(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

24/2014 FORU LEGEA, abenduaren 2koa, Nafarroan kanabis-erabiltzaileen kolektiboak arautzekoa.

BON N.º 243 - 15/12/2014



  I. KAPITULUA. Xedapen orokorrak


  II. KAPITULUA. Kanabiskontsumitzaileen kluben eraketa


  III. KAPITULUA. Antolaketa eta funtzionamendua


ZIOEN AZALPENA

Foru lege honen xedea da Nafarroako kanabis-erabiltzaileen kolektiboak edo kanabis-kontsumitzaileen klubak egungo legedian txertatzea eta, hartara, segurtasun juridikoa ematea kolektibo horiek osatzen dituzten pertsonei eta gizarteari oro har, modu horretan osasun publikoaren babesa hobetuko baita.

Nafarroan cannabis sativa da gaur egun gehien kontsumitutako substantzietako bat, bai bere izaera ludikoan, bai gaitz jakin batzuetarako dauzkan eragin aringarriengatik.

Cannabis sativa Nazio Batuen Estupefazienteei buruzko Konbentzio Bakarraren I. zerrendan sartuta dago, nazioarteko fiskalizazioaren menpe, eta osasunari kalte larririk egiten ez dion substantziatzat hartuta dago.

Substantzia hori edukitzeak zigor- eta administrazio-ondorioak ditu gaur egungo legedian, eta osasun kolektiboa da babestutako ondasun juridikoa.

Halatan, Zigor Kodearen 368. artikuluaren arabera, droga toxikoak, estupefazienteak edo gai psikotropikoak landatu, prestatu edo trafikagai hartzen dituztenek, edo beste modu batera horien kontsumo ilegala sustatu, faboratu edo errazten dutenek, edo aurreko helburuak lortzeko eurok edukitzen dituztenek droga-trafikoko delitua egiten dute, arrisku abstraktuko delitu moduan.

Herritarren Segurtasunaren Babesari buruzko otsailaren 21eko 1/1992 Lege Organikoaren 25. artikuluak xedatzen duenez, administrazio-zuzenbidearen arloan arau-hauste larria da, non eta ez dagoen arau-hauste penalik, droga toxikoak, estupefazienteak nahiz substantzia psikotropikoak leku, bide, establezimendu edo garraio publikoetan kontsumitzea edo modu ez-zilegian edukitzea –nahiz eta trafikatzeko asmorik izan ez–, bai eta aipatutako lekuetan horiek kontsumitzeko erabilitako gailuak edo tresnak abandonatzea ere.

Jurisprudentziaren arabera –aipatutako arauak nahiz errealitate soziala aintzat hartuta–, substantzia horien kontsumoa ez da sartzen 368. artikuluan jasotako tipo penalean, baldin eta modu pertsonalean eta osasun kolektiborako arriskurik gabe egiten bada. Halaber, ez da administrazio arau-haustea izanen baldin eta kontsumo edo edukitze hori ez bada leku publikoetan egiten.

Hortaz, kanabisaren kontsumoa ez da arau-hauste penal edo administratiboa izanen, baldin eta arauak ezarritako eta jurisprudentziak interpretatutako mugak betetzen baditu. Muga horien artean onartzen dira bai kontsumo konpartitua, bai norberaren kontsumorako hornikuntza.

Lege-araubide horretan, kanabis-kontsumitzaileek segurtasun juridikoa emanen dien esparru bat bilatu ohi dute; bai kontsumoari dagokionez, bai beren autohornikuntzari dagokionez. Arlo horretako elkarteen hausnarketaren ondorioz eta landare horren laborantza eta kontsumoa arautzeari dagokionez nazioartean ireki den aukeraren ondorioz, kanabis-kontsumitzaileen klubak deiturikoak sortu dira.

Klub horiek, zeinak irabazi asmorik gabeko elkarte gisa eta, hortaz, elkartzeko eskubidearen babesean eratu baitira, gure erkidegoan ere ugaltzen ari dira, eta araudi bat behar dute, elkarte diren aldetik segurtasun juridikoa emanen diena eta, aldi berean, beren kideentzako nahiz oro har gizartearentzako segurtasun osoz jardutea ahalbidetuko diena.

Hortaz, foru lege honek klub horien eraketa arautuko du, cannabis sativaren erabiltzaileen kolektibo pribatu gisa eta legeak eta jurisprudentziak ezarritako mugak errespetatuz betiere.

Irabazi asmorik gabeko elkarte diren aldetik, Elkartzeko Eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoan ezarritakoa aplikatuko zaie, bai eta horri buruzko foru araudia ere.

Kluben asmoek eta helburuek nahiz barne-antolaketak errespetatu egin beharko dituzte beti jurisprudentziak ezarritako mugak, eta bermatu egin beharko dute klubeko kideak benetakoak eta zehatzak direla, horiek guztiak jada kontsumitzaileak zirela klubean sartu aurretik, substantziaren kontsumoa toki itxi batean eta taldean egiten dela, substantzia-kantitatea txikia dela eta ez duela gainditzen kontsumo pertsonala, eta nolanahi ere ekidinen da substantziak klubekoak ez diren hirugarrenengana ailegatu ahal izatea.

Kluben jarduera garatzeko egoitzek udal ordenantzak errespetatu beharko dituzte, eta jarduera-lizentzia lortu beharko dute, indarrean den araudiaren arabera eta, kasua bada, Tabakismoaren kontrako osasun-neurriak eta tabako produktuen salmenta, hornidura, kontsumoa eta publizitatea arautzeko abenduaren 26ko 28/2005 Legean xedatutakoari jarraikiz –zeina abenduaren 30eko 42/2010 Legearen bidez aldatu baitzen–, bereziki erretzaileen klub pribatuei dagokienez.

Azkenik, interes orokorrekoa da administrazio publikoek –autonomia erkidegoetakoek nahiz tokikoek– informazioa trukatzeko eta koordinatzeko guneak sustatzea klubekin edo horiek ordezkatzen dituzten elkarteekin, kontrol eraginkor bat mantentze aldera kontsumitzen diren substantzien gainean, kluben jardueraren gainean eta, oro har, osasun publikoaren onerako diren gai guztien eta kanabis-kontsumitzaileek legez kanpoko merkatuetara jotzea murriztea dakarten gai guztien gainean.

I. KAPITULUA. Xedapen orokorrak

1. artikulua. Foru lege honen xedea da kanabiskontsumitzaileen kluben eraketari, antolakuntzari eta funtzionamenduari buruzko arau orokorrak ezartzea.

2. artikulua. Foru lege honen aplikazioeremua Foru Komunitatea izanen da, eta toki entitateen eskumenak errespetatuko ditu, kanabiskontsumitzaileen kluben ezarpenari eta jarduerari aplikatzekoa den orotan.

3. artikulua. Foru lege honek Elkartzeko Eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoan xedatutakoan du babesa, kanabiskontsumitzaileen klubak irabazi asmorik gabeko elkarte gisa hartzeari dagokionez.

4. artikulua. Kanabiskontsumitzaileen klubek Elkartzeko Eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoan xedatutakoari jarraikiz jardunen dute.

5. artikulua. Administrazioarekiko harremana.

Kanabis-kontsumitzaileen klubek administrazio publikoekiko harreman arina izanen dute, osasun-kontroleko neurriak ezartzen lagunduko dute eta kontsumo arduratsua bultzatuko dute beren kideen artean. Horretarako, beharrezkoak diren organo edo entitateak sortuko dira, teknikariek, administrazioen ordezkariek eta klubetako kideek edo haien ordezkariek parte hartuta.

II. KAPITULUA. Kanabis-kontsumitzaileen kluben eraketa

6. artikulua. Kanabiskontsumitzaileen klubek irabazi asmorik gabeko elkarteen forma juridikoa izanen dute, eta Elkartzeko Eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoan xedatuaren arabera eratuko dira. Nafarroako Gobernuaren Elkarteen Erregistroan eman beharko dute izena, eta behar den dokumentazioa aurkeztu.

7. artikulua. Bazkide fundatzaileek ohiko kanabiskontsumitzaile izan beharko dute klubak jarduten hasi aurretik.

8. artikulua. Kanabiskontsumitzaileen kluben helburuen artean honako hauek egon beharko dute, gutxienez ere:

–Beren kideei kanabisaren kontsumoaren arriskuen prebentziorako prestakuntza ematea, bai eta bere kontsumoaren kalteak gutxitzearen arlokoa ere.

–Beren kideek eginiko kontsumoaren nahiz substantziaren kontrola.

–Erabiltzaileei norberaren kontsumoari buruz informatzea eta hori erraztea.

–Kanabis-salmentaren legez kanpoko merkatua urritzeko lan egitea.

9. artikulua. Kanabiskontsumitzaileen kluben egoitzarako lokalek kokalekuari, egiturari eta osasungarritasun nahiz higienearauei dagokienez udal ordenantzetan xedatutakoa bete beharko dute, bai eta Tabakismoaren kontrako osasunneurriak ezartzeko eta tabako produktuen salmenta, hornidura eta publizitatea arautzeko 28/2005 Legean xedatutakoa ere, kasua bada.

Fisikoki zeharo bereizita egonen dira jendeari arreta emateko edo bazkide ez diren pertsonak sar daitezkeen guneak eta kontsumorako guneak.

Toki entitateek, beren eskumenak baliatuta, egoki jotzen dituzten baldintzak ezarri ahalko dituzte, kanabis-kontsumitzaileen kluben jardunera bideratutako lokalak irekitzeari buruzkoak.

III. KAPITULUA. Antolaketa eta funtzionamendua

10. artikulua. Kanabiskontsumitzaileen klubek 1/2002 Lege Organikoan xedatutakoaren, beren estatutuen eta beren barne araudiaren araberako barneantolaketa izanen dute.

11. artikulua. Beren jardunean, kanabiskontsumitzaileen klubek bete egin beharko dituzte beren kideek kanabisa kontsumitu ahal izateko ezarritako osasun nahiz segurtasunbaldintzak.

12. artikulua. Kanabiskontsumitzaileen klubek beren kideei zuzendutako jarduerak egin beharko dituzte, abusuzko kontsumoa ekidite aldera eta kanabisaren kontsumo arduratsua errazte aldera.

13. artikulua. Kanabiskontsumitzaileen klubek beren kideei soilik utziko diete sartzen edozein kontsumojarduera egiten den lokaletan.

14. artikulua. Klubak bere kideen erregistro bat egin beharko du, kasuko datu pertsonalak jasota, halako moduan non edozein unetan zehazten ahalko baita nork osatzen duen elkartea, datuen babesari buruzko araudia uneoro errespetatuta.

15. artikulua. Kanabiskontsumitzaileen kluben bazkide izan ahalko dira klubean sartzeko eskabidea egin aurretik kanabiskontsumitzaile direla frogatzen duten adin nagusikoak.

16. artikulua. Kanabiskontsumitzaileen klubek ohorezko bazkideak izendatzen ahalko dituzte, kanabisa aztertu, ikertu eta garatzean egindako ekarpenarengatik elkartearen kalifikazio hori jasotzen duten pertsonen artetik. Izendapen hori batzar nagusiak onetsi beharko du, zuzendaritza batzordeak proposatuta.

17. artikulua. Eskubide osoko bazkideek eta ohorezko bazkideek ez ezik, "bazkide ekintzaile" deiturikoek ere osatzen ahalko dituzte kanabiskontsumitzaileen klubak; alegia, beren izaera delaeta beren eskumenesparruetan kanabisa normalizatzeko lana egiten dutenek.

18. artikulua. Kluba osatzen duten pertsona guztiek bete beharko dute legeetan nahiz funtzionamenduari buruzko barnearauetan xedatutakoa.

19. artikulua. Kluba osatzen duten pertsona guztiek –eskubide osoko bazkideek, ohorezko bazkideek nahiz bazkide ekintzaileek– prestakuntza jaso beharko dute, kanabisaren kontsumoari lotutako balizko arriskuen eta kalteen prebentzioaren arlokoa.

20. artikulua. Kanabiskontsumitzaileen klubak saiatuko dira eskubide osoko beren kideek substantzia ahalik eta organikoena eta adulteratu gabea kontsumi dezaten; hortaz, ezartzen diren osasunkontrolak igaro beharko ditu substantziak.

21. artikulua. Kluba osatzen duten pertsonek behar bezala informatuta egoteko eskubidea dute, kanabisari, haren propietateei, haren eraginei eta hura kontsumitzetik etor litezkeen balizko arriskuei edo kalteei buruz, bai eta zigarreten ordezko administraziomoduei buruz ere.

22. artikulua. Elkarteko pertsonen betebeharra da kanabisaren kontsumo arduratsua egitea, bai eta klubekoak ez diren pertsonei kanabisaren kontsumoaren gaineko propaganda, publizitatea edo sustapenik ez egitea ere.

Elkarteko kide bakoitzak sinatutako zinpeko deklarazio baten bidez ezarriko da klubean erositako substantzien erabilera arduragaberik edo legez kanpokorik ez egiteko konpromisoa.

Estatutuek edo barne araudiko bestelako arauek elkartetik botatzeko arrazoi gisa jasoko dute betebehar horietako edozein ez betetzea; halatan, zuzendaritza batzordeak behar den salaketa jarriko du kasuan kasuko entitateetan, eta horrek ez dio elkarte horri inolako kalterik eginen.

23. artikulua. Elkarteko kideek ezin izanen dute hartu elkarteak egun eta pertsona bakoitzeko ezarritako cannabis sativa edo haren eratorrien edo estraktuen kantitatea baino kantitate handiagorik, arrisku prebentziorako neurrien eta nazioarteko estandarren arabera kalkulatuta.

Lehen xedapen gehigarria .–Administrazio publikoek sustatuko dute lankidetzaorganoak sortzea horien eta kanabiskontsumitzaileen kluben edo horiek ordezkatzen dituzten entitateen artean, estatistikaondorioetarako informazioa trukatze aldera, osasunkontroleko neurriak ezartze aldera, prebentzioplanak prestatzen parte hartze aldera eta kontsumo arduratsuari nahiz kontsumoak dakartzan arriskuei edo Nafarroako Foru Komunitatean kanabisa kontsumitzearekin lotutako beste edozein gairi buruzko prestakuntza eskaintze aldera.

Bigarren xedapen gehigarria .–Kanabiskontsumitzaileen klubek beraiek elkartzeko entitateak sortzen ahalko dituzte, interes komunak lortzeko nahiz administrazio publikoen eta gizarte osoaren aurrean haien ordezkari gisa jarduteko.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako Aldizkari Ofizialean berehala argitara eta "Estatuko Aldizkari Ofizialera" igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezatela manatzen diet.

Iruñean, 2014ko abenduaren 2an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Yolanda Barcina Angulo.

Iragarkiaren kodea: F1416792

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web