(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

107/2017 FORU DEKRETUA, AZAROAREN 22KOA, ZEINAREN BIDEZ BERRANTOLATZEN BAITIRA LAGUNTZA KONTRATUAK EGITEKO ESKUMENAK, XEDE DUTENEAN NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO ADMINISTRAZIOAREN ZENBAIT DEPARTAMENTUREN BULEGOETARAKO ERABILTZEN DIREN ERAIKINAK GARBITZEKO ZERBITZUAK EMATEA, ETA EZARTZEN BAITA ZERBITZU HORIEN KONTRATAZIOAREN ZENTRALIZAZIOA.

BON N.º 240 - 18/12/2017



Zioen azalpena

Bata bestearen ondotik, esparru-akordioak deitu dira laguntzen kontratazioa egiteko, garbitzeko zerbitzuak emateko Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuaren bulegoetarako eta baita haren erakunde autonomoa den Nafarroako Zerga Ogasunaren bulegoetarako ere. Esparru-akordio horiek indarrean ziren bitartean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren zenbait Departamentuetako administrazio unitate asko atxikitu zitzaizkion, baita horien menpeko erakunde autonomoak ere.

2014. Urtetik aurrera, kontratazio publikoari buruzko otsailaren 26ko 2014/24 Zuzentaraua onetsi zenetik, ezin dira esparru-akordioa osatzen duten alderdiak aldatu, eta, beraz, ezin da lizitazioaren ondoren atxikitu.

Era berean, administrazioaren antolamenduaren ikuspegitik, ez da oso eraginkorra izan departamentu bakoitzak bere aldetik egitea kontratu horiek, kontuan hartuta toki berean elkarrekin egon daitezkeela departamentu ezberdinetako edo erakunde autonometako bulegoak.

Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuko Ondare Zerbitzuak ikusi du badirela efizientzia eta eraginkortasun arrazoiak berekin dakartenak bere gain hartu beharra laguntza kontratuak egitea, xede dutenak laguntza zerbitzuak ematea, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren zenbait Departamenturen bulegoetarako erabiltzen diren eraikinak garbitzeko.

Garbiketa zerbitzuak xede dituzten laguntza kontratuak oso konplexuak dira, bai horien lanketa, prestaketa eta esleipenari dagokionez, eta baita horien kontrola eta betetze maila gainbegiratzeari dagokionez ere; horregatik, kontratu horiek berariazko prestakuntza eta dedikazio handia behar dute.

Abenduaren 17ko 255/2007 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eremuan laguntza kontratu jakin batzuk egiteko eskumenak berriz arautu ziren, egoki iritzi baitzen kontratuen gaineko eskumenak transferitzea euren eskumen materialengatik kontratu horien xede diren gaien gaineko esperientzia eta ezagutza handiagoa duten departamentuei.

Horregatik, aipatutako 255/2007 Foru Dekretuari gehituz, mota honetako zerbitzuen kontratazioan sortzen joan diren arazoak konpontzeko, eta horien tramitazioa eta kudeaketa hobetzeko, foru dekretu hau eman da. Horren bidez laguntza kontratuak egiteko eskumenak berriz arautzen dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren zenbait Departamenturen bulegoetarako erabiltzen diren eraikinak garbitzeko zerbitzuak emateko, eskumen hori Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuari esleitzen zaio, eta zerbitzu horien kontratazioa zentralizatzen da.

Kontratu publikoei buruzko ekainaren 9ko 6/2006 Foru Legearen 38.1 artikuluak ezartzen du ezen, ekonomia arloan eskudun den kontseilariak proposatuz gero, Nafarroako Gobernuak obra edo laguntza kontratu batzuk izenpetzeko eskumena beste kontratazio organo batzuei eskualdatzen ahal diela foru dekretu bidez.

Horrenbestez, Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2017ko azaroaren 22ko bilkuran hartutako Erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua. Xedea.

Foru dekretu honen helburua da eskumena antolatzea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren organoen artean, laguntza kontratuak egiteko xede dutenak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren zenbait Departamenturen bulegoetarako erabiltzen diren eraikinak garbitzeko zerbitzuak ematea.

2. artikulua. Gaitasun orokorra.

1. Oro har, laguntza kontratuetan kontratazio organoa departamentu bakoitzeko kontseilari titularra izanen da, galarazi gabe departamentu bakoitzaren antolamendu arauetan ezarritako eskumenen esleipena, ezta foru dekretu honetan eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eremuan laguntza kontratuak egiteko eskumenak berriz arautzen dituen abenduaren 17ko 255/2007 Foru Dekretuan jasotako eskumenen transferentzia ere.

2. Foru Komunitateko Administrazioarekin lotura duten edo beraien menpeko diren erakunde publiko eta zuzenbide publikoko entitateetan, laguntza kontratuak egiteko ahalmena euren estatutuetan xedatuko da.

3. artikulua. Eskumenak Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuari transferitzea.

1. Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuari transferitzen zaio Foru Komunitateko Administrazioaren Departamentuei dagozkien laguntza kontratuak egiteko eskumena, horien helburua denean bulegoetarako eta jendea artatzeko erabiltzen diren administrazioaren aretoak garbitzeko zerbitzua ematea.

2. Salbuetsiak daude gune hauetarako garbiketa zerbitzuak emateko laguntza kontratuak: osasun zentroak, ikastetxeak edo bestelako izaera berezia duten aretoak, hau da, bulego kontzeptuaren barrenean sartzen ez diren guztiak.

4. artikulua. Zentralizatzea.

Zentralizatutzat jotzen dira Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuak egindako esparru-akordioen babesean kontratatutako Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Departamentuen bulegoak garbitzeko zerbitzuak.

5. artikulua. Eginkizunak.

1. Administrazio bulegoak garbitzeko zerbitzuak emateko laguntza kontratuak egiteko eskumena foru dekretu honen bidez transferitu zaio Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuari, eta eginkizun hauek izanen ditu:

a) Foru Komunitateko Administrazioaren beharrak aztertzea eta programatzea.

b) Merkatuaren eta hornitzaileen gaineko informazioa lortzea.

c) Enpresen hautaketa arautuko duten administrazio klausula partikularren orriak idaztea, esparru-akordioak tramitatzen direnean, baita dagokion laguntza kontratuen esleipenaren eta exekuzioaren orriak ere, eta agindu teknikoenak ere bai.

d) Kontratazio prozeduren fase guztien kudeaketa.

2. Foru dekretu honetan Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuari transferitu zaion laguntzen kontratazioaren prozedurak bete beharko du Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eremuan laguntza kontratuak egiteko eskumenak berriz arautzen dituen abenduaren 17ko 255/2007 Foru Dekretuak 6. artikuluan ezarritako tramitazioa.

Xedapen gehigarri bakarra. Atxikitzeak.

Foru Komunitateko Administrazioarekin lotura duten edo beraien menpeko diren erakunde publikoak eta zuzenbide publikoko entitateak eta euren entitate instrumentalak atxikitzen ahal zaizkie Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuak garbiketa zerbitzuak kontratatzeko egindako laguntza kontratuei eta esparru-akordioei, horiek gauzatu aurretik, akordio bidez. Kasu horretan, eginkizunei eta prozedurari buruz foru dekretu honetan 5. artikuluan xedatutakoari jarraituko zaio. Atxikimenduak ez dakar, inola ere, kontratazioak egiteko Foru Komunitateko Administrazioarekin lotura duten edo beraien menpeko diren erakunde publikoek eta zuzenbide publikoko entitateek eta euren entitate instrumentalek dituzten eskumenen aldaketa.

Xedapen indargabetzaile bakarra. Indargabetzen diren xedapenak.

Indarrik gabe uzten dira foru dekretu honetan xedatutakoari aurka egiten dioten maila bereko edo txikiagoko xedapen guztiak.

Azken xedapenetan lehena. Garatzeko xedapenak.

Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilariari baimena ematen zaio behar diren xedapenak eman ditzan foru dekretu honetan ezarritakoa aplikatzeko eta garatzeko.

Azken xedapenetan bigarrena. Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2017ko azaroaren 22an.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Uxue Barkos Berruezo.-Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilaria, Mikel Aranburu Urtasun.

Iragarkiaren kodea: F1713634

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web