(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

7/2017 FORU LEGEA, maiatzaren 9koa, lanbide karreraren sistemaren aplikazio esparrua zabaltzen duena Osasun Departamentuari eta haren erakunde autonomoei atxiki gabeko beste osasun-langile batzuetara.

BON N.º 96 - 19/05/2017



ATARIKOA

Apirilaren 6ko 11/1999 Foru Legearen eta azaroaren 19ko 31/2002 Foru Legearen bidez, Nafarroako Foru Komunitatean lanbide karreraren sistema ezarri zen Osasun Departamentuko eta haren erakunde autonomoetako osasun-langile fakultatiboentzat. Lanbide karreraren sistema hori abenduaren 18ko 376/2000 Foru Dekretuaren bidez garatu zen.

Apirilaren 6ko 11/1999 Foru Legearen eta azaroaren 19ko 31/2002 Foru Legearen aplikazio-eremutik kanpo utziak izan eta Foru Komunitateko Administrazioko eta hari atxikitako erakunde autonomoetakoak diren osasun-langile fakultatibo finkoen eskakizunak etengabeak izan dira.

Horregatik, eta 2017rako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei gehitutako zenbait zuzenketaren bitartez, partida batzuk handitu egin ziren eta beste batzuk sortu, Osasun Departamentukoak edo haren erakunde autonomoetakoak ez diren osasun-langile fakultatiboei lanbide karrera ordaindu ahal izateko.

Hori dela-eta, honako foru lege hau proposatzen dugu, lanbide karreraren aplikazioa Nafarroako Gobernuko beste departamentu batzuei eta haien erakunde autonomoei atxikitako langileetara hedatzeko xedez.

1. artikulua. Xedea.

Apirilaren 6ko 11/1999 Foru Legeak eta azaroaren 19ko 31/2002 Foru Legeak ezarritako lanbide karreraren sistemaren aplikazio esparrua zabaldu eginen da Nafarroako Gobernuaren departamentu guztietako eta haren erakunde autonomoetako osasun-langile fakultatibo guztietara, baldin eta lanpostua jabetzan badute eta haien sarbide eta izendapenerako nahitaezkoa bada edo izan bada lanpostua urriaren 20ko 11/1992 Foru Legearen eranskinean jasotako “Fakultatibo espezialistak” edo “Bertze osasun fakultatiboak” izeneko estamentuetan sailkatzea ahalbidetzen duten osasun-titulazioetako edozein edukitzea.

2. artikulua. Araubide juridikoa.

Foru lege honetan aurreikusi ez den guztirako, aplikatuko da honako hauetan xedatutakoa: Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko fakultatiboen lanbide karreraren sistema arautzen duen apirilaren 6ko 11/999 Foru Legean, Lanbide karreraren sistemaren aplikazio esparrua Osasun Departamentuko eta haren erakunde autonomoetako beste osasun langileei zabaltzen dien azaroaren 19ko 31/2002 Foru Legean, eta 11/1999 Foru Legea garatzeko arauak ezartzen dituen abenduaren 18ko 376/2000 Foru Dekretuan.

3. artikulua. Ondorio ekonomikoak.

Hasierako koadramendua ezarritako arauei eta prozedurei jarraikiz egin ostean, kasuan kasuko zenbatekoen ordainketa 2017ko urtarrilaren 1etik aurrera eginen da.

4. artikulua. Ebaluazio batzordea.

Lanbide karreraren sistemaren aplikazioa hedatzen zaien profesionalen ebaluazioa Osasun Publiko, Administrazio eta Osasun Kudeaketako Ebaluazio Batzordearen eskumena izanen da.

Lehenengo xedapen gehigarria .–Egoera bereziak.

1. Foru lege honetan araututako lanbide karreraren sistema bere aplikazio-eremuan sartutako langileei izanen zaie aplikatzekoa, noiz eta ere osasun arloko profesional tituludunen lanpostuak atxikita dituzten administrazio-unitateetako burutzak betetzen ari baitira, foru lege honen garapenerako erregelamendu-araudian ezarritako arauei jarraituz.

2. Foru lege honetan araututako lanbide karreraren sistema bere aplikazio-eremuko langileei aplikatuko zaie noiz eta ere langileen ordezkaritza-organoetako kide baitira, legez ezarritako ordu-kredituaz lanaldi osoan baliatu ahal direnak. Kasu horretan, mailaz igotzeari dagokionez, eskatu eta ebaluatuko zaie, iraunaldiak errespetatzeaz harago, prestakuntzako, ikerketako eta garapen teknikoko jarduerei buruzko baremoaren ataleko betebeharren betetzea bakarrik, foru lege honen garapenerako erregelamendu-araudian ezarritako arauei jarraituz.

Bigarren xedapen gehigarria .–Aldi baterako emandako zerbitzuak.

1. Osasun Departamentuak eta haren erakunde autonomoek aintzat hartuko dituzte foru lege honek indarra hartzen duenetik aurrera eta bere aplikazio-eremuan osasun arloko langile fakultatiboek aldi baterako kontratu bidez emandako zerbitzuak, baldin eta osasun arloko fakultatiboa eremu horretan sartu bada eta zerbitzu horiek foru lege honen garapenerako erregelamendu-araudian finkatutako arauen arabera ebaluatu badira.

2. Halaber, aintzat hartuko dira foru lege honek indarra hartzen duenetik aurrera aldi baterako kontratu baten bidez emandako zerbitzuak, 11/1999 eta 31/2002 foru legeen aplikazio-esparruan.

Hirugarren xedapen gehigarria .–Tokierakundeen menpeko osasunlangileak.

Toki entitateetako osasun-langile fakultatiboak foru lege honetan arautzen den lanbide karreraren sisteman sartu ahalko dira, baldin eta zerbitzuak ematen dituzten udaleko udalbatzak hala erabakitzen badu, horretarako berariaz hartutako erabakiaren bitartez.

Laugarren xedapen gehigarria .–Osasun Departamentuko eta haren erakunde autonomoetako osasunlangile fakultatiboei aplikatzea.

Foru lege honek indarra hartzen duen unetik, Osasun Departamentuan eta haren erakunde autonomoetan lanpostu bat jabetzan izan eta borondatezko mugikortasuneko prozeduren bitartez foru lege honen aplikazio-esparruko osasun arloko kasuko titulazioa exigitzen zaien lanpostu batera sartzen diren osasun-langile fakultatiboei, Osasun Departamentuan finkatuta zuten lanbide-karrerako maila aitortuko zaie.

Bosgarren xedapen gehigarria .–Osasun Departamentuan eta haren erakunde autonomoetan aplikatzea.

Osasun Departamentuak eta haren erakunde autonomoek aitortu eginen diete, foru lege honen aplikazio-eremuan sartuta dauden osasun-langile fakultatiboei, lanbide karreran finkatuta daukaten maila, fakultatiboak eremu horretara aldatzen diren kasuetan. Kasu horietan, lanbide karrerako araubide aplikagarria izanen da apirilaren 6ko 11/1999 eta azaroaren 19ko 31/2002 Foru Legeek eta abenduaren 18ko 376/2000 Foru Dekretuak ezarritakoa.

Seigarren xedapen gehigarria .–Lanbide karreraren mailari eustea.

Baldin eta osasun-langile fakultatibo finkoak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko beste departamentu baten edo haren erakunde autonomoen menpe egotera pasatzen badira, jatorrizko departamentu edo erakunde autonomoan lanbide karrerari zegokionez aitortuta zeukaten mailari eutsiko zaio.

Zazpigarren xedapen gehigarria .–Lanbide karrerako osagarriaren zenbatekoak.

1. Foru lege honen aplikazio-eremuko osasun-langile fakultatiboen lanbide karrerako osagarriak zenbateko hauek izanen ditu urtean:

–I. maila:

–II. maila: 2.917,88 euro.

–III. maila: 5.835,90 euro.

–IV. maila: 8.753,78 euro.

–V. maila: 11.671,80 euro.

2. Aurreko idatz-zatian aipatutako zenbatekoak urtero eguneratuko dira, Nafarroako aurrekontu orokorrei buruzko foru legeetan Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileen ordainsarietarako ezartzen den igoera-portzentajean oinarrituta.

Lehenengo xedapen iragankorra .–Osasunlangile fakultatiboak kasuko lanbide karrerako mailan sailkatzea hasiera batez.

1. Foru lege honen aplikazio-eremuko osasun-langile fakultatibo finkoen hasierako sailkapena eginen da kasuko lanbide karreraren maila esleituz Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan osasun-langile fakultatibo gisa jabetzako lanpostu batean emandako zerbitzu-urteen arabera; halaber, kontatu eginen dira Europar Batasuneko kide diren estatuetako osasun sistema publikoetan osasun-langile fakultatiboaren baliokidea den izendapen batekin emandako zerbitzu-urteak, honako eskala honen arabera:

–5 urte baino gutxiago, I. maila.

–5 urtetik gora, II. maila.

–14 urtetik gora, III. maila.

–22 urtetik gora, IV. maila.

–29 urtetik gora, V. maila.

2. Zerbitzuan emandako urteak beharrezko direnak baino gehiago izanez gero, soberakin diren urteak kontuan hartuko dira etorkizunean mailaz igotzeko. Mailaz igotze hori eginen da foru lege honetan eta bere garapenerako erregelamenduzko araudian ezarritako prozedurari jarraituz.

Bigarren xedapen iragankorra .–Mailaz igotzea.

Langileak aurreko xedapenean ezarritakoaren arabera hasieran eman zaien mailatik gora igotzeko, laguntza-jardueren eta lanbide-hobekuntzako eta -eguneraketako jardueren balorazio gisa exigitutako puntuazioa proportzionalki egokituko da, foru lege honek indarra hartzen duen egunetik mailaz igotzeko exigitzen den iraupen-aldia betetzen den datara arte iragandako denbora-epearen arabera.

Hirugarren xedapen iragankorra .–Ezohiko prozedura, Osasun Departamentuko eta haren erakunde autonomoetako osasunlangile fakultatibo finkoek foru lege honek indarra hartu aurretik bere aplikazioeremuan emandako zerbitzuak aitortzekoa.

Osasun Departamentuko eta haren erakunde autonomoetako osasun-langile fakultatibo finkoek, baldin eta lanbide karreraren sistema ezarrita ez zeukaten Foru Komunitatearen Administrazioko lanpostuetan osasun-langile fakultatibo finko gisa zerbitzua eman badute, zerbitzu hori aitor dakien eskatu ahalko dute.

Azken xedapenetan lehena .–Foru lege hau garatu eta betetzeko gaikuntza.

Nafarroako Gobernuari ahalmena ematen zaio foru lege hau bete eta garatzeko beharrezkoak diren xedapen guztiak emateko.

Azken xedapenetan bigarrena .–Indarra hartzea.

Foru lege honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako Aldizkari Ofizialean berehala argitara eta “Estatuko Aldizkari Ofizialera” igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezatela manatzen diet.

Iruñean, 2017ko maiatzaren 9an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Uxue Barkos Berruezo.

Iragarkiaren kodea: F1705743

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web