(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA

Versión en castellano

65/2016 FORU AGINDUA, EKAINAREN 6KOA, HEZKUNTZAKO KONTSEILARIAK EMANA. HONEN BIDEZ ARAUTZEN DIRA NAFARROAKO FORU KOMUNITATEAREN EREMUKO LANBIDE HEZIKETAKO PRESTAKUNTZA PROGRAMAK, HEZKUNTZA PREMIA BERARIAZKOAK DITUZTEN IKASLEENTZAT, HAIN ZUZEN ERE UZTAILAREN 29KO 1147/2011 ERREGE DEKRETUAREN V. KAPITULUAN AIPATUAK, BAITA OTSAILAREN 28KO 127/2014 ERREGE DEKRETUAREN LAUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIAN AIPATUAK ERE.

BON N.ş 117 - 17/06/2016



  I. KAPITULUA. XEDAPEN OROKORRAK


  II. KAPITULUA. PROZEDURA, LANBIDE LANTEGIETAN ONARTUA IZATEKO PROZESUAN INSKRIBATZEKO


  III. KAPITULUA. LANBIDE LANTEGIEN DISEINUA ETA ANTOLAKETA


  IV. KAPITULUA. LANBIDE LANTEGIETAN JARDUTEKO PRINTZIPIOAK ETA METODOLOGIA ARLOKOAK


  V. KAPITULUA. EBALUAZIOA ETA IKASKETEN ZIURTAGIRIA


  VI. KAPITULUA. IRAKASLEAK ETA IKASTETXEAK


  1. ERANSKINA


  2. ERANSKINA


  3. ERANSKINA


  4. ERANSKINA


  5. ERANSKINA


  6. ERANSKINA


Atariko

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak, Hezkuntzaren Kalitatea Hobetzeko abenduaren 9ko 8/2013 Lege Organikoak emandako idazketaren arabera, 39. artikuluan ezartzen ditu Oinarrizko Lanbide Heziketako zikloak. 41.1 artikuluak adierazten duenez, 15 eta 17 urte bitarteko ikasleentzako zikloak dira, bermatze aldera etengabeko ikaskuntzako gaitasunak eskuratuko dituztela eta, gainera, Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionalaren 1. mailako kualifikazioa gutxienez lortuko dutela.

Hezkuntza sistemako lanbide heziketako irakaskuntzen Oinarrizko Lanbide Heziketako berariazko alderdiak arautzen dituen otsailaren 28ko 127/2014 Errege Dekretuaren laugarren xedapen gehigarriaren bidez, oinarrizko hamalau lanbide titulu onetsi ziren, haien oinarrizko curriculumak finkatu, eta adierazi zen lanbide heziketako beste eskaintza batzuk ezar daitezkeela, hezkuntza premia berariazkoak dituzten ikasleentzat.

Hezkuntza sistemaren esparruan lanbide heziketaren antolamendu orokorra ezartzen duen uztailaren 29ko 1147/2011 Errege Dekretuaren V. kapituluan, adierazten da lanbide heziketako prestakuntza programak izan daitezkeela 17 urtetik gorako pertsonentzat, hain zuzen hezkuntza sistema utzi dutenentzat goiz eta kualifikazio profesionalik gabe.

Hazkundeari, Lehiakortasunari eta Efizientziari buruzko urriaren 15eko 18/2014 Legearen IV. tituluak ezartzen du Gazteen Bermearen Sistema Nazionalaren ezarpena, eta beste neurri batzuk ere jasotzen ditu lanik gabe eta hezkuntza edo prestakuntza sistemetatik kanpo daudenen okupazioa sustatzeko, 16 urtetik gora eta 30 urtetik behera dituztenentzat. Lege horrek, Gazteen Bermearen Sistema ezartzeko planarekin bat, besteak beste neurriak garatzen ditu gazteak berriz ere hezkuntzan txertatzeko, kualifikazio profesionala lor dezaten, aukera izan dezaten lan munduan sartzeko eta hezkuntza sisteman aurrera egiteko.

Horregatik guztiagatik, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1 g) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

I. KAPITULUA. XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua . Xedea.

Foru agindu honen xedea da arautzea lanbide heziketako prestakuntza programak, “Lanbide Lantegi” izenekoak, hain zuzen ere uztailaren 29ko 1147/2011 Errege Dekretuaren V. kapituluan aipatuak, baita otsailaren 28ko 127/2014 Errege Dekretuaren laugarren xedapen gehigarrian aipatuak ere. Honako hauek dira Lanbide Lantegien helburu: ez Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu titulua ez baliokidea edo goragokoa den titulazio akademikorik ez duten ikasleak, orokorki adinaren baldintzak betetzen dituztenak, eta, kasua bada, ondoren azalduko diren beharkizunak ere betetzen dituztenak.

2. artikulua . Aplikazio eremua.

Kualifikazio profesionalik ez duten ikasleentzako lanbide heziketako berariazko programak, “Lanbide Lantegi” izenekoak, ematen dituzten ikastetxe publiko eta pribatuetan aplikatuko da foru agindu hau, Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan, ikastetxe horiek funts publikoekin sostengatuak izanik.

3. artikulua . Xedea eta helburuak.

1. “Lanbide Lantegiak” dira lanbide heziketako prestakuntza programak, helburu dutenak prestakuntza eta kualifikazio beharrei erantzuna ematea gazteentzat, baldin ez badute, batetik, oinarrizko lanbide titulurik, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu titulurik, baliokidea edo goragokoa den beste titulazio akademiko ofizialik, edo, bestetik, kualifikazio profesional frogaturik, eta, oro har, foru agindu honetan ezarritako beste sarrera-beharkizunak betetzen badituzte.

2. Lanbide Lantegiek helburu hauek dituzte:

- Lanpostu bat eskuratzeko eta gizartean aktiboki parte hartzeko beharrezkoak diren lanbide gaitasunak eta etengabeko ikaskuntzarenak lortzea.

- Ikasleen garapen pertsonalean eta autoestimuan, autogidaritzan eta autonomia pertsonalean eta sozialean laguntzea.

- Laguntza ematea ikasleek aurrera egin dezaten lanbide heziketako hezkuntza sisteman, behar adinako ezagutzak eta abileziak eskuratuz, erdi mailako lanbide zikloak probetxuz egin ahal izateko.

- Laguntza ematea ikasleek aurrera egin dezaten enplegurako lanbide heziketaren sisteman, baita bizi osoko ikaskuntzan ere.

- Beharrezko ohitura eta jarduerak eskuratzen laguntzea, lan jardueraren ondorioz gertatzen ahal diren arriskuen aurrean neurriak hartuz eta segurtasunez lan egiteko.

- Lan esperientziak eskaintzea lantokiko prestakuntza izeneko moduluaren bidez, lortutako prestakuntzaren eta lanbide gaitasunen arabera.

- Ikasleen laneratzea erraztea, tutoreen laguntza eta banakako orientabide soziolaboral eta akademikoaren bitartez, arreta berezia emanez haien garapen pertsonalari, ikaskuntzei, lan merkatuaren ezagutzari eta lan bilaketa aktiboari.

4. artikulua . Modalitateak.

Nafarroako Foru Komunitatean, Lanbide Lantegiak bi modalitatetan emanen dira:

a) “Lanbide Lantegien 1. modalitatea”: 1. mailako gaitasun unitateei lotutako lanbide moduluak ditu modalitate honek, gehi prestakuntza osagarriko beste modulu batzuk. Horien helburuak zehaztu egin behar dira, ikaskuntzako emaitzetan, ebaluazio irizpideetan eta edukietan.

b) “Lanbide lantegien 2. modalitatea”: 1. eta/edo 2. mailako gaitasun unitateei lotutako lanbide moduluak ditu modalitate honek, gehi prestakuntza osagarriko beste modulu batzuk. Horien helburuak zehaztu egin behar dira, ikaskuntzako emaitzetan, ebaluazio irizpideetan eta edukietan.

Modalitate hau, era berean, beste bi mota desberdinen bidez garatzen ahalko da:

- Ikastetxe publiko batean edo Hezkuntza Departamentuak baimendutako ikastetxe pribatu batean.

- Enpresa jarduerarekin txandakaturik.

5. artikulua . Lanbide Lantegietan sartzeko beharkizunak.

1. Lanbide Lantegien 1. modalitatean sar daitezke honako beharkizun hauek aldi berean betetzen dituztenak:

a) Ez izatea ez oinarrizko lanbide heziketako titulurik, DBHko graduatu titulurik, ezta baliokidea edo goragokoa den titulaziorik.

b) Bi adin hauetakoren bat izatea:

b1) Lanbide Lantegian inskribatzen diren urte naturalean hamazazpi urtetik hogeita batera bitarte eginak izatea.

b2) Lantegian inskribatzen diren urte naturalean hamasei urte egitea, eta honako inguruabarretako batean egotea:

- Zer Lanbide Lantegitarako eskatzen den onartua izatea, horren aurre-aurreko ikasmaila egiten aritzea Ikaskuntza eta Errendimendua Hobetzeko Programa batean.

- Zer Lanbide Lantegitarako eskatzen den onartua izatea, horren aurre-aurreko ikasmaila egiten aritzea Curriculum Egokituko Programa batean.

- Zer Lanbide Lantegitarako eskatzen den onartua izatea, horren aurre-aurreko ikasmaila egiten aritzea Oinarrizko Lanbide Heziketako ziklo batean.

- Beste hezkuntza sistema batzuetatik etorria izatea.

2. Lanbide Lantegien 2. modalitatean sar daitezke honako beharkizun hauek aldi berean betetzen dituztenak:

a) Kualifikazio profesional frogaturik ez izatea, dela lanbide heziketako titulu baten bidez edo lanbide kualifikazioko programa baten bidez, dela profesionaltasun-ziurtagiriaren bidez.

b) Lanbide Lantegian inskribatzen diren urte naturalean hamazazpi urtetik hogeita bederatzira bitarte eginak izatea.

c) Langabezian egotea, Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren mendeko enplegu agentzietan enplegu-eskatzaile gisa inskribatuak egotea eta langabezia txartela indarrean izatea.

d) Talde berariazkoentzako lantegiak baimenduz gero, horietako kide izanen dira hartzaileak.

II. KAPITULUA. PROZEDURA, LANBIDE LANTEGIETAN ONARTUA IZATEKO PROZESUAN INSKRIBATZEKO

6. artikulua . Inskribatzeko prozedura.

1. Lanbide Lantegien 1. modalitatean onartua izateko prozeduran inskribatzeko, prozedura honi jarraituko zaio.

2. Inskripzioaren urte naturalean 17 urte edo gehiago betetzen dituzten ikasleen kasuan, inskripzioa egiten den ikasturtean eskolaturik badaude:

a) Ikasleak, gurasoen edo legezko ordezkarien adostasuna izanik adingabeen kasuan, Lanbide Lantegietan onartua izateko prozeduran inskribatzeko proposamen-txosten bat eskatuko dio ikastetxeko zuzendariari.

b) Zuzendariak baloratuko du, tutorearekin, irakasle taldearen ordezkari dela, eta ikastetxeko orientatzailearekin, ea egokitzat jotzen den ikaslea inskribatzea Lanbide Lantegien 1. modalitateko onarpen prozeduran, etengabeko gaitasunak eskuratzeko, baita Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionaleko 1. mailako lanbide gaitasunak ere. Egokitzat jotzen bada, inskribatzeko azken proposamena prestatuko du, foru agindu honen 1. eranskin ereduaren arabera.

c) Ikastetxeko zuzendariak ikasleari emanen dio, eta, hala balegokio, gurasoei edo legezko ordezkariei, Lanbide Lantegien 1. modalitatean inskripzioa egiteko azken proposamena. Prozedura garaiz bukatu behar du, kontuan hartuta ikasleak denbora behar duela kasuan kasuko ikasturterako ezarritako epean inskribatzeko.

3. Inskripzioaren urte naturalean 16 urte betetzen dituzten ikasleen kasuan, inskripzioa egiten den ikasturtean eskolaturik badaude Ikaskuntza eta Errendimendua Hobetzeko Programa batean, Curriculum Egokituko Programa batean edo Oinarrizko Lanbide Heziketako ziklo batean:

a) Ebaluazio akademikoa: ikasturtearen bigarren ebaluazioa bukatutakoan, hau da, azken hiruhilekoan eta ikasturtearen azken ebaluazioa burutu arte, irakasle-taldeak inskripzio-txostena nola egin adostuko du. Txostenean justifikatu beharko da zergatik den neurri egokia Lanbide Lantegien 1. modalitaterako proposatutako inskripzioa, ikasleak gaitasunak eskura ditzan. Tutoreak eginen du proposamen-txostena, foru agindu honen 2. eranskineko ereduaren arabera, eta ikaslea zer ikastetxetan dagoen matrikulaturik, hango zuzendariari bidaliko zaio.

b) Aholku orientatzailea: ikastetxeko zuzendariak orientatzaileari eskatuko dio aholku orientatzaile bat prestatzeko, helburua izanik ezartzea ea ikaslea egokia den proposatutako neurrirako. Foru agindu honen 3. eranskineko ereduaren arabera prestatuko da aholku orientatzaile hori, eta ikastetxeko zuzendariari bidaliko zaio.

c) Guraso edo legezko tutoreentzako informazioa: ikastetxeko zuzendariak irakasle-taldearen txosten proposamena eta aholku orientatzailea aztertu ondoren, zuzendaritza-taldeko kide bat eta tutorea gurasoekin edo legezko tutoreekin bilduko dira, planteatzeko ea komeni den ikaslea Lanbide Lantegien 1. modalitateko onarpen prozeduran inskribatzea. Bilera bukatzean, gurasoek edo legezko tutoreek idazki bat sinatuko dute, foru agindu honen 4. eranskineko ereduaren arabera, helburu hauekin:

- Aurkeztutako proposamenaren eta Lanbide Lantegien 1. modalitatearen ezaugarrien berri eman dietela adierazteko.

- Proposamena onartzen dutenetz adierazteko.

- Proposamenarekin lotura duten alderdien gaineko alegazioak egiteko.

d) Hezkuntza Departamentuaren esku-hartzea: zuzendariak inskripzioaren azken proposamena, 5. eranskinaren araberakoa, igorriko dio ikastetxeko ikuskatzaileari eta horrek egiaztatuko du Lanbide Lantegien 1. modalitatean sartzeko zehaztutako baldintzak betetzen diren, artikulu honetako prozedurari jarraituz, baita aholku orientatzaileak proposatzen duen ikaslea inskribatzea eta gurasoek edo legezko tutoreek inskripzioaren proposamena onartzen duten ere Lanbide Lantegien 1. modalitatean sartzeko prozeduran. Inskripzioaren azken proposamena aztertuta eta Lanbide Lantegien 1. modalitaterako egokia ikaslea den zehaztuta, ikuskatzaileak ikastetxeko zuzendariari komunikatuko dio onartu den ala ez inskripzioaren azken proposamen hori, eta behar bezala sinaturik emanen dio.

Ikastetxeko zuzendariak ikasleari emanen dio, eta, hala balegokio, gurasoei edo legezko ordezkariei, Lanbide Lantegien 1. modalitatean inskripzioa egiteko azken proposamena. Prozedura garaiz bukatu behar du, kontuan hartuta ikasleak denbora behar duela kasuan kasuko ikasturterako ezarritako epean inskribatzeko.

4. Lanbide Lantegien 1. modalitatean inskripzioa egiten den ikasturtean eskolatuta egon ez diren ikasleen kasuan:

- Zinpeko aitorpen bat bete beharko dute, foru agindu honen 6. eranskineko ereduaren araberakoa, eta bertan aitortu, Lanbide Lantegien 1. modalitatean sartzeko baldintzak betetzen dituztela.

5. Beste hezkuntza sistema batzuetatik datozen ikasleen kasuan:

- Zinpeko aitorpen bat bete beharko dute, foru agindu honen 6. eranskineko ereduaren araberakoa, eta bertan aitortu, Lanbide Lantegien 1. modalitatean sartzeko baldintzak betetzen dituztela.

6. Lanbide Lantegien 2. modalitatean onartua izateko prozeduran inskribatzeko, behar den deialdiaren ebazpenean ezarritako prozedurari jarraituko zaio.

7. artikulua . Taldeak eratzea.

1. Oro har, Lanbide Lantegien 1. modalitateko taldeen ratioa 10 ikaslekoa izanen da gutxienez eta 14 ikaslekoa gehienez, eta salbuespenez, 16koa, betiere ratio horren barruan sartuta kurtsoa errepikatzen duten ikasleak.

2. Hezkuntza Departamentuak baimena ematen ahalko du aurreko atalean ezarritakoa ez den beste ikasle kopuru bateko taldeekin funtzionatzeko, haien ezaugarriak eta hezkuntza plangintzaren ondoriozko beharrak kontuan izanda.

3. Lanbide Lantegien 2. modalitateko ratioa behar den ebazpenean ezarriko da.

8. artikulua . Erakundeen lankidetza.

Lanbide Lantegiak abian jarri eta garatzeko, Hezkuntza Departamentuak zilegi izanen du lankidetza akordioak egitea Nafarroako Foru Administrazioko beste departamentuekin, Nafarroako Enplegu Zerbitzuarekin, toki administrazioekin eta beste erakunde, entitate eta irabazi-asmorik gabeko elkarteekin; horiek esperientzia egiaztatua izan beharko dute gazteak gizarteratzen eta laneratzearen arloan.

III. KAPITULUA. LANBIDE LANTEGIEN DISEINUA ETA ANTOLAKETA

9. artikulua . Lanbide Lantegien antolaketa eta egitura.

1. otsailaren 28ko 127/2014 Errege Dekretuaren laugarren xedapen gehigarrian xedatutakoa garatuz, Lanbide Lantegien 1. modalitateak honela egituratzen ahalko dira:

- Oinarrizko lanbide titulu bateko lanbide moduluak.

- 1. mailako gaitasun unitateei lotutako lanbide moduluak, oinarrizko lanbide titulu batean ez daudenak.

- Prestakuntza osagarriko lanbide moduluak, ikasleen beharretara egokitzeko aproposak. Helburuak zehazturik egon behar dute, ikasketa emaitzetan, ebaluazio irizpideetan eta edukietan, indarra duen araudian ezarritakoari jarraikiz. Komunikazioa eta gizarte zientzia aplikatuak eta Teknologia eta zientzia aplikatuak izanen dira modulu horiek, Lanbide Lantegiko profil profesionalera egokituak.

- Praktiken modulua.

- Orobat, lanbide lantegi bakoitzeko curriculumak beste modulu osagarri batzuk izaten ahalko ditu, lanbide profilarekin zerikusia dutenak, baina gaitasun unitateei lotuta egon gabe.

2. Uztailaren 29ko 1147/2011 Errege Dekretuaren V. kapituluan xedatutakoa garatuz, Lanbide Lantegien 2. modalitateak honela egituratzen ahalko dira:

- Erdi mail5bide Heziketako titulu baten lanbide moduluak.

- Oinarrizko lanbide titulu bateko lanbide moduluak.

- 1. eta/edo 2. mailako gaitasun unitateei lotutako lanbide moduluak, Lanbide Heziketako titulu batean ez daudenak.

- Prestakuntza osagarriko lanbide moduluak, Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionalari ez dagozkionak, Lanbide Lantegiaren hartzaileen beharrei egokituak. Helburuak zehazturik egon behar dute, ikasketa emaitzetan, ebaluazio irizpideetan eta edukietan, indarra duen araudian ezarritakoari jarraikiz. Komunikazioa eta gizarte zientzia aplikatuak eta Teknologia eta zientzia aplikatuak izanen dira modulu horiek, Lanbide Lantegiko profil profesionalera egokituak.

- Praktiken modulua.

- Lanbide Lantegia kolektibo zehatz batentzat bada, curriculumean beste modulu osagarri batzuk sar daitezke, gaitasun unitateei lotu gabeak.

3. Hezkuntza Zuzendaritza Nagusiak garatuko ditu, behar diren ebazpenen bidez, honako hauek: Lanbide Lantegi bakoitzeko profil profesionala, gaitasun orokorra, kualifikazioa, gaitasun unitateak, ekoizpen ingurunearekiko lotura, prestakuntzaren egitura, eta lanbide moduluen iraupena eta garapena. Egitura hori erreferentziazkoa da prestakuntzarako.

10. artikulua . Moduluen iraupena, sekuentziazioa eta denbora banaketa.

1. Lanbide Lantegien 1. modalitatean, honako hau izanen da lanbide moduluen iraupena, sekuentziazioa eta denbora banaketa:

a) Iraupena: 1.000 ordu, ikasturte oso batean banatuak.

b) Moduluen sekuentziazioa eta denbora banaketa:

b.1) 1. mailako gaitasun unitateei lotutako lanbide moduluak: astean 17 ordu.

b.2) Ikasleen beharretara egokitzeko aproposak diren prestakuntzako lanbide moduluak:

- Komunikazioa eta gizarte zientzia aplikatuen modulua: astean 6 ordu.

- Teknologia eta zientzia aplikatuen modulua: astean 6 ordu.

b.3) Praktiken lanbide modulua: 120 orduko iraupena.

b.4) Tutoretza eta lanbide orientabidea: astean ordu bat.

2. Lanbide Lantegien 2. modalitatean, honako hau izanen da lanbide moduluen iraupena, sekuentziazioa eta denbora banaketa:

a) Iraupena: 1.000 edo 2.000 ordu, ikasturte batean edo bitan banatuak, hurrenez hurren.

b) Moduluen sekuentziazioa eta denbora banaketa:

b.1) 1. eta/edo 2. mailako gaitasun unitateei lotutako lanbide moduluak: 17 ordu astean, ikasturte bakoitzean.

b.2) Prestakuntza osagarriko lanbide moduluak, Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionalari ez dagozkionak, Lanbide Lantegiaren hartzaileen beharrei egokituak:

- Komunikazioa eta gizarte zientzia aplikatuen modulua: 6 ordu astean, ikasturte bakoitzean.

- Teknologia eta zientzia aplikatuen modulua: 6 ordu astean, ikasturte bakoitzean.

b.3) Praktiken lanbide modulua: 120 edo 240 orduko iraupena, segun eta Lantegiaren iraupen osoa 1.000 edo 2.000 ordukoa den.

b.4) Tutoretza eta lanbide orientabidea: ordubete astean, ikasturte bakoitzean.

3. Beste iraupen, sekuentziazio eta denbora banaketa batzuk dituzten Lanbide Lantegiak baimendu daitezke bi modalitateetan, Hezkuntza Zuzendaritza Nagusiaren ebazpen baten bidez.

11. artikulua . Moduluen antolaketa prestakuntza unitatetan.

1. Prestakuntza bultzatu eta ikasleen berariazko behar berezietara egokitzearren, eta ikastetxeen antolaketa eta kudeaketarako autonomia erraztearren, Lanbide Lantegi bateko lanbide modulu baten edo gehiagoren edukia hainbat prestakuntza unitatetan banatzen ahal da, horiek bereizita emateko, eta kidego eta espezialitate desberdineko irakasleek ematen ahalko dituzte.

Ofizioz edo ikastetxeek eskaera arrazoituta antolatzen ahal da modulu bat zenbait prestakuntza unitatetan; Hezkuntza Zuzendaritza Nagusiari egin beharko zaio eskaera, erabakitzen den prozedurari jarraituz. Hezkuntza Zuzendaritza Nagusiaren ebazpenaren bidez baimendu beharko da antolaketa hori.

2. Lanbide moduluan lortzen ahal diren gaitasun pertsonalei, sozialei eta etengabeko ikaskuntzari lotutako ikaskuntza-emaitza bat baino gehiago jaso beharko ditu prestakuntza unitateak.

3. Prestakuntza unitate bakoitzaren ziurtapenak Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan du balioa. Lanbide modulu bat osatzen duten prestakuntza unitate guztiak gaindituz gero, modulu horren ziurtapenerako eskubidea ematen du.

4. Antolakundeak ziurtatu behar du ikasleak modulua osatzen duten prestakuntza unitate guztiak eginak dituenean haren curriculumaren eduki guztiei dagokien prestakuntza jasoa izanen duela. Gainera, prestakuntza unitateen ordu guztien batura, gutxienez ere, dagokion zikloan indarra duen curriculum garapenean modulurako aurreikusitako ordu kopuru adinakoa izanen da.

12. artikulua . Gaitasun unitateei lotutako lanbide moduluak.

1. Lanbide Lantegian zehar garatuko dira 1. eta/edo 2. mailako gaitasun unitateei lotutako lanbide moduluak, ikasturte batean edo bitan, egoki dena.

2. Gaitasun unitate bati edo batzuei lotutako lanbide moduluak, arrazoi pedagogikoak edo antolaketakoak direla eta, bi prestakuntza unitatetan banatzen ahal dira.

3. Prestakuntza unitate bakoitzak bere programazio didaktikoa izan beharko du, eta gaitasun unitate bati edo batzuei lotutako kasuan kasuko lanbide modulua osatzen duten beste prestakuntza unitateekin koherentzia gordeko du.

4. Gaitasun unitateei lotutako lanbide modulu bat gainditzeak gaitasun unitate zehatz batzuk frogatzen ditu.

5. 1. eta/edo 2. mailako gaitasun unitateei lotutako lanbide moduluak gainditzeak ziurtagiri akademiko baterako eskubidea emanen du; horrexek, dagozkion ondorio akademikoez gain, ondorio metagarriak izanen ditu Kualifikazioen eta Lanbide Heziketaren Sistema Nazionalean eskuratutako lanbide gaitasuneko unitatean edo unitateetan egiaztapen partziala egiteko.

13. artikulua . Prestakuntza osagarriko lanbide moduluak.

1. Komunikazioa eta gizarte zientzia aplikatuen modulua bi prestakuntza unitatetan edo gehiagotan antola daiteke, eta irakasleen espezialitate batek edo gehiagok irakatsiko dituzte.

2. Teknologia eta zientzia aplikatuen modulua bi prestakuntza unitatetan edo gehiagotan antola daiteke, eta irakasleen espezialitate batek edo gehiagok irakatsiko dituzte.

3. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako enborreko irakasgai batzuk izanen dira prestakuntza osagarriko moduluen erreferentzia. Erregelamenduz ezarriko dira, eta erdi mailako heziketa zikloak probetxuz egitea ahalbidetuko dute.

4. Ofizioz edo ikastetxeek eta entitateek eskaera arrazoitua eginda, prestakuntza unitateak sortzen ahal dira, beste espezialitate bateko irakasleek ematen ahal dituzte, prestakuntza unitateen iraupena zehazten ahal da, eta horien denbora bana daiteke; Hezkuntza Zuzendaritza Nagusiari egin beharko zaio eskaera, erabakitzen den prozedurari jarraituz. Hezkuntza Zuzendaritza Nagusiaren ebazpenaren bidez baimendu beharko dira proposamen horiek.

5. Modulu bakoitza osatzen duten prestakuntza unitateak programatzeko, koordinazioa beharko da haiek ematen dituzten irakasleen artean, irakaskuntza horien printzipio globalizatzailea manten dadin; gainera, modulu horien ikaskuntza-emaitza guztiak lortzen direla bermatu beharko da eta, betiere, haietarako guztira ezarritako iraupena errespetatu.

14. artikulua . Praktiken modulua.

1. Oro har, Lanbide Lantegiko azken hiruhilekoan emanen da lanbide modulu hau.

Dena dela, Lanbide Lantegiaren ezaugarriengatik hala iritziz gero, ikastetxeak beste denbora banaketa bat proposatzen ahalko du; horretarako, ikastetxeak proposamen arrazoitu bat aurkeztu beharko du eta Hezkuntza Zuzendaritza nagusiak baimendu.

2. Praktiken lanbide moduluak bi prestakuntza unitate izanen ditu: lehenbizikoa laneko arriskuei aurrea hartzeari buruzkoa izanen da, eta 30 orduko iraupena izanen du, eta, bigarrena, enpresa bateko egonaldia izanen da, iraupenaren gainerako orduak izanen dituena, eta batez ere egiazko ekoizpen ingurune batean gauzatuko da, edo ikastetxeetan edo erakunde publikoetan, lantoki gisa.

3. Praktiken lanbide modulura iristeko, Lanbide Lantegiko gainerako lanbide moduluak gainditu beharko dira. Nolanahi ere, irakasleen taldeak sarrera hori baimendu diezaioke prestakuntza osagarriko lanbide modulu bat gainditu gabe gehienez duen ikasleari.

4. Laneko arriskuen prebentzioari buruzko prestakuntza unitatea Enpresan aritzeko prestakuntza unitatea baino lehenago eginen da.

15. artikulua . Tutoretza eta lanbide orientabidea.

1. Tutoretza eta lanbide orientabidea bereziki hartuko dira kontuan Lanbide Lantegietan. Tutore lanak gidatuko du ikasleen hezkuntza-prozesua, bai bakoitzarena, bai taldearena. Ikasleen berariazko beharrei egokituz burutuko dira tutoretza eta lanbide orientabidea.

2. Bereziki kontuan hartuko da hurrengo erabakiak hartzeko orientabidea, prestakuntzan jarraitzeari dagokionez; horretarako, jarraitzen ahal diren ibilbideak eman beharko zaizkie ezagutzera ikasleei, eta lan munduaren informazio eguneratua eskainiko zaie, hezkuntzan zein lanbide arloan etorkizuna kudeatze aldera.

3. Lanbide Lantegiko tutorea ikasleez arduratzen den irakasle taldeko kide bat izanen da, eta, ahal dela, pertsona bera izanen da ikasmaila guztietan. Tutoreak irakasle guztien hezkuntza lana koordinatuko du, eta harreman malgua izanen du familiarekin. Dena dela, Lanbide Lantegian ematen duen irakasle taldeko kide guztiek parte hartuko dute ikasleen tutoretza eta orientazio lanetan, ikasleen prestakuntza prozesu osoan.

4. Lanbide Lantegietan tutore lana garatzeko, koordinazio jarduketak ezarriko dira lantegiko tutorearen eta orientabide departamentuaren artean, indarra duen araudiak ezartzen duen moduan.

5. Ikasturte bakoitzean tutoretzan egiten diren jarduerak taldeko berariazko programazio batean planifikatuko dira, eta haren parte izanen dira, tutoretza planaren arabera. Programazio horretan bisitak izan daitezke inguruko enpresetara, ikasleak lan mundura hurbil daitezen.

6. Taldeko irakasle tutoreak, gainera, praktiken moduluko tutoretza beteko du.

16. artikulua . Lanbide Lantegiak irakasteko baimena.

1. Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuari dagokio eskaintza planifikatzea eta, indarreko araudiari jarraikiz, behar den baimena ematea Lanbide Lantegiak irakasteko, halako moduz non bermatuko baita lanbide heziketako programa hauen eskaintzan nahikotasuna, kalitatea eta egonkortasuna izatea.

2. Hezkuntza Departamentuak, Hezkuntzako zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez, baimena emanen die Lanbide Lantegiak ematen dituzten ikastetxe publikoei eta pribatuei horretan segitzeko, baimen berririk eskatu beharrik gabe.

17. artikulua . Zeharkako elementuak.

1. Lanbide Lantegiek zeharka jasoko dituzte lanbide moduluen multzoan honako alderdi hauek: talde lana, laneko arriskuen prebentzioa, ekintzailetza, enpresa jarduera eta ikasleei lan arloko orientazioa ematea. Horiek zehazteko, erreferenteak izanen dira lantegietarako ezarritako curriculumaren garapena eta lanbide profilaren eta produkzioaren errealitatearen eskakizunak.

2. Gainera, ingurumena errespetatzearekin zerikusia duten gaitasun eta ezagutzei buruzko alderdiak sartuko dira, eta, nazioarteko erakundeen gomendioei eta Hezkuntzaren Kalitatea Hobetzeko abenduaren 9ko 8/2013 Lege Organikoan ezarritakoari jarraituz, burutzen den jardueraren araberako ariketa fisikoa eta dieta osasungarria sustatzeko alderdiak.

3. Orobat, zeharkako tratamendua izanen dute irakurriaren ulermenari, ahozko eta idatzizko adierazpenari, ikus-entzunezko komunikazioari, IKTei eta gizarte eta konstituzio hezkuntzari lotutako gaitasunek.

4. Ikastetxeek eta entitateek gizon eta emakumeen arteko benetako berdintasuna eta genero indarkeriaren prebentzioa sustatzen dituzten balioak garatuko dituzte, baita edozein egoera pertsonal edo sozial dela-eta tratu berdintasunaren eta bereizkeria ezaren printzipioari lotutako balioak ere.

5. Zeharkako elementu horiek sartuko direla bermatzeko, elementu horiekin lotutako ikaskuntza jarduerak eta ebaluazioa argi identifikatuko dira Lanbide Lantegiko lanbide moduluen hezkuntza programazioan.

IV. KAPITULUA. LANBIDE LANTEGIETAN JARDUTEKO PRINTZIPIOAK ETA METODOLOGIA ARLOKOAK

18. artikulua . Aniztasunari arreta ematea.

1. Aniztasunarekiko arretaren printzipioak Lanbide Lantegia antolatzen du, eta ikasleei dagokion ziurtagiria lortzeko aukera emanen dien hezkuntza inklusiborako eskubidea ahalbidetzen du.

2. Ikastetxeek aniztasunari arreta emateko neurri metodologikoak ezartzen ahalko dituzte, haiei esker, duten autonomia baliatuz, ikasleen ezaugarriei egokitutako lantegiak antolatzeko, hartutako neurriek ikasketen ebaluazioa gutxitzea ekarri gabe.

3. Aniztasunari arreta emateko neurriak ikasleen hezkuntza behar zehatzei erantzutera bideratuko dira eta Lanbide Lantegiko lanbide gaitasunei lotutako ikaskuntza-emaitzak lortzera.

4. Lanbide Lantegiko bi modalitateetako prestakuntza osagarriko moduluetan eta gaitasun unitateei lotutako lanbide moduluetan curriculumeko egokitzapen ez-garrantzitsuak egin daitezke.

19. artikulua . Printzipio metodologikoak.

1. Irakaskuntza-ikaskuntza prozesuak banakakoa izan behar du eta ikasleen beharrei eta ezaugarriei egokitu behar zaie. Horretarako, tutoreak, irakasle taldearekin batera, prestakuntza plan pertsonalizatuak prestatuko ditu ikasleentzat, erraztasunak emateko profesionaltasun-ziurtagiria lortzeko, lan merkatuan txertatzeko eta prestakuntza prozesuan jarraitzeko.

2. Lanbide Lantegietan erabiltzen den metodologiak lagundu egin beharko die ikasleei haien gaitasunak eta ikaskuntza-emaitzak eskuratzen. Lanbide Lantegiko lanbide profilak lanbide kualifikazio desberdinetako gaitasun unitateak baditu ere, lantegiaren izaera unitarioa mantendu beharko da, hari esker osotasunean hartuta lortuko baitira helburuak.

3. Lanbide Lantegietako metodologia orohartzailea izanen da, eta haien parte diren lanbide moduluen gaitasun eta edukiak integratzera joko du. Izaera orohartzaile horrek gidatu beharko ditu modulu bakoitzaren programazioa eta irakaslana.

4. Lanbide Lantegietan erabiltzen den metodologiak “egiten ikasi, eginez”, “ikasten ikasi” eta ikaskuntza funtzionalaren printzipioak jarraituko ditu. Gainera, Hezkuntza Departamentuak bultzatuko du proiektuetan oinarritutako ikaskuntzaren metodologia erabil dadila ikaskuntza-irakaskuntza prozesuan.

5. Horretaz gain, honako hauek bultzatuko dira: autonomia pertsonala, ikasleen ardura eta talde lana, jarduerak motibatzaileak izan daitezela eta aurreikusitako emaitzak lortzea ahalbidetuko duten irakaskuntza-ikaskuntza egoerak sortzea. Halaber, ikasleak sozializazio prozesuei aurre egin diezaioten prestatu beharko dira, bai lanerako bai eguneroko bizirako.

6. Behar diren neurriak hartuko dira ikasleekin ahalik eta irakasle gutxien izan daitezen, eta koordinazio eraginkorragoa izan dadin irakasle taldearen artean, Lanbide Lantegien metodologia printzipioak bultzatzeko.

7. Ahal dela, talde egonkorrak sortuko dira, ezarritako ikastetxeetan Lanbide Lantegiak emateko.

20. artikulua . Proiektuetan oinarrituriko ikaskuntza (POI) sustatzea.

1. Hezkuntza Departamentuak, Lanbide Lantegietan, sustatuko du halako lan metodologikoak erabil daitezela zeinek sustatuko duten ikasleek behar diren tresnak har ditzatela bizitza osoko prestakuntzari aurre egiteko, baita beren enplegagarritasuna hobetzeko ere, eta bultzatuko duten ikasleek behar diren abileziak gara ditzatela gai izan daitezen gizartean sarean elkarlanean aritzen ikasteko.

2. Horretarako, Hezkuntza Departamentuak sustatuko du proiektuetan oinarritutako ikaskuntza erabil dadila, honako hauen bidez:

- Proiektuetan oinarritutako ikaskuntzaren metodologiarako prestakuntza ikastaroak antolatzea, Lanbide Lantegiak irakasten dituzten irakasleentzat.

- Proiektuetan oinarritutako ikaskuntzaren erabilerari egokitutako antolakuntza ereduak baimentzea.

21. artikulua . Gizarte eta hezkuntza arloko eskuhartzea.

1. Hezkuntza Departamentuak sustatuko du gizarte eta hezkuntza arloko esku-hartze proiektuak ezar daitezela Lanbide Lantegietan.

2. Horretarako, Hezkuntza Departamentuak sustatuko du iker daitezela, besteak beste, ziklo hauetan esku hartzeko gizarte eta hezkuntza arloko estrategiak, honako hauekin loturik: autonomia pertsonal eta sozialerako abilezien hezkuntza, bitartekaritza komunitarioa, sustapena eta esku-hartzea inklusio prozesuetan eta familiei laguntzeko jarduketetan, eta horietan diziplina anitzeko taldeak sartzea eta parte hartzea.

3. Helburu horrekin, irakasleei prestakuntza berezia emanen zaie, gaitasun egokiak garatzeko gizarte eta hezkuntza arloko esku-hartze berariazkoaren eremurako.

4. Aurreko neurri guztiak gauzatu daitezke Hezkuntza Departamentuak baimendutako antolaketa ereduetan, hots, gizarte eta hezkuntza arloko esku-hartze proiektu berariazkoen garapenari egokitutako antolaketa ereduetan.

V. KAPITULUA. EBALUAZIOA ETA IKASKETEN ZIURTAGIRIA

22. artikulua . Ebaluazioa.

1. Lanbide Lantegietako ikasleen ebaluazioa etengabea, prestakuntzakoa eta integratzailea izanen da, aukera emanen du haien ikaskuntzak eta hezkuntza programazioak orientatzeko, eta lanbide moduluen arabera eginen da. Modulu bakoitzaren azken kalifikazioa zenbaki bat izanen da, batetik hamarrera bitartekoa (dezimalik gabe), salbuespena izanik praktiken modulua, hartan, kalifikazioa “Gai” edo “Ez gai” izanen baita. Lanbide Lantegiaren azken kalifikazioa moduluetan lortutako kalifikazioaren batez besteko aritmetikoa izanen da, bi dezimalekin.

2. Lanbide Lantegiaren helburu orokorren esparruan, ebaluazioa egiteko, lanbide modulu bakoitzeko ikaskuntza-emaitzak eta ebaluazio irizpideak hartuko dira erreferentzia gisa; gainera, zer gaitasun profesional, pertsonal eta sozial eskuratu diren, prestakuntza osagarriko moduluetako zer gaitasun eta lantegi horietako zer zeharkako gaitasun; hori guztia, Europako Batzordeak definitutako gaitasun nagusien esparruan, hezkuntza etapen curriculumetan baitaude.

3. Hezkuntza Departamentuak Lanbide Lantegien ebaluazio eta ziurtapen prozesuari dagokion araudia garatuko du Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan.

23. artikulua . Irakaskuntza prozesuaren eta irakaslanaren ebaluazioa.

Irakasleek irakaskuntza prozesuak eta beren irakaslana ebaluatuko dituzte. Ebaluazio horietan, gutxienez ere, elementu hauek sartuko dira:

a) Irakaslanak aspektu hauetan egindako ekarpena:

- Ikasleen garapen pertsonala eta soziala.

- Programa zenbateraino egokitzen zaien ikasleen beharrei.

- Ikaslearen errendimendua.

- Bizikidetza ikasgelan eta ikastetxean.

b) Ikasgelako antolaketa eta baliabideen aprobetxamendua.

c) Irakaslanaren plangintzaz eta garapenaz ardura duten pertsonen eta organoen koordinazioa.

d) Irakaskuntza-ikaskuntza prozesuari buruz ikasleek egiten duten ebaluazioaren emaitzak.

e) Hezkuntza komunitatea osatzen dutenen arteko koordinazioa eta harremana; alegia, irakasle, familia eta ikasleen artekoa.

f) Programazio didaktikoen garapenaren etengabeko ebaluazioa.

g) Lanbide Heziketa Bereziko zikloaren funtzionamendu orokorraren ebaluazioa, irakasle taldeak egina.

24. artikulua . Ziurtagiria eta ondorioak.

1. Lanbide Lantegi bat egiten duen ikasleak ikasketen ziurtagiria lortuko du; hartan, gainditu dituen lanbide moduluak eta 1. eta/edo 2. mailako zer gaitasun unitate dagozkion adieraziko dira.

2. Ziurtagiri horrek Kualifikazioen eta Lanbide Heziketaren Sistema Nazionalari buruz lortutako lanbide-gaitasunak frogatzeko ondorioak izanen ditu.

3. Lanbide Lantegi bat gainditzeak eskubidea emanen du erdi mailako heziketa ziklora sartzeko probaren ziurtagiria jasotzeko, proba horren araudian ezarritako prozedurarekin bat.

25. artikulua . Otsailaren 28ko 127/2014 Errege Dekretuaren 17.3.b artikuluan aurreikusitako kolektiboak tituluak nola eskuratu.

1. 22 urtetik gorako pertsonek oinarrizko lanbide titulua eskuratzen ahalko dute, oinarrizko lanbide titulu bateko gaitasun unitate guztiak dituztela frogatuz gero, hauen bidez:

a) Hasierako Lanbide Kualifikazioko Programa baten ziurtagiria.

b) Nafarroako Foru Komunitateko Lanbide Lantegi baten ziurtagiria.

c) 1. mailako gaitasun unitateak egiaztatzen dituzten beste prestakuntza programa batzuk.

d) 1. mailako lanbide ziurtagiriak.

e) Lanbide gaitasunak ebaluatzeko eta egiaztatzeko ezarritako prozedura.

Ondoren azaltzen da oinarrizko lanbide titulua eskuratzeko prozedura.

2. 22 urtetik gorako interesdunak eskaera egin beharko dio Oinarrizko Lanbide Heziketaren prestakuntza zikloa emateko baimendua dagoen ikastetxeko zuzendaritzari, ziklo horren bidez lortzen ahal baita nahi duen titulua, eta dagokion oinarrizko lanbide tituluaren gaitasun unitate guztiak egiaztatzen dituen dokumentazioaren kopia erantsiko du.

3. Ikastetxeko Idazkaritzan dokumentazioa egiaztatu ondoren, ikaslea matrikulatu eta titulua eskuratzera eraman dezakeen administrazio espedientea tramitatuko da. Matrikula horrek titulua tramitatzeko baino ez du balio.

Titulua tramitatzeko, ikastetxeko ikasleentzat erabiltzen den prozedura bera baliatuko da. Tramitazioaren bidez, lehenbailehen eskuratuko da titulua. Prozedura hau abenduaren 4ko 1850/2009 Errege Dekretuak aurreikusten duenari lotu beharko zaio, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan ezarritako irakaskuntzei buruzko ikasketa tituluak eta lanbidekoak ematearen gainekoa baita.

4. Aurkezten den dokumentazioa egiaztatu ondoren, ikusten bada eskatzaileak ezin duela titulurik eskuratu, eskatzen diren gaitasun unitate guztiak egiaztatu gabe daudelako, ikastetxeko zuzendariak horren berri eman beharko dio interesdunari. Kasu horretan, eskatzaileak ez du eskubiderik falta duen prestakuntza egiteko ikasposturako.

VI. KAPITULUA. IRAKASLEAK ETA IKASTETXEAK

26. artikulua . Irakaslana eta irakasleak.

1. 1. eta/edo 2. mailako gaitasun unitateei lotutako lanbide moduluentzat, honako hau izanen da irakaskuntza eginkizuna:

a) Lanbide modulua Lanbide Heziketako titulu batean integratua izatera, tituluetako bakoitzean ezarritakoa.

b) Lanbide modulua Lanbide Heziketako titulu batean integratua ez badago, Lanbide Lantegi bakoitzaren curriculumean ezarritakoa.

2. 1. eta/edo 2. mailako gaitasun unitateei lotu gabeko lanbide moduluetarako, Lanbide Lantegi bakoitzaren curriculumean zehaztuko dira irakaskuntza eginkizuna eta irakasleen titulaziorako baldintzak.

Xedapen gehigarri bakarra. Ikasleen datu pertsonalen babesa.

Ikaslearen datu pertsonalak lortzeari, datu horiek ikastetxe batetik bestera lagatzeari eta datuen segurtasun eta konfidentzialtasunari dagokienez, datu pertsonalak babestearen arloan indarra duten arauetan ezarritakoari jarraikiz jokatuko da, eta betiere Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren hogeita hirugarren xedapen gehigarrian ezarritakoaren arabera.

Xedapen indargabetzaile bakarra

Indargabetu egiten dira foru agindu honetan xedatutakoari aurka egiten dioten maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak.

Azken xedapenetan lehena. Araugarapena.

Hezkuntzako zuzendari nagusiari ahalmena ematen zaio behar diren neurriak har ditzan foru agindu honetan xedatutakoa aplikatzeko, garatzeko eta gauzatzeko.

Azken xedapenetan bigarrena. Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra, eta 2016-2017 ikasturtetik aurrera aplikatuko da.

1. ERANSKINA

1. ERANSKINA

LANBIDE LANTEGIEN 1. MODALITATEAN INSKRIBATZEKO AZKEN PROPOSAMENA

Vínculo a objeto

2. ERANSKINA

2. ERANSKINA

Irakasle taldearen proposamen-txostena

Vínculo a objeto

3. ERANSKINA

3. ERANSKINA

AHOLKU ORIENTATZAILEA

Vínculo a objeto

4. ERANSKINA

4. ERANSKINA

Guraso edo legezko tutoreentzako informazioa

Vínculo a objeto

5. ERANSKINA

5. ERANSKINA

LANBIDE LANTEGIEN 1. MODALITATEAN INSKRIBATZEKO AZKEN PROPOSAMENA

Vínculo a objeto

6. ERANSKINA

6. ERANSKINA

Zinpeko aitorpena.

Vínculo a objeto

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web