(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

6/2017 FORU LEGEA, maiatzaren 9koa, hein batean aldatzen duena Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari buruzko Foru Legearen testu bategina, zeina ekainaren 2ko 4/2008 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsi baitzen.

BON N.º 96 - 19/05/2017



HITZAURREA

I

Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen Testu Bategina hein batean aldatzeko foru lege honen bidez, errentak bermatzeko sistemak aurrerapauso handia eginen du Nafarroan bere babes-ahalmena areagotzeari dagokionez, nabarmen hobetzen duelako pentsio apalenak jasotzen dituzten pertsonen errenta erabilgarria, eta bere aplikazio esparrua ere asko zabaltzen delako. Horrela, gaur arte alargun-pentsioei aplikatu zaien kenkari osagarrien sistema fiskala hobetzearekin batera, erretiro-pentsioetara zabalduko da sistema hori bera; halatan, pertsona guzti horien errenta erabilgarria handitu eginen da, haien bizi-baldintzak hobetzen laguntzeko.

Alargun-pentsioengatiko kenkarien kasuan, beharrezkoa da arau aldaketa bat egitea, 2017ko lanbide arteko gutxieneko soldata (LGSa) finkatzen duen abenduaren 30eko 742/2016 Errege Dekretuaren bigarren xedapen iragankorrean xedatzen baita LGSaren zenbateko berriak ez diela eragiten estatukoak ez diren arauetan jasotako erreferentziei. Bidezkotzat jotzen da alargun-pentsioengatiko kenkari honen erreferentzia 2017ko LGSa adinako zenbateko bat izatea; 2016koa baino %8 handiagoa, beraz.

Erretiro-pentsioengatiko kenkaria ezartzearekin batera, igoera progresibo bat eginen da, harik eta 2019an guztiz bat egin arte alargun-pentsioengatiko kenkariari aplikatzen zaizkion zenbatekoekin; halatan, 2017an kenkariaren erreferentziako zenbatekoa 2016ko LGSa adinakoa izanen da, %2 gehituta; 2018koa, berriz, zenbateko hori gehi %3 izanen da; eta 2019an, azkenik, berdinduta geldituko dira zenbatekoak, berriz ere %3 gehituta.

Neurri horiez gain, kenkarirako eskubidea zehazteko, subjektu pasiboaren eta bere familia unitatearen beste errenta batzuk ere kontatuko direla ezartzen da arauan, eta horrek, beraz, hobekuntza ekarriko du, bai birbanaketa-efektuan bai ahalegin fiskala premia handiena duten gizataldeengana bideratzeari dagokionez.

Era berean, foru lege honekin etorkizunerako bermatzen da pentsiodun guztien errenta erabilgarrien gutxieneko horien balioa urtero automatikoki berrituko dela KPI-Kontsumoko Prezioen Indizearen eta Nafarroako batez besteko soldaten multzoaren balio handiagoarekin, erregelamendu bidez ezarriko den moduan, halako moldez non pentsio apalenak jasotzen dituztenen erosahalmena mantenduko baita, LGSaren erreferentziaz harago joanda; izan ere, LGSa Espainiako Gobernuaren eta Gorte Nagusien erabaki politikoaren menpe dago, eta ez du bermatzen prezioen bilakaerari jarraituko dionik.

Kenkari fiskalak erretiro-pentsioak jasotzen dituzten guztiengana zabaltzea behin eta berriz adierazitako asmoa izan da, eta pentsiodun guztientzat diru-sarrera duinak ziurtatzeko konpromisoa bete-betean onartzen dela esan nahi du. Neurri fiskal horri esker, Nafarroako politika soziala koherenteagoa eta zuzenagoa ere izanen da, eta horrela behin betiko gaindituko da alargun-pentsioen aldean eman izan zaien tratamendu okerragoa, behar bezala inoiz justifikatu ez dena.

Pentsio hauen tratamendu fiskala babes sozialeko beste neurri batzuekin uztartzen da, hala nola errenta bermatuarekin edo kotizazio gabeko pentsioen bestelako tratamendu batekin; errenta-bermerako sistema osoaren koherentzia hobetuko duen planteamendua osatzen da horrela, egoera bakoitzean sarrera duin eta egokiak bermatzeko helburuarekin.

II

Testuinguru horretan, foru legeak Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen Testu Bateginaren 68. artikulua aldatzen du, zeinaren izenburuak adierazgarria izan nahi baitu: alargun-pentsioen eta kotizaziopeko erretiro-pentsioen ondoriozko kenkariei buruzkoa da. Alegia, artikulu horretan kenkari horiek direla-eta egiten den erregulazio berriak barnean hartzen ditu, batetik, alargun-pentsioak (Gizarte Segurantzakoak izanik gutxienekoetarainoko osagarria dutenak eta halakorik ez dutenak, eta SOVIkoak), eta bestetik, kotizaziopeko erretiro-pentsioak.

Artikuluak bi letra ditu. Haren A) letrak alargun-pentsioengatiko kenkariak aurreikusten ditu, eta lau atal ditu.

1. atalaren gaia gutxienekoetarainoko osagarriak jasotzeko eskubidea duten alargun-pentsioengatiko kenkaria da. Atal honetan, adierazgarriena da kenkaria aurrerantzean ez dela lotuta egonen lanbide arteko gutxieneko soldataren zenbatekoarekin, eta berritasun hau ezartzen dela: pentsioaren zenbatekoa 9.906,40 euro baino gutxiagokoa denean, kenkari bat egiten ahalko da jasotako pentsioaren zenbatekoaren (Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren Testu Bateginaren 60. artikuluan araututako amatasuneko osagarria barne, kasua bada) eta 9.906,40 euroko zenbateko horren arteko alde negatiboa adinakoa.

2. eta 3. ataletako gaiak, hurrenez hurren, hauek dira: gutxienekoetarainoko osagarriak jasotzeko eskubiderik ez duten alargun-pentsioengatiko kenkariak, eta Zahartzaroko eta Baliaezintasuneko Nahitaezko Aseguruko (SOVI) alargun-pentsioengatiko kenkaria.

Bi aldaketa egiten dira. Lehen aipatu dugunaz gain, hau da, lanbide arteko gutxieneko soldatarekin ez lotzeaz eta kenkariaren zenbatekoaren erreferentzia 9.906,40 euroko zenbatekoa izateaz gain, beste berritasuna da errenta eta ondare muga bat ezartzen dela kenkariaz baliatzeko. Horrela, xedatzen da ezen, kenkari horiek egiteko, beharrezkoa izanen dela subjektu pasiboa beharturik ez egotea ondarearen gaineko zergaren aitorpena aurkeztera, eta, horrekin batera, alargun-pentsioari eta kasuko kenkariari gehituta 17.022,60 eurotik gorako guztizko zenbatekoa egiten duen beste errentarik, salbuetsiak barne, jaso ez izana zergaldian. Beste zehaztapen bat dago; alegia, aipatutako errenten batura muga horretatik gora baldin badago, mugaz gaindiko kopurua behar den heinean kenduko zaiola kenkariaren zenbatekoari, kenkaria ezerezteraino ere, kasua bada.

Orobat adierazten da ezen, subjektu pasiboa familia unitate bateko kide denean, kenkaria egin ahal izateko beharrezkoa izanen dela familia unitate horretako ezein kide beharturik ez egotea ondarearen gaineko zergaren aitorpena aurkeztera; eta, gainera, errenta-muga 19.812,80 eurokoa izanen da, familia unitate osoa hartuta; kasua bada, kenkaria murriztu eginen da familia unitateko kide ez diren subjektu pasiboei dagokienez ezarritako moduan.

Azkenik, xedatzen da ezen errenta-mugan ez direla sartuko pobrezia energetikoa edo etxebizitzaren galera saihesteko laguntza publikoak, ahulezia ekonomiko handiko etxeetan edo bazterketa sozialaren arriskua dutenetan jasotzen direnak.

Letra honen 4. atalean jasota daude alarguntasun-pentsioengatiko kenkariei aplikatu beharreko arau orokorrak, eta merezi du nabarmentzea hiru kenkariak bateraezinak izanen direla Gizarteratzeko eta Errenta Bermaturako Eskubideak arautzen dituen azaroaren 11ko 15/2016 Foru Legean araututako errenta bermatuaren prestazioa jasotzearekin, nahiz eta, errenta bermatuaren prestazioa zergaldi osoan jaso ez denean, kenkari fiskalak aipatu prestazioa jaso ez den egunen kopuruaren proportzioan kalkulatuko diren.

Halaber zehazten da ezen kenkariaren kalkulurako eta errenta-mugarako aintzat hartu beharreko kopuruak eguneratu eginen direla Kontsumoko Prezioen Indizearen gehikuntzaren eta Nafarroako batez besteko soldaten multzoaren balio handiagoarekin, erregelamendu bidez ezarriko den moduan.

68. artikuluko B) letran, kotizaziopeko erretiro-pentsioengatiko hiru kenkari berriak arautzen dira: gutxienekoetarainoko osagarriak jasotzeko eskubidea duten erretiro-pentsioengatiko kenkariak, gutxienekoetarainoko osagarririk jasotzeko eskubidea ez duten erretiro-pentsioengatiko kenkariak, eta zahartzaroko eta baliaezintasuneko nahitaezko aseguruko (SOVI) zahartzaro-pentsioengatiko kenkariak.

Hiru kasuetan, 2017an kenkari fiskala kalkulatzeko, jasotako pentsioaren zenbatekoaren (Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bategineko 60. artikuluan araututako amatasuneko osagarria barne, kasua bada) eta 9.356,30 euroko zenbatekoaren arteko alde negatiboa hartuko da irizpide gisa. 2018an, kenkaria kalkulatzeko, 9.631,40 euroko zenbatekoari 2017ko Kontsumoko Prezioen Indizea aplikatuko zaio. 2019an, 9.906,40 euroko zenbatekoari 2017ko eta 2018ko Kontsumoko Prezioen Indizea aplikatuz kalkulatuko da kenkaria. Hurrengo urteetan, aurreko urtekoari Kontsumoko Prezioen Indizea aplikatzearen emaitza izanen da zenbatekoa.

Errenta-mugari dagokionez, erregulazioa A) letrako bera da; hau da, beharrezkoa izanen da subjektu pasiboa beharturik ez egotea ondarearen gaineko zergaren aitorpena aurkeztera, eta, horrekin batera, zergaldian ez jaso izana beste errentarik, salbuetsiak barne, baldin eta alargun-pentsioari eta kasuko kenkariari baturik, 17.022,60 euro baino gehiagoko batura ematen badu. Beste zehaztapen bat dago; alegia, aipatutako errentak muga horretatik gora baldin badaude, mugaz gaindiko kopurua kenkariaren zenbatekoari kenduko zaiola, kenkaria ezeztatzeraino ere, kasua bada.

Era berean, B) letran araututako alarguntasun-pentsioengatiko kenkariei aplikatzekoak diren arau orokorrei dagokienez, xedatzen da hiru kenkariak bateraezinak izanen direla errenta bermatuaren prestazioa jasotzearekin. Kenkari horiek, A) letran xedatzen denarekin kontrajarririk, ezin izanen dira aldez aurretik ordaindu. Azkenik, arau batzuk ezartzen dira, kenkaria eta errenta-muga kalkulatzeko kontuan hartu beharreko kopuruak urtero eguneratzeko.

Kotizazio gabeko erretiro-pentsioengatiko kenkari fiskalari buruzko 68.bis artikuluan ere zenbait aldaketa egin dira. Jakina denez, kotizazio gabeko erretiro-pentsio bat jasotzen duen subjektu pasiboak errenta bermatua jasotzeko baldintzak betetzen baditu aldi berean, kenkari fiskala egiten ahalko du, zegokiokeen errenta bermatuaren urteko zenbatekoa izanen duena. Pertsona guztiek gizarteratzeko eta errenta bermatua jasotzeko eskubidea izatea bermatzeko xedeaz, paragrafo berri bat gehitzen zaio artikulu horren 1. atalari, honakoa zehazteko: kenkaria Gizarteratzeko eta Errenta Bermaturako Eskubideak arautzen dituen azaroaren 11ko 15/2016 Foru Legearen lehen xedapen gehigarriaren 2. ataleko bigarren paragrafoan aurreikusitakoari jarraikiz eginen da, hau da, kenkari fiskala egiteko eskubidea izanen da, soilik, familian prozedura arruntaren bidez errenta bermatua jaso dezakeen beste kiderik ez badago.

Beste alde batetik, foru legean berezitasun adierazgarri batzuk jasotzen dira irabazi-asmorik gabeko entitateek ordaindutako zenbatekoen gaineko atxikipen eta informazio betebeharrei dagokienez, betiere zenbateko horiek lan etekinak direnean eta kirol jarduerak sustatu edo egiteko eta kultur proiektuak eta jarduerak egiteko erabiltzen badira.

Horretarako, berrogeita hamahirugarren xedapen gehigarria gehitzen da, ezartzen duena jasotzaile bakoitzeko urteko zenbatekoa 3.600 eurokoa edo txikiagoa denean ez dela atxikipenik egin ez eta kasuko informazio ereduan jaso beharrik izanen. Salbuespen edo berezitasun horiek eransten dira zerga-araua sinpleagoa eta betetzen errazagoa izan dadin; kontuan harturik, gainera, ordainsari txiki horiek joan-etorrietako gastuak eta materialaren erabilera konpentsatzeko izaten direla hein handi batean askotan.

Aitzitik, urteko zenbatekoak jasotzaile bakoitzeko 3.600 euro baino gehiagokoak direnean, zerga-araubide orokorra aplikatuko zaie, atxikipen- eta informazio-betebeharrei dagokienez. Nolanahi ere, atxikipen portzentajeen taularen arabera atxikipenik egin behar ez badute ere, ordaindutako etekin osoaren gaineko 100eko 2ko atxikipena edo konturako sarrera eginen da beti.

Azkenik, eta zuzenketa tekniko batzuk egitearren, aldatu egiten dira Gizarteratzeko eta Errenta Bermaturako Eskubideak arautzen dituen azaroaren 11ko 15/2016 Foru Legeko zenbait arau, amaierako lehen xedapenak adierazten duen moduan.

Artikulu bakarra.–Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen Testu Bategina.

Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen Testu Bateginaren honako manu hauek (testu bategina ekainaren 2ko 4/2008 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsi zen) testu hau izanen dute, 2017ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin:

Bat.–68. artikulua. Alargun-pentsioen eta kotizaziopeko erretiro-pentsioen ondoriozko kenkariak.

A) Alargun-pentsioengatiko kenkariak.

1. Gutxienekoetarainoko osagarriak jasotzeko eskubidea duten alargun-pentsioengatiko kenkaria.

Lehena.–Kasuan kasuko kuota diferentziala finkatu ondoren, alargun-pentsioa jasotzen duen subjektu pasiboak, gutxienekoetarainoko osagarriak, urriaren 30eko 8/2015 Legegintzako Errege Dekretuak onetsi zuen Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren Testu Bateginaren 59. artikuluan aipatutakoak, jasotzeko eskubidea badu, kenkari bat aplikatzen ahalko du, kasuan kasuko pentsio motarentzat ezarritako gutxieneko urteko zenbatekoaren (aipatutako testu bateginaren 60. artikuluan arautzen den amatasuneko osagarria gehituta, kasua bada) eta 9.906,40 euroko zenbatekoaren arteko alde negatiboa adinakoa.

Bigarrena.–Alargun-pentsioa beste pentsio batzuekin batera jasotzen den kasuan, kenkaria izanen da jasotako pentsioen zenbatekoen baturaren (amatasuneko osagarria barne, kasua bada) eta 9.906,40 euroko zenbatekoaren arteko alde negatiboa adinakoa.

Hirugarrena.–Gizarte gaien arloko eskumena duen departamentuari kenkari hori aldez aurretik ordaintzeko eskatzen ahalko zaio. Kasu horretan ez da zergako kuota diferentzialaren gaineko kenkaririk eginen.

Kenkaria egiteko prozedura erregelamendu bidez arautuko da, bai eta aldez aurretiko ordainketa eskatzeko eta eskuratzeko prozedura ere. Erregelamendu horretan gutxieneko bat ezartzen ahalko da, irizpidetzat kudeaketaren efizientzia hartuta, eta gutxieneko horretatik behera ez da kenkariaren ordainketa aldez aurretik jasoko.

2. Gutxienekoetarainoko osagarriak jasotzeko eskubiderik ez duten alargun-pentsioengatiko kenkaria.

Lehena.–Kasuan kasuko kuota diferentziala finkatu ondoren, Gizarte Segurantzarengandik kotizaziopeko alarguntasun-pentsio bat jasotzen duen subjektu pasiboak, baldin eta pentsio horren zenbatekoa handiagoa bada kasuko pentsio-motarako finkaturiko urteko gutxieneko kuota baino eta txikiagoa 9.906,40 euro baino, zilegi izanen du kenkari bat aplikatzea, jasotzen duen urteko pentsio-zenbatekoaren (aipatutako testu bateginaren 60. artikuluan arautzen den amatasuneko osagarria gehituta, kasua bada) eta 9.906,40 euroko zenbateko horren arteko alde negatiboa adinakoa.

Bigarrena.–Alargun-pentsioa beste pentsio batzuekin batera jasotzen den kasuan, kenkaria izanen da jasotako pentsioen zenbatekoen baturaren (amatasuneko osagarria barne, kasua bada) eta 9.906,40 euroko zenbatekoaren arteko alde negatiboa adinakoa.

Hirugarrena.–Kenkari hori egin ahal izateko, beharrezkoa izanen da subjektu pasiboa beharturik ez egotea ondarearen gaineko zergaren aitorpena aurkeztera, eta, horrekin batera, zergaldian, guztira, 17.022,60 eurotik gorako zenbatekoa egiten duen beste errentarik jaso ez izana, salbuetsiak barne, alargun-pentsioa eta kenkaria bera gehituta.

Aipatutako errentak muga horretatik gora baldin badaude, mugaz gaindiko kopurua kenkariaren zenbatekoari kenduko zaio behar den heinean, kenkaria ezerezteraino ere, kasua bada.

Subjektu pasiboa familia unitate bateko kide denean, kenkaria egin ahal izateko beharrezkoa izanen da familia unitate horretako ezein kide beharturik ez egotea ondarearen gaineko zergaren aitorpena aurkeztera; gainera, lehen paragrafoan ezarritako errenta-muga 19.812,80 eurokoa izanen da, familia unitate osoa hartuta, eta kenkaria, kasua bada, murriztuko da bigarren paragrafoan ezarritako moduan.

Aurreko paragrafoetan ezarritako errenta-muga zehazterakoan, ez dira sartuko pobrezia energetikoa edo etxebizitzaren galera saihesteko laguntza publikoak, ahulezia ekonomiko berezia edo bazterketa sozialaren arriskua duten etxeetan jasotzen direnak.

Laugarrena.–2. atal honetan araututako kenkaria ez da aldez aurretik ordaintzerik izanen.

Erregelamendu bidez ezarriko da kenkari hori baliatzeko prozedura.

3. Zahartzaroko eta baliaezintasuneko nahitaezko aseguruko (SOVI) alargun-pentsioengatiko kenkaria.

Lehena.–Kasuan kasuko kuota diferentziala finkatu ondoren, zahartzaroko eta baliaezintasuneko nahitaezko aseguruko (SOVI) alargun-pentsio bat jasotzen duen subjektu pasiboak kenkari bat egiten ahalko du, jasotako pentsioaren urteko zenbatekoaren (aipatutako testu bateginaren 60. artikuluan arautzen den amatasuneko osagarria barne, kasua bada) eta 9.906,40 euroko zenbatekoaren arteko alde negatiboa adinakoa.

Bigarrena.–Zahartzaroko eta baliaezintasuneko nahitaezko aseguruko (SOVI) alargun-pentsioa beste pentsio batzuekin batera jasotzen den kasuetan, kenkaria izanen da jasotako pentsioen zenbatekoen baturaren (amatasuneko osagarria barne, kasua bada) eta 9.906,40 euroko zenbatekoaren arteko alde negatiboa adinakoa.

Hirugarrena.–Kenkari hori egiteko, beharrezkoa izanen da subjektu pasiboa beharturik ez egotea ondarearen gaineko zergaren aitorpena aurkeztera, eta, horrekin batera, zergaldian, guztira, 17.022,60 euro baino gehiagoko zenbatekoa egiten duen beste errentarik jaso ez izana, salbuetsiak barne, alargun-pentsioa eta kenkaria bera gehituta.

Aipatutako errentak muga horretatik gora baldin badaude, mugaz gaindiko kopurua kenkariaren zenbatekoari kenduko zaio behar den heinean, kenkaria ezerezteraino ere, kasua bada.

Subjektu pasiboa familia unitate bateko kide denean, kenkaria egiteko beharrezkoa izanen da familia unitate horretako ezein kide beharturik ez egotea ondarearen gaineko zergaren aitorpena aurkeztera, eta, gainera, lehen paragrafoan ezarritako errenta-muga 19.812,80 eurokoa izanen da, familia unitate osoa hartuta, eta kenkaria murriztuko da, kasua bada, bigarren paragrafoan ezarritako moduan.

Aurreko paragrafoetan ezarritako errenta-muga zehazterakoan, ez dira sartuko pobrezia energetikoa edo etxebizitzaren galera saihesteko laguntza publikoak, ahulezia ekonomiko berezia edo bazterketa sozialaren arriskua duten etxeetan jasotzen direnak.

Laugarrena.–Gizarte gaien arloko eskumena duen departamentuari kenkari hori aldez aurretik ordaintzeko eskatzen ahalko zaio. Kasu horretan ez da zergako kuota diferentzialaren gaineko kenkaririk eginen.

Kenkaria egiteko prozedura erregelamendu bidez arautuko da, bai eta aldez aurretiko ordainketa eskatzeko eta eskuratzeko prozedura ere. Erregelamendu horretan gutxieneko bat ezartzen ahalko da, kudeaketaren efizientzia irizpidetzat hartuta, eta gutxieneko horretatik behera ez da kenkariaren ordainketa aldez aurretik jasoko.

4. A) letrako kenkariei aplikatu beharreko arau orokorrak.

Lehena.–Letra honetan araututako kenkariak kalkulatzearen ondorioetarako, alargun-pentsioa edo horrekin baterako beste edozein pentsio ez baldin bada jaso zergaldi osoan, haren zenbatekoa urtera eramanen da. Kasu horretan, alargun-pentsioa jasotzeko eskubidea zergaldian zehar zenbat egunez eduki, horren proportzioan kalkulatuko da kenkaria.

Bigarrena.–Letra honetan araututako kenkariak bateraezinak dira Gizarteratzeko eta Errenta Bermaturako Eskubideak arautzen dituen azaroaren 11ko 15/2016 Foru Legean arautzen den errenta bermatuaren prestazioa jasotzearekin.

Nolanahi ere, errenta bermatuaren prestazioa zergaldi osoan jaso ez bada, kenkariak kalkulatuko dira prestazioa jaso ez den egunen kopuruaren proportzioan.

Hirugarrena.–Diru kopuru horiek, 9.906,40, 17.022,60 eta 19.812,80 eurokoak, A) letra honetan aipatzen direnak, 2017an aplikatuko dira. Hurrengo urteetan, zenbatekoen urteroko eguneratzea eginen da Nafarroan KPIak duen gehikuntzaren eta Nafarroako batez besteko soldaten multzoaren balio handiagoarekin, erregelamendu bidez ezarriko den moduan.

B) Kotizaziopeko erretiro-pentsioengatiko kenkariak.

1. Gutxienekoetarainoko osagarriak jasotzeko eskubidea duten kotizaziopeko erretiro-pentsioengatiko kenkariak.

Lehena.–Kasuan kasuko kuota diferentziala finkatu ondoren, Gizarte Segurantzarengandik kotizaziopeko erretiro-pentsio bat jasotzen duen subjektu pasiboak, baldin eskubidea badu Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren Testu Bateginaren 59. artikuluan aipatutako gutxienekoetarainoko osagarriak jasotzeko, kenkari bat aplikatzen ahalko du, kasuan kasuko pentsio motarentzat ezarritako urteko gutxieneko zenbatekoaren (aipatutako testu bateginaren 60. artikuluan arautzen den amatasuneko osagarria gehituta, kasua bada) eta 9.356,30 euroko zenbatekoaren arteko alde negatiboa adinakoa.

Bigarrena.–Erretiro-pentsioa beste pentsio batzuekin batera jasotzen den kasuan, kenkaria izanen da jasotako pentsioen zenbatekoen baturaren (amatasuneko osagarria barne, kasua bada) eta 9.356,30 euroko zenbatekoaren arteko alde negatiboa adinakoa.

2. Gutxienekoetarainoko osagarriak jasotzeko eskubiderik ez duten kotizaziopeko erretiro-pentsioengatiko kenkariak.

Lehena.–Kasuan kasuko kuota diferentziala finkatu ondoren, Gizarte Segurantzatik kotizaziopeko erretiro-pentsioa jasotzen duen subjektu pasiboak, pentsio hori kasuan kasuko pentsio motarentzat finkatutako gutxieneko urteko zenbatekotik gorakoa eta 9.356,30 euroko zenbatekotik beherakoa bada, kenkari bat egiten ahalko du, jasotako pentsioaren urteko zenbatekoaren (aipatutako testu bateginaren 60. artikuluan arautzen den amatasuneko osagarria barne, halakorik bada) eta 9.356,30 euroko zenbateko horren arteko alde negatiboa adinakoa.

Bigarrena.–Erretiro-pentsioa beste pentsio batzuekin batera jasotzen den kasuan, kenkaria izanen da jasotako pentsioen zenbatekoen baturaren (amatasuneko osagarria barne, kasua bada) eta 9.356,30 euroko zenbatekoaren arteko alde negatiboa adinakoa.

Hirugarrena.–Kenkari hori egin ahal izateko, beharrezkoa izanen da subjektu pasiboa beharturik ez egotea ondarearen gaineko zergaren aitorpena aurkeztera, eta, horrekin batera, zergaldian, guztira, 17.022,60 eurotik gorako zenbatekoa egiten duen beste errentarik jaso ez izana, salbuetsiak barne, erretiro-pentsioa eta kenkaria bera gehituta.

Aipatutako errentak muga horretatik gora baldin badaude, mugaz gaindiko kopurua kenkariaren zenbatekoari kenduko zaio behar den heinean, kenkaria ezeztatzeraino ere, kasua bada.

Subjektu pasiboa familia unitate bateko kide denean, kenkaria egiteko beharrezkoa izanen da familia unitate horretako ezein kide beharturik ez egotea ondarearen gaineko zergaren aitorpena aurkeztera, eta, gainera, lehen paragrafoan ezarritako errenta-muga 19.812,80 eurokoa izanen da, familia unitate osoa hartuta, eta kenkaria murriztuko da bigarren paragrafoan ezarritako moduan.

Aurreko paragrafoetan ezarritako errenta-muga zehazterakoan, ez dira sartuko pobrezia energetikoa edo etxebizitzaren galera saihesteko laguntza publikoak, ahulezia ekonomiko berezia edo bazterketa sozialaren arriskua duten etxeetan jasotzen direnak.

3. Zahartzaroko eta baliaezintasuneko nahitaezko aseguruaren (SOVI) zahartzaro-pentsioen ondoriozko kenkariak.

Lehena.–Kasuan kasuko kuota diferentziala finkatu ondoren, zahartzaroko eta baliaezintasuneko nahitaezko aseguruko (SOVI) zahartzaro-pentsio bat jasotzen duen subjektu pasiboak kenkari bat egiten ahalko du, jasotako pentsioaren zenbatekoaren (aipatutako testu bateginaren 60. artikuluan arautzen den amatasuneko osagarria barne, kasua bada) eta 9.356,30 euroko zenbatekoaren arteko alde negatiboa adinakoa.

Bigarrena.–Zahartzaroko eta baliaezintasuneko nahitaezko aseguruko (SOVI) zahartzaro-pentsioa beste pentsio batzuekin batera jasotzen den kasuan, kenkariaren zenbatekoa izanen da jasotako pentsioen zenbatekoen baturaren (amatasuneko osagarria barne, kasua bada) eta 9.356,30 euroko zenbatekoaren arteko alde negatiboa adinakoa.

Hirugarrena.–Kenkari hori egiteko, beharrezkoa izanen da subjektu pasiboa beharturik ez egotea ondarearen gaineko zergaren aitorpena aurkeztera, eta, horrekin batera, zergaldian, guztira, alargun-pentsioa eta dagokion kenkaria gehituta eta salbuetsiak barne, 17.022,60 euro baino gehiagoko zenbatekoa egiten duen beste errentarik jaso ez izana.

Aipatutako errentak muga horretatik gora baldin badaude, mugaz gaindiko kopurua kenkariaren zenbatekoari kenduko zaio behar den heinean, kenkaria ezerezteraino ere, kasua bada.

Subjektu pasiboa familia unitate bateko kide denean, kenkaria egiteko beharrezkoa izanen da familia unitate horretako ezein kide beharturik ez egotea ondarearen gaineko zergaren aitorpena aurkeztera; gainera, lehen paragrafoan ezarritako errenta-muga 19.812,80 eurokoa izanen da, familia unitate osoa hartuta, eta kenkaria murriztuko da, kasua bada, bigarren paragrafoan ezarritako moduan.

Aurreko paragrafoetan ezarritako errenta-muga zehazterakoan, ez dira sartuko pobrezia energetikoa edo etxebizitzaren galera saihesteko laguntza publikoak, ahulezia ekonomiko berezia edo bazterketa sozialaren arriskua duten etxeetan jasotzen direnak.

4. B) letrako kenkariei aplikatu beharreko arau orokorrak.

Lehena.–Letra honetan araututako kenkariak kalkulatzearen ondorioetarako, erretiro-pentsioa edo horrekin baterako beste edozein pentsio ez baldin bada jaso zergaldi osoan, zenbateko hori urtera eramanen da. Kasu horretan, zergaldian zehar erretiro-pentsioa jasotzeko eskubidea zenbat egunetan dagoen, kopuru horren proportzioan kalkulatuko da kenkaria.

Bigarrena.–Letra honetan araututako kenkariak bateraezinak dira Gizarteratzeko eta Errenta Bermaturako Eskubideak arautzen dituen azaroaren 11ko 15/2016 Foru Legean arautzen den errenta bermatuaren prestazioa jasotzearekin.

Nolanahi ere, errenta bermatuaren prestazioa zergaldi osoan jaso ez bada, prestazio hori zenbat egunez ez den jaso, kopuru horren proportzioan kalkulatuko dira kenkariak.

Hirugarrena.–Letra honetan araututako kenkariak ez dira aldez aurretik ordainduko.

Kenkari hori baliatzeko prozedura erregelamendu bidez ezarriko da.

Laugarrena.–a) Kenkaria kalkulatzerakoan kontuan hartu beharreko zenbatekoak:

9. 356,30 euroko zenbatekoa, letra honen aurreko ataletan aipatzen dena, 2017an aplikatuko da.

2018an, zenbateko hori kalkulatuko da 9.631,40 euroko zenbatekoari aplikatuz Nafarroan KPIak duen gehikuntzaren eta Nafarroako 2017ko batez besteko soldaten multzoaren balio handiagoarekin, erregelamendu bidez ezarriko den moduan.

2019an, zenbateko hori kalkulatuko da 9.906,40 euroko zenbatekoari aplikatuz Nafarroan KPIak duen gehikuntzaren eta Nafarroako 2017ko eta 2018ko batez besteko soldaten multzoaren balio handiagoarekin, erregelamendu bidez ezarriko den moduan.

Hurrengo urteetan, kopurua izanen da aurreko urtekoari Nafarroan KPIak duen gehikuntzaren eta Nafarroako batez besteko soldaten multzoaren balio handiagoa aplikatzetik suertatzen dena, erregelamendu bidez ezarriko den moduan.

b) Errenta-muga kalkulatzerakoan kontuan hartu beharreko zenbatekoak:

17. 022,60 euroko eta 19.812,80 euroko zenbatekoak, letra honetako 2.Hirugarrena eta 3.Hirugarrena ataletan aipatzen direnak, 2017an aplikatuko dira. Hurrengo urteetan, zenbatekoak eguneratu eginen dira Nafarroan KPIak duen gehikuntzaren eta Nafarroako batez besteko soldaten multzoaren balio handiagoarekin, erregelamendu bidez ezarriko den moduan.

Bi.–68. bis artikulua. Deducción por pensiones no contributivas de jubilación.

1. Dagokion kuota diferentziala finkatu ondoren, kotizazio gabeko erretiro-pentsioa (Gizarte Segurantzari buruzko Lege Orokorraren Testu Bateginaren 369. artikulutik 372. artikulura bitartekoetan arautua) jasotzen duen subjektu pasiboak, Gizarteratzeko eta Errenta Bermaturako Eskubideak arautzen dituen azaroaren 11ko 15/2016 Foru Legearen 5. artikuluak errenta bermatua jasotzeko ezarritako baldintzak betetzen baditu, zegokiokeen errenta bermatuaren urteko zenbatekoa adinako kenkaria egiten ahalko du.

Kenkaria Gizarteratzeko eta Errenta Bermaturako Eskubideak arautzen dituen azaroaren 11ko 15/2016 Foru Legearen lehen xedapen gehigarriaren 2. ataleko bigarren paragrafoan aurreikusitakoari jarraikiz eginen da.

2. Gizarte gaien arloko eskumena duen departamentuari kenkari hori aldez aurretik ordaintzeko eskatzen ahalko zaio. Kasu horretan ez da kenkaririk aplikatuko zergaren kuota diferentzialean.

Kenkaria egiteko prozedura erregelamendu bidez arautuko da, bai eta aldez aurretiko ordainketa eskatzeko eta eskuratzeko prozedura ere.

Hiru.–Berrogeita hamabigarren xedapen gehigarria aldatzea.

Berrogeita hamabigarren xedapen gehigarria. Entitate finantzarioekin eginiko akordioengatik edota epaiak edo arbitraje-laudoak betetzeagatik maileguen interes-tipoak mugatzeko klausulak itzultzearen ondorioz jasotako kopuruen trataera fiskala.

2017ko urtarrilaren 1etik aurrera izanen ditu ondorioak:

1. Zerga honen zerga-oinarrian ez da sartuko maileguen interes-tipoak mugatzeko klausulak aplikatu izateagatik lehenago sorturiko interesak direla-eta entitate finantzarioei ordaindutakoak diren kopuruen itzulketa, haiekin eginiko akordioen ondoriozkoa, esku-diru nahiz bestelako konpentsazio-neurrien bidezkoa, ezta haiei dagozkien ordain-interesak ere.

2. Aurreko idatz-zatian aipatutako itzulketaren xede diren kopuruek, zergadunak aurretiaz ordaindu dituenek, ondoko trataera fiskala izanen dute:

a) Zenbateko horiek aurreko ekitaldietan ohiko etxebizitzan egindako inbertsioagatiko kenkariaren zati izan baziren, zenbateko horiek direla-eta kenkaria aplikatzeko eskubidea galduko da; hala, entitate finantzarioarekin akordioa egin zen ekitaldian sorturiko kuota likidoari gehitu beharko zaizkio; soilik, kasuko likidazioaren bidez tributu-zorra zehazteko Administrazioak duen eskubidea preskribaturik ez dagoen ekitaldietan bidegabeki kendutako kopuruak, berandutza-interesak sartu gabe.

Aurreko lerrokadan aurreikusitako gehikuntza ez zaie aplikatuko entitate finantzarioak, ukitutako zergadunarekin akordioa egin ondoren, maileguaren printzipala murriztera zuzenean bideraturiko zenbatekoei.

b) Zenbateko horiek gastu kengarritzat hartu baziren halako ekitaldietan non Administrazioak kasuko likidazioaren bidez tributu-zorra zehazteko duen eskubidea preskribaturik ez dagoen, izaera hori galdu eginen dute eta ekitaldi horiei dagokien autolikidazio osagarria eginen da, zehapen, berandutza-interes edo errekargurik gabe, akordioaren dataren eta zerga honen autolikidazioa aurkezteko hurrengo epea amaitzen den dataren arteko epean.

c) Zergadunak kopuru horiek ordaindu dituenean halako ekitaldietan non zerga honengatiko autolikidazioa aurkezteko epea ez zen amaitu kopuru horiek itzultzeari buruz finantza-entitatearekin lortutako akordioa baino lehenago, eta aurreko a) letrako bigarren lerrokadan aipatzen diren zenbatekoak, ez dira sartuko ohiko etxebizitzan egindako inbertsioagatiko kenkari-oinarrian, eta, halaber, ez dira gastu kengarritzat hartuko.

3. Aurreko idatz-zatietan ezarritakoa aplikatuko da, era berean, 1. idatz-zatian aipatutako kopuru-itzulketa egin bazen ebazpen judizialak edo arbitraje-laudoak exekutatzearen edo betetzearen ondorioz.

4. Finantza-entitateek Nafarroako Foru Ogasunari ziurtagiri bat igorri beharko diote, eta hartan jaso beharko dituzte epaiketaz kanpoko akordioen edo epai judizialen edo arbitraje laudoen exekuzioaren edo betetzearen terminoak, aurreko idatz-zatietan xedatutako neurrien tributu-kudeaketa errazte aldera.

Horretarako, honako hauei buruz informatu beharko dute:

–Itzultzen diren kopuruez, edozein dela ere horretarako hautatutako modua (eskudirutan itzultzea, mailegua gutxitzea edo beste batzuk), zein urtetako ordainketak diren zehaztuta.

–Ukitutako zergadunaren edo zergadunen identitateaz.

Informazio-betebehar horren ez-betetzea tributu arloko arau-haustea izanen da, Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 72. eta 74. artikuluekin bat.

Lau.–Berrogeita hamahirugarren xedapen gehigarria gehitzea.

Berrogeita hamahirugarren xedapen gehigarria. Kirol eta kultura zerbitzuekin lotutako jarduerak: atxikipena egiteko eta informazioa emateko betebeharrei buruzko berezitasunak.

1. Aplikazio eremua.

a) Kirol jarduerak sustatu eta egitea xede duten irabazi-asmorik gabeko entitateek ordaindutako zenbatekoak, lan etekinen izaera dutenak, baldin eta jasotzaileak kirolari edo entrenatzaile badira, edo osasun-, arbitraje- edo antzeko zerbitzuak ematen badituzte, haien zerbitzu-emateek kirola egitearekin zerikusia duten heinean.

b) Kultur proiektuak eta jarduerak sustatu eta egitea xede duten irabazi-asmorik gabeko entitateek ordaindutako zenbatekoak, lan etekinen izaera dutenak, baldin eta jasotzaileek proiektu eta jarduera horiekin zerikusia duten zerbitzuak ematen badituzte, hala nola ondare historiko eta kulturalarekin lotutako zerbitzuak, museoak, kulturguneak eta liburutegiak, bai eta folklorea, antzerkia, arte eszenikoak eta ikus-entzunezkoak ere.

2. Ordaintzaileak dituen atxikipen eta informazio betebeharrei dagozkien berezitasunak.

a) 3.600 euroko zenbatekoak edo txikiagoak, urteko eta jasotzaile bakoitzeko:

Ez da atxikipenik egin beharko, ez eta zenbateko horiek kasuko eredu informatiboan sartu beharko ere.

b) 3.600 eurotik gorako zenbatekoak urteko eta jasotzaileko: ordaindutako zenbateko osoa tributu araubide orokorraren menpe egonen da atxikipena egiteko eta kasuko eredu informatiboan informazioa emateko betebeharrei dagokienez.

Nolanahi ere, atxikipen portzentajeen taularen arabera atxikipenik egin behar ez badute ere, ordaindutako etekin osoaren gaineko 100eko 2ko atxikipena edo konturako sarrera eginen da beti.

Egin beharreko atxikipena etekin ordaindu osoaren gainean eginen da. 3.600 euroko zenbatekora iritsi arte inolako atxikipenik egin ez bada, erregularizatu egin beharko da, halako moldez non urte amaieran zenbateko atxikia ordaindutako zenbateko osoari 100eko 2 aplikatzearen emaitza izan dadin.

3. Jasotzaileak pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpena aurkezteko betebeharra.

Subjektu pasibo jasotzaileek zerga honetan aitorpena aurkezteko betebeharrari dagokionez, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren araudi orokorrean xedatutakoa aplikatuko da.

Azken xedapenetan lehena . Gizarteratzeko eta Errenta Bermaturako Eskubideak arautzen dituen azaroaren 11ko 15/2016 Foru Legearen aldaketa.

Foru lege honek indarra hartzen duenetik aurrerako ondorioekin, Gizarteratzeko eta Errenta Bermaturako Eskubideak arautzen dituen azaroaren 11ko 15/2016 Foru Legearen agindu hauek honako edukia izanen dute:

Bat.–5. artikuluko b) letra:

“b) Nafarroako Foru Komunitatean bizitzea, eskaera aurkezten den data baino bi urte lehenagotik gutxienez, edo urtebete lehenagotik, baldin eta familia unitatean adingabeak badaude, edo %65eko nahiz gehiagoko desgaitasuna duten menpeko pertsonak”.

Bi.–6. artikuluko 3. apartatua:

“3. Oro har, familia unitatea izanen da errenta bermatuaren jasotzaile, eta prestazio bakarra egokituko zaio. Salbuespen gisa, bi errenta bermatu jasotzen ahalko dira, familia unitate berean zenbait familia-nukleo egon eta haietakoren batean adingabeak edo %65eko nahiz gehiagoko desgaitasuna duten menpeko pertsonak daudenean”.

Hiru.–10. artikuluko e) letra:

“e) Pentsioak edo antzeko prestazioak, eskatzailearen familia-nukleokoak ez diren familia unitateko kideenak, edo eskatzailearen ardurapeko seme-alabenak, kide bakarreko unitate jasotzaile batentzako hileko errenta bermatuaren %45erainoko zenbatekoa”.

Lau.–12. artikulua:

“12. artikulua. Familia-unitatearen ondare ez-konputagarria.

Aurreko artikuluko ondarearen konpututik ondoko kontzeptuak salbuetsiko dira:

a) Ohiko etxebizitza, bertako altzariak, etxeko gauzak eta garraiorako ohiko ibilgailua, gehienez ere hirurehun mila euroko mugarekin.

b) Lanbide edo enpresa jarduera aurrera eramateko beharrezko tresna diren ondasunak, erregelamenduz ezarritako mugarekin”.

Bost.–13. artikuluko 2. apartatua:

“2. Ondasun higigarri guztien balioa kide bakarreko familia unitate bati urtean dagokion errenta bermatuaren zenbatekoaren %65 adinakoa edo txikiagoa denean.”

Sei.–31. artikulua:

“31. artikulua. Zehapenen mailakatzea eta murrizketa.

1. Zehapenak honako hauen arabera mailakatuko dira:

a) Arau-hauslearen asmoa.

b) Arau-hauslearen egiazko ulertze-gaitasuna.

c) Bidegabeki jasotako diru kopurua.

d) Nafarroako administrazio publikoek aldez aurretik egindako errekerimenduak bete ez izana.

e) Familia-inguruabarrak, bereziki egoera ekonomikoari dagokionez.

f) Urtebeteko epean, kalifikatutako arau-haustea egin zenetik, izaera bereko nahiz bestelako arau-hauste bat edo batzuk egin izana, ebazpen administratibo bidez irmo deklaratutakoak.

g) Zehapen prozedurari hasiera ematea eragin zuten kalteak zuzendu izana, baldin eta hori egin bada prozedura amaitu aurretik.

2. Zehapenak murriztu eginen dira erantzukizuna onartzen denean eta borondatezko ordainketa egiten denean, administrazio prozedura erkidearen araudian aurreikusitakoarekin bat.”

Zazpi.–33. artikulua:

“33. artikulua. Zehatzeko ahalmena.

Foru lege honetan tipifikatutako arau-hausteengatik Foru Komunitateko Administrazioak zehapenak ezartzeko, aplikatzekoa izanen da administrazio prozedura erkidearen araudian ezarritako zehapen prozedura.

Zehapen-prozedura arruntean ustezko arau-hausleen eskubideak babesteko aurreikusten diren bermeez gain, pertsona horiek eskatu ahalko dute beren zehapen-espedientea egiaztatze-batzorde batek ikus dezan, haiei aldez aurretik entzutea emanda, entzute-urrats horretan haiek baimendua den pertsonak lagun eginda agertzeko aukerarekin. Batzorde horrek haien alegazioak era objektibo eta diziplinarteko batean balioetsiko ditu, eta haren osaera eta funtzionamendua erregelamendu bidez ezarriko dira. Aipatu batzordeak halaber esku hartu ahalko du, prozedura berari jarraituz, kautelazko etetearen kasuetan aurkezten diren alegazioak egiaztatzeko.”

Zortzi.–Bigarren paragrafoa gehitzen zaio lehen xedapen gehigarriaren 2. apartatuari:

“Kenkaria egiteko eskubideaz baliatzen ahalko da pentsiodunaren familia unitatean errenta bermatua prozedura arruntaren bidez jaso dezakeen beste kiderik ez dagoenean”.

Bederatzi.–Bosgarren xedapen gehigarri berria gehitzen da:

Bosgarren xedapen gehigarria .–III. kapituluko 2. ataleko prozedura.

“III. kapituluko 2. atalean aurreikusitako prozedura bide elektronikoak erabiliz gauzatuko da, administrazio prozedura erkidearen araudian aurreikusitako moduan”.

Hamar.–Bigarren xedapen iragankorraren 1. apartatua:

“1. 14. artikuluko 1. eta 2. idatz-zatiak erregelamenduz garatzen ez diren bitartean, errenta bermatuaren jasotzaileek norbere konturako edo besteren konturako enplegua lortzen badute, edo lehendik zuten jarduera ekonomikoa handitzen badute, lortutako diru-sarrera berriak ez zaizkie kontatuko enplegua hogeita hamar egun baino gutxiagorako baldin bada; bestela, progresibitatez kontatuko da pertsona bakar baten errenta bermatuaren %50 edo gehiago egiten duten diru-sarreren zatia. Horretarako, errenta bermatua honela kalkulatuko da:

A: 0,50eko faktore zuzentzailea, 7. artikuluan adierazitako gehikuntzen gainekoa. Beraz, A-ren balioak hauek dira:

Kide bakar batentzat: 1,50.

2 kiderentzat: 1,85.

3 kiderentzat: 2,10.

4 kiderentzat: 2,25.

5 kiderentzat: 2,40.

6 kiderentzat eta gehiagorentzat: 2,50.

B: salbuespenaren progresibitatearen parametroa, 10 balioa duena, zeina urtero eguneratu ahalko baita, RG1aren zenbatekoen eguneratzearekin batera.

RG1: kide bakar baten errenta bermatuaren balioa.

Enplegurako pizgarri horiek gehienez ere urtebeteko jasotze aldian aplikatzen ahalko dira”.

Azken xedapenetan bigarrena .–Arauak emateko gaikuntza.

Nafarroako Gobernuak foru lege hau garatu eta aplikatzeko behar diren xedapen guztiak emanen ditu.

Azken xedapenetan hirugarrena .–Indarra hartzea.

Foru lege honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra, legean berean aurreikusitako ondorioekin.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako Aldizkari Ofizialean berehala argitara eta “Estatuko Aldizkari Ofizialera” igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezatela manatzen diet.

Iruñean, 2017ko maiatzaren 9an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Uxue Barkos Berruezo.

Iragarkiaren kodea: F1705782

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web