(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

186/2014 FORU AGINDUA, APIRILAREN 2KOA, GIZARTE POLITIKETAKO KONTSEILARIAK EMANA, HIRUGARREN ADINEKO ETA DESGAITASUNEKO EGOITZETAN LOTURAK ERABILTZEKO PROTOKOLOA ONESTEN DUENA

BON N.º 94 - 16/05/2014



  I. ERANSKINA. Argibide ondoko baimena. Lotura fisikorako neurriak


  II. ERANSKINA


  III. ERANSKINA


  IV. ERANSKINA


  V. ERANSKINA


  VI. ERANSKINA


  VII. ERANSKINA. Istripuen jakinarazpena Ikuskapen Atalari


  VIII. ERANSKINA. Erorketen erregistro fitxa


Zioen azalpena

Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legeak, I. tituluan, gizarte zerbitzuen hartzaileen eskubide eta betebeharren katalogoa biltzen du eta egoitzetako gizarte zerbitzuen erabiltzaileen berariazko eskubide eta betebeharrak arautzen ditu.

Foru lege horren 8. artikuluan ezartzen da egoitzetako zerbitzuen erabiltzaileen eskubideetako bat dela immobilizazio edo murrizketa fisiko edo tratamendu farmakologikorik ez jasatea sendagileak agindu eta gainbegiratu gabe, non ez dagoen erabiltzailearen nahiz hirugarrenen segurtasun fisikorako arrisku berehalakorik, eta egiten diren jarduketak dokumentu bidez justifikatu beharko dira erabiltzailearen espedientean, erregelamenduz ezartzen den moduan eta, bestetik, Fiskaltzari jakinarazi beharko zaio.

Artikulu horren arauak garatzeko, Nafarroako Foru Komunitateko egoitzetako gizarte zerbitzuen esparruan lotura fisiko eta farmakologikoen erabilera arautzen duen irailaren 28ko 221/2011 Foru Dekretua onetsi zen (2011ko 204. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, urriaren 14koa).

Foru dekretu horrek argi eta zehatz definitzen du loturaren kontzeptua, baita haren aldaerak ere, ez dadin kontzeptuzko nahasmendurik izan, eta prozedurako berme batzuk ezartzen ditu Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legearen 8. artikuluan aurreikusitako baldintzen arabera, hau da, medikuaren manuz agintzen diren loturak erabiltzeko. Gainera, foru dekretuak argibide ondoko baimen beharrezkoa arautzen du lotura fisikotzat jotako edozein metodo aplikatzeko. Argibide ondoko baimenaren dokumentu hori aipatu dekretuaren 5.c) eta 7. artikuluetan dago arautua; nahitaezkoa dela aurreikusten da, araudian berean jasotako aparteko kasuetan izan ezik, eta banakakoa dela aplikatu gogo den lotura bakoitzeko, baita erabiltzaileak edo hurbilekoek idatzita uko egiten ahalko diotela haren aplikazioari.

Nafarroako Foru Komunitateko Osasun Arloko Eskubide eta Betebeharrei buruzko azaroaren 8ko 17/2010 Foru Legearen 49.9 artikuluaren esparruan gauzatu behar da aldez aurretik informazioa jasotzeko eta argibide ondoko baimenaren dokumentua sinatzeko eskubide hori.

Orobat, irailaren 28ko 221/2011 Foru Dekretuak zenbait berme jasotzen ditu botika psikotropikoak eta oheko barandak erabiltzeko; izan ere, “per se” loturak izatera iritsi gabe, kontrol zorrotz baten xede izan behar dute, ez dadin erabilera desegokirik izan, ezta haien ondoriozko istripurik ere.

Beraz, aipatu foru dekretuak ezarritakoan oinarrituta eta haren 20.2 artikuluaren aginduan aurreikusitakoa betez, Hirugarren Adineko eta Desgaitasuneko Egoitzetan loturak erabiltzeko protokolo bat onetsi behar da; bertan, zentroko profesionalek loturak erabiltzeko dituzten nahitaezko gutxieneko batzuk ezartzen dira, baita erregistro ugari ere, protokoloa aplikatzen den esparruko zentro guztiek eduki beharko dituztenak.

Zentroek, erabilerarako jarraibide horiei eta erregistroei esker, loturen erabilera arrazionalagoa eta justifikatuagoa eginen dute, denbora tarte laburragoetan eta, betiere, haiek desagertzea edo metodo ez hain murriztaileekin ordeztea helburu izanik. Bestetik, gizarte zerbitzuen arloko departamentu eskudunak aukera izanen du behar bezala kontrolatzeko zentroek arlo honetako erabiltzaileen eskubideak eta loturak erabiltzeko bermeak betetzen dituzten edo ez.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1 g) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Hirugarren Adineko eta Desgaitasuneko Egoitzetan loturak erabiltzeko protokoloa onestea. Eranskin gisa gehitu zaio foru agindu honi.

2. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea.

3. Protokolo honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2014ko apirilaren 2an.-Gizarte Politiketako kontseilaria, Iñigo Alli Martínez.

HIRUGARREN ADINEKO ETA DESGAITASUNEKO EGOITZETAN LOTURAK ERABILTZEKO PROTOKOLOA

Bat. Deskripzioa/helburuak.

221/2011 Foru Dekretuaren arabera, hauxe da lotura fisikoa: “nahita murriztea pertsona baten bat-bateko espresioa edo portaera, edo mugitzeko askatasuna, edo haren jarduera fisikoa, edo gorputzeko edozein ataletara normal iristeko aukera, edozein metodo fisiko aplikatuz, pertsonari edo gorputz ondoan, aise askatzea zail izanik”.

Lotura fisikoak lotutakoen osasunari arrisku larria edo eragozpenak ekartzen ahal dizkioten metodoak dira, eta ezin dira inoiz komenentziagatik edo diziplinagatik erabili. Lotura fisikoak komenentziaz erabiltzea da lana edo ahalegina edo baliabideak aurreztea dakarrenean, eta ez onura handiagoa neurri horien menpeko pertsonari.

Dokumentu honen bidez lotura fisikoen erabilera arrazionalizatua lortu gogo da Hirugarren Adineko eta Desgaitasuneko Egoitzetan. Profesionalentzat lotura fisikoen erabilera azken baliabidea izatea du helburu, dauden aukera guztiak erabili eta agortu ondoren, ez daitezen komenentziagatik edo inertziagatik erabili. Orobat, dokumentu honen bidez, aipatu zentroetan botika psikotropikoen eta baranden erabilera kontrolatu eta jarraipena egitea lortu nahi da, preskripzioa ez berrikusteagatik haien erabilera kronikoa izan ez dadin.

Bestetik, haiek erabiltzeko protokolo egoki eta homogeneoa, indarra duen araudiari egokitua, bermatu gogo da zentro guztietan (irailaren 28ko 221/2011 Foru Dekretua, Nafarroako Foru Komunitateko egoitzetako gizarte zerbitzuen esparruko lotura fisikoen eta farmakologikoen erabilera arautzen duena).

Kontuan hartuko da lotura lehenbailehen kentzea dela azken helburua, hori litekeena bada.

Hori lortzeko, zer prozedurari jarraitu zehazten da, baita zer dokumentu erabili beharko diren ere agindutako lotura guztiak erregistratzeko.

Barandak “per se” lotura fisikoaren kontzeptuan sartzen ez badira ere, helburu murriztaileekin erabiltzen ahal direnez, kontrola eta berme batzuk behar dira haiek aplikatzeko, eta horiek protokolo honetan arautzen dira.

Azkenik, garrantzitsua da familiak eta hurbilekoak jabetzea lotura fisikoen erabilerak epe laburrean, ertainean eta luzean dituen arriskuez. Hortaz, beharrezkoa da zentroek ingresatzen den unean informatzea loturen erabilera erregulatzen duen araudiari buruz, baita zentroak oro har hartzen dituen neurrei buruz ere, haien erabilera desegokia galarazteko; orobat, adieraztea loturen batzordea dagoela eta nola osatua dagoen; horretarako, informazio hori sarrerako kontratuan edo erantsitako dokumentazioan agertuko da. Batzorde horrek egoiliarra baloratzen duenean, berari, familiakoei eta hurbilekoei emanen zaie informazioa loturen erabilerak dituen arriskuei, dauden aukerei eta haien jarraipenari buruz eta, azkenik, protokolo honetan aurreikusitako ereduaren arabera, lotura fisiko jakin bat denbora batez aplikatzeko beharrezkoa den baimenari buruz.

Bi. Nori zuzentzen zaion.

Adineko Pertsonen Eremuko eta Desgaitasun Eremuko egoitzetan bizi diren pertsona guztiei aplikatuko zaie protokolo hau, bai ingresatzen dutenean, bai zentroan duten egonaldian, langileek, interesdunak edo familiakoek horren beharra atzematen dutenean.

Erabilitako lotura bakoitzean jarriko da praktikan protokolo hau.

Hiru. Inplikatutako profesionalak.

Lantalde bat edo loturen batzorde bat sortuko da diziplina anitzeko taldearen barrenean, eta egoitza bakoitzean protokoloa ezartzeaz arduratuko da. Banakako arreta plana prestatzeaz eta jarraipena egiteaz arduratzen diren profesional guztiek edo batzuek osatuko dute.

Lau. Prozedura.

Lau.1. Fakultatiboaren agindua behar duten lotura fisikoak (221/2011 Foru Dekretuaren II. kapitulua).

1. Balorazioa.

Egoiliar bakoitzaren behar eta arazoak baloratuko dira, eta hura lotzeko neurriak ezartzea egokia edo desegokia den aztertuko da. Orobat, loturen aldean izan daitezkeen aukerak baloratuko dira, baita haien aplikazioak sortzen ahal dituen ondorio txarrak eta onak ere.

Egoitzan sartu eta lehen hamabost egunean eginen zaie balorazio hori egoiliar berriei, edo egoiliarrak, familiakoek edo egoitzako langileek eskatuta, zentroan ingresatuta daudenean. Azkenik, fakultatiboek eginen dute preskripzioa.

Zentroko egoiliarrak lotzea planteatzen den kasuetan, txosten bat eginen da, honako hauek adierazita:

-Egoiliarraren datu pertsonalak.

-Eskaeraren arrazoia. Azalpen arrazoitu laburra.

-Hartutako alternatibak eta haien porrota (azalpen laburra).

-Eskatzen den lotura mota: eskatzen den lotura motak ahalik eta gutxien murrizten duena izan behar du beti.

-Aurkezten diren medikuaren txostenak, halakorik bada.

2. Loturaren hasierako aplikazioa.

Loturak aplikatzea erabaki aurretik, planteatutako alternatibak aplikatu beharko dira. Horiek ez badute funtzionatu eta lotura fisiko bat aplikatzea erabakiz gero, honako hauek bete beharko dira:

a) Erabiltzaileari edo, zein den kasua, haren legezko edo izatezko ordezkariari (hurbileko pertsonari) hartu gogo den neurriaren berri ematea, baita haren aplikazioaren alde onei eta izan daitezkeen alde txarrei buruz ere.

b) Egoiliarrak edo, zein den kasua, haren legezko edo izatezko ordezkariak (hurbileko pertsonak) argibide ondoko baimena edo, zein den kasua, loturarekiko ezespena (I. eranskina) sinatzea.

c) Diziplina anitzeko taldeak eta fakultatiboek loturaren bat aplikatzea beharrezkotzat jo eta tutorea ados ez egon eta argibide ondoko baimena eta lotzeari uko egiten dion agiria sinatzera ukatuz gero, Fiskaltzari eta epaileari emanen zaie horren berri, pertsona hori ezinduta badago, eta hark erabakiko du lotura behar den edo ez.

d) Informazioa langileei: egoiliarrari zuzeneko arreta eman behar dioten langileek informazio xehakatua jaso beharko dute loturei buruz hartzen diren erabakien gainean eta, zehazki, Banakako Arreta Planean islatu beharreko atalen gainean.

e) Hartutako neurria Banakako Arreta Planean erregistratzea, honako alderdi hauek zehaztuta.

1. Agindutako lotura.

2. Motibazioa, azalpena eta helburuak.

3. Behar den lotura maila (egunean zenbat orduz aplikatuko den lotura: gauaz, bazkalondoko loa, egunez...).

4. Hasieran aurreikusitako iraupena (astebete gehienez).

5. Kontrol edo zainketarako jarraibidea: hiru orduan behin (lo orduak kenduta) egiaztatu eta erregistratu beharko dira aldartea, muskuluen zurruntasuna, esku eta hanken tenperatura, komunera joateko beharra, postura kaltegarriak dauden edo gorputz-atalen bat estututa edo beste edozein behar eta, beharrezkoa denean, horren berri emanen zaie osasun arloko langileei.

6. Sufrimendua, arazoak edo andeatze funtzionala galarazteko hartu beharreko neurri osagarriak, hala nola, postura aldaketak 2 edo 3 orduan behin, jarraibideen araberako fisioterapiako ariketak egitea atrofia saihesteko, terapia okupazionaleko jarduerak egunero eta jarraibide batzuen arabera egitea, pertsonak mugikortasunik badu tarteka-marteka ibil dadin saiatzea, igurtziak gorputza bermatzen den aldeko larruazalean eta beharrezkotzat jotzen diren beste batzuk.

7. Probatutako neurri alternatiboak eta ikusitako ondorioak.

f) Loturen erregistro liburua sortuko da, zentroan aplikatutako lotura neurri guztiak jasoko dituena (II. eranskina).

Lotura aplikatzeko hasierako denbora iraganik, loturen batzordeak hilabetean behin gutxienez berrikusiko du erregistro hori.

3. Loturak berrikustea.

Agindutako loturak edo, horrelakorik ez bada, hartutako neurri alternatiboak ebaluatu eta jarraipena egiteko datak finkatu beharko dira. Hilabetean behin gutxienez eginen da berrikuspena, eta haren oharra jasoko da Banakako Arreta Planean eta Loturen Erregistro Liburuan.

4. Loturak kentzea.

Loturen batzordeak egokitzat jotzen duenean lotura kentzea, hura erabiltzen jarraitzeak kalte edo arazo larriak ekartzen ahal dizkiolako egoiliarraren osasunari, eta tutoretza edo izatezko ordezkaritza duen pertsona ados ez badago lotura kentzearekin, horren berri emanen zaie Fiskaltzari eta epaileari, hura ezindua badago lotura kentzea komeni den edo ez erabakitzeko.

5. Langileen prestakuntza.

Loturen batzordeko kideak arduratuko dira zentroko gainontzeko langileei prestakuntza emateaz.

Prestakuntza hori ezinbestekoa izanen da langile berrientzat eta aldian behin emanen zaie gainerakoei, lantaldeak arloko eguneratze eta berrikuntzen berri izan dezan.

Zentroek Urteko Prestakuntza Plana izan beharko dute, arlo horretako jarduketak aurreikusiko dituena, bai irailaren 28ko 221/2011 Foru Dekretuari dagokionez (Nafarroako Foru Komunitateko egoitzetako gizarte zerbitzuen esparruko lotura fisikoen eta farmakologikoen erabilera eta hura garatzeko araudia erregulatzen ditu), bai zentroak arloan dituen jarraibideei eta loturak aplikatzeko moduari dagokienez, Eritasun Mentaleko Ospitaleko Protokoloaren arabera, hori aplikatzen ahal den guztian, premia eta presa larriko egoeretan.

Lau.1. Fakultatiboaren agindua behar ez duten lotura fisikoak (221/2011 Foru Dekretuaren III. kapitulua).

1. Balorazioa.

Premia edo presa larriko egoeretan erabiliko dira salbuespen gisa, egoiliarrak berak edo beste batzuek berehalako kalte larririk izan ez dezaten, aurreko prozedura ezin aplikatu denean.

2. Prozedura.

a) Berehala eman beharko zaie abisua fakultatiboei, ahal den moduan.

b) Fakultatiboek berehala eman beharko diote lotura horien berri Fiskaltzari (III. eranskina eta IV. eranskina).

c) Berariazko erregistroko liburu zenbakitua sortuko da, atal honi dagozkion lotura guztiak, zentroan aplikatu direnak, jasoko dituena (IV. eranskina).

d) Lotura hori aplikatu zaion pertsonaren banakako arreta planean erregistratu beharko da. Alderdi hauek zehaztuko dira:

1. Aplikatutako lotura mota.

2. Ordua, eguna eta lekua.

3. Motibazioa/helburuak.

4. Kontrol edo zainketarako jarraibidea: lehen 48 orduan, orduoro zainduko dira aldartea, muskuluen zurruntasuna, esku eta hanken tenperatura, arterietako presioa, komunera joateko beharra, postura kaltegarriak dauden edo gorputz-atalen bat estututa edo beste edozein behar eta, beharrezkoa denean, horren berri emanen zaie osasun arloko langileei. Epe hori iraganik, Lau.1) puntuan garatutako prozeduraren bidez jarraituko da.

5. Aplikazioan hartu beharreko neurriak, arazoak saihesteko (Lau.1.2. puntuko prozedura arruntekoak berak).

6. Komunikazioa egoiliarraren hurbileko pertsonekin eta tutorearekin, halakorik bada (data eta ordua).

7. Fakultatiboei zein egun eta ordutan eman zaien berria.

Lau.3. Botika psikotropikoen erabilerari buruzko dokumentu bidezko kontrola.

1. Prozedura.

a) Medikuek agindu beharko dute.

b) Botika psikotrokikoak 7 egunetik gora erabiltzeko, egoiliarraren Banakako Arreta Planean jaso beharko da, honako hauek adierazita:

1. Motibazioa eta tratamenduaren helburuak.

2. Tratamenduaren xedeko pertsonaren portaerari, aldarteari eta ezagutza funtzioari buruzko jarraipen dokumentatua, baita atzematen den kontrako edo bigarren mailako beste edozein ondoriori buruz ere.

c) Botika psikotropikoen erabilerari buruzko liburuan erregistratu beharko da (V. eranskina) fakultatiboek aiseago kontrolatu eta berrikus dezaten.

Lau.4. Ohetako barandak.

Lotura fisikotzak jotzen ez badira ere, barandek zenbait baldintza bete behar dituzte erabili ahal izateko, eta haien erabilerari buruzko erregistroa eta kontrola eraman beharko dira; ahal dela, beste sistema ez hain murriztaile batzuekin ordeztuko dira.

1. Baldintzak.

a) Homologatuta egon beharko dute.

b) Pertsonaren burua trabatuta geldituko ez dela bermatu beharko dute.

c) Koltxoiaren eta barandaren artean pertsona ez erortzeko moduko tokirik ez izatea bermatu beharko dute.

d) Ohea edo baranda astintzeagatik edo hartan bermatzeagatik baranda ez dela askatuko bermatuko dute, ez dadin lurrera erori edo etzanda gelditu.

e) Erosten diren baranda berriek segmentatuta egon beharko dute, segmentu independenterekin.

2. Mantentze-lana.

Erabili eta mantentzeko baldintza ezin hobeetan daudela bermatzeko, aldian behin berrikusi beharko dira, ohearen mantentze-lanetako liburuan ezarri bezala edo, bestela, urtean behin gutxienez; zentroko mantentze-lanetako langileak edo enpresa hornitzailea arduratuko dira lan horretaz. Berrikuste hori, atzematen diren akatsak eta egiten diren konponketak erregistratu egin beharko dira.

3. Erregistroa.

a) Zentro bakoitzak barandak erabili eta mantentzeko bere protokoloa prestatuko du, haiek oheetan erabiltzeko segurtasuna bermatua izan dadin.

b) Banakako Arreta Planean erregistratu beharko da baranden erabilera, honako hauek adierazita:

1. Motibazioa/helburuak.

2. Iraupena.

3. Probatu diren neurri alternatiboak.

c) Baranden erregistro liburuan erregistratu beharko da haien erabilera. (VI. eranskina).

Bost. Loturen erabileraren kontrola eta erregistroa.

Lotura eta baranden aplikazioarekin zerikusia duten zentroetan gertatzen diren istripuen berri eman beharko zaio Gizarte Politiketako Departamentuko Ikuskapen Atalari (VII. eranskina), eta Banakako Arreta Planean erregistratu beharko da.

Loturen erabilerak egoiliarren erorketetan eragina izan dezakeenez gero, zentroek erorketen erregistro sistema bat izan beharko dute, Ikuskapen Atalak prestatu eta argitaratutako gutxieneko ereduaren araberakoa. (VIII. eranskina).

Sei. Berrikuspena.

Protokolo hau gutxieneko eredutzat hartuko da, eta zentroek handitu eta hobetzen ahalko dute, gizarte zerbitzuen arloko departamentu eskudunak baliozkotu ondoren.

Zentroek urtero berrikusi beharko dute beren jarduketa protokoloa, horren gaineko azken ezagutza eta teknikak sartzearren. Edozein aldaketa jakinarazi beharko zaio departamentuari.

Zazpi. Indarra hartzea.

Protokolo honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

I. ERANSKINA. Argibide ondoko baimena. Lotura fisikorako neurriak

I. ERANSKINA

Vínculo a objeto

II. ERANSKINA

II. ERANSKINA

Vínculo a objeto

III. ERANSKINA

III. ERANSKINA

Vínculo a objeto

IV. ERANSKINA

IV. ERANSKINA

Vínculo a objeto

V. ERANSKINA

V. ERANSKINA

Vínculo a objeto

VI. ERANSKINA

VI. ERANSKINA

Vínculo a objeto

VII. ERANSKINA. Istripuen jakinarazpena Ikuskapen Atalari

VII. ERANSKINA

Vínculo a objeto

VIII. ERANSKINA. Erorketen erregistro fitxa

VIII. ERANSKINA

Vínculo a objeto

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web