(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

103/2014 FORU DEKRETUA, AZAROAREN 5EKOA. HONEN BIDEZ AUTOKARABANAK HARTZEKO ETA KANPATZEKO EREMUAK ANTOLATZEN DIRA Nota de Vigencia

BON N.º 224 - 14/11/2014



  I. KAPITULUA. XEDAPEN OROKORRAK


  II. KAPITULUA. BALDINTZAK, BEHARKIZUNAK ETA ZERBITZUAK.


  III. KAPITULUA. FUNTZIONAMENDU ARAUBIDEA


Zioen azalpena

Autokarabanetarako zaletasuna edo turismo ibiltaria haziz joan da, nahiz eta gaur egungo egoerak, horren gaineko arau berariazkorik ez dagoenez, interpretazio okerrak eragiten dituen, autokarabanak bizitegi-ibilgailutako erabiltzeari aplikatzen zaizkion araudi desberdinen gainean.

Gai hau arautzeko, bat egiten dute zenbait eskumen-eremu desberdinek. Ibilgailuak bide publikoan aparkatzea trafikoko eskumenari dagokio, baina ibilgailuen kanpatzea turismoko eskumenaren menpe dago.

Esparru honetan, Turismoari buruzko otsailaren 14ko 7/2003 Foru Legearen 16. artikuluak ezartzen duenez, ostatu turistikoko establezimenduak honelaxe sailkatzen dira:

a) Hotelak.

b) Kanpaleku turistikoak.

c) Turismoko aterpetxeak.

d) Landetxeak.

e) Turismoko apartamentuak.

f) Arau berezien xede den beste edozein.

Azken f) atal horrek Nafarroako Gobernua gaitzen du bestelako turismo ostatu modalitate batzuk arautzeko, erregelamendu bidez, esaterako bidaian diren autokarabanak eta antzeko ibilgailuak hartzeko eta kanpatzeko eremuak.

Autokarabanak hartzeko eta kanpatzeko eremuak lurralde bateko toki mugatuak dira, berez turistikoa den helburua dutenak, eta hortaz, gutxieneko instalazio eta zerbitzu batzuk behar dituzte, ondokoekin lotutako arrazoiengatik: segurtasuna, bidaiarien kontrola, mugikortasuna, higienearen eta osasunaren arloa, eta ingurumenaren arloa.

Eremu horiek ukipena izanen dute lurzoruan, naturguneetan, hiriguneetan eta ingurumenean, eta helburu turistiko nabarmena dute. Horrenbestez, beharrezkoa da ostatu hartzeko modu berri gisa hartzea, eta araudi turistiko berariazkoa onestea.

Horregatik guztiagatik, foru dekretu honen helburua da behar diren beharkizunak eta baldintzak ezartzea bidaian diren autokarabanak eta antzeko ibilgailuak hartzeko eta kanpatzeko eremuetarako, halako moduz non bereiziko baitira aparkatzeko bakarrik diren instalazioetatik.

Horrenbestez, Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako kontseilariak proposaturik, Nafarroako Kontseiluarekin bat, eta Nafarroako Gobernuak 2014ko azaroaren 5ean egindako bilkuran hartutako Erabakiarekin bat.

DEKRETATU DUT:

I. KAPITULUA. XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua . Xedea eta aplikazio eremua.

1. Foru dekretu honen helburua da bidaian diren autokarabanak eta antzeko ibilgailuak hartzeko eta kanpatzeko eremuak antolatzea. Ondoko hau ulertzen da eremu horiek aipatzean: behar bezala mugatutako lur eremuak, hornituak eta egokituak daudenak, jendearentzat irekiak daudenak aldi baterako okupa ditzaten prezio baten truke, mota horretako ibilgailuekin, zeinak eremu horietara iristen diren atseden hartzeko beren bidaian, kanpatzeko eta horietan bildutako hondakinak uzteko.

2. Hurrengoak foru dekretu honen esparrutik kanpo daude:

a) Autokarabanak eta antzeko ibilgailuak gelditzea eta aparkatzea, horretarako egokitutako eremuetan, errepideetan, autobideetan, hiri barneko bideetan eta aparkalekuetan. Ulertzen da autokarabana bat edo antzeko ibilgailu bat ez dagoela kanpaturik baldin geldirik edo aparkaturik badago horretarako baimendutako tokietan hiriko edo hiriarteko bide publikoetan, ibilgailuen trafiko eta zirkulazio araudiarekin bat, bere perimetroa gainditu edo zabaldu gabe autokarabanaren elementuak eraldatzearen edo zabaltzearen bidez, gurpilak baditu euskarri eta ez altxagarriak, eta bidean hondakin edo gairik botatzen ez badu.

b) Azokalariek edo saltzaileek egiten dituzten ibilgailuen kanpatzeak, tokiko jai eta ekitaldiak direla eta, beren jarduerarekin erlazio zuzena izanik.

2. artikulua . Autokarabanetarako eta antzeko ibilgailuetarako erreserba.

1. Autokarabanetarako eta antzeko ibilgailuetarako bakarrik daude erreserbaturik autokarabanak hartzeko eta kanpatzeko eremuak.

2. Eremu horietan ezin jarri dira kanpadendak edo aterpe mugikorrak, baldin ezin ulertu bada aurreko atalean sarturik daudela. Erabiltzaileek ostatu hartzeko aterpe finkorik edo parekorik ere ezin izanen da paratu eremu horietan.

3. artikulua . Kokapena.

Autokarabanak hartzeko eta kanpatzeko eremurik ezin izanen da paratu turismoko kanpatzeetarako debekaturik dauden tokietan, salbu autobideetatik, autobietatik eta errepideetatik hurbil dauden lekuetan baldin hala uzten badu errepideen arloko araudiak, eta hiriguneetan baldin udal araudiak hala aurreikusten badu.

4. artikulua . Aldi baterako okupazioa.

Autokarabanetarako eremuetan 48 orduz egoten ahal da gehienez, salbu okupazio handieneko sasoietan. Turismoko arloan eskuduna den kontseilariaren foru aginduz ezarriko da zer sasoi diren horiek.

Establezimendu horietako lurzatiak saltzea eta berralokatzea debekaturik dago.

II. KAPITULUA. BALDINTZAK, BEHARKIZUNAK ETA ZERBITZUAK.

5. artikulua . Hornidura eta egokitzea.

1. Kapitulu honetan ezartzen diren instalazioak eta zerbitzuak izan beharko dituzte autokarabanak hartzeko eta kanpatzeko eremuek, irisgarri, eroso eta jasangarri.

2. Sektoreko legeriak eskatutako beharkizunak bete beharko dituzte eremu horiek, arlo hauetan: hirigintza, eraikuntza, instalazioak, osasuna eta kontsumoa, segurtasuna, suteen prebentzioa, babes zibila, irisgarritasuna, higiene eta ingurumenaren zaintza, baita aplikatzen ahal diren beste xedapenetan xedatutakoa ere.

6. artikulua . Azalerak, egoteko lekua eta bideak.

Eremu horiek 28 metro koadroko lurzatietan banatuko dira, eta lurzati horiek zenbaki bidez identifikatuko dira. Lurzatien zoruak lautua eta asfaltatua edo trinkotua egon beharko du, behar den drainatzearekin eta lurzatiak 3,5 metroko altueraraino zabalik egonen dira. Azaleraren gainerakoa bideetarako erabiliko da, eta behar den espazioa izanen da aparkatzeko eta ateratzeko maniobrak egiteko, baita behar diren zerbitzuak izateko ere.

7. artikulua . Eraikinak eta instalazioak.

Ibilgailu horiek hartzeko eta kanpatzeko eremuetan honakoak izanen dira: eraikuntzak, gehienez ere beheko solairua, solairua eta teilatupea izanen dutenak, harrera egiteko eta argibideak emateko; toki amankomunak; eta higiene-zerbitzuak. Legez eskatutako irisgarritasun neurriak beteko dituzte.

8. artikulua . Azpiegiturak eta gutxieneko zerbitzuak.

1. Harrera eremuek honako hauek izanen dituzte, gutxienez:

a) Garbigune bat 20 lurzatiko edo zatiko. Garbigune horrek ur sarerako lotura bat izanen du, eta hustuketarako edukiontzi edo putzu bat, autogarbigarria, eta, hala, erabiltzaileek ibilgailuaren ur biltontzia hustu eta berriz ere hornitu ahal izanen dute.

b) Telefono bat.

c) Edatekoa den ur iturri bat, 30 lurzatiko edo zatiko.

d) Konketa, dutxa, komun eta garbitokien proportzio bat, baldin ez badira turismo-kanpamentu batenak elkarrekin erabiltzen, baterako ustiapenean. 15 lurzatiko edo zatiko 1 izanen da. Turismo-kanpamentu batenak erabiltzen badira elkarrekin, baterako ustiapenean, konketak, dutxak, komunak eta garbitokiak turismo-kanpamentuarekin konpartitzen ahalko dira, turismo-kanpamenturako aurreikusitako ratioak handitu gabe kategoria bakoitzean. Kasu guztietan, ur bero iraunkorra, nahikoa argiztapen eta garbiketa zerbitzu eraginkorrak izanen dituzte.

e) Elektrizitate horniduraren potentzia gutxienez ere 6 anperekoa izanen da lurzatiko. Erabiltzaileen esku jarriko da gutxienez behe tentsioko hargune elektriko bat 20 lurzatiko edo zatiko, ibilgailuaren bateriak berriz kargatzeko.

f) Bidaiariak kontrolatzeko zerbitzu bat, behar diren lege ondorioetarako, eta etengabeko zaintza zerbitzua.

g) Lehen laguntzetarako osasun-materiala, ikusteko moduko lekuan, horretarako prestatutako tokian.

2. Gainera, 20 lurzati baino gehiagoko edukiera izanez gero, behar bezala mugaturik egonen dira perimetro osoan, salbu partez edo osoki turismo-kanpamentu batean integraturik badaude; kasu horretan, gutxienez ere amankomunak ez diren tokiei dagokie hartzeko eta kanpatzeko eremuak hesitzea.

3. Harrera egiteko eta argibideak emateko azpiegiturak eta zerbitzuak, baita higiene-zerbitzuetarakoak ere, turismo-kanpamentuekin konpartitzen ahal dira, baldin ustiapena elkarrekin egiten bada.

III. KAPITULUA. FUNTZIONAMENDU ARAUBIDEA

9. artikulua . Funtzionamenduaren eta zehapenen araubidea.

1. Nafarroako Foru Komunitateko turismoko kanpalekuen antolamenduari buruzko erregelamendua onesten duen martxoaren 30eko 24/2009 Foru Dekretuaren III. Tituluko V. kapituluan, turismoko kanpalekuen funtzionamenduaren araubidean, aurreikusitakoa aplikatuko zaie autokarabanak hartzeko eta kanpatzeko eremuei.

2. Establezimenduaren titularrak foru dekretu honek ezartzen dituen eginbeharrak betetzen ez baditu, dagozkion zehapenak jasanen ditu, Turismoari buruzko otsailaren 14ko 7/2003 Foru Legearekin bat.

10. artikulua . Nafarroako Turismo Erregistroan inskribatzea.

1. Jarduera hasi aurretik, eta establezimendua Nafarroako Turismo Erregistroan inskribatzeko, dokumentazio hau aurkeztu beharko da:

a) Titularraren erantzukizuneko aitorpena, haren datuak biltzen dituena, honako hauen jabe dela adierazita:

-Legezko dokumentazioa, titularra eta higiezinaren jabe edo errentari dela dioena, edo beste edozein titulu, turismoko ostatu izateko prest dagoela frogatzen duena, baita establezimenduaren gaineko datuak ere, kokalekuari, edukierari eta modalitateari dagokienez.

-Irekitzeko lizentzia edo horren ordezko dokumentua.

-Erantzukizun zibileko aseguruaren kontratua, 150.000 euroko estaldura duena gutxienez ere.

-Obra bukaerako planoak.

2. Establezimenduetako aldaketak, titulartasun aldaketak, jarduera uztea eta, oro har, inskribatu edo jasotako datuetan edozein aldaketa gertatuz gero, aurreko atalean ezarritako prozeduraren arabera tramitatuko dira.

11. artikulua . Denboraldia.

Autokarabanak hartzeko eta kanpatzeko eremuak urte osoan egon daitezke irekiak, etengabe edo denboraldi zehatzetan.

12. artikulua . Bereizgarriak eta seinaleak.

1. Autokarabanak hartzeko eta kanpatzeko eremu guztietan nahitaezkoa izanen da sarrera nagusiaren ondoan plaka bereizgarri bat azaltzea. Turismo arloan eskuduna den kontseilariak onetsiko ditu horren ezaugarriak.

2. Eremu horien instalazioetatik hurbil dauden errepide eta bideetan jartzen diren seinaleak, hots, eremu horiei buruzko seinaleak, normalizatuak izanen dira, eta trafiko arloko legeria indardunarekin bat etorriko dira.

3. Eremuaren barnean, zerbitzuen eta instalazioen seinaleez gain, beste seinale batzuk ere paratuko dira, gutxienez ere honakoak adierazteko: ibilgailuetarako baimendutako gehieneko abiadura, bideen norabidea eta larrialdietarako irteeren eta su-itzalgailuen kokalekuak. Halaber, argibideetarako panel bat izan beharko da, zenbait hizkuntzatan, ondokoei buruz: erabilera baldintzak, inguruneko turismoko eta merkataritzako eskaintza, eta argibide praktikoa osasun etxeei eta garraio publikoko sareari buruz.

Azken Xedapenetako Lehena .Garatzeko ahalmenak.

Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako kontseilariari ahalmena eman zaio foru dekretu honetan ezarritakoa garatzeko behar diren xedapenak eman ditzan.

Azken Xedapenetan Bigarrena .Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2014ko azaroaren 5ean.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Yolanda Barcina Angulo.-Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako kontseilaria, Juan Luis Sánchez de Muniáin Lacasia.

Iragarkiaren kodea: F1415077

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web