(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

27/2016 FORU LEGEA, abenduaren 28koa, Nafarroako Foru Komunitatean Jokoaren gaineko Tributuak arautzen dituena Nota de Vigencia

BON N.º 251 - 31/12/2016; corr. err., BON 18/01/2017



  LEHENENGO KAPITULUA. Zozketen, tonbolen, apustuen eta ausazko konbinazioen bidezko jokoaren gaineko tributuak eta zori, enbido eta ausazko jokoen gainekoak


  BIGARREN KAPITULUA. Joko jardueren gaineko zerga


ZIOEN AZALPENA

Jokoaren gaineko tributuen ordainarazpenean zehaztasunez mugatu behar dira Foru Komunitatearen eskumenak eta Estatuarenak.

Jokoa arautzen duen maiatzaren 27ko 13/2011 Legean ezartzen dira Estatuaren eskumenak. Lege horrek Estatuari esleitzen dizkio bitarteko elektroniko, informatiko, telematiko eta interaktiboen bidez gauzatzen diren joko jardueren gaineko eskumenak. Horrez gain, Estatuak estatu mailako loterien joko jardueran duen erreserbari eusten dio, Estatuko Loteria eta Apustuen Estatu Sozietatearen eta ONCE-Espainiako Itsuen Erakunde Nazionalaren alde.

Bere aldetik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 44.16 artikuluak kasino, joko eta apustuen arloko eskumen osoak esleitzen dizkio Nafarroako Foru Komunitateari, kirol eta ongintzaren arloko elkarrekiko apustuak salbuetsita.

Eskumen esklusibo hori garatzeko, Jokoari buruzko abenduaren 14ko 16/2006 Foru Legearen 1. artikuluak mota guztietako joko eta apustuak arautzen ditu Nafarroako Foru Komunitatearen eskumenen arloan.

Aipatu eskumenen mugaketarekin bat, Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Hitzarmen Ekonomikoaren 40. artikuluak Nafarroaren eskumenak arautzen ditu jokoaren gaineko tributuei dagokienez. Zehazki, haien ordainarazpenari eta kasu bakoitzean aplikatu beharreko araudiari dagokienez.

Hortaz, 40. artikuluaren 1. eta 2. idatz-zatietan konexio puntuak ezartzen dira Foru Komunitatearen tributu arloko eskumenak finkatzeko, joko presentzialei edo Foru Komunitatearen lurraldean bakarrik garatzen diren jokoei dagokienez.

Horrekin bat, 40. artikuluaren 1. idatz-zatian ezartzen da ezen zori, enbido eta ausazko jokoetan Foru Komunitateari dagokiola ordainarazpena, zerga-egitatea Nafarroan gertatzen bada.

Zozketa, tonbola, apustu eta ausazko konbinazioen gaineko tributuei dagokienez, artikulu horren 2. idatz-zatian xedatutakoarekin bat, Foru Komunitateari dagokio ordainarazpena, baldin eta baimena Nafarroan eman behar bada.

Horrez gain, 40. artikuluaren 6. idatz-zatiaren ondorioz, 1. eta 2. idatz-zati horietan aipatzen diren tributuetan, Foru Komunitateak bere araudi propioa eman ahalko du, baina zerga-egitatea eta subjektu pasiboa Estatuak une bakoitzean ezartzen dituenak izanen dira.

Bestalde, 40. artikuluaren 3., 4., 5., 7. eta 8. idatz-zatiek Nafarroako Foru Komunitatearen eskumena mugatzen dute Estatuaren eskumeneko joko jardueren gaineko zerga ordainarazteko, hau da, aipatu 13/2011 Legeak arautzen dituen jardueren gainekoa.

Horretan guztian oinarrituta, foru lege honek Estatuarekin izenpetutako Hitzarmen Ekonomikoak Nafarroari arlo honetan esleitzen dizkion eskumen zabalak erabiltzen ditu. Eskumen horiek, orain arte, jokoen gaineko tributu batzuen zerga-oinarriak eta karga-tasak onesteko erabili dira bakarrik, Zenbait zerga aldatu eta beste tributu-neurri batzuk hartzen dituzten 23/2010 eta 20/2011 Foru Legeetan (azkena indarrean dago), baina tributu horiek erabat arautu gabe. Alderdi orokor batzuk ere jorratzen dira arau honetan, subjektu pasiboen betebehar material eta formalei eta tributu arloko arau-hauste eta zehapenei lotuak, eta behar diren gaikuntzak eta igorpenak egiten dira.

Azken batean, foru lege honen helburua beste pauso bat ematea da Nafarroako Foru Komunitateari esleitutako araugintzarako eta zerga kudeaketarako eskumen ugarien zerrenda garatu eta burutzeko prozesuan.

Foru lege hau hamabost artikuluz, xedapen indargabetzaile batez eta bi azken xedapenez osatuta dago. Bi kapitulu dauzka. Lehenbizikoan zozketen, tonbolen, apustuen eta ausazko konbinazioen bidezko jokoen gaineko tributuak eta zori, enbido eta ausazko jokoen gainekoak arautzen dira; bigarrenean, joko jardueren gaineko estatuko zergaren ordainarazpena jorratzen da.

Estatuarekin izenpetutako Hitzarmen Ekonomikoan ezarritakoarekin bat, arauaren aplikazio eremua eta tributuen zerga-egitateak zehazten dira. Salbuespenak arautu ondoren, joko modalitate bakoitzaren zerga-oinarria zehazten da, eta karga-tasak finkatzen dira.

Arau berriak sartzen dituen bi aldaketa nabarmenenak dira bingoaren karga-tasa jaistea (100eko 25etik 100eko 20ra) eta apustuen karga-tasa igotzea (100eko 10etik 100eko 12ra).

LEHENENGO KAPITULUA. Zozketen, tonbolen, apustuen eta ausazko konbinazioen bidezko jokoaren gaineko tributuak eta zori, enbido eta ausazko jokoen gainekoak

1. artikulua. Aplikazio esparrua.

Hitzarmen Ekonomikoaren 40. artikuluaren 1. eta 2. idatz-zatietan xedatutakoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateari kasu hauetan dagokio tributuen ordainarazpena:

a) Zozketen, tonbolen, apustuen eta ausazko konbinazioen bidezko jokoetan, baimena Nafarroan eman behar denean.

b) Zori, enbido eta ausazko jokoetan, zerga-egitatea Nafarroan gertatzen denean.

2. artikulua. Zergaegitatea.

Jokoaren gaineko tributuen zerga-egitatea da Nafarroako Joko eta Apustuen Katalogoan sartutako joko jarduerak baimendu, antolatu edo gauzatzea.

3. artikulua. Salbuespenak.

Tributu hauetatik salbuetsita dago joko hauek baimendu, antolatu edo gauzatzea:

a) Irabazi-asmorik gabeko entitateek antolatutako zozketak eta tonbolak, baldintza hauek betetzen badituzte:

–Fundazioen eta Babes Jardueren Tributu Araubidea erregulatzen duen uztailaren 2ko 10/1996 Foru Legean aurreikusitako zerga araubidea aplikatu behar bazaie.

–Joko jardueran lortutako diru-sarrera garbia bere helburu soziala edo berariazko helburua osatzen duten jardueretara bideratzen badute. Diru-sarrera garbitzat hartuko da jokotik lortutako diru-sarreren zenbateko osoa ken jokalariei irabazi edo sari gisa emandako zenbatekoa.

–Jokoaren antolaketa edo gauzatze bakoitzean eskaintzen diren sarien zenbateko osoa 10.000 eurotik beherakoa bada.

b) Gehienez 1.800 euroko zerga-oinarria duten zozketak, tonbolak eta ausazko konbinazioak. Zenbateko hori banaka zenbatuko da, antolatutako edo gauzatutako jarduera bakoitzeko.

4. artikulua. Subjektu pasiboak.

1. Joko enpresak eta joko eta apustuak antolatu eta ustiatzeko baimenen titularrak diren pertsona fisiko edo juridikoak dira subjektu pasiboak.

2. Bestela, besteak beste joko jarduerak gauzatzen edo antolatzen dituzten pertsona fisiko edo juridikoak izanen dira subjektu pasiboak.

5. artikulua. Sortzapena.

1. Oro har, jokoaren gaineko tributuak baimenarekin edo, hala bada, komunikazioarekin sortzen dira. Bestela, jokoaren antolaketarekin edo gauzatzearekin sortuko dira.

2. Aldi baterako baimen, gauzatze edo antolaketa bada, urte natural bakoitzaren lehenbiziko egunean sortuko da, salbu eta baimena lortzen den urtean, sortzapena baimenaren egunean sortuko baita.

3. Bingo jokoaren kasuan, baimen administratiboaren entitate titularrari edo bingo jokoa kudeatzen duen zerbitzuen enpresari kartoiak ematen zaizkien unean sortzen da tributua.

Hala ere, kartoi birtual edo elektronikoen bidezko bingo jokoan, bingo aretoan ematen diren unean sortuko da tributua.

4. 9. artikuluaren 5. idatz-zatian xedatutakoa galarazi gabe, makinen edo tresna automatikoen bidezko jokoan, ustiapena baimendu ondoren eta baimenaren hurrengo urteei dagokienez, urte bakoitzeko urtarrilaren 1ean sortuko da tributua.

Urtarrilaren 1ean baimena baja administratiboaren egoeran badago, tributua ez da sortuko baimen hori birgaitu arte.

Makina bat kendu eta, aldi berean, antzeko ezaugarriak dituen mota bereko beste bat jartzen bada, ez da kuota berririk sortuko.

6. artikulua. Zerga oinarria.

1. Zerga-oinarria honako hau izanen da:

a) Kasino jokoetan, jokotik lortzen diren diru-sarrera garbiak. Diru-sarrera garbitzat hartuko da jokotik lortutako diru-sarreren zenbateko osoa ken operadoreak jokalariei irabazi edo sari gisa emandako zenbatekoa. Diru-sarrera horietan ez da zenbatuko jokorako erreserbatutako aretoetan sartzeko ordaindu beharrekoa.

b) Bingo jokoan, jokalariek jokoan parte hartzeko ematen dituzten zenbatekoen batura ken sarietarako zenbatekoa.

c) Makina edo tresna automatikoen ustiapenaren bidezko jokoan, ustiapenaren xedeko makinen edo tresna automatikoen kopurua.

d) Apustuen bidezko jokoan, apustutako zenbatekoen batura ken jokalariek lortutako sarien zenbatekoa.

Apustu gurutzatuetan subjektu pasiboen diru-sarrera propioak jokatutako zenbatekoak ez badira eta, besterik gabe, apustua irabazi duten jokalariei helarazten badizkiete, komisioek eta jokalariek joko jarduerei lotutako zerbitzuengatik pagatutako zenbatekoek osatuko dute zerga-oinarria.

Hala ere, pilota partidetan edo landa edo toki izaera duten bestelako kirol-jarduera edo txapelketetan egindako apustuei dagokienez, urtero antolatzen diren partida edo jardunaldi kopurua izanen da zerga-oinarria, betiere apustuak jarduera horiek gauzatzen diren tokian bertan soilik egiten badira eta kanpoan egindako apustuekin batzen ez badira.

e) Txartelen eta loterien bidezko jokoan, jokalariek billete edo txartelengatik ordaindutako zenbatekoen batura, kenkaririk gabe. Baimen administratiborik gabeko billete edo txartelen bidezko jokoa antolatzen edo gauzatzen bada, jaulkitako txartelen prezioen batuketa osoa izanen da zerga-oinarria.

f) Zozketen eta tonbolen bidezko jokoan, eskainitako billeteen edo txartelen zenbatekoen batuketa osoa. Euskarri fisikorik ez bada, lortutako diru-sarreren zenbateko osoa.

g) Ausazko konbinazioen bidezko jokoan, parte hartzaileei eskainitako sarien balioa. Ondorio horietarako, sarien balioa haien merkatu balioa izanen da, gehi saria eskuragarri jartzeko behar diren gastu guztien batuketa.

2. Zerga-oinarria zehazteko, oro har zuzeneko zenbatespeneko araubidea erabiliko da.

Zenbatespen objektiboko araubidearen bidez eta hitzarmenaren bidez ere zehazten ahalko da zerga-oinarria, erregelamenduz ezarritako moduan. Kasu horietan, ikur, indize edo modulu gisa, billeteen, txartelen edo partaidetza frogagirien kopurua eta balioa erabiliko dira, jaulki diren bitartekoa eta sarien zenbatekoa edozein direlarik ere, bai eta jarduera egunen kopurua edo jarduera gauzatzen den herriaren herritar kopurua ere.

3. Lortuko diren diru-sarrerak aurretik jakitea edozein arrazoirengatik ezinezkoa bada, behin-behineko likidazioa egiten ahalko da, lortzen ahal diren diru-sarreren arabera, lortutako diru-sarreren behin betiko zenbatekoa ziurtatu ondoren bidezko den tributu likidazioa galarazi gabe.

7. artikulua. Kasino jokoei aplikatu beharreko kargatasa.

Kasino jokoetan urteko tarifa hau aplikatuko da:

BI ZENBATEKO HAUEN ARTEKO ZERGA-OINARRI TARTEA

TASA (%)

0 eurotik 1.322.226,63 eurora

20

1.   322.226,64 eurotik 2.187.684,06 eurora

35

2.   187.684,07 eta 4.363.347,88 bitartean

45

4.   363.347,88 eurotik gora

55

Tarifan ezarritako tarteak independenteak dira, eta horregatik zerga-oinarriaren zati bakoitzak dagokion tarterako ezarritako tasaren arabera ordainduko du zerga.

8. artikulua. Bingo jokoari aplikatu beharreko kargatasa.

Bingo jokoari aplikatu beharreko karga-tasa 100eko 20 izanen da.

9. artikulua. Makina edo tresna automatikoen ustiapenaren bidezko jokoetan aplikatu beharreko kuotak.

1. Jokatzeko prestatutako makinak edo tresnak ustiatzen badira, kuota zehaztuko da makinen sailkapenaren arabera. Sailkapen hori kasu bakoitzean aplikatu beharreko araudiaren arabera eginen da.

2. “B” motako makinak edo saria duten jolas-makinak:

a) Urteko kuota: 3.000 euro.

b) “B” motako makina edo tresna automatikoak badira eta aldi berean bi jokalarik edo gehiagok parte har badezakete (betiere haietako bakoitzaren jokoa besteek egindakotik independentea bada), urteko kuota honako hau izanen da: 3.000 euro, gehi makinak onartzen duen jokalari kopurua 900 zenbakiarekin biderkatuz ateratzen den emaitza.

c) “B” motako makina edo tresna automatikoak badira eta aldi berean bi jokalarik edo gehiagok parte har badezakete (haietako bakoitzaren jokoa besteek egindakoaren mende badago), urteko kuota honako hau izanen da: 4.020 euro, gehi makinak onartzen duen jokalari kopurua 1.000 zenbakiarekin biderkatuz ateratzen den emaitza.

3. “C” motako makinak edo ausazkoak:

Urteko kuota: 4.020 euro.

4. Saria jenerotan ematen duten jolas-makinak:

Urteko kuota: 100 euro.

5. Ustiatzeko baimena lortzen den urtean berean, edo, kasua bada, baimen hori eten, baliogabetu edo amaitzen denean, kuota hiruhileko naturaletan hainbanatuko da, baimena ematen denetik edo baimen hori eten, baliogabetu edo amaitzen den arte zenbatuz.

10. artikulua. Apustuen bidezko jokoetan aplikatu beharreko kargatasa.

1. Hurrengo idatz-zatian xedatutakoa galarazi gabe, apustuen bidezko jokoei dagokien karga-tasa 100eko 20 izanen da, apustuak egiten diren bitartekoa edozein delarik ere Nota de Vigencia.

2. Kirol edo lehiaketa jardueretan oinarritutako apustuetan, jarduera horiek gauzatzen diren tokian bertan soilik egiten badira eta kanpoan egindako apustuekin batzen ez badira, berariazko kuota hauek aplikatuko dira:

a) Pilota partidetan egindako apustuek 150 euroko kuota finkoa ordainduko dute zerga gisa, antolatutako partida bakoitzeko.

b) Landa edo toki izaera duten bestelako kirol-jarduera edo txapelketetan egindako apustuek 20 euroko kuota finkoa ordainduko dute zerga gisa, antolatutako jardunaldi bakoitzeko, urtean 50 jardunaldi baino gutxiago egiten badira, edo 30 eurokoa, urtean 50 jardunaldi edo gehiago egiten badira.

11. artikulua. Txartelen eta loterien jokoei aplikatu beharreko kargatasa.

Txartelen eta loterien bidezko jokoari aplikatu beharreko karga-tasa 100eko 15 izanen da.

12. artikulua. Zozketen, tonbolen eta ausazko konbinazioen jokoei aplikatu beharreko kargatasa.

1. Oro har, zozketen eta tonbolen jokorako karga-tasa 100eko 15 izanen da.

Hala ere, 100eko 1eko tasa aplikatuko da bi baldintza hauek betetzen dituzten zozketa eta tonboletan:

a) Antolatzailea Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuak, ondorio horietarako, izaera sozialekotzat deklaratutako entitatea izatea, Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen 17.3 artikuluan eta bere erregelamenduaren 6. artikuluan ezarritako betebeharren eta baldintzen arabera.

b) Lortutako diru-sarrera garbia entitate antolatzailearen xedea edo berariazko helburua osatzen duten jardueretara bideratzea.

2. Ausazko konbinazioen jokoaren tributu tasa 100eko 10 izanen da.

13. artikulua. Betebehar formal eta materialak tributuak ordaintzeko.

1. Jokoaren gaineko tributuen subjektu pasiboak behartuta egonen dira ezartzen diren aitorpenak edo autolikidazioak aurkeztera tributu horiengatik. Dagokion tributu zorra aitorpena aurkeztean zehaztuko da, eta Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuaren titularrak, kasu bakoitzerako, ezartzen dituen tokian, moduan eta epeetan ordainduko da.

2. Subjektu pasiboek zehapenen berri emanen diote tributu administrazioari, joko jarduerak egiteko emandako baimenei edo erabilitako lokal edo establezimenduei dagokienez.

3. Jokoaren gaineko tributuen subjektu pasiboek Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuaren titularrak ezartzen dituen erregistro liburuak eraman beharko dituzte.

4. Jokoa bitarteko tekniko, telematiko edo interaktiboen bidez garatzen bada, bitarteko horiek zerga-oinarria zorrozki zehaztea bermatzen duten kontrol elementuak edo prozedura izan beharko dituzte.

14. artikulua. Arauhausteak eta zehapenak.

Jokoaren gaineko tributuei dagozkien arau-hausteak Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorrean xedatutakoaren arabera kalifikatu eta zehatuko dira.

BIGARREN KAPITULUA. Joko jardueren gaineko zerga

15. artikulua. Joko jardueren gaineko zergaren ordainarazpena.

1. Hitzarmen Ekonomikoaren 40. artikuluan xedatutakoarekin bat, Estatuaren eskumeneko joko jardueren gaineko zergaren ordainarazpenean, hau da, Jokoa arautzen duen maiatzaren 27ko 13/2011 Legean arautzen diren jardueren gaineko zergaren ordainarazpenean, Nafarroako Foru Komunitateak Estatuak unean-unean ezarritako arau substantibo eta formal berberak aplikatuko ditu.

2. Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuaren titularrak aitorpena eta ordainketak egiteko ereduak onetsiko ditu, gutxienez ere lurralde erkideko datu berak edukiko dituztenak, eta likidazioaldi bakoitzean ordaintzeko epeak finkatuko ditu, Estatuko Administrazioak ezartzen dituenetatik asko aldendu gabe.

3. Subjektu pasiboek, helbide fiskala edozein tokitan dutela ere, ekitaldian lurralde bakoitzean izandako eragiketen bolumenaren arabera ordainduko dizkiote tributuak administrazio bakoitzari.

Ekitaldian lurralde bakoitzean izandako eragiketen bolumenaren proportzioa zehazteko, kontuan hartuko da Nafarroan eta lurralde erkidean egoiliarrak diren jokalariek jokatutako zenbatekoen garrantzi erlatiboa Proportzio hori aplikatuko zaie, halaber, jokalariaren egoitza identifikatzeko modurik ez duten joko modalitateetan lortutako kuota likidoei, bai eta Espainiako lurraldeko egoiliarrak ez diren jokalarien kuotei ere.

4. Aurreko idatz-zatian xedatutakoa gorabehera, jokalariaren egoitza identifikatu gabe egiten diren apustuetan, kirol eta ongintzaren arloko elkarrekiko apustuetan nahiz estatuko elkarrekiko apustu hipikoetan, zerga Nafarroako Foru Komunitateak ordainaraziko du apustua egiten den saltokia lurralde horretan dagoenean.

5. 1. idatz-zatian xedatutakoa galarazi gabe, Nafarroako Foru Komunitateak karga-tasak handitzen ahalko ditu, Estatuak unean-unean ezarrita dituen tasen ehuneko 20, gehienez ere, egoitza fiskala lurralde horretan duten operadoreek, antolatzaileek edo tributu hauek kargatutako jarduerak garatzen dituztenek gauzatutako jardueren kasuan; igoera aplikatuko zaio, soilik, egoitza fiskala Nafarroako lurraldean dutenek jokoan izandako partaidetzari dagokion zerga-oinarriaren zati proportzionalari.

6. Zergaren ordainarazpena Foru Komunitateari dagokionean, tributuei dagozkien arau-hausteak Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorrean xedatutakoaren arabera kalifikatu eta zehatuko dira.

Xedapen iragankor bakarra.–Entitate sozialek antolatutako tonbolak.

Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuak izaera sozialekotzat deklaratutako entitateek antolatzen dituzten tonbolek, azken bost urteetan salbuetsita egon badira, hobari hau izanen dute hurrengo bost urteetako bakoitzean, 2017etik aurrera:

–2017. urtean, 100eko 90.

–2018. urtean, 100eko 70.

–2019. urtean, 100eko 50.

–2020. urtean, 100eko 30.

–2021. urtean, 100eko 10.

Xedapen indargabetzaile bakarra.–Arauak indargabetzea.

2017ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin, indarrik gabe gelditzen da Zenbait zerga hein batean aldatu eta beste zerga neurri batzuk ezartzen dituen abenduaren 28ko 20/2011 Foru Legearen 10. artikulua.

Azken xedapenetan lehena .–Erregelamendu bidezko garapena.

Nafarroako Gobernuak foru lege hau garatu eta aplikatzeko behar diren xedapen guztiak emanen ditu.

Azken xedapenetan bigarrena .–Indarra hartzea.

Foru lege honek 2017ko urtarrilaren 1ean hartuko du indarra.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako Aldizkari Ofizialean berehala argitara eta “Estatuko Aldizkari Ofizialera” igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezatela manatzen diet.

Iruñean, 2016ko abenduaren 28an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Uxue Barkos Berruezo.

Iragarkiaren kodea: F1614851

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web