(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

26/2015 FORU DEKRETUA, APIRILAREN 29KOA, A1, A2, B1 ETA B2 EUSKARA MAILAK EGIAZTATZEKO ZIURTAGIRI OFIZIALAK SORTZEN DITUENA ETA HAIEK JAULKITZEKO ARAUAK EMATEN DITUENA

BON N.º 92 - 14/05/2015



  I. KAPITULUA. XEDAPEN OROKORRAK.


Zioen azalpena

Hizkuntzen Europako Erreferentzia Esparru Bateratuan ezarritako oinarriak maiatzaren 16ko 42/2011 Foru Dekretuaren bitartez hasi ziren aplikatzen Nafarroako helduen euskararen irakaskuntzaren esparruan; izan ere, foru dekretu horren bidez, Nafarroako Foru Komunitatean helduei euskara irakasteko curriculuma ezarri zen.

Foru dekretu horren azken xedapenetan lehenak, arauak emateko gaikuntzari buruzkoak, ahalmena ematen dio Hezkuntzako kontseilariari onetsitako curriculumean ezarritako jakite-mailen ziurtagiriak lortu eta jaulkitzeko arauak gara ditzan.

Nafarroako Gobernuko zenbait administrazio unitatek esperientzia handia daukate jakite-mailak egiaztatzeko azterketak antolatzen. Hortaz, egokia litzateke jakite-maila ziurtagiri ofizialen bidez egiaztatzea. Ziurtagiri horiek azterketen batzorde ofizial batek prestatutako eta epaimahai ofizial batek administratutako probak gainditzen dituztenei emanen zaizkie, eta, horrela, egiaztatzen diren mailen homogeneotasuna eta berdintasuna bermatuko dira, azterketak behar diren baliagarritasun eta fidagarritasun baldintzak betez prestatuko baitira.

Kontuan harturik Nafarroako Gobernuak bere Euskararen Gaitasun Agiria (EGA) ematen duela Hizkuntzen Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren C1 maila egiaztatzeko, bidezko da Nafarroako Gobernuaren beste ziurtagiri batzuk sortzea eta haiek jaulkitzeko arauak ematea esparru horretako A1, A2, B1 eta B2 mailak (42/2011 Foru Dekretuaren bidez ezarriak) gainditu izana ofizialki eta ondorio guztietarako egiaztatzeko, horrela bateratuko baitira Nafarroako Administrazio Publikoek esparru horretan erabilitako prozedura eta baliabideak.

Euskarabidea/Euskararen Nafar Institutua erakunde autonomoaren Estatutuak onetsi zituen abuztuaren 24ko 133/2011 Foru Dekretuaren bidez, euskararen irakaskuntzarako langileak eta baliabide tekniko eta materialak kudeatzeko eginkizuna esleitu zitzaion erakunde horri, bereziki helduen irakaskuntzakoak, besteak beste.

Horrenbestez, Hezkuntzako kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2015eko apirilaren 29an egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

I. KAPITULUA. XEDAPEN OROKORRAK.

1. artikulua . Xedea.

Hona hemen dekretu honen xedea:

a) Euskararen ziurtagiri ofizialak sortzea Nafarroako Foru Komunitatean helduei euskara irakasteko curriculumeko A1, A2, B1 eta B2 mailetarako, Nafarroako Foru Komunitatean helduei euskara irakasteko curriculuma ezartzen duen maiatzaren 16ko 42/2011 Foru Dekretuan xedatutakoari jarraikiz.

b) Maila horiek egiaztatzeko probak egiteko sistema ezartzea, eta horren organo arduradunak zehaztea.

c) Ziurtagiri ofizialak jaulkitzeko arauak ematea.

2. artikulua . Euskararen ziurtagiri ofizialak.

1. Artikulu honen bidez sortzen diren ziurtagiriak Nafarroako Gobernuaren agiri ofizialak dira Hizkuntzen Europako Erreferentzia Esparru Bateratuko A1, A2, B1 eta B2 euskarazko jakite-mailak egiaztatzeko:

a) Oinarrizko erabiltzaileak:

i) A1 mailako ziurtagiria (sarrera): egiaztatzen du gai dela eguneroko bizitzan sarri erabiltzen diren hitz, testu eta lokuzioak ulertzeko eta erabiltzeko, baita esaldi soilak osatzeko ere, berehalako beharrak asetzearren.

ii) A2 mailako ziurtagiria (plataforma): egiaztatzen du gai dela eguneroko bizitzan oinarrizko maila batean autonomiaz komunikatzeko ahoz eta idatziz, eta gai dela, orobat, aditz-denbora desberdinak dituzten narrazioak ulertu eta idazteko, betiere bere bizipenekin lotutako gaiei buruz.

b) Erabiltzaile independenteak:

i) B1 mailako ziurtagiria (atalasea): egiaztatzen du gai dela hizkuntza horretan ahoz eta idatziz moldatzeko ideia nagusiak ulertzeko moduan, eta gai dela, orobat, harreman pertsonaletan, aisialdian eta lan arloan gerta daitezkeen komunikazio egoera gehienei aurre egiteko.

ii) B2 mailako ziurtagiria (aurreratua): egiaztatzen du gai dela hizkuntza horretan ahoz eta idatziz moldatzeko gai konkretuei zein abstraktuei buruz sor daitezkeen komunikazio egoerei aurre egiteko moduan, baita hizlariaren espezializazio profesionalaren arloko eztabaida teknikoetan ere.

2. Nafarroako Administrazio Publikoek bertan sartu eta mugitzearen ondorioetarako baloratuko dituzten euskarazko jakite-mailak 42/2001 Dekretuan ezarritakoak izanen dira (A1, A2, B1, B2 eta C1), Hizkuntzen Europako Erreferentzia Esparru Bateratuan finkatu zirenak, hain zuzen.

3. artikulua . Proben deialdia.

1. Deialdiak Euskarabidea/Euskararen Nafar Institutuaren zuzendari kudeatzailearen ebazpen bidez eginen dira, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko. Ebazpen horietan, deitutako mailez gainera, maila bakoitza egiaztatzeko azterketen ezaugarriak zehaztuko dira.

2. Deialdietan honako hauek adieraziko dira:

a) Deialdiaren xede diren ziurtagiriak.

b) Izena emateko egunak, epeak eta tokiak, webguneak barne.

c) Idatziaren ulermena eta ahozkoaren ulermena neurtzeko probak egiteko eguna eta tokia(k).

d) Matrikulagatik eta ziurtagiriak jaulkitzeagatik ordaindu beharreko tasak.

e) Emaitzak argitaratzeko lekuak (webguneak barne), eta azterketak berrikusteko prozedura.

f) Azterketa egiteko premia bereziak izanez gero, zer bete behar den probaren egokitzapena eskatzeko.

g) Deialdiko Azterketen Batzorde Ofizialaren osaera.

4. artikulua . Inskribatzeko baldintzak.

1. Probak egiteko egunerako, interesdunek, oro har, baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Hamasei urte beteak izatea.

b) Helbidea Nafarroan dutela frogatzea.

c) Ez edukitzea beste euskara agiri ofizial bat maila berekoa edo goragokoa.

2. Deialdi bakoitzean, inskribatzeko baldintza berariazkoak ezartzen ahalko dira.

5. artikulua . Proben egitura eta edukia.

1. Azterketa ereduak eta bakoitzerako zehaztapenak Euskarabidea/Euskararen Nafar Institutuaren zuzendari kudeatzailearen ebazpen baten bidez finkatuko dira.

2. Maila bakoitzeko azterketetan zenbait proba espezifiko eginen dira komunikazio-gaitasunaren maila eta trebetasunak neurtzeko. Proba horiek baztertzaileak izanen dira. Idatziaren ulermena, ahozkoaren ulermena, idatzizko adierazpena eta ahozko adierazpena baloratuko dira. Komunikaziorako eraginkortasuna eta hizkuntzaren erabilera izanen dira ebaluaziorako oinarrizko erreferenteak.

3. Maila bakoitzeko ziurtagiri ofizialak lortzeko aplikatuko diren ebaluazio irizpideak bat etorriko dira maiatzaren 16ko 42/2011 Foru Dekretuaren bidez onetsitako curriculumetan ezarritakoekin.

II. kapitulua.-Organo arduradunak.

6. artikulua . Azterketen Batzorde Ofiziala. Batzordearen osaera.

1. Azterketen Batzorde Ofizialak kide hauek izanen ditu, gutxienez:

a. Batzordeburua:

Batzordeburua Euskarabidea/Euskararen Nafar Institutuko Euskararen Prestakuntza eta Sustapenerako Zerbitzuko zuzendaria izanen da, edo haren eskuordetza duen pertsona.

b. Batzordekideak:

i) Euskararen sustapenaren edo prestakuntzaren arloan eskumena duen unitateko arduradunak proposatzen dituen hiru batzordekide. Horietako bat Euskararen Didaktika Ataleko burua izanen da.

ii) Hezkuntza Departamentuan hizkuntzen arloan eskumena duen unitateko arduradunak proposatzen dituen hiru batzordekide. Horietako bat Euskara Ataleko burua izanen da.

iii) Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuan hizkuntzen arloan eskumena duen unitateko arduradunak proposatzen dituen hiru batzordekide. Horietako bat Euskara eta Hizkuntza Komunitarioen Ataleko burua izanen da.

c. Idazkaria:

Euskararen sustapenaren edo prestakuntzaren arloan eskumena duen unitateko arduradunak proposatuko duen batzordekide bat izanen da idazkaria.

2. Lan karga handia izateagatik beharrezkoa bada, Azterketen Batzorde Ofizialak euskararen irakaskuntzaren arloko beste profesional batzuk ere hartzen ahal ditu laguntzeko.

3. Batzordean parte hartzen duten zerbitzuen proposamena ikusita, Euskarabidea/Euskararen Nafar Institutuaren zuzendari kudeatzaileak, ebazpen bidez, Azterketen Batzorde Ofizialeko kideak izendatuko ditu.

7. artikulua . Azterketen Batzorde Ofiziala. Eginkizunak.

Azterketen Batzorde Ofizialak eginkizun hauek izanen ditu:

1. Nafarroako Gobernuaren euskararen ziurtagiri ofizialak lortzeko probak antolatu, diseinatu eta gainbegiratzea.

2. Probak ebaluatzeko eta zuzentzeko irizpideak ezartzea eta Epaimahaiak irizpide horiek aplikatzen dituela begiratzea.

3. Euskararen eta beste hizkuntza batzuen maila egiaztatzeko erabiltzen diren azterketa ereduak aztertzea, baita horiek aplikatzeko prozesuak ere.

4. Probetan parte hartu behar duten aztertzaileentzako prestakuntza eta eguneratze jarduerak proposatzea.

5. Proben emaitzak eta azterketen aktak aztertzea, horien gaineko txostenak eta balorazioak egitea, eta hobetzeko proposamenak aurkeztea.

6. Azterketen berrikuspenei buruz aurkezten diren erreklamazioen eta errekurtsoen gainean txostenak egitea.

7. Eta, oro har, deialdiarekin lotutako gai guztien gainean ikertzea eta aholku ematea.

8. artikulua . Ebaluazio epaimahaiak. Kideak eta izendapena.

1. Azterketen Batzorde Ofizialaren proposamena ikusita, Euskarabidea/Euskararen Nafar Institutuaren zuzendari kudeatzaileak ebaluazio epaimahaietako kideak izendatuko ditu.

2. Ebaluazio epaimahai bakoitzean lehendakari bat, idazkari bat eta inskripzioa egiten duten izangaiak aztertzeko adina kide eta ordezko izanen dira. Epaimahai bakoitzeko lehendakaria Azterketen Batzorde Ofizialeko kideen artetik aukeratuko da. Epaimahai horietako kideen kopurua bakoitia izanen da.

3. Epaimahaikideak kolektibo hauen artetik aukera eginda izendatuko dira: Euskararen Prestakuntza eta Sustapenerako Zerbitzuko, Hizkuntzen eta Arte Ikasketen Zerbitzuko eta Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko irakasleak eta euskara teknikariak, helduen euskaltegi publiko eta pribatuetako irakasleak, Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxeetan Euskara irakasten duten langile kualifikatuak, edo euskara-gaztelania edo gaztelania-euskara itzulpen lanak egiteko gaitasuna duten langile kualifikatuak.

4. Ebaluazio epaimahaiak eratu eta jarduteko, gutxienez, lehendakaria, idazkaria eta epaimahaikide bat bildu behar dira.

9. artikulua . Ebaluazio epaimahaiak. Eginkizunak.

1. Ebaluazio epaimahaiei dagokie azterketak aplikatu, zuzendu eta kalifikatzea, Azterketen Batzorde Ofizialak ematen dituen jarraibideei jarraikiz. Era berean, ebaluazio irizpideak bateratzeko saioetan parte hartu beharko dute.

2. Hauek dira ebaluazio epaimahaien eginkizunak:

a) Probak administratzea eta haiek modu egokian gauzatzen direla gainbegiratzea.

b) Agintzen zaizkien azterketak zuzentzea.

c) Berrikusketa eskatzen dutenen azterketak berrikustea eta haien erreklamazioei lehenengo arreta ematea.

d) Gainditu dutenen eta gainditu ez dutenen zerrendak argitaratzea.

e) Erreklamazioak ebaztea eta ebaluazio epaimahaien erabakien aurka jar daitezkeen errekurtsoen gaineko txostenak egitea.

3. Deialdi bakoitzeko ebaluazio prozesua bukatu ondoren, azterketak berrikusteko tramitea bukaturik, ebaluazio epaimahaiek Azterketen Batzorde Ofizialari entregatuko dizkiete bilkura bakoitzeko aktak, azterketak eta dokumentazio osagarria.

III. kapitulua.-Ziurtagiriak jaulkitzea eta erregistratzea.

10. artikulua . Ziurtagiriak jaulkitzea.

1. Euskararen Prestakuntza eta Sustapenerako Zerbitzuak bere gain hartuko ditu matrikulazio eta kontrol lanak, tituluak jaulkitzeko proposamenak eta, orobat, gai horietan eskumena duten beste erakunde ofizial batzuekiko harremanak.

2. Azterketen Batzorde Ofizialak Euskararen Prestakuntza eta Sustapenerako Zerbitzuari igorriko dizkio bai azterketen emaitzen aktak, bai gainditu dutenen eta gainditu ez dutenen zerrendak.

3. Euskarabidea/Euskararen Nafar Institutuaren zuzendari kudeatzaileak, ebazpen baten bidez, baimena emanen du probak gainditu dituzten pertsonei Euskararen Ziurtagiri Ofizialak egiteko. Ziurtagiri horiek Hezkuntzako kontseilariak sinatuko ditu.

4. Ziurtagiria eraman aurretik, interesdunak ziurtagiria jaulkitzeagatik dagokion tarifa ordaindu beharko du, Tasa eta Prezio Publikoei buruzko Foru Legean xedatutakoaren arabera.

11. artikulua . Hamaikagarrena.Ziurtagirien erregistroa.

Euskararen Prestakuntza eta Sustapenerako Zerbitzuari dagokio Euskararen Ziurtagiri Ofizialen Erregistroa kudeatzea, izaera administratiboa baitute. Erregistro horretan ziurtagiria lortu duten pertsonen identifikazio datuak eta ziurtagirien identifikazio alfanumerikoa baizik ez da inskribatuko.

Xedapen Gehigarri Bakarra .Ofiziozko matrikula.

Nafarroako Gobernuak antolatutako prestakuntzaren barrenean euskara ikasteko ikastaroren bat egiten ari diren Administrazio Publikoetako langileek dagokien egiaztapena lortzeko probetara aurkeztu beharko dute deitzen zaienean. Horretarako, ofizioz matrikulatuko dira azterketa horietan, eta, hala badagokio, behar den ziurtagiria eginen zaie Nafarroako Administrazio Publikoetako lanpostuak betetzeko prozeduretan parte hartu ahal izateko.

Xedapen Iragankor Bakarra .Aurreko ziurtagiriak.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko unitateek foru dekretu honetan xedatutakoa aplikatzeko lehenbiziko deialdia ebatzi aurretik emandako euskara ziurtagiriek baliozkoak izaten jarraituko dute euskara maila hori egiaztatzearen ondorioetarako.

Xedapen Indargabetzaile Bakarra .Arauak indargabetzea.

Indarrik gabe gelditzen dira foru dekretu honetan xedatutakoari aurka egiten dioten maila bereko edo beheragoko xedapen guztiak.

Azken Xedapenetan Lehena .Foru dekretu hau garatu eta aplikatzea.

Hezkuntza Departamentuko kontseilari karguan izaten den pertsonari baimena ematen zaio foru dekretu honetan xedatutakoa garatu eta aplikatzeko.

Azken Xedapenetan Bigarrena .Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2015eko apirilaren 29an.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Yolanda Barcina Angulo.-Hezkuntzako kontseilaria, José Iribas Sánchez de Boado.

Iragarkiaren kodea: F1506694

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web