148/2017 FORU AGINDUA, ABENDUAREN 18KOA, OGASUNEKO ETA FINANTZA POLITIKAKO KONTSEILARIAK EMANA, NAFARROAKO ZERGA OGASUNAREN EREMUAN JAKINARAZPEN ELEKTRONIKOAREN ZERBITZUA ARAUTZEN DUENA, BAITA ZERGAPEKOEK GAITUTAKO HELBIDE ELEKTRONIKOAN JAKINARAZPENIK EZ EGITEKO EGUNAK ADIERAZTEKO AUKERA ERE
BON N.º 246 - 27/12/2017
I. KAPITULUA. NAFARROAKO ZERGA OGASUNAREN EREMUAN JAKINARAZPEN ELEKTRONIKOAREN ZERBITZUA EMATEA
II. KAPITULUA. ZERGAPEKOEK HELBIDE ELEKTRONIKO GAITUAN ETA HERRITARREN KARPETAN JAKINARAZPENIK EZ EGITEKO EGUNAK ADIERAZTEA
Nafarroako Foru Komunitateko zerga eremuan, Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Legearen 99.5 artikuluak jakinarazpen elektronikoaren oinarrizko ildoak ezarri ditu. Zehatz-mehatz, artikulu horrek xedatu du, jakinarazpena baliabide elektronikotik egin ahal izateko, interesdunak espresuki eskatu edo baimendu beharko duela. Aurrekoa galarazi gabe, erregelamenduzko arauari ahalmena ematen zaio pertsona fisiko ez diren zergapekoentzat jakinarazpen elektronikoa egiteko derrigortasuna ezartzeko.
Gainera, adierazi du jakinarazpen elektronikoaren sistemak aukera emanen duela jakiteko zer egun eta ordutan uzten den interesdunaren eskura jakinarazpenaren xedeko egintza, baita interesdunak noiz ikusi duen edukia ere, jakinarazpena une horretatik aurrera egindakotzat joko baita legezko ondorio guztietarako. Halaber, zehaztu du, jakinarazpena interesdunaren eskura dela ziurtatuta, hark edukia ikustera sartu gabe hamar egun natural iraganez gero, jakinarazpena errefusatutzat joko dela, hau da, jakinarazpena egindakotzat joko dela, salbu eta, ofizioz edo hartzaileak eskaturik, edukia ikusteko ezintasun tekniko edo materiala dagoela frogatzen bada. Amaitzeko, erregelamenduzko arauari ahalmena ematen dio honako bide hauetako baten bat erabiliz jakinarazpen elektronikoa egiteko modua arautzeko:
a) Helbide elektroniko gaituaren bitartez (HEG).
b) Jakinarazpena jaso izanaren adierazpena duen posta elektronikoaren sistemaren bat erabiliz.
c) Ezar litekeen beste bideren bat erabiliz, betiere araubide berariazkoan ezartzen diren epe eta baldintzetan jakinarazpena jaso dela ziurtatzen bada.
Tributuei buruzko Foru Lege Orokor hori garatzeko, Nafarroako Gobernuak uztailaren 17ko 50/2006 Foru Dekretua aldatzen duen uztailaren 1eko 41/2015 Foru Dekretua onetsi zuen; foru dekretu haren bidez, Nafarroako Zerga Ogasunaren esparruan bide elektroniko, informatiko eta telematikoen erabilera arautu zen, eta testu osoa eman zitzaion “Nafarroako Zerga Ogasunaren jakinarazpen elektronikoak” izeneko IV. kapituluari.
50/2006 Foru Dekretuaren 30.1 artikuluan honako hau ezartzen da: “Nafarroako Zerga Ogasunak helbide elektroniko gaituaren bidezko jakinarazpen sistema erabiliko du jakinarazpen elektronikoak egiteko”.
Beraz, foru dekretuak hasieran hautatu zuen modalitatea gaitutako helbide elektronikoaren bidezko jakinarazpena da. Helbide elektroniko gaituaren zerbitzuaren bitartez, edozein pertsonak edo entitatek helbide elektroniko bat izan dezake bide elektronikoz egiten diren jakinarazpen elektronikoak jasotzeko. Zerbitzu hau -doakoa da jakinarazpenaren hartzailearentzat, eta erabat betetzen ditu isilpekotasunaren eta egiazkotasunaren bermeak- erabiliena da gaur egun, alde handiz, jakinarazpen elektronikoak egiterakoan.
Aipatutako 50/2006 Foru Dekretuan honako hau arautzen da, jakinarazpen elektronikoari dagokionez:
a) Jakinarazpen elektronikoak egiteko baldintza orokorrak, interesdunak hala eskatu edo berariaz onartu beharra nabarmenduta, salbu eta jakinarazpen elektronikoa derrigorrezkoa denean.
b) Jakinarazpen elektronikoa egitera behartzen duten kasuen mugaketa, baita sisteman derrigor sartu beharra jakinarazteko prozedura ere.
c) Zergapekoen ordezkariei bide elektronikoen bidez bidaltzea jakinarazpenak.
Horrez gain, foru dekretuaren 30.1 artikulu horrek honako hau xedatu du: “Ekonomia eta ogasunaren arloko eskumena duen departamentuaren titularraren foru agindu baten bidez arautuko da zerbitzu hori emateko moduari, ezaugarriei eta funtzionalitateei lotutakoa, bai eta tributudunek jakinarazpen mota hori ez egiteko egunak adierazteko aukera ere”.
Esleitutako gaikuntzaz baliatuz, foru agindu honetan honako hauek arautu nahi dira: alde batetik, jakinarazpen elektronikoaren zerbitzu horren ezaugarriak eta horren funtzionamenduaren irizpide teknikoak; eta, beste aldetik, zergapekoek jakinarazpen elektronikorik ez egiteko egunak adierazteko aukerari buruzko arauak.
Foru agindua bi kapitulutan banatuta dago, eta hamalau artikulu, bi xedapen gehigarri eta azken xedapen bakarra ditu.
I. kapituluan zerbitzua emateko modua arautzen da. Hona hemen haren alderdi nabarmenenak:
1. Jakinarazpen elektronikoak Notific@ plataformaren bidez eginen dira, Helbide Elektroniko Gaituaren sistema eta Estatuko Administrazio Orokorreko Herritarren Karpeta erabilita.
2. Bai borondatezko eskaerak bai jakinarazpen elektronikoaren sisteman derrigor sartzeak berekin ekarriko dute sistema horren bidez egiten diren jakinarazpen elektronikoek biltzea Nafarroako Zerga Ogasuneko organoek zergapekoari zerga arloko edozein jarduketa eta prozeduratan egin beharreko jakinarazpen guztiak.
3. Jakinarazpen elektronikoaren sisteman sartzea nork bere borondatez eskatuz gero, interesdunak helbide elektroniko gaitu bat izan, eta prozeduran harpidetu beharko du.
4. Zergapekoa derrigorrezko jakinarazpen elektronikoen sistemaren barnean badago, helbide elektroniko gaitua ofizioz esleituko zaio, interesdunari aldez aurretik esleitu eta oraindik indarrean egon ezean.
5. Bai jakinarazpen elektronikoa derrigor ezartzen denean bai jakinarazpen elektronikoaren sisteman sartzea nork bere borondatez eskatzen duenean, zergapekoak ordezkari baten bidez aritzen ahalko dira jakinarazpen elektronikoak jasotzeko.
6. Notific@ plataformako zerbitzuaren emaileak, jakinarazitako ekintza edo ebazpena eta horren hartzailea identifikatzeaz gain, zenbait alderdiri buruzko ziurtagiria eginen du egindako jakinarazpen elektroniko bakoitzeko.
II. kapituluan zergapekoek helbide elektroniko gaituan eta Herritarren Karpetan jakinarazpenik ez egiteko egunak adierazteari buruzko zehaztasunak arautzen dira.
Jakinarazpen elektronikoaren sistemaren barnean dauden zergapeko guztiek (bai derrigor sartu direnak bai beren borondatez sartu direnak) helbide elektroniko gaituan jakinarazpenik ez egiteko egun zehatz batzuk adierazten ahalko dituzte.
Zergapeko bakoitzak 30 egun natural adierazten ahalko ditu urteko, gehienez, berak nahi dituenak, eta ez da beharrezkoa izanen egunen gutxieneko kopuru bat pilatzea.
Horrenbestez, Nafarroako Zerga Ogasunaren esparruan bide elektroniko, informatiko eta telematikoen erabilera arautzen duen uztailaren 17ko 50/2006 Foru Dekretuaren 30.1 artikuluaren eta azken xedapenetan lehenaren bidez esleitutako gaikuntzaz baliatuz,
AGINDU DUT:
I. KAPITULUA. NAFARROAKO ZERGA OGASUNAREN EREMUAN JAKINARAZPEN ELEKTRONIKOAREN ZERBITZUA EMATEA
1. Foru agindu honen xedea da jakinarazpen elektronikoaren sistema arautzea, Nafarroako Zerga Ogasunaren eremuan .
2. Jakinarazpen elektronikoak gaitutako helbide elektroniko bakarraren sistemaren eta Estatuko Administrazio Orokorreko Herritarren Karpetaren bidez eginen dira .
3. Sistema horren bidez egiten diren jakinarazpen elektronikoek Nafarroako Zerga Ogasuneko organoek zergapekoari zerga arloko edozein jarduketa eta prozeduratan egin beharreko jakinarazpen guztiak bilduko dituzte, eta ezinezkoa izanen da horietako batzuetan bakarrik eskatzea edo sartzea.
2. artikulua . Borondatezko eskaera.
1. Nafarroako Zerga Ogasuneko organoek jakinarazpen elektronikoak eginen dituzte, interesdunak hala eskatu edo berariaz onartu badu.
2. Jakinarazpen elektronikoaren sisteman sartzea nork bere borondatez eskatzeko, interesdunak dagokion izapidearen bidez egin beharko du eskaera, webgune honetan: https://www.navarra.es/eu/ogasuna .
3. Bai sartzeko eskaera bai onarpena bide elektronikoen bidez eginen dira.
4. Nork bere borondatez eskatuta sistemaren barnean dauden zergapekoak izanda, sistematik irteteko, dagokion izapidearen bidez egin beharko da eskaera, webgune honetan: https://www.navarra.es/eu/ogasuna .
5. Bai sisteman sartzeak bai horretatik irteteak ondorioak sortuko dituzte prozeduran alta edo baja eskatu eta hurrengo 24 orduetatik aurrera .
3. artikulua . Nahitaez sartzea .
1. Nafarroako Zerga Ogasuneko organoek jakinarazpen elektronikoak eginen dituzte, baldin eta jakinarazpen elektroniko modu hori nahitaezkotzat jotzen bada, Nafarroako Zerga Ogasunaren esparruan bide elektroniko, informatiko eta telematikoen (EIT) erabilera arautzen duen uztailaren 17ko 50/2006 Foru Dekretuaren 31. artikuluan xedatutakoaren arabera .
2. Nahitaezko jakinarazpen elektronikoen sisteman sartzen direnei, helbide elektroniko gaitua ofizioz esleituko zaie .
3. Jakinarazpenak bide elektronikoen bidez jasotzera behartuta dauden pertsona eta entitateei dagokienez, ez da onartuko sisteman nork bere borondatez baja hartzea. Interesdunek eskatuta, Nafarroako Zerga Ogasunak baztertuko ditu, horiek sisteman sartzea eragin zuten inguruabarrak gertatzen ez direnean.
Eskaera uztailaren 17ko 50/2006 Foru Dekretuaren 31.2 artikuluan ezarritako prozeduraren arabera bideratuko da, eta Nafarroako Zerga Ogasunaren web-orrian erabilgarri dagoen zerbitzu telematikoaren bidez aurkeztu beharko da, Interneteko honako helbide honetan: http://hacienda.navarra.es
Kasu horretan, pertsonak edo entitateak bere borondatez Nafarroako Zerga Ogasunaren jakinarazpen elektronikoen sistema harpidetu badu, 2.4 artikuluan ezarritakoaren arabera sisteman baja hartzea eskatu ere egin beharko du
3. Subjektua derrigorrezko jakinarazpen elektronikoen sistemaren barnean badago, helbide elektroniko gaitua ofizioz esleituko zaio, interesdunari aldez aurretik esleitu eta oraindik indarrean egon ezean .
4. artikulua . Hartzaileen ordezkariei jakinarazpen elektronikoak bidaltzea.
1. Bai jakinarazpen elektronikoa derrigor ezartzen denean bai jakinarazpen elektronikoaren sisteman sartzea nork bere borondatez eskatzen duenean, zergapekoak ordezkari baten bidez aritzen ahalko dira jakinarazpen elektronikoak jasotzeko.
2. Jarduteko ahalmena duten pertsona fisikoen kasuan, eurek emanen dute ordezkaritza. Gainerako kasuetan, legezko ordezkaritza duenak emanen du ordezkaritza, betiere legezko ordezkaritzak horretarako aukera ematen badu.
3. Pertsona fisiko edo juridiko bati soilik ematen ahal zaio jakinarazpen elektronikoak jasotzeko ordezkaritza.
4. Modu hauetako batean emanen da ahalordea:
a) Ahalorde-emailea Nafarroako Zerga Ogasuneko bulegoetan agertuz.
Ahalorde-emailea Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 25. artikuluan aipatzen den pertsona juridiko edo izaera juridikorik gabeko entitate bat bada, agertzen den pertsonak frogatu beharko du entitatearen ordezkari legala dela edo ahalordeak emateko ahalmen aski duela.
b) Nafarroako Zerga Ogasunean aurkeztutako dokumentu publiko edo dokumentu pribatu baten bidez, notarioak legeztatutako sinadura duela.
c) Nafarroako Zerga Ogasunaren web-orrian (http://hacienda.navarra.es) horretarako dagoen zerbitzu telematikoa erabiliz.
Kasu horretan, ahalorde-emaileak Nafarroako Zerga Ogasunak onartzen dituen identifikazio eta sinadura elektronikoetarako bideetako bat erabili beharko du, indarrean dagoen araudian ezarritako moduan .
5. Jakinarazpen elektronikoa jasotzeko ordezkaritza onartzeko, ahaldunak telematika bidez egin beharko du, Nafarroako Zerga Ogasunak onartzen dituen identifikazio eta sinadura elektronikoetarako bideetako bat erabiliz, indarrean dagoen araudian ezarritako moduan .
Kasu guztietan, ordezkariaren izendapenak ondorioak sortuko ditu Nafarroako Zerga Ogasunaren erregistroetan sartzen denetik, ahalorde-emaileak eta ahaldunak hori egiaztatu ondoren.
Halaber, ordezkaritza baliogabetzeak eta horri uko egiteak ondorioak sortuko dituzte Nafarroako Zerga Ogasuneko erregistroetan sartzen den unetik.
6. Jakinarazpenaren hartzaileak jakinarazpen elektronikoak jasotzeko ordezkaria hautatu badu, jakinarazpen horiek bai jakinarazpenaren hartzailearen bai ordezkariaren beraren helbide elektroniko gaituan zein Herritarren Karpetan eginen dira.
Kasu horretan, jakinarazpenaren ondorio juridiko guztiak egindakotzat joko dira, bai jakinarazpenaren hartzaileari bai haren ordezkariari behar bezala egindako lehenengo jakinarazpenetik aurrera, bidezko errekurtsoak jartzeko epearen hasiera barne.
5. artikulua . Konfidentzialtasuna eta zifratzemekanismoak.
Jakinarazpen elektronikoaren sistemak zifratze-mekanismoak izanen ditu transmisioetan datuen konfidentzialtasuna babesteko. Halaber, sistemak segurtasun-neurri egokiak izanen ditu, zerbitzuaren emailea sar ez dadin jakinarazten diren administrazio egintzen eta ebazpenen edukira.
6. artikulua . Erabilgarritasuna eta babesneurriak.
1. Helbide elektronikoaren sistemak ahalbidetuko du interesdunak dagokion helbide elektronikora etengabe sartzea, haren eskura jarritako jakinarazpenen edukia jasotzeko .
Jakinarazpenen edukira sartuko da 10. artikuluan xedatutakoaren arabera.
2. Zerbitzua asteko 7 egunetan eta eguneko 24 orduetan erabilgarri dagoela bermatzeko antolaketa eta teknika neurri guztiak hartuko dira, eta, nolanahi ere, honako hauek:
a) Aplikazio zerbitzarietan eta euskarri zirkulatzaileetan kode kaltegarrien aurkako babes-neurriak hartzea.
b) Kontigentzia plan baten prestaketa eta mantentze-lan operatiboak.
7. artikulua . Jakinarazpenen ziurtapena.
1. Nafarroako Zerga Ogasunak ziurtatuko du egintza bat gaitutako helbide elektronikoaren bidez jakinarazi dela, jakinarazpenen zerbitzua ematen duenak bidali behar duen informazioarekin bat.
2. Jakinarazpen elektronikoaren zerbitzuak ziurtagiri hori emanen du, automatikoki sortuko dena, eta jakinarazitako ekintza edo ebazpena eta horren hartzailea identifikatuko ditu .
3. Halaber, zerbitzuaren emaile horrek honako ziurtagiri hauek igorriko dizkio Nafarroako Zerga Ogasunari, egindako jakinarazpen elektroniko bakoitzeko:
a) Ziurtagiri elektronikoa, erakunde jakinarazleak igorritako jakinarazpena eskura izateari buruzko abisua jasotzen duen egunari eta orduari buruzkoa.
b) Ziurtagiri elektronikoa, hartzaileari esleitutako helbide elektronikoan jakinarazpena eskura izateari buruzko abisua jasotzen den egunari eta orduari buruzkoa, egintza edo jakinarazitako jarduketa bera edo, behintzat, haren zigilu elektronikoa, adierazten duena.
c) Ziurtagiri elektronikoa, interesduna helbide elektronikoan jakinarazpenaren edukira sartzen den egunari eta orduari buruzkoa.
d) Ziurtagiri elektronikoa, interesdunak helbide elektronikoan jakinarazpenaren edukira sartzea ukatzen duen egunari eta orduari buruzkoa.
e) Ziurtagiri elektronikoa, interesduna helbide elektronikoan jakinarazpenaren edukira sartu gabe hamar egun igaro izanari buruzkoa, jakinarazpena eskura jartzen denetik aurrera zenbatuak.
f) Ziurtagiri elektronikoa, aurreko letretan xedatutakoari lotuta gertatzen den edozein gorabeherari buruzkoa.
8. artikulua . Abisusistema .
Jakinarazpen elektronikoaren zerbitzuak abisu-sistema bat gaituko du jakinarazpena interesdunen eskura jartzeko.
Hura erabiltzeko, beharrezkoa izanen da posta elektronikoko helbide bat adieraztea, dagokion izapidea eginda https://www.navarra.es/eu/ogasuna webgunean edo gaitutako helbide elektroniko bakarretik (jakinarazpena jartzen denean, abisu bat igorriko da helbide horretara) .
Abisu hori egin gabe ere, jakinarazpena guztiz baliozkoa izanen da .
9. artikulua . Zerbitzuaren emailearen eginkizunak.
1. Jakinarazpen elektronikoaren zerbitzuak eginkizun hauek izanen ditu :
a) Helbide elektroniko gaituen direktorioa sortu eta mantenduko du, interesdunek emandako informazioa biltzen duena.
b) Gaitutako helbide elektronikoan jakinarazpena eskura izateari buruzko abisuak biltegiratu eta zainduko ditu.
c) Interesdunen eta erakunde jakinarazlearen hartu-agiriak kudeatuko ditu.
d) Jakinarazpenen gertaeren erregistroa mantenduko du. Honako datu hauek bilduko ditu erregistro horrek, gutxienez: helbide elektronikoa, helbide elektronikoan jakinarazpena eskura izateari buruzko abisua hartzearen eta interesduna jakinarazpenera sartzearen egunari eta orduari buruzko arrastoa, eta jakinarazpenaren edukiaren deskribapena.
e) Zerbitzua hobetzeko beste eginkizun batzuk eta aurrekoen osagarriak direnak ezarriko ditu, adibidez, jakinarazpenak interesdunen eskura izateari buruzko abisua, 8. artikuluan ezarri bezala.
2. Jarduera uzten bada edo zerbitzuaren emailea aldatzen bada, hori ordezten duen entitateari datu-baseak, lotutako programa informatikoak, gertaeren erregistroa, une horretan dauden jakinarazpenak dituen helbide elektronikoen domeinua eta dokumentazio teknikoa eman beharko dizkio, behar bezala eguneratuak.
10. artikulua. Jakinarazpen elektronikoak eskuratzea .
1. Jakinarazpenen hartzaileak eta horien ordezkariak Nafarroako Zerga Ogasunak igorritako jakinarazpen elektronikoen edukira sartzen ahalko dira bai helbide elektroniko gaituan zuzenean sartuz bai Estatuko Administrazio Orokorreko herritar karpeta erabiliz. Sarbide hori indarreko araudian ezarritakoaren arabera onartzen diren identifikazio eta sinaduraren sistemen bidez eginen da.
2. Jakinarazpenaren ondorio juridiko guztiak egintzat joko dira, bai helbide elektroniko gaituan bai herritar karpetan behar bezala egindako lehenengo jakinarazpenetik aurrera, bidezko errekurtsoak jartzeko epearen hasiera barne.
3. Pertsona juridikoek eta izaerarik gabeko entitateek pertsona juridiko edo entitateari dagokion sinadura elektronikoaren sistema erabiltzen ahalko dute jakinarazpen elektronikoetan sartzeko.
4. Jakinarazpen elektronikoen hartzaileak jakinarazpenen edukira sartzen ahalko dira hamar egun naturaleko epean, jakinarazpena helbide elektroniko gaituan edo herritar karpetan eskura jartzen denetik aurrera, kontuan hartu gabe zergapekoak ala sisteman beren borondatez sartu diren subjektuak diren. Epe horretan, jakinarazpena espresuki ukatu ere egiten ahalko dute.
Jakinarazpena eskura jarri dela jakinda hamar egun naturaleko epean mezua irekitzen ez bada, jakinarazpenari uko egiten zaiola ulertuko da, salbu eta ofizioz edo hartzaileak hala eskaturik mezuan sartzeko ezintasun tekniko edo materiala dagoela egiaztatzen den kasuetan.
Jakinarazpena espresuki ukatzen bada edo hamar egun natural igarotzeagatik hori ukatutzat jotzen bada, bakarrik sartzen ahalko da jakinarazpenaren edukira herritar karpetatik edo Nafarroako Zerga Ogasunaren web-orrian erabilgarri dagoen zerbitzu telematikotik, 5. apartatuan xedatutakoaren arabera.
Nafarroako Zerga Ogasuneko zuzendari kudeatzaileari baimena ematen zaio ebazpen bidez jakinarazpenen edukira sartzeko moduak alda ditzan. Ebazpen hori Nafarroako Zerga Ogasunaren web-orrian argitaratuko da.
5. Eskaera hori Nafarroako Zerga Ogasunaren web-orrian erabilgarri dagoen zerbitzu telematikoaren bidez egiten ahal da soilik, Interneteko honako helbide honetan: https://hacienda.navarra.es.
6. Halaber, jakinarazpen elektronikoen hartzaileen ordezkariak informazio horretan sartzen ahalko dira, kontsulta egiten den unean ahalorde-harremana indarrean badago eta jakinarazpena harreman horren indarraldian egin bada.
II. KAPITULUA. ZERGAPEKOEK HELBIDE ELEKTRONIKO GAITUAN ETA HERRITARREN KARPETAN JAKINARAZPENIK EZ EGITEKO EGUNAK ADIERAZTEA
11. artikulua . Gaitutako helbide elektronikoan eta Herritarren Karpetan jakinarazpenik ez egiteko egunak adierazteko eremu subjektiboa eta objektiboa.
1. Jakinarazpen elektronikoaren sistemaren barnean dauden zergapeko guztiek (bai derrigor sartu direnak bai beren borondatez sartu direnak) helbide elektroniko gaituan edo Herritarren Karpetan jakinarazpenik ez egiteko egun batzuk adierazten ahalko dituzte.
Aipatutako egunen adierazpenak egun horiek hautatzeko ekintzak, egun horien aldaketa eta kontsulta bilduko ditu, 12. artikuluan adierazitako mugak errespetatuta.
2. Jakinarazpen elektronikoa jasotzearen ondorioetarako ordezkaritza-harremanik badago, ordezkaria izanen da berariaz jakinarazpen elektronikorik haren eskura ez jartzeko egunak adierazten ahalko dituena.
Egun horien adierazpenak ondorioak izanen ditu bai ordezkariarentzat bai jakinarazpen elektronikoa jasotzearen ondorioetarako berarekin ordezkaritza-harremana duten ordezkatu guztientzat.
3. Aipatutako helbide elektroniko gaituan zergapekoen eskura jakinarazpenik ez jartzeko egunen adierazpenak Nafarroako Zerga Ogasunak zerga arloko edozein jarduketa eta prozeduratan egin beharreko jakinarazpen guztiak bilduko ditu.
12. artikulua . Egunen gehieneko kopurua eta aldatzeko aukera.
1. Zergapeko bakoitzak 30 egun natural adierazten ahalko ditu urte naturaleko, gehienez, berak nahi dituenak, eta ez da beharrezkoa izanen egunen gutxieneko kopuru bat pilatzea.
2. Helbide elektroniko gaituaren sisteman derrigor sartzen den edo jakinarazpen elektronikoak jasotzeko bere borondatez alta hartzen duen zergapekoak uneko urte natural horretako 30 egun naturalak adierazten ahalko ditu, urte naturaleko gainerako aldiaren araberako egunak hainbanatu behar izan gabe.
3. Helbide elektroniko gaituan edo Herritarren Karpetan zergapekoaren eskura jakinarazpenik ez jartzeko egunak ondorioak sortu baino zazpi egun natural lehenago eskatu beharko dira, gutxienez. Egunak hautatu ondoren, berariazko eskaera baten bidez aldatzen ahalko dira, eta eskaera horrek hasieran hautatutako aldia indargabetuko du, aurretik aipatu diren zergapeko bakoitzaren egunen gehieneko kopurua eta gutxieneko aurrerapena errespetatuta.
13. artikulua . Helbide elektroniko gaituan jakinarazpenik ez egiteko egunak adieraztearen ondorioak.
1. Helbide elektroniko gaituan jakinarazpenik ez egiteko egunak adierazteko orduan atzerapena badago, hori prozeduraren luzapentzat joko da, eta ezin izanen zaio Nafarroako Zerga Ogasunari egotzi, Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 87.2 artikuluan ezarri bezala. Horrez gain, hori ez da sartuko ebazpena emateko epearen kontaketan.
2. Hala ere, aurreko apartatuan xedatutakoa bateraezina bada administrazio jarduketak bere eraginkortasuna bermatzeko eskatzen duen berehalakotasunarekin edo bizkortasunarekin, uztailaren 17ko 50/2006 Foru Dekretuaren 30.2.b) artikuluan xedatutakoa aplikatuko da. Kasu horretan, jakinarazpenak bide ez-elektronikoen bitartez eta Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 99. artikuluan ezarritako lekuetan eta moduetan egiten ahalko dira .
3. Helbide elektroniko gaituan edo Herritarren Karpetan zergapekoaren eskura jakinarazpenik ez jartzeko egunen adierazpenak egun horietan egiten ahal diren jakinarazpenak baino ez ditu ukituko. Egun horiek ez dira inola ere kenduko jakinarazpena adierazi den lehenengo egunaren aurretik egiteagatik abiarazten diren epeen zenbaketatik.
14. artikulua . Helbide elektroniko gaituan jakinarazpenik ez egiteko egunak adierazteko prozedura eta baldintzak.
1. Zergapekoen eskura jakinarazpen elektronikorik ez jartzeko egunen adierazpena Nafarroako Zerga Ogasunaren webgunean erabilgarri dagoen zerbitzu telematikoaren bidez egin beharko da derrigor, Interneteko honako helbide honetan: http://hacienda.navarra.es.
Eskatzaileak Nafarroako Zerga Ogasunak onartzen dituen identifikazio eta sinadura elektronikoetarako bideetako bat erabili beharko du, indarrean dagoen araudian ezarritako moduan .
2. Egunak behar bezala adierazi ondoren, aurkezpen-agiria sortuko da, 16 karaktereko egiaztatze kode seguru batek baliozkotzen duena eta eskaeraren eguna eta ordua adierazten dituena.
3. Egun horiek adierazte aldera beste bide baten bidez aurkezten den eskaerak ez du inolako ondoriorik sortuko, eta artxibatu eginen da, beste tramiterik gabe.
Lehenbiziko xedapen gehigarria .–Posta elektronikoa eguneratzea abisu sistemarako .
Foru agindu honek indarra hartu aurretik jakinarazpen elektronikoen nahitaezko edo borondatezko hartzaile direnek, 8. artikuluan zehaztutako abisu sistemak behar bezala funtzionatzen duela bermatzeko, posta elektronikoko helbidea eguneratu beharko dute, dagokion izapidea eginda https://www.navarra.es/eu/ogasuna webgunean edo gaitutako helbide elektroniko bakarretik.
Lehen xedapen gehigarria .Kanpolankidetzarako akordioari atxikitzeko banakako agiria sinatu duten kolaboratzaileak .
3. artikuluan ezarritakoaren arabera, Nafarroako Zerga Ogasunak jakinarazpen elektronikoen sisteman sartu direla jakinaraziko die aitorpenak, komunikazioak eta zerga arloko beste dokumentu batzuk hirugarren pertsonen izenean telematikoki aurkezteko eta tributu zorren ordainketa telematikoki tramitatzeko kanpo-lankidetzarako akordioari atxikitzeko banakako agiria sinatu duten pertsonei edo entitateei.
Bigarren xedapen gehigarria .Gaitutako helbide elektronikoaren zerbitzua ematea.
Helbide elektroniko gaituaren zerbitzua eta haren indarraldi eta desgaikuntza araubidea estatuko araudiaren arabera gauzatuko dira.
Azken xedapen bakarra .Indarra hartzea.
Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.
Iruñean, 2017ko abenduaren 18an.-Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilaria, Mikel Aranburu Urtasun.
Iragarkiaren kodea: F1714722