(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

36/2014 FORU DEKRETUA, APIRILAREN 30EKOA, NAFARROAKO KULTUR ONDAREKO ONDASUNEN BALORAZIO BATZORDEAREN OSAERA, ANTOLAKETA ETA FUNTZIONAMENDUA ARAUTZEN DITUEN ERREGELAMENDUA ONESTEN DUENA.

BON N.º 90 - 12/05/2014



  I. KAPITULUA. XEDAPEN OROKORRAK


  II. KAPITULUA. NAFARROAKO KULTUR ONDAREKO ONDASUNEN BALORAZIO BATZORDEAREN EGINKIZUNAK


  III. KAPITULUA. NAFARROAKO KULTUR ONDAREKO ONDASUNEN BALORAZIO BATZORDEAREN OSAERA


  IV. KAPITULUA. NAFARROAKO KULTUR ONDAREKO ONDASUNEN BALORAZIO BATZORDEAREN FUNTZIONAMENDUA


Zioen azalpena

Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 11. artikuluak Nafarroako Kultur Ondareko Ondasunen Balorazio Batzordea sortu zuen, kultur ondasunak baloratzeko Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren organo aholku-emaile gisa hain zuzen, osaera, antolaketa eta funtzionamendua erregelamendu bidez ezartzekoak izanik.

Aipatutako araudia betetzeko, bidezkoa da Nafarroako Kultur Ondareko Ondasunen Balorazio Batzordearen osaera, antolaketa eta funtzionamendua ezartzea.

Hori dela eta, Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako kontseilariak proposaturik, Nafarroako Kontseiluarekin bat, eta Nafarroako Gobernuak 2014ko apirilaren 30ean egindako bilkuran hartutako Erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

Artikulu bakarra. Erregelamendua onestea.

Nafarroako Kultur Ondareko Ondasunen Balorazio Batzordearen osaera, antolaketa eta funtzionamendua arautzen dituen Erregelamendua onetsi da.

AZKEN XEDAPENAK

Azken xedapenetan lehena. Arauak emateko gaitasuna.

Kulturaren arloan eskumena duen kontseilariari ahalmena eman zaio behar diren xedapenak eman ditzan foru dekretu honen bidez onesten den erregelamendua bete, gauzatu eta garatu dadin.

Azken xedapenetan bigarrena. Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2014ko apirilaren 30ean.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Yolanda Barcina Angulo.-Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako kontseilaria, Juan Luis Sánchez de Muniáin Lacasia.

NAFARROAKO KULTUR ONDAREKO ONDASUNEN BALORAZIO BATZORDEAREN OSAERA, ANTOLAKETA ETA FUNTZIONAMENDUA ARAUTZEN DITUEN ERREGELAMENDUA

I. KAPITULUA. XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua. Xedea.

Nafarroako Kultur Ondareko Ondasunen Balorazio Batzordearen osaera, antolaketa eta funtzionamendua arautzea du xede Erregelamendu honek.

2. artikulua. Izaera juridikoa eta atxikipena.

Nafarroako Kultur Ondareko Ondasunen Balorazio Batzordea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak kultur ondasunak baloratzeko duen kide anitzeko organo aholku-emailea da, eta kultur arloan eskudun den departamentuari dago atxikita.

II. KAPITULUA. NAFARROAKO KULTUR ONDAREKO ONDASUNEN BALORAZIO BATZORDEAREN EGINKIZUNAK

3. artikulua. Eginkizunak.

Nafarroako Kultur Ondareko Ondasunen Balorazio Batzordeari eginkizun hauek dagozkio:

a) Foru Komunitateko Administrazioak eskuratu gogo dituen kultur ondasunen balorazio ekonomikoa egitea, zenbatekoa 100.000 eurotik gorakoa denean (BEZa kanpo) ondasun higiezinen kasuan, eta 15.000 eurotik gorakoa (BEZa kanpo) ondasun higigarriak eta eskubideak direnean, presako justifikatuak dauden enkante publikoetako eskurapenetan izan ezik.

b) Txostena egitea, Foru Komunitateko Administrazioak lehentasunez erosteko eta atzera eskuratzeko dituen eskubideak erabiltzeari buruz.

c) Ondare arloko eskumena duen departamentuak eskatuta, txostena egitea Foru Komunitateko Administrazioaren aldeko jaraunspen, dohaintza edo legatuak onartu aurretik horietan izan daitezkeen kultur ondasunei buruz.

d) Nafarroako Foru Komunitateko Ogasunarekin egindako era guztietako zorrak osorik edo hein batean kitatzeko, ordainean ematen diren kultur ondasunen balorazio ekonomikoa egitea, Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 89. artikuluan aurreikusitakoaren arabera.

e) Dohaintzaren edo erabilera mailegatuaren edo komodatuaren xedeko kultur ondasunen balorazio ekonomikoa egitea, mezenasgoa erregulatzen duen araudian aurreikusitako kasuetan. Nafarroako Kultur Ondarekoak ez diren kultur ondasunen kasuan, haien kalitatearen zenbaterainokoa ere baloratuko du.

f) Nafarroako Kultur Ondarean eragindako kalteen balorazio ekonomikoa egitea, Nafarroako Kultur Ondarea erregulatzen duen araudian aurreikusitako zehapen prozedurak tramitatzeko ardura duen organoak eskatu ondoren.

g) Foru Komunitateko Administrazioak edo Nafarroako Foru Komunitateko toki entitateek kultur ondasunei buruz eskatzen dizkioten balorazio eta txosten guztiak egitea.

h) Legez edo erregelamenduz esleitzen zaizkion gainerako eginkizunak.

III. KAPITULUA. NAFARROAKO KULTUR ONDAREKO ONDASUNEN BALORAZIO BATZORDEAREN OSAERA

4. artikulua. Osaera.

1. Batzordeko buruak eta sei kidek osatuko dute Nafarroako Kultur Ondareko Ondasunen Balorazio Batzordea.

Kultur arloko eskumena duen zuzendaritza nagusiaren titularrari dagokio Batzordeko burutza.

Kultur arloko eskumena duen departamentuko kontseilariak izendatuko ditu batzordeko kideak lau urterako, banaketa honen arabera:

a) Bi kide, kultur arloko eskumena duen zuzendaritza nagusiak proposatuta, zuzendaritza nagusi horri atxikitako funtzionarioen artetik.

b) Bi kide, Nafarroako Zerga Ogasuna erakunde autonomoko zuzendari kudeatzaileak proposatuta, hari atxikitako funtzionarioen artetik.

c) Bi kide, kultur ondasunen balorazioaren esparruan aintzat hartutako gaitasuna eta lanbide esperientzia dutenen artetik, kultur arloko eskumena duen zuzendaritza nagusiak proposatuta.

2. Batzordeko kide bakoitzeko ordezko bat izendatuko da, kargu hori hutsik edo haiek kanpoan edo eri daudenean haien partez aritzeko.

3. Artikulu honetako 1. zenbakiko c) atalean aipatzen diren batzordeko kideek kultur arloko eskumena duen departamentuaren titularrak foru agindu bidez ezartzen dituen dietak jasoko dituzte, batzordean parte hartzeagatik.

5. artikulua. Idazkaria.

1. Nafarroako Kultur Ondareko Ondasunen Balorazio Batzordeak idazkari baten laguntza izanen du, hizpidea duela baina botorik ez; idazkari hori kultur arloko eskumena duen departamentuari atxikitako Administrazio Publikoko arlo juridikoko teknikari bat izanen da.

2. Kultur arloko eskumena duen departamentuaren titularrak izendatuko du idazkaria, baita kargu hori hutsik edo hura kanpoan edo eri dagoenean haren partez ariko dena ere.

IV. KAPITULUA. NAFARROAKO KULTUR ONDAREKO ONDASUNEN BALORAZIO BATZORDEAREN FUNTZIONAMENDUA

6. artikulua. Funtzionamenduaren araubidea.

1. Erregelamendu honetan aurreikusitakoa ez dagoen hartan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen III. tituluko III. kapituluan ezarritakoa izanen da Nafarroako Kultur Ondareko Ondasunen Balorazio Batzordea funtzionatzeko araubidea.

2. Batzordea behar adina aldiz bilduko da, batzordeko buruak biltzeko deia egin ondoren.

3. Erabakiak bilkuran dauden kideen botoen gehiengoaz hartuko dira.

4. Batzordeko buruak hala erabakita, kultur ondasunen balorazioan espezialistak direnek hartzen ahalko dute parte batzordearen bilkuretan, hizpidea dutela baina botorik ez, balorazioaren edo txostenaren xedeko ondasunaren berezitasunak justifikatuz gero.

7. artikulua. Balorazioa edo txostena eskatzea.

1. Dagokion administrazio organoak eskatuko dio balorazioa edo txostena kultur arloko eskumena duen zuzendaritza nagusiari. Erregelamendu honen 3.e) artikuluan aurreikusitako kasuan, pertsona edo entitate interesdunak aurkeztuko du eskaera, negozio juridikoaren baldintzak beteta dituela.

2. Planteatutako aferari dagokion informazio guztia erantsi beharko zaio eskaerari.

3. Kultur ondasun baten balorazio ekonomikoa egin behar denean, eskaerari erantsiko informazioak honako hau jaso beharko du:

3.1. Ondasun higigarrien kasuan:

a) Kultur ondasunaren deskribapen zehatza, honako hauek adierazita: titulua edo izena, kontserbazio egoera, hura egiteko erabilitako material eta teknikak, ondasunaren testuingurua eta, ahal dela, zein garaitakoa den eta zein eremu eta tokitan izan daitekeen egina edo fabrikatua.

b) Kultur ondasunaren argazki atera berriak, hura erabat identifikatu ahal izateko.

c) Kultur ondasunaren egilearen edo egileen lanbide-curriculuma, bidezkoa den kasuetan.

d) Balorazioa egiteko beharrezkotzat jotzen den beste edozein datu edo inguruabar.

3.2. Ondasun higiezinen kasuan, aurreko atalean adierazitako informazioaz gain, honako hauek jasoko ditu balorazio eskaerak:

a) Lurzatien zedula edo zedulak, kultur ondasuna zalantzarik gabe identifikatu ahal izateko, eta haren titulartasunaren frogagiriak, Nafarroako Lur-ondasunen Erregistroko datuen arabera.

b) Jabetza Erregistroaren informazioa, ondasunaren lehen inskripziotik aurrera.

c) Errentamenduko kontratuak eta ondasunak izan dezakeen beste edozein zama edo kargaren frogagiri guztiak.

d) Eragina izan dezakeen hirigintzako araudia.

e) Bizigarritasun zedula eta efizientzia energetikoaren ziurtagiria, hala badagokio.

f) Kontribuzioak edo/eta auzoen komunitateko gastuak ordainduta izatearen gaineko ziurtagiria, hala badagokio.

g) Planoak, krokisak eta ondasun higiezinari buruz eman daitekeen informazio grafiko guztia.

h) Jabeen edo edukitzaileen konpromiso espresa eta idatzia, Administrazioko teknikariei higiezin osoan sartzen uztekoa, horren beharrik izanez gero, egoera eta ezaugarriak egiaztatzeko.

4. Eskaerari balorazio ekonomikoaren proposamena gehitzen ahalko zaio eta, hartan honako hau bilduko duen txostena jasoko da: antzeko ondasunen merkatuko prezioak eta ondasunaren esanahi kultural, historiko, zientifiko edo teknikoari buruzko informazioa, baita haren balioan eragina izan dezakeen beste edozein informazio ere.

8. artikulua. Balorazio edo txosten eskaeraren tramitazioa.

1. Nafarroako Kultur Ondareko Ondasunen Balorazio Batzordearen ustez eskaera osoa ez bada, batzordeko buruaren bitartez eskatzen ahalko du beharrezkotzat jotzen duen dokumentazio gehigarria.

2. Salbuespen gisa, batzordeak bertako buruaren bitartez proposatzen ahalko du txostenak edo azterlanak erakundeei edo espezialistei eskatzea, ezinbestekotzat jotzen duenean bere eginkizunak baliatzeko.

3. Balorazio edo txostenak egiteko epea hiru hilabetekoa izanen da, eskaera jasotzen denetik.

Aurreko bi ataletan jasotako kasuetan, eten eginen da batzordeak balorazioa edo txostena emateko epea.

9. artikulua. Nafarroako Kultur Ondareko Ondasunen Balorazio Batzordearen bilkurei buruzko akta eta ziurtagiriak.

1. Batzordearen bilkura bakoitzari buruzko akta eginen da; idazkariak prestatuko du, eta berak eta batzordeko buruak sinatuko dute.

2. Aktekin akten liburu bat eginen da, eta kulturaren arloan eskuduna den departamentuko idazkaritza tekniko nagusiak gordeko du.

3. Idazkariak, batzordeko buruaren oniritzia duela, emanen ditu batzordearen balorazio eta txostenei buruzko akordioen ziurtagiriak, eta eskatzaileari igorriko dizkio, zeinek bere ondorioak izan ditzan.

Iragarkiaren kodea: F1406316

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web