51/2015 FORU AGINDUA, APIRILAREN 23KOA. HONEN BIDEZ LANKIDETZA FORMULAK EZARTZEN DIRA OSASUN ARLOKO LANGILE ERRETIRATUEN ETA OSASUN DEPARTAMENTUAREN ARTEAN
BON N.º 110 - 09/06/2015
Irakaskuntza, ikerketa eta laguntza ematea dira Osasun Sistema Publikoaren hiru zutabeak.
Osasun Sistema Nazionalaren Kohesioari eta Kalitateari buruzko maiatzaren 28ko16/2003 Legeak eta Osasun Arloko Lanbideen Antolamenduari buruzko azaroaren 21eko 44/2003 Legeak ezartzen dutenez, “osasun sistemaren laguntza emateko egitura osoa eskuragarri egonen da osasun ikerketan eta profesionalen irakaskuntzan erabil dadin”.
Hainbat lanbide erakundek osasun arloko Administrazioari eskatu diote zentzuzko alternatiba bat arbitra dezala, osasun arloko profesional frankok egindako eskaerari erantzuteko: horietako askok, erretiroa hartu ondoren, adierazten dute neurri bateko jarduera izan nahi dutela irakaskuntzan eta ikerketan, Nafarroako sistema publikoaren alde, hura garatzen lagundu baitzuten.
Lanean curriculum bereziki aipagarria izan duten profesionalen kasuan, lankidetza horren ekarpena are zentzuzkoagoa da.
Galarazi gabe etorkizunean profesional emerituaren irudia eratu ahal izatea, Osasun Departamentuak egiteko modukotzat eta egokitzat jotzen du behar diren bitartekoak gaitzea, osasun arloko profesional erretiratuen laguntza izateko, baldin teknikoki egokiak badira eta lanean jarraitu nahi badute kontsulten arloan, aholkularitzan, prestakuntzan edo ikerketarako laguntza ematea, osasun sistemaren alde, betiere horrek kalterik eragiten ez badu jarduneko profesionalei erreserbatutako eginkizunetan.
Eskatutako lankidetzari baietza emanez, foru agindu honek aitortzen du osasun arloko langile erretiratuek badutela eskubidea iturri bibliografikoak erabiltzeko, baita ezagutzak eguneratzeko eta ikerketari laguntzeko beste baliabide batzuk erabiltzeko ere.
Horrenbestez, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1.g) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz, AGINDU DUT:
Foru agindu honen xedea da lankidetza formulak ezartzea, osasun arloko langile erretiratuek Nafarroako Osasun Publikoko Sistemari laguntzeko, osasun arloko ikerketan, irakaskuntzan eta aholkularitzan, osasun arloko langile emerituaren irudia eratu arte.
2. artikulua . Aplikazio eremua.
Foru agindu hau aplikatuko zaie Osasun Departamentuko eta haren erakunde autonomoetako osasun arloko langile erretiratuei.
3. artikulua. Osasun arloko langile erretiratuek laguntza ematea ikerketan, irakaskuntzan eta aholkularitzan.
Egokia bada eta nahi izanez gero, Osasun Departamentuak eta haren erakunde autonomoek aukera izanen dute osasun arloko langile erretiratuen laguntza jasotzeko honelako jarduerak egiteko:
a) Osasun Departamentuak eta haren erakunde autonomoek osasun arloko langileak prestatzeko antolatutako mintegi, ikastaro eta hitzaldietan irakasle gisa parte hartzea.
b) Prestakuntzan ari diren espezialistek edo nabarmentzen ari diren taldeek gauzatutako ikerketa proiektuetan, Nafarroako Osasun Zerbitzuko Ikerketa Batzordeak agindutakoetan, irakasle tutore aritzea.
c) Dibulgazio artikuluak egitea, eta/edo irakaskuntza arloko berrikuspen bibliografikoak egitea, ebidentzia zientifikoan oinarritutako jardun klinikoa sustatzeko, betiere Osasun Departamentuak berak argitaratutako Argitalpenen Batzorde Erredaktoreek aginduta.
d) Osasun Sistema Nazionalaren osasun arloko prestakuntza ikastaroak egiaztatzeko kanpo auditoretzak egitea, irakaskuntzako kalitatea ebaluatzeko, Nafarroako Foru Komunitateko osasun arloko lanbideen Etengabeko Prestakuntzako Batzordeak aginduta.
e) Langileak aukeratzeko epaimahaietan parte hartzea.
f) Nafarroako Ikerketa Klinikorako Batzorde Etikoan parte hartzea.
g) Osasun arloko ikerketa proiektuetan zuzenean parte hartzea eta/edo horiek zuzentzea.
h) Laneko batzorde, komite eta talde teknikoetan parte hartzea.
i) Aldizkako argitalpen zientifikoen argitaratze batzordeetan parte hartzea, baita zientziaren dibulgazioa egiteko eta ezagutza kudeatzeko beste sistema batzuetan ere.
j) Osasun zerbitzuen kalitatea ebaluatzeko edo auditatzeko edo eskumenak ebaluatzeko organo eta sistemetan parte hartzea.
k) Osasun planak edo programak diseinatzeko laguntzea, arlo hauetan: laguntza, kalitatea eta kudeaketa.
l) Ekitaldi, jardunaldi eta biltzarrak antolatzen laguntzea.
m) Saio klinikoetan parte hartzea eta/edo aholkularitza kliniko zuzenekoa ematea beren espezialitateko profesionalei, kasu klinikoak elkarrekin berrikusiz, betiere inplikatutako zerbitzu klinikoaren arduradunak eskaturik.
n) Osasun Zuzendaritza Nagusiak edo Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Kudeaketa Zuzendaritzak eskaturik, funtzionamenduari eta zerbitzuak hobetzeari buruzko txosten teknikoak egitea, baldin eta, barne izaerarengatik, ezin badira egin kanpo kontratazio lehiakorraren bidez.
4. artikulua. Osasun Departamentuari laguntzen dioten osasun arloko langile erretiratuen prerrogatibak.
Bigarren artikuluan aipatutako langileek, Osasun Departamentuarekin duten lankidetzak irauten duten bitartean eta aurreko artikuluan aipatutako jardueretako bat betetzen duen artean, honako baliabide hauek izanen dituzte eskura:
a) Nafarroako Gobernuaren osasun arloko intranetean beren intereseko esparruari buruz dagoen osasuneko informazioa.
b) Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko liburutegi birtualeko funts bibliografikoak.
c) Osasun Departamentuko edo haren erakunde autonomoetako datu baseak, betiere ikerketa proiektu batean laguntzen ari badira, eta datuak babesteko indarreko araudia betetzen bada.
d) Funts publikoekin finantzatutako Osasun Departamentuaren laguntza deialdiak, helburu dutenak ikerketa proiektuak sustatzea, jardunean diren osasun arloko langileen baldintza berberetan.
e) Osasun esparruko ikerketarako behar den laguntza teknikoa, jardunean diren osasun arloko langileen baldintza berberetan.
5. artikulua . Lankidetza jardueren izaera eta konpentsazioa.
1. Langileak aukeratzeko epaimahaietan eta Nafarroako Ikerketa Klinikorako Batzorde Etikoan parte hartzeari dagokienez, kasu horietan egoki diren araudiak beteko dira.
2. Hirugarren artikuluko a), b), c) eta d) letretan aipatutako irakaskuntzako lankidetzek konpentsazio ekonomikoa izanen dute, Osasun Departamentuaren langileei ordaintzeko zenbatekoen eta irizpideen arabera.
3. Finantzaketa publikoa duten ikerketa proiektuetan laguntzen aritzean edo zuzendaritzan jardutean, laguntzen deialdi espezifikoen arauek ezarritakoa beteko da.
4. Hirugarren artikuluko n) letran aipatutako txosten teknikoak egitean, kontratu publikoen araudian ezarritakoa beteko da betiere.
5. Gainerako lankidetza modalitateak osoki borondatezkoak eta ohorezkoak izanen dira, eta ez dute inolako konpentsazio ekonomikorik izanen.
Azken Xedapen Bakarra. Indarra hartzea.
Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.
Iruñean, 2015eko apirilaren 23an.-Osasuneko kontseilaria, Marta Vera Janín.
Iragarkiaren kodea: F1507152