(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

110/2017 FORU DEKRETUA, ABENDUAREN 13KOA, ALARGUNTZA-PENTSIOEN ETA KOTIZAZIO GABEKO ERRETIRO-PENTSIOEN GAINEKO KENKARIAREN ORDAINKETA AURRERATUA ARAUTZEN DUENA.

BON N.º 238 - 14/12/2017



Zioen azalpena

Ekainaren 2ko 4/2008 Legegintzako Foru Dekretuak onetsitako Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen testu bateginak, 68.A) eta 68.bis artikuluetan, alarguntza-pentsioen eta kotizazio gabeko erretiro-pentsioen gaineko kenkari batzuk ezartzen ditu zerga horren subjektu pasiboentzat.

Horrela, alde batetik, 68.A) artikuluko 1. apartatuan kenkari bat ezartzen du 9.906,40 eurotik beherako alarguntza-pentsioa jasotzen duten eta urriaren 30eko 8/2015 Legegintzako Errege Dekretuak onetsitako Gizarte Segurantzari buruzko Lege Orokorraren testu bateginaren 59. eta 60. artikuluek aipatzen dituzten osagarriak jasotzeko eskubidea duten pertsonentzat. Halaber, 68.A) artikuluko 3. apartatuan Zahartzaroko eta elbarritasuneko nahitaezko aseguruaren (SOVI) alarguntza-pentsioen gaineko kenkaria egiteko eskubidea aitortzen da.

Beste alde batetik, bai Gizarteratzeko eta errenta bermaturako eskubideak arautzen dituen azaroaren 11ko 15/2016 Foru Legearen lehenbiziko xedapen gehigarriko 2. apartatuak bai Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 68.bis artikuluak kenkarirako eskubidea aitortzen dute, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren subjektu pasiboak izanda, Gizarte Segurantzari buruzko Lege Orokorraren testu bateginaren 369. artikulutik 372.era artekoek araututako kotizazio gabeko erretiro-pentsioa jasotzen dutenentzat, betiere aurretik aipatu den azaroaren 11ko 15/2016 Foru Legearen 5. artikuluan errenta bermatua jasotzeko ezarritako baldintzak betetzen badituzte.

Kasu horietan guztietan, arauak ezartzen du gizarte zerbitzuen arloan eskumena duen departamentuari eskatzen ahalko zaiola kenkaria aurretiaz ordaintzeko eta erregelamendu bidez arautuko dela hori eskatzeko eta lortzeko prozedura. Aurreikuspen hori betetzeko asmoz sustatzen da erregelamendu hau, Alarguntza pentsioengatiko kenkariak aldez aurretik ordaintzeko prozedura arautzen duen maiatzaren 20ko 127/2003 Foru Dekretua ordeztu eta indargabetzen duena eta kenkari horiei buruzko lege araudi berri zabalak gainditu egin duena, ordainketa aurreraturako eskubidea alarguntza-pentsioetara ez ezik, kotizazio gabeko erretiro-pentsioetara ere hedatu baita, lehen ez bezala.

Horrenbestez, Eskubide Sozialetako kontseilariak proposaturik, Nafarroako Kontseiluaren arabera, eta Nafarroako Gobernuak 2017ko aren (e)ko bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua. Xedea.

Foru dekretu honetan ezarritakoa izanen da ekainaren 2ko 4/2008 Legegintzako Foru Dekretuak onetsitako Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 68.A).1 eta 3 eta 68.bis artikuluetan ezarritako alarguntza-pentsioen eta kotizazio gabeko erretiro-pentsioen (hurrenez hurren) gaineko kenkaria aurretiaz ordaintzeko prozedura.

2. artikulua. Ordainketa aurreratuaren onuradunak.

1. Artikulu horretako A) letrako 1. eta 3. apartatuek aipatzen dituzten alarguntza-pentsioak jasotzen dituzten eta foru dekretu honetan ezarritako baldintzak betetzen dituzten pertsonak izaten ahalko dira ekainaren 2ko 4/2008 Legegintzako Foru Dekretuak onetsitako Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 68. artikuluan ezarritako kenkariaren zenbatekoaren ordainketa aurreratuaren onuradunak.

2. Kotizazio gabeko erretiro-pentsioak jasotzen dituzten eta foru dekretu honetan ezarritako baldintzak betetzen dituzten pertsonak izaten ahalko dira ekainaren 2ko 4/2008 Legegintzako Foru Dekretuak onetsitako Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 68.bis artikuluan ezarritako kenkariaren zenbatekoaren ordainketa aurreratuaren onuradunak.

3. artikulua. Ordainketa aurreraturako baldintzak.

1. Alarguntza-pentsioen gaineko kenkariaren ordainketa aurreraturako eskubidea izateko, eskatzaileak honako baldintza hauek bete beharko ditu:

a) Eskaera egunean eta kenkariaren aplikazioari dagokion zergaldi osoan alarguntza-pentsio bat jasotzea, urriaren 30eko 8/2015 Legegintzako Errege Dekretuak onetsitako Gizarte Segurantzari buruzko Lege Orokorraren testu bateginaren 59. artikuluak aipatzen dituen osagarriak jasotzeko eskubidea izatea, eta Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 68.A).1 apartatuan ezarritako baldintzak betetzea edo Zahartzaroko eta elbarritasuneko nahitaezko aseguruaren (SOVI) alarguntza-pentsio bat jasotzea eta Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 68.A).3 apartatuan ezarritako baldintzak betetzea.

b) Nafarroan erroldatuta egotea eta bertan izatea helbide fiskala, eskaera aurkeztu baino sei hilabete lehenagotik gutxienez.

c) Aplikatu beharreko kenkariaren zenbatekoa urtean 240 eurotik gorakoa izatea.

2. Kotizazio gabeko erretiro-pentsioen gaineko kenkariaren ordainketa aurreraturako eskubidea izateko, eskatzaileak honako baldintza hauek bete beharko ditu:

a) Eskaera egunean eta kenkariaren aplikazioari dagokion zergaldi osoan kotizazio gabeko erretiro-pentsio bat jasotzea, Gizarte Segurantzari buruzko Lege Orokorraren testu bateginaren 369. artikulutik 372.era artekoek araututakoa. Kautelaz pentsioa jasotzeari uzten bazaio, baldintza hori betetzen ez duela ulertuko da.

b) Gizarteratzeko eta errenta bermaturako eskubideak arautzen dituen azaroaren 11ko 15/2016 Foru Legearen 5. artikuluan -errenta bermatua jasotzeko- eta Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 68.bis artikuluan ezarritako baldintzak betetzea.

c) Gizarteratzeko eta errenta bermaturako eskubideak arautzen dituen azaroaren 11ko 15/2016 Foru Legearen 6. artikuluaren arabera definitutako pentsiodunaren familia unitatean ez egotea beste kide bat, prozedura arruntari jarraikiz errenta bermatua eskuratu dezakeena.

4. artikulua. Eskaera eta dokumentazioa.

1. Interesdunak eskatuta abiaraziko da beti prozedura. Kenkariaren ordainketa aurreratuari buruzko eskaerak gizarte zerbitzuen arloan eskumena duen departamentuari zuzenduko zaizkio, eta departamentuko bereko erregistroetan, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuetan edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan adierazitako tokietatik edozeinetan aurkeztuko dira.

2. Alarguntza-pentsioen gaineko kenkariaren aurrerakinaren kasuan, eskatzaileak honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu:

a) Eskabide-orri jatorrizkoa, behar bezala betea.

b) Eskatzailearen NANaren edo AIZren fotokopia.

c) Erroldatze-agiria.

d) Ordainketa transferentzia bidez egiteko eskaera.

3. Kotizazio gabeko erretiro-pentsioen gaineko kenkariaren aurrerakinaren kasuan, eskatzaileak honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu:

a) Eskabide-orri jatorrizkoa, behar bezala betea.

b) Pentsiodunaren eta haren familia unitateko kide guztien NANaren edo AIZren fotokopia, Gizarteratzeko eta errenta bermaturako eskubideak arautzen dituen azaroaren 11ko 15/2016 Foru Legearen 6. artikuluan errenta bermatua jasotzeko ezarri bezala.

c) Pentsiodunaren eta haren familia unitateko kide guztien erroldatze- eta bizikidetza-agiriak.

d) Pentsiodunaren eta haren familia unitateko kide guztien egungo eta azken seihilekoko egoera ekonomikoari buruzko egiaztagiriak, eskabide-orri ofizialean ezarri bezala.

e) Ordainketa transferentzia bidez egiteko eskaera.

4. Aurrekoa gorabehera, interesdunak ez dira behartuta egonen beste administrazio publikoek prestatutako agiriak aurkeztera, horiek kontsultatzeko edo jasotzeko baimena ematen badute, ezta dagoeneko Administrazioaren esku dauden agiriak aurkeztera ere; azken kasu horretan, zein unetan eta zein administrazio organoren aurrean aurkeztu ziren adierazi beharko dute.

5. Eskaerak eskatzen diren baldintzak betetzen ez baditu, interesdunari eskatuko zaio 10 eguneko epean akatsak zuzentzeko edo agindutako agiriak aurkezteko. Halaber, adieraziko zaio hori egin ezean eskaerari uko egin diola ulertuko dela.

5. artikulua. Jasotzeko aldia.

Oro har, jasotzeko aldia bat etorriko da urte naturalarekin, eta baldintzak betetzen diren bitartean eutsiko zaio eskubideari.

6. artikulua. Zenbatekoa eta ordainketa.

1. Alarguntza-pentsioen gaineko kenkariaren aurrerakinaren kasuan, jaso beharreko zenbatekoa ekainaren 2ko 4/2008 Legegintzako Foru Dekretuak onetsitako Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 68. artikuluan xedatutakoa aplikatzearen ondorioz sortutakoa izanen da.

2. Kotizazio gabeko erretiro-pentsioen gaineko kenkariaren aurrerakinaren kasuan, zenbatekoa bat etorriko da Gizarteratzeko eta errenta bermaturako eskubideak arautzen dituen azaroaren 11ko 15/2016 Foru Legearen 7. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoaren arabera kalkulatzen den errenta bermatuaren zenbatekoarekin.

Aurrerakina kalkulatzeko, kotizazio gabeko erretiro-pentsioa ez baldin bada jaso zergaldi osoan, zenbateko hori urtera eramanen da. Kasu horretan, zergaldian zehar kotizazio gabeko erretiro-pentsioa jasotzeko eskubidea ematen duen hilabete kopuruaren arabera kalkulatuko da aurrerakina.

3. Ordainketa hilero eginen da.

7. artikulua. Betebeharrak.

Dagozkien kenkarien ordainketa aurreraturako eskubidea gauzatzen duten pertsonek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Gizarte zerbitzuen arloan eskumena duen departamentuari jakinaraztea ordainketa aurreratua ematea eragin zuten baldintzen edozein aldaketa, aldaketa gertatzen denetik 15 eguneko epean.

b) Departamentu horrek egin ditzakeen kontrol jarduketak onartzea, eta kudeaketa organoak edo beste organo eskudun batzuek, indarra duen araudiarekin bat, eskatzen dizkieten agiriak ematea.

c) Bidegabeki jasotako zenbatekoak itzultzea.

8. artikulua. Ebazpena.

1. Gizarteratze eta babes sozialaren arloan eskumena duen Zuzendaritza Nagusiari dagokio eskaerak ebaztea; horrek arrazoibidezko ebazpena emanen du, eta eskatzaileari jakinaraziko dio, eskaera aurkezten denetik hiru hilabeteko epean.

2. Ezarritako epean berariazko ebazpenik eta jakinarazpenik ez bada, ezetsitzat joko da eskaera, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen bederatzigarren xedapen gehigarrian ezarritakoarekin bat.

3. Nolanahi ere, eskaera izapidetzeko eta ebazteko epea etenik geldituko da eskaera zuzentzeko eskatzen denean, errekerimendua jakinarazten denetik egiazki zuzendu arte, edo, horrelakorik ezean, ematen den epea bukatu arte.

9. artikulua. Aldaketak.

Kenkaria aurretiaz jasotzeko eskubidea aitortzeko kontuan hartu diren baldintzetan eskubide hori iraungitzea ez dakarren aldaketa bat dagoenean, eskaera ebazteko eskumena duen organoak bidezko aldaketak agertzen dituen ebazpena emanen du. Aldaketaren ondorioen data gertaera eragilea sortu eta hurrengo hilabetea izanen da.

10. artikulua. Iraungitzea eta itzultzea.

1. Honako hauek dira iraungitzeko arrazoiak:

a) Foru dekretu honetan ezarritako betebeharrak ez betetzea.

b) Kenkaria eskuratzea eta/edo hori aurretiaz jasotzea horretarako ezarritako baldintzak eta betekizunak bete gabe.

c) Kenkaria aurretiaz jasotzeko eskubidea aitortzeko kontuan hartu diren baldintzak aldatzea, halako moduan non hura galtzea ekartzen baitute.

2. Nolanahi ere, iraungipenak berekin ekarriko du bidegabeki jasotako zenbatekoak itzultzea eta, bidezkoa denean, berandutze-interesak eskatzea, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legean ezarritakoaren arabera.

3. Kenkaria aurretiaz jasotzeko eskubidea aitortzeko eskumena duen organoak arrazoibidezko ebazpena emanen du hura iraungitzeari buruz, interesdunari entzun ondoren betiere. Aldaketaren ondorioen data iraungipena dakarren ez-betetzea sortzen den unea bera izanen da.

Xedapen gehigarri bakarra. Aurrekontuko dirua.

Foru dekretu honek arautzen dituen prestazio ekonomikoak Nafarroako Aurrekontu Orokorretan ekitaldi bakoitzerako agertzen den aurrekontuko partidaren kargura finantzatuko dira.

Xedapen iragankor bakarra. Eskaeren aldi baterako araubidea.

Foru dekretu honek indarra hartzen duenean izapidetzen ari diren eskaerak bertan xedatutakoaren arabera ebatziko dira.

Xedapen indargabetzaile bakarra. Arauen indargabetzea.

Indarrik gabe gelditzen dira foru dekretu honi kontra egiten dioten maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak eta, bereziki, Alarguntza pentsioengatiko kenkariak aldez aurretik ordaintzeko prozedura arautzen duen maiatzaren 20ko 127/2003 Foru Dekretuari kontra egiten diotenak.

Azken xedapenetan lehenbizikoa. Gaikuntza.

Ahalmena ematen zaio Eskubide Sozialetako Departamentuko titularrari foru dekretu hau garatzeko eta aplikatzeko behar diren xedapenak eman ditzan.

Azken xedapenetan bigarrena. Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egun berean hartuko du indarra.

Iruñean, 2017ko abenduaren 13an.-Nafarroako Gobernuko Lehendakaria, Uxue Barkos Berruezo.-Eskubide Sozialetako Kontseilaria, Miguel Laparra Navarro.

Iragarkiaren kodea: F1714362

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web