(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

16/2016 FORU LEGEA, azaroaren 11koa, Kontu irekiei buruzkoa.

BON N.º 225 - 22/11/2016



ZIOEN AZALPENA

Kontu irekiei buruzko foru lege honek Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legearen osagarri izan nahi du. Bi arau horien oinarrian dago administrazio publikoen dokumentuetarako, artxiboetarako eta erregistroetarako irispide-eskubidea, zeina Espainiako Konstituzioaren 105. artikuluan jasota baitago. Halatan, jada 11/2012 Foru Legearen 34. eta 35. artikuluetan Foru Komunitateko Administrazioari argi eta garbi agintzen zaio bultza eta susta dezan herritarrek afera publikoetan parte hartzea.

Azken urteotan, tamalez, ustelkeria politikoko eta baliabide publikoen erabilera okerreko hainbat gertakari bizi izan ditugu, eta hortaz ezinbestekoa da demokrazia eraberritzeko neurri berriak ezartzea. Horien artean, gardentasunak aldez aurreko eta funtsezko zeregina betetzen du, demokraziaren kontzeptuaren berezko osagaia den aldetik, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren antolamenduaren taxutze berri bat eginez, 11/2012 Foru Legea onestearekin hasitako bidetik.

Kontu Irekien Foru Lege hau, hain zuzen ere, 11/2012 Foru Legearen osagarri nahitaezkoa izatera dator. Haren terminologia bera erabilita, 11/2012 Foru Legearen 2. artikuluan ezarritako aplikazio-eremuan sartzen diren subjektuen banku-kontuak “Informazio Publiko” gisa sailka daitezke, artikulu horretan adierazitako entitateen eta erakundeen esku dauden edukiak edo dokumentuak direlako eta xede publiko bati erantzuten diotelako, nola baita horien funtzionamendu ekonomikoa eta aurrekontu-betetzea.

11/2012 Foru Legeko III. tituluan informazio publikoari buruz ematen den definizioari eta hartarako irispideari ezartzen zaizkion mugei jarraikiz, gure ustez ezinbestekoa da herritarrentzako irisgarri dagoen informazio horretan sartzea honakoen banku-kontuak: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarenak, haren menpekoak edo harekin lotutakoak diren erakunde publikoenak, sozietate publikoenak, fundazio publikoenak eta 11/2012 Foru Legearen esparru subjektiboan aipatzen diren zuzenbide publikoko gainerako entitateenak. Ildo horretan berean, aintzat hartu behar dugu informazio publiko oro izan beharko litzatekeela, printzipioz, irisgarria, halako moduan non ezin izanen litzatekeen ukatu beste eskubide edo interes batzuk babesteko beste ezertarako, informazio publikorako irispide-eskubidea baliatzeari dagokionez 11/2012 Foru Legearen 23. artikuluan ezarritako mugen arabera. Kasu horiek, ordea, a priori ezin zaizkio aplikatu foru lege honek kontu irekietarako ezarri nahi duen kontzeptuari.

Estatu-mailan, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeko bideari eta gobernu onari buruzko abenduaren 9ko 19/2013 Legearen hitzaurrean jasotzen da gardentasunak zer-nolako garrantzia duen administrazioaren eta publikoa denaren kudeaketan; izan ere, Gorte Nagusiek onetsitako lege horrek xede du oinarri material batzuk ezartzea, Espainiako Konstituzioaren 9.2 eta 23.2 artikuluetan parte-hartze politikoari buruz eta 20.1 artikuluan informaziorako oinarrizko eskubideari buruz jasotzen diren xedapenak betetze aldera. Halatan, Herri administrazioen araubide juridikoari eta administrazio prozedura erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeak berak jada ezartzen zituen gardentasun hori lortzeko lehen urratsak, Herritarrek Zerbitzu Publikoetan Sarbide Elektronikoa izateari buruzko ekainaren 22ko 11/2007 Legeaz edo Sektore publikoaren informazioa berrerabiltzeari buruzko azaroaren 16ko 37/2007 Legeaz gain.

Informaziorako eskubide generiko hori, zeina Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalaren 19. artikuluan jasotzen baita, orobat zertzen da Europako Kontseiluak agintari publikoen esku dagoen informaziorako irispidea dela-eta 1981ean emandako Gomendioan eta Dokumentu Publikoak Eskuratzeari buruz Europako Kontseiluak 2009an onetsitako Hitzarmenean. Gardentasun eta irispide eskubide eta kultura horrek, etika, logika eta koherentziagatik, administrazio publikoetako diruzaintzaren egoerari buruzko informazioa jasotzen hasi behar du, eta, ondorioz, hura gordailutzen eta erregistratzen deneko kontuei buruzkoa ere bai, aprobetxatuta, halaber, informazio- eta komunikazio-teknologien arloko aurrerabideak jada ahalbidetzen duela modu ulergarri eta errazean baliatu ahal izatea informazio publikorako irispide-eskubide hori.

Diru publikoa -zeina nafarrena baita- gordailutzen den banku-kontuetarako irispidea izatea da Administrazioaren gardentasunaren bermerik handiena, bai eta tresnarik eragingarriena ere ustelkeriaren aurka borrokatzeko eta botere publikoek beren kudeaketari buruz eginiko kontu-ematea eraginkorra izan dadin sustatzeko.

1. artikulua. Aplikazioeremua.

1. Foru lege honen bidez deklaratzen da irekiak eta irisgarriak direla finantza-entitateetan irekitako Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren banku-kontu guztiak, bai eta haren menpekoak edo harekin lotutakoak diren erakunde publikoen, sozietate publikoen, fundazio publikoen eta zuzenbide publikoko entitateenak, Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legearen 2. artikuluaren esparru subjektiboaren barruan sarturik daudenenak, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoarenak.

2. Kontu ireki eta irisgarri bat da edozein herritarren irismenean dagoena, foru lege honetan ezarritako moduan eta baldintzetan.

3. Eskubide horren mugak dira Datu Pertsonalen Babesari buruzko abenduaren 1eko 15/1999 Lege Organikoan ezarritakoaren ondoriozkoak nahiz daturen baten izaera sekretua espresuki ezartzen duen beste edozein arauk ezarritakoaren ondoriozkoak.

2. artikulua. Kontu publikoak.

1. Aurreko artikuluan xedatutakoa egingarria izan dadin, foru lege honen aplikazio-esparruan dauden entitate eta erakunde guztiek publiko egin beharko dituzte beraiek titularrak direneko kontuak eta kontu horien saldoa, foru lege honetan aurreikusitako moduan.

2. Betiere, kontu bakoitzaren honako datu hauek agertu beharko dira:

a) Kontu edo kutxa mota.

b) Izena.

c) Titulartasuna.

d) Kokalekua eta identifikazioa.

e) Banku-, finantza- edo kreditu-entitatea eta, kasua bada, sukurtsala, eta kontu-zenbakia (IBAN kodea). Halere, segurtasun-arrazoiak direla-eta, kontu-zenbakia behar bezala kodeturik erakutsiko da, halako moduan non kontuaren identifikazioko lehendabiziko lau eta azken lau digituak soilik argitaratuko baitira.

f) Kontuari lotutako identifikazio fiskaleko zenbakia.

g) Guztizko saldoa.

h) Nafarroako Gobernuak ezartzen duen beste edozein.

3. Informazio argitaratua eguneratu eginen da hamabost eguneko epean, hiruhileko bakoitzaren azken egunetik hasita. Hiruhilekotzat joko da urtealdia lautan zatitzea, eta lehenengoa urtarriletik martxora bitartekoa da. Xede diren hilabeteetako hilabetealdi-saldoak xeheki adieraziko dira egun horretan.

3. artikulua. Argitaratzelekua.

Foru lege honetan ezarritako gardentasun-betekizunei lotutako informazio guztia argitaratu eginen da Gobernu Irekiaren Atarian eta Nafarroako Unibertsitate Publikoarenean, edo ataria etorkizunean ordezkatzen duen kasuko gunean, bakoitzari dagokion informazioa emanda.

4. artikulua. Aurkezpena.

1. Bankuek beren bezeroei informazioa emateko darabiltzaten estandar arrunten arabera aurkeztuko da informazioa, betiere ahalbidetuz erakutsitako datuen ulergarritasuna, bai eta kontuak arloka eta kontuen organo titularren arabera antolatuta egotea ere.

2. Kontuen banku-laburpenen datuetarako irispidea egokituko zaio, segurtasunaren eta elkarreragingarritasunaren arloetan, honako hauek xedatuari: Administrazio Elektronikoaren esparruan Segurtasun Eskema Nazionala arautzen duen urtarrilaren 8ko 3/2010 Errege Dekretua eta Administrazio Elektronikoaren esparruan Elkarreragingarritasuneko Eskema Nazionala arautzen duen urtarrilaren 8ko 4/2010 Errege Dekretua.

5. artikulua. Formatua.

1. “Datu ireki” formatuan egonen dira argitaratutako datu guztiak, halako moduan non Administraziokoak ez diren hirugarren pertsonek behera kargatzeko, berriz erabiltzeko eta berriz banatzeko moduan egonen baitira.

2. Hori guztia eginen da honako hauek ezartzen dutenaren arabera: urtarrilaren 8ko 4/2010 Errege Dekretua, Administrazio Elektronikoaren esparruan Elkarreragingarritasuneko Eskema Nazionala arautzen duena; urriaren 24ko 1495/2011 Errege Dekretua, Estatuaren sektore publikorako garatzen duena azaroaren 16ko 37/2007 Legea, sektore publikoko informazioaren berrerabilerari buruzkoa; eta apirilaren 4ko 11/2007 Foru Legea, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan Administrazio Elektronikoa ezartzekoa.

6. artikulua. Erantzukizuna.

1. Departamentu bakoitzeko idazkaritza nagusi teknikoei edo gisako organoei dagokie zaintzea foru lege honetan ezarritako manuak betetzen direla, bai beren kontu berekiei bai foru lege honen aplikazio-esparruan egonik haren menpekoak diren edo harekin lotura duten erakunde eta entitateen kontuei dagokienez.

2. Diruzaintza-eginkizunak betetzen dituen organoak foru lege honetan xedatutakoaren arabera emanen ditu existitzen diren kontu eta kutxa guztiei buruzko datuak.

7. artikulua. Jarraipena.

Nafarroako Gardentasunaren Kontseiluak foru lege honetan ezarrita dauden betebeharrak betetzen direla zainduko du, eta Nafarroako Parlamentuari nahiz herritarrei aurkeztu beharreko dokumentazioan atal berezi bat gehituko du, haien betetze-mailari buruzkoa.

Xedapen gehigarri bakarra.–Gardentasuna beste erakunde batzuetan sustatzea.

Nafarroako Foru Komunitateko erakunde ezberdinek, zeinek bere eskumen-arloan, gardentasunerako neurriak hartuko dituzte urtebeteko epean, foru lege honetan jasotako printzipio eta aurreikuspenekin bat.

Azken xedapenetan lehena .–Ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legea aldatzea, Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzkoa.

Letra berri bat gehitzen zaio Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legeko 13. artikuluari. Hona edukia:

“f bis) Titularrak direneko finantza-entitateetan irekitako banku-kontuak, Kontu Irekiei buruzko Foru Legean ezarritako moduan eta baldintzetan”.

Azken xedapenetan bigarrena .–Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen erreforma.

Urtebeteko epean, Nafarroako Gobernuak foru lege proiektu bat aurkeztuko dio Nafarroako Parlamentuari, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea erreformatzekoa. Haren helburua izanen da Nafarroako toki entitateen jardunean txertatzea foru lege honetan aipatu entitateen banku-kontuei buruz jasotako printzipio eta xedapenak.

Azken xedapenetan hirugarrena .–Nafarroako Gobernuari ahalmena ematea erregelamendu bidezko garapena egiteko.

Nafarroako Gobernuari ahalmena ematen zaio beharrezkoak diren erregelamenduzko xedapenak eman ditzan bere eskumenen esparruan, foru lege honetan xedatutakoa garatzeko eta aplikatzeko, ezertan eragotzi gabe honen aplikazio-esparruan sarturik dauden subjektu ezberdinek daukaten betebeharra, kasuko neurriak hartzekoa, bakoitzak bere eskumen-esparruan legearen manuak betetzera zuzenduak.

Azken xedapenetan laugarrena .–Indarra hartzea.

1. Foru lege honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

2. Foru lege hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita hiru hilabeteko epean, publiko eginen dira aplikazio-esparru subjektiboan definitutako entitateen titulartasuna daukaten kontu guztiak, bai eta bakoitzaren banku-entitatea, kontua irekitzeko baliatu zen identifikazio fiskaleko zenbakia eta saldoa ere, zeina hilero gaurkotuko baita, harik eta hurrengo idatz-zatian adierazten diren datuak kontsultatzen ahal diren arte.

3. Foru lege hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita sei hilabeteko epean, beharrezkoak diren bitartekoak ezarriko dira, irispidea izatekoak foru lege honen esparru objektiboan jasotzen diren kontuetako bakoitzaren laburpenetara eta horietan gertatzen diren mugimenduetara.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako Aldizkari Ofizialean berehala argitara eta “Estatuko Aldizkari Ofizialera” igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezatela manatzen diet.

Iruñean, 2016ko azaroaren 11n.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Uxue Barkos Berruezo.

Iragarkiaren kodea: F1612757

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web