448E/2017 FORU AGINDUA, MAIATZAREN 23KOA, OSASUNEKO KONTSEILARIAK EMANA. HONEN BIDEZ SORTZEN ETA ARAUTZEN DA HAURREN HORTZAK ZAINTZEKO PROGRAMAREN (PADI) ERREGISTROA, ETA DAGOKION DATU PERTSONALEN FITXATEGIA SORTZEN DA
BON N.º 119 - 21/06/2017
ERANSKINA. FITXATEGIAREN IZENA: HORTZAK ZAINTZEKO PROGRAMAREN (PADI) ERREGISTROA
Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak, 249/2011 Foru Dekretuaren bidez, eta Haurren Hortzak Zaintzeko Programaren (PADI) bitartez, hortzetako oinarrizko osasun laguntza doakoa bermatzen die Nafarroan bizi diren 6 urtetik 15 urtera bitarteko haur guztiei. Osasun laguntza hori hasten da haurrak sei urte betetzen dituen urteko urtarrilaren 1ean, eta 15 urte betetzen dituen urteko abenduaren 31n amaitzen.
Programako osasun prestazioen barnean daude behin betiko hortzetarako arreta, salbu ortodontzia, eta, betiere, bakarrik azterketak, erauzketak eta behin-behineko hortzetarako larrialdiko arreta.
Zerbitzuak emateko sistema mistoa da. 2017an, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko plantillako 4 dentista dira, gehi beste 282, itundutako 193 pertsona fisiko eta juridiko pribaturen bidez gaituak.
Urtero, 69.000 lagunek dute PADI programarako eskubidea. Baina urtero jendea 6 urterekin sartzen denez programara, eta 15ekin ateratzen, programa honetako datu basea urtez urte handituz doa. Gaur egun, fitxategiak 170.000 erregistro ditu, 170.000 laguni dagozkienak, 1984. urtetik 2011. urtera bitarte jaioak denak. Horiek PADI programarako eskubidea izan dute, 1991. urtean programa hau sortu zenetik.
Uztailaren 26ko 143/1994 Foru Dekretuaren bidez arautzen dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen menpe dauden datu pertsonalen fitxategi informatizatuak. Dekretu horren 2. artikuluak aurreikusten du fitxategi berriak sortzeko fitxategi horren ardura duen departamentuko kontseilariak foru agindua emanen duela.
Aurrekoarekin bat, eta Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan xedatutakoarekin ere bai, bidezkoa da sortzea Haurren Hortzak Zaintzeko Programaren (PADI) Erregistroa, baita dagokion izen bereko datu pertsonalen fitxategia ere.
Horrenbestez, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Oinarrizko Osasun Laguntzako kudeatzaileak igorritako proposamenarekin bat, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak emandako eskudantziak erabiliz,
AGINDU DUT:
1. artikulua . Xedea eta helburua.
1. Foru agindu honen xedea da Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Haurren Hortzak Zaintzeko Programaren (PADI) Erregistroa sortzea eta arautzea. Haren helburua da datu base propioa ezartzea, informazio klinikoa duena, erregistro historikoak biltzeko eta historia klinikoak aztertzeko.
2. Halaber, foru agindu honen bidez datu pertsonalen fitxategi bat sortzen da, Hortzak Zaintzeko Programaren (PADI) Erregistroa izenekoa, eranskinean ezartzen diren ezaugarriak dituena.
2. artikulua . Erregistroaren atxikipena.
Haurren Hortzak Zaintzeko Programaren (PADI) Erregistroa Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari atxikitzen zaio.
3. artikulua . Erregistroaren helburuak.
Haurren Hortzak Zaintzeko Programaren (PADI) Erregistroaren helburu nagusiak honako hauek dira:
- Erregistroan daudenen datuen historia izatea, bai programarako eskubidea duten edo izan duten 170.000 lagunena, bai zerbitzua ematen duten 200dik gorako hornitzaileena.
- Urtean 49.000 txeke izendun inprimatzea, PADIrako eskubidea ematen dutenak, programako onuradunen etxeetara bidaltzeko postaz.
- Herritarrek duten PADIrako eskubidea kudeatzea, egunero egiten den arreta telefonikoaren bidez.
- Programa erabiltzen duen haur bakoitzaren hortzetako arreta biltegiratzea.
- Hiru hilean behin, txosten ekonomiko bat egitea, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak itundutako pertsona fisiko edo juridiko bakoitzari ordaintzeko, gauzatutako jarduerarengatik.
- Arreta prozesua monitorizatzea, urtero egiten diren jarduera-txostenen bidez, bai dentista bakoitzaren jarduerari buruz bai Nafarroako jarduera orokorrari buruz.
Azken xedapen bakarra .Indarra hartzea.
Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.
Iruñean, 2017ko maiatzaren 23an.-Osasuneko kontseilaria, Fernando Domínguez Cunchillos.
ERANSKINA. FITXATEGIAREN IZENA: HORTZAK ZAINTZEKO PROGRAMAREN (PADI) ERREGISTROA
a) Helburua eta erabilera aurreikusiak:
Haurren Hortzak Zaintzeko Programaren (PADI) Erregistroaren datu klinikoen basearen helburua da datu base propioa ezartzea, informazio klinikoa duena, historia klinikoak biltegiratzeko eta aztertzeko. Datu horiekin azterlan epidemiologikoak edo ikerlanak ere egin daitezke.
b) Ukitutako pertsonak edo taldeak:
Pazienteak, hortzetako oinarrizko osasun laguntza doakoa bermaturik dutenak (Nafarroan bizi diren 6 urtetik 15 urtera bitarteko haurrak), 249/2011 Foru Dekretuaren bidez, eta Haurren Hortzak Zaintzeko Programaren (PADI) bitartez.
c) Datuen jatorria eta haiek biltzeko prozedura:
Datuak Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren datu administratiboen baseetatik lortuko dira, eta esparru-akordioaren barneko odontologoek emandako informaziotik.
d) Fitxategiaren oinarrizko egitura eta jasoko diren datu pertsonalak:
1. Identifikazio datuak:
-CIPNA (osasun txartela).
-Gaixoaren izen-deiturak.
2. Bereziki babestutako beste datu batzuk:
Aplikatutako tratamendu odontologikoari buruzko datuak.
e) Datu pertsonalen lagapena:
Datuak Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko osasun arloko informazio sistemetakoekin partekatzen ahalko dira, pazienteen jarraipena eta laguntza prozesuaren kalitatea bermatzearren.
Bestetik, informazioa ematen ahalko zaie Osasun Departamentuko eta bere erakunde autonomoetako langileei (Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzukoei eta Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutukoei), behar bezala baimendutako ikerketa proiektuak egin daitezen.
f) Fitxategiaren ardura duen unitate organikoa:
Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzua. Osasun Departamentua. Nafarroako Gobernua.
g) Datuak ikusi, zuzendu eta ezabatzeko eskubideaz baliatzeko nora jo:
Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Oinarrizko Osasun Laguntzako Aho-hortzetako Osasunaren Atala.
h) Fitxategi automatizatua edo eskuzko fitxategi egitaratua:
Mistoa.
i) Segurtasun neurriak:
Hartzen diren segurtasun neurriak goi mailakoak dira.
Iragarkiaren kodea: F1706868