edo zenbateko likidorik ez duten egintzen kasuan, errekurtsoa edo erreklamazio ebazteko eskumena duen organoak betearazpena eteten ahalko du, interesdunak hala eskatzen badu eta frogatzen badu betearazpenak konpontzen zailak edo ezinezkoak diren kalteak eragin ditzakeela.

13. Berrikuspeneko errekurtso berezi baten bidez aurkaratutako egintzaren edo ebazpenaren betearazpena ezin izanen da eten inola ere.

14. Behin hasita dagoela erabateko deuseztasuna deklaratzeko prozedura, edo kaltegarritasuna deklaratzekoa, hura deklaratzeko eskumena duen organoak zilegi izanen du aurkaratutako egintzaren betearazpena etetea, ofizioz edo interesdunak eskatuta, konpontzen zailak diren edo konpondu ezin diren kalteak sor litezkeenean.

15. Erregelamenduz arautuko dira etendurako eskabideak tramitatu eta ebazteko baldintzak, organo eskudunak eta prozedura.

144. artikulua. Bermeen kostuak itzultzea.

1. Zerga administrazioak egintza baten betearazpena eteteko edo zerga zor baten ordainketa geroratu edo zatikatzeko jarri dituen abalen eta beste bermeen kostua itzuliko du, zenbatekoa frogatu ondoren, epai edo administrazio ebazpen irmo batek egintza edo zor hori bidegabea dela deklaratzen badu. Egintza edo zorra zati batean bidegabea dela deklaratuz gero, itzulketa bermeen kostuaren kasuko zatiari dagokiona izanen da.

Erregelamenduz arautuko dira itzulketarako prozedura eta bermeen kostua zehazteko modua.

2. Bermeen kostuen itzulketarekin, zerga administrazioak sortzapenaren aldian indarra duen legezko interesa ere ordainduko du, zergapekoak eskatu beharrik izan gabe. Ondorio horietarako, legezko interesaren sortzapena kostuak egin direnetik (behar bezala frogatuta) ordainketa agindu den egunera artekoa izanen da.

3. Artikulu honetan xedatutakoa ez da aplikatuko tributu bakoitzaren araudian zerga betebeharrak beteko direla ziurtatzeko ezarritako bermeen kasuan.

2. ATALA

Berrikuspen prozedura bereziak

145. artikulua. Berrikuspen prozedura bereziak: motak.

Honako hauek berrikuspen prozedura bereziak dira:

a) Erabat deusezak diren egintzen berrikuspena.

b) Egintza deusezgarrien kaltegarritasun deklarazioa.

c) Tributuak aplikatzeko egintzen eta zehapenak jartzeko egintzen errebokazioa.

d) Akats materialen, egitekoen eta aritmetikoen zuzenketa.

e) Sarrera bidegabeen itzulketa.

146. artikulua. Erabat deusezak diren egintzen berrikuspen prozedura.

1. Zerga arloan emandako egintzek administrazio bidea agortzen badute edo egintza horien kontrako errekurtsorik jartzen ez bada dagokion epe eta moduan, edota Nafarroako Foru Auzitegi Ekonomiko-administratiboaren ebazpenen kontrako errekurtsorik ez badago dagokien epe eta denboran, horiek erabat deusez deklaratzen ahalko ditu organo eskudunak honako kasu hauetan:

a) Konstituzioak babes ditzakeen eskubide eta askatasunenei kalte eginez gero.

b) Gaia edo lurralde-eremua dela eta, nabarmen eskumenik ez duen organoak emanak izanez gero.

c) Ezinezko edukia izanez gero.

d) Arau-hauste penala dakartenak izanez gero edo arau-hauste penalaren ondorioz erabakitzen direnak izanez gero.

e) Legez horretarako ezarritako prozedura edo kide anitzeko organoen borondatea eratzeko funtsezko arauak biltzen dituzten arauak alde batera utzita emandakoak izanez gero.

f) Antolamendu juridikoaren kontrakoak izanik, berariazko edo ustezko egintzek ahalmenak edo eskubideak emanez gero haiek eskuratzeko funtsezko betebeharrak betetzen ez direnean.

g) Lege mailako arau batean berariaz jasotzen den beste edozein kasutan.

2. Prozedura tramitatzeko organo eskuduna aurkaratutako egintza eman zuen organoa izanen da.

3. Prozedura tramitatzeko organo eskuduna Ogasunaren arloan eskumena duen departamentuko titularra izanen da, salbu eta egintza Nafarroako Gobernuak eman badu; halakoetan, hari dagokio ebazpena ematea.

4. Ebazpena emateko eskumena duen organoak zilegi izanen du edozein unetan administrazio egintzak deusez deklaratzea, ofizioz edo interesdunak eskatuta, Nafarroako Kontseiluak aurrez irizpena emanda, baldin eta arestiko 1. apartatuan jasotako egoeraren bat gertatzen bada.

5. Honako kasu hauetan zilegi izanen da, edonola ere, interesdunek egindako eskaerak tramitera ez direla onartzen ebaztea modu arrazoituan, aholku organoak aurrez irizpena eman behar izan gabe:

a) Eskaerak ez direnean oinarritzen arestiko 1. apartatuan aurreikusitako kasuetan.

b) Administrazio bidean irmoak ez direnean.

c) Argi eta garbi funtsik gabeak direnean.

d) Funtsean berdinak diren beste eskaera batzuk mamiari dagokionez ezetsi direnean.

6. Ebazpena eman baino lehen, interesdunei entzunaldia emanen zaie, aukera izan dezaten hamabost egun balioduneko epean alegazioak aurkezteko. Epe horretan berean zilegi izanen dute alegazioak aurkeztea, halaber, errekurritutako egintzan eskubideak aitortzen zaizkien haiek edo errekurritutako egintzak beren interesak ukitzen dizkien haiek.

7. Berariazko ebazpena emateko epea urte batekoa izanen da gehienez ere interesdunak eskaera aurkezten duenetik aurrera edo prozedura ofizioz hasiko dela jakinarazten denetik aurrera.

Aurreko paragrafoan ezarritako epea igaro eta berariazko ebazpenik jakinarazi ez bada, honako ondorio hauek izanen dira:

a) Ofizioz hasitako prozedura iraungi eginen da, baino horrek ez du eragotziko aurrerago berriz ere beste prozedura bat abiaraztea.

b) Eskaera ezetsi eginen da administrazio isiltasunez, baldin eta prozedura interesdunak eskatuta hasia bada.

8. Interesdunen eskaeren berariazko edo presuntziozko ebazpenak edo tramitera ez onartzeko erabakiak berekin ekarriko du administrazio bidea amaitzea.

147. artikulua. Egintza deusezgarrien kaltegarritasun deklarazioa.

1. 146. eta 149. artikuluetan aurreikusitako kasuez aparte, zerga administrazioak ezin izanen ditu berak egindako egintzak eta ebazpenak deuseztatu interesdunen kaltetan. Horretarako, interes publikorako kaltegarritzat deklaratu beharko ditu modu arrazoituan, ordenamendu juridikoko arau-hausteren bat betetzen dutenean, eta, gero, horiek administrazioarekiko auzien jurisdikzioan aurkaratu.

2. Prozedura tramitatzeko organo eskuduna aurkaratutako egintza eman zuen organoa izanen da.

3. Prozedura ebaztea Ogasunaren arloan eskumena duen departamentuko titularrari dagokio.

4. Ebazpena eman behar duen organoaren iritziz komeni bada, Nafarroako Kontseiluak irizpena ematea eskatzen ahalko du aurretik.

5. Kaltegarritasuna ezin izanen da deklaratu administrazio egintza jakinarazi eta lau urte igaro ondoren, eta beharrezkoa izanen da interesdun izandako guztiei entzunaldia ematea aurrez.

6. Baldin eta sei hilabete igaro badira prozedura hasi zezenetik eta ez bada kaltegarritasun deklarazioa ebatzi, prozedura iraungi eginen da.

7. Ezertan ukatu gabe administrazioarekiko auzien jurisdikzioaren gaineko araudian ezarritakoa, kaltegarritasun deklarazioari ezin izanen zaio administrazio errekurtsorik jarri, baina interesdunari jakinarazten ahal zaie argibideetarako eta ez beste ezertarako.

148. artikulua. Zerga arloko egintzak eta zehapenak jartzeko egintzak errebokatzea.

1. Honako kasu hauek gertatzen direnean, zerga administrazioak zilegi izanen du zerga arloko egintzak eta zehapenak jartzeko egintzak, berak emanak, errebokatzea interesdunen mesedetan, betiere preskribatze epea igaro ez bada:

a) Ordenamendu juridikoa argi eta garbi betetzen ez badute.

b) Egoera juridiko jakin bati eragiten dioten eta emandako egintza bidezkoa ez dela agerian uzten duten inguruabarrak gertatzen badira.

c) Prozedura tramitatzean interesdunak babesgabe egon badira.

2. Errebokatzeak ez dakar legeak baimentzen ez duen salbuespen edo dispentsarik, eta ez da izanen berdintasun printzipioaren, interes publikoaren edo ordenamendu juridikoaren kontrakoa.

3. Errebokatze prozedura ofizioz hasiko da beti. Prozeduraren pean dagoen egintza zein organoak eman zuen, hari dagokio tramitatzea.

4. Ebazpena eman aurretik, interesdunei entzunaldia emanen zaie, alegazioak aurkez ditzaten hamabost egun balioduneko epean.

5. Ebazpena eman behar duen organoaren iritziz komeni bada, Nafarroako Kontseiluak irizpena ematea eskatzen ahalko du aurretik.

6. Ebazpena ematea Ogasunaren arloan eskumena duen departamentuko titularrari dagokio.

7. Berariazko ebazpena jakinarazteko gehienez ere sei hilabete izanen dira prozedura hasi dela interesdunari jakinarazten zaionetik hasita.

8. Epe hori igaro eta ebazpenik jakinarazi ez bada, prozedura iraungi eginen da.

9. Prozedura honen baitan ematen diren ebazpenek administrazio bidea amaituko dute.

149. artikulua. Akats materialak, egitezkoak eta aritmetikoak zuzentzeko prozedura.

1. Erreklamazio ekonomiko-administratiboaren egintzak edo ebazpenak akats materialak, egitezkoak edo aritmetikoak baditu, hura eman duen organoak edozein unetan zuzentzen ahalko du, ofizioz edo interesdunek eskatuta, betiere preskribatze epea amaitu ez bada.

Zehazki, prozedura hori baliatuz erreklamazio ekonomiko-administratiboen egintzak eta ebazpenak zuzentzeko, horiek egitezko akatsa izan behar dute espedienteari gehitutako dokumentuetan beretan.

Dena delako egintzan edo ebazpenean zenbatekoari dagokionez edo bestelako elementu bati dagokionez egindako akatsa zuzenduko du ebazpenak.

2. Berariazko ebazpena jakinarazteko gehieneko epea sei hilabetekoa izanen da interesdunak eskaera aurkezten duenetik hasita edo prozedura hasteko ebazpena jakinarazten zaionetik hasita.

3. Aurreko apartatuan ezarritako epea berariazko ebazpenik jakinarazi gabe iragateak ondorio hauek izanen ditu:

a) Ofizioz hasitako prozedura iraungi eginen da, baino horrek ez du eragotziko aurrerago berriz ere beste prozedura bat abiaraztea.

b) Eskaera administrazioaren isiltasunez ezetsiko da, prozedura interesdunak eskatuta hasi baldin bada.

4. Prozedura honetan ematen diren ebazpenen kontra berraztertzeko errekurtsoa eta erreklamazio ekonomiko-administratiboa aurkezten ahalko dira.

150. artikulua. Sarrera bidegabeen itzulketa.

1. Zergapekoek eta haien oinordekoek edo kausadunek eskubidea izanen dute Foru Komunitatearen Diruzaintzan zerga-zorrak ordaintzean egindako sarrera bidegabeen itzulketarako, eta 50.2.c) artikuluko lehen paragrafoan araututako berandutze-interesa aplikatuko da. Ez da inola ere itzuliko 162. artikuluan aurreikusitako kasuetan erantzukizunetik libratzeko ordaindutako zenbatekorik.

59. artikuluan xedatutakoa gorabehera, Nafarroako Zerga Ogasunak itzulketa horien ordainketa atzeratuko du, baldin eta subjektu pasiboak ez baditu bere tributu betebeharrak egunean; hain zuzen ere, betebehar horiek bete arte atzeratuko du ordainketa.

Ez da berandutze-interesik sortuko subjektu pasiboak Nafarroako Zerga Ogasunarekiko tributu betebeharrak egunean izan ez dituen epeetan. Era berean, ordainketa-prozeduraren gainerako atzerapen guztiak, subjektu pasiboari egotz dakizkiokeenak, ez dira kontuan hartuko berandutze-interesen sortzapen-epea kontatzeko orduan.

2. Erregelamendu bidez arautuko da, sarrera bidegabeen kasuen arabera, zer prozedura bete itzulketaren eskubidea aitortzeko eta itzulketa bera egiteko; itzulketa konpentsazio bidez egiten ahalko da, 59. artikuluan arautu bezala.

3. Sarrera bidegabea eragin zuen egintza administratiboa irmoa denean, itzulketa eskatzeko bide bakarra egintza horren berrikuspena eskatu edo sustatzea izanen da, eta horretarako, erabat ezdeus diren egintzak berrikusteko edo akats materialak, egitezkoak edo aritmetikoak zuzentzeko prozedura bereziak erabiliko dira, edo foru lege honetan araututako berrikuspeneko errekurtso berezia.

4. Prozedura honetan ematen diren ebazpenen kontra berraztertzeko errekurtsoa eta erreklamazio ekonomiko-administratiboa aurkezten ahalko dira.

3. ATALA

Berraztertzeko errekurtsoa

151. artikulua. Berraztertzeko errekurtsoaren xedea eta izaera.

1. Zerga Administrazioak ematen dituen eta erreklamazio ekonomiko-administratiboaren xede izan daitezkeen egintzen kontra, aukerakoa izanen da berraztertzeko errekurtsoa aurkeztea atal honetan xedatutakoarekin bat.

2. Interesdunak berraztertzeko errekurtsoa aurkezten badu, ezin izanen du erreklamazio ekonomiko-administratiborik aurkeztu egintza bera aurkaratzeko errekurtsoaren berariazko ebazpena eman arte edo administrazio isiltasunez ezetsitatzat jo arte. Organo eskudunak ez du onartuko erreklamazioa ebazpen horren aurretik edo epe hori iragan aurretik aurkezten bada, berariazko edo presuntziozko ebazpenaren kontra berraztertzeko errekurtsoa berriz aurkezteko aukera gorabehera.

152. artikulua. Hasiera, tramitazioa eta ebazpena.

1. Berraztertzeko errekurtsoa hilabeteko epean jarri beharko da, aurkaratutako egintza jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Administrazioaren isiltasun kasuetan, eragina izan eta biharamunetik hasita aurkezten ahalko da errekurtso hori.

2. Errekurritutako egintza eman zuen organo berean aurkeztuko da, organo hori izanen baita eskuduna errekurtsoa tramitatu eta ebazteko, non antolaketa administratiboari buruzko arauek ez dioten eskumena beste organo bati esleitzen.

3. Berraztertzeko egintzak espedienteak jasotzen dituen gai gauztiak jakinarazten dizkio ebazteko eskumena duen organoari, gai horiek errekurtsoa aurkezteko idatzian jasota egon nahiz ez.

Organo eskudunaren iritziz bidezkoa bada interesdunak planteatu gabeko gaiez ebaztea, haiei azalduko dizkie, alegazioak egin ditzaten hamar egun balioduneko epean, jakinarazpena egiten denetik hasita.

4. Ebazpena jakinarazteko epea hiru hilabetekoa izanen da, errekurtsoa aurkeztu eta biharamunetik hasita. Epe hori ebazpen espresua jakinarazi gabe iraganik, errekurtsoaren egileak ezetsitzat hartzen ahalko du, bidezkoa den erreklamazioa aurkezteko.

5. Berraztertzeko errekurtsoaren kontra ezin izanen da berriz aurkeztu errekurtso hau.

6. Berraztertzeko errekurtsoaren ebazpenaren kontra edo aurkaratutako egintza betetzea eteteko bide honetan aurkezten den eskaeraren ebazpenaren kontra, erreklamazio ekonomiko-administratiboa aurkezten ahalko da legez ezarritako epeetan.

7. Atal honetan aurreikusita ez dagoen orotan aplikatzekoak izanen dira, modu osagarrian, erreklamazio ekonomiko-administratiboetarako ezarritako prozedura arauak.

4. ATALA

Erreklamazio ekonomiko-administratiboak

153. artikulua. Organo eskuduna.

1. Erreklamazio ekonomiko-administratiboez arduratu eta horiek tramitatu eta ebazteko eskumena Nafarroako Foru Auzitegi Ekonomiko-administratiboak baizik ez du, eta haren ebazpenek administrazio bidea amaitzen dute, eta haien kontra errekurtsoa aurkezten ahalko da administrazioarekiko auzien bidean, jurisdikzio horren arauekin bat.

2. Nafarroako Foru Auzitegi Ekonomiko-administratiboaren eskumenaz baliatzea ukaezinezkoa eta luzaezina izanen da eta ezin izanen da interesdunen borondateagatik aldatu.

3. Nafarroako Foru Auzitegi Ekonomiko-administratiboak osoko bilkura bidez edo pertsona bakarreko organoaren bidez, jarduten ahalko du, hau da, lehendakariaren edo edozein kideren bidez, erregelamenduz aurreikusitako kasuetan.

4. Erregelamenduz arautuko dira Nafarroako Foru Auzitegi Ekonomiko-administratiboaren osaera, antolaketa eta funtzionamendua, bai eta haren ebazpenen prozedura ekonomiko-administratiboa eta betetzea ere.

154. artikulua. Zer gairi buruz aurkezten ahal diren erreklamazio ekonomiko-administratiboak.

Erreklamazio ekonomiko-administratiboak gai hauei buruzkoak izanen dira, horietan zer nolako aferak jasotzen diren gorabehera, egitezkoak nahiz zuzenbidekoak:

a) Tributuen eta ordainarazpen parafiskalak kudeatu eta ikuskatzea, eta, oro har, Nafarroako Ogasun Publikoaren zuzenbide publikoko sarrera guztiak.

b) Tributu arloan zehatzeko ahala erabiltzea.

c) Beste edozein, foru lege bidez horrela ezartzen denean.

155. artikulua. Aurkaratzen ahal diren egintzak.

1. Aurreko artikuluan zehaztu diren gaiei buruzko erreklamazio ekonomiko-administratiboak aurkezten ahalko dira egintza hauen aurka:

a) Behin-behinekoz edo behin betiko eskubide bat onartu edo ukatzen dutenak edo betebehar bat deklaratzen dutenak.

b) Tramitekoak, gaiaren sakonekoa zuzen edo zeharka erabakitzen dutenak, prozedurari amaiera ematen diotenak, ezinezko bihurtzen dutenak, haren jarraipena eteten dutenak, edo interesdunaren babes gabezia eragiten dutenak.

2. Bereziki aurkaratzen ahalko dira administrazio egintza hauek:

a) Behin-behineko edo behin betiko likidazioak.

b) Berariazko edo presuntziozko ebazpenak, autolikidazio bat zuzentzeko eskaera batek eragindakoak.

c) Ondasunen eta eskubideen balio egiaztapenak onesten dituztenak, bai eta balio edo oinarriak finkatzeko egintzak ere, haien araudiak hala ezartzen duenean.

d) Tributu salbuespen edo hobari araubideak aurretik onartzen edo ukatzen dituztenak.

e) Zergapeko bati aplikatu beharreko tributu araubidea ezartzen dutenak, haren kargurako etorkizuneko betebeharrak ezartzen baditu, formalak barne.

f) Tributu zehapenak ezartzen dituztenak.

g) Nafarroako Ogasun Publikoaren Zuzenbide Publikoko sarreren diru-bilketaren kudeaketak sortutakoak.

h) Tributu arloko sarrera bidegaben itzulketarako eskaerak ebazten dituztenak.

i) Bide honetan aurkaratzen ahal diren administrazio egintzen bete beharrekotasuna eteteko eskaera ebazten dutenak.

j) Akats materialak, egitezkoak edo aritmetikoak zuzentzearen arloan tributuen kudeaketa organoek emandakoak.

k) Aurrekoaz beste batzuk izan, eta aurkaratzen ahal direnak tributu arloan emandako arauetan hala ezarrita dagoelako espreski.

3. Erregelamenduz ezarriko diren baldintzekin eta moduan erreklamazioa aurkezten ahalko da, halaber, Nafarroako Zerga Ogasunaren organoek tributu arloko jarduketa hauekin lotuta emandako administrazio ebazpenen kontra:

a) Tributuak jasanarazteko egintzak, legez aurreikusitakoak.

b) Legez atxikipena edo konturako sarrera egin behar dutenek egindako atxikipenak edo konturako sarrerak.

c) Fakturak eman, entragatu eta zuzentzeko betebeharrari dagozkionak.

d) Zergadunaren ordezkoek ordaindutako tributuen errenboltsoak eragindakoak.

4. Ez da erreklamazio ekonomiko-administratiborik onartuko egintza hauei dagokienez:

a) Nafarroako Gobernuak edo Ogasuneko eskumena duen departamentuko titularrak emandakoak.

b) Bide judizial, zibil edo laboralaren aurretik bide administratiboko erreklamazioa eragiten dutenak, edo bide horri amaiera ematen diotenak.

c) 164.1. artikuluan aipatzen diren likidazio administratiboak.

d) Arau batek edo lege mailako xedapen batek erreklamazio ekonomiko-administratibotik kanpo espreski uzten dituenak.

156. artikulua. Erreklamazioak sustatzeko legitimazioa.

1. Honakoek sustatzen ahalko dituzte erreklamazio ekonomiko-administratiboak:

a) Beste zergapeko batzuk.

b) Beste edozein pertsona, egintza administratiboak haren interes legitimoak ukitzen baditu.

2. Ez dira legitimatuta egonen:

a) Funtzionarioak, salbu eta berehala eta zuzenean urratzen bada onartua duten eskubide bat edo haien interes legitimoak ukitzen baditu.

b) Partikularrak, Administrazioak eskuordetuta jarduten dutenean edo haren agente edo mandatudun gisa.

c) Salaketaren egileak.

d) Itun edo kontratu bidez zerga betebeharrak beren gain hartzen dituztenak.

e) Aurkaratutako egintza eman duten organoak, salbu eta bestelakorik xedatzen bada foru lege maila duen arau batean.

157. artikulua. Berrikuspena zabaltzea.

1. Erreklamazio ekonomiko-administratiboak kudeaketa espedienteak jasotzen dituen gai guztiak jakinarazten dizkio ebazteko eskumena duen organoari, gai horiek interesdunek planteatuta egon nahiz ez.

2. Organoaren iritziz komeni bada interesdunek planteatu gabeko gaiak aztertu eta ebaztea, prozeduran pertsonatutakoei azalduko dizkie, eta hamar egun balioduneko epea emanen die alegazioak egin ditzaten.

158. artikulua. Prozedura.

1. Erreklamazio ekonomiko-administratiboa hilabeteko epean jarriko da, aurkaratutako egintza jakinarazi eta biharamunetik kontatzen hasita.

Erreklamazioa aurkezteko epeak espreski egindako jakinarazpena egin eta biharamunean hasiko dira kontatzen.

Administrazioaren isiltasun kasuetan, erreklamazioa jartzen ahalko da ondorioak izan eta biharamunetik hasita.

2. Erreklamazio ekonomiko-administratiboen ebazpena jakinarazteko gehieneko epea urtebetekoa izanen da. Epe hori iraganik jakinarazpena egin gabe, interesdunak erreklamazioa ezetsitzat jotzen ahalko du, bidezkoa den errekurtsoa aurkezteko.

3. Emandako ebazpenak erabateko eraginkortasuna izanen du erreklamazioa dagoela jakinarazi zaien interesdunentzat, eta ukitutako organo administratiboek nahitaez bete beharrekoa izanen da.

4. Jarritako erreklamazioa onartzearen ondorioz lehenago sartutako dirua itzuli behar baldin bada, interesdunak eskubidea izanen du sarrera egin zuen egunetik ordaintzeko agindua ematen den egunera arte sorturiko berandutze-interesak eskuratzeko.

5. 59. artikuluan xedatutakoa gorabehera, Nafarroako Zerga Ogasunak itzulketa horien ordainketa atzeratuko du, baldin eta subjektu pasiboak ez baditu bere tributu betebeharrak egunean; hain zuzen ere, betebehar horiek bete arte atzeratuko du ordainketa.

Ez da berandutze-interesik sortuko subjektu pasiboak Nafarroako Zerga Ogasunarekiko tributu betebeharrak egunean izan ez dituen epeetan. Era berean, ordainketa-prozeduraren gainerako atzerapen guztiak, subjektu pasiboari egotz dakizkiokeenak, ez dira kontuan hartuko berandutze-interesen sortzapen-epea kontatzeko orduan.

5. ATALA

Berrikuspeneko errekurtso berezia

159. artikulua. Berrikuspeneko errekurtso berezia.

1. Berrikuspen-errekurtso berezia aurkezten ahalko da soilik Nafarroako Zerga Ogasunean sartutako organo administratiboek emandako egintza irmoen kontra eta Nafarroako Foru Auzitegi Ekonomiko-administratiboaren ebazpen irmoen kontra, inguruabar hauetako bat tartean dagoelarik:

a) Gaia ebazteko funtsezko balioa duten agiriak agertzen badira, egindako akatsa agerian uzten dutenak, errekurtsoaren xede den egintza edo ebazpenaren ondotik bada ere edo haiek emateko garaian aurkeztu ezin zirenak.

b) Errekurtsoaren xede den ebazpenean funtsezko eragina izan duten agiri edo testigantza batzuk epai judizial irmoaren bidez faltsuak direla deklaratu denean, ebazpen hura baino lehen nahiz ondoren.

c) Ebazpena honen ondorioz eman izana: prebarikazioa, funtzionario-eroskeria, indarkeria, iruzurrezko amarrua edo beste jokabide zigorgarri bat, halakotzat deklaratuta badlin badago epai judizial irmo baten bidez.

2. Berrikuspen-errekurtso berezia Nafarroako Foru Auzitegi Ekonomiko-administratiboan aurkeztuko da, hura baita eskuduna errekurtsoaz arduratzeko, eta hura tramitatu eta ebazteko.

3. Errekurtso hori aurkezteko epea hiru hilabetekoa da agirien ardura hartzen denetik edo epai judiziala irmoa denetik hasita.

4. Berrikuspen-errekurtso berezia aurkezteko legitimaturik daude errekurtsoaren xede den egintzan edo Nafarroako Foru Auzitegi Ekonomiko-administratiboaren ebazpenean interesa dutenak. Ebazpen horren kontrako berrikuspen-errekurtso berezia aurkezteko legitimaturik dago, halaber, Nafarroako Zerga Ogasuneko zuzendari kudeatzailea.

5. Nafarroako Foru Auzitegi Ekonomiko-administratiboak arrazoiturik ebazten ahalko du errekurtsoa tramitera ez onartzea inguruabar hauetako bat tartean delarik:

a) Irmo bilakatu ez diren egintzen kontra aurkezten denean.

b) Aurreko 1. apartatuan aurreikusitako kausetako batean oinarritzen ez denean.

c) Funtsean berdinak diren beste errekurtso batzuk mamiari dagokionez ezetsi direnean.

d) Errekurtsoa aurkezteko idatzian ez dagoenean inolako zantzurik edo frogarik egindako eskaerari eusteko.

6. Ebazpena eman behar duen organoaren iritziz komeni bada, Nafarroako Kontseiluak irizpena ematea eskatzen ahalko du aurretik, eta irizpen hori ez da loteslea izanen.

7. Artikulu honen 2. eta 5. apartatuetan xedatutakoa gorabehera, berrikuspen-errekurtso berezia Nafarroako Zerga Ogasuneko zuzendari kudeatzaileak aurkezten badu Nafarroako Foru Auzitegi Ekonomiko-administratiboak emandako ebazpen irmo baten kontra, horren tramitazioa ogasunaren eskumena duen departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiak eginen du, eta ebazteko eskumena, berriz, Nafarroako Gobernuarena izanen da, Nafarroako Kontseiluak aginduzko irizpena eman ondotik.

8. Errekurtsoa aurkezten denetik lau hilabete iragan ondoren espreski ebazpena jakinarazi gabe, ezetsi dela ulertuko da.

9. Espreski emandako ebazpenak edo aurreko apartatuan aurreikusitako epea ebazpena jakinarazi gabe iragateak amaiera emanen dio administrazio bideari.

10. Erreklamazio ekonomiko-administratiboak prozeduraren tramitazioaren arloan erregulazten dituzten arauak osagarriak izanen dira atal honetan ezarritakoarekin bateragarriak badira”.

Hogeita zortzi.–Hemezortzigarren xedapen gehigarria. 2. apartatuari amaieran paragrafo bat gehitzea. Foru lege honek indarra hartzen duenetik aurrera egiten diren arau-hausteetan izanen ditu ondorioak, ukatu gabe aurretiaz egindako arau-hausteetan ere ondorioak izateko aukera, betiere jarritako zehapena irmoa ez bada.

“71.4 artikuluan zehaztutako murriztapena aplikatuko da, hala badagokio”.

Hogeita bederatzi.–Hogeita zortzigarren xedapen gehigarria eranstea. Foru lege honek indarra hartzen duenetik aurrera hasitako prozeduretan ondorioak izateko.

“Hogeita zortzigarren xedapen gehigarria.–Interesdunak eskatuta hasitako prozedurak, ezetsitzat har daitezkeenak epea amaituta berariazko ebazpenik jakinarazi ez denean.

Sozietateen gaineko zergaren araudian jasotako prozedura hauek, interesdunak eskatuta hasitakoak, ezetsitzat hartzen ahalko dira berariazko ebazpenik jakinarazi ez denean sei hilabeteko epean:

A) Pertsona edo entitate lotuen arteko eragiketak baloratzeko aurreko akordioak eskatzeko prozedura.

B) Pertsona edo entitate lotuen arteko eragiketak baloratzeko aurreko akordioaren aldaketa eskatzeko prozedura.

C) Pertsona edo entitate lotuen arteko eragiketak baloratzeko aurreko akordioak luzatzeko eskatzeko prozedura.

D) Zenbait aktibo ukiezinetatik datozen errentak murriztu eta baloratzeko portzentajea ezartzeko aurreko akordioak eskatzeko prozedura.

E) Zenbait aktibo ukiezinetatik datozen errentak murriztu eta baloratzeko portzentajea ezartzeko aurreko akordioaren aldaketa eskatzeko prozedura.

F) Zenbait aktibo ukiezinetatik datozen errentak murriztu eta baloratzeko portzentajea ezartzeko aurreko akordioa luzatzeko eskatzeko prozedura”.

Hogeita hamar.–Hogeita bederatzigarren xedapen gehigarria eranstea.

“Hogeita bederatzigarren xedapen gehigarria.–Tributu zorra geroratzeko edo zatikatzeko 2018an egiten diren eskaerei aplikatu beharreko neurri berariazkoak.

Tributu zorra geroratzeko edo zatikatzeko 2018an egiten diren eskaerei, betiere horien diru-bilketa kudeatzeko lana Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuari badagokio, hogeita seigarren xedapen gehigarrian ezarritakoa aplikatuko zaie”.

Seigarren artikulua. Tasa eta Prezio Publikoei buruzko Foru Legea.

Ondorioak 2018ko urtarrilaren 1etik aurrera izateko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako tasa eta prezio publikoei buruzko martxoaren 27ko 7/2001 Foru Legeko ondoko artikuluek honako testua izanen dute:

Bat.–35. artikulua.

“35. artikulua. Tarifak.

Tarifa hauen arabera exijituko da tasa:

KONTZEPTUA

EUROTAN

1.   Tarifa orokorra

Hitz bakoitzeko

0,24

2.   Aurrez ezarritako tarifa

2.   1.–Jarduera sailkatuaren udal lizentziari buruzko iragarkiak (ordainaldi bakarra, lizentzia ematean):

47,80

2.   2.–Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legea betetzeko argitaratu beharreko iragarkiak (ordainaldi bakarra araudiaren behin betiko onespenarekin eta bidezkoa bada, argitalpenarekin)

80,00

Osagarriak:

TAULAK

Orrialde osoa

60 euro

Orrialde erdia

30 euro

IRUDIAK

Edozein neurri

30 euro

ERANSKINAK PDFn

60 euro”

Bi.–91. artikulua.

“91. artikulua. Tarifak.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren titulartasuna duten barrutietan arrantza-baimenei dagozkien tasen zenbatekoa honako hau izanen da:

–Amuarrainen barruti naturalak (arraina harrapatu eta askatzekoa): 6. euro.

–Amuarrainen barruti naturalak (arraina harrapatu eta eramatekoa): 12. euro.

–Amuarrainen barruti intentsiboak (arraina harrapatu eta askatzekoa): 6. euro.

–Amuarrainen barruti intentsiboak (arraina harrapatu eta eramatekoa): 12. euro.

–Karramarro exotikoak modu kontrolatuan harrapatu eta eramateko tarteak: 6. euro.

–Tasa murriztua: 6. euro.

Arestian xedatutakoaren ondorioetarako, tarifa murriztua izan dezakete, beren gorabehera sozialak direla-eta, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuak erabakitzen dituen pertsona fisikoek”.

Hiru.–99. artikulua.

“99. artikulua. Tarifak.

Tarifa hauen arabera exijituko da tasa:

EUROTAN

1.    TARIFA

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako titulua

Doakoa

2.    TARIFA

Tituluaren Europako osagarria (SET)

Doakoa

3.    TARIFA

Batxilergoko titulua:

50,20

4.    TARIFA

Titulu teknikoa:

50,20

5.    TARIFA

Arte Plastikoetako eta Diseinuko teknikariaren titulua:

50,20

6.    TARIFA

Goi mailako teknikari titulua:

72,80

7.    TARIFA

Arte Plastikoetako eta Diseinuko Goi Mailako teknikariaren titulua:

72,80

8.    TARIFA

Musikako lanbide titulua:

50,20

9.    TARIFA

Hizkuntzen erdi mailako edo oinarrizko zikloko ziurtagiriak

10,40

10.    TARIFA

Hizkuntzen maila aurreratuaren ziurtagiriak:

29,10

11.    TARIFA

Hizkuntzen C1 mailaren ziurtagiria:

35,40

12.    TARIFA

Euskararen Gaitasun Agiria:

35,40

13.    TARIFA

13.  TARIFA Arte Ikasketetako goi mailako titulua

106,20

14.    TARIFA

Bikoizketak:

A)   2. tarifatik 13.era bitarteko tituluenak, bi horiek barne

10,40

B)   Bigarren Hezkuntzako graduatu tituluarena:

Doakoa

15.    TARIFA

Erdi Mailan eta Goi Mailan sartzeko proba - Izen-ematea

18,00

16.    TARIFA

Lanbide gaitasunak ebaluatu eta egiaztatzeko prozeduran izena ematea.

Aholkularitza faserako izena ematea:

20,00

Ebaluazio faserako izena ematea. Hautagaiak izena ematen duen gaitasunaren unitate bakoitzeko:

10,00

17.    TARIFA

Izena ematea araubide bereziko kirol ikasketetan sartzeko proba espezifikoetan.

45,00

18.    TARIFA

Izena ematea araubide bereziko kirol ikasketetan sartzeko proba espezifikoetan; modalitate hauetan, hain zuzen: “Neguko kirolak”, “Hipika” eta “Bela”.

80,00

19.    TARIFA

Kirol teknikariaren titulua.

50,20

20.    TARIFA

Goi mailako kirol teknikariaren titulua.

72,80

21.    TARIFA

Lanbide Heziketako teknikariaren edo goi mailako teknikariaren titulua lortzeko proba libre modularretan izena ematea.

10,00”

Lau.–99.bis artikulua.

“99. bis. artikulua. Zerga-onurak.

1. Aurreko artikuluan aurreikusitako zerbitzu guztietan aplikatzekoak.

a) Salbuetsiak daude bigarren kategoriako familia ugarietako kideak.

b) 100eko 50eko hobaria lehen kategoriako familia ugarietako kideentzat.

2. 15. tarifan aurreikusitako zerbitzuan aplikatzekoa. Langabeentzako salbuespena, baldin eta prozeduran izena eman aurretik hilabetez gutxienez langabezian egon direla frogatzen badute, organo eskudunak emandako txartela aurkeztuz”.

Bost.–103.5. artikulua.

“5. Albaitaritza zerbitzuak.

KODEA

IZENA

TARIFA

SV01

Osasun kontrola, ausikia gertatzen denean

25

AZ02

Txakurrak harrapatu eta biltzeko zerbitzuak. (Prezioak txakurreko)

60

AZ02.1

Egonaldi gastuak Nafarroako Gobernuak duen Animaliak Babesteko Zentroan, Etxaurin (animalia bakoitzeko)

15

AZ02.2

Beste jabe batzuek adoptatutako zakurrak

15

AZ02.3

Egonaldi gastuak Nafarroako Gobernuak duen Animaliak Babesteko Zentroan (Etxaurin)

20(1)

AZ03

Elikagaiak esportatzeko ziurtagiri ofiziala

20

SV03.1

Osasun ziurtapenak, elikagaiak esportatzeko

20

AZ04

Albaitarien jarduketak zezenketetan (Prezioak albaitari bakoitzeko)

250

(1) 20 euro, gutxienez. 5. egunetik aurrera, 3 euro gehituko dira egonaldiaren egun bakoitzeko”.

Sei.–109. artikulua.

“109. artikulua. Haragi freskoen eta untxi eta ehizaki haragien osasun ikuskapen eta kontrolei dagozkien tasen tarifak.

1. Zergadunari tarifa eskatuko zaio animalia bat hiltzen den bakoitzeko, zatikatzeko eragiketa bakoitzeko eta biltegietako kontrol bakoitzeko.

Hiltegietan egiten diren hilketei dagozkien tarifak bertan hiltzen diren animalien kopuruaren arabera likidatuko dira.

Abereak hiltzen direnean, hil aurreko eta ondorengo osasun ikuskapen eta kontrolerako jarduerei, eginiko eragiketen agiri bidezko kontrolari eta kanal, errai eta barrukien markaketari dagozkien tarifak, behar bezala baimenduriko establezimendu edo instalazioetan hildako abere bakoitzarendako, ondorengo tauletan agertzen diren zenbatekoetan ezartzen dira:

a) Hiltegietako ikuskapen eta osasun kontroletan aplikatzekoak diren tasen zenbatekoak, animalia bakoitzeko:

AZIENDA MOTA

TARIFA ANIMALIA BAKOITZEKO

1.    TARIFA

Abelgorrien haragia:

1.   Abelgorri pisudunak:

5 euro (0,36)

2.   Abelgorri gazteak:

2 euro (0,25)

2.    TARIFA

Solipedoak, ekidoak:

3 euro (0,21)

3.    TARIFA

Zerrikia, zerriek kanalean duten pisuaren arabera:

1.   25 kg. baino gutxiagokoa:

0,5 euro (0,03)

2.   25 kilo edo gehiagokoa:

1 euro (0,107)

4.    TARIFA

Ardi eta ahuntzen haragia, animaliek kanalean duten pisuaren arabera:

1.   12 kg. baino gutxiagokoa:

0,15 euro (0,01)

2.   25 kilo edo gehiagokoa:

0,25 euro (0,029)

5.    TARIFA

Hegaztien eta untxien haragia:

1.   Hegaztiak, Gallus generokoak eta pintadak:

0,005 euro (0,001)

2.   Ahateak eta antzarak:

0,01 euro (0,02)

3.   Indioilarrak:

0,025 euro (0,002)

4.   Haztegiko untxiak:

0,005 euro (0,001)

5.   Etxe-hegaztiak ez izan arren etxe-abere gisa hazten diren hegaztiak, erratiteak izan ezik:

0,006 euro (0,001)

6.    TARIFA

Haztegiko ehiza

1.   Oreinak:

0,5 euro (0,029)

1.   Haztegiko ehizako beste ugaztun batzuk:

0,5 euro (0,029)

Hiltzeko diren abere bizidunengan eta tasa honen xedeko haragietan, ezarritako kontrol eta teknika analitikoei buruzko osasun araudiarekin bat, substantziak kontrolatzeko eta hondakinak ikertzeko kontrol eragiketen tarifa hilketari aplikatzen zaion kuota osoan sartzen da, eta informaziorako xehakatzen da aurreko taulan, parentesi arteko zifren bidez.

b) Animaliak zatikatzeko aretoetako ikuskapen eta osasun kontroletan aplikatzekoak diren tasen zenbatekoak, tona bakoitzeko.

AZIENDA MOTA

TARIFA TONA BAKOITZEKO

1.    TARIFA

Behi, zerri, solipedo, ekido, ardi eta ahuntzen haragia:

2 euro

2.    TARIFA

Haztegiko hegaztien eta untxien haragia:

1,50 euro

3.    TARIFA

Basa ehizakien eta haztegiko ehizakien haragia:

1.   Lumadun eta iledun ehizaki xehearen haragia:

1,5 euro

2.   Erratiteen haragia (ostrukak eta beste):

3 euro

3.   Aketzen eta hausnarkarien haragia:

2 euro

c) Ehizakia eraldatzeko instalazioetako ikuskapen eta osasun kontroletan aplikatzekoak diren tasen zenbatekoak:

AZIENDA MOTA

TARIFA ANIMALIA BAKOITZEKO

1.   TARIFA

Lumadun ehizaki xehea:

0,006 euro

2.   TARIFA

Iledun ehizaki xehea:

0,011 euro

3.   TARIFA

Erratiteak:

0,60 euro

4.   TARIFA

Lurreko ugaztunak:

1.   Basurdeak:

1,50 euro

2.   Hausnarkariak:

0,50 euro

2. Establezimendu berean abereak hiltzeko, zatitzeko eta biltegiratzeko jarduerak modu integratuan egiten badira, zenbateko handiena duen jardueraren tasa jasoko da soilik. Ondorio horietarako, ulertuko da establezimendua dela zenbait instalazio erantsi dituena titular beraren jarduerak, abereak hiltzeko eta zatitzekoak, egiteko”.

Zazpi.–110. artikulua.

“110. artikulua. Esne eta esnekietako substantzien eta hondakinen kontrol eta ikerketetan aplikatzekoak diren tasen zenbatekoa.

Esne eta esnekietako substantzien eta hondakinen kontrol eta ikerketa eragiketetan, 0,02299 euroko tarifa aplikatuko da lehengai gisa erabilitako mila litro esne gordineko”.

Zortzi.–111 artikulua. a) letra, amaieran paragrafo bat gehitzea, e) letra aldatzea eta f) letra kentzea.

a) letra, amaieran paragrafo bat gehitzea:

“Murriztapen hori bera aplikatuko da hegazti-hiltegietarako, hiltzeko ordutegia dela-eta albaitaritza zerbitzu ofizialaren presentzia 00:00etatik 15:00etara eskatzen dutenean”.

e) letra.

“e) 100eko 20ko murriztapena, operadoreen historialaean osasun publikorako arriskua dakarten urraketarik detektatzen ez bada, elikagaien produkzio, eraldaketa eta banaketaren edozein fasetan elikagaien eta haien segurtasunaren, integritatearen eta osasungarritasunaren gaineko arauak betetzeari dagokionez, merkataritza jardunbide leialak bermatzeko eta kontsumitzaileen interesak eta informazioa babesteko arauak barne, bai eta elikagaiak ukitu behar dituzten materialen eta artikuluen fabrikazio eta erabilerari buruzkoak ere. Murriztapen hori aplikatuko da kontrol ofizialetan egiaztatzen denean aipatutako arauak bete egiten direla”.

f) letra kentzea.

Bederatzi.–112 artikulua.

“112. artikulua. Tasaren murriztapenak animaliak zatikatzeko aretoetan, ehizakiak eraldatzeko establezimenduetan eta toreaketa-zezenak tratatzeko aretoetan egiten diren ikuskapen eta kontrolengatik.

Animaliak zatikatzeko aretoen, ehizakiak eraldatzeko establezimenduen eta toreaketa-zezenak tratatzeko aretoen arduradun diren elikagai enpresek 100eko 85eko murriztapena aplikatzen ahalko dute, operadoreen historiala kontuan hartuta, elikagaien produkzio, eraldaketa eta banaketaren edozein fasetan elikagaien eta haien segurtasunaren, integritatearen eta osasungarritasunaren gaineko arauak betetzeari dagokionez, merkataritza jardunbide leialak bermatzeko eta kontsumitzaileen interesak eta informazioa babesteko arauak barne, bai eta elikagaiak ukitu behar dituzten materialen eta artikuluen frabrikazioa eta erabilera ere”.

Hamar.–113.1. artikulua.

“1. 111. artikuluaren b), c), d) eta e) letretan eta 112. artikuluan ezarritako murriztapenak aplikatzeko, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak aurreko onarpena eman behar du. Hiru hilabeteko epean jakinarazi beharko da, eskaera tramitazioaren organo eskudunaren erregistroan sartzen den egunetik hasita. Eskaera epe horretan ebazten ez bada, ulertuko da interesdunak murriztapenerako eskubidea duela. Epe hori bukatu ondoren eginen duen lehenbiziko autolikidazioan aplikatu beharko da”.

Hamaika.–115. artikulua, bigarren paragrafo bat gehitzea.

“Hiruhilekoan 10 eurotik gorako tasa dakarren jarduera duten establezimenduek baizik ez dute tasa sortuko”.

Hamabi.–115. bis. 1 artikulua.

“1. Esne eta esnekietako substantzien eta hondakinen kontrol eta ikerketen tasak ordaindu behar dituzten subjektu pasiboak behartuta daude tasa horiei lotutako eragiketa guztien erregistro bat izatera. Hildako animaliak agertu behar dira, eragiketen zenbakia, eguna eta ordua eta animalien pisua adierazita, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak ematen dituen ereduekin bat, formatu elektronikokoak barne. Animaliak zatikatzeko eragiketak ere erregistratuko dira, foru lege honetan ezarritako baldintzekin”.

Hamahiru.–X. tituluaren errubrika berria.

“X. TITULUA

Garapen Ekonomikorako Departamentuaren tasak”

Hamalau.–X. titulua. III. kapituluaren errubrika berria.

“III. KAPITULUA

Errepideak defendatzearen eta bide ustiapeneko txostenen arloan baimena behar duten jarduerak egiteagatiko tasak”

Hamabost.–124. artikulua.

“124. artikulua. Zerga-egitatea.

Tasaren zerga-egitatea honakoa da: Nafarroako Foru Komunitateko errepide sareko errepideen inguruko zortasun eta eraginpeko eremuetan eta jabari publikoko eremuetan eraikitzeko eta lurzorua erabiltzeko egintzetarako eskaerak instruitu eta ebazteko tasa, Nafarroako Errepideei buruzko martxoaren 23ko 5/2007 Foru Legean ezarritakoarekin bat, eta bide ustiapenaren determinazioei buruzko txosten fakultatiboak ematea, pertsona fisiko edo juridiko interesdunek eskatuta.

Babes eremu bati baino gehiagori eraginez gero, babes handieneko eremuan duen ukipenagatiko tasa baizik ez da ordainduko”.

Hamasei.–125. artikulua.

“125. artikulua. Subjektu pasiboak.

Tasaren subjektu pasiboak aurreko artikuluan aipatzen den baimena edo txostena eskatzen duten eta horien onuradun diren pertsona fisikoak edo juridikoak”.

Hamazazpi.–126. artikulua.

“126. artikulua. Sortzapena.

Tasa eskaera egiten denean sortuko da. Tasa ordaintzen ez den bitartean, ez da eskaera tramitatuko”.

Hemezortzi.–127 artikulua.

“127. artikulua. Tarifak.

1. Errepidearen zelaigunea eta eremu funtzional eta zerbitzukoak ukitzen dituen baimena.

a. 6.000 euro arteko aurrekontua: 50 euro.

b. 60.000 euro arteko aurrekontua: 100 euro.

c. 600.000 euro arteko aurrekontua: 160 euro.

d. 600.000 eurotik gorako aurrekontua: 1.500 euro.

2. Alboko jabari publikoko eremua ukitzen duen baimena: 50 euro.

3. Zortasun eremua ukitzen duen baimena: 50 euro.

4. Eraikuntza lerroa ukitzen duen baimena: 50 euro.

5. Bestelako baimenak: 100 euro.

6. Joan-etorriren beharrik izan ez duen txostena: 45 euro.

7. Joan-etorrien beharra izan duen txostena: 150 euro”.

Hemeretzi.–128. artikulua.

“128. artikulua. Lanak itzultzea.

Subjektu pasiboari ezin egotz dakiokeen arrazoiengatik obra edo erabilera baimendua egiterik ez badago, itzuli eginen da tasaren zenbatekoa”.

Hogei.–184. artikulua. Indargabetzen da.

Hogeita bat.–XV. titulua. IV. kapituluaren errubrika berria.

“IV. KAPITULUA

Profesionaltasun ziurtagiriak emateagatiko tasa”

Hogeita bi.–186. artikulua.

“186. artikulua.

1. Zergapeko egintza.

Tasaren zerga-egitatea profesionaltasun ziurtagiriak ematea da, jatorrizkoak nahiz kopiak.

2. Subjektu pasiboak.

Ziurtagiriak emateko eskaera aurkezten duten pertsona fisikoak dira tasaren subjektu pasiboak.

3. Sortzapena.

Ziurtagiria eskatzen denean sortuko da tasa.

4. Tarifa.

Tarifa 10 eurokoa izanen da emandako ziurtagiri edo haren kopia bakoitzeko”.

Zazpigarren artikulua. Foru Legea, Nafarroako Foru Komunitatean kultur mezenasgoa eta haren zerga-pizgarriak arautzen dituena.

2018ko urtarrilaren 1etik aurrerako eraginekin, Nafarroako Foru Komunitatean Kultur mezenasgoa eta haren zerga-pizgarriak arautzen dituen maiatzaren 16ko 8/2014 Foru Legearen 4.f) artikuluaren bigarren paragrafoko lehen errenkada honela geldituko da idatzita:

“Bigarren atalean (lanbide jarduerak), 86. elkartean, 861,862. eta 863. taldeetan sartutakoak”.

Zortzigarren artikulua. Ondareeskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergaren Testu Bategina.

2018ko urtarrilaren 1etik aurrera gertatzen diren zergapeko egintzetan eraginak izanen dituela, Ondare Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergaren Testu Bateginaren 35.1.B artikuluari -testu bategin hori apirilaren 26ko 129/1999 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsi zen- 29. apartatua gehitzen zaio. Hona testua:

“29. Jabetzaren edo ondasun-usufrukturako eskubidearen eskualdaketak, Genero Indarkeriaren aurkako Babes Osoko Neurriei buruzko abenduaren 28ko 1/2004 Lege Organikoaren babeseko prozeduretatik heldutako epaiak betetzearen ondorio direnak, betiere B) letra honen 3. apartatuan aurreikusitako salbuespenak barnean hartzen ez dituen kasuak direnean”.

Xedapen Gehigarri

Bakarra .–Produktibitateosagarria

Diru-bilketa Zerbitzuko funtzionarioei, baldin eta egiazki enbargo-jarduketa presentzialak egiten badituzte finketan, negozio-lokaletan eta zergapeturik dauden jarduerak edo ustiapenak egiten diren edo ondasun eta eskubide enbargagarrien zantzuak erakusten dituzten gainerako establezimendu edo tokietan, horretarako erabiliz Tributuei buruzko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 131. artikuluan tributu-ikuskaritzari aitortzen zaizkion ahalmenak, aplikatzekoa izanen zaie abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsiriko Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bateginaren 40. artikuluko 4. apartatuak ezartzen duena.

Dena den, kasu horretan, arau horrek aipatzen duen osagarria ezin izanen da handiagoa izan dagokion mailako hasierako soldataren 100eko 30 baino.

Xedapen Iragankorra

Lehenengo .–Foru lege honek indarra hartu aurretik aurkeztutako erreklamazio ekonomikoadministratiboei eta berrikuspeneko errekurtso bereziei aplikatu beharreko araubide iragankorra.

1. Abenduaren 14ko Tributuei buruzko 13/2000 Foru Lege Orokorraren IV. tituluko VII. kapituluak indarra hartzeaz ezarritakoa ukatu gabe, erreklamazio ekonomiko-administratiboei eta berrikuspeneko errekurtso bereziei dagozkien ebazpen eskumenaren arloko xedapenak foru lege honek indarra hartzen duenetik aurrera aplikatuko dira.

2. Foru lege hau garatzeko arauak onetsi arte, Nafarroako Foru Auzitegi Ekonomiko-administratiboan irekitako prozedurak ebazteko eskumena auzitegiko osoko bilkurak izanen du.

Xedapen horiek onetsi arte, erregelamenduzko arauek indarra izanen dute, foru lege honetan ezarritakoaren kontrakoak ez badira.

3. Ebazteko eskumenari dagokionez, aurkaratutako egintzaren betearazpena eteteko eskaerak, foru lege honek indarra hartzen duen egunean ebatzi gabe daudenak, eskaera egitean indarra zuen araudiaren arabera tramitatuko dira.

Bigarren .–Arauhauslearentzat onena den zehapen araudiaren atzeraeragina.

1. Foru lege honen bosgarren artikuluan xedatutakoa hark indarra hartu aurretik egindako tributu arloko arau-hausteetan aplikatuko da, betiere haren aplikazioa hobea bada subjektu arau-hauslearentzat, eta ezarritako zehapena ez bada irmoa.

Irmo ez diren zehapenen berrikuspena eta araudi berriaren aplikazioa erreklamazioak eta errekurtsoak aztertzen ari diren organo administratiboek eta jurisdikzionalek hartuko dituzte beren gain, interesdunari entzunaldia eman ondoren.

2. Abenduaren 14ko Tributuei buruzko 13/2000 Foru Lege Orokorarren 71.3 eta 71.4 artikuluetan aurreikusitako murriztapenak aplikatuko dira, halaber, foru lege honek indarra hartzen duenetik aurrera egiten bada data horren aurretik errekurritutako zehapenaren eta, kasua bada, erregularizazioaren diru-sarrera, eta zehapenaren eta, kasua bada, erregularizazioaren kontra aurkeztutako errekurtsoan edo erreklamazioan atzera egiten bada 2018ko martxoaren 1a baino lehen.

Azken Xedapenetan

Lehenbizikoa .–Arauak emateko gaikuntza.

Nafarroako Gobernuak foru lege hau garatu eta aplikatzeko behar diren xedapen guztiak emanen ditu.

Bigarrena .–Indarra hartzea

Foru lege honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra, legean berean aurreikusitako ondorioekin.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako Aldizkari Ofizialean berehala argitara eta “Estatuko Aldizkari Ofizialera” igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezatela manatzen diet.

Iruñean, 2017ko abenduaren 27an.–Nafarroako Foru Komunitateko lehendakaria, Uxue Barkos Berruezo.

Iragarkiaren kodea: F1715155

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web