(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

94/2016 FORU DEKRETUA, URRIAREN 26KOA, NAFARROAKO GIZARTERATZE ETA LANERATZE ENPRESEN KALIFIKAZIOAREN, ERREGISTROAREN ETA LAGUNTZEN ARAUBIDEA EZARTZEN DUENA Nota de Vigencia

BON N.º 223 - 18/11/2016



  I. KAPITULUA. XEDAPEN OROKORRAK


  II. KAPITULUA. KALIFIKAZIOA ETA ERREGISTROA


  III. KAPITULUA. LAGUNTZEN ARAUBIDEA


Zioen Azalpena

Apirilaren 26ko 130/1999 Foru Dekretuak, gizartetik baztertuta daudenentzako gizarteratze eta laneratze programak garatzeko laguntza ekonomikoak arautzen dituenak, gizarteratze eta laneratze zentroak aurreikusi zituen; alegia, gizartetik baztertuta daudenak prestakuntza eta laneko prozesu pertsonalizatu eta lagunduen bidez gizartean eta lanean txertatzea helburu dutenak.

Hamabost urte hauetan, Gizarteratze eta Laneratze Zentroak tresna baliotsuak izan dira enplegurako zailtasun bereziak zituen jende asko lanaren merkatuan sar zedin lortzeko, prestakuntza eta benetako lana eman baitie gizarte ohiturak eta lanekoak eskuratzeko.

Estatuak, abenduaren 13ko 44/2007 Legearen bidez, lege esparru komun bat ezarri zuen gizarteratze eta laneratze enpresentzat, tipologia berezi baten gisa izaera sozialeko enpresen barrenean, gizartetik baztertuta edo horren arriskuan dagoen jendea gizartean eta lanean txertatzera bideraturik, gero enpresa arruntetan edo autoenpleguko proiektuetan sartzeko.

Horregatik, Gizarteratze eta Laneratze Zentroen erregulazio berriak lege esparru komun horretara egokitu gogo du, aipatu zentroak Gizarteratze eta Laneratze Enpresa bihurtzeko eta haien ezaugarriak egun dugun errealitate sozial eta ekonomikora egokitzeko.

Foru dekretu honek, lehen bi kapituluetan, Gizarteratze eta Laneratze Enpresen kontzeptua eta beharkizunak arautzen ditu, bai eta haien entitate sustatzaileek izan behar dituzten ezaugarriak ere, esparru komunarekin bat. Haiek kalifikatu eta erregistratzeko prozedura ere ezartzen du, bai eta deskalifikatzeko prozedura ere, Gizarteratze eta Laneratze Enpresek kalifikazioa lortzera eraman zuten beharkizunak betetzeari uzten diotenean edo jardueratik kanpo urtebetetik gora daramatenean.

Hirugarren kapituluan Gizarteratze eta Laneratze Enpresentzako laguntzak arautzen dira, eta gutxieneko beharkizunak ezartzen, haien oinarri arautzaileek kasuan-kasuan xedatzen dutenaren arabera osatu beharko direnak.

Orobat, aipamen berezia merezi du haien araubide iragankorrak, aukera eman gogo baitie egungo gizarteratze eta laneratze zentroei gizarteratze eta laneratze enpresa bihurtzeko; betiere, jakina, foru dekretu honetan ezarritako beharkizunak betez gero.

Hori horrela, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilariak proposatuta, Nafarroako Kontseiluarekin bat eta Nafarroako Gobernuak 2016ko urriaren 26ko bilkuran hartutako erabakiari jarraikiz,

DEKRETATU DUT:

I. KAPITULUA. XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua . Xedea eta aplikazio eremua.

1. Gizarteratze eta Laneratze Enpresak kalifikatu eta erregistratzeko araubidea erregulatzea du xede foru dekretu honek, bai eta haientzako laguntzen araubide orokorra ere.

2. Beren lantokia edo lantokiak Nafarroako Foru Komunitatearen lurraldean finkatu dituzten gizarteratze eta laneratze enpresentzat da aplikazio eremua eta, laguntzen araubideari dagokionez, helbide fiskala Nafarroan dutenentzat.

2. artikulua . Zer den Gizarteratze eta Laneratze Enpresa.

Legez eratuta egonik, foru dekretu honetan ezarritako beharkizunak beterik eta arau honetan xedatutakoari jarraituz kalifikazio hori eskuratzen duten merkataritza-sozietateak edo sozietate kooperatiboak hartuko dira Gizarteratze eta Laneratze Enpresatzat, baldin eta ondasunak ekoizten edo zerbitzuak ematen dituen jarduera ekonomikoren bat burutzen badute merkatuaren edozein sektoretan, eta haien helburu soziala gizartetik baztertuta dagoen jendea gizartean eta lanean txertatzea eta prestatzea bada enplegu arrunterako iraganbide gisa.

3. artikulua . Gizarteratze eta laneratze enpresek bete beharreko beharkizunak Nota de Vigencia.

Gizarteratze eta laneratze enpresek, 2. artikuluan xedatutakoa betetzeaz gain, beharkizun hauek beharko dituzte bete:

a) Hurrengo artikuluan aipatzen diren entitate sustatzaileetako batek edo gehiagok bultzatuak izan. Parte-hartze hori, gutxienez ere, kapital sozialaren %51koa izanen da merkataritza-sozietateak badira, edo indarra duen legeriak parte-hartze horretarako gehieneko muga gisa ezartzen duenarena, sozietate kooperatiboak edo lan-sozietateak badira.

b) Haien forma juridikoari dagokion erregistroan eta foru dekretu honen bidez sortzen den Gizarteratze eta Laneratze Enpresen Erregistroan inskribatuta egotea.

c) Behin-behineko kalifikazioa lortzen dutenetik, gutxienez langileen %30 izatea gizarteratze eta laneratze prozesuan urtean, jardueraren lehen hiru urteetan, eta plantilla osoaren %50, gutxienez ere, laugarren urtetik aurrera; haien kopurua ez da inoiz bi baino txikiagoa izanen.

d) Haien helburu sozial ez diren jarduerak ez egitea.

e) Ekitaldi bakoitzean prest dauden edo lortu diren emaitza edo soberakinen %80, gutxienez ere, aplikatzea produkzio eta gizarteratze eta laneratze egiturak hobetzeko edo handitzeko. Enpresaren urteko kontuak edo kontabilitate liburu ofizialak aztertuta egiaztatuko da beharkizun hori betetzen ote den.

f) Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuan, urtero, gizarteratze eta laneratze enpresaren jarduerari buruzko memoria aurkeztea, gutxienez honako hauek jasoko dituena: egindako jarduerak, plantillaren osaera, egoera-balantzea eta ustiapen-kontua, gizarteratzen eta laneratzen betetako zereginei buruzko informazioa eta zer txertatze maila izan den lan-merkatu arruntean, eta hurrengo urterako aurreikuspenak eta aurrekontua. Halaber, alta hartu duten langileak txertatzeko kontratuekin zerikusia duten akordioak zenbateraino gauzatu diren azaltzen duen txosten bat.

g) Gizarteratze eta laneratze prozesuen parte, gizarte-bazterketa egoeran edo horren arriskuan direnei prozesu integratu eta pertsonalizatuak eskaintzea; hau da, ordaindutako lan jardueraren bat, lanbide prestakuntza egokia eta esku-hartzea edo lagun egitea, gero lanean txerta daitezen merkatu arruntean. Beharkizun hau betetzeko beharrezkoak diren baliabide guztiak izan beharko dituzte. Ondorio horietarako, haietako bakoitzarekin gizarteratze eta laneratze akordio bat sinatuko da, foru dekretu honen 18. artikuluan adierazitako moduan, eta horren kopia aurkeztuko da Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuan.

h) Haien kalifikazioan eragina duten estatutu aldaketen berri ematea Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari, kasuan kasuko erregistroan inskribatu ondoan. Hilabete izanen dute horretarako, aldaketak egiten direnetik hasita.

4. artikulua . Entitate sustatzaileak.

Haien helburu soziala gizartetik baztertuta edo horren arriskuan daudenak gizartean edo gizartean eta lanean txertatzea duten irabazi-asmorik gabeko entitateak bakarrik izaten ahalko dira gizarteratze eta laneratze enpresen sustatzaile, zuzenbide publikokoak barne, eta aurreko artikuluko a) letran jasotako moduan hartu beharko dute parte merkataritza-sozietatean edo sozietate kooperatiboan.

5. artikulua . Langileek bete beharreko beharkizunak Nota de Vigencia.

1. 3. artikuluan ezarritako portzentajea betetzearen ondorioetarako, gizarteratze eta laneratze enpresetako langileek estatuko araudian ezarritako kolektiboren batekoak beharko dute izan, eta enpresan alta hartzen duten egunean gizarte-bazterketa egoeran egon beharko dute, baita langabezian eta enplegu-eskatzaile gisa inskribaturik ere Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko agentziaren batean.

2. Gizarte-bazterketa egoera frogatzeko, enpresak irizpena eskatu beharko dio gizarte zerbitzuen arloan eskumena duen departamentuari.

3. Langileak gizarteratze eta laneratze prozesuan daudela joko da frogatzen bada aurreko apartatuetan eskatzen diren beharkizunak betetzen direla, eta gutxienez ere 6 hilabeteko kontratu bat izenpetzen bada, gutxienez %50eko lanaldia betetzeko; hori guztia, langile horiek kontratatzeagatik dirulaguntza bat jaso nahiz ez jaso. Halaber, langileek eta enpresak gizarteratze eta laneratze akordio bat sinatu behar dute haiek kontratatu ondoko hilabetearen barnean.

II. KAPITULUA. KALIFIKAZIOA ETA ERREGISTROA

6. artikulua . Kalifikazioa.

1. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Kudeaketa Zuzendaritzari dagokio gizarteratze eta laneratze enpresaren kalifikazioa emateko eskumena Nafarroako Foru Komunitatean, foru dekretu honetan aurreikusitako prozedura tramitatu ondoren.

2. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak kalifikazio hori emateko, gizarteratze eta laneratze enpresek foru dekretu honetan ezarritako beharkizunak bete beharko dituzte, eta lantokia Nafarroan izan beharko dute.

3. Enpresa interesdunak eskaera egin ondoan, behin-behineko kalifikazioa emanen da. Horretarako, enpresak frogatu beharko du betetzen dituela 3. artikuluko a), b), d) eta g) letretan ezarritako beharkizunak.

Halaber, enpresa interesdunak eskaera egin ondoan emanen da behin betiko kalifikazioa. Horretarako, enpresak frogatu beharko du betetzen dituela 3. artikuluko c), e) eta f) letretan ezarritako beharkizunak. Behin-behineko kalifikazioa ematen denetik urtebete iragandakoan egin beharko da eskaera hori Nota de Vigencia.

7. artikulua . Kalifikazio prozeduraren hasiera.

1. Entitate interesdunak eskatuta abiatuko da gizarteratze eta laneratze enpresaren kalifikazioa lortzeko prozedura; eskaera hori Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak onetsitako eredu ofizialean formalizatuko da, eta administrazio prozedura erkidea erregulatzen duen araudian aurreikusitako edozein bidetatik aurkeztuko.

2. Behin-behineko kalifikazioa emateko eskaerekin batera dokumentu hauek aurkeztuko dira Nota de Vigencia:

a) Behin-behineko kalifikazioa emateko eskaera, eredu ofizialaren araberakoa.

b) Eraketaren eskritura eta sozietatearen estatutuak.

c) Entitate sustatzaile(ar)en estatutuak.

d) Ordezkaritzaren frogagiria.

e) Enpresak egindako jarduerari buruzko memoria, egoera-balantzea eta ustiapen-kontua, haren bideragarritasun ekonomikoa, teknikoa eta finantzarioa frogatzeko.

f) Berariazko memoria, kalifikazioa eskatu eta hurrengo urterako aurreikusi diren gizarteratze eta laneratze lanei buruzkoa, frogatzen duena enpresak gizarteratze eta laneratze ibilbideen ondoriozko konpromisoak betetzeko behar diren baliabideak dituela.

g) Plantilla osoko izenen zerrenda, gizarteratze eta laneratze prozesuetan dauden langileak zehaztuta.

h) Entitatearen ordezkariaren erantzukizunpeko adierazpena, helburu sozialetik kanpoko bestelako jarduera ekonomikorik egiten ez dela dioena.

3. Behin betiko kalifikazioa emateko eskaerekin batera dokumentu hauek aurkeztuko dira Nota de Vigencia:

a) Behin betiko eskaera emateko eskaera, eredu ofizialaren araberakoa.

b) Honako hauek zehazten dituen berariazko memoria: egindako txertatze lanak eta zenbateraino lortu den lan-merkatu arruntean txertatzea.

c) Plantilla osoko izenen zerrenda, gizarteratze eta laneratze prozesuetan dauden langileak zehaztuta.

d) Entitatearen ordezkariaren erantzukizunpeko adierazpena, helburu sozialetik kanpoko bestelako jarduera ekonomikorik egiten ez dela dioena.

e) Behin-behineko kalifikazioa eman zitzaionetik enpresak egin duen jarduerari buruzko memoria, egoera-balantzea eta ustiapen-kontua, frogatzeko behin-behineko kalifikazioan lortutako emaitzen edo soberakinen %80 erabiltzen direla, gutxienez, ekoizpen egiturak eta gizarteratze eta laneratzeko helburua dutenak hobetzeko edo handitzeko.

4. Aurkezten den dokumentazioa osatugabea bada edo zuzentzeko moduko akatsak baditu, errekerimendua eginen zaio interesdunari 10 egun balioduneko epean akatsa zuzendu edo aginduzko dokumentuak aurkez ditzan; ohartaraziko zaio hala egiten ez badu eskaeran atzera egiten duela ulertuko dela, administrazio prozedura erkidea erregulatzen duen araudian xedatutakoarekin bat, horretarako ebazpena eman ondoren Nota de Vigencia.

8. artikulua. Kalifikazio prozeduraren antolamendua Nota de Vigencia.

Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzutik gizarte-bazterketa egoeran edo horren arriskuan dauden giza taldeak gizarteratzearen arloan eskumena duen zerbitzua izanen da kalifikazio prozedura antolatu eta instruituko duen organo eskuduna.

9. artikulua. Kalifikazioaren ebazpena Nota de Vigencia.

1. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Kudeaketa Zuzendaritzak ebatziko du kalifikazio prozedura, behin egiaztaturik betetzen direla foru dekretu honetan ezarritako beharkizunak.

2. Ebazpenak 3 hilabeteko epean eman eta jakinarazi beharko dira, eskaera organo eskudunaren erregistroan sartzen denetik hasita. Epe hori iraganik prozeduraren ebazpena jakinarazi gabe, kalifikazio eskaera baietsitzat jotzen ahalko da.

10. artikulua . Gizarteratze eta Laneratze Enpresen Erregistroa.

1. Gizarteratze eta Laneratze Enpresen Nafarroako Erregistroa sortzen da, publikoa eta doanekoa, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari atxikia, xede izanik gizarteratze eta laneratze enpresa gisa kalifikatu diren sozietate edo entitateak inskribatzea.

2. Inskribatuta dagoen gizarteratze eta laneratze enpresa bakoitzaren datu hauek jasoko dira erregistroan Nota de Vigencia:

a) Esleitzen zaion erregistro zenbakia.

b) Gizarteratze eta laneratze enpresaren izena, haren forma juridikoa, identifikazio fiskaleko zenbakia eta harremanetako datuak.

c) Egoitza soziala.

d) Nafarroan d(it)uen lantoki(ar)en helbidea.

e) Entitate sustatzailea(k).

f) Helburu soziala.

g) Jarduera ekonomikoaren sektorea eta Ekonomia-jardueren Sailkapen Nazionaleko kodea.

h) Kapital soziala, bazkide bakoitzaren partaidetza adierazita.

i) Behin-behineko eta behin betiko kalifikazioen gaineko ebazpenen datak.

j) Gizarteratze eta laneratze prozesuan diren langileen kopurua eta Nafarroan finkatuta dauden lantokietako plantillaren guztirakoa.

11. artikulua . Erregistroan inskribatzea eta inskripzioaren ondorioak.

1. Gizarteratze eta laneratze enpresari behin-behineko kalifikazioa ematen dion ebazpenak ofiziozko inskripzioa ekarriko du Gizarteratze eta Laneratze Enpresen Erregistroan.

2. Jasotzen diren datuen publikotasuna ekarriko du erregistroko inskripzioak, ez besterik.

12. artikulua . Erregistroan sartzeko eskubidea eta datu pertsonalen babesa Nota de Vigencia.

1. Herritarrak Gizarteratze eta Laneratze Enpresen Erregistroko datuetan sartzen ahalko dira, administrazio prozedura erkidea erregulatzen duen araudian xedatutakoari jarraituz.

2. Honako hauetan ezarritakoarekin bat eginen da erregistro horretako datu pertsonalen tratamendua: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren apirilaren 26ko 2016/679 (EB) Erregelamenduan, Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalen Bermerako abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan eta aplikatzekoa den gainontzeko araudian.

13. artikulua . Kalifikazioaren eta inskripzioaren ondoriozko betebeharrak.

1. Erregistroan Gizarteratze eta Laneratze Enpresa gisa kalifikatuta eta inskribatuta dauden enpresek uneoro bete beharko dituzte foru dekretu honen 2. eta 3. artikuluetan ezarritako beharkizunak; bestela, haiek deskalifikatzeko prozedura hasiko da.

2. Orobat, enpresa urtebete jarraian jarduerarik gabe dagoela egiaztatuz gero, deskalifikazio prozedura abiatuko da.

14. artikulua . Deskalifikazio prozeduraren hasiera.

1. Gizarteratze eta Laneratze Enpresa bat deskalifikatzeko prozedura ofizioz eginen da norberaren ekimenaz, goiko agindu baten medioz, beste organo batzuek arrazoien gainean eskatuta edo salaketa jarrita, edo enpresa interesdunak berak eskatuta.

Prozedura hasten duen ebazpenak hura hasteko arrazoi diren egitateen zerrenda laburtua jasoko du.

2. Prozedura ofizioz abiatzen denean, hasteko ebazpenaren berri emanen zaio enpresa interesdunari, 15 eguneko epean alegazioak, dokumentuak eta bidezkoak iruditzen zaizkion gainerako frogak aurkez ditzan.

15. artikulua . Deskalifikazio prozeduraren antolamendua.

1. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzutik gizarte-bazterketa egoeran edo horren arriskuan dauden giza taldeak gizarteratzearen arloan eskumena duen zerbitzua izanen da deskalifikazio prozedura antolatu eta instruituko duen organo eskuduna Nota de Vigencia.

2. Instrukzioaren barrenean eskatu beharko zaio txostena Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzari.

16. artikulua . Deskalifikazioaren ebazpena.

1. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Kudeaketa Zuzendaritzari dagokio deskalifikazio prozedura ebaztea.

2. Ofizioz hasitako prozeduretan, ebazpena 6 hilabeteko epean eman eta jakinarazi beharko da, prozedura hasten duen ebazpenaren datatik aurrera. Epe hori prozeduraren ebazpena jakinarazi gabe iraganez gero, iraungi eginen da.

Enpresa interesdunak eskatuta hasitako prozeduren kasuan, ebazpena 3 hilabeteko epean eman eta jakinarazi beharko da, hura tramitatzeko eskaera organo eskudunaren erregistroan sartzen denetik hasita. Epe hori iraganik prozeduraren ebazpena jakinarazi gabe, deskalifikazio eskaera baietsitzat jotzen ahalko da.

3. Ematen den ebazpenaren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko zaio goragoko agintariari, administrazio prozedura erkidea erregulatzen duen araudian xedatutakoari jarraituz.

4. Administzazio bidea irmo delarik, deskalifikazioak ofizioz ekarriko du erregistroko baja, eta ez da nahitaez sozietatea edo entitatea desegin beharko.

III. KAPITULUA. LAGUNTZEN ARAUBIDEA

17. artikulua . Laguntzak lortzeko beharkizunak Nota de Vigencia.

Gizarteratze eta laneratze enpresak, behin-behineko kalifikazioa jasotzen dutenetik, kapitulu honetan ezarritako laguntzen araubidean sartzen ahalko dira, baldin eta laguntza mota bakoitzerako adierazitako berariazko beharkizunak betetzen badituzte. Hala ere, ez badute behin betiko kalifikazioa lortzen horretarako ezarritako epean, jasotako laguntzak eta berandutze-interesak itzultzeko errekerimendua eginen zaie.

18. artikulua . Gizarteratze eta laneratze akordioa.

1. Enpresa behartua egonen da langileari kontratuaren xederako egokiak diren prestakuntza eta benetako lana ematera, bai eta esku hartzera, lagun egitera eta beharrezko bitarteko eta baliabideak jartzera ere, langilea gauza izan dadin egokiak diren gizarte ohiturak eta lanekoak bereganatzeko, gero lan munduan sartzeko.

Ondorio horietarako, gizarteratze eta laneratze akordio bat prestatu beharko du 5. artikuluan adierazitako langile bakoitzeko, kontrataziotik hilabeteko epean; hartan, esku hartzeko eta lagun egiteko beharrezkoak diren neurriak zehaztu beharko dira, gero lan munduan sar dadin. Kontratatutako pertsonak eta esku-hartze, gizarteratze eta laneratze arloko laguntzako teknikariek sinatu beharko dute akordio hori; bertan, lortu beharreko helburuak definituko dira, zeinak urtero eta langilearen kontratazio aldia bukatutakoan ebaluatuko baitira. Gainera, enpresak gorde beharko du proposaturiko helburuak betetzera begira gauzatutako jarduketak frogatzen dituen dokumentazioa Nota de Vigencia.

2. Kontratatzen den langilea behartua egonen da benetako lana egitera, prestakuntza hartzera eta gizarteratzera eta laneratzera zuzendutako ibilbideak garatzen parte hartzera; horretarako, gizarteratze eta laneratze akordioa sinatu beharko du.

19. artikulua . Laguntzako teknikarien kontratazioa gizarteratze eta laneratze enpresetan Nota de Vigencia.

1. Enpresek laguntzako teknikari kopuru jakin bat izan beharko dute gutxienez, hurrengo artikuluan adierazitako gisan.

2. Aurrerantzean kontratatzen diren laguntzako teknikariek lanpostu bakoitzeko lanak egiteko behar diren jarreren eta gaitasunen jabe beharko dute izan. Horretarako, esku-hartze, gizarteratze eta laneratze arloko laguntzako teknikariek, gutxienez ere, erdi mailako unibertsitateko titulua izan beharko dute, hezkuntza, pedagogia, psikosoziologia, terapia eta gizarteratze eta laneratze eremuekin zerikusia duena, edo urtebeteko esperientzia eduki beharko dute arlo sozial horietan.

Gainerako teknikariek, gutxienez ere, enpresaren jarduerarekin zerikusia duen erdi edo goi mailako Lanbide Heziketako titulua izan beharko dute, edo gutxienez urtebeteko esperientzia frogatu lagun egiteko eskatzen zaizkien jardueretan.

20. artikulua . Beharrezko teknikariak eta eginkizunak.

1. Gizarteratze eta laneratze egoeran zenbat langile dauden, horren araberakoa izanen da gizarteratze eta laneratze enpresa bakoitzean gutxienez izan behar diren teknikarien kopurua, foru dekretu honen 25.2 artikuluko taulan ezarri gisan, eta gutxienez teknikari bat esku-hartze, gizarteratze eta laneratze arloko lanetan arituko da. Lau teknikari edo gehiago edukitzeko beharra badago, horietatik bi, gutxienez, esku-hartze, gizarteratze eta laneratze arloko neurriak garatzen arituko dira; sei teknikari edo gehiago edukitzeko beharra badago, horietatik hiru arituko dira zeregin horietan. Hortik aurrera, teknikari kopuruaren araberako proportzio hori errespetatu beharko da Nota de Vigencia.

2. Esku-hartzeko, gizarteratzeko eta laneratzeko teknikariek eginkizun hauek bete beharko dituzte Nota de Vigencia:

a) Foru dekretu honen 5. artikuluan adierazitako kontratudun bakoitzaren gizarteratze eta laneratze akordioa prestatzea, langilearekin adostuta, eta lagun egiteko teknikariarekin, oinarrizko laguntzako edo laguntza espezializatuko gizarte zerbitzuekin eta Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuarekin batera, beharrezkoa denean.

b) Lan orientazioko zereginak betetzea.

c) Enpresen prospekzioa egitea, enpresako langileak lanean txertatzeko.

d) Gizarteratze eta laneratze enpresako langileen eta haiek kontratatzen ahal dituzten enpresen arteko lan bitartekaritza.

e) Gizarteratze eta laneratze akordioa betetzen ote den jarraipena egitea eta berriro formulatzea, adierazitako helburuak beteko ez balira.

f) Haien jarduerak koordinatzea gizarte zerbitzuekin, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuarekin eta lagun egiteko teknikariekin, zein den kasua.

3. Lagun egiteko teknikariek eginkizun hauek beteko dituzte:

a) Enpresan egiten diren prestakuntza ekintzetan lagun egitea teknika eta lanbide arloko gaitasunetan.

b) Laneko ohiturak eskuratzen lagun egitea.

c) Haien jarduerak esku-hartzeko eta gizarteratze eta laneratzeko teknikariekin koordinatzea.

21. artikulua . Gizarteratze eta laneratze arloko betebeharrak Nota de Vigencia.

1. Gizarteratze eta laneratze enpresek txertatze prozesuetan dituzten langileen %10, gutxienez ere, enpresa arruntetan sartzea lortu beharko dute urtean; bestela, txertatze lan horretan ahalegindu dela frogatu beharko diote Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari. Bi urtez jarraian ez bada betetzen aipatu txertatze hori edo horretan aritu izana frogatu beharra, dirulaguntza jasotzeko beharkizunak bete ez direla joko da, eta Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emanen duen ebazpen baten bidez deklaratuko da emandako dirulaguntzak jasotzeko eskubidea galdu dela ez-betetzearen ondoko hamabi hilabeteetarako.

2. Lanean txertatzea, aurreko puntuan aurreikusitakoa, lortzen ez den kasuetarako, txertatze lanaren nahiko froga izanen da, urteko memoriarekin batera, honako hau aurkeztea: urtebetean gutxienez hiru enpresa-prospekzio egin direla frogatzen duen dokumentazioa.

22. artikulua . Gizartean eta lanean txertatzeko laguntzak.

1. Gizarteratze eta laneratze enpresak hurrengo laguntzen onuradun izaten ahal dira, horretarako behar adinako kreditua bada aurrekontuan:

a) Soldaten araberako diru-laguntza.

b) Gizarte Segurantzako enpresa kuoten araberako diru-laguntza.

c) Laguntza teknikorako diru-laguntzak.

d) Inbertsioen araberako diru-laguntzak.

2. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Kudeaketa Zuzendaritzaren ebazpen baten bidez ezarriko dira aipatu diru-laguntzak emateko oinarri arautzaileak, zeinek hurrengo artikuluetan ezarritako gutxienekoa errespetatu beharko duten.

23. artikulua. Dirulaguntza, soldatengatik eta Gizarte Segurantzako enpresa kuotengatik Nota de Vigencia.

1. Gizarteratze eta laneratze enpresetako langileen soldatengatik ematen diren dirulaguntzetan portzentaje hauek aplikatuko dira:

a) Lanbide arteko gutxieneko soldataren %75 diruz lagunduko da, benetan egindako lanaldiaren proportzioan, 5.1 artikuluan aurreikusitako langileentzat.

b) Lanbide arteko gutxieneko soldataren %50 diruz lagunduko da, langileak egindako lanaldiaren proportzioan, laugarren egunetik hamabosgarren egunera bitarte, biak barne, gaixotasun arruntaren edo lanez kanpoko istripuaren ondoriozko aldi baterako ezintasunagatik baja ematen denean.

2. Gizarte Segurantzako enpresa kuotaren %100 diruz lagunduko da, lan istripuena eta laneko gaixotasunarena barne, eta lanbide arteko gutxieneko soldatari dagozkion baterako diru-bilketaren kuotena, kontratuaren indarraldian, lanaldiaren proportzioan.

3. Aipatutako dirulaguntzak jasotzeko, lan kontratuaren eranskin batean nahitaez jaso beharko da zer betebehar hartzen dituzten alderdiek gizarteratze eta laneratze ibilbide pertsonala garatzeko, eta zer neurri zehatz hartu behar diren. Kontratua gutxienez sei hilabeterako izanen da, lanaldiaren %50 edo gehiago betetzeko.

4. Kontratudun bakoitzeko gehienez ere hiru urtez emanen da dirulaguntza, zein den ere langile hori kontratatzen duen gizarteratze eta laneratze enpresa.

24. artikulua . Dirulaguntza, Gizarte Segurantzako enpresa kuotengatik Nota de Vigencia.

1. Gizarte Segurantzako enpresa kuotaren %100eko diru-laguntza emanen da, lan istripuena eta lanbide gaixotasunarena barne, eta lanbide arteko gutxieneko soldatari dagozkion baterako diru-bilketaren kuotena, kontratuaren indarraldian, lanaldiaren proportzioan.

2. Diru-laguntza eskuratu ahal izateko, Gizarte Segurantzako enpresa kuoten soldatetarako laguntza lortzen dutenen lan-kontratuak 6 hilabetekoa, gutxienez ere, izan beharko du eta, lanaldiak, %50ekoa, gutxienez ere. Gehienez ere, hiru urtez emanen da diru-laguntza kontratudun bakoitzeko, zein den ere hura kontratatzen duen gizarteratze eta laneratze enpresa.

25. artikulua . Laguntza teknikorako dirulaguntza Nota de Vigencia.

1. Dirulaguntza 24.000 eurokoa izanen da, gutxienez ere, lanaldi osoko teknikari bakoitzeko, edo horren parekoa, teknikariaren lanaldiaren proportzioan, soldataren eta Gizarte Segurantzaren kontzeptuan.

2. Gizarteratze eta laneratze enpresei dirulaguntza ematen ahalko zaie teknikariak kontratatzeagatik, taula honetan adierazitako baldintzei jarraikiz::

3. 23 langile edo gehiago badaude gizarteratze eta laneratze prozesuan, jarduera profesionalarekin eta dirulaguntzaren zenbatekoarekin proportzioan ezarriko da teknikarien plantilla, aurreko irizpideekin bat.

4. Dirulaguntza hau arautzeko oinarrietan, aurrekoaz gain, dirulaguntza gehigarri bat ezarriko da, lortu diren txertatze kopuruen araberakoa.

26. artikulua. Inbertsioetarako dirulaguntza Nota de Vigencia.

Nafarroako laneratze eta gizarteratze enpresei dirulaguntzak emanen zaizkie, inbertsioak egin ditzaten, horiei esker beren lehiakortasuna indartzeko eta beren lan jarduera eta enplegu-sorkuntza faboratzeko.

Lehen xedapen gehigarria .Laguntzen erregulazioa.

Foru dekretu honek indarra hartzen duenetik sei hilabeteko epean, gehienez ere, onetsiko dira hartan aurreikusitako laguntzak arautzen dituzten oinarriak.

Bigarren xedapen gehigarria.- Gizarteratze eta laneratze enpresetatik datozen langileei eta haiek kontratatzen dituzten enpresei laguntzeko neurriak.

Autonomo gisa jartzeko, toki entitateek eta irabazi-asmorik gabeko entitateek langabeak kontratatzeko, ekonomia sozialeko enpresak sortzeko eta bazkideak hartzeko diru-laguntzetarako deialdiek bereziki jokatuko dute gizarteratze eta laneratze enpresetatik datozen langileen alde.

Hirugarren xedapen gehigarria.- Nafar LansareNafarroako Enplegu Zerbitzuko Kudeaketa Zuzendaritzaren gaikuntza.

Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Kudeaketa Zuzendaritzak gizarteratze eta laneratze enpresak kalifikatu eta deskalifikatzeko eskaeraren eredu ofizialak onetsiko ditu.

Lehen xedapen iragankorra .Dagoeneko existitzen diren gizarteratze eta laneratze zentroak.

1. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak apirilaren 26ko 130/1999 Foru Dekretuaren IV. kapituluaren arabera kalifikatuak dituen gizarteratze eta laneratze zentroak, 2015. urtean jardun badute, ofizioz eta behin-behinekoz kalifikatuko ditu Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak gizarteratze eta laneratze enpresa gisa, eta Gizarteratze eta Laneratze Enpresen Erregistroan inskribatuko.

2. Kalifikazio horrek urtebeterako balioko du merkataritza-sozietateak edo sozietate kooperatiboak badira, edo bi urterako, irabazi-asmorik gabeko fundazio edo sozietateak badira; denbora horretan, gizarteratze eta laneratze enpresen behin betiko kalifikazioa lortzeko, abenduaren 13ko 44/2007 Legean (gizarteratze eta laneratze enpresen erregulazioa), eta foru dekretu honetan xedatutakoari egokitu beharko zaizkio.

3. 17. artikuluan xedatutakoaren ondorioetarako, zentro horiek gizarteratze eta laneratze enpresa gisa bi urte kalifikatuta eta inskribatuta eramateko beharkizuna betetzen dutela ulertuko da.

4. Ez da 2. atalean aurreikusitako bitarteko aldian jasotako laguntzarik itzuli beharko, gizarteratze eta laneratze zentro onuradunak behin betiko kalifikazioa lortzen ez badu.

Bigarren xedapen iragankorra .Laguntzen araubide iragankorra.

Foru dekretu honetan aurreikusitako oinarri arautzaile berriak onetsi arte jarraituko du indarrean Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen apirilaren 11ko 573/2013 Ebazpenak, gizarteratze eta laneratze zentroetarako diru-laguntzetarako deialdia onetsi zuenak.

Hirugarren xedapen iragankorra.- Gizarteratze eta laneratze zentroetako teknikariak.

Foru dekretu honek indarra hartu aurretik, lehen xedapen iragankorreko 1. atalean aipatu gizarteratze eta laneratze zentroek kontratatuak dituzten teknikariek foru dekretu honetan ezarritako beharkizunak betetzen dituztela ulertuko da; betiere, langile horiek bi urteko esperientzia dutela frogatu beharko dute lagun egiteko edo esku hartzeko edo gizarteratze eta laneratzeko eginkizunetan.

Xedapen indargabetzaile bakarra .Indargabetzen diren xedapenak.

Indarrik gabe uzten dira foru dekretu honetan ezarritakoaren aurkakoak diren maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak.

Azken xedapenetan lehena.- Garatzeko ahalmenak.

Ahalmena ematen zaio Eskubide Sozialen arloan eskumena duen departamentuko titularrari, foru dekretu hau garatzeko behar diren xedapenak eman ditzan.

Azken xedapenetan bigarrena .Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2016ko urriaren 26an.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Uxue Barkos Berruezo.-Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilaria, María José Beaumont Aristu.

Iragarkiaren kodea: F1612199

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web