(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

61/2014 FORU AGINDUA, UZTAILAREN 30EKOA, NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO ADMINISTRAZIOAREN BOLUNTARIOTZAREN DEPARTAMENTUARTEKO BATZORDEA ARAUTZEN DUENA Nota de Vigencia

BON N.º 183 - 18/09/2014



Zioen azalpena

Martxoaren 27ko 2/1998 Foru Legearen bidez, Nafarroako Foru Komunitateko boluntarioen lana arautu zen, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 44. artikuluko 17., 14. eta 18. zenbakiek Nafarroari erabateko eskumena esleitu baitzioten gizarte laguntzaren, aisialdiaren erabilera egokiaren, komunitatearen garapenaren eta hirugarren adinekoen politikaren arloetan.

Boluntariotza sustatzeko politika zeharkakoa izanik, beharrezkoa da koordinatuta jardutea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren esparruan.

Horren harira, Nafarroako Boluntario Lanari buruzko martxoaren 27ko 2/1998 Foru Legearen 16. artikuluak Boluntariotzaren Departamentuarteko Batzordea sortu zuen. Boluntariotza programekin ikustekoa duten departamentuetako zuzendari nagusiek osatuko dute batzorde hori.

Irailaren 22ko 600/2003 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Boluntario Lanari buruzko martxoaren 27ko 2/1998 Foru Legean zehaztutako zenbait eginkizun Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria Departamentuari atxiki zitzaizkion.

Horrenbestez, Gizarte Politiketako kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2014ko uztailaren hogeita hamarrean egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua. Xedea.

Arau honen xedea da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Boluntariotzaren Departamentuarteko Batzordea arautzea.

2. artikulua. Izaera juridikoa.

Boluntariotzaren Departamentuarteko Batzordea da boluntariotzaren arloan Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko departamentuen artean koordinazio teknikoa egiteko organoa.

3. artikulua. Atxikipena Nota de Vigencia.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Boluntariotzaren Departamentuarteko Batzordea partaidetzarren arloko eskumena duen zuzendaritza nagusiari atxikia egonen da.

4. artikulua. Araubide juridikoa Nota de Vigencia.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Boluntariotzaren Departamentuarteko Batzordea arautuko da honako hauetan ezarritakoaren arabera: kide anitzeko organoak arautzeko araudietan, foru dekretu honetan, eta hala badagokio, haren funtzionamendurako barne araudian.

5. artikulua. Eginkizunak.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Boluntariotzaren Departamentuarteko Batzordeak eginkizun hauek ditu:

a) Boluntariotza sustatzeko politika orokor bat finkatzea.

b) Departamentuen planifikazioa koordinatu eta sustatzea, jarduketak premia handienak dituzten sektoreetara bideratzeko eta entitate berrien sorrera bultzatzeko.

c) Departamentuek ebaluaziorako eta kontrolerako egiten dituzten jarduketen berri izatea.

d) Departamentuek ematen dituzten diru-laguntza publikoak boluntariotza entitateekin koordinatzea, jarduketa osagarriak lortzeko eta bikoizketak saihesteko; eta, zehatzago, irizpide orokorrak ezartzea boluntariotza sustatzeko.

e) Nafarroako boluntariotzari buruzko gida bat prestatu eta zabaltzea.

f) Boluntariotza urtero saritzeko antolaketa egitea, Nafarroako Boluntariotzaren Kontseiluaren iritzia oinarri hartuta.

g) Esleitzen edo agintzen zaion beste edozein eginkizun, indarra duen antolamendu juridikoarekin bat.

6. artikulua. Osaera.

1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Boluntariotzaren Departamentuarteko Batzordea kide hauek, edo horiek eskuordetzen dituzten pertsonek osatuko dute:

a) Batzordeburua: Herritarren partaidetzaren arloko eskumena duen zuzendaritza nagusiaren titularra.

b) Idazkaria: herritarren partaidetzaren arloko eskumena duen zuzendaritza nagusira atxikitako pertsona bat.

c) Batzordekideak:

– Babes sozialaren arloko eskumena duen zuzendaritza nagusiaren titulartasuna duena.

– Pertsonen autonomiaren eta garapenaren arloko eskumena duen erakundearen kudeaketaren titulartasuna duena.

– Kirolaren arloko eskumena duen erakundearen kudeaketaren titulartasuna duena.

– Gazteriaren arloko eskumena duen erakundearen kudeaketaren titulartasuna duena.

– Osasunaren arloko eskumena duen zuzendaritza nagusiaren titulartasuna duena.

– Ingurumenaren arloko eskumena duen zuzendaritza nagusiaren titulartasuna duena.

– Barneko gaien arloko eskumena duen zuzendaritza nagusiaren titulartasuna duena.

– Hezkuntzaren arloko eskumena duen zuzendaritza nagusiaren titulartasuna duena.

– Kulturaren arloko eskumena duen zuzendaritza nagusiaren titulartasuna duena.

– Berdintasunaren arloko eskumena duen erakundearen kudeaketaren titulartasuna duena.

– Migrazio politiken arloko eskumena duen zuzendaritza nagusiaren titulartasuna duena Nota de Vigencia.

2. Batzordeko buruak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Batzordearen ordezkaria izatea.

b) Batzordeko bilkuretarako dei egitea eta eguneko gaien zerrenda zehaztea.

c) Batzordeko bileren buru izatea, eztabaida zuzentzea eta ordena mantentzea.

d) Bere botoarekin berdinketak desegitea, erabakiak hartu ahal izateko.

e) Organoaren erabakien aktak eta ziurtagiriak ikus-onestea.

f) Batzordeburu karguari berez dagozkion gainerako eginkizunak.

Postua hutsik dagoenean, titularra kanpoan edo eri dagoenean edo justifikatutako gainerako kasuetan, batzordeburuaren ordez batzordeburuordea arituko da.

3. Batzordeko idazkariak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Bileretan parte hartzea, hizpidea duela baina botorik ez.

b) Batzordeko bilkuretarako dei egitea, batzordeburuak aginduta, eta kideentzako zitazioak egitea.

c) Kideak eta organoa elkarrekin komunikatzeko egintzak jasotzea, hau da, jakinarazpenak, datu eskaerak, zuzenketak edo haren ezagutza behar duten bestelako idazki guztiak.

d) Gaiak ebazteko bidea prestatzea eta osoko bilkuretako aktak egitea.

e) Onetsi diren kontsulta, irizpen eta erabakien ziurtagiriak ematea.

f) Osatzen diren berariazko batzordeen eginkizunak koordinatzea.

g) Batzordearen erabakiak betearaztea.

h) Batzordeko idazkariaren karguari berez dagozkion gainerako eginkizunak.

4. Boluntariotzaren Departamentuarteko Batzordeko kideei honako hauek dagozkie:

a) Bilkuretako gai-zerrenda jasotzen duen deialdia garaiz hartzea.

b) Bilkuretako eztabaidetan parte hartzea.

c) Boto eskubidea erabiltzea eta boto partikularra ematea, baita botoaren zentzua eta haren arrazoiak azaltzea ere, bozketetan abstenitu gabe.

d) Galde-eskeak egitea.

e) Esleitu zaizkien eginkizunak betetzeko behar den informazioa, gai-zerrendako gaien ingurukoa barne, garaiz jasotzea.

f) Karguari berez dagozkion gainerako eginkizunak.

Kanpoan edo eri egonez gero edo justifikatutako beste edozein arrazoia dela-eta, batzordeko kideek zilegi izanen dute kasuan kasuko zuzendaritza nagusiei edo erakunde autonomoei atxikitako pertsonekin ordeztea, zerbitzuko zuzendari batekin edo horren maila bereko norbaitekin, gutxienez ere.

7. artikulua. Funtzionamendua.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Boluntariotzaren Departamentuarteko Batzordeak osoko bilkurak edo berariazko batzordeak funtzionatzeko.

Boluntariotzaren Departamentuarteko Batzordearen eraketa, osoko bilkuran edo berariazko batzordeetan, baliozkotzat jotzeko, bilkurak eta gogoetak egitearen eta erabakiak hartzearen ondorioetarako, beharrezkoa izanen da batzordeburua eta idazkaria bertan egotea, edo haiek ordezten dituztenak, baita, gutxienez, kideen erdiak ere lehenengo deialdian, edo kideen herenak bigarren deialdian.

8. artikulua. Osoko Bilkura.

1. Batzordearen Osoko Bilkurak, gutxienez, sei hilabetean behin eginen du ohiko bilkura, eta bilkura berezia, berriz, batzordeburuak erabakita idazkariak horretarako deialdia egiten duenean.

2. Erabakiak botoen gehiengo soilez hartuko dira. Berdinketarik badago, batzordeburuak kalitateko botoa izanen du.

3. Batzordekideez gain, landu behar diren gaietan lanbide gaitasun ezaguna duten pertsonak agertzen ahalko dira osoko bilkurara, batzordeburuak gonbidatuta. Hizpidea izanen dute, baina botorik ez.

4. Osoko Bilkuretarako deialdiak, ohikoak zein bereziak, gutxienez 5 egun lehenago eginen dira. Deialdiari, jorratu beharreko gaien zerrenda erantsiko zaio, baita beharrezko dokumentazioa ere.

5. Ezin eztabaidatu edo erabakiko da eguneko gai-zerrendan sartua ez dagoen deus, salbu, kide guztiak bildurik daudela, gaia presazko deklaratzen bada gehiengoak horren aldeko botoa emanda.

9. artikulua. Berariazko batzordeak.

1. Osoko Bilkurak berariazko batzordeak eratzea erabaki dezake, Osoko Bilkurak berak aginduko dizkien gaien gaineko azterlanak edo txostenak prestatzeko.

2. Eratzeko akordioan haren eginkizunak, osaera, funtzionamendua eta iraunaldia zehaztuko dira.

3. Batzordeen lana txosten batekin bukatuko da. Bertan, jarduteko proposamenak jasoko dira, eta Osoko Bilkurara igorriko da, hartan eztabaidatu eta bozkatzeko.

4. Informazioa jakinarazteko eta zabaltzeko egintzetarako, batzordeak, lehentasunez, informazio eta komunikazio teknologiak baliatuko ditu.

10. artikulua. Agintaldia.

Batzordeko kideak beren karguagatik dira kide, idazkaria izan ezik, zeina foru dekretu honen 6.1c) artikuluan xedatuaren arabera izendatuko baita.

11. artikulua. Ordainsariak.

Batzordeko kideek egiten dituzten zerbitzuak doakoak izanen dira, eta, horrenbestez, ezin izanen dute dietarik edo bestelako ordainsaririk jaso Departamentuarteko Batzordearen kargura.

Azken xedapenetan lehena. Arauak emateko gaitasuna Nota de Vigencia.

Herritarren parte-hartzearen arloko eskumena duen departamentuko titularrari ahalmena ematen zaio foru dekretu hau gauzatu eta garatzeko behar den xedapen oro eman dezan, eta zehazki, indargabetzekoa Gizarte Politiketako kontseilariaren maiatzaren 13ko 306/2014 Foru Agindua, Lan boluntarioko entitateen errolda arautzen duena.

Azken xedapenetako bigarrena. Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web