147/2017 FORU AGINDUA, ABENDUAREN 18KOA, OGASUNEKO ETA FINANTZA POLITIKAKO KONTSEILARIAK EMANA, NAFARROAKO ZERGA OGASUNAREN ESPARRUAN JAKINARAZPENAK BIDE ELEKTRONIKOTIK JASO BEHAR DITUZTEN ENTITATE TALDEAK ALDATZEN DITUENA
BON N.º 246 - 27/12/2017
Nafarroako Gobernuak, Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorra garatzeko, uztailaren 17ko 50/2006 Foru Dekretua onetsi zuen, Nafarroako Zerga Ogasunaren esparruan bide elektroniko, informatiko eta telematikoen erabilera arautzen duena.
Azaroaren 12ko 20/2014 Foru Legeak, 13/2000 Foru Lege Orokorra hein batean aldatzen duenak, Nafarroako tributu arloan jakinarazpen elektronikoa bultzatzearren, aldaketa garrantzitsuak egin zituen horren 99. artikuluko 5. apartatuan.
Uztailaren 1eko 41/2015 Foru Dekretuak, geroago, aipatu 50/2006 Foru Dekretua aldatu zuen, eta “Nafarroako Zerga Ogasunaren jakinarazpen elektronikoak” izeneko IV. kapituluaren testua osatu. Foru dekretu horrek 32.1 artikuluan zehatz esaten du zer entitatek jaso behar dituzten bide elektronikotik Nafarroako Zerga Ogasunak bidaltzen dituen jakinarazpen administratiboak. Horien artean daude hirugarrenen izenean aitorpen-likidazioak, autolikidazioak eta informazio aitorpenak aurkezteko baimena duten entitateak.
Bestalde, aipatu 32.1 artikuluak baimena ematen dio ekonomia eta ogasunaren arloko eskumena duen departamentuaren titularrari jakinarazpen elektronikoak jaso behar dituzten entitateen taldeak aldatzeko, foru agindu baten bidez betiere.
Gaikuntza hori oinarri, foru agindu honen bidez, aldaketak sartu dira jakinarazpenak bide elektronikotik jaso behar dituzten entitateen taldeetan, helburua hauxe dela: funtsean, berberak izatea entitate horiek eta, aurkezpen mota hori baldin badago, likidazio-aitorpenak, autolikidazioak, urteko aitorpen laburtuak eta aitorpen informatiboak, baita zerga arloko araudian aurreikusitako bestelako dokumentuak eta komunikazioak bide telematikotik aurkeztera behartuak daudenak.
Horri dagokionez, ohartarazi beharra dago hemendik aurrera Nafarroako Zerga Ogasunak bidaltzen dituen jakinarazpen administratiboak bide elektronikotik jaso behar dituzten entitateak behartuak egonen direla, bestalde, aitorpenak eta tributuei buruzko gainerako dokumentuak telematika bidez aurkeztera, eta, beraz, jakinarazpenak bide elektronikotik jasotzeko sistemara biltzeak ez dakarrela zama edo zailtasun berezirik edo ezezagunik. Aitzitik, sistemara biltzeak argi eta garbi errazten du tributuen kudeaketan lankidetza sozial eraginkorra lortzeko bidea.
Nolanahi ere, zehaztu beharra dago 50/2006 Foru Dekretuaren 32. artikuluak jakinarazpena bide elektronikotik jaso behar dituzten entitateez ari dela, bai izenburuan bai edukian. Har bedi kontuan, beraz, arestian esandako artikuluak berariaz aipatzen dituela entitateak eta ez pertsona fisikoak. Ñabardura hori ez da ahanzturaren fruitu edo akats tekniko batena, baizik eta Tritubuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Legearen 99.5 artikuluaren bigarren paragrafoak hitzez hitz dioenaren ondorio, honela baitio: “.. erregelamendu bidez finkatzen ahalko da nahitaezkoa dela jakinarazpen elektronikoa egitea pertsona fisiko ez diren tributudunentzat.”
Laburbilduz, ogasunaren arloan eskumena duen kontseilariari emandako gaikuntzak -jakinarazpenak bide elektronikotik jaso behar dituzten entitate taldeak aldatzekoa- ezin izanen du gainditu foru legeak jarritako muga.
Horrenbestez, Nafarroako Zerga Ogasunaren esparruan bide elektroniko, informatiko eta telematikoen erabilera arautzen duen uztailaren 17ko 50/2006 Foru Dekretuaren 32. artikuluaren 1. apartatuaren bidez esleitutako gaikuntzaz baliatuz.
AGINDU DUT:
Artikulu bakarra .Nafarroako Zerga Ogasunaren esparruan jakinarazpenak bide elektronikotik jaso behar dituzten entitate taldeen aldaketa.
Ondoko baldintzetako bat betetzen duten entitateek bide elektronikotik jaso beharko dituzte Nafarroako Zerga Ogasunak bere eskumenak erabiliz bidaltzen dizkien jakinarazpen administratiboak:
1. Entitate juridikoa izatea, Nafarroako toki entitateak eta haien mendeko erakunde publikoak barne direla.
2. Nortasun juridikorik gabeko entitatea izatea.
3. Identifikazio fiskalerako zenbakiaren lehen gakoa N edo W dutenak.
4. Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuak onetsitako kanpo-lankidetzarako akordioari atxikita egoteagatik hirugarrenen izenean aitorpen-likidazioak, autolikidazioak eta informazio aitorpenak aurkezteko baimena duten entitateak.
Azken xedapen bakarra .Indarra hartzea.
Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.
Iruñean, 2017ko abenduaren 18an.-Ogasuneko eta Finantza Politikako Kontseilaria, Mikel Aranburu Urtasun.
Iragarkiaren kodea: F1714721