58/2014 FORU DEKRETUA, UZTAILAREN 16KOA, NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO ADMINISTRAZIOAK ETA HAREN ERAKUNDE AUTONOMOEK HERRITARREI EMATEN DIETEN ARRETAN ERABILERRAZTASUN UNIBERTSALERA JOTZEN DUTEN NEURRIEI BURUZKOA.
BON N.º 160 - 18/08/2014
I. KAPITULUA. XEDAPEN OROKORRAK
II. KAPITULUA. ERABILERRAZTASUNA HERRITARRENTZAKO ARRETA BULEGOETAN
III. KAPITULUA. INPRIMAKI ETA DOKUMENTUETAKO ERABILERRAZTASUN BALDINTZAK
IV. KAPITULUA. ERABILERRAZTASUNAREN ETA BAZTERKERIA EZAREN IRIZPIDE ETA BALDINTZAK INFORMAZIOAREN GIZARTEAN
I
Espainiako Konstituzioak 9.2 artikuluan ezartzen du botere publikoei dagokiela baldintzak sustatzea norbanakoen askatasuna eta berdintasuna gauza daitezen. Testuinguru horretan, konstituzio testuaren beraren 49. artikuluak agindu bat du botere publiko horiek desgaitasunak dituzten pertsonak integratzeko eta babesteko politika egin dezaten, I. tituluan aitortzen zaizkien eskubideak izan ditzaten.
Agindu hori betez, Minisbaliatuen Gizarteratzeari buruzko apirilaren 7ko 13/1982 Legea, desgaitasunak dituzten pertsonak gizarteratzeko legea deitua, eman zen, eta, desgaitasunari buruzko ikusmolde berriak erantsiz, Desgaitasunak dituzten pertsonen aukera berdintasunari, bereizkeriarik ezari eta denendako erabilerraztasunari buruzko abenduaren 2ko 51/2003 Legearekin osatu zen; horren azken xedapenetako bosgarrenean, Gobernuaren esku uzten da, besteak beste, legeak indarra hartu eta bi urteko epean finkatzea zer baldintza bete behar dituzten herritarrarentzako arreta zerbitzuek, gailuek eta bulego publikoek, erabilerraztasunaren eta bazterkeria ezaren alorrean.
Orobat, bidezko da gai honen inguruan aipatzea abenduaren 26ko 49/2007 Legearen onespena, arau-hauste eta zehapenen araubidea ezartzen baitu desgaitasunak dituzten pertsonen aukera berdintasunaren, bereizkeria ezaren eta erabilerraztasun unibertsalaren arloan.
Azkenik, arautze prozesu hori Estatuan azaroaren 29ko 1/2013 Legegintzako Errege Dekretua onetsi zenean burutu zen, desgaitasunak dituzten pertsonen eskubideei buruzko lege orokorraren testu bategina onesten baitu. Dekretu horrek bere baitan biltzen ditu eta indargabetzen lehenagoko lege hauek: 13/1982 Legea, apirilaren 7koa, desgaitasunak dituzten pertsonak gizarteratzeari buruzkoa; 51/2003 Legea, abenduaren 2koa, desgaitasunak dituzten pertsonen aukera berdintasunari, bereizkeriarik ezari eta denendako erabilerraztasunari buruzkoa; eta 49/2007 Legea, abenduaren 26koa, arau-hauste eta zehapenen araubidea ezartzen duena desgaitasunak dituzten pertsonen aukera berdintasunaren, bereizkeria ezaren eta erabilerraztasun unibertsalaren arloan.
Bestetik, nazioartean, Desgaitasunak dituzten Pertsonen Eskubideei buruzko Nazioarteko Konbentzioak desgaitasunak dituzten pertsonen eskubideak babesten ditu; izan ere, Nazio Batuen Batzar Nagusiak (NBE) 2006ko abenduaren 13an onetsi zuen, Espainiak 2008ko apirilaren 21ean berretsi, eta 2008ko maiatzaren 3an hartu zuen indarra. Konbentzioaren arabera, desgaitasunak dituzten pertsonak eskubideen subjektu titularrak dira, eta botere publikoak behartuta daude eskubide horiek osorik eta eraginkor gauza daitezen bermatzera.
II
Nafarroako Foru Komunitateak, foru araubidea duenez, berea du eskumen osoa Nafarroaren funtsezko Zuzenbideko edo antolakuntzako espezialitateetatik heldu diren administrazio prozedurako arauetan, baita ekonomia eta administrazio prozedurakoetan ere, horri helduz gero; orobat, Foru Diputazioaren, haren Administrazioaren eta haren menpeko erakunde publikoen araubide juridikoan, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 49.1 artikuluko c) eta e) letretan xedatzen denaren arabera.
Hori horrela, eta bere eskumenen esparruan, Nafarroako Parlamentuak Erabilerraztasun Unibertsalari eta Ororentzako Diseinuari buruzko apirilaren 6ko 5/2010 Foru Legea, onetsi zuen; lege horrek xede hau du: aukera berdintasuna bermatzea desgaitasunak dituzten pertsonei erabilerraztasun unibertsalari eta ororendako diseinuari dagokienez, ingurune, prozesu, ondasun, produktu eta zerbitzuen inguruan, baita gauza edo tresna, erreminta eta gailuen inguruan ere, halako moduan non horiek ulertzeko eta erabiltzeko modukoak izan behar duten pertsona guztientzat, segurtasun baldintza berdinetan, erosotasun aldetik eta ahalik eta modu autonomo eta naturalenean; 3. artikuluan esparru hauetara zabaltzen du aplikazio eremua:
a) Telekomunikazioak eta informazioaren gizartea.
b) Gune publiko urbanizatuak, azpiegiturak eta eraikinak.
c) Garraioak.
d) Jendearen eskura dauden ondasun eta zerbitzuak.
e) Administrazio publikoekiko harremanak.
f) Unibertsitateak eta hezkuntza sistema.
III
Foru lege horren azken xedapenetako lehenak Nafarroako Gobernuaren erregelamendu bidezko garapenera igortzen du, haren neurriak zehazteko.
Foru legearen aplikazio eremuak ukitzen dituen esparruak askotarikoak direnez, hobe da zenbait arautan zatitzea erregelamendu bidezko garapena, arinagoak izan daitezen erregelamenduak prestatzeko prozesua eta ondoko aldaketak, horiek egin behar direnean. Hori galarazi gabe, kontuan hartuta herritarren eta administrazio publikoen arteko harremanetan bai teknologia berriek duten eragina, baliabide tekniko berriak jartzen baitituzte harreman horien zerbitzuan, bai herritarrentzako laguntza bulegoen ezaugarri fisikoak, hobe da arau baten barrenean heltzea bi esparru horiei, zeini bere aldetik baina, aldi berean, harmonian, horrela foru legeak Nafarroako Gobernuari ematen dion agindua betetzen baita bi eremuetan; alegia, biak bilduko dituen arau bakar bat prestatu eta onetsiz garatzen da erregelamendua, eta ez da galarazten foru lege horrek gainerako esparruetarako aurreikusten duen erregelamendu bidezko garapena geroago emanen diren berariazko xedapenen bidez egitea.
Horregatik guztiagatik, beharrezkoa da neurri multzo bat ezartzea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta hari lotutako edo haren menpeko erakunde autonomoen eremuan, haien bidez zehazteko Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen jarduketetan bete beharreko erabilerraztasun baldintzak, herritarrentzako arreta zerbitzuek eta bulegoek, aurrez aurrekoek zein telematikoek, berma dezaten desgaitasunak dituzten pertsonen erabilerraztasuna eta bereizkeria eza errealak eta eraginkorrak izanen direla.
IV
Horrela ba, herritarren eta Nafarroako administrazio publikoen arteko harremanak erregulatzea du xede foru dekretu honek, zehazki Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekikoak, Nafarroako beste administrazio batzuetara ohiko bidez aplikatu ahal izatea galarazi gabe, honako hauetara iritsiz: bulegoen antolaketa eta diseinua, ematen den arreta pertsonala eta teknikoa, administrazio prozeduren tramitazioa eta informazioa eskuratzea, Administrazioaren eta eskaintzen diren zerbitzuen web orrialdeak, inprimakiak, idatziak zein telematikoak izan, komunikazioak, idatziak zein telematikoak edo telefonikoak izan, guztientzako diseinu bakar bat lortzen saiatuz eta halako bereizkeria eza, non, ahal dela, desgaitasun fisiko, psikiko eta sentsorial guztiak eta edozein muga funtzional sartuko baitira, adin handia edo hizkuntza gutxi menperatzea barne.
Zehazki, foru dekretu honen artikuluek zenbait esparrutan eta ikuspegi desberdinetatik neurriak ezartzen dituzte herritarren erabilerraztasun unibertsalaren alde, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekin eta haren erakunde autonomoekin dituzten harremanetan, halako moduan non emaitza orokor gisa herritar guztientzat arreta orokor erabilerraza lortuko den, zein den ere haien harremana entitate horiekin.
Lehendabizi, neurriak hartzen dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen herritarrentzako arreta bulegoen baldintzak diseinatzeko: haien kokalekua, sarbidea, sistemak eta harreralekuko arreta, kanpoko eta barreneko seinaleak, arreta-postuen konfigurazioa, arreta eta informaziorako sistema elkarreragileak eta bulegoetako gainerako elementu osagarriak, hala nola, osasun eremuak edo segurtasun eta ebakuazio sistemak, guztientzako diseinua eta herritarren erabilerraztasun osoa lortu nahian.
Bigarrenik, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen inprimaki eta dokumentuen erabilerraztasun unibertsala bermatuko duten neurriak garatzen dira, entitate horien eta interesdunen arteko komunikazio idatziak ahalik eta erabilerrazenak izan daitezen, inprimatutako baliabideak edo telematika bidezkoak erabiliz, zein diren berariazko beharrak horren arabera, interesdunentzat bideragarria eta onuragarria denean.
Indar berezia egin da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen herritarrentzako arreta zerbitzuen erabilerraztasunera bideratutako neurriak hartzen; horretarako, abiaburutzat hartu da arreta pertsonal hori, behar bezala ematen bada, osagarria izan daitekeela edo baliabide materialak erabiltzeko egokitzapenek izan ditzaketen gabeziak ordezten ahal dituela, eta horrela, batera lortzen ahal dela bilatzen den erabilerraztasun unibertsal hori modu pertsonalizatuan, zuzeneko arreta pertsonal horri begira. Bereziki zaindu da arreta horren konfigurazioa, aurrez aurrekoa zein telefono bidezkoa izan, eta hura bideragarrien den modurik unibertsalenean ematen ahalegindu da.
Orobat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen web orrialdeen erabilerraztasuna bermatuko duten aurreikuspenak garatu dira, baita orrialde horietan jasotako dokumentuenak ere, kontuan izanda bide telematikoa ohiko bidea dela herritar ororentzat eta gora eta gora ari dela; gainera, erabiltzeko erraza bada, aukera bereziki baliagarria da ohiko bideetatik Administrazioarekin harremanak izateko zailtasun fisikoak dituzten pertsonentzat.
Sistema osoa ixteko, diziplina bat ezarri da baliabide materialak eta pertsonalak erabiltzeko administrazio prozeduraren tramitazioan, guztiz erabilerrazak izan daitezen herritar guztientzat.
V
2. artikuluan azaldu diren zenbait printzipioren inguruan atondu da araua, berori interpretatu eta aplikatzeko; besteak beste, aipagarriak dira “berdintasuna eta bereizkeriarik eza” helburu nagusi gisa; “laguntza gehigarria”, hau da, baliabide materialen bidez lortutako erabilerraztasuna osatu edo inplementatzen duen langileen laguntza; eta “bidezko ahalegina eta kostua”, jasotako neurriak zenbateraino eskatu behar diren orientatzen duen parametro gisa.
Proiektatutako neurriak laster abiaraz daitezen, herritar guztiek izan dezaten aukera Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekin eta haren erakunde autonomoekin harremanak trabarik gabe eta erabilerraz izateko, eta galarazi gabe Administrazioaren zerbitzu guztietan eta jarduketa eta bulego guztietan, unean-unean dauden aukera material eta ekonomikoen arabera, lor daitekeen erabilerraztasun unibertsala, bereziki prestatu eta jende orok ezagutzen dituen herritarren arretarako puntu zentralizatuen sistema bat diseinatu da; horien bidez, eta komunikazio eta harremanetako barne mekanismoen bidez erabilerraztasun mugatuko edozein herritarrek bere gaiak tramitatzen ahalko ditu eta harremanetan jarriko da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekin eta haren erakunde autonomoekin ia gai guztietan, justifikatutako salbuespen jakin batzuetan izan ezik.
VI
Horiek horrela, Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuko kontseilariak proposatuta, Nafarroako Kontseiluarekin bat eta Nafarroako Gobernuak 2014ko uztailaren 16ko bilkuran hartutako erabakiari jarraikiz,
DEKRETATU DUT:
I. KAPITULUA. XEDAPEN OROKORRAK
1. artikulua. Xedea eta aplikazio eremua.
1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eta haren menpeko erakunde autonomoek beren eskumenen eremuan herritarrekiko harremanean berariaz eskaintzen dizkieten baliabide eta jarduketen ezaugarri izan behar duten erabilerraztasunaren eta bereizkeriarik ezaren baldintzak arautzea da foru dekretu honen xedea, erabilerraztasun osoa ahalik eta berdintasun baldintza onenetan berma dakien, bereziki muga funtzionalak dituzten pertsonei, adinekoak edo desgaitasunak dituztenei barne.
2. Honako hauek dira herritarrekiko harremanetan lehentasuna duten baliabideak eta, beraz, foru dekretu honetan jasotako erabilerraztasun neurrien aplikazio eremua osatzen dute:
a) Herritarrentzako arreta bulegoak, hau da, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eta haren erakunde autonomoek herritarrekin zuzeneko harremana izateko bakarrik edo lehentasunez jartzen dituzten bulego edo gune fisikoak, prestazio, zerbitzu eta prozedurei buruzko informazioa, orientazioa eta aholkua eskaintzeko, dokumentazioa, eskaerak eta komunikazioak hartzeko, interesdunei harrera egiteko eta, oro har, haien eskumen edo zerbitzuei zuzenean lotutako kudeaketak egiteko.
b) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eta haren erakunde autonomoek herritarren eskura jarritako inprimakien eredu normalizatuak, haiei eskaerak, aitorpenak, alegazioak, errekurtsoak edo zeinahi asmo edo gogo adierazpen egiteko.
c) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen komunikazio telematikoak herritarrekin, hau da, bai haien web orrialdeen edukia, bai prozedurak telematika bidez tramitatzeko eskaintza, eta erabiltzaileei sarean jarritako inprimaki, dokumentu eta tresnak.
d) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen komunikazio idatziak, paperean euskarri gisa, eta telefono bidezkoak, herritarrekin.
3. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen gainerako baliabideek araudi orokorretik une bakoitzean aplikatu beharreko erabilerraztasun baldintzak bete beharko dituzte; betiere muga funtzionalak dituzten pertsonen aukera berdintasunaren eta bereizkeriarik ezaren printzipioak errespetatuta.
2. artikulua. Printzipio gidariak.
1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eta haren erakunde autonomoek herritarrekin zuzeneko harremanean garatzen dituzten jarduketak arlo horri aplikatzen zaion legeriaren arabera arautuko dira eta, zehazki, Desgaitasunak dituzten Pertsonen Eskubideei buruzko Lege Orokorraren testu bategina onesten duen azaroaren 29ko 1/2013 Legegintzako Errege Dekretuan xedatutakoaren eta Erabilerraztasun Unibertsalari eta Ororentzako Diseinuari buruzko apirilaren 6ko 5/2010 Foru Legearen arabera, muga funtzionalak dituzten herritarrek segurtatua izan dezaten beren eskubideen eraginkortasuna Administrazioarekiko harremanetan, eta, zehazki, foru dekretu honen printzipio gidariei lotuko zaizkie, haiei aplikatzekoak diren heinean.
2. Ondoren aipatu eta zehazten dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen jarduketen printzipio gidariak, erabilerraztasun unibertsalari, bereizkeriarik ezari eta aukera berdintasunari dagokienez:
a) Aukera berdintasuna eta bereizkeriarik eza: aukera berdintasunaren, desgaitasunagatiko bereizkeriarik ezaren eta erabilerraztasun unibertsalaren bermea herritarrentzat haien administrazio harremanetan. Desgaitasunen bat dutenen aukera berdintasunerako eskubidea urratzen dela ulertuko da, desgaitasuna dela eta, zuzeneko edo zeharkako bereizkeria eta jazarpena gertatzen direnean, erabilerraztasunaren eskakizunak eta arrazoizko doikuntzak egitekoak betetzen ez direnean, edo legez ezarritako ekintza positiboko neurriak betetzen ez direnean.
b) Ekintza positiboa: bidezkoa irizten denean, ekintza positiboak erabiltzea, muga funtzionalen edo desgaitasunen bat duten herritarren desabantailak konpentsatzeko Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekin eta erakunde autonomoekin dituzten harremanetan.
c) Tratu berdintasuna: bereizkeriaren aurkako neurriak hartzea, helburua pertsona batek, desgaitasuna dela-eta, zuzenean edo zeharka beste batzuk baino tratu makurragoa izan ez dezala aurreikustea edo zuzentzea denean antzeko edo pareko egoera batean.
d) Laguntza gehigarria: neurri egokiak hartzea edo/eta, beharrezkoa izanez gero, giza baliabide eta sostenguak edo/eta material gehigarriak edo arruntez bestelako batzuk eskura jartzea muga funtzionalen bat edo desgaitasunen bat duten herritarrei, herritar horiek beren eskubideak berdintasun baldintzetan balia ditzaten Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan.
e) Aukera berdintasuna sustatzea: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen kalitate planak egokitu eginen dira, desgaitasunak dituzten herritarrek aukera berdintasuna bermatua izan dezaten; horretarako, bereizkeria ezaren eta erabilerraztasunaren gutxieneko arauak jasoko dituzte planetan, eta kalitate adierazleak eta jardunbide egokiko gidak garatuko dituzte.
f) Aldez aurreko jarduketak zuzentzea: desgaitasunak dituzten pertsonen aukera berdintasuna zuzenean edo zeharka urratzea dakarren edozein arau, irizpide, jarraibide, jarduketa, jardunbide edo erabaki ezabatzea. Ondorio horietarako, zeharkako bereizkeria dagoela ulertuko da lege edo erregelamendu mailako xedapen batek, hitzarmen edo kontratu bidezko klausula batek, banakako itun batek, alde bateko erabaki batek edo irizpide edo jardunbide batek, nahiz itxuraz neutroa duen ingurune, produktu edo zerbitzu batek, desgaitasuna dela eta, desabantaila eragiten ahal diotenean pertsona bati beste batzuen aldean; betiere, ez badaude, objektiboki, helburu legitimo baten atzean eta helburu hori lortzeko baliabideak egokiak eta beharrezkoak ez badira.
g) Eragin bereizle txikiena: muga funtzionalak dituzten herritarren eta gainerakoen arteko eragin bereizlea gutxitzeko joera, halako moduan non erabilerraztasun unibertsala bermatzeko helburuz hartzen diren neurriak ezartzeko, baliabide erabilerrazak jarraibide orokorra izanen diren eta, ahal dela, ez den bikoizketarik izanen baliabide estandarizatuen eta beste alternatibo batzuen artean.
h) Arrazoizko kostua eta ahalegina: arrazoizkotasuna, erabilerraztasun unibertsaleko neurrien ezarpena eta inplementazioa baloratzeko parametro gisa, hau da, ezarpen edo inplementazio horrek ekarriko lukeen ekonomia, giza eta teknika arloko ahaleginaren eta aurrekontu eta material erabilerrazaren arteko arrazoizko ponderazioa, muga funtzionalak dituzten balizko erabiltzaileei erabilerraztasunean ekarriko liekeen hobekuntzari edo haiek ez hartzeagatik sortuko litzatekeen bereizkeriari begira.
3. artikulua. Administrazio prozedurak.
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen eremuan, administrazio prozeduren tramitazioak erabilerraztasun unibertsala bilatuko du herritarrek Administrazioarekin dituzten harremanetan, aukera berdintasunaren eta bereizkeria ezaren printzipioei jarraituz desgaitasun edo muga funtzionalaren kasuan. Horretarako, hurrengoak bezalako neurriak hartuko dira:
1. Herritarrek beti izanen dute aukera, herritarren erabilerraztasun unibertsalaren araberako baliabide egokituak erabiliz, herritarrentzako arreta bulegoetan informazioa lortzeko eta prozedurak tramitatzeko, foru dekretu honi jarraituz, desgaitasuna dela-eta trabarik gabe, bai gaia kudeatu behar duen berariazko bulegoa egokituz, bai bulego horren eta egokituta dauden eta jendeak identifikatzen dituen beste batzuen artean koordinatuz, edo baliabide tekniko egokien bitartez, halako moduan, non herritarrek beti erabiltzeko erraz aurkituko baitute zuzeneko arreta.
2. Betiere, Nafarroako Foru Komunitateko eta haren erakunde autonomoetako informazio guneak eta arreta eta erregistroko bulegoak izanen dira, berariaz egokituak herritarrek izan ditzaketen muga funtzionalei edo desgaitasunei.
3. Eskabidean, eskaeran, errekurtsoan, kexan edo, oro har, administrazio prozedura tramitatzen hasteko idazkian edo geroagoko batean, desgaitasunen bat duten herritarrek inguruabar hori adierazteko eskubidea izanen dute eta, horrenbestez, aurrerantzean hura kontuan har dakien eskatzeko prozedura horretako administrazio harremanetan; orientazio gisa, Administrazioarekiko komunikazioetan beharko lituzkeen egokitzapenak adieraziko ditu, eta hark egokitzapen horiek ezarriko ditu, foru dekretu honetan ezarritakoari jarraituz; betiere, arrazoizko egokitzapena egiteko ahalegina dela ulertuz.
4. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak telefono bidezko informazio eta orientazio eskaintza erabilerraza indartuko du, muga funtzionalak dituzten herritarrei Administrazioarekiko harremanak errazteko.
5. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak bere administrazio prozeduren tramitazio elektronikorako edo telematikorako eskaintza sustatuko du, haiek erabilerrazagoak izan daitezen desgaitasunak edo muga funtzionalak dituzten herritarrentzat. Web orrialdeen diseinua eta edukia eta eskaintzen den tramitazioa, sinadura elektronikoaren sistemak barne, ez dira, desgaitasuna dela eta, bereizkeria elementurik izanen.
II. KAPITULUA. ERABILERRAZTASUNA HERRITARRENTZAKO ARRETA BULEGOETAN
4. artikulua. Herritarrentzako arreta bulegoak zein diren.
1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen bulegoak, herritarrekin zuzeneko harremanak izateko direnean, ahal den heinean, jende ororentzat erabilerrazak izateko moduan behar diren baliabide eta neurriez hornitzea galarazi gabe, horretarako bereziki egokitutako bulego batzuk ezarriko dira, haien bitartez errazagoa izan dezaten muga funtzionalen bat duten herritarrek aipatu entitateekin harremanak izatea.
2. Alde horretatik, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, Lehendakaritza arloko eskumena duen kontseilariaren foru agindu baten bitartez, eta aurretik zerikusia duten departamentuekin kontsultatuta, erabakiko du zein bulego egokitu beharko diren foru dekretu honetan aurreikusitako baldintzetara, batez ere herritarrekin zuzeneko harremanetan aritzeko direlako, eta haien zerrenda argitaratuko du, eskaintzen duten erabilerraztasun maila adierazita; zerrenda hori beti eguneratuta egonen da, jendaurrean eta erraz erabiltzeko formatuan, Nafarroako Gobernuaren web gunean. Zerrenda horretan erabilerraztasun unibertsala emateko bereziki egokituta dauden jendearentzako informazio eta arreta bulegoak ere zehaztuko dira; puntu zentralizatu gisa balio beharko dute eskaera egiten duten muga funtzionalak dituzten herritarrentzat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekin eta haren erakunde autonomoekin dituzten harreman guztietan.
5. artikulua. Herritarrentzako arreta bulego edo barrundegien kokalekua eta kanpoko seinaleak.
1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eta haren erakunde autonomoek desgaitasunak dituzten pertsonak sartzeko moduko inguruneetan jarriko dituzte funtsean herritarren arretarako diren bulego edo barrundegiak eta, nagusiki, erabiltzaileen erabilerraztasun unibertsala bermatzeko bereziki egokituta daudenak.
2. Aurreko atalean xedatutakoaren ondorioetarako, bulego horien kokalekuari buruzko erabakiek honako gomendio hauek izanen dituzte kontuan:
a) Lehentasunez eta ahal den aldiro, bulegoa bide publikoaren maila berean kokatuko da. Bestela, sartzeko arrapalak edo igogailuak izan beharko ditu, desgaitasunak dituzten pertsonek beren kasa eta segurtasunez erabiltzeko moduko ezaugarriak dituztela.
b) Bulegoak kanpotik behar bezala ikusteko seinaleak izan beharko ditu, aise identifikatzeko moduan. Adimen desgaitasunak edo ulertzeko arazoak dituzten pertsonek atzeman eta ulertzeko moduko diseinua izan beharko dute seinaleek, eta idatzita zein piktogramen bidezko informazioa emanen dute; ahal dela, mezu laburrak eta errazak izanen dira, eta ikur bateratuak, oro har ezagunak eta ulergarriak, erabiliko dira. Seinaleetan kontraste handia izanen da koloretan edo testuran, mezuaren eta atzealdearen artean, eta, ahal denean, ukimenerako informazioa erantsiko zaie.
c) Bulegoa bide publikoarekin, ondoko zerbitzu eta eraikinekin eta aparkalekuekin lotzen dituen ibilbideetako batek erabilerraza izan beharko du hiri ibilbide erabilerrazerako ezarritako baldintzen arabera.
d) Herritarrentzako arreta bulegoek, aparkatzeko tokiak izanez gero, behar adinako kopuru bat, behar bezalako seinaleekin, izan beharko dute mugikortasun murriztuko pertsonentzat soilik, eta neurri egokiak izanen dituzte ibilgailuetan atzetik eta alde batetik sartzeko; gainera, ibilbide erabilerrazak bermatuko dira aparkatzeko tokien eta bulegoaren artean.
3. Ibiltari edo anbulanteak direlako edo, zerbitzuaren arrazoiak direla eta, administrazio bulego edo ingurune finkatu batetik kanpo behin-behinekoz prestatzen direlako, espezialitateak dituzten herritarrentzako arreta bulegoei beharrezko berezitasun edo salbuespenak aplikatuko zaizkie; betiere, ez dute eskubide galerarik ekarriko desgaitasunak dituzten pertsonentzat eta, ahal dela, arreta gehigarria emanen zaie herritarrentzako zerbitzuen erabilerraztasun unibertsala lortzeko egokiak diren baliabide pertsonal edo teknikoen bidez.
6. artikulua. Bulego edo barrundegietako sarbidea.
Muga funtzionalak dituzten pertsonek erabiltzeko moduan diseinatu beharko dira herritarrentzako arreta bulego eta barrundegietako sarbideak, batez ere ateei, interkomunikadoreei eta abisu edo deien sistemei dagokiena, eta gomendio hauek hartuko dira kontuan:
a) Sarrerako ate ondoko eremuak, kanpotik zein barrenetik, horizontala izan beharko du eta trabarik gabea, aukera eman beharko baitie muga funtzionalak dituzten erabiltzaileei atera hurbildu eta beren kasa irekitzeko, salbu lagunak eta haien laguntza behar dituztenen kasu bereziki larriak.
b) Lurzorua dena bat izanen da kanpoan eta barrenean, lurzoruko elementu oro kenduko baita, hala nola, ura biltzeko kanaletak, kableak, oin-zatarrak, eta abar. Elementu horiek izatekotan, zoladuraren arrasean egonen dira.
c) Sarrera nagusiaren ondoan, ahal dela atearen eskuinaldean, kartel batean adieraziko dira atariaren zenbakia eta letra, erabileraz gain, interes orokorreko eraikinen kasuan. Kartel horiek kontraste ona izanen dute, atzealdearen eta mezuaren testura edo kolorea ongi bereizita dituztela, eta altuera egokian jarriko dira. Idatzitako mezuari informazio osagarria gehituko zaio, piktograma erraz eta jende orok ulertzeko modukoetan. Haren informazioa edo behar adinako laburpena braille sisteman eman beharko da, edo erliebean, aise aurkitzeko tokian.
d) Interkomunikadoreak eta abisu edo dei egiteko sistemak erabilerrazak izanen dira haietaz baliatzeko modalitateagatik (testua, ahotsa eta argi bidezko abisuak), tamainagatik, kontrasteagatik, kokaeragatik eta altueragatik.
e) Sarrerako ateak erabiltzaileek baliatzeko modukoak izanen dira, haiek irekitzeko sistema, gidariduna edo zabukaria, pasatzeko uzten duten tartearen dimentsioak, ireki-ixteko mekanismoak eta irekitzeko maniobran egin beharreko indarra kontuan hartuta.
f) Ate automatikoek aurreko puntuan adierazitako zehaztapenak bete beharko dituzte eta, gainera, jendea jotzeko edo harrapatuta gelditzeko arriskuak kentzen dituztenak.
g) Haizetik babesteko ateak direnean, erabiltzaileek maniobratu, hurbildu eta ateak irekitzeko adinako tokia izan beharko dute.
h) Ateek kristala edo beira dutenean, haiek jota ez hausteko moduan babestuko dira; seinaleztatzeko, bi zerrenda horizontal, 20 cm zabal, gainazalaren gainerakoarekin eta atzealde gardenarekin kolore kontrastea egiten dutenak, jarriko dira argi aldaketak kontuan hartuta; lehena 90 cm eta 100 cm arteko altueran ezarriko da, eta bigarrena 130 cm eta 140 cm arteko altueran. Gainazalean distira egiten duten kristalak ez dira jarriko.
i) Barreneko argiztapenak uniforme izatera joko du, eta kanpotik barrundegira sartzen dena itsutu ez dadin bilatuko da.
7. artikulua. Herritzarrentzako arreta bulegoetako harreralekua.
Herritarrentzako arreta bulegoetako harreralekua eta harrera sistemak, atondoak eta sarbidea eta segurtasuna kontrolatzeko sistemak bereziki, desgaitasunak dituzten pertsonek erabiltzeko moduan antolatu beharko dira, eta gomendio hauek hartuko dira kontuan:
a) Sarbidea kontrolatzeko sistemak ez dira trabagarri izanen ibiltzeko arazoak dituzten edo gurpil-aulkiak erabiltzen dituzten pertsonentzat, ezta mugitzen laguntzen dieten beste gailu batzuk, hala nola, itsu-zakurrak edo laguntza-zakurrak edo mugitzeko makila, erabiltzen dituztenentzat. Gailu pertsonal elektromagnetikoentzat ere, hala nola, pauso-markagailuentzat eta entzuteko protesientzat, ez dira trabagarri izanen.
b) Segurtasun sistemak edo sarbideko kontrolak gurpil-aulkian dabiltzan pertsonei iragaten uzteko adinako dimentsioak ez dituenean, beste neurri edo baliabide batzuk aurreikusi beharko dira kontrol hori iragateko, pertsona horrek bere laguntza teknikoarekin jarrai dezan.
c) Segurtasun sistemek behar bezala seinaleztatuta egon behar dute eta argibide zehatzak eman behar dituzte zer egin jakiteko kasu partikularretan, hala nola, gurpil-aulki, entzuteko protesi edo pauso-markagailuekin, eta muga funtzionalak dituzten erabiltzaileei haiek iragaten lagunduko dieten langileak behar dituzte ondoan.
d) Harreralekuko atondoa erabiltzaileei orientatzen laguntzeko moduan antolatuko da. Ondorio horietarako, ikusteko eta ukitzeko seinaleak jarriko dira eraikinaren gune eta erabileretan eta komunikazio bertikaleko guneetan sartzeko ibilbideetan, baita higiezineko sarrera eta irteeretan ere. Ikusmen-adierazleek aurreko artikuluko c) atalean araututako seinalizaziorako ezaugarriak izanen dituzte.
e) Bulegoak itxaron eremua badu, bertako altzariak ororendako diseinuko irizpideen araberakoak izanen dira.
f) Bai jendearentzako eremuetan, bai korridore eta iragateko eta komunikatzeko bideetan zein ebakuazioko bide eta irteeretan, muga funtzionalak dituen jendea, gurpil-aulkiak edo itsu-zakurrak pasatzea galarazi edo zailtzen duten altzaririk ez da jarriko, ezta edozeinek, dauden tokian daudelako edo diren bezalakoak direlako, aise ezin detektatu edo identifika dezakeen gauza edo apaingarririk ere; izan ere, osasunerako arriskutsuak izan daitezke.
g) Eremu batzuen eta beste batzuen arteko argi aldaketa bortitzak saihestu behar dira, ez daitezen erabiltzaileak itsutu eta ez dezaten egokitzapen epe luzerik behar. Itsutze indize bateratua (UGRL) ez da 25 bainoa handiagoa izanen zirkulazio eremuetan, ezta 22 baino handiagoa ere egonlekuetan. Argiztapenak homogeneoa izan beharko du eta ez du jendea itsutuko edo distirarik sortuko; argiztatze artifiziala erabiltzeko eskatzen ahalko da. Horrexek 100 lux bermatu beharko ditu barreneko gainazal horizontaletan, 150 eta 200 lux artean eskailera, arrapala eta korridoreetan, 300 eta 500 lux artean egonlekuetan eta 1.000 lux begiak xehetasun txikiekin lan egin beharreko tokietan.
8. artikulua. Herritarrentzako arreta bulegoetako zoladura.
Herritarrentzako arreta bulegoko azalera guztian erabiltzen diren zoladurek ezaugarri hauek izan beharko dituzte: halako egonkortasun eta gogortasun bat, lehorrean eta bustian ez irristatzeko ezaugarria, piezaren beraren zimurtasuna bakarrik, itsutze eta distirarik ez, informazioa behar bezala transmititzea eta garbitzeko erraztasuna, ezaugarri tekniko hauek kontuan hartuta:
a) Administrazio bulegoko azalera osoa hartzen duen zoladurak egonkorra eta gogorra izan behar du, elementu solterik gabe, eta behar bezain erresistentea, elementu pisutsuek, gurpil-aulkiek edo desgaitasunak dituen jendea eramateko ibilgailu gurpildunek zirkulatu eta herrestan eraman ahal izateko, deformaziorik sortu gabe.
b) Bulegoaren azalera osoan jendea harat-honat ibiltzeko aurreikusitako azaleretan jarriko diren zoladurak ez dira irristagarriak izanen.
c) Modu berean, eskailera eta arrapaletan jarritako zoladurak ez du irristagarria izan behar. Eskailera koska guztietan, oina pausatzeko gainazalean, zerrenda irristagaitz bat, 5 cm zabal, jarri beharko da ertzetik 3 cm-ra, beste kolore eta testura batekoa, zoladuraren aldean. Zerrendak ez dira ertzetik kanpora aterako, behaztopa ez egiteko. Eskailerak non dauden jakiteko eta haietara aiseago heltzeko, lehen koska baino lehenago eta azkena baino atzerago, testura eta kolore nabarmeneko zerrenda adierazgarri bat jarri beharko da, 60 cm zabal, gutxienez ere. Eskudela ere jarri beharko da koskak edo maldaren bat duten ibilbidetan, eskailera eta arrapala guztien alde batean, gutxienez ere; eskudelak aise ikusteko modukoa izan beharko du kontrasteagatik eta erabiltzaileei hari behar bezala heldu eta lerratzen utziko dien azalera eta forma egokia izanen ditu; eskudelak 85 eta 100 cm arteko altueran egonen dira, malda-lerroaren gainetik, 4 cm-ko tartea dutela hormara, eta 30 cm luzeago, gutxienez ere, bai lehen koskaren ertzetik, bai eskailera tarte bakoitzeko azken koskatik harago.
d) Zoladurak estaltzeko erabiltzen diren elementu guztiek, hala nola, alfonbrek eta moketek, besteak beste, zolari finkatuta egon beharko dute, haren gainean irristatu gabe. Ez dute elementu gurpildunen mugimendua galarazi behar. Zolaren eta elementu horien artean aire-poltsarik sortzea ere galarazi behar da, baita haien ertzak altxatzea ere, ez dezaten erabiltzaileek behaztopa egin eta erori.
e) Zoladuraren gainazalak uniformea izan behar du eta ibiltzea, gurpilak biratzea edo horretarako prestatutako objektuak mugitzea (gurpil-aulkiak, orgak edo antzekoak) zailtzen duten irregulartasunik gabe.
f) Lurzoruan egindako irekidura eta hutsune guztiek (aire irteerak eta antzekoak) ondoko zoruaren maila berean izan beharko dituzte ixteko elementuak, eta oinatzek, sostenguko elementuek edo gurpilek ez deformatzeko adinako erresistentzia duten materialez fabrikatuko dira. Haien gainean ibiltzeko diren gainazaletan egon daitezkeen irekidura eta zuloek (estalkiak, saretak, tronadurak edo antzekoak) ez dute arriskurik sortuko haietan harrapatuta gelditzeko, sostenguko ohiko elementuak barne (bastoiak, makuluak, taka-takak) eta gurpilei biratzen utziko diete. Elementu horien hutsuneen neurriak egokiak izan beharko dira, ez dadin haietan bastoi, makulu edo antzekoen muturrik sartu eta trabatuta gelditu.
g) Herritarrentzako arreta bulegoko azalera osoan erabiltzen den zoladurak ez ditu erabiltzaileak itsutuko argi-iturriak islatzeagatik; orobat, nahasmena edo desorientazioa eragin dezaketen distirak saihestuko dira. Horretarako ez da zoru distiratsu, ispilu erako edo oso leundurik jarriko.
9. artikulua. Barreneko seinale erabilerrazak.
Barreneko seinaleak sarreratik hurbil egonen dira, edo aise aurkitzeko moduan, barrundegiaren erabilera eta ezaugarriak eta hurrengo gomendioak kontuan hartuta:
a) Informazio grafiko iraunkor, aldi baterako edo dinamikoaren panelak ibileraren norabidean, paraleloan, kokatuko dira eta, ahal dela, horma edo azalera bati atxikita, halako moduan non ez ditzan ezerk ezkutatu, ez jende multzoek, ez ate irekiek edo altzariek edo elementu apaingarri edo dekoratiboek. Ez dira kristalez babestuko, eta aise hurbiltzen ahalko da haietara zer dioten ikustera.
b) Informazioaren edukia laburra, oinarrizkoa eta ikur errazez hornitua izanen da, aise ulertzeko modukoa, eta azaleko informazioa eta mezuaren oinarrizko ulermena zaildu dezakeena saihestuko da.
c) Informazio garrantzitsua hiru zentzumenetatik -ikusmena, entzumena eta ukipena (goi-erliebea edo braille)- bitarako, gutxienez ere, emanen da, ikusteko eta entzuteko desgaitasuna dutenek ere osorik jaso dezaten.
d) Bistarako seinaleek ikur edo karaktere grafikoak izanen dituzte; ahal dela, nazioarteko ikur estandarrak, aiseago ulertzen baitira. Seinalea eta ingurunea bereiziko dira. Kontraste handieneko koloreak erabiliko dira irudiarentzat eta atzealdearentzat, testuan eta euskarrian, euskarrian eta paramentuan, ateetan eta aldabetan, eskudeletan eta mekanismoetan; letrak edo zenbakiak ez dira kontrastea mugatzen eta bereizten zailtzen duten ilustrazio edo argazkietan jarriko.
e) Entzuteko protesiak daraman jendeari arreta emateko, seinale akustikoak entzuteko moduko maiztasun eta intentsitate ez gogaikarri bati egokituko zaizkio, eta ikusteko eta entzuteko arreta-seinale bat erabiliko da mezuaren aurretik.
f) Entzuteko moduko mezuen soinu-presioaren mailak hondo-maila, gutxienez ere, gainditu behar du; megafonian soinu-maila apala bilatuko da, baina gelan edo eraikinean ongi banatua banda zabaleko bozgorailu askoren bidez, ongi banatuak horiek ere; mezu aurretik, arreta-seinalea erabiliko da.
g) Audifonoak daramatzaten pertsonek ahalik eta hobekien entzun dezaten beharrezkoak diren indukzio magnetikoko begizten eta eremu magnetikoaren anplifikadoreen menpe egonen da megafonia.
h) Megafoniaz ematen den informazio guztia ongi ikusteko moduko testua duten paneletan ere erakutsi behar da, eta alderantziz.
i) Ukitzeko seinaleek testura zimurtsua izanen dute, eta karaktere edo ikurrak goi-erliebean eta braillen egonen dira.
j) Zenbakia hartzeko sistemek edo txandetarako ezarritako edozein sistemak guztiz erabilerrazak izan behar dute, non dauden jakiteko eta maneiatzeko, eta aurkitzeko eta ahotsa entzuteko baliabideak izan behar dituzte informatzeko.
k) Abisu emateko sistemak, alarmak edo arriskuaren abisuak barne, aldi berean abiatu behar dira, aise ulertu eta ezagutzeko moduan entzun eta ikusten diren baliabideen bitartez.
l) Bulegoko langileek behar den laguntza emanen dute, sentitzeko edo/eta ezagutzeko mugak dituzten erabiltzaileek sorosteko eskatuz gero, prestatu diren neurri erabilerrazak haientzat nahikoa ez direnean. Laguntza hori ematerakoan, langile horiek lokalizatzea edo/eta haiengana jotzea ez da oztopo bat izanen, laguntzaren beharra duen jendearentzat.
10. artikulua. Herritarrentzako arreta guneak.
1. Arreta guneak aise aurkitzeko moduan kokatuko dira, eraikinean zirkulatzea oztopatu edo zailtzen ez dutela. Arreta emateko langileak egon edo erabiltzaileak berak bere kasa kudeatzen duen informazio gunea izan, erabiltzaile guztiak hurbildu eta erabili ahal izateko moduan diseinatuko da gune bakoitza.
2. Informazio edo kudeaketako mostradore eta mahaien altuerak era guztietako erabiltzaileak hartzeko moduan egokituta egon beharko du. Arretarako mostradore edo mahaiaren zati batek, gutxienez ere, laneko mahai baten altueran egon beharko du, altuera desberdineko jendeari edo gurpil-aulkien erabiltzaileei arreta emateko, eta eserleku bat, gutxienez ere, izanen dute eserita egon behar duen jendearentzat. Zehazki, hartan bermatzeko gainazalaren altuera 74 cm eta 80 cm artekoa izanen da.
3. Mostradoreen eta informazio guneen ondoko zirkulazio eremuak oztoporik gabe egon beharko du, eta behar adinako tokia izan beharko du, gurpil-aulkien erabiltzaileek hurbildu eta maniobratzerik izan dezaten. Zehazki, mahaian edo mostradorean bermatzeko gainazalak oztoporik gabeko behe-eremu bat izan beharko du, 70 cm altu eta 60 cm sakon, gutxienez ere.
4. Arretarako mostradore eta guneek ez dute beirarik edo erabiltzailearen eta gune horretako agentearen artean elkarri entzutea eta elkar ikustea galarazten duten oztoporik izanen.
5. Arretarako mostradore eta guneek indukzio magnetikoko begizta sistemak izan beharko dituzte, behar bezala seinalizatuta, entzuteko protesiak daramatzatenek ahalik eta baldintza hoberenak izan ditzaten entzuteko eta ulertzeko.
6. Arreta zerbitzuen integrazioa bultzatu behar da, zerbitzuen leihatila bakarreko sistema ezarrita, joan-etorriak saihesteko eta administrazio kudeaketak errazteko.
7. Telefono bidezko informazioa duten guneek eta herritarrentzako telefono bidezko edozein zerbitzu motak testu bidezko telefonia, faxa eta, teknikoki ahal bada, bideotelefonia izanen dituzte, ezpainetan irakurtzen laguntzeko. Orobat, langileek prestakuntza izan beharko dute, eta haiek nola erabili ongi jakin.
11. artikulua. Arreta pertsonala.
Informazio edo arreta guneetan hura zuzenean ematen duten langileak badaude, kontuan hartuko dira muga funtzionalak dituzten herritarren berariazko ezaugarriak, behar duten arreta emateko orduan. Era horretan:
a) Langileak hizkuntza erraza erabiltzen saiatuko dira eta azaleko informazioa saihesten, erabiltzaileak entzuteko gaitasunean mugak dituenean edo adimen desgaitasuna edo hizkuntza zailtasunak edozein arrazoirengatik, hizkuntza gutxi menperatzea barne. Kasu horietan, hitzezko komunikazio lasaia bilatuko da, ahoskera markatuz. Hobe da aurkezpena egitea elkarrizketa hasi baino lehen, eta tarte eta itxaronaldi luzeak egitea, eta mintzakideak mezua ulertu duela segurtatzea azalpena jarraitu aurretik, jakin nahi duen guztia galdetzeko aukera ematea, horretarako behar diren baliabide guztiak erabiliz, hala nola, idaztea, keinuak eta komunikatzeko beste sistema batzuk, zein den kasua.
b) Entzuteko desgaitasuna duten erabiltzaileen aurrean, enplegatuek, aurreko atalean aurreikusitakoaz gain, mintzakidea bistatik ez galtzen saiatuko dira eta, ahal dela, ezpainen mugimenduak markatuko dituzte, behar bezala eta poliki ahoskatuz, begietara zuzenean begiratuz eta ahoa libre izanik, ezpainetan irakurtzea zailtzen duten oztoporik gabe.
c) Ikusteko, ezagutzeko edo mugitzeko desgaitasuna duten herritarren aurrean, eta haiek eskatuta, enplegatuek kudeaketak erraztuko dizkiete, laguntza emanen baitiete kudeaketak egiteko eskatzen zaizkien inprimaki, orri edo gainerako dokumentuak irakurtzeko edo/eta betetzeko orduan, baita eraikinean barna mugitzeko eta arreta guneak edo beste toki batzuk aurkitzeko ere.
d) Herritarrei zuzeneko arreta emateko bereziki egokitutako bulego batzuetan arreta eta orientazio zerbitzu erabilerraza prestatuko da gaztelaniazko zeinuen hizkuntzan; horrexek bulegoko arreta guneekiko komunikazioa erraztuko du, hari buruzko informazio orokorra emanen du eta interesdunaren beste gai batzuen kudeaketa erraztuko du gai horiek zerbitzu hori ezarrita ez duten beste bulego batzuetan tramitatzen direnean. Ahal dela, hiru bandako mekanismo interaktiboak jarriko dira, pertsonei aurrez aurreko arreta emateko zeinuen hizkuntzaren bidez; modu horretan, haiek interprete batekin komunikatuko dira eta hori telefonoz edo telematika bidez behar diren teknikariekin, eta jasotako informazioa zeinuen hizkuntzaren bidez itzuliko zaio erabiltzaileari. Zenbait bulegotan ezarritako arreta gune eta sistema horiek zeinuen hizkuntza eskatzen duten erabiltzaileei arreta emanen diete Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekin eta haren erakunde autonomoekin dituzten harreman guztietan, hori balizkoa den heinean.
e) Herritarrentzako arreta zerbitzuak emateaz arduratzen diren Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako langileen prestakuntzan, kontuan hartuko dira bereziki desgaitasunen ezagutza eta haien ondorioak arreta zerbitzuen garapenean, desgaitasunak dituztenekiko tratuan eta hartu-emanetan eta tratu hori errazten duten baliabide laguntzaileen erabileran.
f) Arreta telefonoz ematen denean eta mintzakideak muga funtzionalak dituenean entzuteko edo hitz egiteko gaitasunean edo ulertzeko zailtasunak dituenean, ona da poliki hitz egitea eta behar bezala ahoskatzea, mezua ahalik eta argiena izan dadin, eta mintzakideari ohikoei baino denbora gehiago ematea erreakzionatzeko eta komunikatzeko.
g) Arreta hartzen duen pertsonak teknikak erabiltzen baditu komunikatzeko, haiek erabiltzen utziko zaio beti, erabiltzailearen eta arreta ematen dioten langileen arteko komunikazio harremana aiseago egin dadin.
h) Tramitea, kudeaketa edo kontsulta egin behar duenak, eta bereziki desgaitasunen bat duelako edo adinekoa delako, laguntzaileren bat behar badu, hari sartzen utziko zaio. Informazioak, tramiteak edo kudeaketak isilpeko datuetan sartzea edo haiek zabaltzea ekartzen badute, inguruabar hori ohartaraziko zaio pertsonari, eta laguntzailerik badu, hura aurrean egotea nahi duen edo ez galdetuko zaio.
i) Beti onartuko dira desgaitasunak dituzten pertsonen itsu-zakurrak eta laguntza-zakurrak, ez dira behar dituen pertsonarengandik banatuko, eta ez dira gogaituko, ezta distraituko ere.
12. artikulua. Informazio eta arretarako sistema interaktiboak.
1. Langileen zuzeneko ardura ez duten informazio edo arreta guneek informazio osagarri erabilerrazeko sistemak izanen dituzte, hala nola, tamainaz eta kontrastez erabilerrazak diren panel grafikoak, ikus-entzunezko sistemak edo/eta ukimen-planoak.
2. Informazio osagarriko sistemak taxutzean, gomendio hauek hartuko dira kontuan:
a) Kokalekua erabilerraza izanen da eta aise aurkitzeko modukoa.
b) Era guztietako jendeak erabilera normalizatua egiteko egokiak diren altuera eta gainerako neurriak izan beharko ditu, zein den ere jende horren desgaitasuna edo altuera; interakzio erregularra duela segurtatuko da erabiltzeko zailtasunak dituen jendearekin.
c) Formatu gisa testuan ematen den informazio guztia soinu bidez ere eskaini behar da.
d) Soinu bidezko informazio guztia testurara aldatuta ere eskaini behar da.
e) Erabiltzen diren ikus-entzunezko gailuek entzumen-seinalea anplifikatzeko eta hobetzeko sistemak izan beharko dituzte.
f) Soinu bidezko mezuak behar dira, aktibatutako ekintza guztiak berresteko.
g) Aginteek, teklatuak eta botoiek kontraste handiko etiketa edo ikonoekin, letra handiekin, goi-erliebean eta braillen, egokituta egon beharko dute.
h) Pantailek ez dute islarik eginen eta kontraste ona izan beharko dute, eta erabiltzaileak ohikoa baino gehiago hurbiltzen ahalko dira haietara.
i) Informazioak argia izan behar du, aukera gehiegirik gabe pantaila berean, eta erantzuteko denbora luzea eman behar du.
j) Ukimen-pantailek beste sistema bat izanen dute informazioa eskuratzeko hura behar duen jende guztiarentzat. Sistema hori informazio aukera desberdinen oharrean oinarrituko da, eta ezkerraldean eta behean, “erabilera erraza” dioen etiketa duela, eremu bat ukitzean aktibatuko da; behin sakatutakoan, jarraibide laburrak emanen ditu sistema erabiltzeko moduari buruz.
k) Ordenagailuak edo ordenagailu baten ezaugarriak dituzten informatika inguruneetako terminalak jendeari eskaintzen zaizkionean, ordenagailu edo terminaleetako batek honako hauek izanen ditu: teklatu egokitua, erabiltzaileari hurbiltzen ahal zaion pantaila handia eta ahotsa sintetizatu eta pantaila handitzeko programak eta kontraste handia, ordenagailu edo terminalen erabilerarekin bateragarriak diren programa eta eginkizunekin. Kurtsorearen ikurra eta saguaren posizioa pantailan nabarmendu beharko dira, tamaina eta kontraste handiz erakutsita.
13. artikulua. Larrialdi eta segurtasun egoerak.
Herritarrentzako arreta bulegoetan erabiltzaile guztien babesa segurtatu beharko da larrialdietan, hala nola, sutea dagoenean, higiezinaren diseinuan eta kudeaketan integratutako neurriekin eta beste neurri osagarri batzuekin; bereziki:
a) Sutea izanez gero, ebakuazio horizontala bultzatuko da gune seguruetara, laguntza espezializatuaren zain, mugikortasuna murriztua dutenak eraikinetik ateratzeko; gune segurutzat jotzen da higiezina horizontalean sektorizatzen denean, halako moduan non sektore bakoitzak bi irteera gutxienez dituen aterpe eremuetara, haietatik ebakuazio bertikal babestuko bideetara jotzeko. Aterpe horiek, gutxienez ere, suaren aurrean babestuta egon beharko dute, eraikinaren edo barrundegiaren edukiera idealarekin bat datorren erabiltzaile kopururako tokia izanen dute eta kanpoko interkomunikadore bat babes zerbitzuekin.
b) Ebakuatzean laguntza emateko aukera altueragatik mugatua dagoen eraikinetan, babes zerbitzuek soilik erabiltzeko larrialdietako igogailuak jarri beharko dira, mugikortasun murriztua duen jendea ebakuatzen erabiltzeko.
c) Irteera, ebakuazio bide, sua itzaltzeko sistema eta abarren larrialdietako seinaleetan, “SIA” ikurraren bidez adieraziko dira ibilbide eta elementu erabilerrazak.
d) Alarma sistemetan mezua soinuz eta irudiz (argiak, errotuluak, eta abar) emanen da, erabiltzaile guztiek jasotzen dutela bermatzeko.
e) Alarmako eta itzalgailuetako pultsadoreak jende guztiak erabiltzeko moduan kokatu beharko dira.
f) Jende guztiaren ebakuazioa behar bezala kudeatzeko larrialdi planek aurretik ezarritako diseinuko neurri horiek guztiak jaso behar dituzte eta, gainera, beste neurri aktibo batzuk, hala nola, langileen prestakuntza, zereginak esleitzea eta simulakroak, besteak beste.
14. artikulua. Eremu higienikosanitarioetako erabilerraztasuna herritarrentzako arreta bulegoetan.
Eremu horietan sartzea, barrenean mugitzea eta haiek erabiltzea egin daitezkeen gauzak izan behar dira eraikina erabiltzen duen jendearentzat, desgaitasuna dutenak barne, eta haien diseinuak ezaugarri tekniko hauek izanen ditu kontuan:
a) Gutxienez ere, eremu higieniko-sanitario erabilerraz bat izanen da, bulegotik sartzeko. Komun unitate edo gune erabilerrazak egon daitezke, partekatuak edo sexu bakoitzerako, eta sistema horien konbinazioa ezartzen ahalko da administrazio-bulego baten komun gune desberdinetan, nahiz komun guztiak egokitzea den hobesten den jarraibidea, egokituta daudenak eta ez daudenak bereizi gabe. Ahalik eta txikienak izanen dira eremu higieniko-sanitarioetarainoko ibilbideen tarteak. Komun erabilerrazak eraikineko komun guneetan egonen dira, aiseago aurki daitezen.
b) Eremu higieniko-sanitarioak beti prest egonen dira erabiltzeko, eta ez dira beste ezertarako izanen.
c) Ateek behar adinako zabalera izan beharko dute pasatzeko, 85 cm gutxienez ere, eta 2,10 m-ko altuera bederen. Komun egokituaren atea kanpora irekiko da, edo ate gidariduna ezarriko da.
d) Ate horrek ixteko gailu bat izanen du, komuna libre ote den kanpotik jakiteko balioko duena. Atea irekitzen duen burdineriari erraz eraginen zaio eta manipulatuko da; eskuak mugitzeko arazoak dituzten pertsonek erabiltzeko moduko diseinua eta tamaina izanen ditu ateko eskulekuak. Kontraste handia izanen da eskulekuaren eta atearen koloreen artean, baita atearen eta paramentuaren koloreen artean ere.
e) Komunek halako tamaina izanen dute, non zilindro bat, 150 cm-ko diametroa duena gutxienez ere, sartuko baita oztoporik gabe; horrela gurpil-aulkiaren erabiltzaileak biraketa osoa egiten ahalko du; dutxarik badu, zintarririk gabeak izanen dira, baita desnibelik gabe ere zoladuran, ez dezaten aparatuak sartzea galarazi.
f) Pieza osagarriak aise heltzeko eta manipulatzeko altueran ezarriko dira, eta ikusmena murriztua duten erabiltzaileek aise aurkitu eta identifikatzeko moduan.
g) Komuneko aparatuak beste kolore batzuetakoak izanen dira lurzoruaren eta paramentu bertikalen aldean. Hobe da zorua kolore argikoa izatea, uniformea eta bestelako kolore batekoa gainerako elementuen eta paramentu bertikalen aldean, erortzen diren gauzak non dauden aise atzemateko.
h) Argiztapenak ez du espazioa desitxuratzen duen edo jendea itsutzen duen distirarik sortuko eta begi zolitasun gutxiko erabiltzaileak ez itsutzeko adinakoa izanen da.
i) Eremu batzuen eta beste batzuen arteko argi aldaketa bortitzak saihestu behar dira, ez daitezen erabiltzaileak itsutu eta ez dezaten egokitzapen epe luzerik behar.
j) Mekanismo elektrikoak aise kontrolatuko dira. Etengailuak, ahal dela, azalera handia izanen dute sakatzeko, eta biraketakoak edo palankakoak baztertuko dira; kontraste handia izanen dute gainerako elementuekin, non dauden aurkitzen laguntzeko. Zentzuz kokatuko dira, haiei heltzeko altuera egokian. Aise erabili eta aurkitzeko irizpide bakar baten arabera kokatuko dira, eta azpian duten azaleraren bestelako kolore batekoak izanen dira. Sarreratik eta argiztapen puntuala duten guneetatik hurbil jarriko dira, 80 cm eta 120 cm arteko altueran; haien kokaera normalizatuta egonen da eraikin osoan.
k) Entxufeak izanez gero, aise matxinbratzen direnak izanen dira, eta korrontea ireki eta ixteko aukera emanen dute.
l) Argiztapenak jarrai dezan, ez dira bidezkoak denbora kontrolatzen duten mekanismoak, eta hobe dira norbait dagoela detektatzen dutenak.
m) Segurtasuna bermatzeko, ez da mutur eta ertz ebakitzailerik jarriko altzari, aparatu eta pieza osagarrietan, eta larrialdietan sarrailak kanpotik desblokeatzeko sistema bat izanen dute; gainera okupatuta dagoen edo ez adieraziko du.
n) Toki hauek alarma barrenetik transmititzeko sistema bat izan behar dute, eta kokaeragatik, seinalizazioagatik, erabiltzeko moduagatik eta formagatik, erabiltzaile guztiek edozein puntutatik erabiltzeko modukoak izanen dira.
ñ) Sostenguko barrek eta metalezko beste elementu batzuek material isolagarriko akabera izanen dute edo sare ekipotentzialera konektatuta egonen dira.
o) Seinaleztapenari dagokionez, foru dekretu honetan oro har bulegoaren seinaleztapenari buruz 9. artikuluan ezarritako irizpideak hartuko dira kontuan.
Jende orok sexuen arabera erabiltzen direla zalantzarik gabe uler dezan, komunetan piktograma normalizatuen seinaleak jarriko dira, erliebean, kolore kontrastea dutela eta handi samarrak, 140 cm-ko altueran, gehienez ere.
p) Aparatuak diseinatzeko baldintzak:
p.1) Komunontzia: eserlekua 45 eta 50 cm arteko altueran egonen da.
p.1.1. Gurpil-aulkidunen erabiltzaileei alde batetik hurbiltzeko behar adinako tokia bermatzearren, komunontziaren alde batean eremu libre bat izanen da, 80 cm zabal.
p.1.2 Deskargatzeko mekanismoak palankakoak edo azalera handi bat sakatzekoak izanen dira, aise erabiltzeko.
p.1.3. Eserlekua ongi tinkatuta egonen da, mugitu ez dadin, aurrealdetik irekiko da higienea errazteko, eta hobe da kolorez kontrastea egitea aparatuarenekin.
p.2.1. Sostenguko barrak: eremu higieniko-sanitarioetan, sostenguko barrak dira laguntza tekniko fisikoak.
p.2.2. Komunontziaren bi aldeetan eta harengandik tarte bera utzita, alboko bi sostengu barra jarriko dira, 70 bat cm bereizita haien artean; horietako bat gutxienez eraisgarria izanen da, transferentzia egin gogo den aldean.
p.3.1. Konketa: 75 eta 85 cm arteko altueran jarriko da konketa, eta azpian toki librea izanen du, 65 eta 70 cm altu eta 60 cm sakon, gurpil-aulkien erabiltzaileak aurretik hurbil daitezen.
p.3.2. Ahal den aldiro, konketak bastidore baten gainean ezarriko dira, erabileraren altuera erregulatu ahal izateko; elikatzeko hodiak izanen dituzte eta hustubide malguak, termikoki isolatuak.
p.3.3. Toki horien pieza osagarriak haiei aise heltzeko eta aise manipulatzeko altueran eta moduan kokatuko dira.
p.3.4. Txorrotek aginte bakarrekoak izanen dira, helduleku luzekoak edo automatikoak.
p.4.1. Pixatokia: komun bakoitzeko unitate batek, gutxienez ere, 30 cm-altueran izanen du ertza eta azpian 22 cm-tik gorako altuera duen eremu bat libre, haurrek eta garaiera txikiko jendeak erabil dezaten.
p.4.2. Bereizteko manparak ezarriz gero, sakonaren arabera erabakiko da haien arteko tartea; ez da inoiz 80 cm baino txikiagoa izanen, gurpil-aulkien erabiltzaileei hurbiltzen laguntzeko.
15. artikulua. Salbuespenak.
1. Kapitulu honetan ezarritako erabilerraztasunaren eta bereizkeria ezaren baldintzak hein batean salbuesten ahalko dira, bulegoa kokatua dagoen eraikinean edo inguruan azpiegitura kontuak edo ondarea babestekoak gertatzen direnean, materialki edo diru aldetik ezinezkoa egiten dutenak haien aplikazioa. Salbuespen horiek foru agindu batean jaso eta arrazoitu beharko ditu kontseilari eskudunak, hau da, salbuesten den bulegoaren atxikipen organikoari dagokionak.
2. Betiere, artikulu honetan aipatzen diren salbuespenak arrazoizko kostuen eta ahaleginaren printzipioaren araberakoak izanen dira.
III. KAPITULUA. INPRIMAKI ETA DOKUMENTUETAKO ERABILERRAZTASUN BALDINTZAK
16. artikulua. Dokumentu eta inprimaki administratiboen erabilerraztasun unibertsala.
1. Herritarrentzako dokumentu eta inprimakiak eskuratzea bermatuko zaie desgaitasunak dituzten pertsonei erabilerraztasun osoko baldintzetan, bai toki erabilerrazean jarriz, bai langileek laguntza emanez haiek aurkitzeko edo eskuratzeko, muga funtzionalak dituzten interesdunek eskatuta.
2. Desgaitasuna duen pertsonak eskatuta, sostenguko langileek haiek betetzen lagunduko diete; betiere, proposatutako egokitzapenak nahikoa ez badira, laguntza hori eskainiko da.
3. Aurrekoa galarazi gabe, herritarrentzako inprimaki, orri eta dokumentu ororen ereduek jende guztiarentzat erabilerrazak izatea egiten dituzten ezaugarri fisiko eta estetikoak izanen dituzte, karaktere behar bezain handiak izanen dituzte eta aise irakurtzeko moduko tipografian; ona litzateke estiloa makil lehorrekoa izatea, Arial ertainaren antzekoa, tarteak utzita eta atzealdearekin nabarmen, irakurtzea zailtzen duten argazki eta marrazkirik ez dute izanen, eta laukitxoak eta hutsuneak behar bezain erosoak izanen dira, ikusteko edo mugitzeko muga ez larriak dituztenentzat baliagarri izan daitezen. Gomendatzen da letraren tamaina 14 eta 18 puntu artekoa izatea, eta gutxienez ere 12 puntukoa ohar argigarrietarako; letra lodia hobesten da etzanaren aldean, testuaren zatiak nabarmentzeko. Jarraibideak ere letra tamaina eta kontraste egokian aurkeztu behar dira. Gomendatzen da lerroartea lerro eta erdikoa izatea, eta ez da ona bi letra mota baino gehiago erabiltzea (bat tituluentzat eta bestea testuarentzat), eta testuak justifikatuta egon beharko du, lerroaldeen artean tarteak utzita.
4. Paperak distiragabea izan beharko du, gramajeak ez du utziko idatzitakoa beste aldetik ikusten, manipulatzeko erraza izanen da eta tonu uniformea izanen du.
5. Dokumentu eta inprimakiak zuzeneko hizkuntza erraz batean idatziko dira, azaldu gabeko sigla edo laburdurarik gabe. Adimen desgaitasunak edo idatzitakoa ulertzeko arazoak dituzten pertsonei igortzen zaizkien informazio agirien kasuan, bertsio erraztuak eginen dira oinarrizko informazioarekin.
6. Gainera, dokumentuek eta inprimakiek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen web orrialdeetan, formatu elektroniko erabilerrazean, egon beharko dute. Erabilerraztasuna eskaintzen diren dokumentuetarako eta haiek web orrialdean aurkitzeko eta identifikatzeko da. Betiere, testuaren karaktereak karaktere gisa ezagutzen dituen formatuan aurkeztea da formatu elektroniko erabilerraza, eta ahotsa sintetizatzeko programa eta aplikazioak erabiltzeko aukera emanen du.
IV. KAPITULUA. ERABILERRAZTASUNAREN ETA BAZTERKERIA EZAREN IRIZPIDE ETA BALDINTZAK INFORMAZIOAREN GIZARTEAN
17. artikulua. Erabilerraztasunaren irizpideak, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen web orrialdeei edo haren finantzaketa dutenei aplikatzekoak.
1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen Interneteko orrialdeetan eskura daitekeen informazioak erabilerraza izan beharko du adineko pertsonentzat eta desgaitasunak dituztenentzat.
2. Zehazki, haren diseinuak, egiturak eta edukiak ezaugarri hauek izan beharko ditu:
a) Domeinuaren eta orrialdearen banaketa intuitiboa izanen da eta nabigatzen lagunduko du.
b) Tituluek, estekek eta mezuek oro har egitura erraza izanen dute, haiek ulertzen laguntzeko.
c) Edukien banaketa logikoa eta intuitiboa izanen da, eta erraza izanen da haiek aurkitzea eta nabigatzea.
d) Ikusteko muga ez oso larriak dituztenentzat erabilerrazak izanen dira iturburuen tamaina eta estiloa eta atzealdearen gaineko kontrastea, eta tarteak informazioa errazago identifikatzeko bezain zabalak izanen dira.
e) Ez da marrazkiak edo argazkiak dituen atzealderik jarriko testuaren azpian.
f) Bai orrialdeak berak bai haien dokumentu eta inprimakiak formatu erabilerrazean egonen dira, eta testuen karaktereak ahotsa sintetizatzen duten programa edo aplikazioen bidez ezagutzen ahalko dira.
g) Erabiltzeko aurkezten diren aplikazio eta programek eta sinadura elektronikoaren sistemek ere erabilerrazak izan beharko dute.
h) Orrialdeak edo aplikazioak erabilerraztasunerako tresnaren bat edo berariazko ingurune erabilerrazen bat aurkezten badu, modu erabilerrazean adieraziko da, desgaitasunak dituzten erabiltzaileek aurki dezaten.
i) Erreakzio denborak luzea izatera jo beharko du, muga funtzionalak dituen jendearekiko interakzioa errazteko.
j) Oro har, diseinuak guztientzat edo ahalik eta herritar gehienentzat erabilerraza izatera joko du, eta ez da diseinu baztertzailerik eginen.
3. Salbuespen gisa, betebehar hori ez da aplikatuko funtzionalitate edo zerbitzu batek erabilerraza egiten duen irtenbide teknologikorik ez duenean. Kasu horretan, ahal den aldiro, beste baliabideren bat ezarriko da, antzeko edo pareko informazio erabilerraza eskaintzen duena.
4. Orobat, zeinuen hizkuntzari dagokionez, Interneteko aipatu orrialdeek kontuan hartuko dute urriaren 23ko 27/2007 Legean xedatutakoa, bertan Espainiako zeinuen hizkuntzak onartu eta gorren, entzuteko desgaitasunak dituztenen eta gor-itsuen ahozko komunikazioari laguntzeko bitartekoak arautzen baitira.
5. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Interneteko orrialdeek argi eduki beharko dute zer erabilerraztasun maila ezarri dioten haien edukiari, baita zer egunetan berrikusi zen adierazitako erabilerraztasun maila.
6. Era berean, epe beretan eskatuko zaizkie erabilerraztasunaren irizpide horiek, emakidaz edo beste kontratu mota baten bidez, zerbitzu publikoak kudeatzeaz arduratzen diren entitate eta enpresen Interneteko orrialdeei; bereziki, hezkuntza, osasun eta gizarte zerbitzuen arlokoak badira.
7. Orobat, atal honetan adierazitakoa nahitaezkoa izanen da ikastetxe publikoen Interneteko orrialdeentzat eta haien edukientzat, baita funts publikoekin, erabat edo hein batean, lagundutako ikastetxe pribatuen orrialdeentzat ere.
8. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Interneteko orrialdeek harremanetarako sistema bat eskaini beharko diote erabiltzaileari, Interneteko orrialdeen edukian sartzeko zailtasunak helaraz dakizkien, edo edozein kexa, kontsulta edo hobetzeko iradokizun egiteko. Organo eskudunek azterlan publikoak eginen dituzte aldian behin, kontsulta, iradokizun eta kexei buruz.
18. artikulua. Ekipamendu eta programa informatikoen erabilerraztasun baldintzak.
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak erabiltzen dituen ekipamendu informatikoek eta ordenagailuko programek -libreak izan edo patente eskubideen nahiz eskubideen ordainketaren menpe egon-, jendeak oro har erabiltzekoak badira, erabilerrazak izan beharko dute adineko pertsonentzat eta desgaitasunak dituztenentzat, guztiontzako diseinuaren printzipio gidariaren arabera. Arlo honetan, arau tekniko homologatuetan jasotako erabilerraztasun baldintzak betetzea gomendatzen da.
Lehen xedapen gehigarria. Nafarroako Toki Administrazioa.
Nafarroako Gobernuak, hitzarmenak izenpetuz edo laguntza edo diru-laguntzak emateko baldintzetan sartuz, foru dekretu honetan jasotako erabilerraztasun unibertsalaren neurriak bulegoetan eta administrazio tramitazioetan ezartzea sustatuko du, baita Nafarroako Toki Administrazioan ere, pixkanaka.
Bigarren xedapen gehigarria. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen kontratu publikoak.
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eta haren erakunde autonomoek, eskaintzen dituzten kontratuetan eta haiek gauzatzean herritarrei zuzeneko arreta edo zerbitzuak ematen bazaizkie, informazio edo zerbitzu horien hartzaile guztien erabilerraztasun unibertsala bermatuko duten neurri edo prozedura egokiak sartuko dituzte baldintza-agirien klausuletan, desgaitasuna edo muga funtzionala dela-eta inolako bereizkeriarik egin gabe.
Xedapen indargabetzaile bakarra. Indargabetzeak.
Indarrik gabe uzten dira foru dekretu hau baino lehenagoko arauak eta maila berekoak edo apalagoak, hemen xedatutakoaren aurka dauden heinean.
Azken xedapenetako lehena. Finantzaketa.
Foru dekretu honetan aurreikusitako neurriak aurrekontuan dagoen diruaren arabera hartuko dira. Ondorio horietarako, departamentuak, Aurrekontu Egonkortasunari eta Finantza Iraunkortasunari buruzko apirilaren 27ko 2/2012 Lege Organikoan ezarritako aurrekontu egonkortasunaren esparruan, aurrekontuko kredituak gaitzen saiatuko dira.
Azken xedapenetan bigarrena. Indarra hartzea.
Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.
Iruñean, 2014ko uztailaren 16an.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Yolanda Barcina Angulo.-Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilaria, F. Javier Morrás Iturmendi.
Iragarkiaren kodea: F1410278