(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

29/2016 FORU LEGEA, abenduaren 28koa, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea aldatzen duena.

BON N.º 251 - 31/12/2016



Texto

Foru lege honen xedea da Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea hein batean aldatzea, lau helbururekin.

Lehendabizi, foru legearen asmoa da berrestea “itzaleko bidesaria” delakoa duten autobiak lurraren kontribuzioa ordaintzera behartuta daudela; horretarako, araudia argitzen du, gaiari buruz dagoen desadostasun juridikoa amaiarazteko, zeina islatzen baita gaur egun gauzatzen ari diren zenbait prozedura judizialetan. Aipatu autobiez gain, itzaleko bidesaria delakoa daukaten beste azpiegitura batzuk ere lurraren kontribuzioari lotuta geldituko dira.

10/2013 Foru Legeak Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 134. artikuluan egindako aldaketak argi utzi bazuen ere legegile nafarraren asmoa, itzaleko bidesaria delakoa daukaten autobiak lurraren gaineko kontribuzioari lotzekoa, kontua da haren hitzek zenbait zehazgabetasun dituztela, zuzendu beharrekoak direnak, gaur egungo gatazka judizialak bukatuko badira.

Bigarrenik, jarduera ekonomikoen gaineko zergaren hainbat aspektu berritzera dator, zergaren Erregistroaren publikotasunari eta osaerari buruz, bai eta haren edukiari buruz ere. Testuinguru horretan, zehaztu egiten da zein datu diren, subjektu pasiboarenak eta jarduera ekonomikoarenak, Erregistroaren zentsuetan agertu beharrekoak. Urteko Erregistroaren publikotasunari dagokionez, zenbait berrikuntza garrantzitsu egin dira: aipatu Erregistroa ez zaio Udalari igorriko hark jendaurrean jartzeko, baizik eta Interneten ikusgai jarriko da; gainera, publikotasunak ez du denbora mugarik izanen, urteko Erregistroaren edukia urte osoan zehar kontsultatzen ahalko baita web-orrian; halaber, ahalbidetuko da Jarduera Ekonomikoen Erregistroan jasota dauden hurrengo datuak bide beretik ikustea, kontsulta egiten den unean: jarduera ekonomikoak burutzen dituzten subjektu pasiboak identifikatzekoak eta jardueraren helbidea eta epigrafea edo azpiepigrafea.

Bestetik, udalei esleitzen zaie jarduera ekonomikoen gaineko zergaren ikuskatzea, nahiz eta zeregin hori Nafarroako Zerga Ogasunarekin partekatuta izanen duten. Horrela, aipatu entitateek behar bezala betetzen ahalko dituzte beren eskumenak: udalek, zergaren likidazioari eta Erregistroa etengabe eguneratzen laguntzeari dagokienez; Nafarroako Zerga Ogasunak, Erregistroa osatzeari eta jarduera ekonomikoen kuotak kalifikatzeari eta jartzeari dagokienez.

Foru legeak aintzat hartuta Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergaren Erregistroak berebiziko garrantzia duela bi erakundeentzat, jakintzat ematen da udalen eta Nafarroako Zerga Ogasunaren eskumen-jardunaren hobekuntza horrek funtsezko beste ondorio bat izanen duela: eraginkortasun handiagoa iruzur fiskalaren eta ezkutuko ekonomiaren aurkako borroka bateratuan.

Bestetik, trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zergaren tarifak eguneratu egiten dira, azken urteotan erabili diren irizpide berei jarraituz.

Azkenik, funtsezko aldaketak egin dira zergadunaren ordezkoaren figuran, hirilurren balio igoeraren gaineko zergari dagokionez.

Jakina denez, foru legeriak ezartzen du ezen, lur-eskualdaketetan edo jabetza mugatzen duten gozamen-eskubide errealen kostu bidezko eskualdatzean nahiz eraketan, subjektu pasibo dela lurraren eskualdatzailea edo kasuko eskubide erreala eratzen edo eskualdatzen duen pertsona, zergadun gisa. Dena dela, kasu horietan, eskuratzailea zergadunaren ordezko izanen da, salbu eta eskuratzaile horrek salbuespen subjektiboa duen kasuetan.

Araudi horri jarraituz, Udalak zuzenean jo behar du ordezkoarengana, zerga-bilketa egiteko. Beraz, eskuratzaileak edo erosleak ope legis ordezten du saltzaile-zergaduna; hau da, legearen indarrez, beharrezkoa izan gabe alderdien artean itun pribaturik egin izana zergaren ordaintzaile eroslea izateari buruz.

Egoera horrek, zerga-kudeaketa eta -bilketa errazten baititu, disfuntzio eta irregulartasun ugari ekarri ditu, eta askotan eta fundamentuz salatu izan dituzte horiek Arartekoak, doktrinak eta jurisprudentziak. Foru legeak egoera hori konpondu nahi du eta, gure inguruko tributu araudiek bezala, hirilurren balio igoerari buruzko zergan kostu bidezko negozio juridikoetako ordezkoaren figura mugatu egiten du halako kasuetara non lurra saltzen duen zergaduna edo kasuko eskubide erreala eratzen edo eskualdatzen duen pertsona Espainian bizi ez den pertsona fisiko bat den. Hortaz, lurra eskuratzen duen edo eskubide erreala bere alde eratzen edo eskualdatzen den pertsona kasu horietan bakarrik izanen da ordezko.

Hori galarazi gabe, dagoen moduan mantentzen da ordezkoaren figura, finantza-entitate bat denean etxebizitza eskuratzen duena, judizio barneko nahiz kanpoko hipoteka-betearazpen batean.

Artikulu bakarra.–Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen honako artikuluek testu hau izanen dute:

Bat.–134.3.a) artikulua.

“a) Errepideak, bideak, lur gaineko bestelako bideak eta ur jabari publikoko ondasunak, betiere erabilera edo aprobetxamendu publikoa eta doakoa baldin badute. Itzaleko bidesaria delakoa daukaten autobiak eta bestelako azpiegiturak zergari lotuta egonen dira”.

Bi.–134.4 artikulua.

“4. Nafarroako Lurralde Aberastasunaren Erregistroari eta Katastroei buruzko azaroaren 21eko 12/2006 Foru Legearen 34. artikuluari jarraituz, Nafarroako Gobernuak zilegi izanen du udalez gaindiko balorazio partzial baterako lantalde bat onestea, bi udal mugarte edo gehiago ukitzen dituzten azpiegiturei balio bat eman ahal izateko metodo eta parametroak ezartzeko”.

Hiru.–156. artikulua.

“1. Udalek kudeatuko dute zerga, Jarduera Ekonomikoen Erregistrotik abiatuta.

Erregistro hori urtero osatuko da udal mugarte bakoitzerako, eta halako zentsuz osatuta egonen da non jasoko baitira jarduera ekonomikoak egiten dituzten subjektu pasibo guztien identifikazio-datuak eta helbide fiskala, jardueraren helbidea eta epigrafea edo azpiepigrafea, eta ordaintzen duten zergaren kuota (nazionala, lurraldekoa edo udalean gutxienekoa).

Urte bakoitzeko Erregistroa aurreko urteko abenduaren 31n itxiko da, eta urte horretan izandako alta, aldaketa eta bajak jasoko ditu, barne direla urtarrilaren 31 arte aurkeztuak izanik urtarrilaren 1a baino lehenagoko egitateei buruzkoak diren aitorpenen ondoriozkoak.

2. Urteko Erregistro hori jendearen eskura egonen da urte natural osoan Nafarroako Zerga Ogasunaren web-orrialdean.

Aurreko lerroaldean ezarritakoa galarazi gabe, zilegi izanen da bide beretik eskuratzea hurrengo datuak ere, kontsulta egiteko unean Jarduera Ekonomikoen Erregistroan jasota daudenak: jarduera ekonomikoak egiten dituzten subjektu pasiboak identifikatzekoak, eta jardueraren helbidea eta epigrafea edo azpiepigrafea”.

Lau.–157.3 artikulua.

“3. Hurrengo artikuluko 3. idatz-zatian xedatutakoa galarazi gabe, zergaren erregistroaren osaketaz Nafarroako Zerga Ogasuneko organo eskudunak arduratuko dira. Orobat, aipatu organoek eginen dute jarduera ekonomikoen kalifikazioa eta kasuko kuoten zehaztapena, eta jarduerak kalifikatzeko eta kuotak zehazteko egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da urteroko urtarrilean, Ogasun arloan eskumena duen departamentuaren titularrari zuzenduta”.

Bost.–158.3 artikulua.

“3. Bai Foru Komunitateko Zerga Administrazioko organo eskudunek bai lotutako jarduerak garatzen diren udal mugarteko udalekoek, zeinek bere eskumena behar bezala baliatzeko beharrezko ikuskatze jarduketak egiten ahalko dituzte; bereziki, Jarduera Ekonomikoen Erregistroa uneoro eguneratzeko beharrezkoak direnak. Lurraldeko edo Estatuko kuoten araberako zerga-ordainketaren kasuan, eskumena dagokio subjektu pasiboak non duen ohiko etxebizitza edo helbide fiskala, hango udalari.

Baldin eta udal eskudunak, egiaztatze eta ikertze urrats egokiak egin ondoren, jakiten badu subjektu pasiboak hasi, aldatu edo bukatu egin duela aitortu gabe dagoen zergapeko jarduera baten egitea, urrats horien emaitza jakinaraziko dio, eta hamabost eguneko epea emanen, bere eskubidearentzat komenigarritzat jotzen dituen alegazioak egin ditzan. Epe hori iraganik, eta egiten diren alegazioak ikusita, udalak, zer den bidezkoa, Jarduera Ekonomikoen Erregistroan sartu, aldatu edo bertatik kenduko du behar dena; orobat, dagozkion zerga likidazioak eginen ditu. Ofizioz egiten diren sartze, kentze edo aldatze horiek erregistro- eta likidazio-alorretako ondorioak izaten ahalko dituzte preskribatu gabeko zergaldiei dagokienez, eta 155.2 artikuluan ezarritakoa aplikatuko da.

Bai aipatu erregistro-egintzak bai likidaziokoak subjektu pasiboari jakinaraziko zaizkio, eta 21. artikuluan aurreikusitakoaren arabera aurkaratzen ahalko dira.

Modu berean eta ondorio berekin, Foru Komunitateko Zerga arloko Administrazioko organo eskudunek bidezkoa den sartze, aldatze edo kentzea egiten ahalko dute Jarduera Ekonomikoen Erregistroan, aurreko lerroaldean aurreikusitako prozedura bera baliatuz. Aurreko artikuluaren 3. idatz-zatian xedatutakoaren arabera gauzatuko dira erregistro-egintzen aurkako errekurtsoak; errekurtso horiek hilabeteko epean jarri beharko dira, jakinarazpenetik aurrera.

Foru Komunitateko zerga arloko administrazioek eta Nafarroako toki entitateek berehala emanen diote elkarri zeinek bere jarduketen emaitzen berri”.

Sei.–162.1 artikulua. Trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zerga.

“1. Zerga eskatuko da tarifa hauei jarraikiz:

Kuotak:

a) Turismoak:

–8 zaldi fiskal baino gutxiago: 19,42 euro.

–8tik 12 zaldi fiskal bitarte: 54,61 euro.

–12 zaldi fiskaletik 16ra bitartean: 116,48 euro.

–16 zaldi fiskal baino gehiago: 145,65 euro.

b) Autobusak:

–21 leku baino gutxiago: 135,89 euro.

–21 lekutik 50era bitartean: 194,16 euro.

–50 leku baino gehiago: 242,71 euro.

c) Kamioiak:

–1.000 kg-tik beherako karga erabilgarria: 68,02 euro.

–1.000 kg-tik 2.999 kg bitarteko karga erabilgarria: 135,89 euro.

–2.999 kg-tik 9.999 kg-ra bitarteko karga erabilgarrria: 194,16 euro.

–9.999 kg-tik gorako karga erabilgarria: 242,71 euro.

d) Traktoreak:

–16 zaldi fiskal baino gutxiago: 33,36 euro.

–16tik 25 zaldi fiskal bitarte: 66,69 euro.

–25 zaldi fiskal baino gehiago: 133,23 euro.

e) Atoiak eta erdi-atoiak:

–1.000 kg-tik beherako karga erabilgarria: 34,04 euro.

–1.000 kg-tik 2.999 kg bitarteko karga erabilgarria: 68,02 euro.

–2.999 kg-tik gorako karga erabilgarria: 135,89 euro.

f) Bestelako ibilgailuak:

–Ziklomotorrak: 4,89 euro.

–125 cc bitarteko motozikletak: 7,34 euro.

–125 cc-tik gora 250 cc-ra bitarteko motozikletak: 12,17 euro.

–250 cc-tik gora 500 cc-ra bitarteko motozikletak: 24,00 euro.

–500 cc-tik gora 1.000 cc-ra bitarteko motozikletak: 48,02 euro bakoitzeko.

–1.000 cc-tik gorako motozikletak: 96,03 euro”.

Zazpi.–174.1.b) artikulua.

“b) Lurrak eskualdatzen edo jabaria mugatzen duten eskubide errealak eratu edo eskualdatzen direnean, kostu bidez, lurraren eskualdatzailea edo kasuko eskubide erreala eratzen edo eskualdatzen duen pertsona.

Letra honetan aipatzen diren kasuetan, lurraren eskuratzailea edo delako eskubide erreala noren alde eratzen edo eskualdatzen den, huraxe hartuko da zergadunaren ordezko subjektu pasibotzat; betiere, zergaduna Espainian bizi ez den pertsona fisikoa denean.

Aurreko lerroaldean xedatutakoaren arabera eskuratzailea zergadunaren ordezko denean, eskualdatzaileari betiere jasanarazten ahalko dio kargaren zenbatekoa”.

Zortzi.–174.2 artikulua.

“2. Hipoteka-zordunek ohiko etxebizitzaren gainean egiten dituzten eskualdaketetan, baldin eta etxebizitza hori subjektu pasiboak bere titulartasunpean duen bakarra bada, higiezina eskuratzen duen entitatea zergadunaren ordezkoa izanen da, eta ezin izanen dio kargaren zenbatekoa jasanarazi zergadunari, honako kasu hauetan:

a) Finantza-entitate batek eskatuta abiarazitako prozedura judizial batean.

b) Etxebizitza notario bidez judizioz kanpo saltzen den kasuetan (Hipoteka Legearen 129. artikulua).

c) Etxebizitza ordainean ematen denean, hipoteka-zordunak finantza-entitate batekin hipoteka-betearazpenaren ordezko neurri gisa erdietsitako akordioen ondorioz.

d) Etxebizitza finantza-entitate hartzekodun baten, haren higiezin-filialen edo haren aktibo-kudeaketarako entitateen alde eskualdatzen den gainerakoetan, zeinak Kreditu-erakundeak berregituratu eta konpontzeari buruzko azaroaren 14ko 9/2012 Legean definitzen baitira”.

Bederatzi.–174.3 artikulua.

“3. Hipoteka betearazpen judizial edo ez-judizial bat egiten ari den bitartean hipoteka-zordunek ohiko etxebizitzaz beste ondasunak direla-eta egindako eskualdaketetan, konkurtso-prozeduraren esparruan, higiezina eskuratzen duen finantza-entitatea zergadunaren ordezkotzat joko da, eta hari ordainarazten ahalko zaio haren kargaren zenbatekoa”.

Hamar.–178.6 artikulua.

“6. Artikulu honen 1. idatz-zatian xedatutakoa gorabehera, halaber behartuta dago zerga-egitatea gertatzearen berri Udalari ematera, subjektu pasiboen epe beretan:

a) Emailea edo kasuko eskubide erreala eratzen edo eskualdatzen duen pertsona, foru lege honen 174.1 artikuluaren a) letran aipatutako kasuetan; betiere, bizidunen arteko negozio juridikoaren bidez gertatu badira.

b) Eskuratzailea edo kasuko eskubide erreala bere alde eratzen edo eskualdatzen den pertsona, aipatu artikuluaren b) letran jasotako kasuetan”.

Azken xedapenetan lehena .–Arauak emateko ahalmena.

Nafarroako Gobernuak foru lege hau garatu eta aplikatzeko behar diren xedapen guztiak emanen ditu.

Azken xedapenetan bigarrena .–Indarra hartzea.

1. Foru lege honek 2017ko urtarrilaren 1ean hartuko du indarra.

2. Dena dela, 158.3 artikuluan xedatutakoa udalek 2017ko urtarrilaren 1aren ondoren hasten dituzten ikuskatze prozeduretan aplikatuko da, baina eragina izaten ahalko dute prozeduraren hasieran preskribatu gabe dauden zerga-egitateetan.

3. 174.1.b), 174.2 eta 178.6 artikuluetan xedatutakoa 2017ko urtarrilaren 1etik aurrera sortzen diren zerga-egitateei aplikatuko zaie.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako Aldizkari Ofizialean berehala argitara eta “Estatuko Aldizkari Ofizialera” igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezatela manatzen diet.

Iruñean, 2016ko abenduaren 28an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Uxue Barkos Berruezo.

Iragarkiaren kodea: F1614853

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web