442E/2017 FORU AGINDUA, MAIATZAREN 19KOA, OSASUNEKO KONTSEILARIAK EMANA. HONEN BIDEZ SORTZEN ETA ARAUTZEN DA NAFARROAKO GILTZURRUNEKO GAIXO KRONIKOEN ERREGISTROA (VERSIA), ETA DAGOKION DATU PERTSONALEN FITXATEGIA SORTZEN DA
BON N.º 119 - 21/06/2017
ERANSKINA. FITXATEGIAREN IZENA: NAFARROAKO GILTZURRUNEKO GAIXO KRONIKOEN ERREGISTROA (VERSIA)
Medikuntzako espezialitate bat da nefrologia, eta bere eginkizun dira giltzurruneko nahaste eta eritasunak, terapia medikoa behar dutenak. Haren jarduera honako hauetan proiektatzen da: aipatutako sistemarekin lotutako prozesu diagnostiko eta teraupetiko guztiak, jarduera hori egiteko behar diren osasun sistema eta egitura guztien antolaketa eta kudeaketa, espezialitatearekin lotutako irakaskuntza sistemen antolaketa eta kudeaketa, profesional espezialisten aitorpen-ziurtagiriak, eta sozietate profesionalak antolatzea, edo parte hartzeko taldeak antolatzea, Administrazioko eta/edo politikako osasun erakundeetan, izan nazionalak edo tokikoak.
Nafarroan, kalkulatzen da urtean 50.000 dialisi egiten direla, eta 40-45 transplante urtean. Kopuru honek goranzko joera du azken urteetan, eta Espainiakoaren antzekoa da.
Nefrologia Zerbitzuak kalitate adierazleak izan behar ditu jarduerako fase guztietan, funtzionamendua ebaluatu ahal izateko.
Uztailaren 26ko 143/1994 Foru Dekretuaren bidez arautzen dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen menpe dauden datu pertsonalen fitxategi informatizatuak. Dekretu horren 2. artikuluak adierazten du fitxategi berriak sortzeko fitxategi horren ardura duen departamentuko kontseilariak foru agindua emanen duela.
Horren guztiaren arabera, eta Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 10/1999 Lege Organikoan xedatutakoarekin bat, bidezkoa da sortzea Nafarroako giltzurruneko gaixo kronikoen erregistroa (Versia), baita izen bereko datu pertsonalen fitxategia ere.
Horrenbestez, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Eriaren Osasun Laguntzarako zuzendariak aurkeztutako proposamenarekin bat, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak emandako eskudantziak erabiliz,
AGINDU DUT:
1. artikulua . Xedea eta helburua.
1.1. Foru agindu honen xedea da Nafarroako giltzurruneko gaixo kronikoen erregistroa (Versia) sortzea eta arautzea. Haren helburua da datu base propioa ezartzea, informazio klinikoa duena, erregistro historikoak biltzeko eta historia klinikoak aztertzeko.
1.2. Halaber, foru agindu honen bidez datu pertsonalen fitxategi bat sortzen da, Nafarroako giltzurruneko gaixo kronikoen erregistroa (Versia) izenekoa, eranskinean ezartzen diren ezaugarriak dituena.
2 artikulua. Erregistroaren atxikipena.
Nafarroako giltzurruneko gaixo kronikoen erregistroa (Versia) Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari atxikitzen zaio.
3 artikulua. Erregistroaren helburuak.
Nafarroako giltzurruneko gaixo kronikoen erregistroaren (Versia) helburu nagusiak honako hauek dira:
- Informazio klinikoko berariazko datu-base bat ezartzea. Datu-base honekin, bertan dauden (lehengo REER, giltzurruneko gaixoen erregistroak) erregistro historikoak biltegira ditzake Zerbitzuak, eta historia klinikoak analizatu.
- Datu-baseko edozein elementuren arabera hautatu ahal izatea. Hala, aztertu nahi diren ezaugarriak dituzten pazienteen populazioa isolatuko da, zehazki.
- Pazienteen datuen oinarrizko analisi estatistikoak egitea anonimoki.
- Datu-baseko informazioa ateratzea, analisi estatistiko osoagoak eta konplexuagoak egiteko, berariazko programa estatistikoekin.
- Hainbat prozedura erregistratzea, eta horien efikazia eta eraginkortasuna alderatzea.
- Prozedura bati buruz erregularki egiten den edozein azterlan bereziren informazioa biltegiratzea.
- Biltegiratutako datuak erabiltzea txostenak automatikoki egiteko. Horiek, gero, historia kliniko informatizatura erantsiko dira.
- Zerbitzuan tratatutako giltzurruneko gaixoekin harremana duten erreferentziazko erregistro medikoak izatea.
- Txosten automatikoak sortzea. Egoki diren sozietate zientifikoei bidaliko zaizkie, batetik sozietate horietako kide aktibo izateko, eta, bestetik, gure espezialitatearen barnean arrisku eskalei eta estatistikei buruzko informazioa doitzeko, anonimoki ezarritako informazioa oinarri.
Azken xedapen bakarra .Indarra hartzea.
Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.
Iruñean, 2017ko maiatzaren 19an.-Osasuneko kontseilaria, Fernando Domínguez Cunchillos.
ERANSKINA. FITXATEGIAREN IZENA: NAFARROAKO GILTZURRUNEKO GAIXO KRONIKOEN ERREGISTROA (VERSIA)
a) Helburua eta erabilera aurreikusiak:
Nefrologia Zerbitzuaren datu klinikoen datu basea ezartzea. Nefrologia Zerbitzuaren eginkizun dira giltzurruneko nahaste eta eritasunak, terapia medikoa behar dutenak. Datu horiekin azterlan epidemiologikoak edo ikerlanak ere egin daitezke.
b) Ukitutako pertsonak edo taldeak:
Nafarroako sistema publikoko (Nafarroako Ospitalegunea eta Reina Sofía ospitalea) eta pribatuko (Nafarroako Klinika Unibertsitarioa) nefrologiako pazienteak.
c) Datuen jatorria eta haiek biltzeko prozedura:
Datuak Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren datu administratiboen baseetatik eta pazientearen historia klinikotik hartuko dira, bai eta Nafarroako edozein nefrologia zerbitzu pribatutik ere.
d) Fitxategiaren oinarrizko egitura eta jasoko diren datu pertsonalak:
1. Identifikazio datuak:
- CIPNA (osasun txartela).
- Gaixoaren izen-deiturak.
- Historia klinikoaren zenbakia.
2. Bereziki babestutako beste datu batzuk:
Pazienteari Nefrologia Zerbitzuan egindako tratamenduari eta diagnostikoari buruzko datuak.
e) Datu pertsonalen lagapena:
Datuak Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko osasun arloko informazio sistemetakoekin partekatzen ahalko dira, pazienteen jarraipena eta laguntza prozesuaren kalitatea bermatzearren.
Bestetik, informazioa ematen ahalko zaie Osasun Departamentuko eta bere erakunde autonomoetako langileei (Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzukoei eta Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutukoei), behar bezala baimendutako ikerketa proiektuak egin daitezen.
Halaber, datuak lagatzen ahal zaizkie osasun entitate eta sozietate zientifiko profesionalei, betiere datuak anonimo izanik.
f) Fitxategiaren ardura duen unitate organikoa:
Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzua. Osasun Departamentua. Nafarroako Gobernua.
g) Datuak ikusi, zuzendu eta ezabatzeko eskubideaz baliatzeko nora jo:
Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Nafarroako Ospitaleguneko Nefrologia Zerbitzura.
h) Fitxategi automatizatua edo eskuzko fitxategi egitaratua:
Automatizatua.
i) Segurtasun neurriak:
Hartzen diren segurtasun neurriak goi mailakoak dira.
Iragarkiaren kodea: F1706869