(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

515/2014 FORU AGINDUA, ABUZTUAREN 18KOA, GIZARTE POLITIKETAKO KONTSEILARIAK EMANA, DESGAITASUN MAILA EGIAZTATZEKO TXARTELA SORTZEN DUENA

BON N.º 182 - 17/09/2014



  I. ERANSKINA. DESGAITASUNA EGIAZTATZEKO TXARTELAK BETE BEHARREKO BALDINTZAK


Zioen azalpena

Abenduaren 23ko 1971/1999 Errege Dekretuaren bidez, desgaitasuna onartu, deklaratu eta haren maila kalifikatzeko prozedura arautu zen. Arau hartan, beraz, aplikatu beharreko baremoak ezarri eta onarpen hori egiteko organo eskudunak zehaztu ziren, honako xedearekin: pertsonaren desgaitasun mailaren balorazioa eta kalifikazioa berdinak izatea Estatu osoan, herritarrek erakunde publikoen onurak, eskubide ekonomikoak, prestazioak eta zerbitzuak baldintza beretan lortzen dituztela bermatuta.

Desgaitasun maila onartzeko prozedura ebazpen batekin bukatzen da. Bertan jasoko da onartutako desgaitasun maila, portzentajean adierazita, eta, bidezkoa bada, puntuazioa, garraio kolektiboak erabiltzeko dituen zailtasunak zehazteko.

Desgaitasunak dituzten pertsonei arreta emateko plan integralak (2010-2013), Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariak onetsia baita, desgaitasun maila egiaztatzeko txartelaren sorkuntza aurreikusi zuen, desgaitasuna egiaztatze aldera, eta pertsona horiei gizarte babesaren sisteman ezarritako prestazioetarako sarbidea emateko.

Aintzat hartuta desgaitasun maila onartzen duen ebazpena aurkeztea ezinbesteko baldintza dela araudiak ezarritako zenbait prestazio lortzeko, agindu honen bidez desgaitasun maila egiaztatzeko txartela sortzen da.

Espedienteari lotutako txosten teknikoa ikusita, agerian dago foru agindu hau onetsi izanaren onura publikoa.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeak eta Gizarte Politiketako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen uztailaren 25eko 73/2012 Foru Dekretuak emandako eskudantziak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Desgaitasuna egiaztatzen duen txartela sortzea Nafarroako Foru Komunitatean, desgaitasuna egiaztatzeko dokumentu gisa; I. eranskinean aurreikusitako baldintzak beteko ditu.

2. 10.000,00 euroko gastua baimentzea 2014ra luzatutako 2012ko Gastuen Aurrekontuko “Desgaitasunerako txartela” izeneko 920000 91800 2269 231002 kontu-sailaren kargura.

3. Foru agindu hau Gizarte Politikako eta Kontsumoko Zuzendaritza Nagusira eta Pertsonen Autonomiarako Nafarroako Agentziara igortzea, baita Gizarte Politiketako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiko Aurrekontuen Kudeaketarako Atalera ere, behar diren ondorioak izan ditzan.

4. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2014ko abuztuaren 18an.-Gizarte Politiketako kontseilaria, Iñigo Alli Martínez.

I. ERANSKINA. DESGAITASUNA EGIAZTATZEKO TXARTELAK BETE BEHARREKO BALDINTZAK

I. ERANSKINA

1. Desgaitasun maila egiaztatzeko txartela agiri publikoa, pertsonala eta besterenezina da, eta fede ematen du titularrari onartzen zaion desgaitasun mailaz.

Desgaitasun maila egiaztatzen duen txartelaz baliatzeko, aldi berean, pertsona identitateaz fede ematen duen agiria beharko da.

Desgaitasun maila egiaztatzen duen txartelak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eremuan izanen ditu ondorioak, eta Estatuko Administrazio Orokorraren, autonomia erkidegoen eta Gizarte Segurantzaren eremuan eraginkorra izateko, haien araudietan ezarritakoari jarraituko zaio.

2. Desgaitasun maila egiaztatzeko txartelaren titular izaten ahalko dira Nafarroako Foru Komunitatean bizi eta %33ko edo goragoko desgaitasuna onartua duten pertsonak.

3. Desgaitasun maila egiaztatzen duen txartela emateko eskumena Pertsonen Autonomiarako Nafarroako Agentziari dagokio, hark ofizioz egiaztatuko baitu txartela emateko baldintzak betetzen direla.

4. Interesdunak eskaera espres egin ondoren emanen da txartela.

5. Pertsonen Autonomiarako Nafarroako Agentziak emandako desgaitasunaren ziurtagirian zehaztuko da desgaitasun maila egiaztatzen duen txartelaren noiztik noiz arteko balioa.

Txartelak ez du inola ere ondoriorik sortuko indarraldia bukatzen denean.

6. Administrazio edo epai bidezko ebazpen bat dela-eta desgaitasun maila aldatuz gero, ondorio hauek aterako dira:

- Desgaitasun mailak %33koa edo handiagoa izaten jarraitzen duenean, indarra duen txartela deuseztatu eta desgaitasun txartel berri bat emanen da.

- Desgaitasun mailaren aldaketaren ondorioz hura %33tik beherakoa denean, indarra duen txartela deuseztatuko da.

Bi kasuetan, titularrak desgaitasun maila egiaztatzen duen txartel deuseztatua itzuli beharko du.

7. Izan daitezkeen erantzukizun penalak edo administratiboak galarazi gabe, desgaitasun txartela iruzurrez erabiltzen bada, txartel hori berehala ezereztuko da eta Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legearen IX. Tituluan aurreikusitako zehapen araubidearen menpe egonen da.

8. Txartela dohainik emanen zaio titularrari, non ez den galdu edo hondatu eta erabili ezinik gelditu; kasu horretan, Tasa eta Prezio Publikoei buruzko martxoaren 27ko 7/2007 Foru Legean ziurtagiriak emateko adierazitako kopurua ordaindu beharko da.

Iragarkiaren kodea: F1411570

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web