459/2014 FORU AGINDUA, ABENDUAREN 29KOA, LANDA GARAPENEKO, INGURUMENEKO ETA TOKI ADMINISTRAZIOKO KONTSEILARIAK EMANA, “NAFARROA” JATORRIZKO DEITURAREN KONTSEILU ARAUEMAILEAREN ERREGELAMENDUA ONESTEN DUENA
BON N.º 23 - 04/02/2015
ERANSKINA. “NAFARROA” JATORRIZKO DEITURAREN ERREGELAMENDUA
1975eko ekainaren 26ko Ministro Aginduaren bidez (1975eko irailaren 5eko Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratua), “Nafarroa” Jatorrizko Deituraren eta haren Kontseilu Arauemailearen Erregelamendua onetsi zen.
Mahastiei eta Ardoari buruzko uztailaren 10eko 24/2003 Legeak, zein oinarrizko aplikaziokoa baita azken xedapenetan bigarrenaren 2. atalean adierazten diren puntuetarako, 25/1970 Legea indarrik gabe utzi zuen, ardoen jatorrizko deituren kontseilu arauemaileak arautzen zituena; orobat, agintzen zuen erregelamenduak xedapen berrira egokitzeko.
Estatuko oinarrizko araudiaren esparruan, Mahastizaintza eta Ardogintza arautzeari buruzko abenduaren 5eko 16/2005 Foru Legearen 20. artikuluak “Nafarroa” Jatorrizko Deitura duten ardoak arautzen zituen, eta, 2. atalean, honako hau zehazten du: kontseilu arauemaileak jatorrizko deitura kudeatzeko ardura izanen du. Halaber, ekoizleak eta merkaturatzaileak ordezkatuko ditu. Zuzenbide publikoko korporazio bat da, jatorrizko deitura kudeatzen duena eta berezko nortasun juridikoa duena. Gainera, autonomia ekonomikoa, gaitasun juridiko osoa eta bere eginkizunetan aritzeko gaitasun osoa du. Orobat, bere eraketari, antolakuntzari eta hauteskunde prozesuari dagokienez, zein eginkizun edo ahalmen publikoen erabilerarako, zuzenbide publikoaren menpe egonen da.
Azkenik, Mahastizaintza eta Ardogintza arautzeari buruzko abenduaren 5eko 16/2005 Foru Legea garatzen duen abuztuaren 16ko 156/2006 Foru Dekretuko V. tituluaren II. kapitulua Nafarroa Jatorrizko Deitura duten ardoei dagokie.
16/2005 Foru Legearen 20.3 artikuluaren arabera, Kontseilu Arauemailearen xedea da merkatuak, sailkatutako ardoak eta jatorrizko deitura ordezkatu, babestu, bermatu, ikertu eta garatzea. Hain zuzen, haren xede horien izaera dela eta, xede horiek betetzeko, bere ardura da, besteak beste, Jatorrizko Deituraren baldintza-agiria eta ondorengo aldaketak proposatzea, 56/2006 Foru Dekretuaren 23. artikuluko a) atalean jasotzen den bezala.
Orobat, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren uztailaren 15eko 376/2008 Foru Aginduaren bidez (“Nafarroa” Jatorrizko Deituraren eta haren Kontseilu Arauemailearen Erregelamendua onesten duena), erregelamendu hori egokitu zen 16/2005 Foru Legearen lehen xedapen iragankorreko aurreikuspenetara.
Bestalde, Batzordearen errekerimenduak direla-eta aldaketak egin ziren baldintza-agirian, kalitatearen figura horiei eskatzen zaizkien kontzeptuak eta betekizunak berriz zehazteko, baita horiei heltzen dien esparru berria ere, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1308/2013 (EB) Erregelamendua argitaratu ondoan (haren bidez, nekazaritzako produktuen merkatu antolakunde bateratua sortu zen, eta 922/72 (EEE) Erregelamendua, 234/79 (EEE) Erregelamendua, 1037/2001 (EE) Erregelamendua eta 234/2007 (EE) Erregelamendua indarrik gabe gelditu ziren). Aldaketa horiek ekarri dute Kontseilu Arauemailearen Erregelamendua egokitzea, sailkatutako ardogintzako produktuen berezko aipamenak kentzeko, bere baldintza-agirian agertutakoak izanen baitira soil-soilik.
2014ko urtarrilaren 15ean, “Nafarroa” Jatorrizko Deituraren Kontseilu Arauemaileak eskatu zion Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuari “Nafarroa” Jatorrizko Deituraren Kontseilu Arauemailearen Erregelamendua aldatzeko.
Nekazaritzako Ustiategien eta Elikagaien Sustapenerako Zerbitzuak “Nafarroa” Jatorrizko Deituraren Kontseilu Arauemailearen dokumentazioa aztertu du eta txostena egin dio Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumeneko Ministerioari. Horrek, bere aldetik, ekarpenak iradoki ditu, eta kontuan hartu dira.
Adierazitakoarekin bat, “Nafarroa” Jatorrizko Deituraren Kontseilu Arauemaileak proposatuta, eta Mahastizaintza eta Ardogintza arautzeari buruzko abenduaren 5eko 16/2005 Foru Legeak eman dizkidan eskumenak erabiliz eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1 artikuluak ematen dizkidan eskudantziak baliatuz,
AGINDU DUT:
Artikulu Bakarra. “Nafarroa” Jatorrizko Deituraren Kontseilu Arauemailearen Erregelamendua onestea.
“Nafarroa” Jatorrizko Deituraren Kontseilu Arauemailearen Erregelamendua onesten da, foru agindu honen eranskinean biltzen dena.
Xedapen Indargabetzaile Bakarra. Arauak indargabetzea.
Indarrik gabe gelditzen da Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren uztailaren 15eko 376/2008 Foru Agindua, “Nafarroa” Jatorrizko Deituraren eta haren Kontseilu Arauemailearen Erregelamendua onesten duena, baita foru agindu honetan ezarritakoaren aurka jotzen duten maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak ere.
Azken Xedapen Bakarra. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea eta indarra hartzea.
Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.
Iruñean, 2014ko abenduaren 29an.-Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilaria, José Javier Esparza Abaurrea.
ERANSKINA. “NAFARROA” JATORRIZKO DEITURAREN ERREGELAMENDUA
1. artikulua. Babesaren legeoinarria.
“Nafarroa” Jatorrizko Deituraren babespean gelditzen da baldintza-agirian zehaztutako ezaugarriak eta indarreko araudiak eskatutako baldintzak betetzen dituen ardoa.
2. artikulua. Kontseilu Arauemailea. Izaera, helburua eta araubide juridikoa.
1. Kontseilu Arauemailea irabazi asmorik gabeko organoa da, “Nafarroa” Jatorrizko Deituraren kudeaketaz arduratzen dena. Kontseilu arauemaile hau zuzenbide publikoko korporazio bat da. Berezko nortasun juridikoa, autonomia ekonomikoa eta bere helburuak betetzeko gaitasun osoa ditu.
2. Kontseilu Arauemailearen jardunbidea zuzenbide pribatuari lotuko zaio oro har, batik bat kontratazioaren, langilearen eta ondarearen gaineko araubidearen arloetan. Ahalmen publikoak erabiltzen dituztenean, jarduketa horietan Nafarroako Gobernuan arlo horretan eskumena duen departamentuaren babesaren eta zuzenbide administratiboko arauen menpean egonen da. Esparru horren barnean jarduketa hauek egonen dira:
a) Kontseilu Arauemailearen Erregelamendua onestea.
b) Kontseilu Arauemailearen organoetako hauteskunderako araubidea zehaztea.
c) Jatorrizko Deituraren erregistroak kudeatzea.
d) Jardunbidearen tasak kudeatzea, erregelamendu honen 13. artikuluan aurreikusten direnak.
e) Jatorriaren ziurtagiriak eta berme zigiluak ematea.
g) Informazioa ematea babestutako produktuetan erabiltzen diren merkataritzako etiketei buruz, Jatorrizko Deiturari eragiten dioten puntuei dagokienez.
h) Kanpaina bakoitzerako, baldintza-agiriak ezartzen dituen mugen barnean, produkzio eta/edo eraldatze prozesuetan urteko egoeraren barnean eragina izan dezaketen puntuak ezartzea.
i) Jatorrizko Deituraren aurrekontua prestatu eta igortzea, indarreko araudiarekin bat.
3. Kontseilu Arauemailearen eraketak, egiturak eta jardunbideak printzipio demokratikoak izanen dituzte, eta Jatorrizko Deituraren barnean sartutako interes ekonomikoek eta sektorialek ordezkaritza paritarioa izanen dute, gutxiengoak aintzat hartuta.
4. Kontseilu Arauemaileak badauka parte hartu, eratu eta harremanetan jartzea edozein elkarte, fundazio, sozietate zibil edo merkataritzako, zuzenbide publikoko korporazio, kontseilu arauemaile edo beste pertsona juridikorekin, eta, hala balitz, bidezko juzgatzen dituen lankidetza-hitzarmenak ezar litzake.
3. artikulua. Eskumen esparrua.
1. Kontseilu Arauemailearen eskumenen esparrua honela dago zehazturik:
a) Lurraldearen aldetik: Jatorrizko Deiturak kasuan-kasuan produzitzeko, ontzeko eta zahartzeko dituen eremuen arabera.
b) Produktuen arabera: Deiturak babesten dituenak, produkzio, prestatze, ontze, zirkulazio eta merkaturatze fasea edozein dela ere, eta, Jatorrizko Deiturak babesten ez dituenak, erregelamendu honetan zehaztutako erregistroetan inskribatutako mahastietan edo ardandegietan dauden bitartean.
c) Pertsonen arabera: erregistro desberdinetan inskribatutako pertsona fisikoak eta juridikoak.
4. artikulua. Kontseilu Arauemailearen helburuak eta eginkizunak.
1. Kontseilu Arauemaileari, besteak beste, helburu eta eginkizun hauek dagozkio:
a) Jatorrizko Deituraren izena eta sustapena begiratzea, eta edozein erabilera oker salatzea, beharrezkoa bada, eskumena duten organo administratibo eta jurisdikzionaletan.
b) Jatorrizko Deituraren operadoreen erregistroak kudeatzea.
c) Baldintza-agiria eta erregelamendu hau betetzen direla begiratzea.
d) Jatorrizko Deituraren berezko produkzio eta merkaturatze sistemen ezagutza eta aplikazioa ikertu eta zabaltzea, eta informazioa ematea gai horiei buruz hala eskatzen duten operadoreei eta Administrazioari.
e) Baldintza-agiria eta erregelamendua aldatzeko proposamenak egitea.
f) Txosten ez loteslea egitea, landaketa eta birlandaketa berriak eta mahastien ordezkapen normala baimentzeko, produkzio eremuan daudenean, Jatorrizko Deituraren mahastien erregistroan inskribatzeko.
g) Informazioa ematea kontsumitzaileei Jatorrizko Deituraren ardoen kalitatearen ezaugarriei buruz.
h) Sustapen jarduerak egitea, urtero onesten den plan zuzentzailearekin bat.
i) Estatistikak prestatzea babestutako produktuen produkzio, prestaketa eta merkaturatzeari buruz, barneko erabilerarako, errekerimendu ofizialetarako, eta hedapenerako eta orok jakiteko.
j) Partaidetzaren kuotak, zerbitzuak ematearen eskubideak eta nahitaezko tasak kudeatzea, abenduaren 5eko 15/2005 Foru Legearen 20. artikuluarekin bat.
k) Jatorriaren ziurtagiriak eta berme zigiluak ematea.
l) Informazioa ematea babestutako ardoen etiketa eta kontraetiketetan, Jatorrizko Deiturari eragiten dioten puntuei dagokienez.
m) Kalitatearen defentsa eta hobekuntza ardatz izanik eta araudi teknikoak ezarritako mugen artean, errendimenduak, produkzio eta eraldatze gehieneko mugak edo prozesu horien gainean eragina izan dezakeen beste edozein puntu ezartzea.
n) Elkarlanean aritzea agintaritza eskudunekin, batik bat erregistro publiko ofizialak mantentzeko lanetan, baita kontrolaz arduratzen diren organoekin ere.
ñ) Eskualde geografikoaren garapen jasangarria begiratzea.
o) Aurrekontuak prestatu, departamentu eskudunari onesteko proposatu eta kudeatzea.
p) Urte edo uzta bakoitza kalifikatzea.
q) Erregelamendu honen aplikazioaren ondoriozko beste eginkizun batzuk.
5. artikulua. Gobernu organoak.
Honako hauek dira Kontseilu Arauemailearen gobernu organoak: Osoko Bilkura, burua, buruordea eta Batzorde Iraunkorra.
6. artikulua. Osoko Bilkura.
1. Osoko Bilkura Kontseilu Arauemailearen gobernu organo kolegiatua da. Jatorrizko Deituraren erregistroetan inskribatutako mahastien eta ardandegien titularren ordezkaritza da.
2. Honako hauek osatzen dute Osoko Bilkura: Kontseilu Arauemaileko burua, Osoko Bilkurako kide hautetsien bi herenen gehiengo kualifikatuarekin hautatua; eta gainerako kideak; Nafarroako Gobernuan nekazaritzaren eta kontsumoaren arloetan eskumenak dituzten departamentuetako bi ordezkari, departamentu horiek hautatuak, hitza dutenak baina botorik ez; eta Kontseilu Arauemaileko idazkaria, hitza duena baina botorik ez. Hauteskundeen deialdian zehazten den epean eratuko da Osoko Bilkura.
3. Kideak, erregelamenduz zehazten den moduan hautatuak, ordezten duten sektoreei lotuak egonen dira, dela zuzenean, dela kideak izateagatik ordezten duten jardueretan lan egiten duten sozietateetako zuzendaritzetan. Ondorio horietarako:
a) Zenbait erregistrotan inskribatutako lurzatien edo ardandegien titularrek ezin izanen dute ordezkaritza bikoitza izan Kontseiluan, bata ekoizleen sektorean eta bestea merkaturatzaileen sektorean, ez zuzenean ez firma filialen edo bazkideen bidez. Hori gertatuz gero, ukitutako operadoreek erregistro bakar batean edukiko dute ordezkaritza.
b) Kontseilu Arauemaileko kide bakoitzeko, ordezko bat izendatuko da, titularra hautatzen den moduan hautatua.
c) Hautagaitzetan, hautagai titularrak ordezkatzen badu pertsona juridikoa den ekoizlea edo ardogilea, ordezkoak ezin izanen du pertsona juridiko bera ordezkatu.
d) Kideen karguak lau urtean behin berrituko dira, eta kideak berriz hauta daitezke.
e) Kideak karguaz jabetuko dira Kontseilu Arauemaileak hauteskundeen ondoren egiten duen lehenbiziko bilkuran.
f) Kide batek kargua uzten badu, arrazoia edozein dela ere, ordezkoa hautatuko da, non ez duen kidetza eskuratu pertsona juridiko batek izendaturik. Izan ere, kasu horretan:
i. Inskribatutako enpresa bat ordezteko hautatutako kideek kargua utziko dute enpresa hori utzitakoan, sektoreari lotuta segitzen badute ere. Kasu horretan, inskribatutako enpresak ordezkoa izendatuko du. Aurreko titularra ezin izanen da kide izan legegintzaldi horretan. Enpresa desagertzen bada edo uko egiten badio hori izendatzeari, edo ez badu jakinarazten, arrazoia edozein dela ere, zein izanen den titularraren ordezkoa, ordezko kideari deituko zaio.
ii. Aurkeztutako hautagaitza batean kidetza bat hutsik dagoela egiaztaturik eta, halaber, dagokion zerrendan hautagairik ez dagoela edo uko egin dutela egiaztaturik, toki huts hori beteko da hautagaitzak izendatzen duen edozein pertsonarekin, adinez nagusia bada eta hautatua ez izateko kausaren batean ez badago.
iii. Kide berriaren agintaldiak iraunen du Kontseilu Arauemailearen agintaldia bukatu arte.
g) Arrazoi hauengatik galduko dute kidetza kide hautatuek:
i. Kideek edo haiek ordezkatzen duten enpresak zehapen bat jasotzen dutenean hutsegite oso larri batengatik erregelamendu honek arautzen dituen gaietan.
ii. Arrazoirik gabe jarraian hiru saiotara ez joatea, edo hamarretara, aldizka.
4. Osoko Bilkuraren eginkizunak honako hauek dira:
a) Erregelamendu hau eta baldintza-agiria betetzea eta betearaztea, horretarako beharrezko xedapenak proposatuz eta erabakiz.
b) Hartzen dituen erabakiak betearaztea.
c) Jatorrizko Deituraren izena eta sustapena begiratzea, eta edozein erabilera oker salatzea, beharrezkoa bada, eskumena duten organo administratibo eta jurisdikzionaletan.
d) Baldintza-agiriaren onespena eta aldaketa proposatzea.
e) Jatorrizko Deituraren erregistroen kudeaketa gainbegiratzea.
f) Jardunbidearen tasak, partaidetzaren tasak eta zerbitzuak ematearen tarifak proposatzea, erregelamendu honen 4. eta 13. artikuluetan aurreikusten den bezala.
g) Informazioa ematea babestutako produktuen merkataritzako etiketetan eta kontraetiketetan, Jatorrizko Deiturari eragiten dioten puntuei dagokienez, eta haien erabilera kontrolatzea.
h) Kalitatearen defentsa eta hobekuntza ardatz izanik eta baldintza-agiriak ezarritakoaren barnean, errendimenduak, produkzio eta eraldatze gehieneko mugak edo prozesu horien gainean eragina izan dezakeen beste edozein puntu ezartzea kanpaina bakoitzerako.
7. artikulua. Kontseiluaren jardunbidea.
1. Kontseilua bilduko da buruak deitzen duenean, dela bere ekimenez, dela kideen erdiek eskaturik. Nahitaezkoa izanen da bilkura bat hiru hilean behin egitea gutxienez.
2. Osoko Bilkuraren eraketa baliozkoa izateko, beharrezkoa izanen da elkartzea burua eta idazkaria, edo haien ordezkoak, eta gutxienez botoen erdiak ordezten dituzten kideak.
3. Kontseilu Arauemailearen bilkuren deialdiak, gutxienez, lau egun lehenago eginen dira. Deiarekin batera bilkuraren gai-zerrenda joanen da. Deialdia egiteko, deituek hura jaso izanaren adierazpena duen edozein moduz baliatuko da. Bertan agertuko da zein den bilkuraren gai-zerrenda, eta zer tokitan, zer egunetan eta zer ordutan izanen den. Bilkuran ezin da jorratu gai-zerrendan aldez aurretik jasotakoa baino, salbu eta kideen bi herenak bertan badaude eta gai hori presazkotzat hartzen bada aho batez.
4. Behar izanez gero, buruaren iritziz gaia presazkoa denean, 24 ordu lehenago egin dakieke deialdia kideei. Edonola ere, Kontseilua baliozkotasunez eratuko da kide guztiak bildurik daudenean eta hala erabakitzen denean aho batez.
5. Osoko Bilkuraren deialdia kideek eskatuta egiten denean, eskaerako gaiak sartuko dira gai-zerrendan, eta bilkuraren deialdia eginen da buruak eskaera jaso eta ondoko hiru egun naturaleko epean. Bilkura, gehienez, 15 egun balioduneko epean eginen da.
6. Osoko Bilkurara joanen ez diren kideek bertaratzen den kideren baten esku utz dezakete beren botoa, baldin eta modu frogagarriaren bidez jakinarazten badiote idazkariari bilkura egin baino lehenago.
7. Kontseilu Arauemailearen Osoko Bilkuran gehiengo soilez hartuko dira erabakiak. Hala ere, erregelamendu hau aldatzea ekartzen duten erabakien kasuan, Kontseilu Arauemaileko burua hautatzeari buruzkoak direnen kasuan edo aurrekontu bereziak onesten dituztenen kasuan, Kontseilu Arauemailearen Osoko Bilkuraren kideen bi herenen gehiengo kualifikatua beharko da.
8. Osoko Bilkuraren erabakiak argitaratu beharrekoak dira, Kontseilu Arauemailearen iragarki oholean ez bada ere.
9. Tramite kontuak ebazteko, edo, beharrezkotzat jotzen denetan, batzorde iraunkor bat era daiteke, buruak, idazkariak eta lau kide titularrek osatua (bi ekoizleen sektoretik eta bi merkaturatzaileen sektoretik, Kontseiluko Osoko Bilkurak izendatuak). Halaber, lan batzordeak era daitezke kudeaketa arlo bakoitzean, gaiak lehenago ebazteko asmoz.
1. Honako hau dagokio buruari:
a) Kontseilu Arauemailea ordezkatzea. Ordezkatze hori beste norbaiten esku utz dezake, hala behar denetan.
b) Jatorrizko Deituran aplikagarriak diren legezko eta erregelamenduzko xedapenak bete eta betearaztea.
c) Kontseilu Arauemailearen diru-sarrerak eta funtsak administratzea eta ordainketak agintzea.
d) Kontseiluaren bilkuren deialdia egitea eta haietan buru izatea, gai-zerrenda zehaztea, Kontseiluaren mende uztea bere eskumeneko gaiak eta hartutako erabakiak betearaztea.
e) Kontseilu Arauemailearen barneko araubidea antolatzea.
f) Kontseilu Arauemaileko langileak kontratatzea, kargutik kentzea edo berritzea.
g) Zerbitzuak antolatu eta zuzentzea.
h) Informazioa ematea agintaritza eskudunari produkzioan eta merkatuan sortzen diren gorabeherei buruz, zehapena jasotzeko modukoak direnean.
i) Nafarroako Gobernuan arlo horretan eskumenak dituen departamentuari igortzea Kontseiluak orok betetzeko erabakitzen duena, erregelamendu honek ematen dizkion eskudantzien indarrez, baita departamentu horrek ezagutu beharrekoak ere, haien garrantzia dela-eta hala irizten denean.
j) Kontseilu Arauemaileak erabakitzen duen gainerakoa, edo arlo horretan eskumenak dituen departamentuak esleitzen dizkionak.
2. Buruaren agintaldia lau urtekoa izanen da, eta berriz hautatzen ahalko da.
3. Buruak kargua utziko du agintaldia bukatutakoan, berak eskatuta dimisioa onetsitakoan, edo Osoko Bilkurak erabakita, hura izendatzeko behar den modu eta gehiengo berarekin. Osoko Bilkurak kargugabetzen badu, erabaki hori jakinarazi behar zaio Nafarroako Gobernuan arlo horretan eskumena duen departamentuari, beste buru bat izendatzeko proposamenarekin batera.
4. Buruaren kargu-uztearen edo heriotzaren kasuan, Kontseilu Arauemailearen Osoko Bilkurak, ahal den lasterren, beste buru bat izendatuko du.
1. Burua izendatzen den Osoko Bilkura berean izendatuko da buruordea, hautatutako kideen artetik, bururako behar diren baldintza berekin eta denbora bererako.
2. Epe hori iragateagatik eta, halaber, bere agintaldia honako arrazoi hauengatik ere bukatuko da: dimisioa, ezintasuna, heriotza eta Osoko Bilkurako kideen gehiengo absolutuaren erabakia. Halakoetan, Osoko Bilkurak beste buruorde bat izendatuko du. Haren agintaldia izanen da aurreko buruordeari betetzeko falta zitzaiona.
3. Buruordeak burua ordeztuko du, hura ez dagoenean eta kargua uzten duenean.
Kontseilu Arauemaileak idazkari bat izendatuko du, buruak proposatua. Buruaren menpe egonen da, eta berariazko eginkizun hauek izanen ditu.
a) Kontseilu Arauemailearen lanak prestatzea eta erabakien betearazpena tramitatzea.
b) Bilkuretara joatea, hitza duela baina botorik ez, deialdiak igortzea, aktak egitea eta Kontseilu Arauemailearen liburuak eta agiriak zaintzea.
c) Kontseilu Arauemailearen barneko gaiak prestatzea, izan langileari buruzkoak izan administratiboak.
d) Buruak esleitzen dizkion eginkizunak, Kontseilu Arauemailearen eskumeneko gaiak prestatzeari eta instrumentatzeari buruz.
11. artikulua. Kontrol eta ziurtapen sistema.
1. “Nafarroa” Jatorrizko Deituraren babeseko ardoak prestatu eta merkaturatu nahi dituzten ardandegiek dagokien adostasun-agiria eskuratu behar dute produzitzen edo merkaturatzen dituzten ardoetarako.
2. “Nafarroa” Jatorrizko Deituraren ardoen irismena edukita, indarreko araudiak zehazten duen eta UNE 17.065ean egiaztatutako ziurtagiria duen entitateak eginen ditu “Nafarroa” Jatorrizko Deituraren ardoen kontrola eta egiaztapena.
3. Kontseilu Arauemaileak zentralizatuko du “Nafarroa” Jatorrizko Deituraren adostasun-agiria lortu eta indarrean mantentzen duten inskribatutako operadoreen ziurtagiriaren kostuen kudeaketa.
1. Bere helburuak betetzeko, Kontseilu Arauemaileak beharrezko langileak izanen ditu, eta horretarako Kontseiluaren aurrekontuan behar adina diru izanen da.
2. Kontseilu Arauemaileak esleiturik dituen eginkizun teknikoetarako, beharrezko zerbitzu teknikoak izanen ditu.
13. artikulua. Finantziazioa.
1. Kontseilu Arauemaileak baliabide hauek izanen ditu:
a) Jatorrizko deituren kontseilu arauemaileen zerbitzuen tasak, Nafarroako Foru Komunitateko administrazioaren eta haren erakunde autonomoen tasa eta prezio publikoei buruzko 7/2001 Foru Legearen XI. tituluko VII. kapituluan jasotzen direnak:
1) Inskribatutako mahastien gainekoak. Haien subjektu pasiboak inskribatutako mahastien titularrak dira.
2) Babestutako produktuen gainekoak. Haien subjektu pasiboak dira ardoa merkaturatzen duten inskribatutako ardandegien titularrak.
3) Ziurtagiriak, zirkulazio esku-orriak eta beste agiri batzuk egiteagatik. Haien subjektu pasiboak dira ziurtagiriak edo fakturen ikus-onespenak eskatu edo prezintak eskuratzen dituzten inskribatutako ardandegien titularrak.
4) Kontraetiketak edo prezintak saldu eta egiteagatik, edo zigilatzeko eta markatzeko beste operazio batzuengatik. Haien subjektu pasiboak dira, halaber, ziurtagiriak edo fakturen ikus-onespenak eskatu edo prezintak eskuratzen dituzten inskribatutako ardandegien titularrak.
5) Inskribatutako ardandegiek egiten duten ardoaren gainekoak. Haien subjektu pasiboak dira ardoa egiten dituzten inskribatutako ardandegien titularrak.
6) Erregistroetan inskribatzeko kuota. Haien subjektu pasiboak dira erregistroetan inskribatuta dauden ardandegien titularrak.
7) Erregistroetan mantentzeko kuota. Haien subjektu pasiboak dira erregistroetan inskribatuta dauden ardandegien titularrak.
b) Administrazio publikoek ezar ditzakete diru-laguntzak.
c) Errentak eta bere ondareko produktuak.
d) Donazioak, legatuak eta jaso ditzakeen gainerako laguntzak.
e) Izan ditzakeen beste edozein baliabide, besteak beste:
- Prestakuntza zerbitzuak ematea (ikastaroak, mintegiak edo jardunaldi teknikoak antolatzea).
- Sustapen zerbitzuak ematea (nazio edo nazioarte mailako sustapen jardueretan parte-hartzea: feriak, komunikazio jarduerak, misioak).
2. Kontseilu Arauemaileari dagokio aurrekontuetan jasotzen diren diru-sarreren eta gastuen kudeaketa.
3. Tasak kalkulatzeko zerga-oinarriak urtero proposatuko dira aurrekontuak onesteko. Balio berririk finkatzen ez denean, ulertuko da indarrean jarraitzen dutela aurreko urtekoek. Tasak kalkulatuko dira izan den kostuaren arabera, kasuan kasuko foru araudian jaso daitezen, ondoko irizpide hauei jarraituz:
a) Inskribatutako mahastien titularrentzat: hektarea bakoitzeko baimendutako mahats kilogramoen kopurua.
b) Inskribatutako ardandegien titularrentzat: Jatorrizko Deiturarekin egindako litroen kopurua eta merkaturatutako litroen kopurua.
c) Operadore bakoitzari emandako berme zigiluen edo pareko baliabidearen balio dokumentala.
d) Jatorrizko ziurtapenak eta bestelako dokumentuak egitearen kostua, operadoreak eskatuta.
4. Kontseiluaren Osoko Bilkurak adieraziko du tasa bakoitza kobratzeko epea. Ordainketa ez bada borondatezko epea egiten, premiamendu bidetik eska daiteke. Ordainketa egin ez bada, inskribatutakoari bere eskubideak ukatu ahalko zaizkio Kontseilu Arauemailean. Urtebeteko epean inskribatutakoak ez badu zorra kitatu, administrazio eskudunari jakinaraziko zaio, kasuan kasuko zehapen prozedura instruitu dezan.
14. artikulua. Inskribatutakoen inskripzioa eta betebehar orokorrak.
1. Jatorrizko Deituran inskribatzeko eskaerak Kontseilu Arauemaileari zuzenduko zaizkio, Kontseilu Arauemaileak berak eskura jartzen dituen inprimakietan, indarra duten xedapen eta arauetan kasuan-kasuan eskatzen diren datuekin, agiriekin eta egiaztagiriekin batera.
2. Kontseilu Arauemaileak ukatuko ditu “Nafarroa” Jatorrizko Deituraren baldintza-agirian aurreikusitakoarekin bat egiten ez dituzten inskripzioak.
3. Kasuan kasuko erregistroetan inskribatuta, inskribatutako pertsona fisikoak eta juridikoak beharturik daude erregelamendu honetako xedapenak eta baldintza-agirikoak betetzera, baita bere eskumenen barnean Kontseilu Arauemaileak hartzen dituen erabakiak ere, eta haiei dagozkien kuotak eta tarifak ordaindu beharko dituzte.
4. Hain zuzen, Jatorrizko Deituraren erregistroetan inskribatutako operadoreek ondoko betebehar hauek dituzte:
a) Deituraren berariazko araudia eta aplikagarriak diren gainerako arauak betetzea, baita kalitate kontrolerako mahastiek eta ardoek bete beharreko baldintza osagarri teknikoei buruz Kontseilu Arauemaileak hartzen dituen erabakiak ere. Ondorio horietarako:
i. Frogatu beharko dute, besteak beste, mahastiek betetzen dituztela hazteko jardunbideari, osasun egoerari, errendimenduari eta mahatsa biltzeari buruz Kontseiluak hartzen dituen arauak.
ii. Justifikatu beharko da ardandegiek bat egiten dutela kalitate kontrolari eta ziurtapenari buruzko arauarekin, eta betetzen direla ardandegiaren edukieraren adierazpena, ezaugarrien izakinen beharrezko kontaketa, Kontseiluaren logotipoa erabiltzeko aginduak eta ontziratzeko arauak.
b) Ikuskapen eta ziurtapen zerbitzuek segimendurako eta kontrolerako egiten dituzten bisitetan laguntzea, eta ikuskapen lana erraztea, eskatzen den informazioa emanez. Zehazki, ustiategiko edo enpresako lurzati, gela eta eraikuntza guztietara libre sartzen utziko da, baita kontrolaren eta ziurtapenaren esparruarekin ikustekoa duen dokumentazio teknikoa, industriala, merkataritzakoa eta kontularitzakoa eskuratzen ere.
c) Salgaien mugimendua justifikatzeko balio duen dokumentazioa eta egindako salerosketena erakustea, eta kopia edo erreprodukzio bat ematea ikuskapenari, hala eskatzen denean.
d) Ikuskapen eta ziurtapen zerbitzuei laginak hartzen uztea egiten, prestatzen, zahartzen edo ontziratzen diren produktu edo salgaietatik.
e) Kontseilu Arauemaileak eta ziurtapen entitateak galdatzen dituzten adierazpenak behar den denboran eta moduan igortzea.
f) Inskripzioak eguneraturik mantentzea Jatorrizko Deituraren erregistroetan.
g) Idatziz Kontseilu Arauemaileari jakinaraztea, aldez aurretik, inskripzioan emandako datuetan izandako edozein aldaketa. Behar bezain goiz egin behar da jakinarazpena aldaketak Kontseilu Arauemailearen baimena behar duen guztietan.
h) Deituraren babespeko ardoak merkaturatzea, behar bezala etiketaturik, erregelamendu honetan ezartzen denarekin bat.
i) Kontseilu arauemaile horrekiko betebeharrak ordainduta izatea.
5. Artikulu honetako betebeharren bat edo indarreko araudian ezarritako beste edozein betetzen ez duten inskribatutako operadoreei, zehapen osagarri gisa, administrazio eskudunak aldi baterako kentzen ahal die deitura erabiltzeko ahalmena, ezertan galarazi gabe indarreko arauak hausteagatik sor daitezkeen prozedura administratiboak. Entzutea emanen zaio ukitutako operadoreari, bidezkotzat jotzen dituen alegazioak egin ditzan.
6. 16/2005 Foru Legearen 20.3 artikuluan, 56/2006 Foru Dekretuaren 23.b) artikuluan eta erregelamendu honen 15. eta 16. artikuluetan emandako eskudantziak erabiliz, Kontseilu Arauemaileak agintaritza eskudunari eskatu diezaioke “Nafarroa” Jatorrizko Deituraren identifikazioa duen produktu bat kentzeko, artikulu honetan eta indarreko araudian ezarritakoa betetzen ez duen operadore batek merkaturatu duenean, baita ukitutako operadore inskribatuaren instalazioetan dauden berme eta kontrol ezaugarriak ere.
7. Operadore inskribatuei baja emanen zaie dagokien erregistroan arrazoi hauetako batengatik:
a) Deitura erabiltzeko eskubidea behin betiko galtzea, aplikagarria den araudian aurreikusten denarekin bat.
b) Produkzio eta/edo merkaturatze jarduera etenda izatea 3 urtetik gora.
c) Zehapen administratiboa, aplikagarria den araudian aurreikusten denarekin bat.
d) “Nafarroa” Jatorrizko Deituraren adostasun-agiria kentzea kasuan kasuko ziurtapen entitateak.
8. Erregistro batean baja izan duen operadoreak Kontseiluarekin betetzeko dituen betebeharrak konplitu beharko ditu, eta erabili ez dituen Deituraren etiketa nahiz agiri guztiak itzuli. Berriz alta ez zaio emanen harik eta zehapen espedientearen ebazpenean zehazten den etenaldiaren epea iragaten den arte.
9. Jatorrizko Deituraren erregistroetan inskribatutako pertsona fisikoek eta pertsona juridikoak ordezkatzen dutenek lagunduko dute gobernu organoak berritzeko hauteskunde prozesuetan, eta parte hartuko dute mahaikide gisa edo bestelako hauteskunde organoetan, horretarako izendatzen dituztenean.
10. Kontseilu Arauemailearen erregistroetako datuak Datuen Babesari buruzko Lege Organikoan edo hura ordezten duenean xedatutakoaren menpe egonen dira.
Mahastizaintza eta Ardogintza arautzeari buruzko abenduaren 5eko 16/2005 Foru Legeak eta hura garatu eta osatzen duten arauek ezarritakoa da espedienteak hasteko, instruitzeko eta zehapenak egiteko eskumena. Erregelamendu honetan ezarritakoa hautsi dela hautematen denean erregelamendu honetan Jatorrizko Deiturarako aitortutako eremutik kanpo, hutsegitea non egin den, hango araudian ezarritakoarekin bat tramitatuko dira zehapen espedienteak.
16. artikulua. Arau osagarriak eta “Nafarroa” Jatorrizko Deituraren kodea.
1. Erregelamendu honetan eta baldintza-agirian zehaztutako arauak osatuko dira Kontseilu Arauemaileak bere eskumenak erabiliz hartzen dituen erabakiekin eta ematen dituen ebazpenekin.
2. Kontseilu Arauemaileak “Nafarroa” Jatorrizko Deituaren barneko kodea osatzen duten arauak, erabakiak, plantillak eta ereduak hartuko ditu.
Iragarkiaren kodea: F1500321