(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

10/2017 FORU LEGEA, ekainaren 27koa, Sozietateen gaineko Zergari buruzko abenduaren 28ko 26/2016 Foru Legea hein batean aldatzen duena.

BON N.º 130 - 06/07/2017



ATARIKOA

Sozietateen gaineko Zergari buruzko abenduaren 28ko 26/2016 Foru Legeak muntako aldaketa bat egiten du patent box izeneko araubideari dagokionez; hau da, aktibo ukiezin jakin batzuetatik heldu diren errentak murrizteari dagokionez.

Zehazki, foru lege horrek indargabetu egiten du, 2016ko ekainaren 30etik aitzinako ondorioekin, Sozietateen gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 24/1996 Foru Legean jasotzen den patent box araubidea, eta beste araubide bat ezartzen du egun horretatik aurrera, horrela betetze aldera BEPS Ekintza Planeko 5. ekintzan jasotako aginduak eta arlo horretan ELGEko Jardun Fiskal Kaltegarrien Foroak nahiz ECOFINeko enpresen Zerga-jokabide Kodearen Taldeak hartutako erabakiak. Lotura aldatuaren edo jarduera funtsezkoaren (“Modified Nexus approach”) estandar definituari segitzen dio araubide berriak, zeinaren arabera patent boxaren araubideko mozkin fiskala kalkulatu behar baita lotura zuzena ezarriz mozkin fiskala duen diru-sarreraren eta diru-sarrera hori lortzen laguntzen duen gastuaren artean.

Patent boxaren araubide berria ezarri bidenabar, abenduaren 28ko 26/2016 Foru Legeko hamargarren xedapen iragankorrak, ELGEren eta ECOFINen jarraibideekin bat, aldi baterako araubide bat ezartzen du 2016ko ekainaren 30a baino lehen formalizatutako jabetza industrialaren edo intelektualaren ustiaketarako edo erabilerarako eskubidearen lagapenetarako. Aldi baterako araubide horrekin bat, 2021eko ekainaren 30era bitarte aplikatu ahal izanen da 24/1996 Foru Legearen 37. artikuluan ezarritako araubidea, 2016ko ekainaren 30ean indarrean zen idazketarekin.

Orain dela gutxi ELGEren eta ECOFINen erabaki eta jarraibide berriak heldu dira, eta horien arabera aldatu beharra dago Sozietateen gaineko Zergari buruzko abenduaren 28ko 26/2016 Foru Legearen hamargarren xedapen iragankorreko araubide iragankorra, halako moduan non 2016ko abenduaren 31ra bitarte soilik utziko baita aplikatzen entitate lotuei 2016ko urtarrilaren 1etik aitzina erositako jabetza intelektualeko edo industrialeko aktibo jakin batzuen lagapenaren kasuan.

Xede horrekin aldatzen da, hain zuzen ere, abenduaren 28ko 26/2016 Foru Legeko hamargarren xedapen iragankorra: ekiditea 2016ko ekainaren 30a baino lehenagoko sei hilabeteen barruan erositako aktibo batzuei araubide iragankor onuragarria aplikatu ahal izatea. Kontuan har bedi entitate lotuei egindakoa izan behar duela erosketak; alegia, baldintza normaletan ezin aplikatuzkoa izanen litzatekeen araubide iragankor bat baliatzeko xede bakarrarekin egindakoa, seguruenik. Eta bestalde zehazten da araubide iragankorra aplikatzeko debekua egonen dela, salbu eta aktiboen eskualdaketa arrazoi ekonomiko baliodunen kariaz egin baldin bada eta eskualdatzaileak araubide iragankor hau nahiz gisa bereko beste bat ere aplikatzeko modua izan badu.

Lege-aldaketa hau berehala egin beharra dagoenez gero –izan ere, 2016ko zergaldiari aplikatzekoa da, eta zergaldi horretako autolikidazio-epea uztaileko azken egunetan bukatuko da oro har–, foru lege proposamen hau irakurketa bakarrean izapidetzea nahi da, Nafarroako Parlamentuko Erregelamenduaren 158.1 artikuluan ezarritakoarekin bat.

Hartara, Sozietateen gaineko Zergari buruzko abenduaren 28ko 26/2016 Foru Legearen hamargarren xedapen iragankorra aldatzen da, 2016ko uztailaren 1etik aitzinako ondorioekin.

Artikulu bakarra.–Sozietateen gaineko Zergari buruzko abenduaren 28ko 26/2016 Foru Legea.

Hamargarren xedapen iragankorra aldatzea . 2016ko uztailaren 1etik aurrera izanen du eragina.

“Hamargarren xedapen iragankorra.–Jabetza industrialaren edo intelektualaren ustiaketarengatiko murriztapenaren araubide iragankorra.

Entitatearen jabetza industrialaren edo intelektualaren ustiaketarako edo erabilerarako eskubidearen lagapenaren kasuan, 2016ko ekainaren 30a bitartekoak badira, erabaki daiteke 2021eko ekainaren 30era arte aplikatzea Sozietateen gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 24/1996 Foru Legearen 37. artikuluan ezarritako araubidea, 2016ko ekainaren 30ean indarra duen testuaren arabera.

Aukera hori baliatuko da 2016ko urtarrilaren 1etik aurrera hasten den lehen zergaldiari dagokion sozietateen gaineko zergaren aitorpena egitean.

Baldin eta lagapenaren xede den jabetza intelektual edo industriala 2016ko urtarrilaren 1etik aurrera erosi bazaie entitate lotuei, araubide iragankor hau 2016ko abenduaren 31ra bitarte bakarrik aplikatu ahal izanen da, salbu eta eskualdaketa arrazoi ekonomiko baliodunen kariaz egin baldin bada eta eskualdatzaileak ere aldi baterako araubide hau nahiz gisa bereko beste bat aplikatzeko modua izan badu”.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako Aldizkari Ofizialean berehala argitara eta “Estatuko Aldizkari Ofizialera” igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezatela manatzen diet.

Iruñean, 2017ko ekainaren 27an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Uxue Barkos Berruezo.

Iragarkiaren kodea: F1708113

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web