(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

604E/2017 FORU AGINDUA, IRAILAREN 26KOA, OSASUNEKO KONTSEILARIAK EMANA, NAFARROAKO SEXU- ETA UGALKETA-OSASUNAREN BATZORDE TEKNIKOA SORTZEN DUENA

BON N.º 202 - 19/10/2017



Zioen azalpena

Sexu- eta ugalketa-osasunaren arloko prestazio sanitarioen antolamendua ezartzen duen azaroaren 16ko 103/2016 Foru Dekretuak testu bakar batean finkatzen du Nafarroako Osasun Publikoaren Sistemak sexu-osasunaren arloan eskaintzen dituen zerbitzuen zorroa, eta zerbitzu horiek eman behar dituzten unitateen antolamendua ezartzen du.

Arau horretan biltzen diren prestazioen artean zerbitzuen zorro zabal batera iristeko aukera dago, honako hauetara, besteak beste: jaio aurreko diagnosia, aholku eta azterketa genetikoak, haurdunaldiaren borondatezko etetea, erekzioaren disfuntzio iatrogenikoa eta giza-ugalketa lagundua; azken horren barrenean sartzen da sexu bereko bikotekidea duten edo gizonezko bikotekiderik ez duten emakumeentzako ugalketa, indikazio terapeutiko onarturik frogatu behar izan gabe.

Arau berriak, halaber, zerbitzu eta prestazio horiek emanen dituzten zentroen antolaketa berria ezartzen du. Emakumeari laguntzeko zentroak berregokitu dira, eta, orain, beste izen bat dute, Sexu- eta Ugalketa-osasunaren Arretarako Zentroak, hain zuzen; aurrerantzean, bi sexuei emanen diete arreta integrala, diziplina anitzekoa eta normalizatua sexu- eta ugalketa-osasunaren arloan, eta heziketa- eta arreta-zerbitzuen zorro osatu bat eskainiko dute.

Zentro horiek prestazio tokoginekologiko batzuk eskaintzen segituko dute, arlo hauetakoak: minbiziaren detekzio goiztiarra, familia-plangintza, haurdunaldiko, erditze garaiko eta erdiberriaroko arreta, edoskitze naturala, klimaterioa. Horrez gainera, Osasuneko, Gizarte Politikako eta Berdintasuneko Ministerioaren Erditze Naturalari Arreta Emateko Estrategia bultzatuko dute, emakumeen, haien bikotekidearen, haurtxoen eta familien bizitzan garrantzi handikoa den prozesuaren izaera fisiologikoa errespetatuz.

Foru dekretuak arautzen du, orobat, gazteentzako berariazko programak garatzea, baita jokabide arriskutsuak dituzten taldeetan esku hartu eta haiekin lan komunitarioa egitekoak ere. Ahalegin berezia egiten da prostituzioan aritzen direnek osasun eta gizarte zerbitzu publikoetara iristeko bidea izan dezatela bermatzeko, haien estigmatizazioa ekiditea eta sexu esplotazioa goiz detektatzea helburu.

Foru dekretuak, gainera, 2/2010 Lege Organikoak hezkuntzari ematen dion zeregina aipatzen du, eta, horregatik, Hezkuntza Departamentuari eta Osasun Departamentuari agintzen die hezikidetza, balioetan oinarritutako hezkuntza eta heziketa afektibo sexuala lantzeko eskolako programak elkarlanean gauza ditzatela, hori guztia bizitza sexual eta afektibo osasuntsua, positiboa, librea eta arduratsua sustatzeko.

Transexualitateari arreta emateko prestazioak ere jaso dira, gero LGTBI+ Pertsonen Berdintasun Sozialari buruzko ekainaren 19ko 8/2017 Foru Legearen III. kapituluan arautu eta zabaldu direnak, izan ere, arau horrek osasun arloko zenbait neurri ezartzen ditu LGTBI+ pertsona guztiei osasun arloko arreta berdintasunez eta baztertu gabe eman dakien. Lehenengo xedapen iragankorrean ezartzen da aipatutako foru legean bildutako osasun arloko neurriak azaroaren 16ko 103/2016 Foru Dekretuan ezarritako osasun jarduketetara eta epeetara egokituko direla eta neurri guztiak koherentziaz txertatuko direla.

Azaroaren 16ko 103/2016 Foru Dekretuak, bere bigarren xedapen gehigarrian, ezartzen du Osasuneko kontseilariaren foru agindu baten bidez erabakiko direla Sexu- eta Ugalketa-Osasunaren Batzorde Teknikoaren osaera eta eginkizunak. Batzorde horrek zerbitzu eta prestazio berriak garatzeko koordinazio organo gisa jardunen du.

Adierazitakoagatik, 103/2016 Foru Dekretuaren bigarren xedapen gehigarri horretan jasotako aurreikuspenekin bat,

AGINDU DUT:

1.º Nafarroako Sexu- eta Ugalketa-Osasunaren Batzorde Teknikoa osatzen da.

2.º Nafarroako Sexu- eta Ugalketa-Osasunaren Batzorde Teknikoak kide hauek izanen ditu:

a) Honako kargu hauetan aritzen diren pertsonak:

- Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Eriari Osasun Laguntza emateko Zuzendaritza.

- Nafarroako Ospitaleguneko Zuzendaritza Asistentziala.

- Nafarroako Ospitaleguneko Osasun Zainketen Zuzendaritza.

- Nafarroako Ospitaleguneko Obstetrizia eta Ginekologia Zerbitzuko burutza.

- Iruñeko Osasun Barrutiko Sexu- eta Ugalketa-osasunaren Ataleko burutza.

- Tuterako Osasun Barrutiko Sexu- eta Ugalketa-osasunaren Ataleko burutza.

- Iruñeko Barrutiko Sexu- eta Ugalketa-osasunaren arloko Erizaintza Unitateko burutza.

- Tuterako Barrutiko Sexu- eta Ugalketa-osasunaren arloko Erizaintza Unitateko burutza.

- Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko Osasuna Sustatzeko eta Politika guztietan Txertatzeko Ataleko burutza.

b) Honako zentro eta lanbide profil hauetatik pertsona bana:

- Iruñeko barrutiko sexu- eta ugalketa-osasunaren arretarako zentroetako erizaintza obstetriko ginekologikoa, osasun hezkuntza, psikologia eta gizarte-lana, kasuan kasuko atalburuak izendatuak.

- Tuterako barrutiko sexu- eta ugalketa-osasunaren arretarako zentroetako erizaintza obstetriko ginekologikoa eta osasun hezkuntza, kasuan kasuko atalburuak izendatuak.

- Lizarrako barrutiko sexu- eta ugalketa-osasunaren arretarako zentroetako ginekologia eta erizaintza, kasuan kasuko ginekologia zerbitzuko buruak izendatuak.

- Oinarrizko Osasun Laguntzako medikuntza eta erizaintza, Oinarrizko Osasun Laguntzako kudeatzailetzak izendatuak.

3.º Nafarroako Sexu- eta Ugalketa-Osasunaren Batzorde Teknikoak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Osasun Departamentuari eta sexu- eta ugalketa-osasunaren arretarako zentroetako zuzendari eta arduradunei aholku ematea sexu- eta ugalketa-osasunaren gainean.

b) Foru dekretuan aurreikusitako prestazio berriak eta antolaketa arloko aldaketak abian jar daitezela bultzatzea, horretarako behar diren neurriak zuzendaritzari proposatuz.

c) Behar diren neurriak proposatzea laguntzaren jarraitutasuna eta ospitale arloko baliabideekiko koordinazioa bermatzeko.

d) Sexu- eta ugalketa-osasunaren arloko sustapen eta prestakuntza programak sustatu eta bultzatzea, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuarekin, Hezkuntza Departamentuarekin eta Kirolaren eta Gazteriaren Institutuarekin elkarlanean.

e) Praktika klinikoko giden eta protokoloen ezarpena eta ebaluazioa bultzatzea.

f) Emakumeei laguntzeko sektore arteko programetan parte hartzea eta kolaboratzea.

g) Sexu-eta ugalketa-osasunarekin lotutako osasun prestazioen benetako ezarpena eta horren emaitzak ebaluatzea eta haien segimendua egitea.

h) Esleitzen zaizkion izaera bereko gainerako guztiak.

4.º Batzorde Teknikoak lantalde berariazko bat sortuko du hezkuntza afektibo sexualaren arloko proiektuak garatzeko. Lantaldeak kide hauek izanen ditu: Iruñeko Osasun Barrutiko Sexu- eta Ugalketa-osasunaren Ataleko burua, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko Osasuna Sustatzeko eta Politika guztietan Txertatzeko Ataleko bi ordezkari, erizaintza obstetriko ginekologikoko bi profesional, osasun hezkuntzaren arloko bi profesional, psikologiako profesional bat, oinarrizko osasun laguntzako erizaintzako profesional bat, Hezkuntza Departamentuaren ordezkari bat eta Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuaren ordezkari bat. Kide horiek guztiak kasuan kasuko arduradun hierarkikoak izendatuko ditu.

5.º Batzordeak egoki iruditzen zaizkion aholkulari espezialisten laguntza beregana dezake, eta bere helburuak lortzeko beharrezkoak iruditzen zaizkion lantaldeak osatu.

6.º Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2017ko irailaren 26an.-Osasuneko kontseilaria, Fernando Domínguez Cunchillos.

Iragarkiaren kodea: F1711136

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web