(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA

Versión en castellano

103/2016 FORU DEKRETUA, AZAROAREN 16KOA, SEXU- ETA UGALKETA-OSASUNAREN ARLOKO PRESTAZIO SANITARIOEN ANTOLAMENDUA EZARTZEN DUENA.

BON N.º 227 - 24/11/2016



Zioen azalpena

Sexu- eta ugalketa-osasuna pertsonaren garapen fisikoaren, psikikoaren eta sozialaren funtsezko osagaia da, eta, horregatik, osasun publikoaren gainerako eremuetan bezala, ekintza sanitarioaren xedea izanen da, batetik, eritasunaren arriskuak murriztea eta prebentzioa, eta, bestetik, norberaren zainketa bultzatzea eta sexualitatearen ideia harmoniatsua, arduraz eta gozamenez irudikatzea sustatzea, osasunaren beste osagai bat den aldetik, era normalizatuan, estigmarik eta diskriminaziorik gabe.

Osasun Sistema Nazionaleko guztientzako zerbitzuen zorroa eta hura eguneratzeko prozedura ezartzen dituen irailaren 15eko 1030/2006 Errege Dekretuak zehazten du zein diren Osasun Sistema Nazionalak zuzenean eman beharreko prestazioak, honakoak, besteak beste: haurdunaldian, erditzean eta puerperioan arreta ematea, bularreko minbizia eta minbizi ginekologikoa goiz detektatzea, osasun hezkuntza eta osasunaren sustapena, familia plangintza, ernalezintasunaren diagnosia eta tratamendua, jaio aurreko diagnosia eta haurdunaldiaren borondatezko etendura.

Emakumeen sexu- eta ugalketa eskubideek eta autonomia pertsonalak aitortza zabala izan dute; nabarmentzekoak dira Kairoko eta Beijingo konferentziek emandakoa eta Europako Kontseiluaren 2008ko 1607 Ebazpenean jasotakoa.

Berrikiago, Sexu- eta Ugalketa-osasunari eta Haurdunaldiaren Borondatezko Etendurari buruzko martxoaren 3ko 2/2010 Lege Organikoak eremu horretako prestazioen multzoa zabaldu du, sexualitatearen garapena eta umeak izateko ahalmena pertsonaren duintasunarekin eta nortasunaren garapen librearekin zuzenean loturik daudela aitortzen baitu.

Lege organiko horren oinarrian ideia irmo bat dago, ezagutza zientifiko gero eta hobeak bermatua: pertsonen arteko harreman etiko eta osasuntsuen ereduak sustatzeko, eta, batez ere gazteen artean, sexu transmisioko infekzioen, nahi gabeko haurdunaldien eta abortuen prebentziorako, biderik eraginkorrenak dira, batetik, sexu eta ugalketa arloetako heziketa afektibo egokia ematea, eta, bestetik, sexu- eta ugalketa-osasunerako programa eta zerbitzuak izatea.

Ondorio horietarako, botere publikoek ez dute esku hartu behar horrelako erabakietan, are gehiago, erabaki horiek modu libre eta arduratsuan hartzeko baldintzak ezartzera beharturik daude, eta, horretarako, arlo horietako osasun arreta, aholkularitza edo informazioa jasotzeko bitartekoak jarri behar dituzte haien premia dutenen esku. Horregatik, zabaldu egin da Osasun Sistema Nazionaleko guztientzako zerbitzuen zorroa, eta arlo hauetako prestazio berriak sartu dira.

Aipatutako lege organikoak gogorarazten digu, halaber, Desgaitasunak dituztenen Eskubideei Buruzko Konbentzioak, 2006ko abenduaren 13koak eta Espainiak berretsi duenak, ezartzen duela desgaitasuna dutenen eskubidea bermatzeko betebeharra, sexu- eta ugalketa-osasuna gainerako herritarren baldintza berdinetan jasotzeko eskubidea hain zuzen ere.

Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legeak ezartzen duenez, Nafarroako Gobernuaren eskumena da gure erkidegoan bertako osasun arloa arautzea eta osasun zerbitzuak antolatzea, eta, beraz, Foru Komunitatean sexu-eta ugalketa-osasunari dagozkion eskubideak osotara baliatzeko aukera bermatzeko beharrezkoak diren zerbitzuak eta prestazioak garatzea ere berari dagokio.

Foru dekretu honek testu bakar batean bildu eta zehazten du Nafarroako Osasun Sistema Publikoak sexu- eta ugalketa-osasunaren arloan aurrerantzean emanen dituen zerbitzuen zorroa, sexu-hezkuntzako eta sexu-osasunaren sustapeneko jarduerak ahantzi gabe. Horrez gain, zerbitzuak eman behar dituzten unitateen antolaketa ere egiten da bertan.

Beste prestazio batzuen artean, arau honek haurdunaldiaren borondatezko etendura egiteko aukera bermatzen du: lehentasunez, bitarteko berekiekin eginen da, eta aipatutako 2/2010 Lege Organikoan ezarritako berme guztiak beteta, emakumeen intimitatearen eta konfidentzialtasunaren errespetua aintzat hartuz, baita gai honekin zerikusi zuzena duten osasun arloko profesionalen kontzientzia eragozpena ere. Profesional horiek haurdunaldiaren borondatezko etendura dela-eta profesionalen erregistroa sortzen duen azaroaren 8ko 16/2010 Foru Legean ezarritako erregistroan inskribaturik egon beharko dute. Osasuneko kontseilariak urriaren 3an emandako 116/2011 Foru Aginduaren bidez “Haurdunaldiaren borondatezko etendura dela-eta kontzientzia-eragozle diren osasun arloko langileen erregistroa” izeneko fitxategi informatizatua sortu zen.

Zerbitzuen zorroan prestazio berriak sartu dira orain gutxi, arlo hauetakoak: jaio aurreko diagnosia, aholku eta azterketa genetikoak, eta giza-ugalketa lagundua. Prestazio horiek urriaren 31ko SSI/2065/2014 Aginduan aitortu dira, Osasun Sistema Nazionaleko guztientzako zerbitzuen zorroa eta hura eguneratzeko prozedura ezartzen dituen irailaren 15eko 1030/2006 Errege Dekretuaren I., II. eta III. eranskinak aldatzen dituen horretan. Nafarroako Foru Komunitatean, Pertsona transexualak genero-nortasunagatik ez baztertzeari eta haien eskubideak aitortzeari buruzko azaroaren 19ko 12/2009 Foru Legean jaso dira transexualitateari arreta emateko prestazioak.

Era berean, Osasuneko, Gizarte Politikako eta Berdintasuneko Ministerioaren Erditze Normalean Arreta emateko Estrategia ere bultzatzen da, haurdunaldian, erditzean, jaiotzean, edoskitzean eta puerperioan ematen den osasun arretan nagusi izan behar duen izaera fisiologikoa errespetatzeari garrantzi berezia emanez, beste prozedura mediko batzuekiko oso bestelakoak eta populazio osasuntsuari zuzendutakoak baitira, emakumeen, haien bikotekideen, jaioberrien eta familien bizitzetan berebiziko garrantzia duen prozesu fisiologiko batean.

Foru dekretu honetan aurreikusirik dago, halaber, Foru Komunitateko zerbitzuen zorro osagarrian sartzea ugalkortasun eta ugalketa tratamenduak sexu bereko bikotekidearekin bizi diren emakumeentzat edo gizonezko bikotekiderik ez dutenentzat, horretarako indikazio terapeutiko onarturik frogatu beharrik izan gabe. Prestazio berri hori foru agindu bidez jarriko da abian, prestazio osagarriak onesteko indarra duen araudian eskatzen diren aurretiko baldintzak betetzen direla egiaztatu ondoren.

Arau berriak, halaber, zerbitzu eta prestazioen maila desberdinak emanen dituzten zentroetarako antolaketa berria ezartzen du. Ondorio horietarako, arau hauek indargabetzen dira: Tokoginekologia eta Famili Plangintzako osasun prestazioen antolamendua ezarri zuen irailaren 22ko 259/1997 Foru Dekretua, hain zuzen ere Emakumearen Laguntzarako Zentroak sortzeko bide eman zuen araua -zentro horiek birmoldatu, eta aurrerantzean sexu- eta ugalketa-osasunaren arretarako zentroak izanen dira-; Osasuneko kontseilariaren abenduaren 10eko 161/1997 Foru Agindua, aipatutako foru dekretua garatzen duena; eta apirilaren 19ko 119/1999 Foru Dekretua (arau honek Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren menpeko famili orientazio eta sexu hezkuntzarako zentroen atxikipena arautu zuen, irailaren 22ko 259/1997 Foru Dekretuaren bidez tokoginekologia eta famili plangintzako osasun prestazioetarako ezarri zen antolamenduan, hain zuzen ere).

Zentro berrietan arreta integrala, diziplina artekoa eta normalizatua emanen zaie bi sexuei sexu- eta ugalketa-osasunaren arloan. Hezkuntza eta arreta zerbitzuen zorro osatua emanen dute zentro horiek, haurdunaldiaren borondatezko etendurarako zenbait teknika barne.

Lehen bezala, zentro horietan ohiko prestazio tokoginekologikoak emanen dira: haurdunaldian, erditzean, puerperioan, bularra ematean eta klimaterioan arreta ematea, minbizia goiz detektatzea, familia plangintza, ernalezintasunaren diagnosia eta hasierako tratamendua eta jaio aurreko diagnosia.

Foru dekretu honek arautzen du, halaber, berariazko programak garatzea gazteentzat, eta jokabide arriskutsuak dituzten taldeetan esku hartu eta lan komunitarioa egitekoak. Bereziki, arretaz lantzen du prostituzioan aritzen direnei osasun eta gizarte zerbitzu publikoak jasotzeko bermeak ematea, haien estigmatizazioa saihesteko eta sexu esplotazioa goiz detektatzea sustatzeko.

Azkenik, foru dekretuak ez du aipatu gabe uzten 2/2010 Lege Organikoak hezkuntzari ematen dion zeregina, eta, horregatik, Hezkuntza eta Osasun departamentuen gain uzten du eskolako programak elkarlanean betetzeko ardura, hezkidetza, balioetan heztea eta hezkuntza afektibo eta sexuala lantzeko xedea dutenak, bizimodu sexual eta afektibo osasuntsua, positiboa, librea eta arduratsua sustatzeko, eta jarrera desegokiak, matxistak eta diskriminatzaileak saihesteko. Hezkuntza horrek ongizatea, askatasuna eta dibertsitatea azpimarratu behar ditu, sexualitateen garapen harmoniatsua sustatu gizatalde guztientzat eta bizitzaren etapa guztietan, eta, horrekin batera, nabarmendu behar du hori guztia berdintasunez eta ardurak banatuz egin behar dela gizonen eta emakumeen artean, ezagutzatik, errespetutik eta elkarbizitzatik abiatuta.

Horrenbestez, Osasuneko kontseilariak proposaturik, Nafarroako Kontseiluaren adostasunarekin, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta hamaseiko azaroaren 16an egindako bilkuran hartu zuen erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua . Xedea.

Foru dekretu honek sexu- eta ugalketa-osasunaren arloko eskubideak eta prestazioak berdintasunez nola gauzatu zehazten du, eta prestazio horiek ematen dituzten laguntza zentroen antolamendu berria ezartzen du. Hemendik aurrera, zentro horiek sexu- eta ugalketa-osasunaren arretarako zentroak izanen dira.

2. artikulua . Prestazioetarako eskubidea dutenak.

Foru dekretu honetan jasotako zerbitzuen prestaziorako eskubidea honakoek izanen dute:

a) Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak ematen duen norbanakoaren osasun txartelaren titularrek edo onuradunek, Osasun Sistema Nazionalaren oinarrizko araudian ezarritakoarekin bat.

b) Otsailaren 25eko 8/2013 Foru Legearekin bat, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko osasun prestazioak lortzeko eskubidea dutenek. Lege horrek Nafarroako osasun-sistema publikoan doako osasun laguntza jasotzeko eskubidea aitortzen die Nafarroan bizi diren pertsonei.

c) Aurreko letretan aurreikusitakoaren arabera eskubiderik izan gabe, haurdunaldian, erditzean eta erditu ondoan laguntza jasotzeko eskubidea dutenek edo larrialdiko osasun arreta behar dutenek, Osasun Sistema Nazionalaren oinarrizko araudian ezarritakoarekin bat.

Edozein kasutan ere, Emakumeen kontrako Indarkeriari aurre egiteko apirilaren 10eko 14/2015 Foru Legearen 21. artikuluan xedatutakoarekin bat, zerbitzu publikoak bermatuko die edozein indarkeria motaren biktima izandako emakumeei osasun arretarako eta haien osasun egoeraren bilakaeraren jarraipenerako eskubidea, guztiz sendatu arte, zein den ere haien egoera administratiboa.

3. artikulua . Jarduteko printzipioak.

1. Foru dekretu honetan jasotako zerbitzuak ekitateaz emanen dira, eta inork ez du diskriminaziorik jasanen prestazioak eta zerbitzuak jasotzean, honakoetan oinarritutako arrazoiengatik: arraza edo etnia, erlijioa, sinesmenak edo iritziak, sexua, desgaitasuna, sexu orientazio edo identitatea, adina, egoera zibila, edo beste edozein ezaugarri pertsonal edo sozial. Horrek ez du eragozten zenbait prestazio jasotzeko betebehar berariazkoak ezartzeko aukera.

2. Edozein kasutan ere, emakumeek bere kabuz erabakitzeko autonomia errespetatu eta bermatu behar da, eta, oro har, pertsona guztien eskubidea haien sexu- eta ugalketa bizitzari eragiten dioten erabaki guztiak libreki hartzeko, muga bakarrak izanik gainerako pertsonen eskubideen errespetuak eta antolamendu juridikoak dakartzanak; osasun arloko langileei laguntza, aholku eta argibideak emateko lanak dagozkie, erabakiak modu autonomoan eta informatuan har daitezen.

3. Sexu- eta ugalketa-osasunaren arloan aitortutako eskubide guztiak eta haurdunaldiaren borondatezko etendurarako eskubidea baliatzeko aukera bermatzeko, Osasun, Hezkuntza eta Eskubide Sozialetako departamentuek beharrezkoak diren osasun, hezkuntza eta gizarte arloetako politikak garatuko dituzte, askatasuna, intimitatea eta autonomia pertsonala zeharo errespetatuz betiere.

4. artikulua . Sexu eta ugalketaosasunaren arloko zerbitzuen zorroa.

Nafarroako Osasun Sistema Publikoak sexu- eta ugalketa-osasunaren arloan eskainiko dituen zerbitzuen zorroa hau da:

1. Sexu- eta ugalketa-osasunaren sustapena.

Sexu- eta ugalketa-osasunaren sustapenean zerbitzu hauek sartuko dira:

a) Sexu- eta ugalketa-osasuna sustatzeko programa komunitarioak gauzatzea, helburu hauekin:

-Biztanleen artean sexualitatearen bizipen positiboa, jarrera arduratsua eta garapen harmoniatsua sustatzea, gizonen eta emakumeen arteko berdintasunean eta erantzukizun partekatuan oinarrituta.

-Sexualitatearen arloan, pertsonen arteko harreman errespetuzkoak, arduratsuak eta osasuntsuak landu, garatu eta sustatzea.

-Nahi eta/edo planifikatu gabeko haurdunaldien eta abortuen prebentzioa.

-Haurdun gelditu aurreko kontsulta sustatzea, emaitza obstetrikoak eta osasunekoak, oro har, hobetzea lortzeko.

-Sexu bidezko transmisioko infekzioen prebentzioa, arreta berezia emanez GIB/HIESari.

-Sexu gaietan autoestimua eta norbere burua zaintzea bultzatzea.

-Genero indarkeriaren adierazpide guztien prebentzioa, eta bereziki sexu indarkeriaren agerpen guztiena: sexu erasoa, sexu abusua, sexu jazarpena, emakume eta nesken salerosketa esplotazio sexualerako, eta genitalen mutilazioa.

-Sexu aniztasunaren eta identitatearen aitortza eta onarpena sustatzea, norberak sentitzen duen bezala, eta homofobiaren eta transfobiaren prebentzioa.

b) Ama-haurren osasuna sustatzeko programa komunitarioak gauzatzea, helburu hauekin:

-Haurdun dauden emakumeen osasuna, ongizatea eta autonomia sustatzea. Prozesu fisiologikoan eta zainketetan inplikatzen modu egokian laguntzea, eta emakume bakoitzak eta bere bikotekideak dituzten beharrekin bat datorren arreta ematea.

-Haurdunaldiko arazoen prebentzioa eta amaren adin eta egoera onenetan gerta dadin sustatzea.

-Amak bularra ematea sustatzea.

-Gurasoen hezkuntza eta gaitasun emozionalak, hezkuntzakoak eta guraso izatekoak sustatzea.

-Lotura afektiboa sustatzea.

-Amatasunaren inguruko balio sozialen aldaketa bultzatzea, aitaren inplikazio aktiboa eta eskubide eta betebeharretan orekatua sustatzeko xedeaz.

c) Sexu- eta ugalketa-osasunaren arloko esku-hartze komunitarioko programa berariazkoak gauzatzea, gazteentzat eta behar bereziak dituztenen beste talde batzuentzat:

-Hezkuntza Departamentuari sostengua ematea hezkuntza afektibo eta sexualean, 7. artikuluan xedatutakoarekin bat.

-Osasun eta hezkuntza arloetako profesionalei eta osasun komunitarioko eragileei prestakuntza ematea osasun sexual eta afektiboaren arloan eta ugalketa-osasunean.

-Eskola komunitateari, irakasleei eta guraso elkarteei zuzendutako sexu-hezkuntzako programak sustatu, gauzatu eta horietan parte hartzea.

-Gazte elkarteekin eta beste talde soziokultural batzuekin sexu-hezkuntzako jarduerako sustatu, gauzatu eta horietan parte hartzea.

-Desgaitasuna dutenei berariaz zuzendutako programa komunitarioak garatzea sexu- eta ugalketa-osasunaren arloan.

-Sexu-osasunaren arloko programa komunitarioak gauzatzea hirugarren adinekoentzat.

2. Sexu orientazioa eta hezkuntza.

Sexu orientazioan eta hezkuntzan zerbitzu hauek sartuko dira:

a) Sexu-osasunaren sustapena, norbanako eta bikoteentzako arreta, aholku eta terapia zailtasun edo arazo afektibo eta sexualetan.

b) Banakako kontsulta, hezkuntzakoa nahiz laguntzakoa, norbanakoentzat, bikoteentzat eta familientzat gai hauei buruz: ama-haurren osasuna, osasun sexuala eta afektiboa, ugalketa-osasuna eta klimaterioa.

c) Taldeko arreta, hezkuntzakoa eta laguntzakoa, norbanakoentzat, bikoteentzat, familientzat eta guraso elkarteentzat gai hauei buruz: ama-haurren osasuna, osasun sexuala eta afektiboa, ugalketa-osasuna eta klimaterioa.

d) Norbanakoei eta taldeei arreta emateko programa espezifikoa gazteentzat, osasun zerbitzuak jasotzeko erraztasunak emateko: ordutegi egokiak, pribatutasuna, hezkuntzako material espezifikoak eta zerbitzuak emateko era berriak, bertaratu beharrik gabeko kontsultak eta beharrezkotzat jotzen diren langileak gaztelekuetara joatea.

e) Norbanakoei eta taldeei arreta emateko programa espezifikoak, prostituzioan aritzen direnek eta behar bereziak edo arrisku-praktikak dituzten beste kolektibo batzuek osasun zerbitzuak jaso ditzaten errazteko, eta, aldi berean, haien estigmatizazioa saihestu, sexu esplotazioa goiz detektatzea sustatu eta lan-prestakuntza emateko eta laneratzeko politika sozialen alde egitea dira xedeak.

f) Guraso elkarte eta helduentzako ikastaroak eta tailerrak, bai eta jarduera soziokulturaleko zentroetarako ere.

g) Ikastetxeetarako laguntza jarduerak.

h) Desgaitasunak dituztenentzako hezkuntza eta laguntza jarduerak, haien sexualitatearen bizipen positiboa eta segurua izan dezaten.

i) Adinekoen taldeentzako jarduerak.

3. Familia plangintza.

Familia plangintzan zerbitzu hauek sartuko dira:

a) Ugalketarako eta haurdun gelditu aurreko aholkua emakumeei, gizonei, gazteei eta familiari.

b) Nahi gabeko haurdunaldien prebentziorako programak.

c) Kontsulta eta informazioa, osasun arlokoa, kontrazepzioari eta sexu-harreman seguruei buruz, antisorgailu desberdinen aukeraketan eta erabilera egokian laguntzeko, metodo naturalak barne.

d) Metodo ezberdinen indikazioa, eta haiek agindu, aplikatu, kontrolatu eta segimendua egitea, larrialdietako kontrazepzioa, basektomiak eta tronpen loturak barne.

4. Haurdunaldian eta erditzean arreta ematea.

Haurdunaldian eta erditzean arreta jarraitua eta kalitatezkoa izanen da, ebidentzia zientifiko eguneratuan oinarritua, aldioro emakumearen ahalduntzearen alde eginez. Arreta horretan zerbitzu hauek sartuko dira:

a) Haurdunaldi aurreko arreta, haurdunaldiaren diagnostikoa, arreta goiz ematea eta osasunaren aldetik jarraipena egitea, bai eta amarentzako eta fetuarentzako arrisku faktoreak zaintzea, haurdunaldiari buruzko informazioa erditzeko toki eta uneraino etenik gabe ematen dela ziurtatuz.

b) Gurasoentzako hezkuntza eta erditzeko prestakuntza, haurdunaldiko nahiz erditzeko arazoen prebentziorako, eta amak bularra ematea eta lotura afektiboa bultzatzeko.

c) Erditzeko laguntza ematea ospitalean, erditze normalean ematen den arreta ahalik eta goxoena izan dadin ahaleginduz, gehiegizko esku-hartzea saihestuz eta emakumearen parte-hartzea bermatuz, bere erditzearen protagonista den aldetik, bai eta amaren eta haurraren arteko lotura sustatzeko behar diren neurriak hartuz.

d) Amak hala eskatuta, bere konfiantzazko pertsona batez lagunduta egotea erditze ez-distozikoan. Erditze instrumentaletan lagunduta izatea egoeraren araberakoa izanen da, eta laguntza ematen duten langileen adostasuna beharko da, erditzearen baldintzen arabera.

e) Anestesia epidurala erditzeari laguntzean, ezarritako protokoloaren arabera eta amak argibideak jaso ondoren baimena ematen badu, hautaketa arduraz egin dadin, eta minari teknika desberdinekin aurre egitea eskaintzea.

f) Jaioberriaren ongizateari arreta ematea, umetokiz kanpoko bizitzari modu egokian egokitzeko, lotura afektiboa ezartzeko eta amaren bularra hartzeko.

g) Erditze ondoko bisita goiztiarra, puerperioan osasun arreta emateko. Puerperioan dauden emakumeen osasuna eta ongizatea sustatzea. Arretari jarraipena ematea, aholkua eta zainketak emanez, eta emakumearen beharrak, aldaketa emozionalak eta psikologikoak eta loturaren egoera, bularra ematea eta bikotekidearen laguntza aztertuz.

h) Zola pelbikoaren alterazioen prebentzioa. Zona perinealaren zainketak eta bizkortze pelbiko-abdominala.

i) Erditze ondoko depresioaren prebentzioa eta sostengua galera eta dolu egoeretan.

j) Haurdunaldiko, erditzeko eta puerperioko arazoetan arreta ematea.

5. Arreta ginekologikoa.

Arreta ginekologikoan zerbitzu hauek sartuko dira:

a) Osasun laguntza ematea eritasun ginekologikoetan.

b) Hilerokoaren trastornoei eta alterazioei arreta ematea.

c) Klimaterioan arreta ematea.

d) Sexu indarkeria eta abusuak atzematea eta tratatzea.

e) Genitalen mutilazioa atzematea.

6. Andrologia.

Andrologian zerbitzu hauek sartuko dira:

a) Arreta ematea gizonezkoen genitalekin eta sexu- eta ugalketa-funtzioekin zerikusia duten arazoei, balizko osagai organikoa dutenei.

b) Gizonezkoen sexu-osasuna sustatzea eta arazo emozionalak eta psikologikoak atzeman eta, beharrezkoa denean, bideratzea beste zerbitzu batera.

c) Erekzioaren disfuntzio iatrogenikoaren tratamendu farmakologikoa.

7. Sexu transmisioko eritasunei arreta ematea.

Sexu transmisioko eritasunei arreta ematean zerbitzu hauek sartuko dira:

a) Sexu transmisioko infekzioetan aholku ematea, prebentzioa, goiz atzematea eta diagnosia.

b) Sexu transmisioko infekzioei tratamendua ematea eta jarraipena egitea.

c) Giza Immunoeskasiaren Birusaren (GIB) transmisioaren prebentzio programa.

8. Minbizia goiz detektatzea.

Arlo honetan, minbizia goiz detektatzeko lanetan bularreko eta umetokiaren lepoko minbizia detektatzeko screening-testak sartuko dira, Nafarroako Foru Komunitatean ofizialki ezarritako programekin bat.

9. Giza ugalketa lagundua.

Giza ugalketa lagunduan zerbitzu hauek sartuko dira:

a) Antzutasun edo ernalezintasun azterketak, gizonezkoenak nahiz emakumeenak.

b) Antzutasun edo ernalezintasunaren tratamendua.

c) Giza ugalketa lagundurako tratamenduak, helburu terapeutiko edo prebentiboa dutenak eta egoera berezi batzuetan: enbrioien hautaketa hirugarrenen tratamendurako eta gametoak edo aurrenbrioiak gordetzea erabilera autologo atzeraturako, medikuen indikazioaren ondorioz. Giza ugalketa lagundurako tratamenduetan teknika hauek daude sartuta: intseminazio artifiziala, in vitro ernalketa, aurrenbrioien kriokontserbazioa eta transferentzia, gameto edo aurrenbrioien kriokontserbazioa norberak geroago erabiltzeko, hazia garbitzeko teknikak infekzio biral kronikoen transmisioaren prebentziorako, eta enbrioiak ezarri aurreko diagnostiko genetikoa.

d) Sexu bereko bikotekidea duten emakumeentzako giza ernalketa lagundurako tratamenduak, baldin eta betetzen badira aplikatutako teknikaren irizpide orokorrak eta berariazkoak, urriaren 31ko SSI/2065/2014 Aginduan ezarritakoak, indikazio terapeutiko onarturik frogatu beharrik gabe.

e) Gizonezko bikotekiderik ez duten emakumeentzako intseminazio artifiziala emaile baten gametoarekin, baldin eta betetzen badira aplikatutako teknikaren irizpide orokorrak eta berariazkoak, urriaren 31ko SSI/2065/2014 Aginduan ezarritakoak, indikazio terapeutiko onarturik frogatu beharrik gabe.

10. Jaio aurreko diagnostiko, aholku eta analisi genetikoa.

Jaio aurreko diagnostiko, aholku eta analisi genetikoan zerbitzu hauek sartuko dira:

a) Jaio aurreko screening testak, eritasun hereditarioak, sortzetiko malformazioak eta kromosopatiak atzemateko, ezarritako protokoloarekin bat.

b) Aholku eta informazio argia, objektiboa eta ulergarria jaio aurreko diagnostiko tekniken egungo aukerei, erabilerei eta arrisku berariazkoei buruz, bai eta alternatiba posibleei buruz ere.

c) Aholku genetikoa, honakoen diagnostikoa, susmo diagnostikoa edo familia aurrekariak egonez gero: jaiotzetiko akatsak, ikaskuntzarako zailtasun larriak edo ernalezintasun arazoak sortzen dituzten edo sor ditzaketen anomalia kromosomikoak edo desoreka genomikoak; haurtzaroko eta helduaroko eritasun hereditarioak; minbizi hereditarioak eta familiakoak; jaiotzetiko anomaliak eta garapenekoak; adimeneko desgaitasuna, oinarri genetikoaren susmoa dagoenean; eta ugalkortasunaren trastornoak, oinarri genetikoaren susmoa dagoenean.

d) Analisi genetikoak: diagnostikoak, sintoma aurrekoak, eramaileenak, jaio aurrekoak eta ezarri aurrekoak, farmakogenetika eta farmakogenomikakoak, Osasun Sistema Nazionaleko guztientzako zerbitzuen zorroan sartutakoak.

11. Haurdunaldiaren borondatezko etendura.

Haurdunaldiaren borondatezko etenduran zerbitzu hauek sartuko dira:

a) Haurdunaldiaren borondatezko etendura baimendu aurreko informazioa, argia, objektiboa eta ulergarria, haurdunaldia aurrera eramateak edo eteteak dituen ondorio mediko, psikologiko eta sozialei buruz, hauek ere barne: laguntza publikoak, lan eskubideak, onura fiskalak eta gainerako informazio nabarmena pizgarri eta laguntzei buruz, haurdun dagoen emakumearentzat nahiz seme-alaben ondoko zaintza eta arretarako, Sexu- eta Ugalketa-osasunari eta Haurdunaldiaren Borondatezko Etendurari buruzko martxoaren 3ko 2/2010 Lege Organikoaren 17. artikuluan jasotako moduan.

Haurdunaldiaren etendura fetuak anomalia larriak izateko arriskua duelako gertatzen denean, aurrekoaz gain emakumeak informazio idatzia jasoko du desgaitasunen bat dutenen autonomiari laguntzeko eskubideei eta prestazio eta laguntza publikoei buruz, bai eta pertsona horiei gizarte laguntza emateko gizarte erakundeen sareari buruz ere.

b) Datu pertsonalen tratamenduan intimitatea eta konfidentzialtasuna osorik bermatzeko ezarritako sistemei buruzko informazioa; datuak kodetu eta automatizatu eginen dira, halako moduan non prestazioan esku hartzen duten langileek baizik ez baitituzte ikusiko.

c) Haurdunaldiaren borondatezko etendura, farmakologikoa nahiz instrumentala edo kirurgikoa, aplikatzekoa den araudian ezarritako baldintza eta betebeharrekin.

d) Sostengu psiko-sozio-emozionala haurdunaldiaren etendura kasuetan.

12. Transexualitaterako arreta.

Transexualitaterako arretan honako zerbitzu hauek sartuko dira, pertsona transexualak genero-nortasunagatik ez baztertzeari eta haien eskubideak aitortzeari buruzko azaroaren 19ko 12/2009 Foru Legean aitortzen diren eskubideei erantzuteko:

a) Zerbitzuen zorroan pertsona hauentzat aurreikusitako berariazko prestazioetatik erabil ditzaketen aukera klinikoei buruzko informazioa.

b) Transexualitateari dagokion diagnostiko eta tratamendu mediko eta kirurgiko integrala, hauek barne: terapia hormonalak, kirurgia plastikoak titietan edo bularrean edo sexua aldatzeko kirurgiak, aurpegiko biloaren fotodepilazioa eta ahotsaren tonua eta tinbrea modulatzeko tratamenduak, une egokian emanak.

c) Arreta psikologikoa, psikoterapeutikoa eta sexologikoa, erabiltzaileak edo bere lege ordezkariek eskatuta, bete beharreko prozesua egokiena izan dadin laguntzeko, egoera pertsonala, osasun egoera eta norberak bere sentitzen duen sexuarekin bat datorren adierazpide morfologikoa aldatzeko nahia kontuan hartuta. Arreta horretan ez da inola ere sartuko abertsio terapiarik, ez eta transexualaren nortasuna deuseztatzeko ahalegina dakarren beste inolako prozedurarik ere.

5. artikulua . Prestazioak jasotzea.

Sexu- eta ugalketa-osasunaren arloko prestazioak modu honetan jasoko dira:

a) Honako prestazio hauek, Sexu- eta Ugalketa-osasunaren arretarako zentroetan ematen direnak, zuzenean jasotzen ahalko dira, interesdunak berak edo bere lege ordezkariek eskatuta: obstetrizia, sexu-orientazioa eta sexu-hezkuntza, familia plangintza, haurdunaldiaren borondatezko etendura, bai eta transexualitaterako eta intersexualitaterako arreta ere.

b) Sexu- eta ugalketa-osasuna sustatzeko zerbitzuak, eta prebentzioko eta diagnostiko goiztiarreko programekin lotutako prestazioak, berriz, arrisku-talde bakoitzerako programetan ezarritako baldintza teknikoekin eta maiztasunarekin jasoko dira.

c) Eritasun ginekologiko eta andrologikoetarako, eta hilerokoaren nahiz klimaterioko trastornoetarako osasun laguntza jasotzeko, bai eta ernalezintasunaren diagnostiko eta tratamendurako beharrezkoa izanen da Oinarrizko Osasun Laguntzako taldeetako langile fakultatiboak aldez aurretik baloratu eta bideratzea.

d) Ernalketa Lagunduaren Unitateko eta Nafarroako Ospitaleguneko beste unitate superespezializatu batzuetako zerbitzua jasotzeko, beharrezkoa izanen da aurretik kasuko Sexu- eta Ugalketa-Osasunaren Arretarako Zentroko langile fakultatiboak bideratzea.

6. artikulua . Prestakuntza jarduerak profesionalentzat eta eragile komunitarioentzat.

Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak sexu- eta ugalketa osasunaren arloko Prestakuntza Plan bat garatuko du Sexu- eta Ugalketa-Osasunaren Arretarako Zentroetako profesional egokiekin. Plan horrek kontuan hartuko du, besteak beste, generoaren eta sexu-berdintasunaren eta aniztasunaren arloko prestakuntza, eta ahaleginduko da beti pertsonen sexualitatearen garapen harmoniatsua laguntzen, bakoitzaren egoera pertsonala eta bizitzako etapa edo unea aintzatetsiz; horrekin batera, antolatuko dituen prestakuntza jarduerak osasunaren arloko profesionalentzat ez ezik irakasleentzat eta osasun komunitarioko eragileentzat ere izanen dira.

Profesionalei prestakuntza ematen dietenek sexologia arloko prestakuntza egokia eta frogatua dutela bermatu beharko da.

7. artikulua . Sexu eta ugalketaosasunaren arloko prestakuntza hezkuntza sisteman.

1. Hezkuntza Departamentuak beharrezkoak diren neurriak garatuko ditu hezkuntza afektibo eta sexuala unibertsitatez kanpoko irakaskuntzetako curriculumean sartzeko, eta, beraz, ikastetxeko hezkuntza proiektuan ere, ikuspegi integral batekin, Sexu- eta Ugalketa-osasunari eta Haurdunaldiaren Borondatezko Etendurari buruzko martxoaren 3ko 2/2010 Lege Organikoaren 9. artikuluan aurreikusitakoarekin bat, helburu hauetarako lagungarria izan dadin:

a) Sexu- eta ugalketa-osasunaren eremuan bizipen positiboa eta jarduera arduratsua bultzatzea gizonen eta emakumeen arteko berdintasunari eta erantzukizun partekatuari dagokienez.

b) Sexualitatea modu harmoniatsuan garatzea, bizitzaren etapa bakoitzean pertsonen bizi duten unearekin bat etorrita.

c) Sexu aniztasunaren aitortza eta onarpena sustatzea.

d) Nahi gabeko haurdunaldien eta abortuen prebentzioa.

e) Sexu-transmisioko eritasunen eta infekzioen prebentzioa.

f) Indarkeria sexistaren eta sexu erasoen, abusuen eta esplotazioaren prebentzioa.

g) Talde edo sektore ahulenen errealitatea eta beharrak aitortzea, adibidez desgaitasuna duten pertsonenak.

h) Sexu aniztasuna eta identitatea, norberak sentitzen duen bezala, normaltasunez aitortu eta onartzea sustatzea, bai eta homofobiaren eta transfobiaren prebentzioa ere.

i) Amatasunaren inguruko balio sozialen aldaketa, aitaren inplikazio aktiboa eta zuzena sustatzeko xedeaz.

2. Hezkuntza Departamentuak ikasleei eta irakasleei adin bakoitzerako egokiak eta eskuratzeko modukoak diren irakaskuntzarako metodologiak eta materialak emanen dizkie; material horiek Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuarekin, sexu- eta ugalketa-osasunaren arretarako zentroetako arduradunekin eta ikastetxeetako guraso elkarteekin elkarlanean prestatu eta ezarriko dira.

3. Ikastetxeetako arduradunek informazioa emanen diete gurasoei seme-alabek ikastetxean sexu- eta ugalketa-osasunaren arloan jasoko duten prestakuntzaz.

4. Artikulu honetako aurreikuspenak Hezkuntzarako Eskubideari buruzko uztailaren 3ko 8/1985 Lege Organikoan eta Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan xedatutakoaren arabera aplikatuko dira.

5. Bestalde, Hezkuntza Departamentuak unibertsitateko prestakuntzaren garapena sustatuko du sexologia gaietan, eta unibertsitatearen esparruan hezkuntza afektiboa eta sexuala sartzea.

8. artikulua . Haurdunaldiaren borondatezko etendurarako eskubideaz baliatzea.

1. Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak beharrezkoak diren neurriak aplikatuko ditu, haurdunaldiaren borondatezko etendurarako osasun prestaziorako eskubidea osotara baliatu daitekeela bermatzeko, ezarritako kasuetan eta baldintzak betez, betiere, Osasun Sistema Nazionaleko guztientzako zerbitzuen zorroan sartutako prestazio normalizatu bat den aldetik. Lehentasunez zentro publikoetan eginen da.

2. Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak antolaketan beharrezkoak diren neurriak hartuko ditu, bermatzeko sexu- eta ugalketa-osasunaren arretarako zentro guztietan baliabideak eta profesionalak egonen direla, haurdunaldiaren etendura farmakologikoa egiteko gaitasuna dutenak eta horretarako prest daudenak, osasun prestazio normalizatua den aldetik.

3. Haurdunaldiaren etendura instrumentalak, Sexu- eta Ugalketa-osasunari eta Haurdunaldiaren Borondatezko Etendurari buruzko martxoaren 3ko 2/2010 Lege Organikoaren 15. artikuluan ezarrita dauden arrazoi medikoengatik egiten direnak, ospitale-sare berekian eginen dira, osasun prestazio normalizatuak diren aldetik.

4. Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak bermatu eginen du bere baliabideekin eginen direla haurdunaldiaren etendura instrumentalak, haurdun dagoen emakumeak haurdunaldiaren lehenbiziko hamalau asteetan eskatuta egin beharrekoak.

9. artikulua . Kontzientzia eragozpena eta konfidentzialtasuna.

1. Haurdunaldiaren borondatezko etenduran zuzeneko esku-hartzea izan dezaketen osasun arloko profesionalek eskubidea izanen dute kontzientzia eragozpenaz baliatzeko legez ezarritako kasuetan. Edozein kasutan, tratamendu eta arreta mediko egokiak emanen dizkiete haurdunaldia borondatez eteteko interbentzioa egin aurretik eta ondoren horren beharra duten emakumeei, aurreko nahiz ondoko ekografiak eta beharrezkoa izan daitekeen beste edozein jarduketa barne.

2. Haurdunaldiaren borondatezko etendurarekin lotuta kontzientzia eragozpenaren deklarazioa egitean, profesional bakoitzak zehaztu dezake bertan haurdunaldiaren zein etendura mota edo kasu zehatzetarako adierazten duen bere kontzientzia eragozpena. Edozein kasutan, uneoro alda dezake deklarazioa, bai eta errebokazioa ere, betiere gutxienez interbentziorako aurreikusitako eguna baino zazpi egun baliodun lehenago jakinarazten badu.

3. Kontzientzia eragozpenerako eskubideaz baliatu nahi duten osasun arloko profesionalek deklarazioa aurkeztu beharko dute, eragozpena zein kasutarako duten zehaztuz, Osasun Sistema Publikoak prestazioa bermatzeko behar diren antolaketa neurriak hartzeko aukera izan dezan. Profesionalak haurdunaldiaren borondatezko etenduraren egoera edo kasu zehatz bakar batean adierazi nahi badu kontzientzia eragozpena, aski izanen du hierarkiako nagusiari inberbentziorako aurreikusitako data baino zazpi egun baliodun lehenago jakinaraztea, hark prestazioa bermatzeko behar diren antolaketa neurriak hartzeko aukera izan dezan.

4. Haurdunaldiaren borondatezko etendura egiteko kontzientzia eragozleen erregistroan inskribatutako profesionalen datu baseak Datu Pertsonalak babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoak eskatzen dituen konfidentzialtasun eta intimitate berme guztiak beteko ditu, eta bertako datuak ikusten ahalko dituzte soilik gai honen gaineko araudiaren arabera zilegitasuna dutenek.

5. Haurdunaldiaren borondatezko etendurarako ekintza kliniko batean zuzenean parte hartu behar duten profesionalei horren berri emanen die kasuaren ardura duen fakultatiboak, banaka eta aurrez aurre, kontzientzia eragozpenerako eskubideaz baliatu ahal izateko behar den denborarekin.

6. Aurreko atalean xedatutakoaren ondorioetarako eta haurdunaldiaren borondatezko etendura motaren arabera, honako profesional hauek izanen dira zuzeneko parte-hartzaileak:

a) Haurdunaldiaren borondatezko etendura farmakologikoaren ekintza klinikoan, soilik hartuko da zuzeneko parte-hartzailetzat hura agintzen duen fakultatiboa.

b) Haurdunaldiaren borondatezko etendura instrumentalaren ekintza klinikoan, zuzeneko parte-hartzailetzat hartuko dira hura materialki gauzatzeko operazio-gelan edo aretoan egon beharreko osasun arloko langile guztiak.

7. Beren kontzientzia profesionalaz baliatuz haurdunaldiaren borondatezko etenduretan parte hartzea erabakitzen duten profesionalen izen-zerrendak ere babestuta egon beharko du, Datu Pertsonalak babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoak eskatzen dituen konfidentzialtasun eta intimitate bermeekin. Zerrenda hori ikusten ahalko dute soilik kontzientzia eragozle diren profesionalen Erregistroa ikus dezaketenek.

8. Haurdunaldiaren borondatezko etendura egindako pazienteen identifikazio datuak kodetu eginen dira eta laguntza emateko prozesu guztian emandako kode horrekin identifikatuko dira.

9. Historia klinikoan, haurdunaldiaren borondatezko etenduraren erregistroa prestazioa ematen zuzenean esku hartzen duten langileek baizik ez ikusteko moduan eginen da. Era berean, haurdunaldiaren borondatezko etenduren berariazko erregistro kodetuan ere jasoko da.

10. Horrez gain, pazientearen intimitatea babeste aldera, programazio zerrendetan, parte kirurgikoan, eta laguntza emateko prozesuen ospitaletako estatistiketan soilik aipatuko da zer prozedura dagoen aurreikusita eta haurdunaldiaren etenduraren diagnostikoa, baina etendura borondatezkoa dela inon aipatu gabe.

10. artikulua . Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren eginkizunak.

1. Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak bere gain hartuko du sexu- eta ugalketa-osasunaren sustapen eta hezkuntzaren erantzukizun tekniko gorena Osasun Sistema Publikoan, eta horretarako sexologia arloko prestakuntza egokia duten profesionalak izan beharko ditu.

2. Erantzukizun hori betetzeko, eginkizun hauek izanen ditu:

a) Foru Komunitatean populazioan edo komunitateetan sexu- eta ugalketa-osasuna sustatzeko eta hezkuntzarako betetzen diren jarduerak planifikatu, zuzendu, kontrolatu eta ebaluatzea, Oinarrizko Osasun Laguntzako zentroekin eta sexu- eta ugalketa-osasunaren arretarako zentroen sarearen laguntzarekin.

b) Oinarrizko Osasun Laguntzako zentroetan eta sexu- eta ugalketa-osasunaren arretarako zentroetan banakoen nahiz taldeen osasunerako garatzen diren hezkuntza jardueretarako protokolo eta irizpide tekniko homogeneoak egitea sustatzea.

c) Sexu- eta ugalketa-osasunaren arloan, prestakuntza planaren garapena bultzatzea, bai osasunaren arloko profesionalentzat bai irakasleentzat eta osasun komunitarioko eragileentzat, arrisku taldeetan osasunaren sustapenean aritzen direnentzat.

d) Hezkuntza Departamentuarekin elkarlanean aritzea hezkuntza afektibo eta sexuala Nafarroako eskola sarean sartzeko beharrezkoak diren neurriak garatzeko.

e) Komunitateko eragileek sexu- eta ugalketa-osasunaren arloan betetzen dituzten sustapen lanak bultzatzea eta, kasua bada, finantzatzen laguntzea, arreta berezia emanez egoera ahulean dauden taldeentzako eta desgaitasunak dituztenentzako prestakuntzari.

f) Desgaitasuna dutenentzat, sexu- eta ugalketa-osasunaren arloko prestakuntzako programa berariazko bat garatzea.

3. Minbiziaren prebentzioaren arloan eginkizun hauek beteko ditu:

a) Bularreko minbizia goiz detektatzeko programa planifikatu, zuzendu, garatu eta ebaluatzea.

b) Foru Komunitatean minbizi genitalaren prebentziorako eta goiz detektatzeko garatzen diren programak planifikatzea eta ebaluatzea.

11. artikulua . Oinarrizko Osasun Laguntzako zentroen eginkizunak.

Sexu- eta ugalketa-osasunaren arloan, Oinarrizko Osasun Laguntzako zentroek eginkizun hauek izanen dituzte:

a) Ama-haurren osasuna eta amak bularra ematea bultzatzea.

b) Gurasoen hezkuntza sustatzea, bai eta gaitasun emozionalak, heziketakoak eta guraso izatekoak eta lotura afektiboa garatzea ere.

c) Sexu- eta ugalketa-osasuna sustatzeko programa komunitarioak gauzatzen laguntzea.

d) Kontsulta eta informazioa, osasun arlokoa, kontrazepzioari eta sexu-harreman seguruei buruz, antisorgailu desberdinen aukeraketan eta erabilera egokian laguntzeko.

e) Espezializatu gabeko antisorgailuen indikazioa, eta horiek agindu, kontrolatu eta haien jarraipena egitea.

f) Haurdunaldiaren diagnostikoa, amarentzako nahiz fetuarentzako arrisku faktoreen prebentzioa eta haurdunaldiko arazoen diagnostiko goiztiarra.

g) Trastorno ginekologiko eta andrologikoen diagnostikoa, tratamendua eta jarraipena, lehen mailakoak.

h) Minbiziaren prebentzioa.

i) Klimaterio fisiologikoaren arreta, Sexu- eta Ugalketa-osasunaren arretarako zentroekin koordinatuta.

j) Sexu transmisioko infekzioen, aholkua, prebentzioa, diagnostikoa, tratamendua eta jarraipena, lehen mailakoak, GIBaren atzemate goiztiarra barne.

k) Informazioa sexu-hezkuntzako gaietan, eta osasun afektibo eta sexualeko arazoak atzeman eta horiei arreta ematea lehen mailan, arreta berezia emanez genero indarkeria atzemateari.

i) Jaioberriari eta amaberriari jaio ondoko osasun arreta ematea etxean, Sexu- eta Ugalketa-osasunaren arretarako zentroekin koordinatuta.

m) Informazioa eta orientazioa gai hauetan: giza-ugalketa lagundua, haurdunaldiaren etendura, jaioaurreko diagnostikoa eta analisi genetikoa, eta, oro har, hasierako arreta eta orientazioa sexualitateari dagozkion gai guztietan.

12. artikulua . Sexu eta Ugalketaosasunaren Arretarako Zentroen eginkizunak.

1. Sexu- eta Ugalketa-osasunaren Arretarako Zentroak diziplina anitzeko eta diziplina arteko unitateak dira, elkarrekin jarduten dutenak eta haien eginkizunak modu anbulatorioan betetzen dituztenak haien lurralde esparruan.

2. Sexu-identitate guztientzat irekita egonen dira, eta arreta integrala, diziplina anitzekoa eta normalizatua emanen dute sexu- eta ugalketa-osasunaren arloan, eta hezkuntza eta arreta zerbitzuen zorro osatu bat izanen dute, haurdunaldiaren etendurarako teknika batzuk barne.

3. Sexu- eta ugalketa-osasunaren arretarako zentroek prestazio hauek emanen dituzten modu normalizatuan:

a) Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuarekin batera lan egitea sexu- eta ugalketa-osasunaren arloko sustapen eta prestakuntza eginkizunak betetzen.

b) Oinarrizko Osasun Laguntzarako erreferentziako zentro espezializatuak izanen dira ginekologia eta obstetrizian eta sexu-osasun afektiboan eta ugalketakoan.

c) Hezkuntza Departamentuarekin elkarlanean aritzea hezkuntza afektibo eta sexuala Nafarroako eskola sarean sartzeko beharrezkoak diren neurriak garatzeko.

d) Obstetriziaren arloko arreta anbulatorio espezializatuaz arduratzea, hauek barne: haurdunaldiko arreta, amaren heziketa, amak bularra ematea sustatzea eta amaberriari eta jaioberriari arreta ematea haurra jaio eta lehen hilabetean.

e) Arazo organiko eta funtzionaletako ginekologia arloko arreta anbulatorio espezializatuaz arduratzea, beharrezkoak diren proba osagarriak barne.

f) Unitate superespezializatuetara bideratu beharrekoak ez diren arazo ginekologikoen tratamendu mediko eta kirurgikoez arduratzea, eta ondoko jarraipena ere egitea.

g) Erreferentziako zentro espezializatua izatea familia plangintzan, kontrazepziorako metodo desberdinen indikazioa egin, agindu, aplikatu, kontrolatu eta jarraipena egiteko, basektomiak eta tronpen loturak barne.

h) Erreferentziako zentro espezializatua izatea hezkuntza afektibo eta sexualean, hezkuntza nahiz osasun laguntza arloko kontsulta emateko, banaka nahiz taldeka, pertsonei, bikoteei eta familiei.

i) Norbanakoei eta bikoteei terapia ematea arazo afektibo eta sexualetan.

j) Gizonezkoen sexu- eta ugalketa-funtzioen arazoei informazioa eta orientazioa ematea.

k) Sexu transmisioko infekzioei arreta ematea.

l) Bularreko minbiziaren prebentziorako populazioan egiten diren screening-testetan emakumeen parte-hartzea sustatzea.

m) Umetokiaren lepoko minbiziaren prebentziorako screening-testak egiteko programa aplikatzea ezarritako protokoloari jarraikiz.

n) Ernalezintasunaren diagnostikoa eta hasierako tratamendua.

o) Informazioa, orientazioa eta aholkularitza ematea giza ugalketa lagunduaren arloan.

p) Jaio aurreko diagnostikorako ezarritako protokoloaren aplikazioa.

q) Informazioa ematea haurdunaldiaren borondatezko etenduraren arloan, Sexu- eta Ugalketa-osasunari eta Haurdunaldiaren Borondatezko Etendurari buruzko martxoaren 3ko 2/2010 Lege Organikoaren 17. artikuluan jasotako moduan.

r) Haurdunaldiaren etendura farmakologikoa egitea indarreko legerian ezarritako baldintza eta betebeharrekin.

s) Laguntza psiko-sozio-emozionala ematea haurdunaldiaren etendura kasuetan.

t) Informazioa eta orientazioa ematea transexualitaterako arretan.

u) Ginekologia eta obstetriziako larrialdiko eskaerari arreta ematea, ospitalekoa ez denean, zentroen funtzionamendu orduetan.

v) Sexu indarkeria, abusuak eta genitalen mutilazioa atzematea eta tratatzea.

4. Sexu- eta Ugalketa-osasunaren Arretarako Zentroek sexologiako prestakuntza egokia duten profesionalak izan beharko dituzte berariazko eginkizunak betetzeko. Zentro horiek agendak moldatu beharko dituzte egunean hitzordu kopuru egokia bermatzeko aholku emateko kontsulta laburretan eta larrialdiko kontrazepziorako; era berean, erizainaren eta emaginaren kontsulta autonomoen garapen progresiboa ere bermatuko dute.

13. artikulua . Obstetrizia eta Ginekologiako zerbitzuen eginkizunak Sexu eta Ugalketaosasunaren arloan.

Ospitaleetako obstetrizia eta ginekologia zerbitzuek eginkizun hauek beteko dituzte:

a) Arrisku handiko haurdunaldietan laguntza ematea.

b) Sexu- eta ugalketa-osasunaren arretarako zentroetatik bideratutako prozesu obstetriko eta ginekologikoetan arreta ematea.

c) Prozesu obstetriko eta ginekologikoetan arreta ematea, haien diagnostikoa, tratamendua eta jarraipenerako espezializazio handia behar bada, erabilgarri dituzten bitarteko eta teknikak direla eta.

d) Beharrezkoa denean, prozesuetako azterketa bereziak egitea, jaio aurreko protokoloetan aurreikusitakoak barne.

e) Ospitalean daudenei laguntza ematea.

f) Ospitaleetako larrialdietan arreta ematea.

g) Ospitaleko erditzeetan arreta ematea.

h) Amak bularra ematen hastea eta horretan laguntzea.

i) Puerperioan arreta ematea.

j) Giza ugalketa lagundurako tratamenduak, dituzten bitarteko eta tekniken arabera.

k) Haurdunaldiaren etendura instrumentala, araudian ezarritako baldintzetan eta betebeharrekin.

l) Sexu indarkeria, abusuak eta genitalen mutilazioa atzematea.

m) Pazienteentzako osasun arreta egokia bermatzeko beharrezkoak diren beste guztiak.

14. artikulua . Nafarroako Ospitaleguneko Genetika eta Urologia zerbitzuen eginkizunak.

1. Nafarroako Ospitaleguneko Genetika Zerbitzuak aholku genetikoa emateko eta Osasun Sistema Nazionaleko guztientzako zerbitzuen zorroan sartutako analisi genetikoak agintzeko protokoloak zehazteko eginkizunak beteko ditu.

2. Nafarroako Ospitaleguneko Urologia Zerbitzuak foru dekretu honetan aipatzen diren arreta andrologikoaren eginkizunak beteko ditu.

15. artikulua . Iruñeko eta Tuterako Osasun Barrutiko sexu eta ugalketaosasuneko atalburuen eta Lizarrako García Orcoyen Ospitaleko Obstetrizia eta Ginekologia Zerbitzuko buruaren eginkizunak.

Iruñeko eta Tuterako Osasun Barrutiko sexu- eta ugalketa-osasuneko atalburuek eta Lizarrako García Orcoyen Ospitaleko Obstetrizia eta Ginekologia Zerbitzuko buruak eginkizun hauek izanen dituzte, laguntza arloan dagozkien zereginak alde batera utzi gabe:

a) Sexu- eta ugalketa-osasunaren arretarako zentroen zuzendaritza, antolaketa eta kudeaketa lanaz arduratzea, zein bere esparruan.

b) Sexu- eta ugalketa-osasunarekin lotutako osasun prestazio eta ikerketen ebaluazioa eta jarraipena egitea.

c) Espezialista libreki aukeratzeko eskubidea bermatzea.

d) Beharrak eta baliabidez hornitzeko proposamena aztertzea.

e) Oinarrizko Osasun Laguntzaren eta Obstetrizia eta Ginekologiako Laguntza Espezializatuaren arteko koordinazioa bermatzea, bai eta espezialitate horretako unitateen artekoa ere.

f) Ospitaleetako baliabideekiko koordinazioa ziurtatzea, sexu- eta ugalketa-osasunaren arretarako zentroetako profesionalek osasun laguntzako jarduera bete, eta guardia-txandetan parte har dezaten.

g) Programen garapenean lankidetza sustatzea, eta praktika klinikoko giden ezarpena eta ebaluazioa bultzatzea.

h) Emakumeei laguntzeko sektore arteko programetan parte hartzea.

i) Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuarekin eta Hezkuntza Departamentuarekin lan egitea sexu- eta ugalketa-osasunaren arloko sustapen eta prestakuntza eginkizunak betetzen.

j) Osasun Departamentuari aholku ematea sexu- eta ugalketa-osasunaren arloan.

k) Ematen zaizkion izaera bereko beste guztiak.

16. artikulua . Sexu eta Ugalketaosasunaren Arretarako Zentroetako profesionalen atxikipena eta eginkizunak.

Diziplina anitzeko unitateari atxikitzea galarazi gabe, Sexu- eta Ugalketa-osasunaren Arretarako Zentroei atxikitako profesionalek lotura organikoa mantenduko dute dagokien zerbitzu kliniko edo unitatearekin, haien titulazioari dagozkion eginkizunak beteko dituzte, ospitaleko jardueretan eta, kasua bada, guardiako txandetan parte hartuko dute, zerbitzuaren antolaketa beharren arabera, ospitaleko taldeko gainerako kideek bezala.

Lehen xedapen gehigarria-- Zorroan zerbitzu berriak sartzea.

Prestazio berriak, hau da, sexu bereko bikotekidearekin edo gizonezko bikotekiderik gabe bizi diren emakumeei, indikazio terapeutikorik frogatu beharrik gabe, emanen zaizkien ugalkortasun eta ernalketa tratamenduena eta erekzioaren disfuntzio iatrogenikoaren tratamendu farmakologikoarena, foru agindu bidez sartuko dira Foru Komunitateko zerbitzu zorro osagarrian, Osasun Sistema Nazionalaren iraunkortasuna bermatzeko eta prestazioen kalitatea eta segurtasuna hobetzeko premiazko neurriei buruzko apirilaren 20ko 16/2012 Errege Lege Dekretuaren 8. quinquies artikuluan prestazio osagarriak onesteko eskatzen diren aldez aurreko baldintzak betetzen direla behin egiaztatu ondoren.

Bigarren xedapen gehigarria.- Sexu eta Ugalkortasunosasunaren arloko Batzorde Teknikoa.

Foru Dekretu honetan xedatutakoa garatzeko koordinazio organoa izateko, hiru hilabeteko epean Sexu- eta Ugalkortasun-osasunaren arloko Batzorde Teknikoa eratuko da, eta haren osaketa eta eginkizunak Osasuneko kontseilariaren foru agindu bidez ezarriko dira.

Hirugarren xedapen gehigarria .Sexu eta ugalketaosasunaren arretarako zentroetako koordinatzaileak.

Osasuneko kontseilariaren foru agindu bidez zehaztuko da sexu- eta ugalketa-osasunaren arretarako zentroen koordinatzaileen izendapena eta diru-konpentsazioa.

Laugarren xedapen gehigarria .Gazteentzako hezkuntza, informazio eta orientazio programa.

Gazteriaren Zuzendariordetzarekin elkarlanean, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak eta Sexu- eta ugalketa-osasunaren arretarako zentroen sareak gazteentzako programa bat garatuko dute bi urteko epean, gazteei arreta eta orientazioa emateko sexuaren eta ugalketaren arloan, eta, besteak beste, zerbitzu hauek izanen dituena:

a) “Gazteentzako osasunaren webgunea”; bertan, kanal anitzeko zerbitzuak bilduko dira, informazioa, hezkuntza, orientazioa, arreta eta aholkua emateko sexu- eta ugalketa-osasunaren arloan eta gazteentzako beste osasun programa batzuekin lotutako gaietan (telefono bidezko kontsulta, txat-a eta sare sozialak, ohiko galderak web orrian, hezkuntza material egokituak, eta abar).

b) “Gazteentzako Osasungune Fisikoak”, gehienbat gazteentzako zentroetan edo eremuetan ezarriak; bertan aurrez aurreko kontsultak egiteko aukera izanen da, zuzenean eta hitzordurik gabe, ordutegi bereziekin eta pribatutasuna gordeta. Bertan informazioa, hezkuntza, orientazioa, arreta eta aholku zerbitzuak emanen dira sexu- eta ugalketa-osasunaren arloan eta gazteentzako beste osasun programa batzuekin lotutako gaietan. Pixkanaka zerbitzu horiek osasun barruti guztietara zabalduko dira, eta biztanle horien egiazko beharretara egokituko dira.

c) Esku-hartze komunitarioko jarduerak eta taldekako hezkuntza jarduerak.

Bosgarren xedapen gehigarria .Erreferentziako zentroak.

Txantreako Andraize eta Iturrama-Donibaneko sexu- eta ugalketa-osasunaren arretarako zentroak erreferentziako zentroak izanen dira programa gehigarri hauek garatzen laguntzeko:

a) Norbanakoei eta taldeei arreta emateko programa espezifikoak, prostituzioan aritzen direnei eta behar bereziak edo arrisku-praktikak dituzten beste kolektibo batzuei osasun eta gizarte zerbitzuak jasotzea errazteko, haien estigmatizazioa saihesteko eta sexu esplotazioa goiz detektatzea sustatzeko, bai eta laneratzea eta lan prestakuntza.

b) Sexu hezkuntzako ikastaroak eta tailerrak eskola komunitatearentzat: irakasleak eta guraso elkarteak, bai eta helduen kolektiboentzat eta jarduera soziokulturaleko zentroentzat eta gazte elkarteentzat ere.

c) Sexu-hezkuntzako jarduerak ikastetxeetan.

d) Sexu-terapiako arreta, planteatzen diren sexu-zailtasunei helduz.

e) Gizonezkoen sexu- eta ugalketa-funtzioen arazoei andrologiako arreta espezializatua ematea.

f) Bikote serodiskordanteei arreta eta aholkua ematea.

g) Lesbianen, gayen, transexualen eta bisexualen behar berariazkoetarako arreta ematea.

Seigarren xedapen gehigarria .Egituraren aldaketak.

1. Nafarroako Ospitaleguneko eta Reina Sofia Ospitaleko Emakumearen Laguntzarako Atalak desagertzen dira, eta Iruñeko Osasun Barrutiko Sexu- eta Ugalketa-osasunaren Atala eta Tuterako Osasun Barrutiko Sexu- eta Ugalketa-osasunaren Atala sortzen dira, kasuan kasuko ospitaleko Obstetrizia eta Ginekologia Zerbitzuaren menpe zuzenean.

2. Nafarroako Ospitaleguneko eta Tuterako Reina Sofia Ospitaleko Emakumeari Laguntzeko Zentroetako Erizaintza Unitateak desagertzen dira, eta Iruñeko Osasun Barrutiko Sexu- eta Ugalketa-osasunaren arloko Erizaintza Unitatea eta Tuterako Osasun Barrutiko Sexu- eta Ugalketa-osasunaren arloko Erizaintza Unitatea sortzen dira, eta kasuan kasuko ospitaleko Erizaintza Ataleko burutzaren menpe egonen dira zuzenean.

3. Iruñeko eta Tuterako osasun barrutietako sexu- eta ugalketa-osasunaren arretarako zentroak bakoitza bere Osasun Barrutiko Sexu- eta Ugalketa-osasuneko atalei atxikita egonen dira.

4. Lizarrako Osasun Barrutiko Sexu- eta Ugalketa- Osasunaren Arretarako Zentroa Lizarrako García Orcoyen Ospitaleko Zuzendaritza Asistentzialaren menpe egonen da zuzenean.

Zazpigarren xedapen gehigarria .Neurrien eta zerbitzuen ezarpen progresiboa.

1. Haurdunaldiaren etendura instrumentalak, arrazoi medikoek eragindakoak, ospitale-sare berekian eginen dira foru dekretu honek indarra hartzen duenetik aurrera.

2. Foru dekretu honek indarra hartzen duenetik sei hilabeteko epean, sexu- eta ugalketa-osasunaren arretarako zentro guztiek arau honen 12.3 artikuluan aurreikusitako prestazio guztiak beteko dituzte, haurdunaldiaren borondatezko etendura farmakologikoa barne. Ezarpena efektiboa aldi berean eginen da zentro guztietan eta, aurretik, jakinarazpena eginen zaie zentro horietan aritzen diren profesionalei, adierazpena egin dezaten, hala nahi badute, kontzientzia eragozle diren osasun arloko profesionalen erregistroan ofizioz inskribatzeko; horrela, Osasun Sistema Publikoak behar diren antolaketa neurriak hartzen ahalko ditu eta, kasua bada, plantillak egokitu, zentroak zorro normalizatuko zerbitzuak emateko moduan egon dadin bermatzeko.

3. Hezkuntza afektibo eta sexualeko neurriak, 7. artikuluan aipatzen direnak, foru dekretu honek indarra hartu eta urtebeteko epean ezarriko dira.

4. Foru dekretu honek indarra hartzen duenetik urtebeteko epean, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak prest egon beharko du haurdunaldien etendura instrumentalak bere baliabideekin egiteko, haurdun dagoen emakumeak eskatuta haurdunaldiko lehenbiziko hamalau asteetan egiten direnak.

5. Foru dekretu honek indarra hartzen duenetik urtebeteko epean, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak Transexualitatearen Arretarako Diziplina anitzeko Unitatearen egitura formalizatuko du, eta transexualitateari osasun arreta integrala emateko programa bat prestatuko du, bertan zehaztuta zein diren baliabide berekiekin bere gain har ditzakeen prestazioak.

6. Foru dekretu honek indarra hartzen duenetik bi urteko gehieneko epean, Nafarroako Ospitaleguneak abian jarriko ditu bere baliabideekin ezarpenaren aurreko diagnostiko genetikoa bere gain hartzeko behar diren teknikak.

Xedapen indargabetzaile bakarra .Indargabetzeak.

1. Indarrik gabe gelditzen dira honakoak: 259/1997 Foru Dekretua, irailaren 22koa, Tokoginekologia eta Famili Plangintzako osasun prestazioen antolamendua ezartzen duena; Osasuneko kontseilariaren 161/1997 Foru Agindua, abenduaren 10ekoa, aipatutako foru dekretua garatzen duena, eta 119/1999 Foru Dekretua, apirilaren 19koa (arau honek Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren menpeko famili orientazio eta sexu hezkuntzarako zentroen atxikipena arautzen du, irailaren 22ko 259/1997 Foru Dekretuaren bidez tokoginekologia eta famili plangintzako osasun prestazioetarako ezarri zen antolamenduan, hain zuzen ere).

2. Indarrik gabe uzten dira, oro har, foru dekretu honetan ezarritakoari aurka egiten dioten erregelamendu-maila bereko edo beheragoko xedapen guztiak.

Azken xedapen bakarra .Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2016ko azaroaren 16an.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Uxue Barkos Berruezo.-Osasuneko kontseilaria, Fernando Domínguez Cunchillos.

Iragarkiaren kodea: F1613038

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web