(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

197/2015 FORU DEKRETUA, IRAILAREN 9KOA, NAFARROAKO LARRIALDIETAKO AGENTZIA (NLA) ERAKUNDE AUTONOMOA IRAUNGITZEN DUENA.

BON N.º 181 - 10/09/2015



Atariko

Nafarroako Larrialdietako Agentzia (NLA) Barne Zuzendaritza Nagusiari atxikitako erakunde autonomo gisa arautu zen, eta haren estatutuak otsailaren 16ko 12/2009 Foru Dekretuaren bidez onetsi ziren. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari babes zibilaren, larrialdien eta su-itzaltze eta salbamenduaren arloetan dagozkion zerbitzuak kudeatzeko helburua zuen. Hura sortu aurretik babes zibilaren eta suhiltzaileen arloetako zerbitzu publikoak zein bere aldetik arautu ohi ziren, baita atxikipen organikoari dagokionez ere. Bi zerbitzu horien kudeaketa berezitua egin zen bitartean hartutako esperientziak eta prebentzio lanaren eta larrialdietako esku-hartze operatiboaren arloetan agertu ziren behar berriek antolaketa bide berriei ekitea eskatu zuten, baliabideak hobeki erabiltzeko eta koordinatzeko, eta horren ondorioz sortu zen erakunde autonomo hau. Gaur berriro ere, Nafarroako Larrialdietako Agentzia sortu ondoren eta orain arte hartutako esperientziak eskatzen digu antolaketa bide berri bat jorratzea, une hartatik hasi eta orain arte erakundearen kudeaketan atzeman diren arazoak konpontzeko asmoz. Horiek horrela, erakunde autonomo hori iraungitzen da eta Barne Zuzendaritza Nagusiaren egitura organikoan sartzen da, zerbitzuen kategoria duen unitate organiko gisa.

Bilatzen den helburua da, funtsean, egitura errazagoa edukitzea, larrialdiei erantzuteko zerbitzu guztiak zuzenean organo erabakitzaile beraren menpean egonda, alegia, Barne Zuzendaritza Nagusiaren menpean. Garbi dago horrek ahalbidetuko duela Barne Zuzendaritza Nagusiaren gainerako zerbitzuekin koordinazio hobea izatea, eta gainera kostuak murriztuko dira, iraungitako Nafarroako Larrialdietako Agentziako zuzendaritza organoak amortizatuz eta burutzak murriztuz.

Nafarroako Larrialdietako Agentzia iraungita, eta haren unitateak Barne Zuzendaritza Nagusian sartuta, herritar guztientzako zerbitzu integrala hobetuko da, eta ahalbidetuko da larrialdien arloko beharrei erantzun arinagoa ematea, eta horren ondorioz eraginkortasun eta koordinazio handiagoak lortuko dira.

Alde horretatik, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuaren oinarrizko egitura ezartzen duen abuztuaren 12ko 54/2015 Foru Dekretuaren artikulu bakarreko 2. idatz-zatian xedatzen da Nafarroako Larrialdietako Agentzia (NLA) Barne Zuzendaritza Nagusiaren egituran sartuko dela, eta Justiziako kontseilariari agintzen zaio behar dena egin dezala erakunde autonomo hori desagerrarazi eta likidatzeko.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 107 artikuluak ezartzen du Nafarroako Gobernuaren foru dekretu bidez iraungiko direla organismo publikoak, zer departamenturi atxikirik egon eta haren titularra den kontseilariak proposaturik, aurretik funtzio publikoaren, antolaketa administratiboaren eta ekonomiaren arloetan eskumena duten departamentuek txostena emanda.

Horrenbestez, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2015eko irailaren 9ko bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua . Nafarroako Larrialdietako Agentzia (NLA) erakunde autonomoa iraungitzea.

Iraungi egiten da Nafarroako Larrialdietako Agentzia (NLA) erakunde autonomoa. Otsailaren 16ko 12/2009 Foru Dekretuak arautzen zuen erakundea, haren estatutuak onetsita.

2. artikulua . Langileen atxikipena.

Nafarroako Larrialdietako Agentzia (NLA) erakunde autonomoko langile finko eta aldi baterakoak Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuaren mende egotera pasatuko dira.

3. artikulua . Ondasunak, eskubideak eta betebeharrak.

1. Iraungitzearen ondoriozko ondasun eta eskubideek xede eta eginkizun berberei loturik segitzen dute, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuari atxikirik.

2. Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentua Nafarroako Larrialdietako Agentzia (NLA) erakunde autonomoaren eskubide eta betebeharretan subrogaturik gelditzen da.

Lehenbiziko Xedapen Iragankorra. Unitateen jarraipena.

Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen foru dekretua garatzeko neurriak hartu bitartean, bulegoekin parekatutako unitateek berdin jarraituko dute eta oraingo izenari eta eginkizunei eutsiko diete. Behin-behinekotasunez, departamentu horren egitura berriko organoei atxikiko zaizkie, orain arte izan dituzten eginkizunekin bat.

Bigarren Xedapen Iragankorra. Langileen arloko eskudantziak.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta erakunde autonomoen organoetako langileen eskudantziak zehazten dituen otsailaren 21eko 30/2005 Foru Dekretua aldatzen ez den bitartean, aipatu foru dekretuaren 10.1 artikuluak ematen dituen eskudantziak Barneko zuzendari nagusiak izanen ditu ere bai ofizial, ofizialorde, sarjentu, kabo eta suhiltzaile lanpostuetan aritzen diren langileei eta 112-larrialdiak kudeatzeko zentroko langileei dagokienez.

Xedapen Indargabetzaile Bakarra. Arauak indargabetzea.

Indarrik gabe gelditu dira otsailaren 16ko 12/2009 Foru Dekretua (Nafarroako Larrialdietako Agentzia arautu eta haren estatutuak onesten zituena) eta foru dekretu honetan xedatutakoaren aurkako xedapenak.

Azken Xedapen Bakarra. Indarra hartzea.

1. Foru dekretu honek indarra hartuko du eta bertan ezarritako ondorioak izanen ditu Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuaren egitura organikoa onesten duen foru dekretuak indarra hartzen duenean.

2. Aurrekoa gorabehera, Nafarroako Larrialdietako Agentzia erakunde autonomoa iraungitzeak 2015eko urriaren 1ean izanen ditu ondorio ekonomikoak.

Iruñean, 2015eko irailaren 9an.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Uxue Barkos Berruezo.-Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilaria, María José Beaumont Aristu.

Iragarkiaren kodea: F1512578

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web