131/2016 FORU AGINDUA, URRIAREN 28KOA, OGASUNEKO ETA FINANTZA POLITIKAKO KONTSEILARIAK EMANA, LURRALDEAREN ANTOLAMENDUARI ETA HIRIGINTZARI BURUZKO ABENDUAREN 20KO 35/2002 FORU LEGEAREN 16. XEDAPEN GEHIGARRIAN ETA NEKAZARITZAKO AZPIEGITUREI BURUZKO MARTXOAREN 7KO 1/2002 FORU LEGEAREN 3.EAN AURREIKUSITAKO TXOSTEN ESKAEREK BETE BEHARREKO BALDINTZA TEKNIKOAK ZEHAZTEN DITUENA
BON N.º 220 - 15/11/2016
ERANSKINA. 1. ESKAERA TELEMATIKA BIDEZ AURKEZTEA.
2015eko abenduaren 31tik, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen hamaseigarren xedapen gehigarriaren eta Nekazaritzako Azpiegiturei buruzko martxoaren 7ko 1/2002 Foru Legearen hirugarren xedapen gehigarriaren ondorioz, Hipoteka Legearen 9.b) artikuluan (ekainaren 24ko 13/2015 Legeak emandako idazketaren arabera) aurreikusitako eragiketetako bat xede duten prozedura guztiak, lurren berrantolamenduarekin edo nekazaritzako azpiegituren arloko jarduketekin zerikusia dutenak, behin betiko onesteko, Lur-ondasunen Erregistroaren kontserbazioa bere esku duen Nafarroako Zerga Ogasuneko Zerbitzuaren aginduzko txosten loteslea, jarduketaren esparru geografikoaren perimetroari buruzkoa, izan beharko da.
Txosten hori aipatutako zerbitzuari eskatuko dio proiektua sustatzen duen entitateak. Ondorio horietarako, berrantolatu gogo den finkaren edo finken perimetroa erantsiko du euskarri digitalean. Perimetroari buruzko informazioak baldintza teknikoak bete behar ditu Lur-ondasunen Erregistroan sartzeko, kasuan kasuko proiektua onetsi ondoren.
Aipatutako zerbitzuak egiten duen txostenak berretsiko du jarduketaren esparru geografikoaren perimetroak bat egiten duela katastroko kartografiako perimetroarekin, besterik ez, eta lurrak berrantolatzeko proiektua onetsi behar duen organoan sustatzaileak aurkeztu behar duen dokumentazioaren parte izanen da.
Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1.g) artikuluak erregelamendu ahalaren erabilera esleitzen die kontseilariei departamentuak bere dituen aferetan.
Modu berean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan Administrazio Elektronikoa ezartzeari buruzko apirilaren 4ko 11/2007 Foru Legearen 2.2 artikuluak Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilaria baimentzen du foru aginduen bidez arautzeko zer kasu eta baldintzatan aurkezten ahal dituzten herritarrek komunikazioak, eskaerak edo beste edozein dokumentu, baliabide elektronikoak baliatuz.
Aurrekoa kontuan izanda, bidezko da Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilariak zehaztea zer baldintza tekniko bete behar dituen sustatzaileak igorritako informazioak.
Horrenbestez,
AGINDU DUT:
Eranskin bakarra onestea, hau da, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen hamaseigarren xedapen gehigarrian eta Nekazaritzako Azpiegiturei buruzko martxoaren 7ko 1/2002 Foru Legearen hirugarren xedapen gehigarrian aurreikusitako txostenak lortzeko aurkezten diren eskaerek bete beharreko zehaztapen teknikoak, lurren hirigintzako zatiketa edo birzatiketetan eta lurzati berrantolamenduko jarduketetan, hurrenez hurren.
Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
Indarra hartzea.
Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean hartuko du indarra.
Iruñean, 2016ko urriaren 28an.-Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilaria, Mikel Aranburu Urtasun.
ERANSKINA. 1. ESKAERA TELEMATIKA BIDEZ AURKEZTEA.
Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen hamaseigarren xedapen gehigarrian eta Nekazaritzako Azpiegiturei buruzko martxoaren 7ko 1/2002 Foru Legearen hirugarrenean aurreikusitako txostenetakoren bat eskatzeko, eskabide telematikoa baliatu beharko da Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan helbide elektroniko honetan:
http://www.navarra.es/home_es/Servicios/ficha/1718/Registro-General-Electronico
2. Eskaeran jaso beharreko datuak.
Nafarroako Zerga Ogasuneko “Lur-ondasunen eta Ondarearen gaineko Tributuen Zerbitzuari” igorriko zaio eskabidea, bertan jarduketaren esparrua adierazita (ukitutako lurzatien katastroko erreferentziak, udalerria eta egin gogo den jarduketa).
3. Eskaerari erantsi beharreko informazioa.
Eranskin honen 1. zenbakian adierazitako xedapen gehigarrietan aurreikusitakoaren arabera,.zip artxibo bat, euskarri digitalean, erantsi beharko zaio eskabide telematikoari, berrantolamenduaren xedeko finkaren edo finka multzoen perimetroa adierazita.
4. Artxibo digitalaren formatua.
Artxibo digitala dwg (2010eko edo lehenagokoa), dgn edo shp formatuan aurkeztu beharko da EPSG:25830/ETRS89/UTM zone 30N sisteman.
Aurkezten den grafikoak bi ingerada baino ez ditu izanen: burutu gogo den jarduketarena eta ukitutako lurzati multzoaren perimetroarena (berrantolatu beharreko azalera eta lurzati hondarren azalerak), jarduketarena bera ez bada.
5. Geroagoko jarduketak.
Lur-ondasunen eta Ondarearen gaineko Tributuen Zerbitzuak egiaztatuko du interesdunek aurkezten duten perimetroari buruzko informazioak baldintza teknikoak betetzen ote dituen, Lur-ondasunen Erregistroan txertatu ahal izateko proiektua onetsi ondoren.
Horrela ez bada, atzematen diren akatsen berri emanen zaio entitate sustatzaileari, bai eta hamar eguneko epea ere haiek zuzentzeko, eta epe horretan errekerimenduari erantzuten ez bazaio, eskaera artxibatu eginen da.
6. Lur-ondasunen eta Ondarearen gaineko Tributuen Zerbitzuak emandako txostenaren edukia eta hura entitate sustatzailearen esku uztea.
Jarduketaren eremu geografikoaren perimetroak katastroko kartografian dagokion perimetroarekin guztiz bat egiten duela adieraziko du Lur-ondasunen eta Ondarearen gaineko Tributuen Zerbitzuaren txostenak, besterik ez.
Txosten positiboak edo aldeko txostenak ez du inoiz baliozkotzat ematen lurzatien konfigurazio berria sortzen duten eragiketa juridikoak indarrean dagoen legezkotasunari lotzen zaizkiola edo dagokion administrazio edo agintari publikotik jaso beharreko baimenak dituztenik.
Txosten negatiboak edo kontrakoak ez du trafiko juridikoa gelditzen; hartara, entitate sustatzaileak uste badu jarduketaren irudikapen grafikoa egokia dela, katastro aldaketarako prozedura eskatu behar du dagokion Udalean, Nafarroako Lurralde Aberastasunaren Erregistroari eta Katastroei buruzko azaroaren 21eko 12/2006 Foru Legean ezarritakoaren arabera.
Iragarkiaren kodea: F1612249