(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

60/2014 FORU DEKRETUA, UZTAILAREN 16KOA, NAFARROAKO FORU KOMUNITATEAN LEHEN HEZKUNTZAKO CURRICULUMA EZARTZEN DUENA Nota de Vigencia

BON N.º 174 - 05/09/2014



Zioen azalpena

Hezkuntzaren Kalitatea Hobetzeko abenduaren 9ko 8/2013 Lege Organikoak Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoa aldatu du.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 6.bis artikulu berriaren arabera, Gobernuari dagokio, besteak beste, oinarrizko curriculuma diseinatzea, irakaskuntzako helburu, gaitasun, eduki, ebaluazio irizpide eta ikaskuntzako estandar eta emaitza ebaluagarrien aldetik, lege organiko honek aipatzen dituen titulazioek Estatu osoan ofizialtasuna eta balioa izanen dutela ziurtatzeko.

Lehen Hezkuntzako oinarrizko curriculuma otsailaren 28ko 126/2014 Errege Dekretuaren bidez onartu da. Nabarmentzekoa da hezkuntzaren erreforma honetan curriculumak antolaketa berria duela, arloak blokeka banatuta daudelarik: enborrekoak, espezifikoak eta autonomia erkidegoen konfigurazio askekoak. Enborreko arloen blokean bermatzen dira prestakuntza sendoa eskuratzea eta ondoko etapetan ikasketei etekina ateratzen jarraitzea ahalbidetzen duten ezagutzak eta gaitasunak, ikasle guztiendako komunak izan behar duten eta, edozein kasutan, etapa bukaerako probetan ebaluatu beharko diren irakasgaietan.

Arlo espezifikoen blokeak autonomia handiagoa uzten du irakasgaien ordutegiak eta edukiak finkatzerakoan eta, orobat, irakasgaien eskaintza zehazteko. Azkenik, autonomia erkidegoen konfigurazio askeko blokeak autonomia maila handiena du eta bertan, hezkuntza administrazioek eta, bere kasuan, ikastetxeek berek diseinatutako irakasgaiak eskain ditzakete, hala nola, enborreko irakasgaien edo irakasgai espezifikoen zabalkuntzak.

Arlo bakoitzeko oinarrizko curriculuma eduki multzoetan, ebaluazio irizpideetan eta ebaluatu beharreko ikaskuntzako estandarretan antolatu da eta, arlo guztietan, horiek erreferentzia gisa hartuko dira curriculumaren zehaztapenaren plangintzarako eta irakaskuntzaren programaziorako, etapari dagozkion helburuak eta gaitasunak erdiesteko xedearekin.

Zazpi gaitasun zehaztu dira, 2006ko otsailaren 18an Europako Parlamentuak eta Kontseiluak etengabeko prestakuntzarako gaitasun giltzarriei buruz emandako 2006/962/EC Gomendioa aintzat harturik.

Gaitasunak ekintza eraginkor bat lortzeko batera mobilizatzen diren abilezia praktikoen, ezagutzen, motibazioen, balio etikoen, jarreren, emozioen eta beste zenbait osagai sozialen eta portaerarekin loturiko osagaien konbinazioa dira. Beraz, praktikako ezagutza bezala ulertzen dira, alegia, jardun sozialetan parte-hartze aktiboa izanez eskuratutako ezagutza gisa. Jardun sozial horiek, halakoak izanik, gara daitezke hezkuntza formalaren testuinguruan, curriculumaren bitartez, zein hezkuntza ez-formaleko eta informaleko testuinguruan.

Gaitasunak, hartara, askotariko testuinguru akademiko, sozial eta profesionaletan aplikatzen den “egiten jakitea” bezala kontzeptualizatzen dira. Testuinguru desberdinetara transferitu ahal daitezen, ezinbestekoa da gaitasunetan dagoen ezagutza ulertzea, eta ezagutza hori gaitasunak osatzen dituzten abilezia praktikoekin edo trebetasunekin lotzea.

Hezkuntzako araudi berriaren beste berritasun bat da gaitasun jakin batzuen eskuratze mailaren banakako ebaluazioa eginen zaiela ikasleei, bai hirugarren ikasmailan bai etapa bukaeran.

126/2014 Errege Dekretuko 3. artikuluan xedatutakoaren ondorioz eta kontuan hartuz Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko 13/1982 Lege Organikoko 47. artikulua eta abuztuaren 31ko 1070/1990 Errege Dekretua, irakaskuntza ez-unibertsitarioaren arloko eginkizun eta zerbitzuak Estatuko Administraziotik Nafarroako Foru Komunitatera eskualdatzea onetsi zuena, Nafarroako Gobernuak curriculum hau garatu du bere eskumenen esparruko lurralderako. Gizartearen eskakizun berriak aintzat hartzen dituen foru dekretu honek gaitasunetan oinarrituriko ikaskuntza indartzen du, gaitasunak curriculumeko elementuetan txertatuz, irakaslanean eta irakaskuntza eta ikaskuntzako prozesuan berrikuntza ekartzeko.

Gaitasunetan oinarrituriko ikaskuntzaren bereizgarriak dira zeharkakotasuna, dinamismoa eta osotasuna. Gaitasunen irakaskuntza-ikaskuntza prozesua ezagutzaren arlo guztietatik jorratu behar da, eta hezkuntza erkidegoa osatzen duten instantzia desberdinen aldetik, eremu formaletan zein ez-formaletan eta informaletan; dinamismoa agerikoa da gaitasunak ez baitira une jakin batean eskuratzen eta handik aurrera aldagaitzak izaten, aitzitik, berezkoa dute garapen prozesu bat, non norbanakoak haien erabileran maila hobea eskuratzen doazen.

Curriculuma aldatzeko prozesu hau erdiesteko funtsezkoa da irakaslearen rola. Diziplinarteko ikuspegi batetik eta metodologia didaktikoko autonomia handiago batetik abiatuta, gai izan behar du arlo desberdinetan ikasitako ezagutzak aplikatzea ahalbidetuko duten ikaskuntza egoerak edo atazak diseinatzeko.

LOMCEk sarturiko aldaketak aukera bat izan daitezke etapa honen diagnostikoa egiteko, alde indartsuak zein alde ahulak azaleratzeko. Curriculum berria ezartzeko, oinarri gisa, indarrak mantenduko dira eta aurkitutako ahuleziak konpontzeko neurriei ekin beharko zaie. Diagnostiko honetatik abiatuta posible izanen da ikasle guztiendako arrakastara eramanen duten hobekuntza ildoak ezartzea.

Arretaren fokua haur bakoitzarengan jarri behar da, edozein direla ere haurraren gizarte jatorria, ingurua, zailtasunak, etab. Hark arrakasta erdiestea izan beharko da edozein hezkuntza plangintzaren jomuga nagusia, bai Hezkuntza Departamentuarena bai ikastetxeena, irakasleena eta familiena, horien inplikazioa ezinbestekoa delarik prozesu honetan.

Horregatik, Hezkuntza Departamentuarendako erronka eta helburua izan behar da ikasle guztiek prestakuntza maila egokiekin bukatzea Lehen Hezkuntza, ikaskuntza instrumentalei (hizkuntza, matematika, lan azturak) dagokienez zein kultura orokorrari dagokionez. Halaber, Nafarroako Hezkuntza Administrazioarendako erronka eta helburua da baliabideak eraginkortasunez erabiltzea.

Hori horrela, Hezkuntzako kontseilariak proposaturik, Nafarroako Eskola Kontseiluak aurrez irizpena eman duelarik, eta Nafarroako Gobernuak 2014ko uztailaren 16ko bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua. Xedea eta aplikazio esparrua.

Foru dekretu honek Lehen Hezkuntzako curriculuma ezartzen du, eta Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe publikoetan, ikastetxe pribatuetan eta ikastetxe pribatu itunduetan erabiliko da.

2. artikulua. Printzipio orokorrak eta pedagogikoak.

1. Lehen Hezkuntza nahitaezkoa eta doakoa da. Sei ikasmaila ditu, normalean sei urtetik hamabi urte bete bitarte egitekoak. Oro har, sei urte betetzen dituzten urte naturalean sartuko dira ikasleak Lehen Hezkuntzako lehen ikasmailara.

2. Lehen Hezkuntzak izaera orokor eta integratzailea du eta arloka antolatzen da. Arlo horiek hiru bloketan banatzen dira: enborrekoak, espezifikoak eta autonomia erkidegoen konfigurazio askekoak.

3. Garrantzi berezia emanen zaio ikasleen prestakuntza osorako mesedegarriak diren azturak, jarrerak eta balioak garatzeari.

4. Hezkuntza ekintza ikasleen esperientziak eta ikasketak bateratzera zuzenduko da Lehen Hezkuntzan eta, lan erritmoei dagokienez, ikasleen banakako ezaugarrietara edota ikasketa estiloetara egokituko da ikasle orok helburuak erdiets ditzan eta bere ahalbideak muturreraino gara ditzan.

5. Etapa honetan ahalegin berezia eginen da honako hauetan:

a) Ikasle bakoitzari modu prebentiboan arreta eman eta jarraipena egitea, premiak goiz hautemanez; horretan guztian lagunduko dute etapako ikasmailetako bakoitzerako ezarri diren ebaluatu beharreko ikaskuntzako estandarrek.

b) Banakako arreta.

c) Premiak hauteman bezain laster errefortzu nahiz aberaste mekanismoak martxan jartzea.

d) Familien beharrezko lankidetza eta inplikazioa.

6. Tutoretzak zuzenduko du ikasleen hezkuntza prozesua, bai bakoitzarena, bai taldearena. Irakasle tutoreak bere tutoretzapeko ikasleen irakasle taldearen hezkuntzako esku-hartzea koordinatuko du eta harreman iraunkorra izanen du familiarekin, Hezkuntzarako Eskubidea arautzen duen uztailaren 3ko 8/1985 Lege Organikoaren 4.1. artikuluko d) eta g) letretan onartutako eskubideez baliatzea errazteko.

7. Irakurzaletasuna sustatzeko, egunero denbora tarte bat erabiliko da horretarako.

8. Atzerriko hizkuntzen irakaskuntzan lehentasuna emanen zaio ahozko adierazpenari eta ulermenari eta gaztelania edo, bere kasuan, euskara haien ikaskuntza prozesuan laguntzeko baino ez dira erabiliko.

3. artikulua. Xedeak.

Lehen Hezkuntzaren xedea da ikasleek ahozko adierazpena eta ulermena, irakurketa, idazketa eta kalkulua ikastea eta kulturaren oinarrizko ideiak, bizikidetzako aztura, estudiatzeko eta lan egiteko aztura, zentzu artistikoa, sormena eta afektibitatea eskuratzea. Horrela, ikasleen nortasuna garatzen lagunduko duen prestakuntza integrala bermatu eta haiek Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzari etekina ateratzeko moduan prestatuko dira.

4. artikulua. Etaparen helburuak.

Honako helburu hauek erdiestea ahalbidetuko dieten gaitasunak haurrengan garatzen lagundu behar du Lehen Hezkuntzak:

a) Bizikidetzaren balioak eta arauak ezagutu eta preziatzea, haien arabera jokatzen ikasi, herritar gisa jarduteko prestatu eta giza eskubideak eta gizarte demokratiko batek berezko duen aniztasuna errespetatzea.

b) Taldeko nahiz bakarkako lanerako aztura, ikastean ahalegina egitekoa eta erantzukizunez aritzekoa, eta norberarengan konfiantza, zentzu kritikoa, ekimena, jakin-nahia, interesa eta sormena ikasketa prozesuan, eta ekintzailetza.

c) Gatazkei aurrea hartu eta modu baketsuan konpontzeko trebetasunak bereganatzea, horrela familian eta etxe barnean eta berekin harremanak dituzten gizarte taldeekin autonomiaz moldatzeko.

d) Kultura desberdinak eta pertsonen arteko desberdintasunak ezagutu, ulertu eta errespetatzea eta, halaber, emakume eta gizonen arteko eskubide eta aukeren berdintasuna, eta desgaitasunen bat duten pertsonak ez diskriminatzea.

e) Gaztelania eta, bere kasuan, euskara modu egokian jakin eta erabiltzea eta irakurtzeko aztura bereganatzea.

f) Atzerriko hizkuntza batean, gutxienez, oinarrizko komunikazio gaitasuna bereganatzea, mezu errazak adierazi eta ulertzeko eta eguneroko egoeretan moldatzeko aukera emanen diena.

g) Matematikako oinarrizko gaitasunak garatu eta kalkuluko eragiketa oinarrizkoak, geometria ezagutzak eta estimazioak egitea eskatzen duten problemak ebazten hastea, eta horiek guztiak eguneroko bizitzako egoeretan aplikatzeko gauza izatea.

h) Natur zientzien, gizarte zientzien, geografiaren, historiaren eta kulturaren oinarrizko alderdiak ezagutzea eta, orobat, ezagutzen hastea Nafarroaren geografia eta historia eta Nafarroa berezi egiten duten hizkuntzen, kulturen eta ohituren aniztasuna, Nafarroako Foru Komunitateko kide izatearen sentimendua garatzeko asmoz.

i) Informazioaren eta komunikazioaren teknologiak ikasketarako erabiltzen hastea, eta jasotzen eta lantzen diren mezuen aurrean jarrera kritikoa hartzea.

j) Era askotako irudikapen eta adierazpen artistikoak erabiltzea, sentikortasun estetikoa, sormena eta artelanez eta arte adierazpenez gozatzeko ahalmena garatzea, eta ikusizko eta ikus-entzunezko proposamenak gauzatzen hastea.

k) Higienea eta osasuna aintzat hartu, norberaren eta besteen gorputza onartu, desberdintasunak errespetatu eta gorputz hezkuntza eta kirola garapen pertsonal eta sozialerako lagungarri gisa erabiltzea.

l) Landareak eta animaliak ezagutzea eta balioestea, bereziki Nafarroan daudenak, eta haiek zaintzearen, garapen iraunkorraren eta ingurumenarekiko errespetuaren aldeko portaerak hartzea.

m) Nortasunaren arlo guztietan eta besteekiko harremanetan ahalmen afektiboak eta indarkeriaren, edonolako aurreiritzi eta diskriminazioen eta estereotipo sexisten aurkako jarrera garatzea.

n) Bide hezkuntza eta zirkulazio istripuen prebentzioan eragina duten begirune jarrerak bultzatzea.

5. artikulua. Curriculuma.

1. Curriculum bezala ezagutzen da irakaskuntza eta ikaskuntzako prozesuak zehazten dituzten elementuen arauketa.

2. Ondoko elementu hauek dira Lehen Hezkuntzako curriculuma osatzen dutenak:

a) Foru Dekretu honen 4. artikuluan ezarritako helburuak, etapa bukaerarako ikasleek erdietsi beharko lituzketen lorpen orokor bezala ulertuta.

b) Ikasleek eskuratu beharreko gaitasunak, edukiak modu bateratuan aplikatzeko haien ahalmenen garapen bezala ulertuta, jarduerak behar bezala egiteko eta testuinguru batean kokatutako problemak eraginkortasunez ebazteko.

c) Helburuak lortzen eta gaitasunak eskuratzen laguntzen duten edukiak edo ezagutzen, abilezien, trebetasunen eta jarreren multzoa. Etapa honetako edukiak arloka antolatuta daude.

d) Ebaluazio irizpideak, gaitasunen eskuratze maila eta helburuen lorpen maila zehazteko balio dutenak. Arlo bakoitzak bere ebaluazio irizpideak ditu, arloan erdietsi nahi denaren araberakoak.

e) Ebaluatu beharreko ikaskuntzako estandarrak, ebaluazio irizpideen zehaztapen bezala ulertuta. Behagarriak, neurgarriak eta ebaluagarriak izan behar dute eta errendimendua edo erdietsitako lorpena mailakatzeko aukera eman behar dute. Halaber, proba estandarizatu eta konparagarriak diseinatzen laguntzen dute.

f) Metodologia didaktikoa, irakaslanaren deskribapena zein irakaslanaren antolaketa barne hartzen dituena. Ikasleek ikasi eta gaitasunak eta helburuak lortu ahal ditzaten irakasleek, kontzienteki eta hausnarturik, antolatzen eta planifikatzen dituzten estrategien, prozeduren eta ekintzen multzoa da.

3. Irakasle taldeei dagokie metodologia didaktikoaren gaineko erabakiak hartzea, ikasle guztien arrakasta erdiesteko ikuspegi egokienak bilatuz.

4. Arlo bakoitzerako edukiak, ebaluazio irizpideak eta ebaluatu beharreko ikaskuntzako estandarrak foru dekretu honen eranskinetan zehazten dira, Erlijio arlorako izan ezik.

5. Ikastetxeek foru dekretu honetan eta hauxe garatzeko arauetan ezarritako Lehen Hezkuntzako curriculuma aplikatuko dute.

6. artikulua. Etaparen antolaketa. Arloak.

1. Enborreko arloen blokea: Ikasleek ondoko arlo hauek ikasi behar dituzte ikasmaila guztietan:

a) Natur Zientziak.

b) Gizarte Zientziak.

c) Gaztelania eta Literatura.

d) Matematika.

e) Atzerriko Lehen Hizkuntza.

Bloke honetako arloei dagozkien eskola orduak, etapa osorako guztira zenbatuta, ez dira izanen etapako ordutegi orokorreko eskola ordu guztien %50 baino gutxiago. Zenbaketa horretan, ez dira kontuan izanen ordutegi orokorrari aplika dakizkiokeen ordutegi luzapenak.

2. Arlo espezifikoen blokea: Ikasleek ondoko arlo hauek ikasi behar dituzte ikasmaila guztietan:

a) Gorputz Hezkuntza.

b) Erlijioa, edo Balio Sozial eta Zibikoak, gurasoek edo legezko tutoreek aukeratutakoaren arabera.

c) Arlo hauetako bat gutxienez:

1. Arte Hezkuntza.

2. Atzerriko Bigarren Hizkuntza.

3. Autonomia erkidegoen konfigurazio askeko arloen blokea: bloke honen barruan Euskal Hizkuntza eta Literatura arloa ikasiko da, dagokion hizkuntza ereduagatik beharrezkoa den kasuetan. Bloke honen barruan ere arloren bat gehiago ikasi ahalko da, Hezkuntza Departamentuak arauz xedatzen duenaren arabera.

4. Arloen araberako banaketa horrek ez du deusetan galaraziko etaparen izaera osoa, helburuak lortzea eta gaitasunak eskuratzea bilatzen duelarik.

7. artikulua. Zeharkako elementuak.

1. Etapako arlo batzuetan tratamendu berariazkoa ematea ezertan galarazi gabe, arlo guztietan landuko dira irakurriaren ulermena, ahozko eta idatzizko adierazpena, ikus-entzunezko komunikazioa, informazioaren eta komunikazioaren teknologiak, ekintzailetza eta hezkuntza zibiko eta konstituzionala.

2. Garapen jasangarriarekin eta ingurumenarekin, informazioaren eta komunikazioaren teknologiak gaizki erabiltzearen ondoriozko arrisku egoerekin, larrialdien eta hondamendien aurkako babesarekin eta sexu esplotazioaren eta sexu abusuen arriskuekin loturiko edukiak sartzen dira Lehen Hezkuntzako curriculumean.

3. Halaber, sormenetik, autonomiatik, ekimenetik, talde lanetik, norbereganako konfiantzatik eta zentzu kritikotik abiatuta ekintzailetza garatu eta sendotzearen gaineko edukiak sartu dira, eta baita bide hezkuntzaren eta segurtasunaren eta arriskuei aurrea hartzearen gaineko edukiak ere.

4. Ikastetxeek, irakaskuntzako programazioen bitartez eta Hezkuntza Departamentuak xedatzen duenaren arabera, gizonen eta emakumeen arteko berdintasun eraginkorra eta genero indarkeriaren, indarkeria terroristaren eta indarkeria, arrazismo eta xenofobia forma ororen prebentzioa sustatzen duten balioen garapena bultzatu beharko dute.

5. Era berean, ikastetxeek ekintzak burutuko dituzte ezein izaera edo egoera pertsonal edo sozial dela-eta diskriminazio-ezak eta tratu berdintasunak berezko dituzten balioak sustatzeko helburuarekin eta horretarako, beste neurri batzuen artean, edozein diskriminazio mota suposatzen duten portaera eta eduki sexistak eta estereotipoak ekidinen dituzte.

6. Ikastetxeek, Hezkuntza Departamentuak xedatzen duenaren arabera, ekintzak burutuko dituzte norberaren, familiaren eta gizartearen esparru guztietako gatazkak modu baketsuan konpontzeko eta prebenitzeko eta bizikidetza hobetzeko ikaskuntza sustatzeko helburuarekin eta, orobat, askatasuna, justizia, berdintasuna, aniztasun politikoa, bakea, demokrazia, giza eskubideekiko eta zuzenbide Estatuarekiko errespetua, terrorismoaren biktimekiko errespetua eta begirunea, indarkeria terroristarekiko gaitzespena eta indarkeria terroristaren eta indarkeria mota ororen prebentzioa sostengatzen dituzten balioak sustatzeko.

7. Ikastetxeek, proiektuen bitartez, ekintzak ezarriko dituzte programazio informatikoko oinarrizko trebetasunak eskuratzeko eta hobetzeko helburuarekin.

8. artikulua. Gaitasunak.

1. Ikasleek eskuratu beharreko gaitasunak honako hauek dira:

1. Hizkuntza komunikazioa.

2. Matematika gaitasuna eta zientzia eta teknologiako oinarrizko gaitasunak.

2.1. Matematika gaitasuna.

2.2. Zientzia eta teknologiako oinarrizko gaitasunak.

3. Gaitasun digitala.

4. Ikasten ikastea.

5. Gaitasun sozial eta zibikoak.

6. Ekimena eta ekintzailetza.

7. Kultura kontzientzia eta adierazpenak.

2. Etapan zehar gaitasun hauen garapena indartuko da: hizkuntza komunikazioa, matematika gaitasuna, eta zientzia eta teknologiako oinarrizko gaitasunak.

3. Hizkuntza komunikazioko gaitasuna gainerako gaitasunak eskuratzeko funtsezko faktorea denez, irakurtzeko estrategien eta testu idatzien ekoizpenaren irakaskuntzari tratamendu berezia emanen zaio. Gainera, egunero irakurtzeko denbora erreserbatu beharko da arlo guztietan, horrek deusetan galarazi gabe irakurketa sustatzeko behar beste saio gehigarri ezartzea.

4. Gaitasunak eraginkortasunez eskuratzeko eta curriculumean benetan txertatzeko, ikasleei gaitasun bat baino gehiago aldi berean lantzeko aukera emanen dieten ikaskuntza jarduera integratuak diseinatuko dira, ikasia errealitateari aplika diezaioten.

9. artikulua. Atzerriko hizkuntzetan ematen diren ikasketak.

1. Curriculumean aldaketarik ekarri gabe, curriculumeko arlo batzuk, osorik edo zati batean, atzerriko hizkuntzan irakatsi ahalko dira, Hezkuntza Departamentuak ezarritako araudiaren arabera.

2. Ikasleek etapan zehar arloen terminologia propioa gaztelaniaz, atzerriko hizkuntzan eta, bere kasuan, euskaraz eskura dezaten ahalegina eginen da.

3. Curriculumeko arlo batzuk atzerriko hizkuntzan ematen dituzten ikastetxeek indarreko araudian ezarritako irizpideak aplikatuko dituzte ikasleak onartzeko. Irizpide horien artean ez da eskakizun linguistikorik izanen.

10. artikulua. Ebaluazioa.

1. Ikasleek eskubidea dute ebaluazio objektibo bat izateko eta beren dedikazioa, ahalegina eta errendimendua objektibotasunez baloratuak eta aitortuak izan daitezen. Hezkuntza Departamentuak eskubide hori bermatuko du.

2. Ebaluazio irizpideak eta ebaluatu beharreko ikaskuntzako estandarrak erreferenteak izanen dira ikasle bakoitzak arloetako bakoitzean erdietsitako errendimendua mailakatzeko, bai eta dagozkion gaitasunen eskuratze maila eta helburuen lorpen maila zehazteko ere.

3. Ikasleen ikaskuntza prozesuen ebaluazioa etengabea eta orokorra izanen da eta ikasleen aurrerapena hartuko du kontuan, bai arlo bakoitzean bai arlo guztiak batera hartuta.

4. Etengabeko ebaluazio prozesuaren testuinguruan, ikaslearen aurrerapena egokia ez denean hezkuntza errefortzuko neurriak ezarriko dira. Neurri horiek ikasturteko edozein unetan hartuko dira, zailtasunak hauteman bezain laster betiere, eta ikasleak hezkuntza prozesuan aurrera jarraitzeko nahitaezkoak dituen gaitasunak eskuratzera zuzenduko dira.

5. Ikasleak Euskal Hizkuntza eta Literatura arloa ikastetik salbuetsiak izan daitezke, indarreko araudian xedatutakoaren arabera.

6. Maisu-maistrek, ikasleen ikasketaz gain, irakaskuntza prozesuak eta beren irakaslana ere ebaluatuko dituzte. Horretarako, lorpen mailaren adierazleak ezarriko dira irakaskuntzako programazioetan.

11. artikulua. Hirugarren ikasmailako banakako ebaluazioa.

1. Hezkuntza Departamentuak agintzen duenaren arabera, Lehen Hezkuntzako hirugarren ikasmaila amaitzean ikasle guztiei bana-banako ebaluazioa eginen diete ikastetxeek. Horren bidez, ahozko eta idatzizko adierazpenean eta ulermenean, kalkuluan eta problemak ebaztean behar diren trebetasunak, ahalmenak eta abileziak zer mailatan menderatzen dituzten egiaztatuko da, hizkuntza komunikazioko gaitasunaren eta matematika gaitasunaren eskuratze mailarekin loturik.

2. Ebaluazioaren emaitza txarra bada, ikastetxeak neurririk egokienak hartu beharko ditu. Familiekin eta hezkuntza sostenguko baliabideekin elkarlanean zailtasunak konpontzen lagunduko duten emaitza kolektiboak edo indibidualak hobetzeko planetan finkatuko dira neurri horiek.

12. artikulua. Lehen Hezkuntzaren amaierako ebaluazioa.

1. Lehen Hezkuntzako seigarren ikasmaila amaitzean, ikasle guztiei bana-banako ebaluazioa eginen zaie. Horren bitartez, hizkuntza komunikazioko gaitasunaren, matematika gaitasunaren eta zientzia eta teknologiako oinarrizko gaitasunen eskuratze maila egiaztatuko da, baita etapako helburuen lorpena ere.

2. Ebaluazio horrek aipatutako gaitasunekin eta helburuekin loturiko ebaluazio irizpideak eta ebaluatu beharreko ikaskuntzako estandarrak baliatuko ditu erreferente bezala, eta Gobernuak probetarako ezarritako ezaugarri orokorren arabera eginen da. Gainera, Hezkuntza Departamentuak euskarazko hizkuntza gaitasunaren eskuratze maila egiaztatzeko proba diseinatuko du.

3. Ebaluazioaren emaitza maila hauen arabera adieraziko da: Gutxiegi (GU) kalifikazio negatiboetan, eta Nahiko (NA), Ongi (ON), Oso Ongi (OO) edo Bikain (BI) kalifikazio positiboetan.

4. Ikasle bakoitzak lortutako maila txosten batean jasoko da. Txosten hori informazioa eta orientazioa emateko izanen da, ikasleek seigarren ikasmaila egin duten ikastetxearendako eta baita hurrengo ikasturtea eginen duten ikastetxearendako ere. Txostena gurasoei edo legezko tutoreei emanen zaie. Lortutako mailak adieraziko du aurrerapena eta ikaskuntza egokiak diren.

5. Ikasle guztiei 6. ikasmaila bukatutakoan egindako ebaluazioaren emaitzak txarrak badira, ikastetxeak neurririk egokienak hartu beharko ditu. Zailtasunak konpontzen lagunduko duten emaitza kolektiboak edo indibidualak hobetzeko planetan finkatuko dira neurri horiek.

6. Hezkuntza Departamentuak hobekuntza jarduerak burutu ahalko ditu horretarako ezarritako balioen azpiko emaitzak dituzten ikastetxeetan. Itunpeko ikastetxeetan, kasuan kasuko ituna arautzen duen legeari jarraituz jardunen da.

13. artikulua. Ikasmailaz igarotzea.

1. Ikasmailetako bakoitza bukatzean, eta ebaluazio prozesuaren ondorioz, irakasle taldeak ikasleak ikasmailaz igarotzeari buruzko erabakiak hartuko ditu, irakasle tutorearen informazioa eta iritzia bereziki kontuan hartuz.

2. Ikaslea hurrengo ikasmailara, edo hurrengo etapara hala dagokionean, igaroko da irakasle taldeak uste badu helburuak lortu dituela eta kasuan kasuko gaitasunen eskuratze mailara iritsi dela. Horrela izan ezean, ikasleak beste urte bat egin beharko du ikasmaila berean. Neurri hau behin bakarrik har daiteke Lehen Hezkuntza osoan zehar eta, horrekin batera, errefortzuko edo errekuperazioko eta sostenguko berariazko plan bat izan beharko da; ikastetxeak antolatuko du plan hori, Hezkuntza Departamentuak ezartzen duenaren arabera.

3. Hirugarren ikasmailako banakako ebaluazioaren eta Lehen Hezkuntzaren amaierako ebaluazioaren emaitzak bereziki aintzat hartuko dira.

4. Errepikatzea ohiz kanpoko neurritzat joko da eta ikaslearen ikaskuntza zailtasunak gainditzeko errefortzuko eta sostenguko gainerako neurri arruntak agortu ondoren hartuko da.

14. artikulua. Ebaluazio agiri ofizialak.

1. Ikasketa espedientea, ebaluazio aktak, etapa amaierako eta hirugarren ikasmailako ebaluazio txostenak, ikastetxe aldaketako txostena eta ikasketa historiala dira ebaluazio agiri ofizialak.

2. Agiri horien ordez bitarteko elektroniko, informatiko edo telematikoen bidez egindako haien baliokideak erabil daitezke, betiere hauen egiazkotasuna, segurtasuna eta kontserbazioa bermatua bada, eta Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan, Herritarrek zerbitzu publikoetarako sarbide elektronikoa izateari buruzko ekainaren 22ko 11/2007 Legean, Nafarroako Foru Komunitateko administrazioan administrazio elektronikoa ezartzeko apirilaren 4ko 11/2007 Foru Legean eta horiek garatzen dituen araudian ezarritako baldintzak eta bermeak betetzen badira.

15. artikulua. Aniztasunari arreta.

1. Hezkuntzako esku-hartzeak printzipio bezala hartu behar du ikasleen aniztasuna, eta ikasle guztien hezkuntza garapena bakoitzaren premien araberako arreta pertsonalizatuarekin bateratu behar du.

2. Ikasteko zailtasunak hauteman bezain laster errefortzuko mekanismoak jarriko dira martxan, antolaketaren nahiz curriculumaren eremuan. Neurri horien artean sar daitezke ikastalde arruntean sostengua jasotzea, taldekatze malguak edo curriculumaren egokitzapenak.

3. Ikasleen aniztasunaren arretarako ikastetxearen baliabideak antolatzerakoan ekitateko, eraginkortasuneko eta osagarritasuneko irizpideei jarraituko zaie.

16. artikulua. Hezkuntza sostenguko premia berariazkoak dituzten ikasleak.

A) Printzipio orokorrak.

1. Hezkuntza sostenguko premia berariazkoak dituzten ikasleek kalitatezko hezkuntza jasotzeko aukera berdinak izan ditzaten, hezkuntzako inklusioa, aukera berdintasuna eta diskriminazio eza, malgutasun neurriak eta alternatiba metodologikoak, curriculumaren egokitzapenak, irisgarritasun unibertsala eta beharrezkoak diren neurri guztiak sustatuko ditu Hezkuntza Departamentuak.

2. Hezkuntza Departamentuak beharrezkoak diren baliabideak eskainiko ditu, arrazionaltasuneko eta eraginkortasuneko irizpideekin, arruntaz bestelako hezkuntza arreta behar duten ikasleek beren ahalmen pertsonalak ahalik eta gehien garatu eta ikasle guztientzat ezarritako helburu orokorrak eta gaitasunak lortu ahal izan ditzaten. Ikasleek arreta horren beharra izan dezakete hezkuntza premia bereziak izateagatik, hezkuntza sisteman berandu sartzeagatik, ikasteko zailtasun berariazkoak -besteak beste AFNH- izateagatik, adimen gaitasun handiak izateagatik, edota egoera pertsonaleko edo ikasketa historialeko gorabeherengatik.

3. Aurreko atalean aipatutako ikasleen hezkuntza premia berariazkoak goiz identifikatzeko behar diren baliabideak eta prozedurak ezarriko ditu Hezkuntza Departamentuak. Premia hori identifikatu bezain laster hasiko da arreta integrala, eta berariazko esku-hartzearen, normalizazioaren eta inklusioaren printzipioei jarraituko die.

4. Hezkuntza Departamentuak ikasle horiek curriculuma garatu ahal dezaten lagungarriak izanen diren irisgarritasun baldintzak eta sostengu baliabideak ezarriko ditu, eta ebaluazioak behar bezala eginen direla ziurtatzeko tresnak eta, behar denean, denborak eta sostenguak egokituko ditu, 3. ikasmailako banakako ebaluaziorako eta etapa amaierako ebaluaziorako barne.

B) Hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleak.

1. Atal honetan sartzen diren ikasleendako curriculumetik nabarmen aldentzen diren egokitzapenak egin ahal izanen dira, helburuen eta gaitasunen garapenik handiena bilatuz.

2. Etengabeko ebaluazioa egiterakoan erreferente gisa hartuko dira kasuan kasuko curriculum egokitzapenetan finkatutako elementuak eta egokitzapenaren xede diren ikasmaila eta arloetako ebaluatu beharreko ikaskuntzako estandarrak.

3. Malgutze-neurriak eta atzerriko hizkuntza irakasteko eta ebaluatzeko ordezko metodologiak ezarriko dira desgaitasunen bat duten ikasleentzat, batez ere, ahoz adierazteko zailtasunak dituztenentzat. Egokitzapen horiek ez dira inola ere kontuan hartuko lortutako kalifikazioak gutxiagotzeko.

4. Maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 20.2 artikuluan aurreikusitakoaren arabera etapan urte bat gehiago egiteko aukera deusetan galarazi gabe, hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleek urte bat gehiago eman ahal izanen dute Lehen Hezkuntzako etapan eskolatuta ikastetxe arruntetan, betiere horrek haien gizarte eta hezkuntzako integrazioari mesede egiten badio.

C) Hezkuntza sisteman berandu sartzen diren ikasleak.

1. Hezkuntza Departamentuak hezkuntza sistemarako sarbidea bermatuko die nahitaezko eskolatze adineko ikasleei, beste herrialde batzuetatik datozelako edo beste edozein arrazoi dela-eta, hezkuntza sisteman berandu sartzen direnean.

2. Oro har, hezkuntza sisteman berandu sartzen diren ikasleak adinagatik dagokien ikasmailan eskolatuko dira. Dena dela, curriculumeko gaitasun mailan bi urteko edo gehiagoko atzerapena dutenak adinagatik dagokiena baino ikasmaila bat beherago eskolatu ahal izanen dira. Ikasle hauendako behar diren errefortzuko neurriak hartuko dira, eskolan integratzen eta curriculumean duten atzerapena gainditzen laguntzeko eta ikasketei etekina ateratzen jarraitu ahal dezaten. Atzerapen hori gainditzen badute, adinagatik dagokien ikasmailan sartuko dira.

3. Ikastetxeko eskolatze hizkuntzan gabezia larriak badituzte, ikastalde arruntean sartuko dira eta, hala dagokionean, ikastetxeak ikasle horiek behar dituen sostenguak ezarri ahal izanen ditu.

D) Adimen gaitasun handiko ikasleak.

1. Adimen gaitasun handiko ikasleen eskolatzea indarreko araudiak ezartzen duen moduan malgutuko da, halako ikasletzat hartuko direlarik behar den kualifikazioko langileek Hezkuntza Departamentuak xedatzen dituen baldintzekin identifikatutakoak. Beste jarduketa batzuen artean curriculuma aberasteko programen bidez burutuko den malgutze horren barruan sar daiteke bai goragoko ikasmailetako helburu eta gaitasunak eskuratzea, bai edukiak zabaltzea bai eta beste neurri batzuk hartzea ere.

2. Adimen gaitasun handiko ikasleen eta ikasteko bereziki motibatutako ikasleen ikasteko erritmoa eta estiloa aintzat hartuko dira.

17. artikulua. Ikastetxeen autonomia.

1. Hezkuntza Departamentuak ikastetxeen autonomia pedagogiko eta antolamenduzkoa bultzatuko du, irakasleen talde lana erraztuko du eta hezkuntza praktikatik abiatutako ikerketa lana eta etengabeko hobekuntzan oinarritutako ikuspegiak sustatuko ditu.

2. Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 124.3 artikuluak esaten duenaren arabera, zuzendaritza taldeko kideak eta irakasleak agintari publikotzat hartuko dira eta Hezkuntza Departamentuak zainduko du beren eginkizunak gizarterako duen garrantziarekin bat datorren tratua eta begirunea jaso dezaten.

3. Zuzendaritza taldeak hezkuntza komunitateko kide guztien arteko giro positibo eta elkarlanekoa bultzatuko du.

4. Ikastetxeek aniztasunaren arretarako Hezkuntza Departamentuak ezarritako neurriak garatuko dituzte, neurri horiek beren ikasleen ezaugarrietara eta beren hezkuntza-errealitatera egokituz, guztien premiak asetzeko, bai ikasteko zailtasun handienak dituzten ikasleenak, bai ikasteko gaitasun edo motibazio handiena dutenenak. Horretarako, ikasleen ikasteko erritmo desberdinak aintzat hartzen dituzten, ikasleek beren kabuz ikasteko gaitasuna laguntzen duten eta talde lana sustatzen duten metodoak erabakiko dituzte.

5. Halaber, ikastetxeek, beren autonomiaz baliatuz, esperimentazioak, lanerako planak, antolamendu moduak edo eskola ordutegia luzatzea erabakitzeko ahalmena dute, Hezkuntza Departamentuak ezarri bezala betiere, baina inola ere ezin ezarriko zaizkiei familiei edo Hezkuntza Departamentuari ekarpen edo eskakizun bereziak.

18. artikulua. Etapa barruko eta Lehen Hezkuntzaren eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzaren arteko koordinazioa.

1. Irakasle espezialisten kopurua handiagoa denez eta etapa ikasmailaka antolatuta dagoenez, etapa barruan irakasleak koordinatzeko erak ezartzea komeni da. Bi koordinazio mota aurreikusiko dira, gutxienez:

a) Koordinazio horizontala, ikastalde bereko irakaskuntzan parte hartzen duten irakasleendako ezarria. Honen helburua izanen da esku-hartze ildo koherenteak bai eta arazoen eta desegokitzapenen tratatamendua bermatzea, talde mailan, hala nola norbanako mailan.

b) Koordinazio bertikala, arlo bera ematen duten ikasmaila desberdinetako irakasleendako ezarria. Honen helburua izanen da arloetako curriculumaren garapena bermatzea, ikasleek etapa bukaerarako ezarritako gaitasunak eta helburuak erdiets ditzaten. Koordinazio hauek eraginkorragoak izan daitezen, ikastetxeek, batetik, etapako 1. ikasmailatik 3. ikasmailara bitarteko irakasleekin egin ahal izanen dituzte eta, bestetik, 4. ikasmailatik 6. ikasmailara bitartekoekin.

2. Lehen Hezkuntzatik Bigarren Hezkuntzara iragatea errazteko, arreta berezia emanen zaio bi etapen arteko koordinazioari.

19. artikulua. Familien partehartzea.

1. Familiei informazioa emanen zaie ikasleak ikasketetan egiten duen aurrerapenari zein sortzen diren balizko zailtasunei buruz.

2. Tutoreen eta familien arteko koordinazioan ikuspegi prebentiboa gailenduko da.

3. Irakasle tutoreek familien inplikazioa eta elkarlana bilatuko dute irizpide eta jarduketa koherenteak koordinatzeko.

4. Halaber, ikastetxeek familiekin eta ikasleekin konpromisoak hartzea sustatuko dute. Horietan zehaztuko da hezkuntzako aurrerabidea errazteko batzuk eta besteak zer jarduera egitera konprometitzen diren.

5. Ikastetxeetan guraso elkarteen lanaren alde eginen da. Hartara, ikastetxeko zuzendariak beren jardueretarako, prestakuntza jardueretarako barne, ikastetxeko instalazioak erabiltzen utziko die, indarreko araudian ezarritako baldintzetan.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehen xedapen gehigarria. Nafarroako euskalkiak.

1. Hezkuntza Departamentuak Nafarroako eskualde jakin batzuetan mintzatzen diren euskalkiak irakastea eta eskolan erabiltzea sustatuko du, ikasketak euskaraz egiten dituzten edo euskara ikasten duten ikasleendako.

2. Hezkuntza Departamentuak irakasleek Nafarroako euskalkiak jakiteko prestakuntza bultzatuko du eta, halaber, xedapen honen 1. puntuan ezarritakoa bete dadin behar diren ikasmaterialak egitea bultzatuko du.

Bigarren xedapen gehigarria. Hizkuntzen tratamendu integratua.

Curriculumeko hizkuntza guztien ikaskuntzari modu integratu eta koordinatuan ekin behar zaio, hizkuntzen ikaskuntza optimizatzeari begira, betiere haien curriculumaren, zeina foru dekretu honen II. eranskinean ezartzen den, eta gerora hura garatzen duten arauen arabera.

Hirugarren xedapen gehigarria. Ariketa fisikoa eta dieta orekatua sustatzea.

1. Ariketa fisikoa eta dieta orekatua haurren portaeraren parte izateko neurriak hartuko ditu Hezkuntza Departamentuak.

2. Horretarako, ikastetxeekin batera, ikasleek kirola eta ariketa fisikoa egitea sustatuko du, bizimodu aktiboa, osasungarria eta autonomoa bultzatzeko garapen egokia bermatze aldera, eskumena duten erakundeen gomendioei jarraituz.

3. Ikastetxeetan horretarako hartzen diren neurriak diseinatu, koordinatu eta ikuskatzeko ardura esparru horietan kualifikazio edo espezializazio egokia duten irakasleek hartuko dute.

Laugarren xedapen gehigarria. Erlijio irakaskuntzak.

1. Erlijio irakaskuntzak foru dekretu honen 6. artikuluan xedatutakoaren arabera sartuko dira Lehen Hezkuntzan.

2. Erlijio katolikoaren irakaskuntza Egoitza Santuaren eta Estatu espainolaren artean izenpetutako Irakaskuntzari eta Kultura Gaiei buruzko Akordioan ezarritakora egokituko da. Nahitaez eskaini beharrekoa izanen da ikastetxeendako, eta borondatezkoa ikasleendako.

3. Beste erlijio batzuen irakaskuntza Estatu espainolak Espainiako Erlijio Erakunde Ebanjelikoen Federazioarekin, Espainiako Komunitate Israeldarren Federazioarekin eta Espainiako Batzorde Islamikoarekin egindako lankidetza akordioetan xedatutakora egokituko da eta, hala badagokio, beste erlijio-konfesio batzuekin izenpetzen diren akordioetan xedatutakora.

4. Erlijio katolikoaren irakaskuntzaren curriculuma eta Estatu espainiarrarekin hezkuntza arlorako lankidetza hitzarmenak sinatzen dituzten gainerako konfesioen erlijioaren curriculumak elizaren hierarkiak eta erlijio bakoitzeko agintariek ezarriko dituzte, hurrenez hurren.

5. Testuliburuen eta ikasmaterialen erabileraren inguruan erabakitzea eta, hala egin behar denean, haiek ikuskatu eta onestea, kasuan kasuko agintari erlijiosoei egokituko zaie, Espainiako Estatuarekin izenpetutako akordioetan ezarritakoarekin bat etorriz.

6. Hezkuntza Departamentuak eta ikastetxeek behar diren neurriak hartuko dituzte, ikasturtearen hasieran, ikasleen familiei beren seme-alabek erlijio irakaskuntzarik jasotzea nahi duten ala ez adierazteko aukera izan dezaten bermatzeko.

7. Erlijio irakaskuntzaren ebaluazioa Lehen Hezkuntzako gainerako arloetakoak egiten diren bezalaxe eginen da eta haiek dituzten ondorio berdinak izanen ditu.

Bosgarren xedapen gehigarria. Uztailaren 6ko 225/1998 Foru Dekretuko 10.10, 19.2 eta 29.8 artikuluen aldaketa. Haren bidez, Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza, Batxilergoa, Lanbide Heziketa eta Lanbide Hastapeneko Programak irakasten dituzten ikastetxe publikoetako irakasleen lanaldia eta ordutegia erregulatu ziren.

Aipatutako artikuluak honela idatzita geldituko dira: “Ikasketaburuek, arestian azaldutako kontuak aintzat harturik, irakasleen ordutegia prestatuko dute. Ordutegia prestatutakoan, ikastetxeko zuzendariak onartuko du. Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak ebatziko du horren inguruko zeinahi erreklamazio, gehienez 15 eguneko epean. Epe hori bukatuta espresuki ez bada ebazpenik eman, erreklamazioa ezetsitakotzat joko da.”

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Xedapen indargabetzaile bakarra. Arauak indargabetzea.

Foru dekretu honetan arautzen diren Lehen Hezkuntzako irakaskuntzak osorik ezartzen direnetik, azken xedapenetako lehenak ezartzen duenaren arabera, indarrik gabe geldituko da martxoaren 19ko 24/2007 Foru Dekretua, Nafarroako Foru Komunitateko Lehen Hezkuntzako irakaskuntzarako curriculuma ezartzen duena.

2. Era berean, indarrik gabe gelditu dira foru dekretu honetan ezarritakoaren kontrakoak diren maila bereko edo apalagoko xedapenak.

AZKEN XEDAPENAK

Azken xedapenetako lehena. Ezartzeko egutegia.

1. Foru dekretu honetan araututako Lehen Hezkuntzako irakaskuntzak 2014-2015 ikasturtean lehenengo, hirugarren eta bosgarren ikasmailetarako ezarriko dira, eta 2015-2016 ikasturtean bigarren, laugarren eta seigarren ikasmailetarako.

2. 2014-2015 ikasturtean Lehen Hezkuntzako bigarren, laugarren eta seigarren ikasmailetarako martxoaren 19ko 24/2007 Foru Dekretuan eta hura garatzen duten arauetan ezarritakoari jarraituko zaio.

Azken xedapenetako bigarrena. Arauen garapena.

Hezkuntzako kontseilariari baimena ematen zaio foru dekretu hau bete eta garatzeko behar diren xedapen guztiak eman ditzan.

Azken xedapenetan hirugarrena.-Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2014ko uztailaren 16an.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Yolanda Barcina Angulo.-Hezkuntzako kontseilaria, José Iribas Sánchez de Boado.

Iragarkiaren kodea: F1410295

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web