(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

27/2015 FORU DEKRETUA, MAIATZAREN 6KOA, NAFARROAKO AGIRI JUDIZIALAK XAHUTZEKO BATZORDEA EZARTZEN DUENA

BON N.º 98 - 22/05/2015



Zioen azalpena

Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoak zehazten ditu justizia administrazioaren arloan Nafarroako Foru Komunitateari dagozkion eskumenak.

Artxibo Judizialen Modernizazioari buruzko uztailaren 18ko 937/2003 Errege Dekretuaren xedea da Justizia hobetu eta modernizatzea. Agiri judizialen kudeaketa egokia arautzen du, gaur egungo gizartera eta errealitate judizialera egokituz, eta oreka lortzen du teknika artxibistiko tradizionalen eta teknologia berrien garapenaren artean.

Horretarako, errege dekretuak artxibo judizialen funtzionamendu eta antolaketaren oinarrizko alderdiak arautzen ditu, eta jarduketa judizialen zain ez dauden agiri judizialen azken destinoa erabaki eta exekutatzeko prozedura ezartzen du, hau da, agiriak xahutzeko prozedura.

Kudeaketa sistema berrian, agiriak xahutzeko batzordeak kide anitzeko organo administratiboak dira, dokumentu ondareko prozesu-espedienteen edo gobernu-espedienteen gainean ondokoa erabaki behar dutena dagokion Kudeaketako Artxibo Judizialaren kargura: espedienteak baztertzea edo deuseztatzea, ala ondare historikoaren arloko administrazio eskudunera transferitzea.

Arauaren arabera, arloan eskumena duten autonomia erkidegoetan agiriak xahutzeko batzordeak eratuko dira, Justizia Ministerioko batzordeetatik bereiziak. Autonomia erkidegoek arautuko dute haien funtzionamendua.

Maiatzaren 14ko 813/1999 Errege Dekretuaren bidez, Justizia Administrazioa baliabide material eta pertsonalez hornitzearen arloko eginkizunak eta zerbitzuak Estatutik Nafarroako Foru Komunitatera eskualdatu ziren. Horrenbestez, Foru Komunitateari dagokio uztailaren 18ko 937/2003 Errege Dekretua garatzea, agiri judizialak xahutzeko Nafarroako Foru Komunitatean eratu behar den batzordeari dagokionez.

Eskumen horiek gauzatzeko, arau honek artxibo eta agiri judizialen kudeaketa hobetu eta modernizatu nahi du. Helburu hori lortzeko, Foru Komunitateak azken urteetan programa eta jarduketa batzuk egin ditu, eta orain Nafarroako Agiri Judizialak Xahutzeko Batzordea ezarri eta arautzen da, uztailaren 18ko 937/2003 Errege Dekretuan ezarritako konfigurazioa oinarritzat hartuz eta Nafarroako berezitasunetara egokituz. Agirien ebaluazioan eta kudeaketan berariazko soluzioak jarri dira, prozedura mota bakoitzera egokituz eta faseak argi eta garbi ordenatuz.

Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak txostena eman du arau honen gainean, Botere Judizialaren uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoaren 561. artikuluan ezarritakoa betetzeko.

Hori horrela, Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2015eko maiatzaren 6an egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua . Xedea.

Foru dekretu honen xedea da Nafarroako Agiri Judizialak Xahutzeko Batzordea sortu eta arautzea. Kide anitzeko organo administratiboa da, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan justiziaren arloko zuzendaritza nagusi eskudunari atxikia.

2. artikulua . Xedea.

Agiri Judizialak Xahutzeko Batzordeak uztailaren 18ko 937/2003 Errege Dekretuaren 14. artikuluan eta hurrengoetan aipatzen diren eginkizunak eta gero aipatzen direnak izanen ditu, Nafarroako Foru Komunitateko organo judizialek tramitatzen dituzten epai-, prozesu- eta gobernu-espedienteak baztertu, deuseztatu edo ondare kulturalaren arloko administrazio eskudunari transferitzeari -betiko gorde ditzan- dagokionez.

3. artikulua . Egoitza.

Agiri Judizialak Xahutzeko Batzordeak Iruñean du bere egoitza, eta Foru Komunitatearen lurralde osoan erabiliko ditu bere eskumenak.

4. artikulua . Araubide juridikoa.

Ondoko arauek arautuko dute Agiri Judizialak Xahutzeko Batzordea: foru dekretu hau, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legea, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 30/1992 Legea eta Artxibo Judizialen Modernizazioari buruzko uztailaren 18ko 937/2003 Errege Dekretua.

5. artikulua . Batzordearen osaera.

1. Agiri Judizialak Xahutzeko Batzordeak kide hauek izanen ditu:

a) Batzordeburua: Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko lehendakaria, edo hura ordezkatzen duen magistratua (Nafarroako Foru Komunitateko organo judizialetan destinoa duena).

b) Bost batzordekide:

-Karrera fiskaleko pertsona bat, Nafarroako Foru Komunitateko fiskal nagusiak izendatua, Nafarroan destinoa duena.

-Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Gobernuko Idazkaritzaren titularra, edo hura ordezkatzen duen idazkari judiziala (Foru Komunitatean destinoa duena).

-Artxiboko goi mailako teknikari bat, ondare kulturalaren arloko departamentu eskudunak izendatua.

-Artxiboko goi mailako teknikari bat, artxibo judizialetako espezialista, justizia administrazioaren arloko departamentu eskudunak izendatua.

-Zuzenbideko lizentziadun titulua duen funtzionario bat, justizia administrazioaren arloko departamentu eskudunaren titularrak izendatua. Batzordeko idazkaria izanen da eta hitza eta botoa izanen ditu.

c) Bidezkotzat jotzen denean, Agiri Judizialak Xahutzeko Batzordeko buruak kasuan kasuko gaietako teknikari adituei dei egin diezaieke. Hitza izanen dute, baina ez botoa.

2. Batzordekideak izendatu behar duten organoek ordezko bat ere izendatuko dute titularrek batzordearen bileretara joatea ezinezkoa duten kasuetarako. Justiziaren arloko departamentu eskudunari emanen diote jarduketa horren berri.

3. Justiziaren arloko departamentu eskudunaren titularrak onetsiko du Agiri Judizialak Xahutzeko Batzordeko kideen izendapena, foru agindu baten bidez.

6. artikulua . Karguuztea.

1. Batzordekideek kasu hauetan utziko dute kargua:

a) Norberak eskatuta.

b) Izendatu zuen organoak eskatuta.

c) Proposatuak izateko izaera galdutakoan.

2. Kargu-uztea foru agindu baten bidez eginen da, eta beste kide bat izendatuko da, 5. artikuluan ezarri bezala.

7. artikulua . Ordaina bileretara joategatik.

1. Batzordeko kideek, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko funtzionarioak direnek izan ezik, Batzordearen bilera bakoitzera joateagatik, idazkariak behar bezala egiaztaturik, 100 euroko ordain osoa hartuko dute.

2. Behin ere ez dira hamar ordain baino gehiago hartuko urtean. Batzordearen bileratara joaten den ordezkoak bakarrik hartuko du ordaina horretarako eskubidea duen titularraren ordez joaten denean, titularra ez egoteagatik.

8. artikulua . Eginkizunak.

Agiri Judizialak Xahutzeko Batzordeak, uztailaren 18ko 937/2003 Errege Dekretuaren 14. artikuluan eta hurrengoetan aurreikusitakoez gain, eginkizun hauek ditu:

a) Agiri judizialak gordetzeko eta deuseztatzeko irizpideak onestea, agirien azken destinoa erabakitzeko, dokumentu ondarerako duten balioa kontuan hartuta.

b) Agiriak ebaluatzeko proposamenak behin-behinekoz onestea, eta artxibo eta biltegi judizialetan egon behar duten epea, kontsultatzeko araubidea eta azken destinoa erabakitzea, gainerako antolamenduarekin bat.

c) Agiriak ebaluatzeko behin-behineko erabakiak, agiri judizialen azken destinoari dagokionez, ondare kulturalaren arloko departamentu eskudunari bidaltzea, nahitaezko txosten loteslea egin dezan.

d) Agiri judizialak ebaluatzeko erabakiak behin betiko onestea, txosten loteslea kontuan hartuta.

e) Agiri judizialak ebaluatzeko erabakiak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

f) Nahitaezko inprimaki uniforme bat onestea, artxibo eta biltegi judizialen arduradunek hura erabil dezaten agiriak xahutzeko batzordeak ebatzi behar dituen espedienteen zerrenda bidaltzeko. Bidezkotzat jotzen diren kudeaketarako aplikazio informatikoak erabil daitezke inprimaki horren ordez.

g) Artxibo eta biltegi judizialen arduradunek bidalitako espedienteen zerrendak hartzea eta aztertzea, eta erabakitzea espedienteak ondare kulturalaren arloko departamentu eskudunari bidaltzea ala espedienteak besterendu edo deuseztatzea, agiriak ebaluatzeko erabakiekin bat.

h) Espedienteen zerrenda horiek eta hartutako ebazpenak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta argitalpen horren berri ematea Foru Komunitatean gehien zabaltzen diren egunkarietako batean, bi hilabeteko epean interesdunek prozesuan eman zituzten agiriak berreskuratzeko aukera izan dezaten.

i) Artxibo eta biltegi judizialen arduradunei batzordearen erabakiak egiaztatzea eta horien gaineko informazioa ematea, haien epai- eta gobernu-espedienteen behin betiko destinoaren dokumentu-oinarria izan dezaten.

j) Justizia administrazioaren arloko departamentu eskudunari proposamenak bidaltzea agiri judizialen kudeaketari lotutako gaiei buruz, bereziki euskarri elektronikoa duten agirien kasuan, haien egiazkotasuna, fidagarritasuna, osotasuna eta eskuragarritasuna bermatzeko haien bizi-ziklo osoan.

k) Artxibo eta biltegi judizialen arduradunei eskatzea xahutzearen arloan onetsitako jarraibideak eta arauak betetzeko, hala behar denean.

9. artikulua . Agiri Judizialak Xahutzeko Batzordearen funtzionamenduaren araubidea.

1. Nafarroako Agiri Judizialak Xahutzeko Batzordearen funtzionamenduaren araubidea Artxibo Judizialen Modernizazioari buruzko uztailaren 18ko 937/2003 Errege Dekretuan ezarritakoa da, foru dekretu honetan ezartzen diren berezitasunak eta onets daitekeen barne araubidearen erregelamenduan horri buruz ezartzen dena galarazi gabe.

2. Agiri Judizialak Xahutzeko Batzordea, bilkura arruntean, urtean behin bederen bilduko da. Bilkura berezia eginen du batzordeburuak jorratu behar diren gaiengatik bidezkotzat jotzen duen guztietan, berak erabakita edo gutxienez kideen herenak eskatuta. Azken kasu honetan, bilkura egiteko arrazoiak nahitaez sartuko dira gai-zerrendan.

3. Agiri Judizialak Xahutzeko Batzordeko idazkariak eginen du deia, batzordeburuak aginduta, eta bilkura bakoitzaren akta eginen du.

4. Agiri Judizialak Xahutzeko Batzordeak hartzen dituen erabakiak kideen botoen gehiengoaz hartuko dira. Berdinketa bada, batzordeburuaren botoak erabakiko du.

5. Batzordeak hartutako erabakien akta bilkura berean onets daiteke.

10. artikulua . Laguntza teknikoa.

1. Justiziaren arloko zuzendaritza nagusi eskudunari, erabakiko den unitate organikoaren bidez, dagokio agiriak ebaluatzeko proposamenak Agiri Judizialak Xahutzeko Batzordeari ematea eta batzordeak esleitzen dizkion zeregin guztiak egitea, laguntza teknikoa ematen baitio.

2. Agiri Judizialak Xahutzeko Batzordeari dagokio haien jarduera, ezagutza edo esperientziagatik egokitzat jotzen dituen pertsonak izendatzea, laguntza teknikoa ematen duen unitate organikoak agiriak ebaluatzeko egiten dituen proposamenak baliozkotu ditzaten.

3. Laguntza teknikoa ematen duen unitate organikoak bilduko ditu Agiri Judizialak Xahutzeko Batzordeak onesten dituen agiriak ebaluatzeko erabakiak, Gordetzeko eta Kontsultatzeko Egutegia izeneko tresna teknikoaren bidez.

11. artikulua . Agiri eta espediente judizialak kontsultatzea.

1. Artxibo Judizialen Modernizazioari buruzko uztailaren 18ko 937/2003 Errege Dekretuaren 7. eta 12. artikuluetan artxibo eta biltegi judizialetan gordetzen diren agiri eta espediente judizialen kontsultari buruz ezartzen dena galarazi gabe, ondare kulturalaren arloko departamentu eskudunari betiko gordetzeko transferitzen zaizkion agiri eta espediente judizialak kontsultatzeko, Agiri Judizialak Xahutzeko Batzordearen agiriak ebaluatzeko erabakietan xedatutakoari jarraituko zaio. Ondare kulturalaren arloko departamentu eskudunak murritz dezake agirien kontsulta, agiriak gordetzeko arrazoi teknikoak direla medio.

2. Jatorrizko bulego judizialek ondare kulturalaren aroko departamentu eskudunari transferitutako agiriak kontsulta ditzakete, nahi dutenean, aipatu departamentuak ezarritako baldintzekin. Nolanahi ere, jatorrizko bulego judizialaren kontsulta mugagabea bermatuko da, arrazoitutako ebazpen batean hala erabakita, beharrezkoa denean agiriak sortu ziren prozeduran edo haren ondorioz sortutako edozein uzi edo gorabehera ebazteko.

Lehenbiziko Xedapen Gehigarria .Agiri Judizialak Xahutzeko Batzordea eratzea.

Agiri Judizialak Xahutzeko Batzordea hiru hilabeteko epean eratuko da, foru dekretu honek indarra hartzen duenetik hasita.

Bigarren Xedapen Gehigarria .Laguntza teknikoa ematen duen unitate organikoa.

Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuko Baliabide Materialen Kudeaketarako Zerbitzua izanen da Nafarroako Agiri Judizialak Xahutzeko Batzordeari laguntza teknikoa emateko unitate organikoa.

Azken Xedapenetako Lehena.- Arauen garapena.

Justizia administrazioaren arloko departamentu eskuduneko kontseilari titularrari ahalmena ematen zaio foru dekretu hau garatu eta betearazteko behar diren xedapen guztiak eman ditzan.

Azken Xedapenetan Bigarrena .Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2015eko maiatzaren 6an.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Yolanda Barcina Angulo.-Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilaria, F. Javier Morrás Iturmendi.

Iragarkiaren kodea: F1507034

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web