(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

51/2014 FORU DEKRETUA, UZTAILAREN 2KOA, “BIDASOA IBAIA” IZENEKO BATASUNAREN GARRANTZIZKO LEKUA (BGL) KONTSERBAZIO BEREZIKO EREMU IZENDATZEN DUENA ETA HAREN KUDEAKETA PLANA ONESTEN DUENA Nota de Vigencia

BON N.º 144 - 24/07/2014



  ERANSKINA. “BIDASOA IBAIA” IZENEKO ES2200014 KONTSERBAZIO BEREZIKO EREMUAREN KUDEAKETA PLANA


Zioen azalpena

Bidasoa ibaia izeneko gunea Nafarroako ipar-mendebaldeko muturrean dago, Baztango, Bertizaranako, Doneztebeko, Donamariako, Oizko, Urrozko, Beintza-Labaiengo, Sunbillako, Igantziko, Arantzako, Etxalarko, Lesakako eta Berako udal mugapeetan eta 86., 87. eta 91. fazerietan, hain zuzen. Gune horretan Nafarroako aniztasun biologikoaren adierazgarriak diren habitat naturalak eta basa flora eta fauna daude; gainera, zenbait kasutan espezie horiek beren banaketa naturalaren eremuan galtzeko zorian daude, edo haien banaketa naturalaren azalera murritza da, bai atzera egiten ari direlako, bai, berez, eremu murritza dutelako. Horregatik, eremu batzuk hautatu behar dira, non bermatuko baita habitat natural eta basa espezie horiek epe luzean iraunen dutela, kudeaketa aktibo eta prebentiborako sistema eraginkor eta eragingarrien bidez.

Habitat natural nahiz espezie horietako batzuk sarturik daude Kontseiluak 1992ko maiatzaren 21ean emandako Habitat naturalak eta basa fauna eta flora kontserbatzeari buruzko 92/43/EEE Zuzentarauan, edo Basa hegaztiak kontserbatzeari buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2009/147/EE Zuzentarauan. Horrenbestez, balio handia dute ez bakarrik Foru Komunitatean, baita Europar Batasunean ere. Bi zuzentarau horiek dira Europar Batasunak naturaren kontserbazioaren arloan duen tresna nagusia. Horretarako, lekuen sare ekologiko bat sortu zen, Natura 2000 Sarea, non Batasunaren interesekotzat hartu diren basa florako eta faunako espezie eta habitat natural guztien adierazgarriak lehengoratu edo egoki kontserbatu behar baitira.

92/43/EEE Zuzentaraua abenduaren 7ko 1997/1995 Errege Dekretuaren bidez sartu zen Espainiako ordenamendu juridikoan.

Zuzentarauak irizpide zientifiko batzuk eta egutegi bat ezarri zituen Natura 2000 Sarea eratzeko. 4. artikuluaren arabera, Europar Batasuneko estatuek lekuen zerrenda bat proposatu behar diote Batzordeari, eta adierazi leku bakoitzean dauden natur habitat motak eta Batasunaren intereseko espezieak.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, Gobernuak 2000ko maiatzaren 15ean hartutako Erabakiaren bidez, Kontserbazio Bereziko Eremu izendatzen ahal diren lekuen zerrenda behin-behinekoz onetsi zuen, gero Natura 2000 Europako sare ekologikoan sar zitezen. Horien artean, “Bidasoa ibaia” izeneko ES2200014 gunea dago.

Batasunaren Garrantzizko Leku gisa onetsirik, Europar Batasuneko estatuak ahalik eta lasterren deklaratu behar du Kontserbazio Bereziko Eremu, gehienez ere sei urteko epean. Horretarako, kudeaketa plan baten bidez, behar diren kontserbazio neurriak ezarri behar dira, Batasunaren Garrantzizko Leku izatearen arrazoi diren natur habitatak eta espezieen populazioak kontserbazio-egoera onean mantentzeko, edo egoera hori berriz ezartzeko.

2004ko abenduaren 7ko 2004/813/EE Erabakiaren bidez, Europako Batzordeak eskualde biogeografiko atlantikoaren barreneko Batasunaren Garrantzizko Lekuen zerrenda onetsi zuen. Horrenbestez, Europako zuzentaraua aplikatzearen ondorioetarako, kontserbazio bereziko eremu izendatuko dira leku horiek.

“Bidasoa ibaia” gunerako Kudeaketa Plana Europar Batasuneko araudiaren betebeharrekin bat prestatu da, eta, hortaz, bertan jaso dira Lekuan dauden habitat eta taxonen eskakizun ekologikoei dagozkien ekintza, neurri eta jarraibideak, aipatutako 92/43/EEE Zuzentarauan biltzen direnak.

Hori dela eta, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko kontseilariak proposaturik, 2014ko uztailaren 2an egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat, Nafarroako Gobernuak,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua. Xedea.

Foru dekretu honen xedea hauxe da:

1. Batasunaren Garrantzizko ES2200014 Lekua, “Bidasoa ibaia” izenekoa, Kontserbazio Bereziko Eremu izendatzea.

2. “Bidasoa ibaia” izeneko ES2200014 Kontserbazio Bereziko Eremuaren kudeaketa plana onestea. Foru dekretu honi erantsi zaio.

2. artikulua. Planaren aplikazio eremua eta lurralde mugaketa.

“Bidasoa ibaia” izeneko gunea Nafarroako ipar-mendebaldeko muturrean dago, eta 387,04 hektareako azalera dauka.

Hona hemen haren lurralde mugak:

Gune honek Bidasoa ibaia hartzen du bere baitan, Bertizko jaurerriko zubitik, Mugairin, Gipuzkoako mugaraino, Endarlatsan. Gainera, Sanjuanxarreko natur erreserbako lurrak eta erreka hauetako tarte batzuk ere hartzen ditu: Ameztia (Beintza-Labaiendik Oitzeraino), Anizpe (Iturraldeatik Oitzeraino), Txaruta (Mendikotik Donamariako Bentetaraino), Ezpelura (Oiztik Donezteberaino), Ezkurra (Doneztebetik Bidasoa ibairaino), Latsa (Arantzatik Bidasoa ibairaino) eta Tximista (Urritzokietatik Bidasoa ibairaino).

Foru dekretu honek onetsitako planaren aplikazio eremuaren mugaketa ofiziala bertan jaso den kartografiak ezarri du.

Nafarroako Onura Publikoko Mendien (OPM) Katalogoa onetsi duen Nafarroako Gobernu Zibilaren 1912ko maiatzaren 14ko Zirkularraren arabera, eremu horrek 371, 372, 423, 431, 443, 495, 504, 525, 566, 568, 581, 605, 607, 608, 609, 635 638, 641, 642, 643 eta 644 zenbakietako OPMak ukitzen ditu, guztira, 173,84 ha.

3. artikulua. Zuzendaritza Batzordea.

1. Zuzendaritza Batzorde bat sortzen da “Bidasoa ibaia” gunearen kontserbazioa kudeatzeko kontsultarako eta partaidetzarako organoa izateko asmoz. Kudeaketa Planaren aplikazio esparruko eragileek eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko ordezkariek osatuko dute.

2. Zuzendaritza Batzordeak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Kudeaketa planean jasotako neurriak bete daitezela sustatzea. Aurreikusitako egutegia betetzen saiatuko da eta planaren neurriak aplikatzeko ahalmena duten eskualdeko eragile guztien lankidetza eta koordinazioa bultzatuko du.

b) Planaren lan-programa dauden aukeretara egokitzea, Planaren neurriak ahalik eta errazen eta modurik eraginkorrenean aplikatzen direla errazteko.

c) Proposamenak egitea Planean ezarritako ekintzak eraginkorragoak izan daitezen, aurreikusitako helburuak betetzeari begira.

d) Foru Komunitateko Administrazioari adieraztea Kudeaketa Planaren garapena baldintza dezaketen ekintzak edo mehatxuak.

e) Planaren betetze-maila aldian behin ebaluatzea, eta entitate, administrazio eta organo eskudunei eskatzea neurriak garatzeko behar diren konpromisoak bete ditzatela.

f) Natur baliabideen azterketa eta ikerketa bultzatzea, baita gizarteak baliabide horiek ezagut ditzala eta haiekin goza dadila ere, betiere haien balioekiko errespetua eta ingurumen hezkuntza sustatuz.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehen xedapen gehigarria. Gaikuntza Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari.

Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari ahalmena ematen zaio behar diren tramiteak egin ditzan foru dekretu hau eta, bidezkoa bada, plana aplikatzeko behar den kostu ekonomikoaren kalkuluak Europar Batzordeari igortzeko, Habitat naturalak eta basa fauna eta flora kontserbatzeari buruzko maiatzaren 21eko Kontseiluaren 92/43/EEE Zuzentarauaren 8. artikuluan aurreikusitako ondorioetarako.

Bigarren xedapen gehigarria. Lotutako araudia.

1. Sanjuanxarreko natur erreserbari dagokionez (NE-4), oso-osorik “Bidasoa ibaia” lekuan sartutako espazioa baita, Nafarroako Naturguneei buruzko ekainaren 17ko 9/1996 Foru Legean eta Nafarroako natur erreserbak erabili eta kudeatzeko plan zuzentzaileak onesten dituen uztailaren 6ko 230/1998 Foru Dekretuan ezarritakoaren arabera arautuko da.

2. Leku honen barrenean, onura publikoko mendi gisa katalogatutako eremuan, Nafarroako Oihan Ondarea Babestu eta Garatzeari buruzko abenduaren 31ko 13/1990 Foru Legean xedatutakoari jarraituko zaio.

AZKEN XEDAPENAK

Azken xedapenetan lehena. Kudeaketa planaren indarraldia Nota de Vigencia.

1. Hauxe da foru dekretu honen bidez onesten den kudeaketa planaren indarraldia:

a) Mugagabea, gako-elementuei, azken helburuei, arauei eta jarraibideei dagokienez.

b) 12 urtekoa, espero diren emaitzei eta jarduketei (neurriak) dagokienez. Epe hori bukatutakoan, neurriak berrikusiko dira, baina haien aplikazioa luzatuko da harik eta ordezko beste batzuk onesten diren arte.

2. Hala ere, ingurumenaren arloan eskumena duen departamentuak uste badu planean aurreikusirik ez zegoen funtsezko alderdiren bat nabarmen aldatu dela eta horrek eragina izan dezakeela gunearen balioen zainketan, plana berrikusten edo aldatzen ahalko da.

3. Kudeaketa planaren gako-elementuetan, azken helburuetan, araudian edo jarraibideetan eragina izan dezaketen aldaketak edo berrikuspenak foru dekretu bidez eginen dira. Espero diren emaitzen (helburu operatiboen) berrikuspenak eta aldaketak, baita jarduketak ere (neurriak), ingurumenaren arloan eskumena duen departamentuko titularraren foru aginduaren bidez onetsiko dira.

Azken xedapenetako bigarrena. Beste plan batzuekiko erlazioa.

1. Foru dekretu honek onesten duen plana bat etorriko da aniztasun biologikoaren kontserbazioari buruz ezartzen diren maila goragoko planekin, eta, zehazki, Nafarroako Naturgune Babestuen Sarerako jarduketa-ildo orokorrak finkatzeko onesten direnekin.

2. Dena dela, Nafarroako Naturguneei buruzko ekainaren 17ko 9/1996 Foru Legearen 7. artikuluan xedatutakoaren arabera, kudeaketa plan honetako zehaztapenak zuzenean aplikatu beharrekoak dira, eta tokiko entitateen hirigintzako udal planeamenduan sartuko dira, planeamendua egitean edo berraztertzen denean. Hori horrela, oraingo lurralde antolamendurako edo antolamendu fisikorako tresnak, kudeaketa plan honen aurkakoak badira, egokitu beharko dira, lehenbizikoz aldatzen edo berrikusten direnean.

Azken xedapenetako hirugarrena. Garatzeko gaikuntza.

Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari ahalmena ematen zaio foru dekretu hau garatzeko eta betearazteko behar diren xedapen guztiak eman ditzan.

Azken xedapenetan laugarrena.-Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2014ko uztailaren 2an.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Yolanda Barcina Angulo.-Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilaria, José Javier Esparza Abaurrea.

ERANSKINA. “BIDASOA IBAIA” IZENEKO ES2200014 KONTSERBAZIO BEREZIKO EREMUAREN KUDEAKETA PLANA

ERANSKINA

Aurkibidea

I.-Planaren helburua.

II.-Kontserbatu beharreko balio naturalak.

III.-Planaren azken helburuak.

IV.-Planaren aplikazioaren ondorioz espero diren emaitzak.

V.-Araudia.

VI.-Kudeaketarako jarraibide edo orientazioak.

VII.-Jarduketak.

VIII.-Kudeaketa planaren finantzaketa.

IX.-Mugak.

X.-Jarraipen programa.

XI.-Mugaketa-mapa eta barnean dauden entitateak.

I.-Planaren helburua.

Plan honen helburua da behar diren neurri aktiboak eta prebentzio neurriak ezartzea hurrengo atalean adieraziko diren habitat naturalak, espezieak, prozesu ekologikoak eta osagai natural eta kulturalak kontserbazio-egoera onean mantentzeko edo egoera onera berriz ekartzeko (kasua zein den).

Kudeaketa plan honen arabera hartzen diren neurrien azken helburua da gunearen osotasun ekologikoa bermatzea eta Nafarroako Natura 2000 Sareari koherentzia ematen laguntzea. Kontserbazio Bereziko Eremua ukitzen ahal duen beste edozein plan, programa edo proiektuk bat etorri beharko du helburu horrekin.

Hala ere, plan honen bidez hartzen diren neurriek eta haren ondoriozkoek kontuan hartuko dituzte betebehar ekonomiko, sozial eta kulturalak, eta, ahal den neurrian, saiatuko dira bateragarri egiten gaur egungo erabilera eta aprobetxamenduak eta gizartearen eskari berriek ekar ditzaketenak, hala nola, aisialdia, ingurumeneko hezkuntza eta ikerketa. Era berean, eremu hau babesteko arrazoi diren balioak galtzea ekar dezaketen aldaketak saihestuko dira.

II.-Kontserbatu beharreko balio naturalak.

Kontserbazio Bereziko Eremu honen barrenean haltzadi kantauriarren habitataren eremu handia dago, eta ale bikainak era badira, Latsa erreka aldekoak, konparazio batera. Inguru honetan aurkitzen den ibai-bazterretako beste habitat berezi bat zuhaixka-sahastiena da. Uretako habitatei eta habitat helofitikoei dagokienez, ur-dilisten, Ranunculus penicillatus-en eta Spirodela polyrhiza-ren komunitateak nabarmentzen dira, Europako testuinguruan bakanak direlako. Bidasoa ibaian dagoen S. polyrhiza-ren komunitatea bakarra da Nafarroan. Nabarmentzekoak dira, orobat, terofito higronitrofiloen komunitate kantauriarrak, hondartzei eta legar-pilaketei lotuak.

Sanjuanxarreko natur erreserban -KBEaren barrenean dagoen naturgune babestua-, harizti azidofiloak, hariztiak xarmekin eta gaztainadi zaharrak daude. Erreserba horren garrantzia han dauden xarma arrunten (Carpinus betulus) hariztitik dator, izan ere, horrelako basoak oso gutxi dira Iberiar penintsulan.

Itsasotik hurbil dagoenez eta harekin zuzeneko lotura duenez, anadromoen hiru espezie (ibaian ugaltzen diren itsasoko arrainak) hartzen dituen Nafarroako ibai bakarra da Bidasoa, hots: izokin arrunta (Salmo salar), kolaka (Alosa alosa) eta itsas lanproia (Petromyzon marinus). Arrainen artean aipagarria da, orobat, burtaina (Cottus aturi), izan ere, arrain hori Aturri, Urdazuri eta Bidasoa ibaien arroetan besterik ez da bizi, eta berriki agertu da inguru honetan.

Uretako inguruneei lotutako ugaztunei dagokienez, hauek dira aipagarrienak: igaraba arrunta (Lutra lutra), Nafarroan galtzeko arriskuan dagoen espezie gisa katalogatu delako; bisoi europarra (Mustela lutreola), Estatuan galtzeko arriskuan dagoen espezie gisa katalogatu delakoa; eta Pirinioetako desmana (Galemys pyrenaicus), Estatuan espezie kaltebera gisa katalogatu delako. Hirurak Batasunaren intereseko espezieak dira.

Ornogabeen faunari dagokionez, berriki aurkitu dira Batasunaren intereseko bi espezie: Elona quimperiana gastropodoa eta Oxygastra curtisii burruntzia. Nafarroan burruntzi hori Baztan eta Bidasoa ibaietan baizik ez da bizi. Inguruetan (zehatzago, bigarren mailako ibilguetan) bizi den beste ornogabe bat karramarro autoktonoa da (Austropotamobius pallipes). Batasunaren intereseko espeziea da, Nafarroan galtzeko arriskuan dagoen espezie gisa katalogatua.

Hegaztien artean ur-zozoa (Cinclus cinclus) eta martin arrantzalea (Alcedo atthis) nabarmentzen dira, katalogatuak daudelako.

Florari dagokionez, mehatxatutako zenbait espezie daude Bidasoa ibaian, konparazio batera, Vandesboschia speciosa eta Cystopteris diaphana pteridofitoak, edo Carex cespitosa eta Carex strigosa ziperazeoak. Bidasoa ibaian dagoen C. cespitosa delakoen komunitatea bakarra da Iberiar penintsulan.

Aurreko balioak kontuan hartuta, habitat batzuk eta KBE honetan dauden edo egon litezkeen flora eta faunako espezie batzuk hautatu dira, lurraldearen adierazgarri diren balio natural guztiak ordezkatzen dituztenak. Habitat eta espezie horiei “funtsezko elementu” esaten zaie. Izan ere, KBEaren kontserbazio “aktiboa” oinarritzeko ardatz gisa erabiltzen dira. Hori horrela, funtsezko elementu guzti-guztietarako proposatutako helburuetatik abiaturik, gaur egungo kontserbazio-egoera baldintzatzen duten faktoreak aztertu ondoren, arau, kudeaketako jarraibide eta jarduketa batzuk proposatu dira, KBE osoaren balio naturalak mantentzeko eta hobetzeko aukera ematen dutenak.

Hona hemen KBEa kudeatzeko “funtsezko elementuak”:

1. Ibai sistema.

2. Ibaietako habitatak.

3. Sanjuanxarreko basoak.

4. Flora mehatxatua.

5. Izokin arrunta, kolaka, itsas lanproia eta burtaina.

6. Bisoi europarra eta igaraba arrunta.

7. Pirinioetako desmana.

8. Oxygastra curtisii.

Gainera, lan-arlo hau zehaztu da:

-A. Erabilera publikoa.

III.-Planaren azken helburuak.

Kudeaketak, aurreko atalean aipatutako funtsezko elementu guztien kontserbazio-egoera ona ahalik eta lasterren lortzeko, bilatu behar dituen xede edo helmugak dira azken helburuak.

1. Ibai sistema:

1.1. Azken helburua: ibai korridorearen jarraitutasun ekologikoa hobetzea.

1.2. Azken helburua: prozesu ekologikoen funtzionamendu egokia bermatzeko moduko ur emarien erregimena lortzea.

1.3. Azken helburua: azaleko uren egoera ekologiko ona bermatzea.

2. Ibaietako habitatak:

2.1. Azken helburua: ibaietako habitaten kontserbazio-egoera hobetzea.

3. Sanjuanxarreko basoak:

3.1. Azken helburua: Sanjuanxarreko basoetako habitatak kontserbazio-egoera onean mantentzea.

4. Flora mehatxatua:

4.1. Azken helburua: flora mehatxatuaren espezieen populazio guztien bideragarritasuna mantentzea.

5. Izokin arrunta, kolaka, itsas lanproia eta burtaina:

5.1. Azken helburua: izokin arruntaren, kolakaren, itsas lanproiaren eta burtainaren kontserbazio-egoera hobetzea.

6. Bisoi europarra eta igaraba arrunta:

6.1. Azken helburua: bisoi europarraren eta igaraba arruntaren kontserbazioa bermatzea.

7. Pirinioetako desmana:

7.1. Azken helburua: Pirinioetako desmanaren kontserbazioa bermatzea.

8. Oxigastra curtisii:

8.1. Azken helburua: Oxigastra curtisii espeziearen kontserbazioa bermatzea.

-A. Erabilera publikoa:

A.1. Azken helburua: Bertakoek eta bisitariek tokia hobeki ezagutzea eta aintzat hartzea.

IV.-Planaren aplikazioaren ondorioz espero diren emaitzak.

Gerta liteke ezinezkoa izatea planaren azken helburuak edo helmugak lortzea haren indarraldiaren bitartean, arrazoi ekologiko, sozial edo ekonomikoengatik. Horregatik, indarraldi horretan planaren aplikazioaren ondorioz espero diren emaitzak zehazten dira. Emaitza horiek proposatu diren azken helburuak lortzen lagundu behar dute. Hona hemen, bada, espero diren emaitzak funtsezko elementuei eta azken helburuei emandako zenbakien arabera:

1. Ibai sistema:

1.1.1. Helburu operatiboa: ibai bazterretan, landaredi naturaleko zerrenda etengabe bat berreskuratu eta kontserbatzea, funtzionaltasun ekologikoa duena.

1.1.2. Helburu operatiboa: ur korridorean dauden oztopoak iragazkortzea.

1.1.3. Helburu operatiboa: linea elektrikoek hegaztiei eragindako ukipenak gutxitzea.

1.2.1. Helburu operatiboa: ur ibilietako emarien erregimena hobetzea.

1.3.1. Helburu operatiboa: azaleko uretan dauden kutsatzaileen kargak gutxitzea.

2. Ibaietako habitatak:

2.1.1. Helburu operatiboa: ibaietako habitaten eremua kontserbatu eta handitzea.

2.1.2. Helburu operatiboa: espezie exotiko inbaditzaileak gutxitzea.

2.1.3. Helburu operatiboa: ibaietako habitatei loturiko intereseko fauna espezie batzuk hobeki ezagutu eta kontserbatzea.

3. Sanjuanxarreko basoak.

3.1.1. Helburu operatiboa: Sanjuanxarren dauden baso-habitat naturalak kontserbatzea.

4. Flora mehatxatua:

4.1.1. Helburu operatiboa: flora mehatxatuaren populazioak kontserbatzea.

5. Izokin arrunta, kolaka, itsas lanproia eta burtaina:

5.1.1. Helburu operatiboa: izokin arruntaren, kolakaren, itsas lanproiaren eta burtainaren kontserbazio-egoera ezagutzea.

5.1.2. Helburu operatiboa: izokin arruntaren, kolakaren, itsas lanproiaren eta burtainaren habitataren baldintzak hobetzea.

6. Bisoi europarra eta igaraba arrunta:

6.1.1. Helburu operatiboa: bisoi europarraren banaketa eta osasun-egoera ezagutzea.

6.1.2. Helburu operatiboa: igaraba arruntaren presentziaren bilakaera ezagutzea.

6.1.3. Helburu operatiboa: bisoi europarraren eta igaraba arruntaren habitaten baldintzak hobetzea.

7. Pirinioetako desmana:

7.1.1. Helburu operatiboa: Pirinioetako desmanaren populazioaren egoera ezagutzea.

7.1.2. Helburu operatiboa: Pirinioetako desmanaren habitataren baldintzak hobetzea.

8. Oxygastra curtisii.

8.1.1. Helburu operatiboa: Oxygastra curtisii-en kopurua eta banaketa ezagutzea.

8.1.2. Helburu operatiboa: Oxygastra curtisii-aren egungo eta balizko habitata kontserbatu eta lehengoratzea.

-A. Erabilera publikoa:

A.1.1. Helburu operatiboa: lekuaren balio ekologikoei buruzko informazio eta sentsibilizazio ekintzak gauzatzea.

V.-Araudia.

-Araudi orokorra:

1. Baso-zoruan egin nahi den edozein jarduketa Nafarroako Oihan Ondarea Babestu eta Garatzeari buruzko abenduaren 31ko 13/1990 Foru Legean (otsailaren 21eko 3/2007 Foru Legearen bidez aldatua) ezarritakoari jarraikiz eginen da. Foru lege horren arabera, mendi katalogatuetan onura publikoko mendiaren edo mendi babeslearen izaerarekin bateragarriak diren jarduerak baino ez dira baimenduko.

2. Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen menpe egonen dira haren eranskinetan ageri diren titulartasun publiko nahiz pribatuko plan, programa, proiektu eta jarduerak, haiek sortu, abian jarri edo gauzatzearen ondorioz ingurumenaren baldintzak aldatzen ahal dituztenak, edo ingurumenari, pertsonen osasunari edo segurtasunari eta haien ondasunei kalte eragiten ahal dietenak.

3. Ematen diren baimen guztietan bermatuko da Basa Fauna eta haren Habitatak Babestu eta Kudeatzeari buruzko martxoaren 5eko 2/1993 Foru Legean ezarritakoa betetzen dela eta ez direla ukitzen Batasunaren intereseko animalia eta landare espezieak, ez haien habitatak, ezta Kontserbazio Bereziko Eremua kontserbatzeko garrantzi handia duten paisaiako elementuak ere.

4. Ematen diren baimen guztietan bermatuko da honako arau hauetan ezarritakoa beteko dela: batetik, Natur Ondareari eta Biodibertsitateari buruzko abenduaren 13ko 42/2007 Legea, eta bestetik, otsailaren 4ko 139/2011 Errege Dekretua, babes bereziko araubidea duten basa espezieen zerrenda eta espezie mehatxatuen Espainiako katalogoa garatzekoa.

5. Urei buruzko Legearen testu bategina onetsi zuen uztailaren 20ko 1/2001 Legegintzako Errege Dekretuan ezarritakoa aplikatu beharko da, baita obra hidraulikoen arloko zerbitzuak Estatuko Administraziotik Nafarroako Foru Komunitatera eskualdatzeko azaroaren 18ko 1391/1988 Errege Dekretuan ezarritakoa ere.

-Berariazko araudia:

1. Sanjuanxarreko natur erreserba (NE-3).

1.1. Sanjuanxarreko natur erreserban egiten diren jarduera edo jarduketa guztiak Nafarroako Naturguneei buruzko ekainaren 17ko 9/1996 Foru Legean eta Nafarroako natur erreserbak erabili eta kudeatzeko plan zuzentzaileak onesten dituen uztailaren 6ko 230/1998 Foru Dekretuan ezarritakoaren arabera arautuko dira.

2. Ibai tarteak:

2.1. Emarien erregimena uren gaineko araudiaren eta kontzesioaren araberakoa dela bermatuko da, habitaten eta espezieen kontserbazioa bermatzeko.

2.2. Ez da onartuko ur ibilien erregimen naturala aldatzea dakarren jarduketa edo proiekturik, salbu eta herriak hornitzeko edo nekazaritzako eta abeltzaintzako erabileretarako ezinbestekoak direnak.

2.3. Ibilguaren alterazio morfologikoa dakarten jarduketak ez dira onartuko, salbu eta tartean giza-osasunari, segurtasun publikoari edo natur balioen kontserbazioari lotutako arrazoiak badaude.

2.4. Ibaien ibilguekin muga egiten duten eremuetarako proiektu publikoetan eta haien erabilera eta aprobetxamendu berrietan, gutxienez 5 metro zabal izanen den babes zerrenda etengabe bat utziko da ibilguaren ondoan, ibai bazterreko formazio naturalak sor daitezen.

2.5. Ibaiaren ibilguaren ondoan zuhaitzak botaz gero (arraseko mozketak), gutxienez 5 metro zabal izanen den zerrenda bat errekuperatuko da ibilguaren ondoan, eskualdeko landare espezie naturalekin.

2.6. Debeku da urak kutsatzeko edo tokia degradatzeko arriskua ekar dezaketen hondakin solidoak, obra-hondakinak edo substantziak uztea ibaian.

2.7. Ibaien habitatak ukitzen dituzten erabilera eta jarduketetan, habitat horien kontserbazioa bermatzeko behar diren baldintzak jaso beharko dira, salbu eta tartean giza-osasunari eta segurtasun publikoari lotutako arrazoiak badaude.

2.8. Debeku da Lekuan eta haren inguruetan espezie exotiko inbaditzaileak landatzea, gunean dauden habitat naturalen kontserbazioari kalte egiten ahal badiote.

2.9. Flora mehatxatua duten lekuneak ukitzen dituzten erabilera eta jarduketetan, haien kontserbazioa bermatzeko behar diren baldintzak jaso beharko dira, salbu eta tartean giza-osasunari eta segurtasun publikoari lotutako arrazoiak badaude.

2.10. Flora mehatxatuari dagokionez, Nafarroako Flora Mehatxatuaren Katalogoa sortu eta katalogatzen den basa flora kontserbatzeko neurriak ematen dituen apirilaren 7ko 94/1997 Foru Dekretuan ezarritakoari jarraituko zaio.

2.11. Izokin arruntaren, kolakaren, itsas lanproiaren eta burtainaren habitatak ukitzen dituzten erabilera eta jarduketetan, haien kontserbazioa bermatzeko behar diren baldintzak jaso beharko dira, salbu eta tartean giza-osasunari eta segurtasun publikoari lotutako arrazoiak badaude.

2.12. Oxigastra Curtisii-aren habitatak ukitzen dituzten erabilera eta jarduketetan, haien kontserbazioa bermatzeko behar diren baldintzak jaso beharko dira, salbu eta tartean giza-osasunari eta segurtasun publikoari lotutako arrazoiak badaude.

2.13. Lekuaren mugetan jartzen diren itxituretan, behar diren neurriak hartuko dira basa-ornodunen mugimenduak eta hedapena bermatzeko eta itxituren eraginezko heriotzak saihesteko.

VI.-Kudeaketarako jarraibide edo orientazioak.

Kudeaketarako jarraibide edo orientazio hauek gomendio gisa hartu behar dira, eta kontrakoa justifikatzen duen arrazoi oinarriturik ez badago, aplikatu beharko dira.

1. Ibaien ibilguekin muga egiten duten eremuetarako proiektu, erabilera eta aprobetxamenduetan, bazter osoan landare naturaleko zerrenda bat ezartzea lehenetsiko da, ibai-tarte bakoitzean zabalera desberdina izanen duena, uholde-lautadaren ezaugarrien arabera (5 metrokoa oso malkartsuak diren ibai bazterretan, eta 15 metrokoa uholde-lautada zabala duten eremuetan).

2. Nekazaritzarako, oihangintzarako eta ingurumen arloko laguntzak plan honen jarraibideetara egokituko dira, ahal den neurrian.

3. Ibai aldeak lehengoratzeko proiektuetan, landaketak egin behar baldin badira, ibai bazterretako espezie autoktonoak erabiliko dira, edo inguruan dauden berezko landare espezie berberak, eta, ahal den neurrian, jatorri berekoak.

4. Ibai bazterrak lehengoratzeko proiektuetan, zuhaitzak landatu behar izanez gero, batez ere haltz beltzak (Alnus glutinosa) sartuko dira.

5. Zuhaitz exotikoak kentzeko proiektuetan eta Oxigastra curtisii-a bizi den tarteetan, sustraiak uretan sartuak dituzten platanoak kentzea saihestuko da.

VII.-Jarduketak.

Plan honek indarra duen eperako, jarduketa hauek ezarri dira:

1. Ibilguari eta ibai-korridoreari lotutako neurriak:

1.1. Defentsa, harri-lubeta edo higadura-puntu guztien inbentarioa eta haien egoeraren balorazioa egitea, eta lehentasunez egin beharreko zuzenketen programa bat ezartzea, lekuaren balio naturalak kontserbatzeko irizpideei jarraikiz.

1.2. Landaredi naturaleko zerrendarik ez duten edo andeatuak dauden ibai bazterrak lehengoratzeko proiektuak erredaktatu eta gauzatzea.

1.3. Harri-lubetak berriz landareztatzeko proiektuak erredaktatu eta gauzatzea.

1.4. Behar diren linea elektrikoak zuzentzea, hegaztiek haien aurka jo edo elektrokutatzeko arriskua baldin badago.

1.5. Oronoz-Mugairi eta Sunbilla arteko tartean eta Anizpe, Ameztia, Ezpelura eta Txaruta erreketan dauden linea elektrikoen arriskuak karakterizatzea.

1.6. Hiri-hondakinak isurtzen diren tokiak eta haien kutsatze-maila zehaztea, eta neurri zuzentzaileak proposatzea.

1.7. Bidasoaren arroko presak kendu eta iragazkortzeko Nafarroako Gobernuak aplikatzen dituen neurriekin jarraitzea.

2. Habitatei lotutako neurriak:

2.1. Lekuan sartutako habitaten eremu berrien inbentarioa eta kartografia egitea.

2.2. Ranunculus penicillatus-en eta ur-dilisten populaziogune nagusien inbentarioa eta kartografia egitea, eta haien jarraipenerako protokolo bat ezartzea.

2.3. Flora espezie exotikoak desagerrarazteko plan bat prestatzea, espezieak eta jarduketa-eremuak lehenetsiz.

2.4. Flora espezie exotiko inbaditzaileak poliki-poliki desagerraraztea.

3. Florari lotutako neurriak:

3.1. Xarma arrunten (Carpinus betulus) egungo egoeraren diagnosia egitea eta monitorizazio programa bat ezartzea.

3.2. Flora mehatxatuaren eta intereseko floraren populazioen egungo egoeraren diagnosia egitea.

3.3. Flora mehatxatuaren eta intereseko floraren populazioen jarraipena egitea eta aldizka begiratzea, batez ere haien bilakaera demografikoari eta haien habitata uki dezaketen gorabeherei erreparatuz.

3.4. Carex strigosa dagoen eremuetan, lehia egiten dioten belar-espezie exotikoak kontrolatzeko lanak egitea.

4. Faunari lotutako neurriak:

4.1. Margaritifera margaritifera kuskubikoaren presentzia zehazteko prospekzioak egitea.

4.2. Elona quimperiana gastropodoaren kontserbazio-egoera ezartzea eta aldian behin monitorizatzeko programa bat inplementatzea.

4.3. Oxigastra curtisii-aren kontserbazio-egoera ezartzea.

4.4. Oxigastra curtisii-a aldian behin monitorizatzeko programa bat inplementatzea.

4.5. Karramarro autoktonoa errekuperatzeko plana eta hari lotutako programak gauzatzen jarraitzea.

4.6. Apoarmatu korrontezalearen presentzia zehazteko prospekzioak egitea.

4.7. Apoarmatu exotikoen aleak aurkitu eta ateratzeko kanpaina bat egitea.

4.8. Kolaka aldian behin monitorizatzeko programa bat inplementatzea.

4.9. Itsas lanproiaren kontserbazio-egoera ezartzea.

4.10. Itsas lanproia aldian behin monitorizatzeko programa bat inplementatzea.

4.11. Burtainaren kontserbazio-egoera ezartzea.

4.12. Burtaina aldian behin monitorizatzeko programa bat inplementatzea.

4.13. Izokin arrunta errekuperatzeko Nafarroako Gobernua aplikatzen ari den programari jarraipena ematea.

4.14. Deribazio-ubideek, minizentraletako turbinek eta presa txikiek izokin arruntaren, kolakaren, itsas lanproiaren eta burtainaren migrazioan eta konektibitatean eragindako ukipenak zehazteko azterlan bat egitea eta zuzenketa neurri batzuk baloratzea.

4.15. Presak iragazkortzeko proiektuak diseinatu eta gauzatzea.

4.16. Bisoi europarraren zentsua egitea, eta, horrekin batera, behar diren osasun-laginak hartzea.

4.17. Nafarroako Gobernuak bost urtean behin egiten dituen igaraben laginketekin segitzea.

4.18. Bidasoaren arroan Pirinioetako desmanaren kontserbazio-egoera zein den ezartzea eta espezie hori arro horretan aldian behin monitorizatzeko programa bat inplementatzea.

4.19. Aldian behin martin arrantzaleen eta ur-zozoen zentsuak prestatzea.

5. Erabilera publikoari lotutako neurriak:

5.1. Interpretaziorako ekipamendu txikiak jartzea, gunearen kontserbazioari eta kudeaketari buruzko jakingarriak sustatzeko (espezieak eta habitatak, espezie exotiko inbaditzaileen ondoriozko arazoak, etab.).

5.2. Lekuaren balioei buruzko materialak prestatzea, gizartea sentsibilizatzeko asmoz zabal daitezen.

5.3. Flora eta fauna exotikoaren arazoei buruzko informazio eta zabalkunde kanpaina bat egitea.

VIII.-Kudeaketa planaren finantzaketa.

Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuak honako hauek hartuko ditu bere gain:

-Gunearen kontserbazio-egoera ona bermatzen duten mantentze eta lehengoratze proiektuak gauzatzeko behar diren diru-zenbatekoak.

-Ekipamenduak eta kudeaketaren egitura mantentzeko behar diren diru-zenbatekoak.

-Erabilerak eta jarduerak murriztearen ondoriozko kalte-ordainak eta ingurumenaren arloko borondatezko kontratuak ordaintzeko behar diren kontu-sailak.

-Plana gauzatzeko eta haren helburuak lortzeko behar diren bestelako kontu-sailak.

Hori guztia ordainduko da horretarako kreditu egokia baldin badago. Beraz, behar diren konpromisoak hartuko dira unean-unean aurrekontuan dagoen diruaren arabera.

Nafarroako Gobernuko departamentuek beren politika sektorialak ingurumenean integratzeko sustatzen dituzten jarduketek, baita toki entitateek sustatzen dituzten ekintzek eta ekarpen pribatuekin edo Europar Batasunaren ekarpenekin egiten direnek ere, laguntzen ahal dute plan hau garatzen.

Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuak oso-osorik finantzatzen ahalko ditu partikularrek edo tokiko entitateek beren herrilurren ondarea administratzeko sustatzen dituzten jarduketak, baldin eta horien helburua plan hau garatzea bada, irabazi asmorik gabe, eta KBEaren kontserbazio-egoera ona mantentzen laguntzen badute. Inguruko herriguneen garapen sozioekonomikoa sustatzeko asmoz, departamentu honen menpeko beste edozein laguntzatan, ahal denean, lehentasuna emanen zaie Kontserbazio Bereziko Eremu honen barnean proposatzen diren jarduketei, guneen kontserbazioarekin bateragarriak badira. Gainera, laguntzaren portzentajea handiagoa izanen da, eremu horretatik kanpo edo beste edozein naturgunetatik kanpo proposatzen diren beste jarduketa batzuekin alderatuta. Halaber, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentua aurrekontuetatik kanpoko funtsak aplikatzen saiatuko da, haien helburua plan honetan aurreikusitako ekintzetako baten bat garatzea bada.

IX.-Mugak.

Nafarroako Naturguneei buruzko ekainaren 17ko 9/1996 Foru Legearen 28. artikuluan xedatu bezala ordainduko dira erabilerak eta jarduerak murriztearen ondoriozko kalte-ordainak. Hala ere, bestelako ordainak ere hitzartzen ahalko dira, hala nola laguntzak, diru-laguntzak, zerbitzuak ematea edo bestelako sustapenak.

X.-Jarraipen programa.

Jarraipena egiteko programa bat ezartzen da, plana ongi gauzatzen dela eta haren helburuak lortzen direla bermatzeko. Programa horrek objektiboki egiaztatzen ahal den adierazle bat izanen du, gutxienez, helburu bakoitzerako.

Urtero, programa horren emaitzen eta, oro har, planaren gauzatze-mailaren berri emanen zaio Zuzendaritza Batzordeari.

Lortutako emaitzei erreparatuta ikusten bada espero ziren emaitzen aldean desbiderapenak gertatu direla edo emaitzak ezin izanen direla lortu aurreikusitako epean, kudeaketaren eragingarritasuna eta eraginkortasuna hobetzeko behar diren neurri guztiak eransten ahalko zaizkio planari.

FUNTSEZKO ELEMENTUA

AZKEN HELBURUA

HELBURU OPERATIBOA

ADIERAZLEA

HASIERAKO BALIOA

ARRAKASTAREN IRIZPIDEA

1. Ibai sistema

1.1. Ibai korridorearen jarraitutasun ekologikoa hobetzea

Landaredi naturaleko zerrendan dauden etenak

Ezezaguna

Lortzen den jarraitutasunak korridorearen funtzionaltasun ekologikoa bermatzen du

Hegaztiengan eragina duten linea elektrikoak

Sunbilla-Endarlatsa tartean = eragina duten 9 linea

Oronoz-Sunbilla tartean = ezezaguna

Hegaztiengan eragina duen linea elektrikorik bat ere ez

Salmonidoentzat gaindiezinak diren oztopoen kopurua

2

0

1.1.1. Ibai bazterretan landaredi naturaleko zerrenda etengabe bat berreskuratu eta ezartzea, funtzionaltasun ekologikoa duena

Lehengoratutako landare-zerrendaren eremua / Harri-lubetetan berriz landareztatutako metro linealak

0 ha lehengoratuak / 0 ml berriz landareztatuak

3 ha lehengoratuak / 1000 ml berriz landareztatuak

Ibai bazterreko habitat naturalen eremua

Ezezaguna

Egungo eremua handitzea

1.1.2. Ur korridorean dauden oztopoak iragazkortzea

Salmonidoentzat gaindiezinak diren oztopoen kopurua

2

0

1.1.3. Linea elektrikoek hegaztiei eragindako ukipenak gutxitzea

Hegaztiei eragiten dieten linea elektrikoen kopurua

Sunbilla-Endarlatsa tartean = eragina duten 9 linea Oronoz-Sunbilla tartean = ezezaguna

Hegaztiengan eragina duen linea elektriko bat ere ez

1.2. Prozesu ekologikoen funtzionamendu egokia bermatzeko moduko emarien erregimena lortzea

Emari likido eta solidoen erregimena

Ezezaguna

Emarien erregimena habitaten eta espezieen kontserbazioa bermatzeko modukoa da

1.2.1. Ur ibilietako emarien erregimena hobetzea

Ur ibiliek erregimen naturalari eragindako ukipenak

Ezezaguna

Murrizten dira

1.3. Azaleko uren egoera ekologiko ona bermatzea

Uraren kalitate fisiko-kimikoa eta biologikoa

Bada poluzio puntuala Oronozko, Doneztebeko, Sunbillako eta Berako estazioetan

Ez dago poluzio puntualik Oronozko, Doneztebeko, Sunbillako eta Berako estazioetan

1.3.1. Azaleko uretan dauden kutsatzaileen kargak gutxitzea

Kutsadura-fokuak

Identifikatu gabe

Identifikatuak eta desagerraraziak

2. Ibaietako habitatak

2.1. Ibaietako habitaten kontserbazio-egoera hobetzea

Habitaten zenbateko azalera dagoen kontserbazio-egoera onean

Ezezaguna

Hasierako balioa baino handiagoa

2.1.1. Ibaietako habitaten eremua kontserbatu eta handitzea

Ibaietako habitaten eremua

Ezezaguna

Hasierako balioa baino handiagoa

Uretako habitaten eremua

Ezezaguna

Hasierako balioa baino handiagoa

2.1.2. Espezie exotiko inbaditzaileak gutxitzea

Espezie exotiko inbaditzaileen eremua

50,43 ha

35,43 ha

Apoarmatu exotikoak dituzten tarteak

Ezezaguna

Hasierako balioa baino txikiagoa

2.1.3. Ibaietako habitatei loturiko intereseko fauna espezie batzuk hobeki ezagutu eta kontserbatzea

Margaritifera margaritiferen prospekzioak

2013an egin zen prospekzioa

Urtean prospekzio bat Planaren lehenengo urteetan

Elona quimperiana populazioen ebaluazioa

Ez da ebaluaziorik egin

Ebaluazio bat 5 urtetik behin

Karramarro autoktonoen populazioak

1

Hasierako kopurua bezalakoa edo handiagoa

Martin arrantzalearen eta ur-zozoaren zentsuak

Ez da zentsu bat ere egin

Zentsu bat 5 urtetik behin

Apoarmatu korrontezaleen prospekzioak

Ez da prospekzio bat ere egin

Egin dira prospekzioak

3. Sanjuanxarreko basoak

3.1. Sanjuanxarreko basoetako habitatak kontserbazio-egoera onean mantentzea

Habitaten zenbateko azalera dagoen kontserbazio-egoera onean

Ezezaguna

2,65 ha

3.1.1. Sanjuanxarren dauden baso-habitat naturalak kontserbatzea

Sanjuanxarreko habitaten gainean eragindako ukipenen kopurua

Ezezagunak

Bat ere ez

Xarma-basoaren kontserbazio-egoera

Ezezaguna

Ezaguna

4. Flora mehatxatua

4.1. Flora mehatxatuaren espezieen populazio guztien bideragarritasuna mantentzea

Flora mehatxatuaren populazioetatik zenbat diren bideragarriak

Ezezaguna

Populazioen %100 dira bideragarriak

4.1.1. Flora mehatxatuaren populazioak kontserbatzea

Flora mehatxatuaren populazioetatik zenbat monitorizatu diren

0

Populazioen %100 monitorizatu dira

Flora mehatxatua dagoen tokietan eragindako ukipenen kopurua

Ezezaguna

Bat ere ez

5. Izokin arrunta, kolaka, itsas lanproia eta burtaina

5.1. Izokin arruntaren, kolakaren, itsas lanproiaren eta burtainaren kontserbazio-egoera hobetzea

Izokin arruntaren, kolakaren, itsas lanproiaren eta burtainaren populazioa

Ugalketarako izokinen kopurua 2012. urtean: 416. Kolakaren, itsas lanproiaren eta burtainaren populazioa ezezaguna da

Gaurkoa bezalakoa edo handiagoa

“Ibai sistema” eta “Ibaietako habitatak” izeneko funtsezko elementuei buruzko adierazleak aplikatuko dira

5.1.1. Izokin arruntaren, kolakaren, itsas lanproiaren eta burtainaren kontserbazio-egoera ezagutzea

Izokinen populazioen zentsuak

Zentsu bat urtean

Zentsu bat urtean

Kolaken, itsas lanproien eta burtainen zentsuak

Ez da zentsu bat ere egin

Zentsu bat 5 urtean behin kolakentzat eta itsas lanproientzat, eta 3 urtean behin burtainentzat

5.1.2. Izokin arruntaren, kolakaren, itsas lanproiaren eta burtainaren habitataren baldintzak hobetzea

Lanproiarentzat, kolakarentzat eta burtainarentzat gaindiezinak diren oztopoen kopurua

Ez da ezagutzen lanproiarentzat, kolakarentzat eta burtainarentzat gaindiezinak diren oztopoen kopurua

Kolakarentzat, lanproiarentzat eta burtainarentzat gaindiezinak diren oztopoak identifikatu dira, eta burtainarentzako oztopo bat iragazkortu da

“Ibai sistema” eta “Ibaietako habitatak” izeneko funtsezko elementuei buruzko adierazleak aplikatuko dira

6. Bisoi europarra eta igaraba arrunta

6.1. Bisoi europarraren eta igaraba arruntaren kontserbazioa bermatzea

Igaraba arruntaren presentzia gai diren ibai-tarte guztietan

Laginketa-estazioen %100ean positibo

Laginketa-estazioen %100ean positibo

Bisoi europarraren presentzia gai diren ibai-tarte guztietan

Ezezaguna

Gai diren ibai-tarteen %100ean bada bisoi europarrik

“Ibai sistema” eta “Ibaietako habitatak” izeneko funtsezko elementuei buruzko adierazleak aplikatuko dira

6.1.1. Bisoi europarraren banaketa eta osasun-egoera ezagutzea

Populazioaren banaketari eta osasun-egoerari buruzko laginketak

Bat ere ez

Laginketa bat 5 urtetik behin

6.1.2. Igaraba arruntaren presentziaren bilakaera ezagutzea

Igarabaren laginketak

Laginketa bat 5 urtetik behin

Laginketa bat 5 urtetik behin

6.1.3. Bisoi europarraren eta igaraba arruntaren habitaten baldintzak hobetzea

“Ibai sistema” eta “Ibaietako habitatak” izeneko funtsezko elementuei buruzko adierazleak aplikatuko dira

7. Pirinioetako desmana

7.1. Pirinioetako desmanaren kontserbazioa bermatzea

Pirinioetako desmanaren presentzia gai diren ibai-tarte guztietan

Ezpelura eta Ameztia erreketan bada desmanik

Gai diren ibai-tarte guztietan bada desmanik

“Ibai sistema” eta “Ibaietako habitatak” izeneko funtsezko elementuei buruzko adierazleak aplikatuko dira

7.1.1. Pirinioetako desmanaren populazioaren egoera ezagutzea.

Pirinioetako desmanaren zentsuak

2007an zentsu partzial bat egin zen, eta 2011n prospekzio bat

Zentsu oso bat 5 urtetik behin

7.1.2. Pirinioetako desmanaren habitataren baldintzak hobetzea

“Ibai sistema” eta “Ibaietako habitatak” izeneko funtsezko elementuei buruzko adierazleak aplikatuko dira

8. Oxigastra curtisii

8.1. Oxigastra curtisii espeziearen kontserbazioa bermatzea

Oxigastra curtisii-aren presentzia gai diren ibai-tarte guztietan

Legasako tartean bada, eta gainerako tarteetan ez da ezagutzen

Gai diren ibai-tarte guztietan badira

8.1.1. Oxygastra curtisii-en kopurua eta banaketa ezagutzea

Oxigastra curtisii-aren laginketak

Bat ere ez

Laginketa bat 5 urtetik behin

8.1.2. Oxygastra curtisii espeziearen egungo eta balizko habitata kontserbatu eta lehengoratzea

Ibai sistema eta Ibaietako habitatak izeneko funtsezko elementuari buruzko adierazleak aplikatuko dira

A. Erabilera publikoa

A.1. Bertakoek eta bisitariek lekua hobeki ezagutzea eta aintzat hartzea

Zabalkunde ekintzak

Ez da zabalkunderik egiten

Zabalkundea egiten da

A.1.1. Lekuaren balio ekologikoei buruzko informazio eta sentsibilizazio ekintzak gauzatzea

Zabalkunde eta sentsibilizazio materiala argitaratzea

Egin gabe

Egina eta banatua

Interpretaziorako ekipamendua

Jarri gabe

Jarria

XI.-Mugaketa-mapa eta barnean dauden entitateak.

Iragarkiaren kodea: F1409739

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web