(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

51/2016 FORU DEKRETUA, UZTAILAREN 27KOA, NAFARROAKO SUHILTZAILEEN ZERBITZUARI ATXIKITAKO LANGILEEN EGITURAZKO ORDUAK ARAUTZEN DITUENA Nota de Vigencia

BON N.º 151 - 05/08/2016



Zioen Azalpena

Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuak, zuzenean Barne Zuzendaritza Nagusiaren menpe dagoen zerbitzuak, du Nafarroako larrialdiei erantzuteko sistemaren ardura. Zerbitzu integrala da eta gure erkidegoaren geografia osora hedatzen da.

Administrazio publikoek beren lurraldean gertatzen den edozein larrialdiri ematen dioten erantzunak balio du gizarte moderno baten ongizatea zenbaterainokoa den neurtzeko. Nafarroako Foru Komunitatea baliabide publikoez hornitu da gure lurraldean gertatzen diren larrialdi gehienei erantzun egokia emateko. Dena dela, erantzuteko tresna horien etengabeko hobekuntza da larrialdi zerbitzuen arduradunek eta kudeatzaile publikoek jarraitu beharreko premisetako bat, formula batzuen bila, zauliago jarduteko, hobekuntzak egiteko eta baliabide publikoak modu ezin hobean arrazional daitezen bermatzeko.

Ongi jakina da Nafarroako Suhiltzaileen operatiboan zerbitzuak ematen dituzten langile guztiak funtzionarioak direla (kanpainako peoien eta gidarien laguntza dute zeregin lagungarrietan aritzeko); hortaz, langile horiek, beste inork ez, bete behar dute edozein gorabehera. Berezitasun horrek eta ordutegi sistema berezitua izateak zaildu egiten dute egunean 24 orduz eta urtean 365 egunez lan egiten duen zerbitzu baten egutegiak eta txandak kudeatzea.

Bestetik, une honetan dagoen plantillak, 354 langile, ezinezkoa egiten du parke bakoitzeko langileen gutxienekora iristea, bai 2016an, bai hurrengo urteetan. Premia horregatik, beharrezkoa da eskasia hori arinduko duten aparteko neurriak hartzea; lehenik, langileen beraien segurtasunagatik -langileen kopuruak egokia izan behar du hainbat tipologia desberdini erantzuteko ezarrita dauden segurtasun protokoloei jarraituz- eta, bigarrenik, herritarrei larrialdi egoeran zor zaizkion zerbitzuen arreta hobetzeko.

Adierazitakoaren ondorioz, eta Zerbitzuko langileen kopuru urria handitzeko beste neurri batzuez gain, beharrezkotzat jotzen da kudeaketa sistema malguago bat antolatzea, bermatuak izan daitezen parke bakoitzerako ezarrita diren segurtasunaren gutxienekoak plantilla nahikoa ez denean gutxieneko horietara iristeko. Hori helburu, foru dekretu honen bidez Nafarroako Suhiltzaileen zerbitzuko langileek zilegi dute egiturazko orduak sartzea, urteko nahitaezko lanaldirako ezarrita dituztenez gainetik, eta aukera ematea funtzionarioei haiek beren lan-bizitza osoan errekuperatzeko eta ez ordu horiek sartu ondoko denboraldietan bakarrik.

Nafarroako Gobernuak beharrezko antolaketa neurriak ezarriko ditu Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuko plantilla pixkanaka handitu eta jardunean ariko diren 388 kabo eta suhiltzaile kopurura iristeko edo dagokion plan zuzentzailean zehaztuko denera.

Horrela, egiturazko orduak eta apartekoak bereizten dira; izan ere, Nafarroako Babes Zibilari eta Larrialdien Kudeaketari buruzko uztailaren 1eko 8/2005 Foru Legearen 52. artikuluan xedatutakoarekin bat, ukitutakoek lanak egiteko ohiko ordutegitik kanpo sartu behar dituztenak bakarrik dira aparteko orduak, arrisku edo larrialdi egoera bat dagoenean.

Horrenbestez, beharrezkotzat jotzen da Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuari atxikitako langileen egiturazko orduak sartu eta konpentsatzeko baldintzak erregulatzea, erregimen hori eraginkorra izan dadin zerbitzua behar bezala betetzeko beharrezkotzat den langileen gaur egungo eskasiak sortutako arazoak konpontzeko.

Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuaren eta Babes Zibilerako Zerbitzuaren Mahai Sektorialean negoziatu dute foru dekretu hau.

Horrenbestez, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2016ko uztailaren 27ko bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua . Xedea.

Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuari atxikitako langileek eman beharreko zerbitzuak, urteko nahitaezko lanalditik gorako ordu kopuru batean, arautzea du xede, bermatuak izan daitezen parke bakoitzerako ezarritako segurtasun gutxienekoak plantilla nahikoa ez denean gutxieneko horietara iristeko. Arrazoi hori dela eta sartzen diren orduak egiturazkotzat joko dira, eta foru dekretu honetan ezarritako baldintzei jarraituz arautuko dira.

2. artikulua . Aplikazio eremua.

Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuari atxikitako suhiltzaile eta kabo lanpostuak betetzen dituzten funtzionarioek egiturazko orduak sartzen ahalko dituzte foru dekretu honetan ezarritako baldintza eta beharkizunei jarraituz, bigarren jarduera den lanpostu batean (zerbitzu osagarriak) aritzen ez badira.

3. artikulua . Egiturazko orduak egitea.

Operatiboaren beharrek justifikatzen dutenean eta parke bakoitzerako ezarritako segurtasun gutxienekoak bermatzearren, dei egiten ahalko zaie zerbitzu osagarrietan ez dauden Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuko langileei zerbitzuak ematera, urteko egutegian nahitaezkoak dituzten orduen gainetik, urtean gehienez ere 135 ordu egin arte. Salbuespen gisa, eta beharra frogatzen duen txostena egin ondoren, muga hori gainditu ahal izanen da. Borondatezkotasun eta txandakatze irizpideei jarraituko zaie zerbitzu hori emateko.

4. artikulua . Egiturazko orduen konpentsazioa.

1. Atsedenaldi bidez konpentsatuko dira funtzionario bakoitzak egiten dituen egiturazko orduak.

2. Lan-bizitza osoan konpentsatzen ahalko dira funtzionario bakoitzak metatzen dituen egiturazko orduak, interesduna aldez aurretik hala eskatuta, eta zerbitzuaren beharrei jarraituz. Batez ere, funtzionarioa zerbitzu osagarrien egoeran sartzen den egunean konpentsatuko dira.

3. Egiturazko ordu bakoitzeko bi ordu emanez konpentsatuko da egiturazko orduen poltsa. Operatiboan 55 urtetik aurrera jarraitzen duten funtzionarioei %20 igoko zaie konpentsazioa, hau da, bi ordu eta 24 minutu.

4. Atsedenaldiz egiten den konpentsazioa ezin izanen da diruz konpentsatu, non ez dagoen hurrengo artikuluan adierazitakoa gertatzen.

5. artikulua . Konpentsazioaren salbuespen kasuak.

Egiturazko orduen poltsa duen funtzionarioa zerbitzu aktiboaz bestelako egoeran deklaratzen den funtzionarioaren kasuan, honela jokatuko da:

A) Haren zerbitzu harremana behin betiko iraungiz gero: pilatutako egiturazko orduen diru konpentsazioa eginen da, aparteko orduak diruz konpentsatzeko une horretan ezarrita dauden aurreikuspenak aplikatuta.

B) Funtzionarioa zerbitzu aktiboaz bestelako administrazio egoera batean deklaratzen denean, funtzionario harremana iraungi gabe, bertan behera geldituko da sortutako egiturazko orduen poltsa, eta berriro jarriko da abian zerbitzu aktibora itzultzen denean Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuan. Zein den ere arrazoia, zerbitzura itzultzea ezinezkoa gertatuz gero, ezintasun hori frogatu ondoren eginen da egiturazko orduen diru konpentsazioa, aurreko atalean adierazitakoari jarraituz.

6. artikulua . Egindako egiturazko orduen poltsaren ziurtagiria.

Urte naturala bukatzean, Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuak txostena egin ondoren, Idazkaritza Tekniko Nagusiak ziurtagiri bat eginen dio urte bakoitzean sartutako egiturazko orduen kopuruari buruz, bai eta lan bizitzan metatu eta konpentsatu dituenei buruz ere, zerbitzu horri atxikitako funtzionario bakoitzari, hala eskatuz gero.

Azken xedapenetako lehena.- Foru agindua garatu eta aplikatzea.

Ahalmena ematen zaio Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilariari foru dekretu hau garatu eta betearazteko behar diren xedapenak eman ditzan.

Azken xedapenetako bigarrena .Indarra hartzea eta indarraldia Nota de Vigencia.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egun berean hartuko du indarra eta 2018ko abenduaren 31 arte egonen da indarrean.

Iruñean, 2016ko uztailaren 27an.-Nafarroako Gobernuko lehen lehendakariordea, Manuel Ayerdi Olaizola.-Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilaria, María José Beaumont Aristu.

Iragarkiaren kodea: F1608920

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web