27/2017 FORU AGINDUA, MARTXOAREN 6KOA. HONEN BIDEZ, PROZEDURA ARAUTZEN DA NAFARROAKO FORU KOMUNITATEAN LANEKO ARRISKUEN PREBENTZIOAREN OINARRIZKO MAILAKO PRESTAKUNTZA EGIAZTATZEKO, LANBIDE HEZIKETAKO ERDI MAILAKO EDO GOI MAILAKO HEZIKETA ZIKLOAK EGITEN DITUZTEN IKASLEENTZAT, HEZIKETA ZIKLOAK HEZKUNTZARI BURUZKO MAIATZAREN 3KO 2/2006 LEGE ORGANIKOAREN BABESEAN ARGITARATU BADIRA
BON N.º 80 - 26/04/2017
1. ERANSKINA
2. ERANSKINA
Kualifikazioei eta Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoak, hirugarren xedapen gehigarrian (lehentasunezko alorrak prestakuntza eskaintzetan), honako hauek hartzen ditu lehentasunezko alor baliabide publikoen kargura finantzatutako prestakuntza eskaintzetara eransteko: Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiak, Europar Batasuneko herrialdeetako hizkuntzak, talde lana, laneko arriskuen prebentzioa eta Europar Batasunak ezarritako jarraibideen barrenean daudenak.
Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko 31/1995 Legearen 5.2 artikuluak zehazten du administrazio publikoek sustatu behar dutela prebentzioaren gaineko hezkuntza hobetzea hezkuntzaren mailetan. Orobat, Prebentzio zerbitzuen erregelamendua onesten duen urtarrilaren 17ko 39/1997 Errege Dekretuaren 35. artikuluak xedatzen duenez, laneko arriskuen prebentzioaren oinarrizko mailan eginkizunak garatzeko aurreikusitako gutxieneko prestakuntza frogatzeko, arlo horren berariazko prestakuntzaren ziurtagiria aurkeztu behar da, prebentzio zerbitzu batek edo entitate publiko edo pribatu batek emana, gaitasuna badu halako prestakuntza jarduketak egiteko.
Teknikariaren eta goi mailako teknikariaren tituluak (Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren bidez araututako hezkuntza sistemako Lanbide Heziketako ikasketei dagozkienak) ezarri eta haien gutxieneko irakaskuntzak finkatzen dituzten errege dekretuen hirugarren xedapen gehigarriak xedatzen duenez, Lanerako Prestakuntza eta Orientazioa lanbide moduluan ezarritako prestakuntzak gaitasuna ematen du laneko arriskuen prebentzioaren oinarrizko mailako jarduketetan behar diren erantzukizun profesionalen parekoak hartzeko (Prebentzio zerbitzuen erregelamendua onesten duen urtarrilaren 17ko 39/1997 Errege Dekretuan daude ezarrita).
Alde horretatik, Nafarroako Foru Komunitatean teknikariaren eta goi mailako teknikariaren tituluen egitura eta curriculuma ezartzen dituzten foru dekretuek laneko arriskuen prebentzioari buruzko gutxieneko edukiak handitzen dituzte, haien iraupena handiagoa baita Prebentzio zerbitzuen erregelamendua onesten duen urtarrilaren 17ko 39/1997 Errege Dekretuan ezarritakoa baino.
Hezkuntza sistemako lanbide heziketaren antolamendu orokorra ezartzen duen uztailaren 29ko 1147/2011 Errege Dekretuak, 23. artikuluan, ezartzen du Lanerako Prestakuntza eta Orientazioa lanbide moduluak bere baitan hartuko duela laneko arriskuen prebentzioari buruzko prestakuntza, beste lanbide modulu batzuetan ere zeharka lantzen ahal bada ere, lanbide profilaren berezko ezaugarrien testuinguruaren arabera. Hezkuntza sistemako Lanbide Heziketak helburu du, besteak beste, ikasleek beharrezko gaitasun profesionalak, pertsonalak eta sozialak eskuratzea laneko eta ingurumeneko arriskuak prebenitzeko eta segurtasun eta osasun aldetik baldintza egokietan lan egiteko neurriak hartzeko. Hori dela eta, bidezkoa da erraztasunak ematea ziurtagiria eskuratzeko prebentzio jardunaren oinarrizko mailaren eginkizunak betetzeko, zeinak enpresako langile guztiei baitagozkie. Eginkizun horien artean honako hauek daude: oinarrizko prebentzio jardunak, arriskuen oinarrizko ebaluazioak egitea, eta, kasua bada, izaera bereko prebentzio neurriak hartzea, norberaren prestakuntza mailarekin bateragarriak, eta larrialdi kasuetan eta lehen sorospenak egiteko jardutea.
Horregatik guztiagatik, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1.g) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,
AGINDU DUT:
Lehenengo artikulua .Helburua eta aplikazio eremua.
Foru agindu honek helburu du prozedura arautzea laneko arriskuen prebentzioaren oinarrizko mailako prestakuntza egiaztatzeko, Lanbide Heziketako erdi mailako edo goi mailako heziketa zikloak egiten dituzten ikasleentzat, heziketa zikloak Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren babesean argitaratu badira. Prozedura aplikatzekoa izanen da Nafarroako Foru Komunitatean irakaskuntza horiek ematen dituzten ikastetxe publiko eta pribatu guztietan.
Bigarren artikulua .Prestakuntzaren ziurtagiria eskuratzeko betebeharrak.
1. Honako hauek lor dezakete laneko arriskuen prebentzioaren oinarrizko mailako prestakuntzaren ziurtagiria: Lanerako Prestakuntza eta Orientazioa modulua gainditu dutenak Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren hezkuntza sistemako Lanbide Heziketako erdi mailako edo goi mailako prestakuntza ziklo batean.
2. Ikasleak prestakuntza dualaren eskaintza egiten badu lehenengo edo bigarren ikasmailan, laneko arriskuen prebentzioaren prestakuntza kasuan kasuko ikasmailaren hasieran eginen da, laneko arriskuen prebentzioari buruzko prestakuntza unitatean gainditzean lor dezan laneko arriskuen prebentzioaren oinarrizko mailaren prestakuntzaren ziurtagiria. Prestakuntza unitatearen edukiak foru agindu honen 1. eta 2. eranskinetan daude jasota, kasua zein den.
Hirugarren artikulua .Prestakuntzaren ziurtagiria.
1. Laneko arriskuen prebentzioaren oinarrizko mailako prestakuntzaren ziurtagiria foru agindu honen 1. eta 2. eranskinetako ereduei jarraituz emanen da, kasua zein den, ikaslea Lantokiko Prestakuntza modulua egiteko moduan dagoenean, betiere, foru agindu honetan ezartzen diren baldintzak betetzen badira. Kasuan kasuko ikasketa espedientean jasoko da noiz eman zen ziurtagiria.
2. Ikasleak zein ikastetxe publikotan edo pribatu itundutan gainditu duen Lanerako Prestakuntza eta Orientazioa lanbide modulua, horretako idazkaritzak emanen du ziurtagiria.
3. Ikastetxe pribatuen kasuan, ikasleak zeinetan gainditu duen Lanerako Prestakuntza eta Orientazioa lanbide modulua, hori atxikita dagoen ikastetxe publikoak emanen du ziurtagiria.
4. Ziurtagiriaren ifrentzuan, jasotako prestakuntzaren iraupena eta edukiak jasoko dira, eta horien artean, gutxienez, foru agindu honen 1. eta 2. eranskinetakoak agertuko dira.
Laugarren artikulua .Programazioak.
1. Prebentzio zerbitzuen erregelamendua onesten duen urtarrilaren 17ko 39/1997 Errege Dekretuaren IV. eranskinean xedatutakoari jarraituz, oinarrizko mailako eginkizunak betetzeko prestakuntza programaren gutxieneko edukia 50 edo 30 ordukoa da, kasua zein den, eta foru agindu honen 1. eta 2. eranskinetako ifrentzuan agertzen dira.
2. Lanerako Prestakuntza eta Orientazioa lanbide moduluaren programazio didaktikoek curriculumaren egokitzapen beharrezkoak bilduko dituzte, ezarritako curriculum ofiziala aldatu gabe, laneko arriskuen prebentzioari buruzko edukiak Prebentzio zerbitzuen erregelamendua onesten duen urtarrilaren 17ko 39/1997 Errege Dekretuaren IV. eranskinean ezarritako prestakuntzara egokitzeko.
Bosgarren artikulua .Ondorio profesionalak.
Foru agindu honi jarraituz ematen diren ziurtagiriek gaitasuna emanen diete interesdunei laneko arriskuen prebentzioaren arloan aplikatu beharreko indarreko araudian ezarritako eginkizunetan jarduteko, zehatzago, Prebentzio zerbitzuen erregelamendua onesten duen urtarrilaren 17ko 39/1997 Errege Dekretuaren 35. artikuluan ezarritako horietan, betiere erregelamendu horretan ezarritako gainerako baldintzak betetzen badira.
Xedapen iragankorra .Aurreko ikasmailetan jasotako prestakuntza egiaztatzea.
Lanerako Prestakuntza eta Orientazioa lanbide modulua foru agindu honek indarra hartu aurreko ikasmailetan gainditu duten ikasleei laneko arriskuen prebentzioaren oinarrizko mailako prestakuntza egiaztatzeko, interesdunak eskatu ondoan emanen du ziurtagiria ikastetxeak, zeinetan egin baitzen Lanerako Prestakuntza eta Orientazioa lanbide modulua Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren babesean ezarritako hezkuntza sistemako Lanbide Heziketako erdi edo goi mailako prestakuntza ziklo batean, foru agindu honen hirugarren artikuluan jasotzen den bezala.
Azken xedapenetan lehena .Arauak emateko gaitasuna.
Hezkuntza sistemako Lanbide Heziketaren arloan eskuduna den zuzendaritza nagusiari baimena ematen zaio behar diren neurri guztiak har ditzan foru agindu hau gauzatzeko.
Azken xedapenetan bigarrena .Indarra hartzea.
Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.
Iruñean, 2017ko martxoaren 6an.-Hezkuntzako kontseilaria, José Luis Mendoza Peña.
1. ERANSKINA
2. ERANSKINA
Iragarkiaren kodea: F1702958