(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

73/2017 FORU DEKRETUA, ABUZTUAREN 23KOA, NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO NEKAZARITZA KONTSEILUA SORTU ETA BERE BARNE FUNTZIONAMENDURAKO ERREGELAMENDUA ONESTEN DUENA.

BON N.º 174 - 08/09/2017



Atariko

Nafarroako Gobernuak Nafarroako Foru Komunitateko Nekazaritza Kontseilua sortzeko premia ikusi du, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren kontsulta eta aholku organo gisa, departamentu horrek egin beharreko lanean nekazaritzako elkarteen parte-hartze zuzeneko politikari bidea emateko.

Horrenbestez, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2017ko abuztuaren 23ko bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua .

1. Nafarroako Foru Komunitateko Nekazaritza Kontseilua sortzea, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren kontsultarako eta aholkurako kide anitzeko organoa.

2. Nekazaritza Kontseilua Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuari atxikiko zaio, edo, bidezko bada, landa garapenaren, nekazaritzaren eta abeltzaintzaren arloetan eskumena duen departamentuari.

2. artikulua .

1. Kontseiluak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Nekazaritzako eta abeltzaintzako politika arloan landa garapenaren, nekazaritzaren eta abeltzaintzaren arloetan eskumena duen departamentuarentzako kontsulta eta aholku organo gisa aritzea.

b) Nekazaritza sektorea hobetzeko ekimenak plazaratzea edo neurriak proposatzea.

c) Landa garapenaren, nekazaritzaren eta abeltzaintzaren arloetan eskumena duen departamentuko titularrak esleitzen dizkion gaiekin lotutako azterlan eta txostenak egitea.

d) Landa garapenaren, nekazaritzaren eta abeltzaintzaren arloetan eskumena duen departamentuko titularrak nekazaritzako eta abeltzaintzako politika indarberritu eta aurrera eramateko eskatzen duen laguntza ematea.

2. Nekazaritza Kontseiluaren txostenak eta irizpenak ez dira inoiz lotesleak izanen.

3. artikulua .

1. Nekazaritza Kontseilua honako hauek osatuko dute:

a) Landa garapenaren, nekazaritzaren eta abeltzaintzaren arloetan eskumena duen departamentuko titularra.

b) Landa garapenaren, nekazaritzaren eta abeltzaintzaren arloetan eskumena du(t)en zuzendaritza nagusi(eta)ko titularra(k).

c) Nekazaritzako Nafarroako lanbide elkarte bakoitzeko bi kide, elkarteek beraiek izendatuak.

d) Nekazarien eta abeltzainen elkarte kooperatiboko bi ordezkari, elkarteak berak izendatuak.

e) Nekazaritzako Elikagaien Industrien Elkarteko (CONSEBRO) bi ordezkari.

f) Nekazaritzako Elikagaien Teknologien eta Azpiegituren Nafarroako Institutuko (INTIA) bi ordezkari.

g) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren zerbitzu hauetako titularrak: Nekazaritza Zerbitzua, Abeltzaintza Zerbitzua, Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzua, Nekazaritzako Ustiategien Zerbitzua, Nekazaritzako Elikagaien Sustapenerako Zerbitzua eta Landa Aniztasunerako eta Garapenerako Zerbitzua.

2. Landa garapenaren, nekazaritzaren eta abeltzaintzaren arloetan eskumena duen departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiko Araubide Juridikoaren Ataleko burua izanen da Kontseiluko idazkaria. Ez da Kontseiluko kide izanen, ordea.

3. Idazkariak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Kide anitzeko organoaren jarduketen legezkotasun formal eta materiala zaintzea.

b) Organo horren jarduketak egiaztatzea, eta eraketarako eta erabakiak hartzeko prozedurak eta arauak errespetatzen direla bermatzea.

c) Bileretan parte hartzea, hizpidea duela baina botorik ez.

d) Bilkuretarako deia egitea, organoko buruak hala aginduta, eta kideentzako zitazioak egitea.

e) Organoko kideen komunikazio egintzak jasotzea, hau da, jakinarazpenak, datu eskaerak, ziurtagiriak edo organoak ezagutu behar dituen beste edozein idazki.

f) Gaiak ebazteko bidea prestatzea, bilkuren aktak egin eta baimentzea. Akta horiek hurrengo bilkuran onetsiko dira.

4. Idazkariaren kargua hutsik dagoenean, kanpoan edo eri dagoenean eta justifikatutako gainerako kasuetan, haren ordez kide anitzeko organoko beste kide bat arituko da, hots, Foru Komunitateko Administrazioan hierarkia, antzinatasun eta adin txikiena duena, ordena horri segituz. Hierarkia eta antzinatasuna organo horri buruzkoak izanen dira. Kasu honetan, ordezkapena egiten duen kide anitzeko organoko kideak organo horretan dituen eskubideak izaten jarraituko du.

4. artikulua .

1. Kontseiluko buruak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Organoaren ordezkari izatea.

b) Bilkura arrunt eta berezien deialdia adostea eta eguneko gaien zerrenda finkatzea, foru dekretu honen 6.1 artikuluan xedatutakoaren arabera.

c) Bilkuretan buru aritzea, eztabaidak moderatzea eta, aski justifikatuta dagoenean, haiek bertan behera uztea.

d) Bere botoarekin berdinketak desegitea, erabakiak hartu ahal izateko.

e) Organoaren erabakien aktak eta ziurtagiriak ikus-onestea.

f) Organoko burua den aldetik dagozkion gainerako eginkizunak.

2. Kontseiluko buruaren kargua hutsik dagoenean, kanpoan edo eri dagoenean eta justifikatutako gainerako kasuetan, haren ordez nekazaritza arloko zuzendaria arituko da, eta, hori egon ezean, kide anitzeko organoko beste kide bat, hots, Foru Komunitateko administrazioan hierarkia, antzinatasun eta adin handiena duena, ordena horri segituz. Hierarkia eta antzinatasuna organo horri buruzkoak izanen dira.

5. artikulua :

1. Nekazaritza Kontseiluko kideei ondokoak dagozkie:

a) Bilkuretako gaien zerrenda duen deialdia garaiz jasotzea.

b) Bilkuretako eztabaidetan parte hartzea.

c) Boto eskubidea erabiltzea eta boto partikularra ematea, bai eta botoaren zentzua eta haren arrazoiak azaltzea ere. Kide anitzeko organoetan Foru Komunitateko administrazioaren zerbitzuko langile edo agintari gisa aritzen diren kideek ezin izanen dute bozketetan abstentzioa egin.

d) Galde-eskeak egitea.

e) Esleitu zaizkien eginkizunak betetzeko behar den informazioa, gai-zerrendako gaien ingurukoa barne, garaiz jasotzea.

f) Karguari berez dagozkion gainerako eginkizunak.

2. Kide anitzeko organoetako kide arrunt titularrak kanpoan edo eri daudenean edo justifikatzen diren gainerako kasuetan, ordezko kideak joanen dira haien ordez, horrelakorik baldin badago.

6. artikulua .

1. Nekazaritza Kontseiluko bilkuretarako deialdia haren buruak eginen du egoki deritzonean edo, bidezko bada, Kontseiluko kideen herenak proposatuta. Deialdi horri jorratu nahi diren gaien zerrenda erantsi beharko zaio.

2. Nekazaritza Kontseilua osatzen duten kideei idatziz eginen zaie bilkuretarako deia, haiek horretarako emandako helbidera jakinarazpena bidaliz, bilkura eginen den eguna baino sei egun natural lehenago. Salbuespen gisa, epe hori hogeita lau ordukoa izan arte laburtzen ahalko da gehienez ere, presazko arrazoiengatik eta buruak libreki erabakita, bilkurara deiturikoei telematikoki jakinarazi ondoren.

3. Deialdian bilkuraren eguna, ordua eta tokia adieraziko dira, baita gai-zerrenda ere.

4. Posible bada, deialdiak bitarteko elektronikoen bidez bidaliko zaizkie kide anitzeko organoko kideei. Bertan eguneko gaien zerrenda jasoko da, eta, horrekin batera, hura eztabaidatzeko beharrezkoa den dokumentazioa erantsi, ahal denean, eta bilkura zer egoeratan izanen den zehaztu. Bilkura urrutikoa baldin bada, konexio sistema adieraziko da, eta, kasuan kasuan, bileran parte hartzeko behar diren bitarteko teknikoak non aurki daitezkeen zehaztu.

5. Ezin izanen da eztabaidatu edo erabaki eguneko gaien zerrendan sartua ez dagoen deus, salbu, kide anitzeko organoko kide guztiak bildurik daudela, gaia presazko deklaratzen bada, gehiengoak horren aldeko botoa emanda.

7. artikulua .

1. Kontseiluaren eraketa baliozkoa izan dadin, bilkurak egin, eztabaidatu eta erabakiak hartzeari dagokionez, beharrezkoa izanen da buruak eta idazkariak edo haien ordezkoek parte hartzea, bertaratuz edo urrutitik, baita Kontseiluko kideen bi herenek ere.

2. Aurreko paragrafoan esandakoa gorabehera, bilkurak ireki ahal izanen dira, aurretik deialdirik egin beharrik gabe, Kontseiluko kide guztiak bildurik direla aho batez erabakitzen badute ekitaldia bilkuratzat hartzea.

3. Kontseiluko buruak bilkurak bertan behera utz ditzake. Kasu horretan, bilkura berriz hasteko eguna eta ordua zehaztu beharko ditu. Bilkurarekin jarraitzeko ez da beharrezkoa berriz ere idatzizko deialdi formala egitea.

4. Erabakiak botoen gehiengoaren bidez hartuko dira. Urrutitik parte hartzen denean, erabakiak kide anitzeko organoaren egoitzan hartutzat joko dira, eta, halakorik ezean, burua dagoen tokian.

5. Organoko kideek kontrako botoa eman edo abstenituz gero, ez dute erabakien ondoriozko erantzukizunik izanen.

6. Bidezko interes baten titulartasuna frogatzen dutenek kide anitzeko organo bateko idazkariarengana jotzen ahal dute erabakien ziurtagiria eskuratzeko. Ziurtagiria elektronikoki bidaliko da, salbu interesdunak berariaz kontrakoa azaltzen badu, eta ez badago behartuta administrazioarekin harremana modu horretan izatera.

7. Nekazaritza Kontseiluak urtean hiru bilkura eginen ditu gutxienez.

8. artikulua .

1. Bertan laguntza emateko beharrezkotzat jotzen diren adituak joaten ahalko dira Nekazaritza Kontseiluaren bilkuretara, betiere buruak deitu badie bere ekimenez edo Kontseiluko beste kide batek eskatuta.

2. Nekazaritza Kontseiluaren baitan lantaldeak eratzen ahalko dira, komeni denean, gai jakin batzuk lantzeko.

Xedapen Indargabetzailea

Indarrik gabe geldituko dira foru dekretu honetan xedatutakoari aurka egiten dioten maila bereko edo beheragoko xedapen guztiak eta, bereziki, Nafarroako Foru Komunitateko Nekazaritza Kontseilua eratzen duen ekainaren 3ko 54/1984 Foru Dekretua eta Nafarroako Foru Komunitateko Nekazaritza Kontseiluaren funtzionamendurako erregelamendua onesten duen martxoaren 13ko 54/1985 Foru Dekretua.

Azken Xedapen Bakarra

Erregelamendu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egun berean hartuko du indarra.

Iruñean, 2017ko abuztuaren 23an.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Uxue Barkos Berruezo.-Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilaria, Isabel Elizalde Arretxea.

Iragarkiaren kodea: F1709980

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web