(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

9/2015 FORU LEGEA, martxoaren 18koa, Nafarroako Informatikako Ingeniaritza Teknikoaren Lanbide Elkargoa sortzekoa

BON N.º 60 - 27/03/2015



ZIOEN AZALPENA

Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 44.26 artikuluak ezartzen duenez, Foru Komunitateak eskumen osoa du lanbide elkargoen arloan eta tituludun lanbideetako jardunaren gaineko gaietan, legeria orokorrarekin bat.

Agindu horretan ezarritakoari jarraituz, eta Nafarroako Foru Komunitateak bereganatutako eskumenak ikusirik, Nafarroako Lanbide Elkargoei buruzko apirilaren 6ko 3/1998 Foru Legea eman zen, eta haren erregelamenduzko garapena abenduaren 18ko 375/2000 Foru Dekretuak ekarri zuen, zeinak Nafarroako Lanbide Elkargoei buruzko Foru Legea garatzeko erregelamendua onetsi baitzuen.

Araudi horren babesean, Nafarroako Informatikako Ingeniaritza Teknikoaren Lanbide Elkargoa sortzeko eskaera aurkeztu da, Foru Komunitatearen lurraldean helbidea duten profesional gehienek sinatua zeinen titulazio ofiziala halakoa baita non horretan jarduteko eskatzen baita elkargoa sortzea; eta eskaera horren tramitazioaren ondorioa da foru lege hau.

Informatikako ingeniari teknikoaren lanbidea diziplina akademikotzat hartu zen urriaren 26ko 1460/1990 eta 1461/1990 Errege Dekretuen bidez, zeinek informatikako ingeniari tekniko unibertsitate-titulu ofizialak eta ikasketa planen jarraibide orokorrak ezarri baitzituzten. Azaroaren 27ko 1497/1987 Errege Dekretuaren bidez, berriz, unibertsitate-titulu ofizialen jarraibide orokor amankomunak ezarri ziren. Bestalde, Arkitekto eta Ingeniari Teknikoen Eskudantzia Profesionalak arautzen dituen apirilaren 1eko 12/1986 Legean jasotzen dira ingeniari teknikoen eskudantzia profesionalak. Orobat, urriaren 29ko 1393/2007 Errege Dekretuak, unibertsitate-ikasketa ofizialen antolamendua ezartzen duenak, alderdi hori arautzen du, unibertsitate-sistemak poliki-poliki harmonizatu ondoren, 1999an Boloniako Adierazpenarekin hasi zen Goi mailako Hezkuntzako Europako Esparrua eraikitzeko prozesuak eskatu bezala.

Hori guztia kontuan harturik, komenigarritzat jotzen da Nafarroako Foru Komunitateko informatikako ingeniari teknikoak biltzen dituen lanbide elkargo bat sortzea, lanbidea eta elkargoko kideen lanbide-interesak defendatuko dituena, gizartearen interes orokorrekin bat, eta, legeen esparruaren mugapean, lanbide horren jarduna antolatuko duena.

Horrenbestez, eta kontuan harturik interes publikoko arrazoiak badirela Nafarroako Informatikako Ingeniaritza Teknikoaren Lanbide Elkargoa sortzea justifikatzeko, foru lege honen bidez elkargo hori sortzen da.

1. artikulua. Elkargoa sortzea eta haren izaera.

1. Nafarroako Informatikako Ingeniaritza Teknikoaren Lanbide Elkargoa sortzen da, zuzenbide publikoko korporazio gisa, bere nortasun juridikoaz hornitua, eta gaitasun osoa duela bere helburuak betetzeko eta bere eginkizunak baliatzeko.

2. Lanbide Elkargoak nortasun juridikoa izanen du foru lege honek indarra hartzen duenetik, eta jarduteko gaitasuna, gobernu organoak eratzen direnetik.

2. artikulua. Jardunaren lurralde esparrua.

Nafarroako Informatikako Ingeniaritza Teknikoaren Lanbide Elkargoaren jardunaren lurralde eremua Nafarroako Foru Komunitatearena da.

3. artikulua. Langile eremua.

Titulu hauetakoren bat daukatenak sar daitezke Nafarroako Informatikako Ingeniaritza Teknikoaren Lanbide Elkargoan:

1. Kudeaketa-informatikako Ingeniari Tekniko edo Sistemen Informatikako Ingeniari Tekniko unibertsitate-titulua, edo Informatikako Diplomadun titulua, urriaren 26ko 1460/1990 eta 1461/1990 Errege Dekretuetan ezarritakoarekin bat.

2. Informatikako Diplomadun titulua, irailaren 30eko 1954/1994 Errege Dekretuan ezarritakoarekin bat.

3. Agintaritza eskudunak behar bezala homologaturiko beste edozein titulu edo titulazio.

4. artikulua. Jardun profesionala eta elkargoan sartzea.

Nafarroako Informatikako Ingeniaritza Teknikoaren Lanbide Elkargoan sartzea borondatezkoa izanen da, non eta aplikatzekoa den estatu-legediak ez duen ezartzen hura nahitaezkoa izatea.

5. artikulua. Araudia.

Nafarroako Informatikako Ingeniaritzaren Lanbide Elkargoak lanbide elkargoei buruzko legedi indardunari, bere estatutuei eta, kasua bada, bere barne araubiderako erregelamenduari jarraituko die.

Xedapen iragankor bakarra.–Elkargoaren estatutuak.

1. Nafarroako Informatikako Ingeniaritza Teknikoaren Lanbide Elkargoa sortzeko prozedura administratiboa sustatzen duten profesionalek kudeaketa batzorde bat eratu behar dute, zeinak, foru lege honek indarra hartzen duenetik sei hilabeteko epean, Elkargoaren behin-behineko estatutuak onetsi beharko baititu, ondoko puntu hauek arautuko dituztenak:

a) Elkargokide izateko bete beharreko baldintzak; elkargokide izateak, hain zuzen, bide emanen du Elkargoaren eratze-batzarrean parte hartzeko.

b) Eratze-batzarrerako deialdia egiteko prozedura eta eratze-batzarraren funtzionamendua. Deialdi hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

2. Nafarroako Informatikako Ingeniaritza Teknikoaren Lanbide Elkargoaren eratze-batzarrak honako betebeharrak izanen ditu:

a) Elkargoaren behin betiko estatutuak onestea.

b) Elkargoaren gobernu-organoetako kideak hautatzea.

3. Elkargoaren behin betiko estatutuak, onetsiak izan ondoren, Elkargoaren eratze-batzarraren aktaren ziurtagiriarekin batera, igorri beharko zaizkio Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari, eta horrek, organo eskudunak legezkotasun-kalifikazioa eman eta gero, aginduko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezen.

Azken xedapen bakarra .–Indarra hartzea.

Foru lege honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman eta biharamunean hartuko du indarra.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako Aldizkari Ofizialean berehala argitara eta "Estatuko Aldizkari Ofizialera" igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezatela manatzen diet.

Iruñean, 2015eko martxoaren 18an.–Nafarroako Gobernuko Lehendakaria, Yolanda Barcina Angulo

Iragarkiaren kodea: F1504539

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web